52. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

384/2023 EBAZPENA, 2023ko otsailaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen salbuespenezko promozio prozesua onesten duena", Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko Gobernu Kontseiluaren 2023ko otsailaren 27ko Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako langile funtzionarioen salbuespenezko promozio prozesua onesten duena.

"ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN ADMINISTRAZIOKO ETA ZERBITZUETAKO LANGILE FUNTZIONARIOEN PROMOZIORAKO EZOHIKO PROZESUA ONESTEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020-2023 aldirako duen Plan Estrategikoak, bere ekintza estrategikoen artean, pertsonen arloan, giza kapitalaren garapenerako plan baten bat inplantazioa du xede. Plan horrek, beharrizanak, profilak eta lanpostuak aztertuz, gaitasunak eta erantzukizunak definituz, prestakuntzaz eta sustapenaz baliatuta, egungo egitura unibertsitatearen premia berrietara egokitzeko aukera emanen du, eta, hala, hobetu eginen du pertsonek unibertsitateko zerbitzuei ematen dieten balio erantsia.

Unibertsitateko giza kapitalaren plangintza, gainerako administrazio publikoetan bezala, asko baldintzatu du azken urteetan aurrekontuen lege orokorrek ezarritako sarbide berriko lanpostuen deialdiak birjarpen tasaren mekanismoen bitartez mugatu izanak.

Egoera hori aldatu egin du 2021eko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko presako neurriei buruzkoak, aldi baterako langileak egonkortzeko ezohiko prozesu bat irekitzen baitu administrazio publiko guztietarako.

Nafarroan, 2022ko uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen bidez gauzatu da. Nafarroako Unibertsitate Publikoak partzialki egin du harekin bat, 2022ko irailaren 23ko Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bidez, zeinak foru legearen zenbait alderdi espresuki arautu baitzituen dituzten berezitasunengatik bestelako araudi bat behar zutela iritzita.

Aipatutako araudiaren arabera, egonkortze prozesua abiatzeko prozesuetan ez da sartzen maila baxuagoko funtzionarioak promozionatzeko lanpostuen erreserba, prozesu horrek dituen ezohiko ezaugarriak direla-eta.

Unibertsitateak aurrez deskribatutako ekintza estrategikoari heldu behar dio, eta, zehazki, haren barneko alderdi garrantzitsu baten moduan, bertako profil profesionalak eguneratzeko prozesu bat martxan jarri, administrazio burokratizatu baten ebaluazioa erraztu dezan eta eredu teknifikatuagoa sor dezan, gaur egun eskura dituen bitartekoekin bat. Esan bezala, prozesu horrek kontuan hartu behar du, lehenago ere esan den moduan, Unibertsitateak baduen giza kapitala, eta, zehazki, langile kualifikatu asko dituela, unibertsitateko arlo administratibo espezifikoa ongi ezagutzen dutenak eta aipatutako arrazoiengatik promoziorako aukerarik izan ez dutenak.

Horretarako, komenigarritzat jotzen da langileak maila altuagoko lanpostuetara promozionatzeko prozesu bat martxan jartzea, unibertsitateko plantillako profil profesionalek kualifikazio altuagoa izateko helburua betetzeko aukera ematen duena, birjarpen tasak aplikatzeak dakartzan mugak alde batera utzita.

Zentzu horretan, gogoratzekoa da Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutua, 1993ko abuztuaren 30eko 252/1992 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia; izan ere, bere 15.6 artikuluan aukera ematen du administrazio bateko funtzionarioei zuzendutako proba murriztuen deialdi bat egitea, baldin eta haren unitate administratiboetako antolamenduak eta esleitutako zereginen prestazioak hala gomendatzen badute.

Horretarako, kudeatzaileak proposatuta eta Unibertsitateko administrazioko eta zerbitzuetako langileen Negoziazio Sektorialeko Mahaiak adostu ondoren, hau da Gobernu Kontseiluak, 2023ko otsailaren 27an egindako bileran, hartu duen,

ERABAKIA:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazioko eta zerbitzuetako funtzionarioen promoziorako ezohiko prozesu bat onestea:

a) A eta B mailako lanpostuen deialdiaren bidez eginen da, baina Nafarroako Unibertsitate Publikoko funtzionarioentzat itxia.

b) Deialdiak oposizio-lehiaketa bidezko prozeduraz eginen dira; oposizio fasean 70 puntu banatuko dira, eta lehiaketa-fasean 30.

b.1) Oposizio fasea baztertzailea izanen da, eta proba hauek izanen ditu:

–A mailako lanpostuak: gutxienez bi proba, bat test modukoa eta bestea juridiko-praktikoa, gaitegiari buruzkoa eta tresna informatikoen bidez egiten ahalko dena. Ondoren, epaimahaiaren aurrean irakurri edo defendatu beharko da.

Bi probak baztertzaileak izanen dira.

Gaitegiak 2022ko oposizio edo oposizio-lehiaketa bidezko prozesuetan txertatutako gaitegian sartutako gaien ehuneko 40ren eta 60ren artean izanen ditu.

–B mailako lanpostuak: gutxienez bi proba, bat test modukoa eta bestea juridiko-praktikoa, gaitegiari buruzkoa eta tresna informatikoen bidez egiten ahalko dena.

Bi probak baztertzaileak izanen dira.

Gaitegiak 2022ko oposizio edo oposizio-lehiaketa bidezko prozesuetan txertatutako gaitegian sartutako gaien ehuneko 40ren eta 60ren artean izanen ditu.

b.2) Lehiaketa-fasean merezimendu objektibo hauek baizik ez dira kalifikatuko, eta lehiatzaileek egiaztatu egin beharko dituzte:

a) Merezimendu profesionalak (emandako zerbitzuak): 20 puntu gehienez ere.

b) Prestakuntza: 10 puntu gehienez ere.

c) Hizkuntzak: 5 puntu gehienez.

d) Goi mailako beste titulazio batzuk: 3 puntu gehienez ere.

Baloratutako merezimenduen baturak ez ditu inola ere 30 puntu baino gehiago izanen.

c) Prozesu hau egiteko, baliteke plantilla organikoa aldatzea eta behar diren lanpostuak sortzea. Hala eta guztiz ere, promozio prozesuak ezin izanen du plantillan dauden lanpostuen guztizko kopurua handitzerik izanen. Ondorioz, behin prozesua amaitu ondoren, behar diren doikuntzak eginen dira plantillan.

Plantillaren doikuntza horiek irizpide hauei jarraituz eginen dira:

c.1) Baldin eta promozio prozesuaren beraren ondorioz betetako lanpostu bakoitza atxikia dagoen zerbitzuan lanpostu bat hutsik gelditzen bada edo zerbitzu horrek dagoeneko aldi baterako bete gabeko lanpostu huts bat badu 2022ko aurrekontuan, lanpostu hori amortizatu eginen da.

Zentzu horretan, egonkortze prozesua amaitu ondoren lanposturen bat hutsik geldituko balitz, horiek izan litezke amortizatuko diren lanpostuak.

c.2) Aitzitik, zerbitzuan bertan lanpostu hutsik sortzen ez bada eta aldi baterako bete gabeko lanpostu hutsik ez badu aurrekontuan, zerbitzu horretan kontratazio administratiboaren bidez betetako lanpostu huts bat amortizatuko da, eta lanpostua betetzen duen pertsonaren kontratua iraungi eginen da. Egoera horretan lanpostu bat baino gehiago baldin badago, kontratu administratiboaren bidez beteta denbora gutxien daraman lanpostua amortizatuko da.

c.3) Baldin eta betetako lanpostua atxikia dagoen zerbitzuan lanpostu hutsik ez badago, Unibertsitateak beharrezko antolamendu aldaketak eginen ditu promozionatutako funtzionarioaren lehentasunezko unitatean ondoriorik izan ez dadin, plantillako langile kopurua handitu beharrik gabe.

Baldin eta promozioaren destinoko zerbitzuak hutsik gelditu denaren mota bereko lanposturik badu, hura jatorrizko zerbitzura lekualdatuko da. Mota bereko lanpostu bat baino gehiago badago, betetako azkenekoa lekuz aldatuko da, salbu eta unitateko beste funtzionario batek borondatez aldaketa eskatzen badu.

Antolamendu premiek funtzionarioak tokiz aldatzea ekarriz gero, lekualdatze lehiaketarako prozesu baten deialdia eginen da lanpostu horretarako.

c.4) Baldin eta lanpostua lortzen duenak une horretan betetzen duen lanpostua ez den beste bat erreserbatua badu, amortizatu beharreko lanpostua erreserbatuta zuena izanen da.

Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki-ohol elektronikoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, bi hilabeteko epean, Erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko 1998ko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2023ko otsailaren 27an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

Iragarkiaren kodea: F2303402