52. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

383/2023 EBAZPENA, 2023ko otsailaren 27koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27an onetsi zuen "Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Unibertsitate Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia aldatzen duena".

2003ko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2023ko otsailaren 27an Gobernu Kontseiluak hartutako erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko Araudia aldatu zen.

"NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN ONARTUA IZATEKO ARAUDIAREN ALDAKETA

Gobernu Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 3ko erabaki baten bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko araudia onetsi zen. Araudi horrek aldaketak izan zituen geroago, Gobernu Kontseiluak 2019ko urtarrilaren 31n, 2019ko irailaren 10ean eta 2022ko otsailaren 10ean hartutako erabakien bidez.

2019ko irailaren 10eko erabakiaren bidez onetsitako aldaketaren ondorioz, baldintza berriak eta hurrenkera-irizpide berriak jaso ziren Espainiako eta atzerriko ikasketak aldatzeko prozeduren eskaerei dagokienez –V. eta VI. kapituluetan arautzen dira prozedura horiek–. 822/2021 Errege Dekretua onetsi ondoren –2021eko irailaren 28koa, Unibertsitateko ikasketen antolamendua eta haien kalitatea bermatzeko prozedura ezartzen dituena–, beharrezkoa da aldaketa gehiago egitea hurrenkera-irizpideen artean jakintza-arloak gehitzeko dagoeneko araudian jasotako jakintza-adarren irizpideari. Bestalde, aldaketa hura bi urtez aplikatu ondoren, eta ikusirik gero eta gehiago direla ikasketak aldatzeagatik onartuak izateko eskaerak, proposamena egin da ikaspostuak esleitzeko prozedura sinpletzeko, bi fasetan banatuta.

Era berean, proposamena egin da VIII. kapitulua ere aldatzeko, hots, prozedura bat sartzeko errefuxiatu estatutua edo babes subsidiarioa ematearen ondorioz edo legez araututako antzeko beste egoera batzuen ondorioz Espainian legezko bizilekua duten ikasle jakin batzuek atzerriko ikasketak aldatzeagatik onartuak izateko eskaerak baloratzeko, baldin eta ikasle horiek egiaztatzen badute ezin dituztela beharrezko dokumentuak eskuratu beren jatorrizko unibertsitateetan.

Hau da, Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak proposaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2023ko otsailaren 27an egindako bileran hartu duen,

ERABAKIA:

Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Graduko Ikasketa Ofizialetan onartua izateko araudiaren aldaketa onestea, eranskinean ezarritako moduan. Gobernu Kontseiluak 2017ko maiatzaren 3an hartutako erabaki baten bidez onetsi zen araudia, eta 2019ko urtarrilaren 31n, 2019ko irailaren 10ean eta 2022ko otsailaren 10ean hartutako erabakien bidez aldatu.

Bigarrena.–Araudi hau 2022-2023 ikasturtetik aurrera aplikatuko zaie Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartua izateko prozedurei.

Hirugarrena.–Erabaki honen berri ematea Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako Errektoreordetzari, Irakaskuntzako Errektoreordetzari, fakultate, eskola eta sailetako zuzendaritzei eta dekanotzei, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Sarbidearen, Beken eta Tituluen Atalari.

Laugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea."

Iruñean, 2023ko otsailaren 27an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

ERANSKINA

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO GRADUKO IKASKETA OFIZIALETAN ONARTUA IZATEKO ARAUDIAREN ALDAKETA

Bat.–V. kapitulua aldatzen da, hots, "Espainiako unibertsitate-ikasketa partzialez aldatzeagatik onartua izatea" izenekoa, eta honela geldituko da:

V. KAPITULUA

Espainiako unibertsitate-ikasketa partzialez aldatzeko onarpen prozesua

13. artikulua. Nork duen ikasketaz aldatzeko onar dezatela eskatzeko aukera.

1. Hauek dute aukera ikasketetan onar ditzatela eskatzeko:

a) Espainiako beste unibertsitate batzuetako ikasketa ofizialak bukatu gabe dituzten eta haiek utzi eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko ikasketa ofizialetara aldatu nahi duten pertsonek, baldin eta 30 kreditu bederen gainditu badituzte edo aitortu badakizkieke jatorrizko titulazioan.

b) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizialak bukatu gabe dituzten eta haiek utzi eta erakunde berean graduko beste ikasketa ofizial batzuetara aldatu nahi duten pertsonek, baldin eta 30 kreditu bederen gainditu badituzte edo aitortu badakizkieke jatorrizko titulazioan.

2. Horrez gainera, egiaztatu behar dute jatorrizko ikasketetan hasteko unean bazutela Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin nahi dituzten ikasketetan aurreko ikasturtean onartua izateko kupo orokorreko atalase-notaren %85 edo handiagoa. Gradu bakoitzean eskainitako ikaspostuekin batera argitaratuko dira urtero nota horiek.

Ikasketetan onartua izateko notak araudi honen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira. Onarpena eskatzen den ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan indarrean diren ponderazio parametroak aplikatuko dira kalkulua egiteko.

Hala eta guztiz ere, araudi honen 4. artikuluko j, k, l, m edo n apartatuetan ezarritako sarbideetako batetik ikasketetan sartu ziren ikasleen onarpen nota formula honen arabera kalkulatuko da:

5 + (OnarpNot - 5) * 1.8

Honako hau da OnarpNota: ikaslearen onarpen nota unibertsitateko 25, 40 edo 45 urtetik gorako tituludunen bidetik egindako ikasketetan.

3. Aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen ez dituztenek zilegi izanen dute araudi honen IV. kapituluan ezarritako onartze prozesu orokorrean parte hartzea.

4. Ez da ikasketaz aldatzea onartuko baldin eta ikasketa-plana iraungi delako jadanik irakasten ez diren irakasgaiak egin behar badira.

14. artikulua. Eskaeren tramiteak.

1. Ezarritako epeetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira ikasketaz aldatzeko onarpen eskaerak.

2. Eskatzaile bakoitzak graduko titulazio bakar bat adieraziko du ikasketaz aldatzeko onarpen eskaeran.

3. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatzen den egunean eskatzaileek egiaztatutako baldintza akademikoak hartuko dira kontuan, ez besterik. Eskatzailea Nafarroako Unibertsitate Publikotik badator, ez da beharrezkoa izanen egiaztagiriak aurkeztea.

4. Ikaspostuak esleitzeko prozeduratik kanpo geldituko dira baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak edo eskatutako dokumentazioa erantsita ez dutenak.

15. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

Espainia barnean ikasketaz aldatzeko onarpen prozeduran, ikaspostuen esleipena bi fasetan eginen da:

a) Eskaerak ordenatzea eta argitaratzea.

b) Ikasleak onartzea.

16. artikulua. Onartua izateko eskaerak ordenatzeko irizpideak.

1. Aurkeztutako eskaerak ordenatzeko, lehentasun irizpide hauek erabiliko dira esleipenean:

a) Espainian araututako lanbide jardueretarako gaitzen duten graduko ikasketa ofizialetarako, Espainian araututako jarduera horietarako gaitzen duten ikasketetatik datozen ikasleen eskaerek izanen dute lehentasuna, eta, gero, izen bera duten titulazioetatik edo araudi honen eranskinean adierazten diren jakintza-arloen eta -adarren talde berekoa den jakintza-arloren edo -adarren bati lotutako titulazioetatik datozen ikasleenek.

b) Graduko gainerako ikasketa ofizialetarako, izen bera duten titulazioetatik edo araudi honen eranskinean adierazten diren jakintza-arloen eta -adarren talde berekoa den jakintza-arloren edo -adarren bati lotutako titulazioetatik datozen ikasleen eskaerek izanen dute lehentasuna.

2. Diziplinarteko jakintza-arlo bati lotutako Nafarroako Unibertsitate Publikoko graduko titulazio batera aldatzeko eskatuz gero, irakaskuntzako gaietan eskumena duen errektoreordetzak zehaztuko du araudi honen eranskinean adierazten diren taldeetako zeinek izanen duten lehentasuna.

3. Diziplinarteko jakintza-arlo bati lotutako graduko titulazio batetik aldatzeko eskatuz gero, onarpen eskaera jasotzen duen zentroak erabakiko du lehentasuna esleitzen ote dion araudi honen eranskinean adierazten diren jakintza-arloen eta -adarren talde berekoa izateagatik. Erabakia hartzeko, Unibertsitateen, Ikastegien eta Tituluen Erregistroan –2008ko irailaren 12ko 1509/2008 Errege Dekretuaren bidez sortua– titulazio horren inguruan eskuragarri dagoen informazioa hartuko da kontuan.

4. Lehentasun bakoitzaren barnean, onartua izateko notaren arabera ordenatuko dira eskaerak, nota hori 13.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz kalkulatu ondoren.

Berdinketarik badago, jatorrizko ikasketetan batez besteko notarik hoberena duen eskaerari emanen zaio lehentasuna. Nota hori 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera kalkulatuko da –1125/2003 Errege Dekretua, 2003ko irailaren 5ekoa, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren titulazio unibertsitarioetako kalifikazio sistema arautzen duena–. Batez besteko nota kalkulatzeko, eskaerak aurkezteko azken epea bukatu bitartean lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan, ez besterik.

17. artikulua. Eskaeren zerrendaren ordenazioa eta argitalpena.

1. Espainian ikasketaz aldatzeko onarpen eskaeren behin-behineko zerrendak –gradu guztienak– Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira, 16. artikuluan ezarritako irizpideen arabera ordenatuak. Argitalpen hori interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da.

2. Hamar egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik izanez gero, haiek zuzentzeko.

3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan, haiek aztertu ondoren, Espainian ikasketaz aldatzeko onarpen eskaeren behin betiko zerrendak –gradu guztienak– Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira. Zerrenda horrek ezarriko du prozedura horren bidez bete behar diren ikaspostuak betetzeko deiaren ordena.

18. artikulua. Ikasleen onarpena.

1. 17.3 artikuluan aipatzen den behin betiko zerrenda argitaratuta, eta gradu bakoitzerako ezarritako ikaspostuen muga kontuan hartuta, zerrenda horretako lehenbiziko ikasleei deituko zaie, eta epe bat ezarriko da kredituen aitortza eskatzeko.

Epe horretan, behin betiko zerrendaren deialdian berariaz sartuak ez daudenek ezin izanen dute kredituen aitortza eskatu.

2. Kredituak aitortzeko eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kredituen Balioa Aitortzeko eta Transferitzeko Araudian ezarritakoaren arabera aurkeztuko eta ebatziko dira.

Aldatu nahi diren jatorrizko ikasketen titulazio unibertsitarioko espedientean gaindituak edo aitortuak azaltzen diren kredituak baizik ez dira kontuan hartuko aitortza egiteko.

Ikastegietako zuzendaritzek eta dekanotzek emandako aitortza-ebazpenak sarbideko gaietan eskumena duen unitate administratiboari emanen zaizkio aditzera.

3. Deia egin zaien pertsona guztiak izanen dira onartuak, betiere eskatu duten graduko titulazioan gutxienez 30 kreditu aitortuak badituzte.

4. Gradu bakoitzean ikasketaz aldatzeko onartutako pertsonen zerrendak eta, itxarote zerrendarik eratuz gero, horietan gelditzen direnenak Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira. Zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du sortuko inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik baldin eta Unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu eginen litzateke.

5. Ikaspostu hutsik gelditzen bada, 4. apartatuan aipatzen diren itxarote zerrendetako hurrengo eskatzaileei deituko die sarbideko gaietan eskumena duen unitate administratiboak.

Ikasturte bakoitzerako ezarritako azken eguna baino lehenago bete beharko dira ikaspostu hutsak baldin eta baldintzak betetzen dituen eta ezarritako epean formalizatu den eskaerarik badago.

6. Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari erreklamazioa aurkeztea, esleipena argitaratu eta biharamunetik hiru egun balioduneko epean. Dokumentuen bidez egiaztatu behar da erreklamazioen arrazoia.

Bi.–VI. kapitulua aldatzen da, hots, "Atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeagatik onartua izatea" izenekoa, eta honela geldituko da:

VI. KAPITULUA

Atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeko onarpen prozesua

19. artikulua. Nork duen atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeko onar dezatela eskatzeko aukera.

1. Hauek dute aukera ikasketetan onar ditzatela eskatzeko:

a) Atzerriko unibertsitate-ikasketak bukatu gabe dituzten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko ikasketa ofizialetan onartuak izan nahi duten pertsonek, baldin eta 30 kreditu bederen gainditu badituzte edo aitortu badakizkieke jatorrizko titulazioan.

b) Atzerriko unibertsitate-ikasketak bukatuak dituzten eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan graduko ikasketa ofizialetan onartuak izan nahi duten pertsonek, baldin eta 30 kreditu bederen gainditu badituzte edo aitortu badakizkieke titulazio horretan. Ikasleak lortutako tituluak Espainian lanbide erregulatu baterako sarbidea ematen badu, titulua homologatzeko tramitea hasi ez bada bakarrik onartuko da, edo tramite hori hasita ere ministerio eskudunak ezezkoa eman badio.

2. Horrez gainera, egiaztatu behar dute jatorrizko ikasketetan hasteko unean bazutela Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin nahi dituzten ikasketetan aurreko ikasturtean onartua izateko kupo orokorreko atalase-notaren %85 edo handiagoa. Gradu bakoitzean eskainitako ikaspostuekin batera argitaratuko dira urtero nota horiek.

Unibertsitatean sartzeko ikasketak Espainiako hezkuntza-sisteman egin zituzten ikasleen onarpen nota 13. artikuluko 2. apartatuan ezarritako formularen arabera kalkulatuko da.

Unibertsitatean sartzeko ikasketak atzerriko hezkuntza-sistema batean egin zituztenek UHUNek emandako egiaztagiri baten bidez frogatu beharko dute beren onarpen nota. Formula honen arabera kalkulatuko da:

Onartua izateko nota = SNUHUN + a*M1 + b*M2

Non:

SNUHUN = UHUNek emandako indarreko egiaztagirian azaltzen den sartzeko nota.

M1, M2 = UHUNen egindako edo egiaztatutako gaitasun espezifikoetako probetatik ikasleari eskatu duen graduko ikasketan onartua izateko notarik hoberena ematen dioten bi irakasgaien kalifikazioak. Irakasgai horiek Unibertsitateak onarpena eskatu den ikasturtean onetsitako ponderazio-taularen arabera notarik hoberena ematen dutenak dira, eta gutxienez bost punturekin gainditu behar dira.

3. Atzerriko unibertsitate-ikasketak bukatuak dituzten pertsonek ere egiaztatzen ahalko dute, beren unibertsitate-espedientearen batez besteko notaren bidez, betetzen dutela aurreko apartatuan aipatutako atalase-notaren %85en baldintza. Batez besteko nota 13. artikuluko 2. apartatuan ezarritako formularen arabera kalkulatuko da.

4. Inolaz ere ez dira onartuko 2022ko urriaren 18ko 889/2022 Errege Dekretuaren 4. artikuluak ezarritakoaren arabera baztertzeko moduko atzerriko ikasketak egin dituzten ikasleen eskaerak –dekretu horren bidez, alde batetik, baldintzak eta prozedura ezartzen dira atzerriko hezkuntza-sistemetako unibertsitate ikasketak homologatzeko, baliokidetzat jotzeko eta baliozkotzeko; bestetik, prozedura arautzen da zehazteko zein den aurreko ordenazio akademikoei dagozkien unibertsitate titulu ofizialen baliokidetza Goi Mailako Hezkuntzako Kualifikazioen Espainiako Esparruko mailarekin–.

5. Aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak betetzen ez dituztenek zilegi izanen dute erregelamendu honen IV. kapituluan ezarritako onartze prozesu orokorrean parte hartzea.

6. Ez da ikasketaz aldatzea onartuko baldin eta ikasketa-plana iraungi delako jadanik irakasten ez diren irakasgaiak egin behar badira.

20. artikulua. Eskaeren tramiteak.

1. Atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeko onarpen eskaerak ezarritako epeetan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak urtero argitaratuko duen prozeduraren arabera egin behar dira.

2. Eskatzaile bakoitzak graduko titulazio bakar bat adieraziko du ikasketaz aldatzeko onarpen eskaeran.

3. Eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatzen den egunean eskatzaileek egiaztatutako baldintza akademikoak hartuko dira kontuan, ez besterik.

4. Ikaspostuak esleitzeko prozeduratik kanpo geldituko dira baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak edo eskatutako dokumentazioa erantsita ez dutenak.

5. Atzerriko unibertsitate batean ikasketaz aldatu eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan gaztelaniaz ematen den gradu ofizial batean onartua izateko, herrialde gaztelaniadunetakoak ez diren atzerriko ikasleek nahitaezkoa izanen dute Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren (EEEB) gaztelaniazko B1 maila egiaztatzea, salbu eta tituluaren memorian maila altuagoa eskatzen bada. Ez dute baldintza hori bete beharko gradura sartzeko ikasketak gaztelaniaz gainditu dituztenek, ezta USE proba edo UHUNeko gaitasun espezifikoetako probak gaztelaniaz egin eta gainditu dituztenek ere.

21. artikulua. Ikaspostuen esleipena.

Atzerriko ikasketaz aldatzeko onarpen prozeduran, ikaspostuen esleipena bi fasetan eginen da:

a) Eskaerak ordenatzea eta argitaratzea.

b) Ikasleak onartzea.

22. artikulua. Eskaerak ordenatzeko irizpideak.

1. Onartua izateko notaren arabera ordenatuko dira eskaerak, nota hori 19. artikuluan ezarritakoari jarraikiz kalkulatu ondoren.

2. Berdinketarik badago, jatorrizko ikasketetan batez besteko notarik hoberena duen eskaerari emanen zaio lehentasuna. Nota hori 1125/2003 Errege Dekretuaren 5. artikuluak ezartzen duenaren arabera kalkulatuko da –1125/2003 Errege Dekretua, 2003ko irailaren 5ekoa, kredituen sistema europarra eta lurralde nazional osoan ofizialak eta baliodunak diren titulazio unibertsitarioetako kalifikazio sistema arautzen duena–, eta gai horretan eskumena duen ministerioak ezarritako baliokidetasun-taulei jarraikiz. Batez besteko nota kalkulatzeko, eskaerak aurkezteko azken epea bukatu bitartean lortutako kalifikazioak hartuko dira kontuan, ez besterik.

23. artikulua. Eskaeren zerrendaren ordenazioa eta argitalpena.

1. Atzerriko ikasketaz aldatzeko onarpen eskaeren behin-behineko zerrendak –gradu guztienak– Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira, 22. artikuluan ezarritako irizpideen arabera ordenatuak. Argitalpen hori interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da.

2. Hamar egun balioduneko epea irekiko da erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik izanez gero, haiek zuzentzeko.

3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan, haiek aztertu ondoren, atzerriko ikasketaz aldatzeko onarpen eskaeren behin betiko zerrendak -gradu guztienak- Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira. Zerrenda horrek ezarriko du prozedura horren bidez bete behar diren ikaspostuak betetzeko deiaren ordena.

24. artikulua. Ikasleen onarpena.

1. 23.3 artikuluan aipatzen den behin betiko zerrenda argitaratuta, eta gradu bakoitzerako ezarritako ikaspostuen muga kontuan hartuta, zerrenda horretako lehenbiziko ikasleei deituko zaie, eta epe bat ezarriko da kredituen aitortza eskatzeko.

Epe horretan, ezin izanen dute kredituen aitortza eskatu behin betiko zerrendaren deialdian berariaz sartuak ez dauden eskatzaileek.

2. Kredituak aitortzeko eskaerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kredituen Balioa Aitortzeko eta Transferitzeko Araudian ezarritakoaren arabera aurkeztuko eta ebatziko dira.

Aldatu nahi diren jatorrizko ikasketen titulazio unibertsitarioko espedientean gaindituak edo aitortuak azaltzen diren kredituak baizik ez dira kontuan hartuko aitortza egiteko.

Ikastegietako zuzendaritzek eta dekanotzek emandako aitortza-ebazpenak Unibertsitateko Sarbide Bulegoari emanen zaizkio aditzera.

3. Deia egin zaien pertsona guztiak izanen dira onartuak, betiere eskatu duten graduko titulazioan gutxienez 30 kreditu aitortuak badituzte.

4. Atzerriko ikasketaz aldatzeko onartutako ikasleen zerrendak –gradu guztienak– eta, itxarote zerrendarik eratuz gero, horietan gelditzen direnenak Unibertsitatearen iragarki-ohol elektronikoan argitaratuko dira. Zerrenden argitalpena interesdunei egindako jakinarazpen ofizialtzat hartuko da, baina ez du sortuko inondik ere haien aldeko ondorio behin betikorik baldin eta Unibertsitateak akatsen bat aurkitzen badu. Kasu horretan, aldatu eginen litzateke.

5. Ikaspostu hutsik gelditzen bada, 4. apartatuan aipatzen diren itxarote zerrendetako hurrengo ikasleei deituko die sarbideko gaietan eskumena duen unitate administratiboak.

Ikasturte bakoitzerako ezarritako azken eguna baino lehenago bete beharko dira ikaspostu hutsak baldin eta baldintzak betetzen dituen eta ezarritako epean formalizatu den eskaerarik badago.

6. Ikaspostuen esleipena argitaratu ondoren onartze edo itxarote zerrendetan akatsen bat aurkitzen duenak zilegi du ikasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari erreklamazioa aurkeztea, esleipena argitaratu eta biharamunetik hiru egun balioduneko epean. Dokumentuen bidez egiaztatu behar da erreklamazioen arrazoia.

Hiru.–26. artikulua aldatzen da, "Ikasleak zenbait egoera berezitan onar daitezela errazteko neurriak" izeneko VIII. kapitulua osatzen zuen artikulu bakarra, eta honela geldituko da, 27. artikulu berri bat gehituta:

VIII. KAPITULUA

Ikasleak zenbait egoera berezitan onar daitezela errazteko neurriak

26. artikulua. Zenbait egoera berezitan onartua izateko eskaeren tramiteak.

1. Datozen apartatuetan ezarritakoari jarraikiz tramitatuko dira beste unibertsitate batzuetan matrikulaturik egonda bizilekuz aldatzeko premia duten ikasleen eskaerak, baldin eta egoera hauetakoren batean badaude:

a) Genero-indarkeriaren biktimak, tartean direnean honakoetako bat: kondena-epaia, babes agindua, biktima babesteko kautelazko neurriak hartzea erabakitzen duen ebazpen judiziala edo, salbuespen gisa, eskatzailea genero-indarkeriaren biktimatzat hartzeko susmoak daudela adierazten duen fiskaltzaren txostena, babeserako agindua eman bitartean. Biktimaren menean bizi diren seme-alabei ere aplikatuko zaizkie neurriak.

b) Ikaslearen edo haren familia unitateko beste norbaiten osasun-arazoak edo segurtasunekoak, ikaslea ezindu badute ikasketekin normal segitzeko. Honela egiaztatu behar da: osasun-arazorik izanez gero, gaixotasunaren arloko ziurtagiri mediko ofiziala aurkeztu behar da, osasun publikoaren sareko mediku espezialista batek emana; segurtasun-arazorik izanez gero, berriz, ebazpen judiziala, martxan den prozesu judizialaren ziurtagiria edo Estatuko Segurtasun Indarren eta Kidegoen txosten ofiziala.

c) Goi mailako edo errendimenduko kirolariak, bizilekuz kirol-arrazoiengatik aldatu direla frogatzen badute.

d) Bizileku legala Espainian dutenak errefuxiatu izaera, babes subsidiarioa edo 12/2009 Legearen babesean baliokideak diren bestelako egoerak aitortzearen ondorioz –12/2009 Legea, 2009ko urriaren 30ekoa, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituena–, betiere onarpena eskatu duten urte natural berean lortu badute bizilekua.

2. Aurreko apartatuan adierazten diren ikasleek zilegi dute epez kanpo aurkeztea –araudi honen 14. eta 20. artikuluetan ezarritako epetik kanpo– Espainiako edo atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeko prozeduraren bidez onartuak izateko eskaera. Haien eskaera aintzat hartzeko baldintza hau da: eskaera epe barnean eskatu izan balute, titulazioan onartua izatea, 13. eta 19. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatu eta gero eta 16. eta 22. artikuluetan ezarritako ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatu eta gero.

Aurreko apartatuko d) letran aipatutako egoeraren batean dauden ikasleek, baldin eta fisikoki ezinezkoa badute 19. artikuluan xedatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazioa lortzea, 27. artikuluan ezarritakoari lotzen ahalko zaizkio.

3. Aurreko apartatuaren arabera titulazioan onartzeko baldintzak betetzen ez badituzte, prozedura orokorraren bidez egin behar dute eskaera, araudi honetako 9. artikuluan ezarritako epeetatik kanpo. Haien eskaera aintzat hartzeko baldintza hau da: eskaera epe barnean eskatu izan balute, titulazioan onartua izatea, 10. artikuluan ezarritako ikaspostuak esleitzeko irizpideak aplikatu eta gero.

4. Ikasketetan onartzeko gaietan eskumena duen errektoreordetzak aurreko apartatuetan ezartzen diren baldintzak betetzen ote diren egiaztatuko du, baita kasu bakoitzeko salbuespenezko zirkunstantziak ustekabekoak ote diren ere. Era berean, onarpen eskaera aurkezten denean ikaspostu librerik gelditzen ote den baloratuko du, eta, titulazioaz arduratzen den NUPeko ikastegiari entzun ondoren, ikasturteko edozein unetan erabakitzen ahalko du ikaslea onartzea.

27. artikulua. Onartua izateko eskaerak atzerriko unibertsitate-ikasketaz aldatzeko, errefuxiatu estatutua izateagatik, babes subsidiarioa izateagatik edo legez ezarritako bestelako egoera baliokideengatik.

1. Bizileku legala Espainian dutenek errefuxiatu izaera, babes subsidiarioa edo 12/2009 Legearen babesean baliokideak diren bestelako egoerak aitortzearen ondorioz –12/2009 Legea, 2009ko urriaren 30ekoa, asilo-eskubidea eta babes subsidiarioa arautzen dituena– atzerrian hasitako unibertsitate-ikasketaz aldatzeko onar ditzatela eskatzen ahalko dute nahiz eta ez izan modurik hori frogatzen duen dokumentaziorik lortzeko. Araudi honen VI. kapituluan ezarritako arauen arabera tramitatuko dira eskaerak, hurrengo apartatuetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Araudi honen 26. artikuluan aipatutako salbuespenaren kalterik gabe, pertsona horiek gainerako ikasleentzat ezartzen diren epeetan aurkeztu beharko dute onarpen eskaera.

Eskaera aurkeztutakoan, eskabide bat aurkeztu beharko dute Unibertsitateko Erregistro Orokorraren bidez, eta bertan adierazi zergatik duten fisikoki ezinezkoa eskatutako dokumentazioa lortzea. Eskabide horrekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Ikaslearen erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek jaso behar dituena: ikasleak zer titulazio eta zer unibertsitatetan eta hiritan egin duen, zer urtetan egon den matrikulatua, zer irakasgai gainditu dituen eta zer notarekin, eta jatorrizko herrialdean zer titulaziok eman zion unibertsitateko ikasketetan sartzeko bidea.

Ohartuz gero ikasleak erantzukizunpeko adierazpenean ez duela daturen bat edo informazioren bat jaso edo jasotakoren bat faltsua dela, ikaslea ez da onartua izanen, eta, dagoeneko onartua izan bada, onarpena baliogabetu eginen da.

b) Bai dokumentazioa lortzeko ezintasuna eta bai erantzukizunpeko adierazpenean jasotako informazioa egiaztatzen lagunduko duen beste edozein agiri.

3. Ikasketetan onartzeko gaietan eskumena duen errektoreordetzak erantzukizunpeko adierazpenaren edukia eta aurkeztutako dokumentazioa baloratuko ditu, eta, beharrezkoa bada, egokitzat jotzen dituen txostenak eskatuko ditu.

4. Baldin eta nahikoa frogatutzat jotzen bada interesdunak ezinezkoa duela onarpen eskaera baloratzeko beharrezkoa den dokumentazio akademikoa aurkeztea, errektoreordetzak ikaslearen ezagupenak baloratzeko eskatuko dio hark egin nahi duen gradua ematen duen ikastegiari. Horretarako, hauetakoren bat erabakitzen ahalko du:

a) Ustez eskatzaileari aitor lekizkion irakasgaien gaitasun-proba bat ezartzea. Ikastegiak zerotik hamarrera arteko notarekin kalifikatuko du proba, eta kreditu kopuru bat esleituko dio. Halaber, azkenean eskatzailea onartua izanez gero, ikastegiak aditzera emanen du zer irakasgai ez dituen egin beharko.

b) Eskatzaileari aldez aurretik Nafarroako Unibertsitate Publikoan ebaluatu zaizkion irakasgaiak aitortzea, baldin eta lehendik ikasle bisitari gisa onartua izan bada errefuxiatu estatutua izateagatik, babes subsidiarioa izateagatik edo legez ezarritako bestelako egoera baliokideengatik.

5. Ikastegiak egindako balorazioaren ondorioz eskatzaileari gutxienez 30 kreditu aitortuz gero egin nahi duen graduko titulazioan, araudi honen 19. artikuluan xedatutakoaren arabera egiaztatutako nota hartuko da kontuan haren onarpen eskaera ebazteko. Nolanahi ere guztiz ezinezkoa badu hura egiaztatzea, formula honen emaitza erabiliko da bai eskaera ebazteko, bai atalase-notaren %85en baldintza betetzen ote duen kalkulatzeko:

5 + (OnarpNot - 5) * 1.8

Honako hau da ProbaNota: aurreko apartatuarekin bat etorriz lortutako kalifikazio guztien batez besteko nota, horiek kreditu kopuruarekin ponderatuta.

Lau.–Eranskin bat gehitzen zaio araudiari, eta honela geldituko da:

ERANSKINA

Jakintza-arloak, jakintza-adarren arabera antolatuak

Jakintza-arloak

(822/2021 Errege Dekretua)

Jakintza-adarra

(aurreko antolamenduak)

–Filologia, Ikasketa Klasikoak, Itzulpengintza eta Hizkuntzalaritza

–Artearen eta Adierazpen Artistikoaren Historia eta Arte Ederrak

–Historia, Arkeologia, Geografia, Filosofia eta Giza Zientziak

–Kultura-industriak: Diseinua, Animazioa, Zinematografia eta Ikus-entzunezko Ekoizpena

–Diziplinartekoa (*)

Arteak eta Giza Zientziak

–Biologia eta Genetika

–Biokimika eta Bioteknologia

–Nekazaritza Zientziak eta Elikagaien Teknologiak

–Lurraren Zientziak

–Ingurumen Zientziak eta Ekologia

–Fisika eta Astronomia

–Matematika eta Estatistika

–Kimika

–Diziplinartekoa (*)

Zientziak

–Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak

–Zientzia Biomedikoak

–Portaeraren Zientziak eta Psikologia

–Erizaintza

–Farmazia

–Fisioterapia, Podologia, Nutrizioa eta Dietetika, Terapia Okupazionala, Optika eta Optometria eta Logopedia

–Medikuntza eta Odontologia

–Albaitaritza

–Diziplinartekoa (*)

Osasun Zientziak

–Hezkuntzaren Zientziak

–Ekonomia Zientziak, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Marketina, Merkataritza, Kontabilitatea eta Turismoa

–Gizarte Zientziak, Gizarte Lana, Lan Harremanak eta Giza Baliabideak, Soziologia, Zientzia Politikoa eta Nazioarteko Harremanak

–Zuzenbidea eta Espezialitate Juridikoak

–Genero Ikasketak eta Ikasketa Feministak

–Kazetaritza, Komunikazioa, Publizitatea eta Harreman Publikoak

–Diziplinartekoa (*)

Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak

–Arkitektura, Eraikuntza, Etxegintza eta Hirigintza eta Ingeniaritza Zibila

–Ingeniaritza Elektrikoa, Ingeniaritza Elektronikoa eta Telekomunikazioaren Ingeniaritza

–Industria Ingeniaritza, Ingeniaritza Mekanikoa, Automatikaren arloko Ingeniaritza, Industria Antolamenduaren Ingeniaritza eta Nabigazioaren Ingeniaritza

–Ingeniaritza Informatikoa eta Sistemen Ingeniaritza

–Ingeniaritza Kimikoa, Materialen Ingeniaritza eta Natura Ingurunearen Ingeniaritza

–Diziplinartekoa (*)

Ingeniaritza eta Arkitektura

(*) Ikus araudi honen 16. artikuluko 2. eta 3. apartatuak.

Iragarkiaren kodea: F2303400