52. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21/2023 EBAZPENA, otsailaren 27koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aurretiazko administrazio baimena ematea energia elektrikoa ekoizteko "Vigas Altas" parke eolikoaren instalaziorako.

1.–Aurretiazko administrazio baimenaren eskaera.

2020ko urriaren 21ean, eta aplikatu beharrez Nafarroan parke eolikoetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuan ezarritakoa, Enerfín Sociedad de Energía, SLUk aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen energia elektrikoa ekoizteko instalazio honetarako eta bertatik energia ateratzeko azpiegituretarako: "Vigas Altas" parke eolikoa, 12 haize-sorgailuk osatua, bakoitza 4,16 MW-eko potentziakoa (guztira 50 MW), Uxueko, Murillo el Frutoko, Pitillasko eta Erriberriko udal mugarteetan.

2.–Aurreproiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa jendaurrean jartzea, eta eragindako administrazio publikoei eta interesdunei kontsultak egitea.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. artikuluari jarraikiz, Enerfín Sociedad de Energía, SLUren eskaera jendaurrean egon zen 30 egun baliodunez, iragarkia argitara emanda honakoetan: 2021eko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, otsailaren 1ekoan, 2021eko otsailaren 2ko Diario de Noticias egunkarian eta Uxueko, Murillo el Frutoko, Pitillasko eta Erriberriko udalen ediktu-tauletan; era berean, dokumentazioa Nafarroako Gobernu Irekiaren web fitxan argitaratu zen.

Aldi berean, maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zien Ingurumen Eraginaren Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren Zainketa Zerbitzuari, Uxueko, Murillo el Frutoko, Pitillasko eta Erriberriko udalei, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Red Eléctrica de España SAUri.

3.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 9. artikuluari jarraikiz, 2021eko maiatzaren 6an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Enerfín Sociedad de Energía SLUri igorri zizkion jasotako txostenak eta alegazioak, eta horien edukia espedientean jasota dago.

4.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena eskuratzeko eskaera.

Maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezartzen dena aintzat hartuta, 2021eko abuztuaren 6an, Enerfín Sociedad de Energía SLUk dokumentazioa aurkeztu zuen, eta haren bidez bi gauza eskatzen zituen: ingurumen inpaktuaren ebaluazioa hasteko, batetik, eta lurzoru urbanizaezinean jarduerak egiteko baimena emateko, bestetik.

5.–Aurretiazko administrazio baimena ukatzeko proposamena.

2023ko otsailaren 9an, sustatzaileak eskatu du aurretiazko administrazio baimenaren eskaera ezeztatzeko, ez baita sarbide-ahalmenik askatu kokalekutik gertu dauden sarerako konexio-korapiloetako batean ere.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatu du prozedura behar bezala egin dela, eta proposatu du ukatzea eskatutako aurretiazko administrazio baimena.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. Ukatzea Enerfín Sociedad de Energía SLUk eskatutako aurretiazko administrazio baimena, energia elektrikoa ekoizteko "Vigas Altas" parke eolikoaren instalaziorako eta bertatik energia ateratzeko azpiegituretarako, Uxueko, Murillo el Frutoko, Pitillasko eta Erriberriko udal mugarteetan.

2. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Ingurumen Eraginaren Atalera, Basoak Kudeatzeko Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ondare Historikoaren Zerbitzura eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiko Zainketa Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Enerfín Sociedad de Energía SLUri, I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAUri eta Red Eléctrica de España SAUko Sarera Lotzeko Departamentuari, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Uxueko, Murillo el Frutoko, Pitillasko eta Erriberriko udalei, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eta Trenbide Azpiegituren Administratzaileari (ADIF), eta ohartaraztea zilegi dela haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko otsailaren 27an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

Iragarkiaren kodea: F2303364