51. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGURENGO KONTZEJUA

Ordenantza, Arangurengo herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arangurengo Kontzejuak, 2023ko urtarrilaren 31n egin bilkura berezian, erabaki zuen behin betiko onestea Arangurengo herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza, jendaurreko aldia iragan eta erreklamaziorik jaso ez baitzuen.

Arangurenen, 2023ko otsailaren 14an.– Kontzejuko burua, Aritz Larequi Apesteguia.

ORDENANTZA, ARANGURENGO HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Arangurengo mugarteko herri-ondasunak administratzeko eta haien gainean xedapen egintzak emateko, eta ondasun horiek defendatzeko, berreskuratzeko eta aprobetxatzeko, bat etorriz indarrean dagoen legediarekin eta, bereziki, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta hura garatzen duen araudiarekin.

Ordenantza hau onesten denetik aurrera, egiten diren herri-lurretako aprobetxamenduak ordenantzaren xedapenen arabera arautuko dira.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira, eta ez dute tributurik izanen beren gain.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko modua.

4. artikulua. Hauek dira herri-lurretako ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa; Nafarroako Toki-erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; Herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluaren hirugarren apartatuan xedatutakoa.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Arangurengo Kontzejuari dagozkio herri-lurretako ondasunak xedatzeko, administratzeko, aprobetxatzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Arangurengo Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak deklaratu beharko du haien onura publikoa edo soziala, eta, hori baino lehen, Arangurengo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Arangurengo Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Gauzatuko den prozedura izanen da ezarrita dagoena Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan eta Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 143. artikuluan eta hurrengoetan.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Arangurengo Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.

8. artikulua. Arangurengo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Arangurengo Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Arangurengo Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.

11. artikulua. Baimen, emakida edo beste edozein titulu dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Arangurengo Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aurretik kalte-ordaina emanen da edo ez, zuzenbideak ezartzen duenaren arabera.

12. artikulua. Arangurengo Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta ebatziko ditu horiek betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Arangurengo Kontzejuak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da auzotarren akzioa; betiere, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean xedatu moduan. Udalak berez berreskuratzen ahalko du, noiznahi, herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik abiarazita dagokion prozedura, ofizioz edo salaketa bidez, interesdunari entzunaldia emanda eta legelariak txostena eginda, non agertuko baitira usurpatu den jabetza egiaztatzeko behar adina agiri eta froga. Hori guztia, jarraikiz Toki Administrazioari buruzko foru legedian ezarritako prozedurari.

Halaber, Kontzejuak akzio zibilak sustatuko ditu, horiek beharrezkoak direnean herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Etxeetarako egur-aprobetxamenduak.

d) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua.

1. Oro har, herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:

a) Adin nagusikoa izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea.

b) Aranguren Ibarreko Biztanleen Udal Erroldan Arangurengo bizilagun gisa inskribatua izatea, sei urte lehenagotik gutxienez ere.

c) Arangurenen urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian egiazki bizitzea.

d) Betebehar fiskalak egunean izatea Arangurengo Kontzejuarekin eta Aranguren Ibarreko Udalarekin.

e) Nekazaritzako araudiaren arabera, nekazari edo abeltzain izatea, familia-baratzeen kasuan izan ezik.

2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

3. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen diren zalantzak Arangurengo Kontzejuak ebatziko ditu, banan-banan.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

16. artikulua. Hiru modalitatetan eginen dira Arangurengo laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak, lehentasun-ordena honen arabera:

a) Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidez adjudikatzea edo Arangurengo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.

Arangurengo Kontzejuak hiru modalitate horiek erabiliko ditu laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak

17. artikulua.

1. Modalitate honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 15. artikuluan ezarritako baldintzak, eta diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak familia-unitateko kide bakoitzeko, edo familia-unitatearen diru-sarrerek izan beharko dute, guztira, soldata hori halako bat eta erdi baino txikiagoak.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideek datu objektiboak izanen dituzte oinarri, hala nola pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak edukitzea errentamenduan nahiz beste edozein tituluren bidez, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergapegarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena –norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta–, eta horren gisako beste edozein datu.

18. artikulua.

1. Honako azalera hau ezarri da ereduzko lotetzat, modalitate honetan:

–Lehorreko alorra: 100 erregu.

2. Zehazteko zer lote emanen zaizkien 16. artikuluan ezarritakoa betetzen duten onuradunei, koefiziente hauek aplikatuko zaizkio ereduzko loteari:

a) Hiru kide bitarteko familia-unitateak, 1 koefizientea; hots, lehorreko 100 erregu.

b) Lau kidetik seira bitarteko familia-unitateak, 2 koefizientea; hots, lehorreko 200 erregu.

c) Zazpi kidetik bederatzira bitarteko familia-unitateak, 3 koefizientea; hots, lehorreko 300 erregu.

d) Bederatzi kide baino gehiagoko familia-unitateak, 5 koefizientea; hots, lehorreko 400 erregu.

19. artikulua. Asko badira herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateak, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Arangurengo Kontzejuak, aitzinetik Nafarroako Gobernuaren baimena izanda, ordenantza honen 17. eta 18. artikuluetan jasotako faktoreak beheratzen ahalko ditu, proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Kontzejuak laborantzako herri-lurren %50 erabiliko du, gutxienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendua erabiltzeko epea 8 urtekoa izanen da.

Urte anitzeko laboreak badira, eta Kontzejuak baimena ematen badu, epe hori laborearen balio-bizitzaren arabera luzatzen ahalko da.

21. artikulua. Herri-lurzatien onuradunek honako kanon hau ordaindu beharko dute, aprobetxamendu mota honetan:

–Lehorreko lurrak: 28 euro erreguko eta urteko.

–Ureztalurrak: 28 euro erreguko eta urteko.

Urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere. Nolanahi ere, kanonak izan beharko du Arangurengo Kontzejuak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa, gutxienez.

22. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien laborantza hainbaten artean egitea ere zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 15. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak nahiz haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 15. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantzan pertsonalki diharduen laborariaren izaera ez da galduko, kontzeju honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi baterako beste arrazoi batengatik soldatapekoak hartzen direnean.

Horrelakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Arangurengo Kontzejuari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat behin betikoa bada Kontzejuaren iritziz, eta herri-lurrak norberak zuzenean ezin baditu landu, 24. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

24. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Arangurengo Kontzejuak adjudikatuko ditu hurrengo aprobetxamendu modalitatearen bidez, hau da, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduaren bidez. Kontzejuak lurzatien titularrei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Kontzejuak du eskumena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo besteren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

25. artikulua. Arangurengo Kontzejuak noiznahi egiten ahal ditu egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztatzeak, ziurtatzeko lurzatien laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela.

Honako kasu hauetan iritziko zaio ez dela zuzeneko laborantza pertsonalik egiten:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko.

b) Kontzejuaren txostenaren arabera, adjudikatutako lurzatietan ez baldin bada egiten zuzeneko laborantza pertsonalik, aintzat hartuta ordenantza honen 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatzen dena.

c) Honako alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu, eta agindutako epean aurkezten ez badira: lurra lantzeko lanak, lehengaien erosketa eta produktuen salmenta, berek edo Kontzejuak baimendutako pertsonek eginak.

d) Nekazaritzako etekinik aitortzen ez bada pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Adjudikaturiko lurzatiaren %80, gutxienez, lantzen ez dutenak.

f) Laborantzako lurren jabe izanik, horiek hirugarren batzuei ematen badizkiete errentan.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoren, zuzenean adjudikatuko dira gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere. Banatuko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitatearen titular diren herritarren artean, baldin Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda badaude, familia-baratzeen kasuan izan ezik.

27. artikulua. Kontzejuak lehentasunezko adjudikazioa egin ondoren zehaztuko du herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko loteen azalera, gelditzen den azalera eta eskatzaileen kopurua kontuan hartuta.

28. artikulua. Adjudikazioaren epea 20. artikuluan ezarritako berbera da.

29. artikulua. Kanon hau ordaindu beharko dute aprobetxamendu modu honen bidez herri-lurrak hartzen dituzten onuradunek:

–Lehorreko lurrak: 28 euro erreguko eta urteko.

–Ureztalurrak: 28 euro erreguko eta urteko.

Zenbateko horiek 2023. urterako proposatutako kanonari dagozkio, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.

30. artikulua. Adjudikaziodunak zuzeneko laborantza pertsonala eginen du; horretarako, bete beharko da 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan xedatutakoa.

31. artikulua. Arangurengo Kontzejuak beretzat gordeko du herri-lurretako laborantza lurren %5, onuradun berriei adjudikatzeko.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, behin lehentasuna duten herritarrentzako adjudikazioa egin ondoren, kendu eginen dira diru-sarrera handienak dituzten familia-unitateen titularren eskaerak.

33. artikulua. Arangurengo Kontzejuak 898 metro koadroko familia-baratzeak uzten ahalko dizkie halaxe nahi duten familia-unitateen titularrei, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da izanen ureztalurren jabea, ezta herri-lurretako beste lote baten onuraduna ere.

b) Baratzea zuzenean eta pertsonalki landuko da, 22., 23., 24. eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.

d) Kanona 28 eurokoa izanen da erreguko. Kanon hori 2023. urterako proposatutakoari dagokio, eta urtero eguneratuko da, gehienez ere KPIaren igoera gehituz.

Arangurengo Kontzejuak lur azalera aski gordeko du eskaera horietarako, baina lur hori ez da izanen laborantzako herri-lurren azalera osoaren %10 baino handiagoa.

3. ATALA

Arangurengo Kontzejuaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Arangurengo Kontzejuak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondotik, laborantzako lurra sobran baldin badago, enkante irekian eginen du adjudikazioa, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, ordura arteko epea emanen du.

Kontzejuak finkatuko du erreguaren hasierako prezioa; inguruko antzeko lurrak errentan hartzeko prezioaren antzekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurra sobran gelditzen bada, Arangurengo Kontzejuak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Arangurengo Kontzejuak, behin herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza hau onetsi ondoren, erabakitzen ahalko du noiz hasten den ordenantza honetan araututako aprobetxamenduen eskabideak aurkezteko epea, eta ediktua jarriko du iragarki-taulan; kasu horretan, 15 eguneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek eska ditzaten herri-lurretako aprobetxamenduak.

36. artikulua. Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Arangurengo biztanlea izatea, gutxienez sei urte lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Betebehar fiskalak egunean izatea Arangurengo Kontzejuarekin eta Aranguren Ibarreko Udalarekin.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udalerri honetan bai beste batzuetan, zehaztuta lehorreko lurrak diren ala ureztalurrak.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak zer lur lantzen dituen errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan, lehorreko lurrak zehazturik.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Arangurengo mugartean bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren abeltzaintzako ondasunen zergapeko kapitalak edo aziendaburu kopurua eta espeziea, bai Kontzeju honetan bai beste batzuetan.

h) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

i) Nekazaritzako Gizarte Segurantzan alta emanda egotea, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa eskatzen dutenentzat, familia-baratzeen kasuan izan ezik.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Aranguren Ibarreko Udalak edo Arangurengo Kontzejuak ahalmena izanen du eskatzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak, errenta mailak egiaztatzearren; errenta maila horiek oinarrituko dira agirietan eta datu objektiboetan, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Arangurengo Kontzejuak proposaturik, adjudikazio modu bakoitzera –lehentasuna duten herritarrena nahiz adjudikazio zuzenekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko da. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da modalitate bakoitzeko behin-behineko zerrenda, 10 egun balioduneko epean, bidezko iritzitako alegazioak egin daitezen. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da, besterik gabe.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du Kontzejuak, eta modalitate bakoitzean herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko du.

40. artikulua. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduari dagokionez, ikusirik hartaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, Arangurengo Kontzejuak adjudikatuko ditu ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

Loteak banatzean, ahalegina eginen da haietaz baliatzeko eskubidea duten bizilagunekin ados jartzeko; desadostasunik bada, zozketa eginen da.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Kontzejuak laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren modalitateko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera izanen dira ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak.

Lurzatiak adjudikatuta, onuradunen eta dagozkien herri-lurretako lurzatien zerrenda jarriko da jendaurrean 15 egunean, Kontzejuaren iragarki-taulan. Kontzejuak onetsi beharko ditu zerrendak.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegazioak, halakorik bada, behin ebatzita eta akatsak zuzenduta, Kontzejuak behin betikotzat joko du laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

42. artikulua. Arangurengo Kontzejuko herri-larreek baterako ustiapen unitatea –bazkaleku bakarra– osatzen dute beste finka partikular batzuekin batera, antzinako ohiturari, legeari edo hitzarmenari jarraikiz.

43. artikulua. Arangurengo Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Antzinako ohiturari jarraikiz.

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

44. artikulua. Ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidezko larre-aprobetxamenduaren onuradun, betiere azienda alta emanda badute Aranguren Ibarreko Udaleko Aziendaburuen Erregistroan.

45. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea. Ondorio horietarako, Arangurengo Kontzejuak iritziko dio ez direla larreak zuzenean aprobetxatzen, baldin onuradunek beren azienda kentzen badute Aranguren Ibarreko Udaleko Aziendaburuen Erregistrotik.

46. artikulua. Adjudikazioa zortzi urterako izanen da.

47. artikulua. Arangurengo Kontzejuak honela kalkulatu du bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen aziendaburu kopurua: Laurehun (400) ardi-buru.

Horri dagokionez, Arangurengo Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

  • Zaldi-aziendako buru bat (1) behi-aziendako 1,3 buru adina da.
  • Behi-aziendako buru bat (1) ardi-aziendako 8 buru adina da.
  • Ahuntz-aziendako buru bat (1) ardi-aziendako 2 buru adina da.

48. artikulua. Kontuan hartuta jasan daitekeen aziendaburu kopurua, larreen kalitatea eta eskortarik ez dagoela, Kontzejuak kanon hau ezartzen du dagoen bazkaleku bakarrerako: mila eta zortziehun euro (1.800) urtean.

Zenbateko hori 2023. urterako proposatutako kanonari dagokio, eta kanon hori urtero eguneratuko da, KPIaren igoera gehituz gehienez ere.

49. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarrita dauden baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legea), eta bete beharko dira foru lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako gainerako baldintza guztiak.

50. artikulua. Herriko ohiturekin bat eta nekazari eta abeltzainentzako kalteak eragozteko, Arangurengo Kontzejuak honako baldintza hauek ezartzen ditu:

(Aipatzen dira erabilerak eta ohiturak honako hauei dagokienez: euriondoak, uzta bildu ondoren abereak sartzeko epea, alpapa-zelai, orburu-sail, artasoro, mahasti eta abarretan sartzea. Uztondoak goldatzeko epea. Eskortak garbitu eta zaintzea. Simaurraren jabetza. Aziendak edateko, bazkaleku bakoitzari dagozkion idoiak, etab.).

51. artikulua. Prozedura. Arangurengo Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua paratuta, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

52. artikulua. Eskabideekin batera zinpeko deklarazio bat aurkeztuko da, ordenantza honen 36. artikuluan zehaztu bezala. Horrez gain, erantsiko dira aziendaburu kopuruaren gaineko katastroko ziurtagiria eta ordenantza honen 53. artikuluan aipatzen den osasun babesari buruzko ziurtagiria, bai eta erabili nahi dituen bazkalekuen hurrenkeraren zerrenda ere.

53. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

54. artikulua. Herritarrentzako banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez adjudikatuko dira, zortzi urterako, jarraikiz indarrean dagoen araudiari eta ordenantza honetatik aplikatzekoa denari.

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

55. artikulua. Mendian aski izanik eta Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Arangurengo Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

56. artikulua. Arangurengo Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

57. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

58. artikulua. Egurra banatzerakoan, Arangurengo Kontzejua irizpide sozialetan oinarrituko da, eta lehentasuna emanen die maila ekonomiko apaleneko familia-unitateei.

59. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Arangurengo Kontzejua irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 17. artikuluan zehazten den bezala.

60. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona, aurrekontu arruntean.

61. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra jaso ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ezta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen zaie Kontzejuak ematen dituen jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

62. artikulua. Adjudikazioaren prozedurari dagokionez, ordenantza honen 35, 36, 37, 38, 39, 40, 41, 50, 51 eta 52. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

V. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

63. artikulua. Arangurengo ehiza barrutiaren aprobetxamendua jarraikiko zaio, herri-lurrekin ere osatu baita, Ehizari buruzko Legean eta xedapen osagarrietan ezarritakoari.

64. artikulua. Arangurengo Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

65. artikulua. Arangurengo Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

d) Desafektazioa egitea, trukaketarako edo salmentarako.

e) Kalifikazio urbanistikoa ematea, nekazaritzakoa ez den beste zernahi erabileratarako.

66. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik hamabost egunean jendaurrean edukita, eta epe horretan aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondoren.

VI. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

67. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Lurrak zuzenean eta pertsonalki ez erabiltzea, ordenantza honetan ageri diren salbuespenekin.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.

d) Azpierrentamenduan ematea edo hirugarren batzuei lagatzea zuzeneko adjudikazioaren edo enkante publikoaren bidez adjudikatutako herri-lurretako loteak.

e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak izan, hots, soro utziak.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Landaketa iraunkorrak egitea Udalaren baimenik izan gabe.

h) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

i) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.

j) Agiriak faltsutzea edo ondasunak ezkutatzea, herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak egiteko eskubidea zehaztu edo justifikatzeko garaian.

k) Bizilagun izateari uztea, edo ez bizitzea urtean bederatzi hilabetez jarraian, gutxienez.

68. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

a) Aurreko a), b), c), f), g) eta i) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da; hala ere, horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuko organo eskudunek zehapenak jartzea.

b) Aurreko d) eta k) apartatuetako arau-hausteak eginez gero, emakida azkenduko da.

c) Aurreko h) apartatuko arau-haustea eginez gero, zehapena izanen da herri-lurren adjudikaziodun izateko desgaikuntza.

Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko den gehieneko zehapena izanen da lotearen urteko errentamenduaren balioa halako bi, edo zehapenaren xede zehatzari dagokion lote-zatiaren errentamenduarena halako bi.

Herri-lurrak kentzen zaizkien onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte.

Iragarkiaren kodea: L2302658