51. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

119E/2023 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez "Uzketa" ikerketa baimenaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita. Canteras Atxa SA enpresak sustatu du Baztango udal-mugartean (Almandoz).

2022ko ekainaren 29an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazioari ekiteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura.

Proiektua Belateko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) kokatzen da, Natura 2000 Sarearen barnean. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikulua betez, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin behar zaio, KBE horretan izanen dituen ondorioak behar bezala ebaluatu ahal izateko.

21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren txostena eman aurretik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei, beren eskumeneko gaiei dagokienez oharrak edo iradokizunak egin ditzaten. Izapide horretan, 2022ko azaroaren 8an kontsulta egin zitzaien Baztango Udalari eta Almandozko herriari, baina ez zen erantzunik jaso.

Proiektuaren deskribapena

Proiektuaren helburua da material ofitikoen ikerketa geologikoa eta meatzaritzakoa egitea, honako metodo hauek erabiliz:

  • Korronte zuzeneko tomografia elektrikoko 8 profil, gutxi gorabehera 240 m luze direnak linea bakoitzean. 4 elektrodoko gailu bat da, korrontea lurrean injektatzen duena eta zeharkatzen dituen materialen erresistibitatea neurtzen duena. Lortutako datuak aztertuta, lurpearen egitura modeliza daiteke 30 metro inguruko sakoneran, segun zein den igorleko elektrodoen arteko tartea eta, baita ere, dipolo hartzailerako distantzia. Sistema horrekin ez da obrarik egin behar, ezta lur-mugimendurik ere. Ekipo eramangarria da, bere aparatuak, kableak eta hardwarea dituena. Elektrodoak lurrean landatzen dira eragiketak irauten duen bitartean, eta lurraren gainazala aldatu gabe erretiratzen dira.
  • 5 zundaketa errotoperkusioan, lekukoa berreskuratu gabe (SP1-5), 60 m inguruko sakonerarekin eta 10 cm inguruko diametroarekin. Kate gaineko translazioko zulaketa-ekipo hidrauliko bat erabiliko da.
  • Zundaketa 1, lekukoa berreskuratuta (S1), 30 m inguruko sakonerarekin eta 12,3 cm inguruko diametroarekin. Beldar gaineko zulaketa-ekipamendu autopropultsatu bat erabiliko da, ROLATEC RL-48-L edo antzekoa.

Proiektatu da dauden bideetan kokatzea zundaketak, eta, beraz, ez da lurzoru naturalik ukituko. Proiektatutako kokapen-puntuak taula honetan daude (UTM ETRS89 koordenatuak):

ZUNDAKETA

UTM X

UTM Y

S1

614.049

4.771.500

SP1

614.117

4.771.787

SP2

614.162

4.771.455

SP3

613.811

4.771.484

SP4

613.841

4.771.047

SP5

613.455

4.770.806

Aurreikusten da lekuan bertan egin beharreko lanek 12 egun irautea.

Proiektuaren analisia, 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta

Proiektua Belateko Kontserbazio Bereziko Eremuaren barnean dagoenez, aztertu da proiektuak zer inpaktu izan dezakeen espazioaren balioetan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura honen barnean.

Proposamenak ez dakar ingurumen balioa duen ingurune naturalaren okupaziorik edo haren elementuen galerarik, ez eta elementu horien gaineko edo paisaiaren gaineko zeharkako beste inpakturik ere. Bideen aldi baterako okupazioa da inpaktu zuzen bakarra natura-ingurunearen gainean. Obra amaitutakoan, bideak aurreko egoerara lehengoratuko dira.

Era berean, ez da aurreikusten eragin nabarmenik izanen duenik zeharka KBEaren balioetan, dela makinen bibrazioengatik, dela hautsa sortzeagatik, dela makinek zarata egiteagatik, kontuan izanik proiektuaren tamaina eta iraupen laburra.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztutako agiriak ikusirik eta azterturik proposamenaren ondoriozko ingurumen-inpaktua, Ingurumen Eraginaren Atalak aditzera ematen du ezen, kontuan harturik 21/2013 Legearen III. eranskinean horri buruz bildutako irizpideetan oinarrituta, proiektuak ez duela ondorio kaltegarri nabarmenik eraginen ingurumenean ingurumen-inpaktuaren txosten honetako baldintzak betez gero, eta, hortaz, proiektuak ez du bete beharko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera behar diren bestelako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Canteras Atxa SAk Baztango udal-mugartean (Almandoz) sustatutako "Uzketa" ikerketa baimenak ez du eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera, eta, beraz, ez zaio egin behar 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluaren 1. atalean aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta.

2. Proiektua gauzatzeko, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Zundaketa-puntu guztiak bideen gainean kokatuko dira. Koordenaturen bat desdoitzen bada, tokian bertan zuinketa egitean, bermatuko da bideen gainean kokatzen dela. Ez zaio inola ere lurzoru naturalari eraginen.

–Tomografia elektrikoko profilak egun sarbideak dituzten eremuetan eginen dira, eta ez dute inolako aldaketarik eraginen ez lurrean ez landaredian.

–Zundaketek lohidun urak sortzen badituzte hoztearen ondorioz, in situ dekantatuko dira.

–Lanak amaitu eta berehala leheneratuko dira bideak, eta bide-zorua eta zerbitzuaren hasierako baldintzak berreskuratuko dira.

3. Proiektuaren leheneratze-planari buruz aldeko txostena ematen da, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak onartze aldera, Erauzketa industrien hondakinak kudeatzeari eta meategiko jarduerek ukitzen duten espazioa babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

4. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Baztango Udalari eta interesdunari.

Iruñean, 2023ko otsailaren 10ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2302357