51. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARINOAIN

José Arregui futbol-zelaiaren eta ondoko instalazio osagarrien erabilera arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Garinoaingo Udalak, 2022ko abenduaren 2an egindako ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen José Arregui futbol-zelaiaren eta ondoko instalazio osagarrien erabilera arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2022ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 20an, baita Garinoaingo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine eta 326. artikuluen manuak betez, ordenantzan egindako aldaketa behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Garinoainen, 2023ko otsailaren 7an.–Alkatea, Bertha Sánchez Luna.

JOSÉ ARREGUI FUTBOL-ZELAIAREN ETA ONDOKO INSTALAZIO OSAGARRIEN ERABILERA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN AZALPENA

José Arregui futbol-zelaia funtsezko instalazioa da Garinoaingo biztanleentzat eta haien bizi-kalitaterako. Herriaren erdigunean dagoenez, eremu pribilegiatua da aisialdirako eta hainbat jardueraren praktika osasungarrirako. Ohiko erabilera horrek ez du inolako gatazkarik edo narriadurarik sortzen instalazioan, eta bateratu behar da futbolean aritzeko kirol-erabilerarekin.

Udalak, kirol-jarduna sustatzen duen eragile den aldetik, eta eskarian izandako aldaketen jakitun, sarbide antolatua eta arautua ezartzeko beharra ikusten du, eta, beraz, dokumentu honen bidez, kluben, kirol-elkarteen eta horiek aprobetxatzeko interesa duten beste kolektibo batzuen erabilera- eta sarbide-baldintzak ezarri nahi ditu.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da José Arregui futbol-zelaiaren erabilera arautzea eta baimentzea, bai eta Garinoaingo Udalaren jabetzako instalazio osagarriak ere, hala eskatzen duten kolektiboentzat edo pertsona-taldeentzat.

2. artikulua. Erabiliko diren udal instalazioen deskribapena.

Lagun Artea, Zurialdea eta Gandiriain kaleen artean dago José Arregui futbol-zelaia, Garinoaingo Haur Eskolaren inguruan.

Futbol-zelaiaz gain, baimena eman daiteke futbol-zelaiaren mugakide diren eta Garinoaingo Haur Eskolaren eraikinean (Zurialdea kalea 18) dauden aldagelen eta dutxen instalazioak erabiltzeko.

3. artikulua. Instalazioen erabiltzaile diren pertsonak edo erakundeak.

Ordenantza honen ondorioetarako, bereizten dira pertsona edo erakunde erabiltzaile mota hauek:

a) Tokiko kirol-elkarteak eta/edo kirol-klubak.

Udal eremuan kirol-jarduerak sustatzen eta egiten dituzten tokiko klub edo elkarte afizionatuak, irabazi-asmorik gabeak, eta, gainera, bazkideen %30, gutxienez, Garinoainen erroldatuak dituztenak; pertsona horiek instalazioak erabili ohi dituzte eta udalerriko kirol-jarduera sustatzen dute.

b) Tokiko talde ez lehiakorrak.

Kirol-jarduera ludikoa, ez-arautua eta ez-lehiakorra egin nahi duten pertsonen taldea; taldeko kideen %40, gutxienez, Garinoainen erroldatuta egon behar da.

Salbuespen gisa, adiskidetasunezko partidetan jarduteko, tokiko talde ez-lehiakortzat hartuko da Garinoainen erroldatutako pertsonen %40 baino gutxiago eta %20 baino gehiago biltzen dituen taldea.

c) Beste kirol-elkarte eta kirol-klub batzuk.

Herrikoak ez diren, afizionatuak diren eta irabazi-asmorik ez duten klubak edo elkarteak.

d) Lehiakorrak ez diren beste talde batzuk.

Kirol-jarduera ludikoa, ez-arautua eta ez-lehiakorra egin nahi duten pertsonen taldea, partidak egin nahi dituztenak eta taldeko kideen %20 baino gehiago ez badira Garinoainen erroldatuak.

4. artikulua. Erabilera motak.

a) Arruntak.

Erabilera horiek denboraldi osoetarako, elkarteetarako, kirol-klubetarako edo herriko pertsona-taldeetarako finkatutakoak izanen dira.

Erabilera mota hori eskatzen duten elkarteak, klubak edo pertsona-taldeak arduratuko dira zelaia markatzeaz, sareak, banderinak eta zelaia prestatzeko erabiltzen edo aprobetxatzen den beste edozein objektu edo tresna instalatzeaz eta kentzeaz (pintura, sareetarako pikak, etab.).

Era berean, aldageletako ur beroa martxan jartzeaz eta funtzionatzeaz arduratu beharko dira, baita markatzeko makinaz ere, eta ziurtatu beharko dute ur beroa egoera egokian geratzen dela hurrengo ekitaldierako.

b) Bereziak.

Erabilera horiek honako hauetarako finkatuko dira:

–Instalazioa noizean behin eta aldi baterako lagatzeko.

–Elkarteek, kirol-klubek edo herrikoak ez diren pertsona-taldeek eska ditzaketen denboraldi osoetarako.

Erabilera mota hori eskatzen duten elkarteek, klubek edo pertsona-taldeek honako aukera hauek izanen dituzte:

–Erabilera soila, baina ez markaketa, sareen eta banderinen instalazioa, ezta Udalak horiek kentzea ere; erabiltzaileak berak egin beharko du.

–Erabilera osoan, Udalak markatu eta instalatu behar ditu sareak eta banderinak, eta aldagelak prestatu behar ditu, ekitaldia hasi aurretik baldintza egokietan egon daitezen.

5. artikulua. Erabiltzaileek honako betebehar hauek dituzte:

–Dagokion baimena eskatzea, ordenantza honetan ezarritakoaren arabera.

–Instalazioa erabiltzeko eskatzen diren prezio publikoak ordaintzea.

–Instalazioko funtzionamendu orduak errespetatzea.

–Etxeko taldeak begiratuko du bere jokalariek eta kanpoko taldekoek arauak betetzen dituztela.

–Instalazioak erabiltzean, betetzea erregelamendu honen xedapenak eta Garinoaingo Udalaren jarraibideak.

–Instalazioa eta bere ekipamendua behar bezala erabiltzea.

–Edozein narriadura edo anomaliaren berri berehala ematea Udalari, pertsonen osotasunerako edo instalazioaren behar bezalako funtzionamendurako arriskua ekartzen badu.

–Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi edukitzen eta paperontziak erabiliko dituzte.

–Erabiltzaileak arduratuko dira aldageletan edo futbol-zelaiko beste instalazio batzuetan utzitako objektuez; Udala ez da arduratuko instalazio horietan egiten diren ebasketez edo lapurretez.

–Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen aldageletan edo futbol-zelaiaren beste instalazioetan utzitako gauzen gainean. Baliozko gauzarik ez uzteko gomendatzen da.

–Beste erabiltzaileen eskubideak errespetatzea, batik bat instalazioetarako erreserbetan eta lagatako gune komunetan.

–Erabiltzaileek betiere behar bezalako jokamoldea izanen dute, instalazioak eta gainerako erabiltzaileak errespetatuz. Besteekiko errespetuzko jarrera izan beharko da, eta debekatuta daude giza eskubideak urratzen dituzten jarrera sexistak, homofoboak, xenofoboak, klasistak eta bestelako jarrerak.

–Gurasoek edo haiekin doazen pertsonek beren gain hartuko dute adingabeek ordenantza honetan ezarritako arauak betetzeko ardura.

–Indarrean dagoen legedian edo ordenantza honetan ezarritako beste edozein betebehar.

6. artikulua. Udalaren betebeharrak dira:

–Erabiltzaileen eskura jartzea ordenantzan deskribatutako instalazioak, dagokion baimenarekin bat etorriz.

–Udalaren ohiko ardura izanen da zelaia egoera onean egotea: belarra moztea, ureztatzea, instalazioak garbitzea, ureztatze-ponpak mantentzea, berokuntza, etab.

II. TITULUA

Baimena eskuratzeko prozedura

7. artikulua. Instalazioaren ohiko erabileraren eskaera.

Eskaerak I. eranskineko ereduan eginen dira.

Eskabidea alkateari zuzenduko zaio, eta Udalaren sarrera erregistroan aurkeztuko da, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideetako edozein baliatuz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskabideak behar bezala beteta eta klub edo elkarteko arduradunak sinatuta egon beharko du, ordenantza honetan ezarritako kalifikazioaren arabera.

Udalak baimendu beharreko denboraldiko programazioan klubek edo elkarteek kontuan hartu beharko dituzte ordenantza honetan ezarritako erabilera-ordutegiak.

8. artikulua. Instalazioaren ezohiko erabilerarako eskaera.

Eskaerak II. eranskineko ereduan eginen dira, ezohiko erabilera egin nahi den eguna baino astebete lehenago gutxienez.

Eskabidea alkateari zuzenduko zaio, eta Udalaren sarrera erregistroan aurkeztuko da, edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako bideetako edozein baliatuz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskabideak behar bezala beteta eta klub edo elkarteko arduradunak sinatuta egon beharko du, ordenantza honetan ezarritako kalifikazioaren arabera.

9. artikulua. Eskaerari erantsi beharreko dokumentazioa.

Eskabidearekin batera, klubek, elkarteek edo pertsona-taldeek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Bazkideen zerrenda. Udalak ofizioz egiaztatuko du pertsona horiek erroldatuta dauden, eta erroldatze-ehunekoaren baldintzak betetzen dituzten ala ez, kasuaren arabera.

–Udalak erabilera horietarako onetsitako prezio publikoak ordaindu izanaren egiaztagiria, hala dagokionean.

10. artikulua. Futbol-zelaia eta instalazio osagarriak erabiltzeko baimena.

Erabilera-baimen hori emateko organo eskuduna Alkatetza da, eta hark emanen du dagokion ebazpena.

Ebazpen horretan adieraziko da ordutegia, baimendutako egunak eta ohiko erabilera edo berezia den, baita dagokion erabiltzaile mota ere.

11. artikulua. Erabilera-baimenak lehenestea.

Instalazioak erabiltzeko baimena Garinoaingo Udalaren beharren mende egonen da.

Udalak beretzat gordetzen du jada emandako erabilerak aldatzeko edo baliogabetzeko ahalmena, baita zerbitzua aldi baterako eteteko ahalmena ere, udal intereseko arrazoiak direla medio. Hori dela eta, ez zaie interesdunek izan ditzaketen kalteei erantzunen, ordaindutako prezioen itzulketa proportzionala izan ezik.

Futbol-zelaia eta instalazio osagarriak antolatzeko, eskaerak honela lehenetsiko dira:

–Ohiko erabilerarako eta ezohiko erabilerarako eskaerak ordutegi eta egun berean egiten badira, ohiko erabilerarako eskaera lehenetsiko da.

–Klub edo elkarte batek eta talde ez-lehiakorrek egun eta ordutegi berean egindako eskaera bat dagoenean, lehenetsiko da klubaren edo elkartearen eskaera.

–Herriko klub edo elkarte batek eta herrikoa ez den klub edo elkarte batek ordutegi eta egun berean egiten badute eskaera, herriko klub edo elkarteak egindako eskaerari emanen zaio lehentasuna.

–Herriko klub edo elkarteek bi eskaera eginez gero, lehenetsiko da erabiltzaileen artean Garinoainen erroldatutako pertsona gehien dituena.

–Herriko elkarte ez-lehiakor batek eta herrikoa ez den elkarte ez-lehiakor batek ordutegi eta egun berean egiten badute eskaera, herriko elkarte ez-lehiakorrak egindako eskaerari emanen zaio lehentasuna.

–Herriko bi talde ez-lehiakorrek egiten badute eskaera, erabiltzaileen artean Garinoainen erroldatutako pertsona gehien dituena lehenetsiko da.

III. TITULUA

Futbol-zelaia eta instalazio osagarriak erabiltzeko arauak

12. artikulua. Instalazioak erabiltzeko ordutegiak:

Astelehenetik ostiralera 15:00etatik 21:30era izanen da erabilera-ordutegia.

Larunbat, igande eta jaiegunetako ordutegia 9:00etatik 21:00etara izanen da.

Salbuespen gisa, udalak, klubek edo interesdunen taldeek aldez aurretik eskatuta, aurretik adierazitakoaz bestelako ordutegi batean erabiltzeko baimena ematen ahalko du, arrazoi bereziengatik edo udalerriarentzat interesgarritzat jotzen diren arrazoiengatik.

Elkarte, klub edo pertsona talde bakoitzak futbol-zelaia eta instalazio osagarriak erabiltzeko egunean gehienez 3 ordu baimentzen ahalko ditu.

13. artikulua. Esparrura sartzeko arauak: aldagelak eta harmailak.

Udalaren berariazko baimena duten klub, elkarte eta taldeak, ez beste inor, sartzen ahalko dira kirol esparrura.

Kirol jarduerarekin lotura zuzena dutenek, ez beste inork, izanen dute aldageletan sartzeko baimena (jokalariak, epaile taldeak eta kirol jarduerarekin harremana duten teknikariak edo osasun arloko langileak).

14. artikulua. Joko-zelaia.

Udalaren berariazko baimena duten klub, elkarte eta taldeak, ez beste inor, sartzen ahalko dira kirol esparrura.

Kirol jardueretan parte hartzen dutenak baizik, hau da, jokalariak, talde teknikoa, osasun arloko langileak eta epaile taldeak, ezin dira sartu jokalekuan.

Jokalekuan sartzeko, oinetako egokiak jantzi behar dira, kalean erabili ezin direnak.

Debekatuta dago tako metalikoak edo aluminiozkoak erabiltzea.

Debeku da ikusleak jokalekura sartzea.

Euri larria gertatuz gero (40 mm baino gehiago azken 24 orduetan edo 25 mm baino gehiago partidaren aurreko azken 5 orduetan), zinegotzi arduradunarekin edo, hala badagokio, zerbitzu anitzetako langilearekin adostu beharko da ea komenigarria den ekitaldi bat egitea espazio hori mantendu eta zaindu beharrez.

IV. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hausteak ordenantza honetan debekaturiko jarduerak dira, baita instalazioak erabili eta baliatzeko arau oinarrizkoen kontra doazen jarduerak ere.

2. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

–Futbol-zelaiaren instalazioetan Udalak horietarako baimenik eman gabeko jarduerak egitea, baimen hori beharrezkoa denean ordenantza honetan ezartzen denarekin bat.

–Ordenantza honetan ezarritako xedapenak jakinaren gainean eta nahita ez betetzea, futbol-zelaiaren gainerako erabiltzaileen segurtasuna edo osasuna modu larrian kolokan jartzen bada.

–Instalazioko edozein elementu ebatsi, hondatu edo suntsitzea.

–Bi urteko epean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea, administrazio ebazpen irmoaren bidez zehatu badira.

–Giza eskubideak urratzen dituzten jarrera sexistak, homofoboak, xenofoboak, klasistak eta gainerako jarrerak.

3. Hona hemen arau-hauste astunak:

–Erabiltzaileen lasaitasun eta erosotasunari modu larrian traba egiten dieten jokamolde eta jarrerak.

–Baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea, arau-hauste oso astuna ez denean.

–Bi urteko epean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea, administrazio ebazpen irmoaren bidez zehatu badira.

4. Hona hemen arau-hauste arinak:

Arau-hauste arina da ordenantza honetako edozein arau urratzea, oso astuna edo astuna izan gabe, futbol-zelaiaren instalazioen erabilera arruntarentzako kalte edo erabiltzaileentzako traba ekartzen badu.

16. artikulua. Zehapenak.

Ordenantza honetako xedapenen kontra egiten diren arau-hauste guztiak zehatuko dira, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 141. artikuluan ezarritako mugen barnean.

Hona hemen zehapenak, aitzineko artikuluan tipifikatu arau-hausteengatik:

1. Arau-hauste oso astunen zehapenak.

(a) 301 eurotik 600 eurora bitarteko isuna.

(b) Instalazioak erabiltzeko baimena etetea urtebete eta bost urte bitarteko aldirako.

(c) Instalazioan sartzeko debekua, urtebete eta bost urte bitarteko aldirako.

2. Arau-hauste astunen zehapenak:

(a) Instalazioak erabiltzeko baimena etetea, gehienez urtebeterako.

(b) Instalazioan sartzeko debekua, hilabete eta urtebete bitarteko aldirako.

(c) 151 eurotik 300 eurora bitarteko isuna.

3. Arau-hauste arinen zehapenak:

(a) Arau-hauste arinak idatzizko ohartarazpenez eta 150 euro arteko isunarekin zehatuko dira.

(b) Futbol-zelaiaren esparrutik bidaltzea edo hara sartzeko debekua, gehienez ere 15 egunez.

4. Mailaketa: Zehapen bakoitza mailakatzeko, inguruabar hauek baloratuko dira, denak batera:

(a) Arau-haustearen nolakoa.

(b) Pertsona edo ondasunendako arrisku maila.

(c) Intentzionalitate maila.

(d) Berrerortzea.

(e) Egindako kaltearen larritasuna.

(f) Kontuan hartzeko modukotzat hartzen diren gainerako inguruabarrak.

Aipatutako erantzukizunak eta zehapenak administrazio bidean gauzatuko dira, administrazio prozedura erkidea arautzen duen legediari jarraikiz.

Zehapenek ez dute zerikusirik izanen eragindako kaltea konpontzeko eta kendu dena itzultzeko betebeharrarekin, ez eta egin ahal izan diren bestelako erantzukizunekin ere.

17. artikulua. Erantzuleak.

Erabiltzaileak, kirolariak, entrenatzaileak, taldeak eta taldeetako kideak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

18. artikulua. Organo eskuduna.

Garinoaingo Udaleko Alkatetza izanen da zehatzeko organo eskuduna. Prozeduraren instrukzioa arloko ardura duen udaleko zinegotzitzak edo idazkaritzak eginen du, kasuaren arabera.

19. artikulua. Zehapen espedienteak tramitatzea.

Salatzen diren ekintzen ondorioz zehapen espedientea irekiko da, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako printzipio eta prozeduren arabera tramitatuko da.

20. artikulua. Behin-behineko neurriak.

Zehapen espedientea hasita, noiznahi hartzen ahalko dira behin-behineko neurriak, ezinbestekoak badira prozedura behar bezala bideratzeko, ezar litekeen zehapenaren prozedura bermatzeko edo arau-hauste gehiago egin dadin eragozteko.

Behin-behineko neurriak egindako arau-hausteen ezaugarrien eta astuntasunaren araberakoak izanen dira, eta aurreneurriak ere izan daitezke, bereziki honakoak:

a) Instalaziora sartzeko debekua.

b) Hitzarmenik bada, hori etetea.

Presako kasuetan, arau-haustea astuntzat edo oso astuntzat jotzen ahal denean, prozedura hasteko eskumena duen organoak edo instrukzio organoak behar diren behin-behineko neurriak hartzen ahalko ditu.

21. artikulua. Ordaina ematea eta kalte-ordaina.

Zehatutako jokabideek kalte edo galerarik eragin badiote Udalari, honako hau deklaratzen ahal da prozeduraren ebazpenean:

a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.

b) Sortutako kalte eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.

22. artikulua. Ekintza zibil eta penalak.

Arestian azaldu den diziplina araubidea aplikatuagatik ere, Udalak ekintza zibil eta penalak erabiltzen ahalko ditu jurisdikzio eskudunean.

XEDAPENAK

Xedapen gehigarri bakarra.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez aldatzen ahalko dira ordenantza honen eranskinak, dena delako aldaketak baldin badakar karga administratiboak murriztea eta/edo prozesua sinplifikatzea eta bizkortzea, eta aplikatzekoak diren arau sektorialetan xedatutakoari jarraikitzen bazaio. Horrenbestez, honetarako ahalmena ematen zaio Alkatetzari:

a. Ordenantza honen eranskinak zabaltzea eta murriztea, beharrezkotzat jotzen diren alderdiak sartuz edo kenduz, araua hobeki garatzeko. Horren barruan sartuko dira, besteak beste, eskabide-eredu normalizatuak eta hitzarmenak onestea eta aldatzea, prozedura definitzea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa zehaztea.

b. Behar den xedapen oro ematea, ordenantza honetan ezarritakoa garatzeko.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza indarrean jartzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatutakoarekin bat, ordenantza hau ez da indarrean jarriko eta ez du sortuko ondorio juridikorik, harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte, eta igaro arte Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan ezarritako epea, Estatuko Administrazioak edo Foru Komunitateak toki-erakundeei beren egintzak eta erabakiak baliogabetzeko errekerimenduak egiteko ahalmena baliatzeko.

I. ERANSKINA

José Arregui futbol-zelaia ohiko moduan erabiltzeko eskaera

Arduradunaren datuak.

Izen-deiturak

NANa

Bere izenean

Honako hau ordezkatuz

(ezabatu egokia ez dena)

Kluba / Elkartea / Pertsona-taldea

IFK

Helbidea, jakinarazpenak igortzeko

Telefonoak

Helbide elektronikoa

ESKATZEN DU, José Arregui futbol-zelaia eta ondoko instalazio osagarriak arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat etorriz, OHIKO ERABILERARAKO BAIMENA, honako honetan:

DENBORALDIA / URTEA

HILABETEA

ASTEKO EGUNAK

ORDUTEGIA

Honako dokumentazio hau eransten du:

Pertsona fisikoa, eskatzailearen NANaren kopia

Pertsona juridikoa, ordezkaritza egiaztatzen duen agiriaren kopia

Dagokion prezio publikoa ordaindu izanaren egiaztagiria (erabilera-motak ordainketa hori eskatzen badu, Udalak onetsitako prezio publikoen arabera)

Baimena eskatzen duen kluba / elkartea edo pertsona-taldea osatzen duten pertsonen NAN zenbakia soilik duen zerrenda, egiaztatzeko pertsona horietatik zenbat dauden Garinoainen erroldatuta.

Garinoainen, ________________________

Eskatzailearen sinadura

II. ERANSKINA

José Arregui futbol-zelaia ezohiko moduan erabiltzeko eskaera

Arduradunaren datuak.

Izen-deiturak

NANa

Bere izenean

Honako hau ordezkatuz

(ezabatu egokia ez dena)

Kluba / Elkartea / Pertsona-taldea

IFK

Helbidea, jakinarazpenak igortzeko

Telefonoak

Helbide elektronikoa

ESKATZEN DU, José Arregui futbol-zelaia eta ondoko instalazio osagarriak arautzen dituen ordenantzan ezarritakoarekin bat etorriz, EZOHIKO ERABILERARAKO BAIMENA, honako honetan:

Erabilera soila, baina ez markaketa, sareen eta banderinen instalazioa, ezta Udalak horiek kentzea ere; erabiltzaileak berak egin beharko du.

Erabilera osoa, Udalak markatu eta instalatu behar ditu sareak eta banderinak, eta aldagelak prestatu behar ditu, ekitaldia hasi aurretik baldintza egokietan egon daitezen.

Honako honetan:

DENBORALDIA / URTEA

HILABETEA

ASTEKO EGUNAK

ORDUTEGIA

Honako dokumentazio hau eransten du:

Pertsona fisikoa, eskatzailearen NANaren kopia

Pertsona juridikoa, ordezkaritza egiaztatzen duen agiriaren kopia

Dagokion prezio publikoa ordaindu izanaren egiaztagiria (erabilera-motak ordainketa hori eskatzen badu, Udalak onetsitako prezio publikoen arabera)

Baimena eskatzen duen kluba / elkartea edo pertsona-taldea osatzen duten pertsonen NAN zenbakia soilik duen zerrenda, egiaztatzeko pertsona horietatik zenbat dauden Garinoainen erroldatuta.

Garinoainen, ________________________

Eskatzailearen sinadura

Iragarkiaren kodea: L2302114