51. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

23/2023 EBAZPENA, otsailaren 16koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) erdiesteko 2022. urtean egin ziren probak gainditu zituztenei agiri hori emateko baimena ematen duena.

Hezkuntza eta Kulturako kontseilariaren 1535/1985 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) sortu zen.

Hezkuntza eta Kulturako kontseilariak abenduaren 15ean emandako 463/1998 Foru Aginduaren bidez, Euskara Zerbitzuaren esku utzi ziren EGA titulua erdiesteko probak prestatu, egin eta zuzentzeari lotutako eginkizun teknikoak.

Gaur egun, titulua lortzeko bi bide daude:

1.–EGA agiria erdiesteko deialdi bakarreko probak gaindituz. Deialdi hori urriaren 1eko 414/2021 Ebazpenaren bidez arautu zen. 2022. urtean, deialdi bakarra egin da, otsailean.

2.–Nafarroako Unibertsitate Publikoan Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasletza graduko ikasketak (oso-osorik edo gehiena) euskaraz eginez. Kasu horretan, gainera, ikastetxeko zuzendaritzak ziurtagiri bat egin beharko du esanez izangaiak EGA titulua jasotzeko euskara maila nahikoa duela.

2022ko prozesuak bukaturik, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak proposatu du Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea prozesu horiek gainditu dituzten pertsonei.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea EGA titulua erdiesteko 2022. urtean egindako deialdi bakarreko probak gainditu dituztenei. Proba horiek gainditu zituzten pertsonen zerrenda ebazpen honen I. eranskinean jaso da.

2.–Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) ematea 2021-2022 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan Haur eta Lehen Hezkuntzako Irakasletza graduko ikasketak bukatu zituzten ikasleei. Horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak ziurtagiri bat egin beharko du, eta bertan adierazi ikasleak ikasketa horiek (oso-osorik edo gehiena) euskaraz egin dituela eta, gainera, EGA titulua jasotzeko euskara maila nahikoa duela. Baldintza horiek betetzen dituzten pertsonen zerrenda ebazpen honen II. eranskinean ageri da.

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Ebazpenaren eranskinak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuan daude interesdunen eskura.

4.–Ebazpen hau eta dagozkion eranskinak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Euskara Zerbitzura eta EGA Bulegora bidaltzea.

5.–Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko otsailaren 16an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

Iragarkiaren kodea: F2302825