Iragarkia
50. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
210E/2023 EBAZPENA, otsailaren 15ekoa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, pazienteen eta ahaideen osasun programetarako dirulaguntzen deialdi bat onesten duena, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendurik, osasun arazoak hobetzeko helburuarekin gauzatu ditzaten, 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitarteko aldian. DDBN identifikazioa: 668460.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.
Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz, dirulaguntzen deialdi honen xedea da fundazioek, gizarte-ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek autolaguntza taldeak sortu eta abiarazteko berariazko ekintzak egitea. Deialdiaren xede dira, halaber, entitate horiexek herritarren parte-hartzearen testuinguruan gauzatzen dituzten osasun arloko prebentzio-, sustapen- eta mantentze-programetako ekintzak, bat datozenak Osasun Departamentuak osasun politika orokorraren esparruan sustatzen dituen gidalerroekin, eta, bereziki, jomuga dutenak indarreko Osasun Planean aipatzen diren helburuak betetzea, eta, berariaz, "Paziente Kronikoari eta Pluripatologikoari Arreta emateko Nafarroako Estrategia" delakoarekin bat egiten dutenak.
Espedienteko txosten tekniko eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1. artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretuaren 8.v) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetako oinarri arautzaileekin bat, pazienteen eta ahaideen osasun programetarako dirulaguntzen deialdi bat, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendurik, osasun arazoak hobetzeko helburuarekin gauzatu ditzaten, 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitarteko aldian.
2. Osotara 536.640 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko "Osasun arazoak hobetzeko dirulaguntzak, pazienteen eta ahaideen elkarteentzat" izeneko 511004-51100-4819-311100 partidaren kargura.
3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.
Iruñean, 2023ko otsailaren 15ean.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.
1. ERANSKINA
Pazienteen eta ahaideen osasun programetarako dirulaguntzen deialdia, fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendurik, osasun arazoak hobetzeko helburuarekin gauzatu ditzaten, 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitarteko aldian. Oinarri arautzaileak
1.–Dirulaguntzaren xedea.
Deialdi honen xedea da araubidea ezartzea fundazioei, gizarte-ekimeneko kooperatibei eta pazienteen eta ahaideen irabazi-asmorik gabeko elkarteei dirulaguntzak emateko, autolaguntzarako taldeak osatu ditzaten eta osasun arazoak hobetzera zuzenduriko programak gauzatu ditzaten, 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitarteko aldian. Programa eta talde horiek osasun arazoak dituzten pertsonen edo haien ahaideen elkarteetako proiektuen barrukoak izanen dira, eta helburu izanen dute osasun arazoak hobetzea (GIB-IHESA eta haren ondorioak kanpo), arreta berezia emanez bai Osasun Planean bai Paziente Kronikoari eta Pluripatologikoari Arreta emateko Nafarroako Estrategian ezarritako prestakuntza eta/edo autolaguntza programei.
2.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.
Deialdi honek ezartzen dituen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte dagokien erregistroan izena emanda dauden fundazioek, gizarte-ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek, baldin eta autolaguntzako taldeak osatzen badituzte edo osasun arazoak hobetzeari begirako programak garatzen badituzte deialdiaren aldian, Osasun Departamentuak xedatutako lehentasunekin bat badatoz eta Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei arreta emateko badira.
Entitate eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkien betebeharrak ere, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egiten den egunean.
Entitate eskatzaileak ezin dira egon dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.
Entitate eskatzaileek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen 8. oinarriaren arabera.
Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Entitate onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.
3.–Gastu diruz lagungarriak, diruz lagungarriak ez direnak eta laguntzen zenbatekoak.
3.1. Gastu diruz lagungarriak.
a) Jarduera gastuak, material suntsikorrekoak eta langileriakoak, baldin eta aurkeztutako programan azaldutako osasun-arretari zuzenean loturik badaude.
Langileriako gastuen kasuan, jarduerari edo programari egozten ahal zaion ordu-kopurua edo lanaldiaren ehunekoa adierazi beharko da; behar bezala banakaturik aurkeztuko dira gastu hauek.
Lokalen alokairua eta funtzionamendu gastuak jarduera gastuei dagozkiela ulertuko da entitatearen jarduera garatzeko helburu bakarrarekin alokatzen denean eta beste entitate batzuekin partekatzen ez denean. Gastuak beste entitate batzuekin partekatzen badira, diruz lagunduko da entitate bakoitzak bere gain hartzen duen gastuaren zati proportzionala. Behar bezala banakaturik aurkeztuko dira gastu hauek, entitate bakoitzak lokalaren zer zati erabiltzen duen zehazturik.
b) Entitatearen funtzionamendu gastu orokorrak (barne direla aurkeztutako programaren osasun arretari zuzenean lotzen ez zaizkion entitateko langileen ordainsariak; lokalen mantentze-gastuak, bulego materiala eta abar), baldin eta dirulaguntzaren xedeko programari loturik badaude eta behar bezala egiaztatzen badira. Eskatutako zenbatekoaren %25 egozten ahalko zaio, gehienez, dirulaguntzari.
Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Bankuetako kontuen zor interesak ez dira inoiz diruz lagungarriak izanen.
Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin bat, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina entitate ez badago, edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.
3.2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak.
Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik izanen:
a) Gastu inbentariagarriak; produktu bakar batean 500 eurotik gorako gastuak hartuko dira halakotzat.
b) Zerbitzu publikoek egiten dituzten jarduerak.
c) Inbertsioak.
d) Entitatearen edo elkartearen publizitateari edo sustapenari lotutako gastuak.
e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.
f) Instrukzio unitatearen ustez, programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.
g) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.
h) Gaixotasunei buruzko sentsibilizazio eta informazio jarduerak, herritar guztientzat direnak.
i) Inprimatutako materiala: inprimatutako materialetarako dirulaguntza emanen da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, baldin eta ebaluazioa egiten duen unitatearen iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.
j) Podologia, odontologia eta ebidentzia zientifikoaren bermerik ez duten jarduerak.
k) Jardunaldi, kongresu eta kanpamenduetara joate hutsa, monitoreak eta boluntarioak izan ezik.
l) Ikasleekin ikasgeletan egiten diren jarduerei ere ez zaie dirulaguntzarik emanen.
Lan osasuneko jarduerak eta lanbide prestakuntza, salbu eta monitoreen eta boluntarioen kasuan.
3.3. Laguntzen zenbatekoa.
Osotara 536.640 euroko gastua eginen da 2023rako Nafarroako Aurrekontuen gastu aurrekontuko "Osasun arazoak hobetzeko dirulaguntzak, pazienteen eta ahaideen elkarteentzat" izeneko 511004-51100-4819-311100 partidaren kargura.
4.–Eskaerak.
4.1. Noiz eta non aurkeztu.
4.1.1. Eskaerak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
4.1.2. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, hemendik: Nafarroako Atarian argitaratutako deialdiaren fitxatik, "Tramitatu" aukera (https://www.navarra.es/eu/tramiteak) baliatuta, hemendik aurrera "laguntzen fitxa".
Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo cl@ve eduki beharko da.
Dokumentazioa agiri bereizitan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, laguntzen fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.
Eskaeretan, gaitutako helbide elektroniko bat eman beharko da, zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio- eta jakinarazpen-kanala izango dena.
4.1.3. Eskaerak epez kanpo aurkezten badira, haiek ez onartzeko ebazpena emanen da, eta interesdunei jakinaraziko zaie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.
4.1.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.
4.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
a) Dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofiziala, behar bezala betea, dirulaguntza eskatzen duen entitatearen ordezkariak sinatua, eta egin beharreko proiektu, ekintza edo programaren atal teknikoak eta ekonomikoak behar bezala arrazoiturik. Inprimaki ofizial hori eskuragarri egonen da Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuan (Amaia kalea 2-A, 3. solairua, 31002 Iruña) eta Nafarroako Gobernuaren web orri ofizialean (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/bilatzailea), deskargatzeko.
b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.
c) Adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen, fundazioen edo kooperatiben erregistroetatik zeinetan dagoen inskribatua entitate eskatzailea, hala badagokio; egoitza Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo duten entitateen kasuan, haien estatutuen kopia eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren adierazpena.
d) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea, haren administratzailea eta/edo ordezkaria dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere ez daudela. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Aitorpen hori dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofizialari erantsi zaion ereduaren arabera egin daiteke.
f) Transferentzia bidezko ordainketa eskatzeko inprimakia, behar bezala betea.
g) Dirulaguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, deialdiaren 10.2 oinarrian xedaturikoarekin bat, entitate eskatzaileak, oinarri horretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.
h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso ote duen adierazten duena. Adierazpen hori dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofizialari erantsi zaion ereduaren arabera egin daiteke.
i) Toki erakundeak ordezkatzen dituzten gizarte-ekimeneko kooperatibek hori egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute.
Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 28.ean xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta f) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko dauzkan datuak badira, betiere datu horiek ageri direneko espedientea edo deialdia adierazten bada eta aurkeztu zirenez geroztik aldaketarik gertatu ez bada.
Eskaera aurkezteak berekin dakar entitateak Osasun Departamentuari baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
Entitate eskatzaile bakoitzak gehienez ere hiru programa aurkezten ahalko ditu deialdi honetan.
4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.
Eskaerak adierazi diren betebeharrak bete ezean, dagokion instrukzio unitateak interesdunari eskatuko dio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezean, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatu bezala.
5.–Antolamendua, instrukzioa eta dirulaguntza emateko irizpideak.
5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposatuta.
5.2. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko Herritartasunaren eta Aseguramenduaren Atalari esleitzen zaizkio ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoa aipatzen delarik, atal horretaz ari da.
5.3. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.
5.4. Instrukzio organoak proiektuak ebaluatu eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu.
Osasuneko zuzendari nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.
6.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.
6.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutako baldintzetan; horretarako, aurkeztutako eskaerak 3. eranskinean ezarritako balorazio irizpideen arabera alderatuko dira, haien hurrenkera ezartze aldera; behar bada, eranskin horretako b) letran ezarritako hainbanaketa aplikatuko da.
Ikusten bada proiektuak 3.2 oinarriaren arabera dirulaguntza jaso ez dezaketen gastuak dituela, edo deialdi honen eremuari ez dagozkion jarduerak dituela, horiexek kendu eta berriz eginen da proiektuaren ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.
6.2. Deialdiaren 3. eranskinean ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak.
7.–Entitate onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntza hartzen duten entitatek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak eskaeretan eta dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzetan gauzatzea, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era bitarte eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatean.
b) Osasun Departamentuari beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskaera egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.
c) Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat. Logotipoa erabili aurretik, dirulaguntzaren onarpena tramitatu duen instrukzio unitateari jakinarazi beharko zaio.
d) Jarduerak gauzatu bitartean gertatzen diren alterazio guztien berri ematea instrukzio unitateari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.
e) Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.
8.–Gardentasun betebeharrak.
Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuen kasuan, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (betiere laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira), honako informazio osagarri hau jakinarazi beharko dute:
a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.
b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.
c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.
d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.
e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.
Aipatutako informazioa entitate onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko du, telematikoki, deialdian horretarako dagoen tramitearen bidez. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.
Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.
Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.
Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.
Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.
Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zenbatekorik kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
9.–Aldaketak.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak nola edo hala aldatuz gero, haren berri eman beharko zaio dagokion kudeaketa unitateari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.
Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketaren eskaeretan; gertatu bezain laster formulatuko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen; aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira eta, bidezkoa bada, laguntza aldatuko da eta, zein den kasua, dagokion diru kopurua itzuliko.
Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu multzoen artean (langileak, jarduerak eta funtzionamendua) gehienez ere %5eko desbideraketa ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.
Entitatearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik entitateak ezin badu diruz lagundutako programetako bat garatu, instrukzio entitateari jakinaraziko dio. Aurrerakinik kobratu ez badu, dirulaguntza osoa edo partziala kobratzeko eskubidea galduko du. Aurrerakinik kobratu badu, kopuru osoa itzuliko da.
10.–Dirulaguntzaren ordainketa.
10.1. Ordainketa jarduera osorik justifikatu ondoren.
Entitateak eskatzen ez badu ez aurrerakinik, ez konturako ordainketarik, ordainketa Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da, jardueraren justifikazio tekniko eta ekonomikoa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera egiten denetik hilabeteko epean.
Dirulaguntzaren azken justifikazioa, hots, jarduera eta gastua gauzatu izana frogatzeko memoria tekniko eta ekonomikoa, aurtengo azaroaren 30ean aurkeztu beharko da beranduenez, egun hori barne, 11.2 apartatuan adierazitakoarekin bat.
10.2. Aurrerakina.
10.2.1. Entitate onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean beharrezkoa dela funts likidoen hornidura egitea dirulaguntzaren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da emandako dirulaguntza, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.
Horretarako, entitateak, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, kontuen egoera orria aurkeztu beharko du, aurreko urteko bukaerari dagokiona, bai eta 2023ko diru-sarrera eta gastuen mugimenduen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.
10.2.2. Dirulaguntzaren azken justifikazioa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztuko da, 2023ko abenduaren 17an beranduenez.
10.3. Konturako ordainketa.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluaren arabera, eta entitate onuradunak ez badu frogatzen aurretik diru-funtsez hornitu beharra duela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, entitateak eskatuz gero, konturako ordainketen bidez egiten ahalko da ordainketa, eta, ordainketa horietan, diruz lagundutako jardueraren zati exekutatuari dagozkion gastu arruntak eta langile-gastuak ordainduko dira, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, betiere ukituriko entitateak epe horretan egindako jardueraren memoria tekniko sinplifikatu bat eta jarduera horren ondoriozko gastuen zerrenda aurkeztu ondoren.
Konturako ordainketa horiek entitateak eskatu beharko ditu, betiere 2023ko urriaren 31 baino lehen, eta Osasuneko zuzendari nagusiak eskaera jasotzen denetik hilabeteko epean eman beharko duen ebazpen baten bidez ebatziko dira.
Dirulaguntzaren azken justifikazioa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztuko da, 2023ko abenduaren 17an beranduenez.
11.–Azken justifikazioaren edukia.
11.1. Memoriak tekniko batek eta memoria ekonomiko batek osatuko dute azken justifikazioa, non adieraziko baita jarduera egin dela, baita 2022ko abenduaren 1etik 2023ko azaroaren 30era egin diren gastuak ere.
11.2. Entitateak eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko du azken justifikazioa, Nafarroako Gobernuaren erregistro elektronikoan, Osasun Departamenduko zerbitzu arduradunari zuzenduta.
11.3. Diruz lagundutako programaren edo jardueraren memoria ekonomikoari fakturen kopia eta ordainagiriak erantsiko zaizkio. Horiekin batera, gastuen zerrenda zenbakidun bat aurkeztuko da, gastu kontzeptuen arabera zehaztua, Fakturazio betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan xedaturikoari jarraituz.
Memoria ekonomikoari fakturen zerrenda erantsiko zaio euskarri informatikoan, bai eta egindako gastuak jasotzen dituen kalkulu-orri elektroniko bat ere.
Memoria ekonomikoak aurkeztutako edo berriz ebaluatutako programari dagokion gastu guztia hartuko du barne. Langileak kontratatzen badira, gizarte segurantzako eta PFEZaren gastuen justifikazioa beranduago aurkeztea onartzen ahalko da; 2024ko urtarrilaren 31 izanen da horretarako mugaeguna.
11.4. Memoriak aurkezteko epea bukaturik, eta horiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondoren, kudeaketa organoak espedientea itxiko du, aldez aurretik fiskalizazioa eginda.
12.–Azpikontratazioa.
Entitate onuradunak dirulaguntzaren xedeko jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez, baldin eta behar bezala justifikatuta badago. Muga hori ez da aplikatuko terapiak egiteko profesionalen ordainketetarako.
Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren eskaeretan, xehetasunez.
Hirugarren entitateekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, kontratu idatzia beharko da azpikontratazioa egiteko. Azpikontratazioetan, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan aurreikusitako gainerako betebeharrak bete beharko dira.
Entitate kontratatuek entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.
Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da entitate onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea, esaterako monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten, betiere programaren plangintza eta jarraipena entitate onuradunak egiten badu.
13.–Bateragarritasuna.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, salbu eta Osasun Departamentuak gaixoen eta haien ahaideen bizi-kalitatea hobetzeari, osasuna sustatzeari eta gaixotasunak prebenitzeari loturik ematen dituenak badira.
Alabaina, entitateek proiektu edo programa bererako emandako dirulaguntza guztien zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere izanen proiektuaren edo programaren kostu osoa baino handiagoa.
14.–Dirua itzultzea.
14.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, baldin eta programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.
14.2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
14.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.
15.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.
Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun gertatzen den entitatea dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboetarako zehapen araubidearen mende egonen da, zeina Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitago, eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.
16.–Aplikatu beharreko araudia.
Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.
17.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.
Deialdi honen, haren oinarri arautzaileen eta garatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.
18.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.navarra.es/eu/ webgune ofizialean eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.
19.–Datuen babesa.
Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web helbide honetan:
https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa
2. ERANSKINA
Gehieneko modulu diruz lagungarriak
a) Langileei, kilometroei eta irakaskuntzari dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gehieneko ordainsariak Foru Komunitateko Administrazioan indarrean daudenak izanen dira:
https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak
b) Hauek izanen dira jardueretarako gehieneko tarifa diruz lagungarriak:
–Banakako terapia saioa: 40 euro.
–Taldeko terapia saioa: 60 euro.
c) Jardunaldietan, irakaskuntza eta prestakuntza jardueretan, noizean behin garatu beharreko jardueretan eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifa diruz lagungarriak:
–Hitzaldia, lantegi erako irakaskuntza-saioa edo hezkuntza-jarduera puntuala: gehienez 71,72 euro orduko (Nafarroako Gobernuko Sistema Publikoaren ordainsari aldakorrak –https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak) eta 12 ordu programako.
–Konferentziak, jardunaldiak, mahai-inguruak, antzerkia, zineforuma: gehienez 155 euro saioko, 55 euro mahai-inguruan parte hartzeagatik eta 500 euro programa bakoitzeko.
–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: gehienez ere 500 euro proiektu bakoitzeko.
–Ariketa fisikoko taldeak: hilean 155 euro gehienez taldeko, eta 3 talde proiektuko, gehienez ere. Garraioa diruz lagungarria izanen da, bakarrik, eskualdeko proiektuetan.
–Jardueren zabalkunde gastuak: gehienez 205 euro programa bakoitzeko.
–Paper-gauzetako gastua jardueretarako; gehienez 350 euro proiektu bakoitzeko. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 1.750 euro programa bakoitzeko.
3. ERANSKINA
Proiektuen balorazioa
Programa bat dirulaguntza jasotzeko modukotzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietarik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (proiektuaren kalitatea).
Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da programaren kostuari portzentaje bat aplikatuta, lorturiko puntuen adinakoa, betiere gutxieneko puntuazioa gainditzen bada, eta aurrekontuan jasotakoaren arabera. Kreditu erabilgarria gaindituz gero, dirulaguntzak hainbanatuko dira, baremoa aplikatzetik ateratzen diren kopuruen arabera.
Elkarte bakoitzak jasotzen duen guztizko kopurua ezin izanen da izan partidaren guztizkoaren %10 baino handiagoa. Era berean, erabat osasun-arlokoak ez diren programetara bideratutako zenbateko osoa ezin izanen da partidaren %3 baino handiagoa izan.
a) Irizpide hauek erabiliko dira balorazioan:
1.–Aurkezturiko programa bat etortzea eta/edo osagarria izatea Osasun Departamentuaren lehentasunezko arlo eta helburuekin: 25 puntu arte.
1.1. Nafarroako edo Estatuko osasun-arloko plan eta estrategiekin bat etortzea: 15 puntu arte.
–Nafarroako Osasun Plan indardunaren lehentasunezko osasun estrategia batekin bat etortzea: 5 puntu.
–Nafarroako Osasun Departamentuaren beste estrategia edo programekin bat etortzea: puntu bat estrategia bakoitzeko; 3 puntu arte, gehienez ere.
–Gizonen eta emakumeen berdintasunerako Nafarroako Plan Estrategikoarekin bat etortzea: 5 puntu arte.
- Hizkera inklusiboa erabiltzea: 1 puntu.
- Abiapuntuaren deskribapenean emakumeen perspektiba eta egoera kontuan hartzea: 1 puntu.
- Emakumeak programan sartzen laguntzeko neurriak: 1 puntu.
- Analisian sexuaren arabera bereizitako datuak eta datuen ebaluaziorako adierazleak: 1 puntu.
- Neurri zuzentzaileak genero-arrakala txikitzeko: 1 puntu.
–Osasun Ministerioaren beste estrategia edo programa batzuekin bat etortzea: 2 puntu.
1.2. Osasun Departamentuaren lehentasunezko osasun helburuak: 5 puntu arte.
–Autonomia pertsonala sustatzea: 1 puntu.
–Norberak hautemandako osasuna eta osasunarekin ikusteko duen bizi kalitatea hobetzea: 1 puntu.
–Bizimodu osasungarriak sustatzea eta osasunerako arriskuak gutxitzea: 1 puntu.
–Osasun arloan ahalduntzea eta norberaren zainketa sustatzea: 1 puntu.
–Osasuneko emaitzetan desparekotasunak gutxitzea: 1 puntu.
1.3. Ekitatearen ikuspegia edo lehentasuna duten beste ikuspegi batzuk sartzea: 5 puntu arte.
–Desberdintasun sozio-ekonomikoak kontuan hartzea: 1 puntu.
–Jarduketak landa eremuetan: 1 puntu.
–Deszentralizazioa osasun barrutietan: 1 puntu.
–Jarduketak haurrekin, nerabeekin edo zaharrekin: 1 puntu.
–Euskarazko eskaintza: 1 puntu.
2.–Aurkeztutako proiektuaren kalitatea: 40 puntu arte.
2.1. Hasierako egoeraren deskripzioa eta helburuak: 13 puntu arte.
–Hasierako egoeraren deskripzioa: 5 puntu arte.
- Deskripzioaren argitasuna: 1 puntu.
- Deskripzioaren zehaztasuna: 1 puntu.
- Ukitutako jendearen kuantifikazioa: 1 puntu.
- Pazientearen profilaren/afekzio mailaren zehaztapena: 1 puntu.
- Beharren deskripzioa: 1 puntu.
–Helburuen argitasuna, zehaztasuna eta garrantzia: 8 puntu arte.
- Helburuen kalitatea: 4 puntu arte.
–Helburuen argitasuna: 1 puntu.
–Helburuen garrantzia: 1 puntu.
–Berariazko helburuen zehaztasuna: 1 puntu.
–Neurtzeko moduko berariazko helburuak: 1 puntu.
- Helburu mota: 4 puntu arte.
–Informazio helburuak: 1 puntu.
–Prestakuntza helburuak: 1 puntu.
–Helburu terapeutikoak: 2 puntu.
2.2. Populazioa eta espero den eragina: 13 puntu arte.
–Xede-populazioa: 4 puntu, gehienez ere.
- Gaixotasun kronikoa edo eritasun larri bat duten pertsonak: 1 puntu.
- Desgaitasuna duten pertsonak: 1 puntu.
- Esku-hartze komunitarioa: 1 puntu.
- Esku-hartzea familietan: 1 puntu.
–Aurreikusitako eragina: 6 puntu, gehienez ere.
- Ezagutzak eta trebetasunak eskuratzeko eta jarrerak aldatzeko aukera ematea: 1 puntu.
- Funtzioak kontserbatzea edo mantentzea: 2 puntu arte.
- Pazienteen bizi-kalitatea hobetzea: 2 puntu arte.
- Zaintzaileen bizi-kalitatea hobetzea: 1 puntu.
–Efizientzia (programaren kostua pertsona bakoitzeko): 3 puntu, gehienez ere.
- 0-100 euro: 3 puntu.
- 101-300 euro 2 puntu.
- 301-500 euro: 1 puntu.
- 500 eurotik gora: 0 puntu.
2.3. Metodologia eta ebaluazioa: 14 puntu arte.
–Metodologia: 9 puntu, gehienez.
- Kalitatezko ebidentzia zientifikoa izatea: 1 puntu.
- Kronogramaren egokitasuna proposatutako programarako: 1 puntu.
- Programa eginen duten langileen profilaren egokitasuna: 2 puntu arte.
- Inklusio-irizpideak programan: 1 puntu arte.
- Jarduera bakoitzaren deskripzio eta garapen maila (edukia, langileak, dedikazio-denbora, erabiliko den metodologia, tokia eta tenporalizazioa zehaztea): 4 puntu.
–Ebaluazioaren kalitatea: 5 puntu, gehienez ere.
- Aurreikusitako ebaluazioaren definizioaren zehaztasuna eta egokitasuna (zer/nola/nork/noiz): 3 puntu arte.
- Ebaluazio kuantitatiboa: 1 puntu.
- Ebaluazio kualitatiboa: 1 puntu.
3.–Entitatearen egokitasuna programa aurrera eramateko: 35 puntu arte.
3.1. Osagarritasuna eta integrazioa beste programa eta entitate batzuekin: 9 puntu arte.
–Osagarritasuna elkartearen beste programa batzuekin: 1 puntu.
–Osagarritasuna beste elkarte batzuen programekin: 3 puntu arte.
–Osagarritasuna osasun sistemako programekin: 3 puntu arte.
–Osagarritasuna beste programa publiko batzuekin: 2 puntu arte.
3.2. Komunitatearen eta xede-populazioaren parte-hartzea sustatzea, esku hartzeko eta autolaguntzarako eremuak askotarikoak izatea: 9 puntu arte.
–Komunitatearen parte-hartzea sustatzea: 3 puntu arte.
–Esku-hartze eremu askotarikoak: 3 puntu arte.
–Autolaguntza: 3 puntu arte.
3.3. Entitate eskatzailearen kofinantzaketa: 5 puntu arte.
–Eskatutako finantzaketaren portzentajea: 3 puntu, gehienez ere.
- <%20: 3 puntu.
- %20-40: 2 puntu.
- %40-60: 1 puntu.
- >%60: 0 puntu.
–Finantzaketa publikoaren portzentajea: 2 puntu, gehienez ere.
- %0-35: 2 puntu.
- >%35-70: 1 puntu.
- >%70: 0 puntu.
3.4. Proiektua gauzatzeko gaitasun teknikoa: 6 puntu arte.
–Aurreko urteko proiektuaren justifikazioaren kalitatea: 4 puntu arte.
- Aurkezpena eta zehaztasuna: 2 puntu.
- Proiektuarekiko egokitasuna: 2 puntu.
Lehen aldiz aurkezten diren elkarteen kasuan, programa aurreko urteetan egin izana baloratuko da, nahiz eta partida honetan diruz lagundua ez izan. Ondorio horietarako, exekuzio-memoria bat aurkeztu beharko da.
–Entitatearen baliabideak proiektuarentzat egokiak izatea: 1 puntu arte.
–Entitatearen ibilbidea eta esperientzia: 1 puntu arte.
3.5. Boluntarioen parte-hartzea: 3 puntu arte.
–Boluntarioen parte-hartzea programan: 2 puntu arte.
–Boluntarioen lankidetza elkartean: 1 puntu.
3.6. Lokal publikoak erabiltzea edo/eta baliabideak eta lokalak beste elkarte batzuekin partekatzea: 3 puntu arte.
–Langileak beste elkarte batzuekin partekatzea: 1 puntu.
–Lokalak beste elkarte batzuekin partekatzea: 1 puntu.
–Jarduerarako lokal publikoak erabiltzea: 1 puntu.
b) Balorazio irizpideak aplikatzeko prozesua.
Proiektu bat dirulaguntza jasotzeko modukotzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietarik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (proiektuaren kalitatea).
Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da programaren kostuari portzentaje bat aplikatuta, lorturiko puntuen adinakoa, betiere gutxieneko puntuazioa gainditzen bada, eta aurrekontuan jasotakoaren arabera. Kreditu erabilgarria gaindituz gero, dirulaguntzak hainbanatuko dira, baremoa aplikatzetik ateratzen diren kopuruen arabera.
Elkarte bakoitzak jasotzen duen guztizko kopurua ezin izanen da izan partidaren guztizkoaren %10 baino handiagoa. Era berean, erabat osasun-arlokoak ez diren programetara bideratutako zenbateko osoa ezin izanen da partidaren %3 baino handiagoa izan.
Iragarkiaren kodea: F2302644
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
