5. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANTZA

Lehentasunezko Birgaitze Eremua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Arantzako Udalak, 2022ko urriaren 25ean egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Lehentasunezko Birgaitze Eremua arautzen duen ordenantza.

Erabaki hori 2022ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 8an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onartzen da.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, erabaki honen aurka honako errekurtso hauek aurkezten ahal direla:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluari jarraikiz, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik.

Arantzan, 2022ko abenduaren 27an.–Alkatea, Dabid Iturria Almandoz.

ARANTZAN LEHENTASUNEZ BIRGAITU BEHARREKO EREMUAN ERAIKINAK BIRGAITZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Zioen azalpena

Arantzako Udalak, ordenantza honen bidez, bultzatu nahi ditu partikularrek sustaturiko bizitegi-jarduketak, betiere lehendik dauden etxebizitzen parkea hobetzea etxebizitzak birgaituz eta berroneratuz xede dutenak; horrela, etxebizitzen funtzionaltasuna eta irisgarritasuna eta eraikinen energia-efizientziaren optimizazioa lortzeko. Era berean, herriko eremu historikoan lehendik zeuden eraikinen kontserbazioa bultzatu nahi du. Zentzu horretan, biztanleria finkatzea eta despopulazioa saihestea dira dirulaguntza honen helburu nagusiak.

Horretarako, laguntza ekonomikoak ematea proposatu da, ahal den neurrian jarduketa horiek egitea sustatzeko Lehentasunez Birgaitu Beharreko Eremuan.

1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedea da udalak ezarri dituen laguntzak arautzea Arantzako Udal Plan Orokorreko lehentasunez birgaitu beharreko eremuko jarduketa-eremuan kokatutako eraikinak birgaitzeko, betiere ordenantza honetan ezartzen diren baldintzen eta ezaugarrien arabera.

2. artikulua. Printzipio orokorrak eta araubide aplikagarria.

Honako printzipio gidari hauen arabera kudeatuko dira ordenantza honek aipatzen dituen laguntzak:

–Publikotasuna, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, tratu berdintasuna eta diskriminazio eza.

–Eraginkortasuna finkatutako helburuak betetzean.

–Efizientzia, baliabide publikoak esleitu eta erabiltzean.

–Bitartekoen eta helburuen arteko batasuna, laguntzak emateko arrazoia izan dadin.

Ordenantza honetako laguntzek honako hauetan jasotakoari jarraituko diote: ordenantza bera, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duena) eta aplikatzekoak diren administrazio zuzenbideko gainerako arauak.

3. artikulua. Babespeko obrak.

Udal laguntzen xede izanen dira Arantzako Udal Plan Orokorreko lehentasunez birgaitu beharreko eremuko jarduketa eremuan dauden eraikinak birgaitzeko obrak, baldin eta eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko laguntzak lortu badituzte. Horretarako, aurretiaz Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak birgaitzea babestutzat kalifikatu beharko du.

4. artikulua. Babespeko aurrekontuaren kontzeptua.

Dirulaguntzak kalkulatzeko, birgaitze babestuko behin betiko espedientean Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak ezartzen duen babespeko aurrekontuaren ehunekoa aintzat hartu beharko da.

5. artikulua. Laguntzak instruitzeko eta emateko organo eskudunak.

Laguntzak emateko prozeduraren instrukzioa Arantzako Udalari dagokio.

Alkatetzak izanen du eskumena ordenantza honetan araututako laguntzak emateko, egun dauden eskuordetzeak edo etorkizunean izaten ahal direnak ukatu gabe; kasu horretan, eskuordetze horietan erabakitzen diren organoek izanen dute eskumena, zehaztuko den ahalmenarekin.

6. artikulua. Aurrekontuko zuzkidura.

Urtero, Arantzako Udalak bere aurrekontuetan sartuko du biztanle bakoitzari urteko aplikatzen ahal zaion modulu haztatuaren %1 baino gutxiago izanen ez den zenbatekoa. 2022ko ekitaldiko aurrekontuko zuzkidura 6.400 eurokoa izanen da lehentasunez birgaitu beharreko eremuan eraikinen birgaitzeari laguntzeko. Udalak, hurrengo ekitaldietan eta ordenantza honek indarra duen bitartean, egoki iruditzen zaion zuzkidura finkatuko du, eta ez da inola ere izanen biztanleko modulu aplikagarriaren %1 baino txikiagoa urtean.

7. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak birgaitze babestuko behin betiko espedientean ezarritakoa abiapuntutzat hartuta, babespeko aurrekontuaren %5eko dirulaguntza jasoko da.

Diruz lagun daitekeen banakako jarduketa bakoitzeko gehienez 2.000 euro emanen dira, jarduketa kolektibo bakoitzeko, ordea, 3.000 euro.

8. artikulua. Diruz lagundutako obren finantzaketa eta bertze laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1. Ordenantza honetan aurreikusitako irizpideen aplikazioak ezarriko du Udalaren laguntza ekonomikoen muga.

2. Udalaren laguntzak Nafarroako Gobernuak eta bertze administrazio eta entitate batzuek ezarrita dituztenen osagarri izanen dira.

3. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inoiz diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa izanen, ez bakarrik ez bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera eta baliabide batzuk gehituta, edozein administrazio, entitate edo pertsonarengandik datozela ere. Kasu horretan, eskuratutako soberakina itzuliko da eta dagokion berandutze-interesa eskatuko da.

4. Proiektu edo jardueraren kostuaren aldean, entitate publikoetatik hartutako dirulaguntza bateragarriak gehiegizkoak direnean, pertsona fisiko edo juridiko onuradunak gehiegizko zenbatekoa eta berandutze-interesak itzuli beharko ditu, ordainketa-gutunak gehituta justifikazioari. Laguntza ematen duten entitateei itzuliko zaie gehiegizko zenbatekoa; zenbat eman duen bakoitzak, haren proportzioan.

5. Hala ere, Administrazioa ohartzen bada gehiegizko finantzazio horretaz, gehiegizko zenbatekoa osorik itzultzeko exijituko du, hark emandako dirulaguntzaren mugaraino.

9. artikulua. Onuradunak.

Onuradun izanen dira Arantzan lehentasunez birgaitu beharreko eremuko jarduketa-eremuan kokatutako eraikinen jabe diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta Nafarroako Gobernuko birgaitze babestuko laguntzak jaso badituzte.

10. artikulua. Onuradunaren betebeharrak.

a) Helburua bete, proiektua gauzatu, jarduera egin edo laguntzak emateko arrazoia den portaera izan eta haien zenbateko osoa laguntzaren xederako erabiltzea, ordenantza honetan araututako laguntzen izaeraren arabera.

b) Organo emailearen egiaztapenak onartzea, baita kontrol organo eskudunek egin dezaketen bertze edozein egiaztapen ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Diruz lagundutako obrak finantzatzeko lortutako bertze dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, nolanahi dela ere, eskuratutako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

d) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

e) Hartutako dirua itzultzea, ordenantza honetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean aurreikusitako kasuetan.

f) Tokiko entitate honekiko zerga arloko betebeharrak eguneratuta izatea.

11. artikulua. Eskaerak.

1. Eskaera aurkezteko, interesdunek Arantzako Udaleko eskabide-eredu orokorra erabiliko dute, sinaturik eta ordenantza honek zehazten dituen agiriak erantsirik.

2. Eskaerak ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio gutxienez hamar eguneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

3. Ordenantza honen bidez diruz laguntzen diren jarduketa guztiek hirigintzako lizentzia izan beharko dute aldez aurretik.

4. Ordenantza honetako baldintzak eta beharkizunak ez betetzeak, baita aurkeztutako dokumentazioko edozein datu faltsutzeak ere, dagokion espedientean udal laguntzak deuseztatzea eta kentzea ekarriko dute, eta jasotako laguntza, halakorik balitz, udalari itzultzea.

12. artikulua. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) Eskatzailearen nortasunaren egiaztagiriak eta, haren izenean ordezkariren batek badihardu, hari dagozkionak:

–Pertsona fisikoa bada, NANaren fotokopia indarrean.

–Jabeen erkidegoa bada, erkidegoari dagokion IFKren fotokopia.

–Pertsona juridikoa bada, eratze-eskrituraren eta, bidezkoa bada, aldaketaren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatua, eta erakundeko ordezkariaren NANa.

b) Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak birgaitzearen behin betiko kalifikazioa eman duelako dagokion dirulaguntzaren ebazpena.

c) Dirulaguntza zein kontutan jaso nahi duen, bankuak kontu horren titulartasunari buruz egindako ziurtagiria.

13. artikulua. Instrukzioa eta ebazpena.

1. Arantzako Udalari dagokio dirulaguntza emateko prozedura instruitzea. Hark ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, ordenantza honetan xedatutako irizpideekin bat etorriz, eta txosten bat emanen du, non idatziz jasoak utziko diren dirulaguntzak lortzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak.

2. Espedienteak eskaeraren ordena kronologikoari jarraikiz izapidetu eta ebatziko dira. Espediente guztiak banan-banan aztertuko dira, eta dirulaguntza emanen da izendatutako aurrekontu-kreditua amaitu arte. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak erreserban geldituko dira hurrengo ekitaldirako.

3. Espedienteak baloratu eta gero, laguntzak eman eta ordainketa onetsiko da hamabortz egun balioduneko epean, emandako laguntza jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

4. Ebazpenean, berariaz adieraziko dira eskatzailearen datuak eta zenbateko dirulaguntza ematen zaion.

5. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa da, gehienez. Prozedura ebazteko gehieneko epea berariazko ebazpenik eman gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.

14. artikulua. Mugak.

Dirulaguntza jasota, hamar urtean ez da berriz ere ordenantza honetako laguntzarik eskatzen ahalko, eraikuntza bererako eta kontzeptu beragatik.

Dirulaguntza jaso duten birgaitutako etxebizitzak ezin izanen dira eskualdatu, gutxienez, 15 urte igaro arte. Bertzela, jasotako zenbatekoa itzuli beharko da.

15. artikulua. Jakinarazpena eta publizitatea.

Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitakoari jarraikiz, eta amaiera emanen dio administrazio bideari. Haren kontra zein errekurtso diren bidezko, zein organo administratibori eta judiziali aurkeztu eta zein duten epea adierazi beharko da; haatik, interesdunek beste bat egokitzat joz gero, hura erabiltzen ahalko dute.

16. artikulua. Laguntza ekonomikoak jasotzea.

1. Espediente bakoitzari dagozkion laguntzak obrak amaitutakoan likidatuko dira, betiere Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Departamentuak emaniko birgaitzeko espedientearen behin betiko kalifikazioa lortu ondoren.

2. Ezin izanen da dirulaguntza ordaindu, pertsona fisiko edo juridiko onuradunak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak eguneratuak ez baditu.

3. Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da behar bezala justifikatzen ez bada, edo gertatzen bada Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoietako bat.

17. artikulua. Laguntzak itzuli beharra.

Hartutako dirua itzultzeari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 36. artikuluan eta hurrengoetan eta hura garatzen duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.

18. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak dira azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikaturiko egiteak eta ez egiteak, eta horiek zehatuko dira aipatu legean eta hori garatzeko araudian ezarritako prozedurari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Hurrengo ekitaldietako aurrekontuetan eragina duten dirulaguntzen gastuak onesteko aukerari dagokionez, aurrekontuetako araudi aplikagarrian ezarritakoa hartuko da kontuan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA

Ordenantza honek aurreikusten ez duen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatua aplikatuko da, baita Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan xedatua ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuarekin bat etorriz, ordenantza honek ez du sortuko ondorio juridikorik harik eta testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu arte.

Iragarkiaren kodea: L2217681