5. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

CASCANTE

Deialdia, lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan ezarritakoaren arabera (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea)

Cascanteko Udaleko Gobernu Batzarrak, 2022ko azaroaren 7an egin bilkuran, deialdi bat onetsi zuen lanpostu hutsak lekualdatze-lehiaketaren bidez betetzeko, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen seigarren eta zortzigarren xedapen gehigarrietan ezarritakoaren arabera (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

Deialdiak ondotik ematen diren oinarriak izanen ditu.

Cascanten, 2022ko azaroaren 8an.–Alkatea, Alberto Añón Jiménez.

OINARRIAK

1.–Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da I. eranskinean zehaztutako lanpostu hutsak betetzea, aipatutako eranskinean jasotzen diren ezaugarrien arabera, lekualdatze-lehiaketaren prozeduraren bidez, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, zeina egiten baita abenduaren 28ko 20/2021 Legearen eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru legearen babesean (20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; eta 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz).

1.2. Deialdi honen bidez funtzionarioen araubideko lanpostuak betetzeko izendatzen diren izangaiek Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

1.3. Lan-araubideko lanpostuak betetzeko izendatzen diren izangaiek Langileen Estatutuan, ematen diren xedapen espezifikoetan eta sinatzen diren hitzarmen kolektiboetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte, eta I. eranskinean zehaztutako araubidean eta mailan sailkatuta geldituko dira.

1.4. Lanpostu hutsak betetzearen ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak sartuko dira enplegua egonkortzeko merezimendu-lehiaketaren bidezko edo oposizio-lehiaketaren bidezko hautapen prozeduran, kasuan kasukoa, bat etorriz abenduaren 28ko 20/2021 Legean ezarritakoarekin (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko Legea).

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Prozedura hau gauzatzeko, honako hauetan xedatutakoa beteko da: 20/2021 Legea, abenduaren 28koa, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa; 19/2022 Foru Legea, uztailaren 1ekoa, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze-prozesuak gauzatzeko, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz; 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena; 113/1985 Foru Dekretua, ekainaren 5ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duena; 7/1985 Foru Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriei buruzkoa; azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuaren 10. artikulua (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko Erregelamendua), aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.

3.–Baldintzak eta lanpostu hutsen kopurua handitzea.

3.1. Lekualdatze-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Parte hartzen ahalko dute Cascanteko Udaleko funtzionarioek eta lan-kontratudun finkoek, deialdiaren xede den lanpostu berean jarduteko izendatuak badaude eta zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan edo eszedentzia berezian badaude.

b) Orobat, deialdian parte hartzen ahalko dute, baldin aipatutako baldintzak betetzen badituzte, lanpostu erreserbarik gabe borondatezko eszedentzian daudenek, edo nahitaezko eszedentzian daudenek, baldin administrazio egoera horretan gutxienez ere urtebetez egon badira: gisa horretara jardunera itzuliko dira, lanpostu baten behin betiko esleipena lorturik.

3.2. Deialdi honetako lanpostuen kopurua handitzen ahalko da, epaimahaiak deialdia egin duen organoari lehiatzaileen zerrenda, lortutako puntuen hurrenkeraren araberakoa, igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak gehituta.

4.–Eskabideak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Deialdian parte hartzeko, eskabidea nahitaez telematikoki aurkeztuko beharko da, Udalaren erregistro elektronikoan, esteka honen bidez:

https://cascante.sedelectronica.es/?x=4431vxi413dcsy5gnz03xh3nynaj0nvly65fb5vwctmtjinbgi2xcwybdot9bn1lsvpoca6tr0iilyagbl2pqdil-58mtchnwcv5uap8ozb7pg5yl-asmza5drzy27xsngy3cu1fvz0

Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek, nahitaez, II. eranskineko eredu normalizatuaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, eta parte hartu nahi duten hautapen-prozesu adina eskabide aurkeztu beharko dituzte.

4.2. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 10 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

4.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

–Merezimenduen autobaloraziorako inprimakia (III. eranskina), behar bezala betea, eta merezimenduen frogagirien kopiak, merezimenduen autobaloraziorako inprimakian agertzen diren hurrenkeraren arabera ordenatuta.

Ez dira aintzat hartuko, ezta baloratuko ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean lehen aipatutako moduan zerrendatuta, alegatuta eta egiaztatuta ez dauden merezimenduak; hala ere, kalifikazio epaimahaiak dokumentazio gehiago eska dezake, uste badu merezimendu bat ez dagoela behar bezala egiaztatuta.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia deialdi hau onetsi ondoren eta izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi baino lehen izendatuko da. Kide-kopurua bakoitia izanen da, hiru gutxienez, eta horien ordezkoen kopuru bera izendatu beharko da. Izendapen hori argitaratuko da deialdiaren ezaugarrien taulan zehazten den eta toki erakundearen atarian egonen den deialdiaren web fitxan.

5.2. Epaimahaia osatzerakoan, gizonen eta emakumeen ordezkaritza orekatua lortzera joko da.

5.3. Epaimahaia osatzen duten kideek ez dute zertan izan lanpostuan sartzeko eskatzen den titulazioaren ezagutza-arlo berekoa eta ikasketa maila berekoa edo handiagokoa den titulaziorik.

5.4. Baldin eta kasu bakoitzean eskumena duen langileria batzordeak ez badu epaimahai bakoitzean dagokion kidea izendatzeko proposamenik egiten eskatzen zaionetik 15 egun naturaleko epean, deialdia egiten duen organoak izendatuko du kide hori hautatutako langileen ordezkarien artetik, dagokion eremuan.

5.5. Epaimahaia lekualdatze-lehiaketaren balorazioa egin aurretik eratu beharko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jarduketek balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

5.6. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.8. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Izangaien onarpena.

6.1. Eskabideak aurkezteko 10 egun naturaleko epea bukaturik, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

Baztertutako izangairik ez badago, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

6.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hiru egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta, okerrik egin baldin badute, horiek zuzendu. Erreklamazioak bide telematikoz aurkeztuko dira, Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

6.3. Erreklamazioak aurkezteko epea igaro eta horiek ebatzi ondoren, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi, eta aginduko da argitara dadila Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, baldin izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean egiaztatzen bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiekeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Lekualdatze-lehiaketa bidezko salbuespenezko prozeduraren nondik norakoak. Baloratuko den merezimendu bakarra.

7.a. Cascanteko Udalean, deialdiaren xedeko lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 1 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.

Oharrak:

1. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.

2. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.

Lehiatzaileak puntuetan berdindurik baldin badaude, ebatziko da Cascanteko Udalean zerbitzu ematen denbora gehien daramatenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, kalifikazio epaimahaiak horretarako berariaz eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren abizenetatik eta izenetik abiaturik.

7.b. Lehiakideei ebazpen bidez esleituko zaizkie lanpostuak, prozesuaren ondoriozko lehentasun hurrenkeraren arabera lanpostu hutsak aukeratu ondotik. Prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiak egun berean laneratuko dira, ebazpenean ezartzen den egunean.

7.c. Lanpostuak lekualdatze-lehiaketa bidez betetzeko prozeduren ebazpena formalizatuko da egonkortze prozeduretan lanpostuak esleitu aurretik.

8.–Kalifikazioa.

8.1. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak merezimenduen behin-behineko balorazioa argitaratuko du toki erakundearen atariko web fitxan (ezaugarrien taulan zehazten da), eta 5 egun balioduneko epea emanen da alegazioak aurkezteko.

8.2. Behin 5 egun balioduneko epea iraganik, aurkeztutako alegazioak ebatziko dira, halakorik izan bada, eta merezimenduen behin betiko balorazioa eginen da. Ondoren, epaimahaiak izangai bakoitzak lortutako puntuazioak organo eskudunari helaraziko dio, lanpostuak aukeratzeko izapideak egiteko.

9.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.

9.1. Alkateak lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen du, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraituz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek 5 egun naturaleko epea dutela lanpostu hutsak aukeratzeko.

Informazio hori argitaratuko da Cascanteko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, enplegu publikoaren atalean.

Ondoren, izangaiek, ezarritako epearen barnean, nahiago dituzten lanpostu hutsen hurrenkera jakinaraziko dute.

10.–Esleipena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Alkateak, ebazpen baten bidez, dagozkien lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, eta aginduko du esleipen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila.

10.2. Esleipen hartzaile diren lehiatzaileek esleipenari buruzko ebazpena jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean jabetu beharko dute lanpostuaz, non eta deialdia egin duen organoak jabetza hartzeko beste data bat ezartzen ez duen ebazpen horretan.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA

Deialdiaren ezaugarri espezifikoen taula

LANPOSTUAREN ZENBAKIA PLANTILLA ORGANIKOAN

LANPOSTUA

MAILA

ARAUBIDE JURIDIKOA

LANALDIA
%

DESTINOA

BEHAR DEN TITULAZIOA

4

Administrari-ofiziala

C

Funtzionarioa

100

Udal bulegoak

Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

5

Administrari-ofiziala

C

Funtzionarioa

100

Udal bulegoak

Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

13

Zerbitzu anitzetako enplegatua, iturgina, brigadaren arduradunaren eginkizunekin

D

Funtzionarioa

100

Udal brigada

Eskola graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

14

Udaletxea garbitzeko peoia

Lan-kontratuduna

Garbiketa sektoreko hitzarmena

50

Udaletxea

Ez da titulurik behar

15

Udaletxea garbitzeko peoia

Lan-kontratuduna

Garbiketa sektoreko hitzarmena

50

Udaletxea

Ez da titulurik behar

16

Zerbitzu anitzetako enplegatua (lorezaina)

Lan-kontratuduna

Lorezaintza sektoreko hitzarmena

100

Udal brigada

Ez da titulurik behar

17

Zerbitzu anitzetako enplegatua (bide garbitzailea)

E

Lan-kontratuduna

100

Udal brigada

Eskola-ziurtagiria edo baliokidea

18

Zerbitzu anitzetako peoia (ehorzlea)

E

Lan-kontratuduna

100

Udal brigada

Eskola-ziurtagiria edo baliokidea

19

Terapeuta okupazionala

B

Lan-kontratuduna

12,56

Familiari atseden emateko zerbitzua

Terapia Okupazionaleko gradua

20

Geriatriako laguntzailea

D

Lan-kontratuduna

55,68

Familiari atseden emateko zerbitzua

–Eskola graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

21

Geriatriako laguntzailea

D

Lan-kontratuduna

55,68

Familiari atseden emateko zerbitzua

Eskola graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

22

Administrari laguntzailea

D

Lan-kontratuduna

100

Udal bulegoak

Eskola graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea

24

Zerbitzu anitzetako peoia

E

Lan-kontratuduna

100

Udal brigada

Eskola-ziurtagiria edo baliokidea

II. ERANSKINA

Hautapen-prozesuan parte hartzeko eskabide eredua

https://cascante.sedelectronica.es/transparency/6b9e8e94-49a0-49d7-9bf4-9b83862c14e7/

III. ERANSKINA

Autobaloraziorako agiria, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko lehiaketako merezimenduetarako

https://cascante.sedelectronica.es/transparency/6b9e8e94-49a0-49d7-9bf4-9b83862c14e7/

Iragarkiaren kodea: L2216654