5. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

138/2022 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematen baitira eta onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita "Araiz eguzki instalazio fotovoltaikoa" deitzen den eta 50 MW-eko potentzia instalatua izanen duen energia elektrikoa ekoizteko instalazio baterako, Erriberriko udal-mugartean.

1.–2020ko abuztuaren 20an egindako eskaera.

2020ko abuztuaren 20an, Bodegas Pagos de Araiz SAk eskatu zuen aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea eta onura publikoa duela zehazki deklaratzea energia elektrikoa ekoizteko 49,96 MWp-eko "Araiz eguzki instalazio fotovoltaikoa" izeneko instalaziorako, Erriberriko udal-mugartean. Eskaera egin zen Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluak eta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluak ezartzen dutena aplikatuta.

Instalazio fotovoltaikoa elementu hauek osatzen dute:

–118.944 modulu fotovoltaiko, 420 Wp-ekoak, guztira 144 zelula fotovoltaiko (6 x 24) dituztenak.

–2.124 jarraitzaile fotovoltaiko.

–177 inbertsore fotovoltaiko, SUNGROW motakoak, 225 kVA-koak 40°C-tan.

–Modulu fotovoltaikoak seriean lotzen dira, 28 paneleko "string" delakoak eratzeko, lortu nahi den sorkuntza tentsiora iritsi arte. "String" horiek paraleloan konektatzen dira, inbertsorearen CC sarreran. Inbertsore bakoitzari 24 string konektatzen zaizkio.

–Instalazioa 177 inbertsorek osatzen dute.

–Potentzia gailurra 49,96 MWp-ekoa izanen da, eta potentzia izendatua 37,83 MW-ekoa.

Ebakuazio azpiegiturak, berriz, honakoak dira, laburbilduta:

–"Araiz" jasotze-azpiestazioa: parke fotovoltaikoaren lurretan eginen da, eta bertan tentsio maila 30 kV-etik 220 kV-eraino jasoko da.

–"SE Araiz - SE Olite Promotores" ebakuaziorako lurpeko linea, 220 kV-ekoa.

–"Olite Promotores" azpiestazioa. Azpiestazio honetan, "Araiz" instalazio fotovoltaikoaren ebakuazioaz gain, Agrowind Navarra 2013 SL sustatzailearen haize parke hauen ebakuazioa ere egiten da: San Marcos II, Linte eta Jenariz.

–"SE Olite Promotores - SE REE Olite" lurpeko linea, 220 kV-ekoa.

Kontuan hartu behar da "Olite Promotores" azpiestazioa eta "SE Olite Promotores - SE REE Olite" lurpeko linea, 220 kV-ekoa, baimendu direla Agrowind Navarra 2013 SLk sustatutako SAT11110 espedientean. Eskaera honetan sartuta dago Agrowinden "SE Olite Promotores" aire zabaleko parkearen handitzea, lineako posizio bat gehituta, "Araiz" eguzki instalazio fotovoltaikoaren ebakuaziokoa, 220 kV-ekoa.

Modulu fotovoltaikoek sortutako energia elektrikoaren ebakuazioa transformazio zentroen bidez eginen da, bertan ezarriko baitira transformadore trifasikoak, sistemaren tentsioa 800 V-etik 30 kV-era igoko dutenak.

Erdi tentsioko ebakuazio-linea kolektoreen ebakuazio puntua 30 kV-eko barrak izanen dira, instalazio fotovoltaikoaren lurretan eraikiko den 220/30 kV-eko "Araiz" jasotze-azpiestaziokoak. Jasotze-azpiestaziotik, instalazio fotovoltaikoa konektatuko da "Araiz - Olite Promotores" goi tentsioko linearekin, zeina proiektuaren lurretan barna joanen baita eta energia "Olite Promotores" azpiestazioari atxikitako "Olite" azpiestazioan ebakuatzea ahalbidetuko baitu.

Instalazio fotovoltaikoak barneko bide sare bat izanen du, eta ezarriko den tokian dauden bideen trazaduraz baliatuko da. Instalazio fotovoltaikoa osatzen duten eremuetara sartzeko, Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentuaren titulartasuneko N-121 errepidetik zuzenean irekitako hainbat sarbide nagusi erabiliko dira.

2.–Proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren jendaurreko informazioa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zuen Bodegas Pagos de Araiz SAk egindako eskaera, iragarki bat argitara emanez 2020ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 22koan, 2020ko irailaren 23ko Diario de Noticias egunkarian eta Nafarroako Gobernuko Gobernu Irekiaren webgunean.

3.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zion Erriberriko Udalari.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37.2 artikuluarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostena eskatu zien Ingurumen Eraginaren Atalari, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamenduaren Atalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari.

4.–Jasotako txostenak eta alegazioak.

Eskatutako txostenen, egindako kontsulten eta jendaurreko informazio tramitearen esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txosten eta alegazio hauek jaso zituen:

–Txostenak:

  • 1. txostena.–Ondare Arkitektonikoaren Atalarena, 2020ko irailaren 23koa.
  • 2. txostena.–Erriberriko Udalarena, 2020ko urriaren 7koa.
  • 3. txostena.–Lurraldearen Antolamenduaren Atalarena, 2020ko azaroaren 19koa.
  • 4. txostena.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena, 2020ko abenduaren 9koa.

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren erantzunik ez zen jaso, ezta Ingurumen Eraginaren Atalarenik ere.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

–Jendaurrean jartzeko aldiari dagozkion alegazioak:

  • Ez da alegaziorik jaso.

5.–"Olite" azpiestazioko lineako posizio berrirako proiektu egokitua.

2021eko martxoaren 4an, Bodegas Pagos de Araiz SAk proiektu egokitua aurkeztu zuen, jatorrizko proiektuaren aldaketak jasota, zehazki IUN Agrowinden 132/220 kV-eko "Olite" transformazio azpiestazioaren handitzea, "Araiz" instalazio fotovoltaikorako 220 kV-eko linearako sarrerako posizio bat gehitzeko. Proiektu egokituak ukipen berriak eragiten ditu Carlos Ángel Echarri Erasen jabetzako lurzati batean, eta ez dago ukitu gehiagorik.

6.–Kontsultak ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37.1 artikuluan ezarritakoarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak kontsulta egin zion Erriberriko Udalari.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txostena eskatu zion Ingurumen Eraginaren Atalari.

Bestalde, separata igorri zitzaien Red Eléctrica de España SAUri eta Agrowind Navarra 2013 SLri, eta Carlos Ángel Echarri Erasori jakinarazi zitzaizkion haren jabetzako lurzatian proiektuak dituen ukipen berriak.

7.–"Olite" azpiestazioan lineako posizio berri bat jartzeko proiektu egokituaz jasotako txostenak.

Eskatutako txostenen eta egindako kontsulten esparruan, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak txosten hauek jaso zituen:

–Txostenak:

  • 5. txostena.–Red Eléctrica de España SAUrena, 2021eko maiatzaren 10ekoa.
  • 6. txostena.–Red Eléctrica de España SAUrena, 2021eko uztailaren 9koa.

Honako hauen erantzunik ez zen jaso: Erriberriko Udala, Agrowind Navarra 2013 SL, Ingurumen Eraginaren Atala eta Carlos Ángel Echarri Eraso.

Aurreko txostenen edukia ebazpen honen I. eranskinean laburbiltzen da.

8.–Epez kanpo jasotako txostenak.

Epez kanpo jaso zen Ingurumen Eraginaren Atalaren txosten bat (7. txostena), 2021eko abuztuaren 4koa.

9.–Jendaurreko informazioaren eta kontsulten emaitza sustatzaileari igortzea.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 38. artikuluarekin bat, 2021eko abuztuaren 11n Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak Bodegas Pagos de Araiz SAri igorri zizkion aipatutako txosten eta alegazioak.

10.–Ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera, 2020ko urriaren 11koa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.1 artikuluarekin bat etorriz, 2021eko urriaren 11n Bodega Pagos de Araiz SAk dokumentazioa aurkeztu zuen ingurumen ebaluazio arruntaren hasiera eskatzeko, jendaurreko informazioari buruzko tramitean jasotako alegazio eta txostenei emandako erantzuna ere erantsita.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39.1 artikuluarekin bat etorriz, 2021eko azaroaren 22an, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak eskaera igorri zuen Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalera.

11.–Ingurumen inpaktuaren adierazpena.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 11ko 95E/2022 Ebazpenaren bidez, honako hau erabaki da:

"Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, proiektuaren ingurumen inpaktuaren azterketa teknikoa egin ondoren, ondorioztatzen du ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egoki egin dela, eta hautatutako alternatibarekin bat dator, ingurumen aldetik bideragarria jotzen baitu, eta, horrenbestez, proiektuak, aurreikuspenen arabera, ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, eta ingurumen inpaktuaren azterketan aurreikusitako neurriak, gehi ebazpen honetan jasotzen direnak, inpaktuen prebentzio, zuzenketa eta konpentsazio egokien berme nahikoa direla; beraz, ingurumen inpaktuaren adierazpena formulatzea proposatzen du, ingurumenari dagokionez bakarrik, proiektua aurrera eraman daitekeela erabakita."

Ebazpen horretan berean ematen da ingurumen inpaktuaren adierazpena, "Araiz" eguzki instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituren proiektuaren aldekoa.

Azkenik, ezartzen da proiektua garatu beharko dela espedientean aurkeztutako dokumentazio teknikoan jasotako baldintzak betez, bai eta ebazpenean berean adierazten direnak ere, besteak beste honakoak:

1.–Ingurumeneko zuzendari nagusiak abenduaren 2an emandako 1285E/2020 Ebazpenean jasotzen denaren arabera, eta proiektuan adierazten denaren arabera, esparru bat gorde beharko da (alubioi-lautadako lurretan), gutxienez 25 metrokoa, Parralla errekarekin eta 4. errekarekin mugakide diren azpilurzatien mugatik hasita, eta haien barneko alderantz, eremu horien baldintza naturalak neurri batean lehengoratzen direla bermatzeko aukera emanen duten lurrak izan daitezen. Beraz, proposatutako babes zerrenda zabaldu beharko da hegoaldetik 4. erreka izengabearekin mugakide diren azpieremuetan, erreka horren gainean orain arte ezarritako babes zerrenda 10 metrokoa izan delako; horrek modulu fotovoltaikoak mugitzera behartzen du, aipatutako ur-ibilgutik urrunago jartzeko.

–Ingurumen inpaktuaren azterketan, 4. erreka zeharkatzen duen tentsio ertaineko linea elektrikoari buruzko neurriek proposatzen zuten haren trazadura eramatea han dagoen bidearen azpitik, errekaren oraingo morfologia ukitu gabe, eta makineriak ibilguaren kanpo aldetik lan egitea; neurri hori bera eramanen da inguruko errekak gurutzatzen diren gainerako lekuetara ere, bereziki Parralla erreka gurutzatzen den lekura.

–Neurri osagarri gisa, pasabide berdeak sortuko dira, proposatzen den lehengoratze plana osatzeko landaketak handituz, Corraliza de la Parralla izeneko finka gurutzatzen duten erreka-zulo guztietan: izenik gabeko lau erreka-zulo eta Parralla erreka-zulo nagusia, eta horiez gain, bi bide nagusietan: mendebaldetik ekialdera finka erdiz erdi zeharkatzen duen bidean, eta iparretik hegora eremuaren mendebaldea zeharkatzen duen bidean. Horretarako, erreka-zulo horietan landatuko da, gutxienez ertz batean, haren luzera osoaren ehuneko hirurogei estaliz, milazka ilara bat (Tamarix canariensis eta T. africana), Aragoiko gatz-lurretako serie halohigrofiloari dagozkion espezieak baitira, 4 metroko tarteak utziz aletik alera. Bideetan, erreka-zuloetan erabilitako eredu berari jarraikiz, ertz batean gutxienez, eta tarteka-tarteka, ilara bat zuhaixka hostoiraunkor landatuko da, 2 metroko tartea utziz aletik alera; espezie hauek landatuko dira: erromeroa (Rosmarinus officinalis), legeltxorra (Pistacea lentiscus), gurbitza (Arbutus unedo) edo txorbeltza (Ramnus alaternus). Landaketa horiei ura eta behar diren zaintzak emanen zaizkie, egoera egokian daudela bermatzeko, instalazioaren ustiapenak irauten duen denbora osoan, eta larratzearen kalteetatik babestuko dira.

–Mahastia gordeko da, ahal den neurrian, gutxienez bost metroko zerrenda batean, bide nagusien (gehien erabiltzen direnak) eta panel fotovoltaikoen azpieremuetako itxituren artean, mahatsondoak baliagarriak izan daitezen inpaktu bisualaren aurkako pantaila gisa, eta paisaiaren gaineko inpaktua murrizteko.

–Lanak egin bitartean (zuinketa eta lur-mugimenduak), jarraipen arkeologikoa eginen du teknikari espezializatu batek, aurkikuntzak agertuz gero horiek kokatzeko eta baloratzeko, eta hartu beharreko neurri egokiak zehazteko.

12.–Lurzoru urbanizaezineko baimena.

Lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarrien baimena izapidetzearen esparruan, Lurralde Antolamenduaren Atalak errekerimendu bat egin zuen 2022ko apirilaren 12an, haren bidez sustatzaileari eskatzeko berriz azter zezala proposamena, jarduerak II. mota agrologikoko lurzoruetan eraginik izan ez zezan.

Lurralde Antolamenduaren Atalaren errekerimenduari erantzuteko, bai eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren 95/E/2022 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzeko ere (ebazpen horren bidez, "Araiz" eguzki instalazio fotovoltaikoaren eta haren ebakuazio azpiegituren proiektuaren aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena eman zen), Bodegas Pagos de Araiz SLk proiektu egokitua aurkeztu zuen 2022ko maiatzaren 30ean. Eguzki instalazio fotovoltaikoa egokitzeko, jatorrizko proiektuaren poligonalean dagoen espazio erabilgarria optimizatu da, eta horrek ez du ukipen berririk ekarri.

Behin betiko proiektuaren arabera, instalazio fotovoltaikoaren ezaugarri teknikoak honakoak dira:

–73.620 modulu fotovoltaiko, 695 Wp-ekoak, guztira 144 zelula fotovoltaiko (6 x 24) dituztenak.

–1.022 jarraitzaile fotovoltaiko.

–143 inbertsore fotovoltaiko, SUNGROW motakoak, 350 kVA-koak 30°C-tan.

–Modulu fotovoltaikoak seriean lotzen dira, 30 paneleko "string" delakoak eratzeko, lortu nahi den sorkuntza tentsiora iritsi arte. "String" horiek paraleloan konektatzen dira, inbertsorearen CC sarreran. Inbertsore bakoitzari 30 string konektatzen zaizkio.

–Instalazioa 177 inbertsorek osatzen dute.

–50,92 MWp-eko potentzia gailurra izanen du, eta 50 MW-eko potentzia instalatua (inbertsorea), ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuan, (abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuak aldatua), 3. artikuluan jasotako definizioaren arabera.

Instalazioak sarbide eta konexio baimena dauka, garraio sarearen kudeatzaileak emana, 49,9 MW-eko potentzia izendatuarekin.

Horrenbestez, sarerako isurketak sarbide- eta konexio-baimenetan baimendutako potentzia izendatua gainditzen ez duela bermatzeko beharrezkoak diren gailuak paratuko dira.

Doikuntza horretan oinarrituta, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 26ko 319E/2022 Ebazpenaren bidez, lurzoru urbanizaezineko jarduera eta erabileretarako baimena eman zen Bodegas Pagos de Araiz SLk Erriberrin sustatzen duen "Araiz" eguzki parke fotovoltaikorako eta haren ebakuazio azpiegituretarako. Ebazpenak zehazten ditu kontuan hartu beharreko determinazio teknikoak.

13.–Alegazioen eta txostenen azterketa teknikoa.

Espedientean bildutako dokumentu guztiak kontuan harturik, jaso diren alegazioen eta txostenen analisia ebazpen honen I. eranskinean jasotzen da.

14.–Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emateko proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Azpiegitura Energetikoen Atalak ondorioztatzen du prozedura behar bezala gauzatu dela, eta proposatzen du Bodegas Pagos de Araiz SLk eskatutakoa ematea, hau da, aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena ematea eta onura publikoa duela zehazki deklaratzea.

Adierazitakoarekin eta espedientean jasotako agiriekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurretiazko administrazio baimena ematea Bodegas Pagos de Araiz SLri "Araiz eguzki instalazio fotovoltaikoa" deitzen den eta 50 MW-eko potentzia instalatua izanen duen energia elektrikoa ekoizteko instalazio baterako eta haren ebakuazio azpiegituretarako, Erriberriko udal-mugartean. Baimena ematen da Ingurumeneko zuzendari nagusiaren otsailaren 11ko 95E/2022 Ebazpenean eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuko zuzendariaren irailaren 26ko 319E/2022 Ebazpenean ezarritako baldintzak betetzearen menpe.

2. Eraikitzeko administrazio baimena ematea eta instalazioak egiteko aurkeztutako proiektua onestea, Juan García Sopeña industria-ingeniariak sinatutakoa, eta hogeita lau hilabeteko epea ematea obrak egiteko.

3. Instalazio horren onura publikoa zehazki deklaratzea, bat etorriz Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54., 55. eta 56. artikuluetan eta lege hori garatzen duen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 148. eta 149. artikuluetan ezarritakoarekin, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1190 Foru Legearen 140.4 artikuluan aipatutako ondorioetarako.

4. Bodegas Pagos de Araiz SLri onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5. Instalazioak aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz gauzatu beharko dira, eta bat etorri beharko dute honako hauetan xedatutakoarekin: Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretua; Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretua; eta Behe tentsiorako Erregelamendu elektroteknikoa onesten duen abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretua.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak ustiatzeko baimena eskatu beharko du. Eskaera horri obra amaierako ziurtagiria erantsi beharko zaio, teknikari eskudunak izenpetua, bai eta aplikatzekoa den araudian adierazitako gainerako dokumentazioa ere.

7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioaren eskatzaileak lortu beharko ditu instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau igortzea Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura eta Ondare Historikoaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Bodegas Pagos de Araiz SAri, Agrowind Navarra 2013 SLri, Red Eléctrica de España SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ezen ebazpen honek ez duela administrazio bidea amaitzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Errekurtsoan espediente zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau Erriberriko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari jakinaraztea, eta ohartaraztea ezen haren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko azaroaren 4an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA

Jasotako txostenak

Kontsulten izapidearen eta jendaurreko aldiaren ondorioz jaso diren txostenen edukia behean ageri da zerrendatuta eta laburbilduta:

1.–Ondare Arkitektonikoaren Atalaren txostena.

2019ko ekainaren 21ean, Ondare Arkitektonikoaren Atalak aditzera eman zuen ukipenik ez zegoela, bere eskumenari dagokionez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

2.–Erriberriko Udalaren txostena.

2020ko urriaren 7ko txostenean, Erriberriko Udalak aldeko txostena eman zion Bodegas Pagos de Araiz SAk Corraliza de La Parralla parajean sustatutako "Araiz" eguzki parke fotovoltaikoaren proiektuari, salbuespen batekin: UPOaren aldaketa egituratzaile bat izapidetzen ari da, proiektuaren eremuko lurzatiei eragiten diena. Hori dela eta, berriro aztertu beharko da txostena, aldaketa-espedientea bukatzen denean.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

3.–Lurraldearen Antolamenduaren Atalaren txostena.

2020ko azaroaren 19ko txostenean, Lurralde Antolamenduaren Atalak 0003-OT12-2020-000125 espediente-kodea duen txostena eman, eta honako hau jakinarazi zuen:

"Instalazioaren hirigintza- eta lurralde-bateragarritasunaren balorazio osoa eginen da lurzoru urbanizaezineko jarduera baimengarriaren nahitaezko baimena izapidetzean edo dagokion ingurumen-izapidean, eta dagozkion txosten sektorialak eskatu ondoren."

Txostenean zerrendatzen dira kontuan hartu beharreko hirigintzako eta lurralde antolamenduko legediak eta tresnak.

Azkenik, Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak honako hau ohartarazi du:

–Jarduketak ureztalurrei eragiten dienez, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuaren txostena eskatuko da. Esku-hartzearen azalera, lurzoruen mota agrologikoa edo Ureztalurren Foru Planean sartutako proiektuen gaineko eragina kontuan hartuta, zerbitzu horrek ezarritako irizpideen arabera, jarduketak ez luke eragin moderaturik, larririk edo oso larririk ekarri behar.

–Kontuan hartu beharko da bide publikoen kanpoko ertzetik hiru metroko zortasun-eremua, maiatzaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluan ezarritakoa, intereseko ibilbideak barne, hala nola beren araudi espezifikoan zortasun-eremurik mugatuta ez duten abelbideak, non debekatuta baitaude lur-eusteak eta -mugimenduak, baldin eta eraikuntza-jarduerak edo -erabilerak, erauzketa-jarduerak edo hondakin-zabortegiak ezartzeari eta eraikuntza-jarduerei lotuta badaude, baimena beharko duten azpiegiturak izan ezik.

Erantzuna:

Sustatzaileak aipatzen duenez, 2020ko irailaren 29an, Erriberriko Udalak hasiera batez onetsi zuen Erriberriko Udal Planaren aldaketa egituratzaile bat, Bodegas Pago de Araiz SAk sustatuta, xedea zuena Bodegas Pago de Araizen mahastizaintza eta ardogintzako ustiategian integratutako lurzoru urbanizaezineko hainbat lurzatiren hirigintza-kategorizazio berria ezartzea, lurzati horiek Nafarroako Ubideko ureztaketa eremutik (IV.4 sektorea) kanpo geratu ondoren, horien gainean eguzki parke fotovoltaikoa sustatzeko helburuarekin. Zehazki, aldaketaren xedea da "Nafarroako Ubideko eremu ureztagarriak" ustiapen naturalerako balioa duen gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izatetik, "landalurrak" ustiapen naturalerako gorde beharreko lurzorua izatera igarotzea.

Horrez gain adierazi du kontuan hartuko direla lurzoru urbanizaezinean baimentzeko eskaeretarako edo dagokion ingurumen-izapiderako egindako gainerako balorazioak.

4.–Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostena.

2020ko irailaren 22ko txostenean, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txosten bat eman zuen, 2020-GM-524 erreferentziarekin, eta bertan hau adierazi zuen:

Behin "PSFV ARAIZ" dokumentua aztertuta, egiaztatu da sustatzaileak ez dituela aipatzen jarduketaren ingurutik igarotzen diren eta Vallacuerako erreka-zuloan isurtzen diren izenik gabeko ibilguen polizia-eremuaren gainean proiektuak izanen dituen ukipenak.

Kontuan hartuta proiektuak izenik gabeko ibilguen polizia-eremuari eragin diezaiokeela, beharrezkotzat jotzen da ur-ingurunean aurreikus daitezkeen inpaktuen analisia eta deskribapena gehitzea, bai eta balizko ukipenaren garrantzia minimizatzeko neurriak ere, dagokion Ingurumenaren Zaintzarako eta/edo Jarraipenerako Planaz gain.

Era berean, Uren Legearen Testu Bategina, uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitakoa, eta ondorengo aldaketak ere bete beharko dira. Izan ere, Jabari Publiko Hidraulikoan eta bere zortasun- eta polizia-eremuetan obrak edo lanak egiteko, arroko erakundearen administrazio-baimena beharko dela ezartzen da bertan.

Azkenik, euri-uren kudeaketari dagokionez, sustatzaileari jakinarazten zaio, euri-urak berrerabiliz gero, horren berri eman beharko diola konfederazioari, aprobetxamendua Uren Erregistroan inskriba dezan, Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 84., 85. eta 86. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

Txostenak eranskin bat dauka eta, bertan, sustatzaileak kontuan hartu behar dituen oharrak xehatzen dira, proiektu honen inguruan arroko erakundearekin etorkizunean egin beharreko ekintza eta izapideei dagokienez.

Erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ezen, jendaurrean jartzeko eta ukitutako erakundeei kontsultak egiteko prozesua beteta, jasotako txostenak aztertu ondoren, instalazio fotovoltaikoa eta haren ebakuazio azpiegitura gauzatzeko proiektua aldatu dela, eta panel fotovoltaikoen kokapena mugitu dela lurzatiaren poligonalaren barruan.

Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren txostenari erantzun xehatua erantsi zaio I. eranskin gisa. Bertan adierazten da erabili direla ingurumen inpaktuaren azterketan jasotako uholde arriskuko eremuak. Era berean, adierazten da arroko erakundearen administrazio-baimena eskatuko dela, eta horretarako behar den dokumentazio teknikoa aurkeztuko dela.

5.–Red Eléctrica de España SAUren lehen txostena.

2021eko apirilaren 27ko txostenean, Red Eléctrica de España SAUk jakinarazi zuen proiektuak eragina izan dezakeela "Olite-Tafalla" 220 kV-eko linean, 123. eta 128. euskarrien artean, eta Red Eléctrica de España SAUren jabetzako 13 kV-eko linean, (TEko hargunea).

30/220 kV-eko "Araiz" azpiestazioari, 220 kV-eko "Araiz-SET Olite" 132/220 kV-eko lurpeko ebakuazio-lineari eta 132/220 kV-eko "Olite" azpiestazioari dagokienez, jakinarazten da REE ez dagoela haien aurka, ez baitago ukipenik REEren jabetzako instalazioetan.

Red Eléctrica de España SAUren "Olite" azpiestazioraino doan 220 kV-eko ebakuazio-lineari dagokionez, jakinarazten da ez dela jaso horri buruzko dokumentaziorik, eta, beraz, ezin dela aztertu.

Lehen txostenari emandako erantzuna:

Sustatzaileak 2021eko ekainaren 2ko idazkia aurkeztu zuen, eta bertan adierazi "Araiz" EPF instalazioa diseinatzeko kontuan hartu direla "Olite-Tafalla" 220 kV-eko lineari buruzko oharrak (123. eta 128. euskarrien artean), bai eta REEren jabetzako 13 kV-eko "Olite" lineari buruzkoak ere (TEko hargunea).

REEren "Olite" azpiestaziora doan 220 Kv-eko ebakuazio-lineari dagokionez, ezin du informazio gehigarririk eman REEk REEren "Olite" azpiestazioa handitzeari buruzko informazio gehigarria eman arte.

6.–Red Eléctrica de España SAUren bigarren txostena.

2021eko ekainaren 25eko txostenean, Red Eléctrica de España SAUk jakinarazi zuen "Araiz" EPFri dagokionez, ez dagoela haren aurka, arauzko distantziak betetzen baitira "Olite-Tafalla" 220 kV-eko linean, 123. eta 128. euskarrien artean, eta REEren jabetzako 13 kV-eko linean, TEko hargunean.

REEren "Olite" azpiestaziora doan 220 kV-eko ebakuazio-lineari dagokionez, REEko azpiestazioko konexio-posizioa zehaztu ondoren azterketa egin ahal izateko behar den informazio nahikoa eta zehatza noiz bidaliko zaion zain dago.

Bigarren txostenaren erantzuna:

Sustatzaileak adierazi du ados dagoela txostenarekin.

Ohar gehigarriak:

Bai "Olite" azpiestazioak (SAT-11109) bai REEren "Olite" azpiestaziorainoko 220 kV-eko ebakuazio-lineak (SAT-11110), Agrowind Navarra 2013 SLk sustatutakoek, eraikitzeko administrazio-baimena dute, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren irailaren 26ko 116/2022 Ebazpenaren bidez emana.

7.–Ingurumen Eraginaren Atalaren txostena.

2021eko abuztuaren 4an, Ingurumen Eraginaren Atalak txosten bat eman zuen, 0003-0226-2020-000020 espediente-kodea duena, eta haren bidez jakinarazten du ingurumen aldetik izapidetzeko aurkezten den behin betiko ingurumen inpaktuaren azterketaren edukia egokitu beharko dela Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakora, bereziki alderdi hauei dagokiena:

–Eguzki instalazioa belatz txikiaren (Falco naumanni) bi ugaltze-koloniaren (Corral de Barrea eta Goyena) larreratze eremuan dago, eta "Araiz" azpiestazioan belatz txikiaren etzaleku bat dagoela egiaztatu da. Espezie hori kaltebera gisa katalogatuta dago (urriaren 16ko 254/2019 Foru Dekretua), eta Nafarroako babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrendan (LESPE) sartuta dago. Beraz, xehetasun handiagoz aztertu beharko da eguzki parkeak kolonia horretan izan dezakeen eragina, zuzenekoa zein zeharkakoa, bai eta La Planako estepako abifauna kontserbatzeko intereseko eremuan estepako abifaunan izan dezakeena ere, ondo-ondoan baitago.

–Eguzki parkea ezartzea konpentsatzeko neurri gisa, ukitutako azaleraren antzeko azalera batean ingurumen balio handieneko elementuen inguruan (Parralla erreka-zuloa, ibai-sarea, etab.), bilakaera naturaleko eremuak ezarriko dira, bai eta nekazaritza- eta ingurumen-neurri hau ere: proiektuan sartuko dira eguzki parkearen mugan sartuta ez dauden nekazaritza-lursailak, lugorriz kudeatu beharko direnak, edo estepako abifaunaren aldeko beste kudeaketa-neurri batzuk hartuko dira.

Erantzuna:

Sustatzailea ados dago txostenarekin, eta azaldu du nola hartu diren kontuan txosteneko oharrak ingurumen-inpaktuaren azterketan.

Iragarkiaren kodea: F2214674