5. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

25407E/2022 EBAZPENA, abenduaren 28koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez "Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak" dirulaguntzetarako 2023rako gastua baimentzen baita, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, eta haren oinarri arautzaileak aldatzen baitira. DDBN identifikazioa: 601551.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuetan ezarritakoaren arabera (azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsi ziren), haren helburua da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, enplegurako bitartekaritza, orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa. Horretarako, besteak beste, bere funtzioa da kolektibo zaurgarriei zuzendutako proiektuak garatzea; proiektu horiek laneratzeko programa integratuak izan beharko dira, banakako ibilbide pertsonalizatuen bidezkoak, zeinetan enplegua bilatzen orientatzeko eta laguntzeko ekintzak sartuko baitira, bai eta prestakuntza ekintzak ere, parte-hartzaile bakoitzaren ibilbide eta jarraipen pertsonalizatuarekin. Proiektu horien oinarri arautzaileak 2023. urtea baino lehenago onetsi dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Horregatik, bidezkoa da "Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak" dirulaguntzetarako 2023rako gastua baimentzea, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 31ko 5634E/2021 Ebazpenaren bidez, "Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak" izeneko inbertsioak finantzatzeko dirulaguntza publiko batzuk emateko oinarri arautzaileak eta deialdia onetsi ziren (2022ko 25. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 3koa). Oinarri arautzaile horiek zuzendari kudeatzailearen ekainaren 24ko 9467E/2022 Ebazpenaren bidez aldatu ziren (2022ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 22koa).

Deialdi hori arautzen duten oinarri batzuk aldatu behar dira. Hain zuzen, 3., 4., 5., 6., 8., 9. eta 14. oinarriak aldatzen dira.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimentzea 432.195 euroko gastua "Lurralde-proiektu berriak berrorekarako eta ekitaterako. Kolektibo zaurgarriak" 2023ko ekitaldirako dirulaguntzetarako (Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren 601551 zenbakia dute), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan, 2023ko aurrekontuko "950003 96400 4819 241105 MRR kolektibo zaurgarriei zuzendutako lurralde-proiektuak" izeneko partidaren edo gaitzen den antzeko partidaren kargura. Dirulaguntza horiek NL-NEZeko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 31ko 5634/2021 Ebazpenak arautzen ditu, laneratzeko proiektu integratuak garatzeko dira eta honela banatzen dira:

• 252.195,00 euro laneratzeko proiektu integratuak garatzeko, banakako ibilbide pertsonalizatuen bitartez, luzaroko langabeei zuzenduta.

• 180.000,00 euro laneratzeko proiektu integratuak garatzeko, banakako ibilbide pertsonalizatuen bitartez, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden eta Bizitzeko Gutxieneko Errenta (BGE) edo Errenta Bermatua (EB) jasotzen dutenei, edo desgaitasuna dutenei zuzenduta.

2. 2023ko ekitaldian, 180.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, hori gauzatu ahal izateko, baimena beharko da, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen delako emandakoa. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berririk hastea ere. Hori guztia Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31. artikuluaren 3. apartatuko a) letrako 2. puntuan xedatutakoa aplikatuz, hau da, erabilgarri dagoen aurrekontu-kredituaren zenbatekoa handitu bada kreditua sortu, gehitu edo eranstearen ondorioz.

3. Aldatzea lehen aipatutako deialdiaren oinarri arautzaile hauek (aldaketak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak):

–Paragrafo berri bat, 6.a, gehitzen da 3. oinarrian:

6. Ezin izanen dute programa horietan parte hartu 2022an Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoen funtsen bidez finantzatutako programetan onuradun gisa parte hartu dutenek.

–4. oinarrian 1. apartatua eta 3. apartatua aldatzen dira. Honela geldituko da testua:

1. Diruz lagundutako proiektuen esku-hartze nagusia enpleguko eta prestakuntzako ibilbide pertsonalizatuetan laguntzea izanen da, eta honako dirulaguntza lerro hauetako batekoak izan beharko dute:

A.–Luzaroko langabeei zuzendutako proiektuak. Proiektu bakoitzak 25 parte-hartzaile izanen ditu, eta Nafarroako Foru Komunitateko edozein lurraldetan egiten ahalko da.

B.–Gainerako kolektibo zaurgarriei zuzendutako proiektuak. Proiektu bakoitzak 15 parte-hartzaile izanen ditu, eta Altsasuko, Agoizko, Lizarrako, Lodosako, Tafallako, Tuterako edo Doneztebeko enplegu agentzien eremuei dagozkien lurraldeetan eginen dira.

Erakundeek gehienez proiektu bat eskatzen ahalko dute dirulaguntzen lerro bakoitzeko.

3. Egin beharreko ibilbideek osatutako laneratzeko proiektu integratua 7 hilabeteko epean gauzatu beharko da, gehienez. Nolanahi ere, diruz lagundutako jarduerak ezin izanen dira luzatu 2023ko irailaren 30etik harago.

–5. oinarrian 2.c) apartatua aldatzen da. Honela geldituko da testua:

c) Laguntza pertsonalizatua ibilbidea garatzeko eta jarduera konpromisoa betetzeko. Gutxienez 15 laguntza jarduketa eginen dira, ibilbidean aurrera egin ahala. Tutore edo orientatzaile batek banakako jarraipen pertsonalizatua eginen du erabiltzaileak bere ibilbidea gauzatzeko egiten dituen jarduketen gainean, ibilbidea berrikusi eta eguneratuko du, jomugak, etapak, betekizunak eta, prestazioak jasotzen dituzten erabiltzaileen kasuan, jarduera konpromisoa finkatuko ditu eta betetzen direla begiratuko du, eta aholkularitza, informazio eta laguntzako beste edozein eginkizun, erabiltzailea aktibatzeko eta bere enplegagarritasuna hobetzeko.

–6. oinarrian, 1. eta 2. apartatuak aldatzen dira. Honela geldituko da testua:

1. Banako arretaren ibilbide bakoitzak 5. oinarriaren 2. apartatuaren a), b), c), d), e), g) eta h) letretan agertzen diren jarduketak eduki beharko ditu. Ibilbide batek bost eta sei hilabete bitarteko iraupena izanen du, ibilbidea egiten hasten den egunetik zenbatzen hasita, pertsona bakoitzaren beharren arabera.

2. Pertsona batek ibilbidea osatzen duela ulertuko da aurreko apartatuan ezarritako nahitaezko ekintza guztiak egiten dituenean. Halaber, aurreko apartatuan aurreikusitako ibilbideko ekintza guztiak amaitu ez baditu ere, amaitutzat emanen da, baldin eta pertsonak programa utzi behar izan badu eta egin badu a), b), c), d) eta e) letretan ezarritako ibilbidearen %75, g) letrako jarduketen %75 eta 5. oinarriko h) letrako jarduketen %75, baldin eta behar bezala justifikatutako eta NL-NEZek baimendutako arrazoiren bat badago.

Une oro emanen zaie parte-hartzaileei ibilbidean parte hartzeak dakartzan bertaratze eta aprobetxamendu betebeharren berri.

–8. oinarrian 1. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da testua:

1. Eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko da eta 2023ko urtarrilaren 31n bukatuko.

–9. oinarrian 2. apartatua aldatzen da. Honela geldituko da testua:

2. Eskabidearekin batera, proiektuaren memoria deskribatzailea aurkeztuko da (II. eranskina), honako hauek jasoko dituena:

a) Eskatzen den dirulaguntza-lerroa.

b) Garatu beharreko ekintzen aurreikuspena, ibilbide pertsonalizatuen zati gisa.

c) Parte-hartzaileen kopurua.

d) Proiektuaren guztizko iraupen epea, aurreikusitako hasiera eta amaiera datak adierazita.

e) Proiektuaren lurralde eremua, zein udalerritan eginen den adierazita.

f) Proiektuari atxikitako teknikarien profil profesionala.

g) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

h) Proiektu osoaren kostuaren gutxi gorabeherako aurrekontua, kostu unitarioen eta parte-hartzaileen arabera.

–14. oinarrian 2. apartatua aldatzen da, lehenengo paragrafoan eta 1. puntuan. Honela geldituko da testua:

2. Dirulaguntzaren azken likidazioa egiteko, entitate onuradunak, hilabeteko epean proiektua amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, eta, betiere, 2023ko urriaren 30a baino lehen, dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko jarduketa memoria bat aurkeztu beharko du, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak adierazita; eredu ofiziala erabili beharko du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren webgune ofizialean (www.nafarroa.eus) eskuragarri dagoena. Memorian sartu beharrekoak:

1. Parte-hartzaile bakoitzari egindako banakako ibilbidearen ziurtagiria, honako hauek adierazita: ibilbidea osatu duten jarduerak, emandako ekintzen identifikazioa, edukia zein izan den adieraziz, non eta noiz eman diren, ordutegia, eman duen tutorea edo irakaslea, eta haietako bakoitzera joan diren pertsonen zerrenda. Halaber, parte-hartzaileen sinaduren orria aurkeztu beharko da, egindako jarduketa bakoitzean parte hartu dutela egiaztatu ahal izateko. Jarduketa birtualak egiten badira, jarduketa horiek egin direla egiaztatzen duten frogak aurkeztu ahal izanen dira.

Gainerako oinarriak berdin mantentzen dira.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.3. artikuluari jarraikiz.

Iruñean, 2022ko abenduaren 28an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

Iragarkiaren kodea: F2217873