49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 22an hartua, Acciona Plug SLk sustatutako "Valle H2V Navarra" proiektua, hidrogeno berdea ekoiztekoa, foru intereseko inbertsio deklaratzen duena.

2023ko urtarrilaren 25ean, Acciona Plug SLk eskatu du foru intereseko inbertsio deklara dadila "Valle H2V Navarra" proiektua, hidrogeno berdea ekoiztekoa, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazio bideak errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legeari jarraikiz.

Proiektuaren helburu nagusia da hidrogeno berdea maila industrialean ekoizteko planta bat eraikitzea, elektrolisirako 25 MW-eko gaitasuna duen elektrolizagailu bat jarriz Zangozako Rocaforte industrialdean, energia berriztagarria sortzeko parke berri batek elikatuta. Parke hori honakoek osatuko dute:

–Planta fotovoltaiko berri bat, in situ, 1 MWp ingurukoa, Zangozako biomasa plantaren ondoko lurretan kokatua.

–Eguzki energia fotovoltaikoko planta bat, 25 MWp-ekoa.

–Haize-parke bat, 23,6 MW-ekoa (Nordexen 4 haize-sorgailu).

Kalkulatzen da urtean gehienez 3.880 tona hidrogeno berde ekoitziko direla bertan.

Acciona Plug SLk kalkulatu du proiektuaren aurrekontu osoa 86 milioi eurotik gorakoa izanen dela.

Proiektu horrek eragin handia izanen du Nafarroako Foru Komunitatean, batetik, 55.825 tona CO2 zuzenean isurtzea ekidinen baitu, eta, bestetik, bultzada izanen delako bertako beste industria batzuentzat trantsizio energetikoaren prozesuari ekiteko, Nafarroako industria jarduera deskarbonizatzeko xedearekin.

Proiektua lerrokaturik dago Nafarroako 2030rako Energia Planarekin, Energia eta Klima arloko Plan Nazional Integratuarekin eta Europako Itun Berdearekin. Horrez gain, Hidrogeno Berdearen Nafarroako Agendan jasotzen diren 6 ardatzak garatzen laguntzen du:

–1. ardatza: energia berriztagarriak garatu eta bultzatzea.

–2. ardatza: industriako balio-katearen garapena bultzatzea.

–3. ardatza: berrikuntza eta garapen teknologikoa sustatzea.

–4. ardatza: hidrogenoaren ekoizpena, banaketa eta kontsumoa sustatzea, bektore energetiko gisa.

–5. ardatza: arau- eta administrazio-esparru egokia egon dadin erraztea.

–6. ardatza: gure potentziala sare eta aliantzen bidez biderkatzea.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren txostenean proposatzen den bezala, foru intereseko inbertsio deklaratzen bada, proiektua garatzeko behar diren tramite administratiboei lehentasunezko eta presako bultzada emanen zaie Nafarroako administrazio publiko guztietan, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazio bideak errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Acciona Plug SLk sustatutako "Valle H2V Navarra" proiektua, hidrogeno berdea ekoiztekoa, foru intereseko inbertsio deklaratzea, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazio bideak errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Deklarazio honek inbertsio proiektua bukatu arte izanen ditu ondorioak.

2. Erabaki hau Nafarroako Parlamentuko Garapen Ekonomikorako Batzordera igortzea, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Acciona Plug SLri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2303169