49. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 22an hartua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileentzat ezarritako 2022ko ordainsariak ehuneko 2,5 igotzen dituena, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 6. artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen du Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen eta estatutupeko langileen ordainsariei ezarriko zaiela Estatuko legedian sektore publikoko langileentzat 2023rako ezartzen den gehieneko igoera globala, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, deusetan galarazi gabe, hala dagokionean, ordainsarietan behar diren doikuntzak egitea ziurtatzeko ezen lanpostu bakoitzari esleitutako ordainsariak bat datozela lanpostuaren zailtasun tekniko bereziekin, arduraldiarekin, erantzukizunarekin, arriskugarritasunarekin edo nekagarritasunarekin.

Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 35/2022 Foru Lege horren beraren 7. artikuluak, bestalde, lehen apartatuan ezartzen du ezen, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratudunen ordainsariak haien hitzarmen kolektiboan zehazten direnak izanen direla, foru lege horretan funtzionarioentzat finkatutako irizpideekin bat etorriz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileei dagokienez, abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 8. artikuluaren 3. apartatuak ezartzen du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan zuzendaritza karguetan aritzen diren izendapen libreko langileen ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dutela.

Ildo berean, arestian aipatutako abenduaren 28ko 35/2022 Foru Legearen 9.11 artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi kargudunen eta gainerako behin-behineko langileen 2023ko ordainsariek 6. artikuluan xedatutakoaren aplikazioak eragindako igoera bera izanen dute.

Bestalde, 2022ko abenduaren 24an, 308. Estatuko Aldizkari Ofizialean, Estatuko 2023. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legea argitaratu zen. Abenduaren 23ko 31/2022 Lege horren 19.2 artikuluan ezartzen denez, 2023an sektore publikoaren zerbitzuko langileen ordainsariek ezin izanen dute ehuneko 2,5etik gorako igoera globalik izan 2022ko abenduaren 31n indarra zutenekin alderaturik, betiere konparatzen diren bi aldiak modu homogeneoan harturik, hala langileen kopuruari dagokionez nola haien antzinatasunari dagokionez.

Horrela, langile publikoen ordainsarien igoera egiteko behar den estatu-gaikuntza behin onetsirik, bidezkoa da orain Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordainsarien igoera onestea, ehuneko 2,5ekoa, 2022ko abenduaren 31n indarra zutenekin alderaturik.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen ordainsarien igoera horrek 37.971.466 euroko kostua dakarrela kalkulatu da, eta horretarako aurrekontuko kontsignazioa dago Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorretako "Ordainsarien igoera" izeneko 020002 04100 1800 921402 partidan.

Ordainsarien igoera 2023ko martxoko nominan ordainduko da, eta atzeraeragina izanen du 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako langileei 2022rako ezarritako ordainsariak ehuneko 2,5 igotzea, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.

2. Igoera aplikatzea, orobat, Nafarroako Gobernuko kideei, goi kargudunei eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako gainerako behin-behineko langileei.

3. Erabaki hau Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira igortzea, langileen kudeaketa sisteman behar diren neurriak har daitezen erabaki hau betetzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietan.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2303163