47. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

69/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 22koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, 2023. urtean errenta bermatuaren zenbatekoa eguneratzen duena.

Gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideen garapenari buruzkoa apirilaren 25eko 26/2018 Foru Dekretuaren 29.1 artikuluak ezartzen duenez, urtero eguneratuko da kide bakarreko familia-unitateentzako errenta bermatuaren zenbatekoa, gizarte zerbitzuen arloko eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu baten bidez, eta eguneratze-urteko urtarriletik aurrera izanen ditu ondorioak.

29.2 artikuluan ezartzen du, halaber, eguneraketaren portzentajea, gutxienez ere, hauen artean baliorik handiena duena izanen dela: Nafarroan aurreko urtean Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPIak) izandako urteko batez besteko igoera eta Nafarroako batez besteko soldatek izandakoa; lan kostuei buruzko hiru hilean behingo inkestan ageri den soldaten kostu arruntaren arabera zenbatetsiko dira azken horiek, aurreko urteko lehenbiziko hiru hiruhilekoak eta urte horren aurreko urteko azken hiruhilekoa aintzat hartuta. Bi kasuetan, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera. Hori guztia bat dator Gizarteratzeko eta errenta bermaturako eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legearen 7.3 artikuluan adierazitakoarekin.

Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak txosten bat egin du, eta bertan proposatu du kide bakarreko familia-unitate batentzako errenta bermatuaren zenbatekoa egunera dadila 2023. urterako, egungoari %8,8ko igoera aplikatuz; horren ondorioz, zenbatekoa 716,31 eurokoa izanen da hilean.

Ikusirik kontu-hartzailetza delegatuak horretarako adostasuna eman duela, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Kide bakarreko familia-unitate batentzako errenta bermatuaren zenbatekoa eguneratzea, %8,8ko igoera aplikatuz; horren ondorioz, 2023. urtean zenbatekoa 716,31 eurokoa izanen da hilean.

2. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Foru agindu hau igortzea Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Diru-sarreren Bermearen eta Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzura, Aurrekontuak Kudeatzeko Atalaren Kontabilitate Zentrora, eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 22an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2303148