47. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

9/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 10ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez 2023. urterako eguneratzen baitira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluan ezarritako zenbatekoak, alargun- eta erretiro-pentsioengatiko kenkariei dagozkienak.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68. artikuluak alargun eta erretiro pentsioengatiko kenkariak arautzen ditu, eta A).4.Hirugarrena eta B).4.Laugarrena apartatuetan jasotzen du, hurrenez hurren, kasu bakoitzean aplikagarria den kenkaria kalkulatzeko zenbatekoak eta kenkaria aplikatzeko aukera ematen duen errenta muga kalkulatzeko kontuan hartu beharreko zenbatekoak.

2018 eta 2019rako egindako eguneratzeei jarraikiz, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 68. artikuluko B).4.Laugarrena apartatuan ezarritakoarekin bat, kotizaziopeko erretiro pentsioengatiko kenkarirako oinarritzat hartu beharreko zenbatekoak eta kenkari horretan errenta muga kalkulatzeko kontuan hartu beharreko zenbatekoak parekatu ziren, 2019rako, alargun pentsioengatiko kenkarietan kontuan hartzen diren zenbatekoekin.

Hurrengo urteetan, zenbatekoa Nafarroako KPIaren igoeraren eta Nafarroako batez besteko soldaten artean balio handiena aurreko urteko zenbatekoari aplikatzetik datorrena izanen da, erregelamenduz ezartzen den moduan, eta modu berean eguneratuko dira errenta mugaren kalkulurako kontuan hartu beharreko zenbatekoak.

Maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 57.bis.2 artikuluak ezartzen du Zergari buruzko Foru Legearen 68.A) 4. Hirugarrena eta 68.B) 4. Laugarrena artikuluetan aurreikusitako zenbatekoak zerga arloko eskumena duen departamentuko titularrak eguneratuko dituela foru agindu bidez eta eguneratzen den urteko urtarriletik aurrera izanen dituela ondorioak. Eguneratze portzentajea balio hauetako handiena izanen da: Nafarroan aurreko urtean Kontsumoko Prezioen Indizeak izandako urteko batez besteko igoera eta Nafarroako batez besteko soldatek izandakoa, lan kostuen gaineko hiru hilean behingo inkestan jasotzen den soldaten kostu arruntaren arabera kalkulatuta, aurreko urteko lehenbiziko hiru hiruhilekoetan eta urte horren aurreko urteko azken hiruhilekoan izandakoa kontuan hartuta, Estatistikako Institutu Nazionalaren datuen arabera. Bi adierazle horien bariazio tasak negatiboak diren aldietarako, eguneratze portzentajea zero izanen da.

Estatistikako Institutu Nazionalak 2023ko urtarrilaren 13an argitaratutako datuen arabera, Nafarroako KPIaren urteko batez besteko igoera ehuneko 8,8koa izan da Nafarroan 2022an.

Bestalde, lan kostuen gaineko hiru hilean behingo inkestaren datuen arabera, soldaten kostu arrunta, 2022ko lehendabiziko hiru hiruhilekoak eta 2021eko azkena kontuan hartuta, ehuneko 2,9 handitu da. Datu horiek Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratu ditu.

Hortaz, eguneratu egin behar dira 2023rako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 68. artikuluan jasotako kopuruak. Horretarako, artikulu horretan xedatzen denari jarraikiz, aipatutako bi indizeen arteko baliorik handiena aplikatuko da, hain zuzen Nafarroako KPIaren 2022. urteko igoeraren batezbestekoari dagokiona.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) 68. artikuluan ezarritako zenbatekoak eguneratzea, 2023. urtean Nafarroako KPIaren batez besteko igoerari dagokion ehuneko 8,8ko igoera aplikatuz. Eguneratzea ondoko taulari jarraikiz eginen da:

2022

IGOERA

2023KO
ZENBATEKOAK

Kenkaria kalkulatzeko zenbatekoa

10.870,13

%8,8

11.826,70

Banakako errenta muga

18.679,21

%8,8

20.322,98

Baterako errenta muga

21.739,85

%8,8

23.652,96

2. Foru agindu hau Eskubide Sozialetako Departamentuko Babes Sozialaren eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari igortzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 10ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2302322