45. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

9E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi hau onesten baita 2023. urterako: Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako sektore pribatuko enpresetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak. DDBN identifikazioa: 676751.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunetako bat da euskararen presentzia eta erabilera bultzatzea eremu sozioekonomikoan, eta Nafarroan hura garatzeko programak abiaraztea, erakunde autonomoaren Estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Beraz, egokitzat jotzen da 2023rako laguntzak ematea, norgehiagokako araubidean eman ere, Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden sektore pribatuko enpresetan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko.

Beraz, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez emandako ahalmenak baliatuta, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat,

AGINTZEN DUT:

1. Laguntza-deialdia onestea, euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako sektore pribatuko enpresetan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4701-334100: euskararen erabilera merkataritzan eta enpresan

2023

135.000,00

B30002-B3200-7709-334100: ingurune digitalean euskara sustatzeko aplikazioak garatzeko laguntzak

2023

6.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Ataleko Kudeaketa Zentrora, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 16an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

LAGUNTZA-DEIALDIA, EUSKARAREN ERABILERA ETA PRESENTZIA SUSTATZEKO NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN KOKATUTAKO SEKTORE PRIBATUKO ENPRESETAN. DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honen xedea da arautzea nola eman laguntzak euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko Nafarroako Foru Komunitatean lantokiak dituzten sektore pribatuko enpresetan, euskara planak prestatzeko edo ezartzeko, unean uneko neurriak hartzeko, eta inbertsioak egiteko beren webguneetan eta software aplikazioetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko.

2. oinarria.–Aurrekontu erabilgarria.

Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 141.000 eurokoa da, gehienez ere, partida hauen kargura: 135.000 euro, gehienez ere, "Euskararen erabilera merkataritzan eta enpresetan" izeneko B30002-B3200-4701-334100 partidaren kargura, 1., 2.,eta 3. modalitateetan aurkezten diren enpresentzat, eta 6.000 euro, gehienez ere, "Euskara ingurune digitalean sustatzeko aplikazioen garapenerako laguntzak" izeneko B30002-B3200-7709-334100 partidaren kargura, 4. modalitatean aurkezten diren enpresentzat. Bi partida horiek 2023ko gastu-aurrekontukoak dira.

3. oinarria.–Onuradunak.

Laguntza hauek jaso ahal izanen dituzte indarreko legeriaren arabera legez eratuta dauden eta Nafarroako Foru Komunitatean kokatuta dauden enpresa guztiek.

Bazter geldituko dira:

a) Beren kapital sozialean administrazio publiko batek edo batzuek %50eko partaidetza baino handiagoa duten entitateak.

b) Honako hauetan aritzen direnak: helduei euskara irakasten, edo beste enpresa batzuentzat euskararen arloan aholkularitza edo normalizazio eginkizunak betetzen, edo beste enpresa batzuei euskara itzulpenak egiten edo laguntza linguistikoa ematen.

c) Komunikabideak.

d) Erakunde sindikalak.

e) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.

Horrez gain:

f) Deialdi honetan parte hartzen ahal dute aurreko deialdietara aurkeztu diren enpresek, baina aurreko bi deialdietan, jarraian, 3. modalitateko ekintza solteak bakarrik egiteko laguntza jaso badute, lehenengo eta bigarren modalitateetara baino ezin izanen dira aurkeztu. Hots, euskara planik ez duten lantokiek jarduera solteetarako dirulaguntza bi urtez jarraian jaso badute, eta deialdi honetan parte hartu nahi badute, Euskara Plana aurrera eramateko ardura edo haren ezarpena nahitaez beren gain hartu beharko dute (1. eta 2. modalitateak).

g) 10 langile baino gutxiagoko lantokietan, f) puntuko murrizketek ez dute eraginik izanen, horiek 3. modalitatean aurkez baitaitezke lau urtez. Epe hori amaituta, deialdira aurkezten badira, 1. eta 2. modalitateetara aurkeztu beharko dira.

h) f) letrako murrizketek ez dituzte izanen 4. modalitatean aurkezten diren enpresek.

4. oinarria.–Betebeharrak.

Onuradun izateko, betebehar hauek bete beharko dira eskaera aurkezteko unean, eta haiek betetzen jarraitu beharko dira diruz lagundutako jarduera gauzatzen den bitartean eta hura justifikatu arte:

a) Legez eratua izatea eta merkataritza erregistroan edo arauetan ezarritakoaren arabera dagokien hartan inskribatuta egotea.

b) Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

c) Egoitza soziala (edo egoitza) eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

d) Ez egotea dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta, bereziki, 3. apartatuetan ezarritako gainerako debeku-egoeretan.

Baldintza horiek betetzen direla frogatzeko, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du sektore pribatuko enpresen ordezkaritzak, eskaera inprimakian eta deialdiaren eranskinetan dagoena betez (II. eranskina).

5. oinarria.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

Deialdi honetan kontuan hartuko dira, batez ere, enpresaren komunikazioarekin eta haren irudi korporatiboarekin lotutako gaiak, eta enpresaren barne eta kanpo harremanekin lotutakoak, denak ere Erreferentziazko Marko Estandarra izenekoan jasoak (aurrerantzean, EME, IV. eranskina), barne delarik prestakuntza linguistikoa ematea jarduera profesionalari dagokionez. Esparru hori erreferentziazkoa da, eta erabiliko da zehazteko zein den euskararen egoera erakundean. Diagnostiko hori urtero aurkeztu behar da.

5.1. Proiektu edo jarduera diruz lagungarriak:

MODALITATEAK

EGIN BEHARREKOA

1. modalitatea:

2023an EMEn oinarritutako euskara plana egitea.

2. modalitatea:

Baldin eta aurretik euskara plan bat bada, diruz lagunduko da hura betetzeko 2023rako zehaztutako ekintzen kudeaketa, arestian aipatutako EME erreferentziatzat hartuta betiere.

3. modalitatea:

EMEn proposatutakoetatik beharrezko jotzen diren ekintza solteak, lantokian euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko direnak.

4. modalitatea:

lantokian euskararen erabilera sustatzeko eta zabaltzeko euskarazko eduki digitalak (webguneak eta software aplikazioak) sortzeko inbertsioak. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko.

Kanpoan gelditzen dira:

Euskarabidearen beste laguntza-deialdi batean eta epealdi bererako diruz lagundutako proiektuak edo jarduerak.

5.2. Modalitateak eta bateragarritasuna.

Gerta daiteke lantoki batzuek, urte berean, euskararen diagnostikoa egitea eta plana ezartzea. Horrelakoetan, lehen bi modalitateetara aurkeztu ahal izanen dira.

Modalitate bati dagokion dokumentazio zehaztua aurkeztu beharko da alde batetik, eta beste modalitateari dagokiona bestetik.

5.2.1. Lehenengo modalitatea: 2023an euskara plana egitea. Bideratutako kopurua: 25.000 euro.

Lehen euskara plana egitera bideratutako proiektuak, edo euskara plan bat ezartzen amaitu ondoren beste bat egiteko asmoa duten enpresei zuzendutakoak.

Proiektuek helburu izanen dute euskarari pixkanaka tokia ematea erakundearen jardunean, eta fase hauek izan beharko dituzte:

a) Egoera soziolinguistikoaren azterketa eta diagnostikoa, bai barne antolakuntzari dagokionez, bai ematen dituen zerbitzuei dagokienez.

b) Euskara plan bat diseinatzea, bai barne antolakuntzari, bai zerbitzuak emateari dagokienez.

c) Jarduerak ezartzeko kronograma eta, hala badagokio, ekintzak gauzatzekoa, EME erreferentzia gisa hartuta.

d) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza enpresan, motibazioa eta sentsibilizazioa, langileen inplikazioa planean, hizkuntzarekiko jarrerak, hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana prestatzeko edo ezartzeko laguntza teknikoa (enpresak edo profesionalak kontratatzea). Kontratatutako gastuaren %100era arte laguntzen ahalko da diruz. Kontratatuz gero, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako eskarmentua duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

b) Baldin kanpoko enpresarik kontratatzen ez bada lehen euskara plana egiteko, diruz lagungarriak izanen dira plana prestatuko duten langileen gastuak. Horretarako, zehaztu beharko da lanaldiaren zer zati ematen duten hartan (ehunekoetan) eta zer ekintza gauzatu behar dituzten. Diruz lagungarria izanen da, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan garatuko diren ekintzak ezartzen ematen duten lanaldiaren zatia.

Arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du, plana egiten duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III.B eranskina).

5.2.2. Bigarren modalitatea: aurretik egindako euskara plan bat ezartzea edo aplikatzea. Bideratutako kopurua: 100.000 euro.

Plan horretan honako hauek jaso beharko dira:

a) Planean aurreikusitako epean euskararen erabileraren eta presentziaren helburuak lortzeko garatuko diren ekintzak (EME, IV. eranskina), arduradunak, parte-hartzaileak, kostu ekonomikoa eta epeak.

b) Batetik, komunikazio estrategiak, zeinaren bidez jakinaraziko baitzaie planaren berri erakundeko gainerako kideei, eta, bestetik, motibazio estrategiak eta enpresan euskararekiko jarrera hobetzeko estrategiak.

c) Plana ebaluatzeko aurreikusitako sistema, alderdi hauek neurtzeko: euskararen erabilera eta ezagutza enpresan; motibazioa eta sentsibilizazioa; langileen inplikazioa planean; hizkuntzarekiko jarrerak; hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan nahiz barrenean.

Gastu hauek izanen dira diruz lagungarriak:

a) Plana ezartzeko laguntza teknikoa (enpresak eta profesionalak kontratatzea). Baldin enpresa bat edo profesionalak kontratatzen badira plana edo haren faseren bat egiteko, ziurtatu beharko da ezen laguntza ematen duenak badituela egiaztatutako eskarmentua duten langileak. Horretarako, kontratatutako laguntza ematen duen enpresak edo profesionalak egindako adierazpena aurkeztu beharko da (III. A eranskina).

b) Baldin kanpoko enpresarik kontratatzen ez bada lehen euskara plana egiteko, diruz lagungarriak izanen dira plana prestatuko edo ezarriko duten langileen gastuak. Horretarako, zehaztu beharko da lanaldiaren zer zati ematen duten hartan (ehunekoetan) eta zer ekintza gauzatu behar dituzten. Diruz lagungarriak izanen dira, bakar-bakarrik, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturiko lantokietan garatuko diren ekintzak ezartzen ematen duten lanaldiaren zatia.

Arduradunak gaian duen esperientzia frogatu beharko du, plana egiten duten langileen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (III.B eranskina).

5.2.3. Hirugarren modalitatea: ekintza solteak edo neurri zehatzak, aurretiko euskara planik gabe, EMEan zehaztutakoak. Bideratutako kopurua: 10.000 euro.

Hiru modalitateetan, hizkuntza-prestakuntza diruz lagunduko da baldin eta bere lanbide-jarduerarekin zuzenean lotuta badago eta lantokiak antolatzen badu. Prestakuntza hori horretarako gaitutako zentroek eman beharko dute.

5.2.4. 4. modalitatea: webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortzeko inbertsioak, xedea dutenak euskara lantokian sustatu eta zabaltzea. Horrekin batera, diruz lagunduko da webguneak eta software aplikazioak egokitu edo aldatzea, euskaraz erabiltzeko. Bideratutako kopurua: 6.000 euro.

a) Lantokiaren funtzionamenduarekin zuzeneko lotura duten webguneak eta software aplikazioak sortzea.

b) Lantokiaren funtzionamendurako lehendik dauden webgune eta aplikazioen eboluzioa, aldaketak, hobekuntzak eta aldakuntzak: zerbitzu, funtzionaltasun eta eduki berriak ematea; diseinua, irisgarritasuna edo egokitzapena hobetzea gailu mugikorretan erabiltzeko.

c) Webguneak eta software aplikazioak euskarara itzultzeko lanak.

Gailu mugikorretarako software aplikazioen kasuan, gutxienez Androiden eta iOSen funtzionatzeko diseinatu beharko dira.

Ezinbestekoa izanen da produktuaren euskarazko bertsioa zabaltzeko asmoa izatea proiektuaren barrenean.

Laugarren modalitatean ez dira diruz lagunduko honakoak:

a) Lantokian euskara erabiltzea eta sustatzea helburu ez duten eskabideak.

b) Kapitala nagusiki publikoa duten entitate pribatuek aurkeztutako eskaerak, edo fundazioko ondarea edo gobernu-organoen partaidetza edo zuzendaritza nagusiki publikoa dutenek aurkeztutakoak.

c) Alderdi politikoen, hauteskunde-koalizioen eta sindikatuen proiektuak.

d) Norbanakoen atariak eta webguneak.

e) Atari eta webgune puntualak (jardunaldi edo ekimen zehatzen kariaz sorturikoak, euskararekin lotura zuzena izanik ere).

f) Demoak eta prototipoak.

g) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten proiektuak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo itxuraz indarkeria justifikatzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak.

h) Generoen arteko tratu berdintasuna errespetatzen ez duten proiektuak.

i) Material didaktiko inprimatuak, ikus-entzunezkoak edo elektronikoak garatzeko proiektuak.

j) Helduei euskara irakasteko proiektuak, edo euskara planen gaineko aholkularitza eginkizunak betetzen dituztenak.

k) Euskararen kalitatea bermatzen ez duten proiektuak, hots, Euskaltzaindiak emandako arauak eta gomendioak betetzen ez dituztenak.

l) Herritar guztiei zuzenduta ez dauden proiektuak.

m) Euskara ez ezik beste hizkuntza batzuetan ere edukiak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten webguneetan edo software aplikazioetan, gastuaren zati bat baino ez da egotziko, hau da, laguntza ekonomikoa euskarazko edukiei soilik egotziko zaie.

n) Bestalde, dirulaguntza eskatzen bada lehendik zegoen edukiren bat sarean jartzeko, egokitzapen eta itzulpen lana baizik ez da aintzat hartuko.

ñ) Eskatzailearen jarduera orokorraren berezko gastuak ez dira halakotzat hartuko.

o) Balio erantsiaren gaineko zergaren (BEZ) gastua ez da konputatuko, berreskuratu ezin duten zentroetan izan ezik.

6. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak gauzatzeko epea.

Diruz lagundutako epea 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartekoa da, bi egunak barne.

7. oinarria.–Eskaerak aurkeztea eta horien epea.

7.1. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/nafarroako-foru-komunitatean-2023an-euskararen-erabilera-eta-presentzia-eremu-sozioekonomikoan-sustatzeko-laguntzak

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat (tramitatu botoia) izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Eskaera bakoitzak erantsirik izanen du proiektu bat, epe diruz lagungarrian egin beharreko jarduerak behar bezala zehazten dituena.

7.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.3. Ziurtagiri digitala eduki behar da.

7.4. Dokumentazioa eskaneaturik aurkeztuko da, dokumentu bereizitan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

7.5. Dirulaguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, edo nahitaez aurkeztu beharreko dokumentazioa erantsi ezean, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola ulertuko da, eta espedientea artxibatu eginen da, egoera deklaratzen duen ebazpena eman ondoren.

8. oinarria.–Dokumentazioa.

Behin berariazko eskaera telematikoan datuak osatutakoan eta kasuan-kasuan aurkeztu beharreko dokumentazioa han adierazitakoan, dokumentu hauek atxikiko dira:

8.1. Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak emana, entitatea dirulaguntzen onuradun izateko debeku-egoeretan ez dagoela dioena. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Horrez gain, adierazpen horretan adierazi behar du betetzen dituela 4. oinarriko baldintzak (II. eranskina).

8.2. Entitate eskatzailearen nortasun juridikoaren frogagiriak:

a) Eratzeko edo, hala behar badu, aldatzeko eskritura, behar bezala inskribatua Merkataritza Erregistroan, enpresa pertsona juridikoa bada.

b) Eskatzailea beste baten izenean eta hura ordezkatuz ari bada, horretarako emandako ahalordearen frogagiria, notario eta erregistro bidez egina.

c) Identifikazio fiskaleko kodea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark zilegi izan dezan deialdi honetan eskatutako informazioa biltzea beharrezko erakundeetan, espedientea tramitatu eta ebazteko. Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatu eta egiaztatu eginen ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela egiaztatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela egiaztatzen duena.

Entitate edo pertsona eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriro aurkeztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 53.d) artikuluarekin bat.

Kasu horretan, dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena aurkeztu beharko da, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zein organotan edo tokitan, eta noiz aurkeztu zen edo eman zuten.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da agirien prozedura bukatu zenetik bost urte baino gehiago iragan ez badira.

8.3. Kasua bada, laguntza teknikoaren arduraduna den enpresaren edo profesionalaren identifikazioa, atxikita duela proiektua egiteko aukeratutako pertsonek eta profesionalek azkeneko bi urteotan plangintza linguistikoan izan duten esperientziari edo prestakuntzari buruzko adierazpena.

8.4. Gardentasun betebeharrak betetzearen adierazpena (https://www.navarra.es/home_es/serviciosempleado/descargar-fichero/rBv2jmt51yvS8V4YBxVp4ZH6V3p2Nx/GARDENTASUN%20BETEBEHARRARI%20BURUZKO%20ADIERAZPENA.pdf).

8.5. Baldin entitate eskatzailea ez badago alta emanik Nafarroako Gobernuaren Transferentzia bidez Ordaintzeko Sisteman (http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm) edo datu horiek aldatu nahi baditu, jatorrizko inprimakia aurkeztuko du, beterik, edo inprimaki hori Ogasuneko Departamentuko Diruzaintza Atalean aurkeztu izanaren frogagiria.

8.6. Aholkularitza edo laguntza enpresek emandako ekipamenduko ondasunen horniduren edo zerbitzuen kasuan, gastu diruz lagungarriaren zenbatekoa 12.000 eurotik gorakoa bada, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, salbu eta, gastu diruz lagungarrien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzu hori emateko behar adina enpresarik ez badago, edo gastua egin bada dirulaguntza eskatu baino lehen. Hori frogatzeko, egiaztagiri bat aurkeztu behar da, hornitzailea hautatzeko erabili den prozedura justifikatzeko.

8.7. Proiektu zehatz bat, honako hauek jasotzen dituena:

a) 1. modalitatea: euskara plana prestatzea. Enpresaren edo lantokiaren euskara plana egiteko proposamena, garatu beharreko alderdien zerrenda labur bat duela. Gainera, EME koadroko 0 laukia eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria bete behar da (IV. eranskina).

b) 2. modalitatea: aldez aurretik euskara planik baldin badago, planaren beraren kopiaz gain, ezarpen-plana ere aurkeztu beharko da, deialdi honetan jasotzen diren atalekin. Halaber, EME koadroa bete eta aurkeztu behar da, proposatutako neurriak eta haien gastua adierazita, bai eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria ere (IV. eranskina). Era berean, taula bat erantsiko da, 2022ra arte egindako ekintza nagusien zerrenda jasoko duena, urteka banakatuta, baldin eta Euskarabidean ez badago jada.

c) 3. modalitatea: baldin eta neurri zehatzak aplikatu behar badira entitatean euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko, behar bezala betetako EME koadroa, aurreikusitako gastuak adierazita, eta aurrekontuaren, gastuen eta dirulaguntzen orria (IV. eranskina).

d) 4. modalitatea: proiektuak alderdi hauek jaso beharko ditu:

–Proiektuaren deskribapen teknikoa (VIII. eranskina).

–Aurrekontu zehaztua Hartan jasoko dira gastuak, diru-sarrerak eta, halakorik bada, inbertsioak (hots, ekitaldi batean baino gehiagotan amortizagarriak diren gastuak). Proiektuaren aurrekontu hori laburturik emanen da laguntza eskatzeko fitxan, eta xehaturik (IX. eranskina).

–Langileria gastuak (IX. eranskina) A1etik A11rako atalak, barne direla proiektua egiteko behar diren giza baliabideen gastuak, bai barneko gastuak (soldata gordina, zergarik gabe, eta legeak ezarritako kotizazioak), bai kanpokoak (kanpo zerbitzuak kontratatzea).

–Proiektua kudeatzeari lotutako langileria gastuei dagokienez, langileria gastuen gainerako zenbatekoaren %20 hartuko da kontuan, gehienez ere (IX. eranskineko A11 atala).

–Laugarren modalitateko dirulaguntza eskatuz gero, VIII. eta IX. eranskinak soilik bete beharko dira.

Horrez gain, enpresa beste modalitateetako batera aurkezten bada, modalitate bati dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da alde batetik, eta beste modalitateari dagokiona bestetik.

Eskaeraren baloraziorako aurkeztu nahi den edozein dokumentazio osagarri.

9. oinarria.–Datuen tratamendua.

Eskaeran eta erantzukizunpeko adierazpenean emandako datuak, bai eta dirulaguntzaren onuradun izanez gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa ere, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legeria aplikagarrian xedatutakoari jarraituz tratatuko dira. Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubideak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan erabiliko dira, aipatutako legerian oinarriturik.

10. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

Laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak eta administrazio egintzen jakinarazpenak telematikoki eginen dira enpresa eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

11. oinarria.–Bideratzea.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak bideratuko du prozedura. Eskaerak ebaluatuko ditu deialdi honetan ezarritako irizpideen arabera, eta, batzordeak egindako ebaluazioa ikusirik, ebazteko proposamena eginen du.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta hainbanaketa eginen da.

Entitate onuradunek jarduera bera egiteko bateragarriak diren dirulaguntzak hartzen badituzte, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide berekiekin batuta, pertsona edo entitate onuradunek egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

12. oinarria.–Balorazioa: batzorde teknikoa.

12.1. Balorazio Batzorde Teknikoa.

Aurkeztutako eskaerak aztertzeaz arduratuko da, bere erabakia loteslea izanen da, eta kide hauek izanen ditu:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiko arduradun bat, 4. modalitateko eskabideak baloratzeko.

–Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua ordezkatzen duen pertsona bat, 1., 2. eta 3. modalitateetako eskaerak baloratzeko.

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko teknikari bat, idazkari lanetan ariko dena.

Balorazio Batzorde Teknikoak, aurkeztutako programen edukiaren arabera, egoki iruditzen zaizkion teknikarien aholkua eskatzen ahalko du.

Batzordearen ebaluazioa ikusirik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak ebazpen proposamena eginen dio Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

13. oinarria.–Eskaerak baloratzeko irizpideak eta laguntzen esleipena.

13.1. Balorazio irizpideak.

Balorazio Batzorde Teknikoak eskaerak aztertuko ditu ondotik adierazten diren irizpideak kontuan harturik, modulu sistema erabiliz, eta laguntzak lortutako puntuazioaren proportzioan esleituko ditu. 5. oinarrian ezarritako modalitateen ordenari jarraituta.

13.1.1. Aplikatutako irizpideak: 100 puntu gehienez.

–1. eta 3. modalitateak:

a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 60 puntu emanen dira gehienez, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauekin lotutako proiektuak hartuko dira kontuan:

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 25 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 20 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 15 puntu gehienez.

b) Plantillaren edo profesionalen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan jarduerako laneko hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak pertsona edo entitate parte-hartzaileei eskatzen ahal die aprobetxamenduaren frogagiriak aurkez ditzatela.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsona kopurua hartuko da kontuan, baita plantillako kide guztiekin alderaturik zein den prestakuntzan hartzen dutenen zatia ere (ehunekotan).

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

  • 15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %50ek edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.
  • 15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %40k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.
  • 50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %30k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.
  • 250 pertsona baino gehiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %20k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

Prestakuntzaren gutxieneko ehunekoa lortzen ez denean 40 puntuak jasotzeko, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den erakundea, tamainaren arabera.

–2. modalitatea:

a) Lantokietan euskararen presentzia eta erabilera areagotze aldera, 20 puntu emanen dira gehienez ere, eta EMEko hiru ardatzetan jasotako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

  • Komunikazioa eta irudi korporatiboa: 8 puntu gehienez.
  • Kanpo harremanak: 6 puntu gehienez.
  • Barne harremanak: 6 puntu gehienez.

b) Enpresaren edo lantokiaren euskara planaren ezarpenean egindako ibilbidea baloratuko da. Ibilbidea eta planaren egonkortasuna urteen arabera puntuatuko dira, 30 puntu gehienez.

Urte bakoitzeko aldia honela puntuatuko da. Urtebete: 5 puntu; bi urte: 10 puntu; hiru urte: 20 puntu; lau urte edo gehiago: 30 puntu.

c) Gehienez ere 10 punturekin baloratuko da memoria, kontuan izanik plana aplikatzeak zer eragin izan duen honako alderdi hauetan: euskararekiko sentsibilizazioa, haren erabilera eta ezagutza erakundean, eta haren ikusgaitasuna erakundearen barruan zein kanpoan.

d) Plantillaren edo profesionalen prestakuntza linguistiko egokia bermatze aldera, helburu izanik eraginkorki sustatzea euskara izan dadila gero eta gehiago lan jarduerako laneko hizkuntza: 40 puntu gehienez. Euskarabideak erakunde onuradunei dokumentuak aurkezteko eskatzen ahal die, aipatu prestakuntza horretan parte hartzeari eta aprobetxamenduari buruz.

Alderdi hori baloratzeko orduan, pertsonen kopurua hartuko da kontuan, baita zein den haien kopurua (ehunekotan) prestakuntzan hartzen duten erakundeko kide guztien aldean.

Honako hauei 40 puntu emanen zaizkie:

  • 15 pertsona baino gutxiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %50ek edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.
  • 15 eta 49 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %40k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.
  • 50 eta 249 pertsona arteko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %30k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.
  • 250 pertsona baino gehiagoko erakundeen eskaerak, baldin eta haien kideen %20k edo gehiagok prestakuntza-ikastaroetan parte hartzen badu.

Prestakuntzaren gutxieneko ehunekoa lortzen ez denean 40 puntuak jasotzeko, hiruko erregela zuzena aplikatuko da, kontuan izanik zer kategoriatan sailkatzen den erakundea, tamainaren arabera.

–4. modalitatea:

a) Euskararen ikusgaitasuna IKTen ingurunean: 55 puntu gehienez. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan:

  • Euskararen tratamendu teknikoa: proiektuaren arduradunen prestakuntza eta gaitasuna: 10 puntu.
  • Proiektuaren hizkuntza-kalitatea zaintzeko neurriak: 15 puntu.
  • Izaera berritzailea antzeko proiektuen aldean: 15 puntu.
  • Proiektuak zenbateko eragina daukan euskara pizteko enpresan eta kanpo-harremanetan: 15 puntu.

b) Proiektuaren kalitatea eta egokitasun teknikoa: gehienez 35 puntu. Balorazioa egiteko, honako hau hartuko da kontuan bereziki:

  • Proiektua planifikatzeko proposamena: 15 puntu.
  • Diseinuaren eta irisgarritasunerako neurrien proposamena: 5 puntu.
  • Aplikazioaren multiplataforma exekutatzeko neurriak: 10 puntu.
  • Hedapen-neurriak: produktuan egindako gaurkotze-lanak jakinarazteko eta egoki zabaltzeko proposamena: 5 puntu.

c) Kode irekia erabiltzea: 10 puntu.

13.2. Zenbatekoen kalkulua.

a) Hartutako eskaeretan oinarriturik, Balorazio Batzorde Teknikoak zenbatekoak esleituko ditu, modalitate bakoitzaren barnean, puntu sistema erabiliz.

b) Modalitate bakoitzean eskuratutako puntu guztien batuketa egin ondotik, dagoen zenbatekoaren arabera aterako da puntu bakoitzak euroetan duen balioa.

c) Lehenbiziko hiru modalitateetan soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten 2. modalitateko eskatzaileen artean banatuko dira proportzioan.

d) Laugarren modalitatean soberakinik sortzen bada, oraindik diruz laguntzeko tartea duten modalitate honetako eskatzaileen artean banatuko da.

14. oinarria.–Ebazpena.

14.1. Balorazio Batzorde Teknikoak prestatutako proposamena ikusirik, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du aurkeztutako eskaeren gainean, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

14.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenean jaso beharko da eskaera bakoitzari dagokion aurrekontu onartua, eskuratutako puntuazioa eta osotara emandako dirulaguntza, eta hura ukatu bada, horretarako arrazoiak.

14.3. Ebazpenaren edukia Euskarabidearen web-orrian argitaratuko da, baita Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan ere, laguntza honi dagokion fitxan.

14.4. Gehieneko epe hori iragan eta berariaz ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabidea ezetsi dela ulertuko da.

15. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna.

Entitate edo pertsona onuradunek behar bezalako publizitatea emanen diote hartutako dirulaguntzari, dirulaguntzaren onespenaren hasieratik eman ere. Aipamen hori eginen da bat etorriz Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideekin (https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2020/36/0), kasuan-kasuan aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduerak irauten duen aldi guztian ere mantenduko da.

Horrez gain, idatzizko eta ahozko publizitate eta zabalkundeetan, bai eta diruz lagundutako proiektuari buruzko agiri guztietan ere, Nafarroako Gobernuaren eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren parte-hartzearen berri emanen da. Dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera egiten diren publizitate eta zabalkunde jardueretan soilik eskatzen ahalko da betebehar hori.

16. oinarria.–Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako erakunde pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen dokumentua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia: https://www.navarra.es/home_es/serviciosempleado/descargar-fichero/rBv2jmt51yvS8V4YBxVp4ZH6V3p2Nx/GARDENTASUN%20BETEBEHARRARI%20BURUZKO%20ADIERAZPENA.pdf.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera eta organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari zuzenduko zaio.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Erakundeak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen direla maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (aipatutako foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapenezko isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

17. oinarria.–Laguntzen ordainketa.

Dirulaguntza epe bakarrean ordainduko da, urtea bukatu aurretik, behin jardueren memoria eta 18. oinarrian aipatzen diren frogagiriak aurkeztu ondoan.

Gerta daiteke diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onetsitako aurrekontua baino. Horrelakoetan, araberan murriztuko da eman den zenbatekoa.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik, eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabide batzuekin batuta.

18. oinarria.–Onuradunek aurkeztu beharreko egiaztagiriak.

Behin dirulaguntzaren xedeko jarduerak eginda, 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitarte (bi egun horiek barne) egindako jardueraren gastuei dagozkien frogagiriak aurkeztu behar dira.

Egindako gastutzat hartuko da 2023ko irailaren 30era arte (egun hori barne) ordaindu dena.

Dokumentazio hori aurkezteko azken eguna 2023ko urriaren 10a izanen da.

Aurkeztu behar da:

a) Memoria:

MODALITATEA

DOKUMENTAZIOA

1. modalitatea:

Euskara plana jasoko duen memoria: zer jarduera egin diren, jarduera horiek zer neurritan hobetzen dituzten EMEko adierazleak, kronograma, eta ebaluazioa, EMEko adierazleak erabilita.

2. modalitatea:

2023an egindako plana: zer jarduera egin diren, jarduera horiek zer neurritan hobetzen dituzten EMEko adierazleak, kronograma, eta ebaluazioa, EMEko adierazleak erabilita.

3. modalitatea:

Egindako jardueren memoria.

4. modalitatea:

Proiektuaren memoria (VIII. eranskina) eta aurrekontu xehatua (IX. eranskina).

Jarraian zehazten den dokumentazioa 1., 2. eta 3. modalitateetarako baino ez da:

–2. modalitatean, plana abiatu zenetik 2022. urte arteko ibilbidea erantsiko da, urtez urte xehakatua.

–Gutxienez 2 urtez euskararen plan bat martxan jarri duten enpresek honakoen balorazio kualitatiboa eta kuantitatiboa ere jasoko dute memorian: euskararekiko sentsibilizazioa, haren erabilera eta ezagutza enpresan eta hizkuntzaren ikusgaitasuna kanpoan zein barnean.

Hiru modalitateetan, memoriarekin batera, diruz lagundutako ekintzen material grafikoa eta ikus-entzunezkoa aurkeztuko da.

Memorian frogatuko da egindako publizitatea bat datorrela 15. oinarrian ezarritakoarekin, eta, horretarako, beharrezkotzat jotzen den materiala erantsiko da: web-orriak, inprimakiak, katalogoak, argazkiak, bideoak...

b) Diruz lagundutako ekintzari dagozkion gastuen zerrenda (V. eranskina) eta bankuko ordainagiriak (BEZa kanpo), jatorrizkoak edo kopia soilak, aipaturiko aurrekontuaren arabera, dirulaguntzari dagokion aldikoak.

Zerrendako gastuak hurrenez hurren zenbakituak egonen dira eta frogagiriek hurrenkera horri segituko diote. Ahalegina eginen da, halaber, gastuen kontzeptuek eta dagozkien frogagiriek izen bera izan dezaten, egiaztatzea errazagoa izan dadin. Ez dira onartuko dokumentuak baldin eta, formari dagokionez baldintzak bete arren, ezin badira argi eta garbi identifikatu dena delako kontzeptuari dagozkion fakturak.

c) Jarduerarekin lotutako dirulaguntzen zerrenda eta frogagiriak, jatorrizkoak zein kopia soilak (VI. eranskina), diruz lagundutako aldiari dagozkionak.

d) Langileak kontratatzen badira, nominen bidez eta Gizarte Segurantzako kotizazio-dokumentuen bidez justifikatu beharko dira gastuak.

Euskarabideak beretako gordeko du entitate interesdunei jatorrizko agiriak eskatzeko eskubidea, alderatzeko eta haien egiazkotasuna egiaztatzeko; hala ez bada, behar diren legezko ekintzak abiarazten ahal ditu.

V. eranskina (gastuak) eta VI. eranskina (dirulaguntzak) Excel formatuan beteko dira, deialdi honen bidez onesten den ereduaren arabera. Bide telematikoen bidez aurkeztu beharko da jatorrizko formatuan. Entitatean horretarako eskumena duen pertsonak zigilatuko eta sinatuko du Excel bereko VII. eranskina (balantzea).

Kolaborazio lanak egiten dituzten pertsona edo entitateei egindako ordainketak justifikatzeko, indarrean dagoen legeriaren arabera behar bezala betetako fakturak aurkeztuko dira.

Laguntza teknikoaren lanak enpresaren barneko langileek egiten dituztenean (1. eta 2. modalitateak), arduradunak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu behar du enpresak, non zehaztuko baita langileak zenbat ordu aritu diren haietan eta zein den ordu haiei dagokien zenbatekoa.

19. oinarria.–Jardueren kontrola.

19.1. Euskarabideak egokiak iruditzen zaizkion kontrol eta egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu laguntzak hartzeko ezarritako eginbeharrak betetzen direla egiaztatzeko. Eginbeharrak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

19.2. Kasua bada, onuradunak jakinarazi beharko dio laguntza ematen duen organoari xede bererako beste dirulaguntza batzuk eskatu edo jaso dituela, izan beste autonomia erkidego bateko administrazio publiko batenak nahiz erakunde edo entitate publiko edo pribatu batenak.

Laguntza hauen pertsona onuradunek planean programaturiko epeak bete beharko dituzte. Epe horiek bete ezean, Euskarabideak, behar den ikuskapena egin ondoan, emandako laguntza berrikusiko du, eta horren arabera dagokion zenbatekoa gutxitu edo osorik deuseztatuko du, hala behar badu.

19.3. Pertsona edo entitate onuradunek genero-berdintasunaren printzipioak begiratu beharko dituzte, bai beren funtzionamenduan, bai zabaltzen dituzten edukietan. Era berean, material, irudi eta dokumentazio guztiak emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasun, rol aniztasun, berdintasun eta bizikidetza balioak sustatuko ditu.

20. oinarria.–Oinarriak ez betetzea, itzulketak eta arau-hausteak.

20.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra egonen da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan. Balorazio Batzordeak mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak ezartzen ahalko ditu.

20.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

21. oinarria.–Dirulaguntzen araubide orokorra eta errekurtsoak.

21.1. Deialdi honek oinarri arautzaile hauetan xedatutakoari jarraituko dio. Oinarri hauetan berariaz aurreikusirik ez dauden alderdiak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak arautuko ditu, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

21.2. Deialdi honen eta haren oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

21.3. Era berean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzaren onuradun izateko baldintzak betetzen direla dioena

https://www.navarra.es/documents/48192/21315377/II.+eranskina.docx/15c1f5bc-7799-2653-8e67-aad0b9892043?t=1672650068032

III. ERANSKINA

III. A eranskina.–Adierazpena, LAGUNTZA TEKNIKOA emanen duen enpresak/profesionalak duen prestakuntzaren/eskarmentuaren gainean.

III. B eranskina.–Adierazpena, enpresan proiektua gauzatuko duten barne langileen prestakuntzaren/esperientziaren gainean (enpresaren ordezkariek bete beharrekoa).

(https://www.navarra.es/documents/48192/21315377/III.+eranskina.docx/7ed4d308-88de-19ae-d525-97ead388433a?t=1672650085967).

IV. ERANSKINA (EME)

EME taula eta aurrekontu zehaztua, deialdi honetan ezarritako aldiari dagokiona (Excel-a).

(https://www.navarra.es/documents/48192/21315377/IV.+eranskina_EME.xlsx/b610ef22-bfd9-8b37-1b62-3d4f082de188?t=1672650102137).

Justifikazioa:

V., VI. ETA VII. ERANSKINAK

V. eranskina.–Gastuen justifikazioa (Excel-a).

VI. eranskina.–Dirulaguntzen justifikazioa (Excel-a).

VII. eranskina.–Justifikazioaren balantzea (Excel-a).

(https://www.navarra.es/documents/48192/21315377/V.+VI.+VII.eranskinak_justifikazioak.xlsx/1bf71e03-e762-d953-5923-09aafe554b66?t=1672650158323).

VIII. ERANSKINA

Proiektuaren deskribapen teknikoa.

(https://www.navarra.es/documents/48192/21315377/VIII.+eranskina.docx/ff1659c1-5bcb-c347-5024-9cc15adeb47b?t=1672650127732).

IX. ERANSKINA

Proiektuaren aurrekontua.

(https://www.navarra.es/documents/48192/21315377/ix.+eranskina.docx/feec1bf4-51b3-29c9-7fc3-0b56796e894b?t=1672650141559).

Iragarkiaren kodea: F2302819