45. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 3a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MELIDA

Ordenantza, autokontsumorako instalazioak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak arautzen dituena, aldaketa eginez autokontsumorako instalazioen lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren eta instalazio edo obren gaineko zergaren aldaketak arautzen dituen ordenantza fiskalean. Behin betiko onespena

Melidako Udalak, 2023ko otsailaren 16an egindako osoko bilkuran, ordenantza hau behin betiko onestea erabaki du:

–Ordenantza, autokontsumorako instalazioak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak arautzen dituena, aldaketa eginez autokontsumorako instalazioen lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren eta instalazio edo obren gaineko zergaren aldaketak arautzen dituen ordenantza fiskalean.

Hasierako onespenaren erabakia 2023ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 2an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Autokontsumorako instalazioak eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak arautzen dituen ordenantza, zeinak aldaketa egiten baitu autokontsumorako instalazioen lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren eta instalazio edo obren gaineko zergaren aldaketak arautzen dituen ordenantza fiskalean; hori guztia, uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Melidan, 2023ko otsailaren 17an.–Alkatea, María del Valle Coca Pueyo.

ORDENANTZA, AUTOKONTSUMORAKO INSTALAZIOAK ETA IBILGAILU ELEKTRIKOAK KARGATZEKO PUNTUAK ARAUTZEN DITUENA, ALDAKETA EGINEZ AUTOKONTSUMORAKO INSTALAZIOEN LUR-ONDASUNEN GAINEKO KONTRIBUZIOAREN ZERGAREN ETA INSTALAZIO ETA OBREN GAINEKO ZERGAREN ALDAKETAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALEAN

ZIOEN AZALPENA

1.–Isuriak 2030erako murrizteko helburuak 2014ko urriko Kontseilu Europarraren Ondorioetan jasota daude. Ondorio horietan, 2021-2030 aldiko Energia eta Klima Aldaketari buruzko Politika Esparrua onartu zen ("2030 esparrua") energiaren eta klima aldaketaren pakete europarrari jarraipena ematearren. Hauek dira 2030 esparruaren helburu nagusiak:

–Berotegi efektuaren gasen isurketa %40 murriztea 1990eko mailen aldean.

–Jatorri berriztagarriaren %27 lortzea energia kontsumoari dagokionez.

–Energia efizientzia %27 hobetzea.

2.–Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE) Autokontsumoa izapidetzeko gidan adierazten duenaren arabera, toki administrazioak zeregin erabakigarria betetzen du autokontsumorako instalazioak izapidetzeko garaian; horregatik gomendatzen dute udalek beren eskumeneko baimenak emateko izapideak erraztea, hori eginez gero beren udalerrietan autokontsumorako instalazioak jartzea erraztuko baitute.

Beraz, ordenantza honek udal erregulazio bat ezartzen du, zeinak autokontsumorako instalazioak toki eremuan ezartzea sustatzen duen, energia berriztagarriaren sorrera bultzatuz. Eta hori helburu horretarako hirigintza lizentziak izapidetzeko beharrezkoak diren eskakizunetan argitasuna eskainiz.

3.–Ordenantza honen helburua da udalaren esku-hartze erregimena ezartzea autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko instalazioak eta automobilgintzako karga posteak sustatzeari dagokionez, eta horiek erantzukizunpeko adierazpenen erregimenaren eraginpean jartzea uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Lurralde antolamenduari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 192-1-b) eta e) artikuluan xedatutakoaren babesean (II. titulua).

4.–2019ko isurien inbentarioan (Klima eta Energiaren aldeko Ekintza Planaren eremuan egindakoa) berariaz adierazten da garraioaren ondoriozko berotegi efektuko gasen isuriak udalerrietako isuri guztien %70 direla.

5.–Melidako Udalak beregain hartzen du hiri mugikortasun jasangarria, ez hain kutsagarria eta ingurumenarekiko errespetuzkoagoa sustatzeko konpromisoa. Erregai fosilen kontsumoaren murrizketa sustatu eta indartzeko beharraren ondorioz, laster Melidako Udalak ibilgailu elektrikoak kargatzeko bi puntu jarriko ditu Kale Berrian, ibilgailu elektrikoak kargatu ahal izateko beharrezko ekipo eta azpiegiturekin.

6.- Melidako Udalak badaki beharrezkoa dela karga puntu horren erabilera arautzea, ibilgailu elektrikoen titular edo erabiltzaile diren eta beren ibilgailuak kargatzeko interesa duten pertsona guztiek erabil ditzaten, beren eskubideak eta betebeharrak arautuz, zerbitzu publikoaren arrazionalizazio eta prestazio hobea lortze aldera.

Ordenantza eredu honek egun dauden edo etorkizunean instalatzen ahal diren karga puntuen erabilera eta prezio publikoak arautzen ditu, segurtasun juridikoa emanez ibilgailuak kargatzeko zerbitzu publiko berriari.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Udalaren esku-hartzea arautzea, autokontsumorako eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko ondasun higiezinetan egiten diren instalazioak sustatzeko jarduketen arloan, instalaziook sarera soberakinekin konektatuak zein isolatuak izan, instalazioen potentzia nominala 10 kW-ekoa edo txikiagoa izanik, betiere, eta, halaber, ibilgailuen karga zerbitzu publikoa arautzea.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza hau aplikatzearen ondorioetarako, hona zer diren:

Autokontsumoa: kontsumitzaile batek edo batzuek kontsumitzea kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazio batzuetatik datorren energia elektrikoa. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Sarera konektatutako instalazioa: Kontsumitzaile baten sarearen barnean konektatutako generazio instalazioa, sarera konektatzeko azpiegiturak kontsumitzaile batekin partekatzen dituena edo kontsumitzaile horrekin zuzeneko linea baten bitartez lotuta dagoena eta garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa duena edo eduki dezakeena noiz edo noiz. Garraio sarera edo banaketa sarera zuzenean lotuta dagoena ere sarera konektatutako generazio instalaziotzat hartuko da. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Instalazio isolatua: inoiz ez duena ahalmen fisikorik garraio sarearekin edo banaketa sarearekin konexio elektrikoa izateko, ez zuzenean, ez zeharka, norberaren edo besteren instalazio baten bidez. Saretik etengailuen edo gailu baliokideen bitartez deskonektatutako instalazioak ez dira isolatutzat hartuko errege dekretu honen aplikazioak ondorioak izan ditzan. (244/2019 ED, 3. artikulua).

Soberakinak dituen autokontsumo modalitatea: Modalitate horietan, kontsumo instalazioetatik hurbil eta horiekin lotuta dauden ekoizpen instalazioek autokontsumorako energia hornitzeaz gain, soberako energia sartzen ahalko dute garraio eta banaketa sareetan. (244/2019 ED, 4. artikulua).

Potentzia nominala: inbertsorearen gehieneko potentzia izanen da, edo, bestela, inbertsoreen gehieneko potentzien batura.

3. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen aplikazio eremua sarera (soberakinekin edo isolatuta) konektatutako autokontsumorako instalazioak dira, 10 kW-ko edo hori baino txikiagoko potentzia nominaleko eguzki energia fotovoltaikoa edota energia eolikoa dutenak eta Melidako udal-mugartean kokatutako edozein ondasun higiezinetan kokatuta daudenak, bai eta ibilgailuak kargatzeko zerbitzu publiko berria ere.

II. TITULUA

Administrazioaren esku-hartzea

4. artikulua. Administrazioaren esku-hartzearen araubidea.

Ordenantza honetan aipatzen den eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko jarduketen sustapena erantzukizunpeko adierazpenaren araubideari lotuta egonen da.

5. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren aurkezpena eta ondorioak.

1.–Instalazioa egin aurretik, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da Udalean. Adierazpen horretan, dokumentazio hau jasoko da, gutxienez:

a) Udalaren eredu edo eskabide normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek gutxienez jasoko dituena: pertsona edo erakunde sustatzailearen eta eraikuntzako gainerako agenteen nortasunaren egiaztapena, instalazioaren kokalekua, higiezinaren katastro erreferentzia eta higiezinaren tipologia (familia bakarreko etxea, familia anitzeko etxea, pabiloi industriala...), aurrekontua BEZik gabe, instalazioaren potentzia nominala...

b) Instalazioei buruzko proiektu teknikoa, baloratutako memoria edo instalazioen deskripzio agiri teknikoa, aplikatu beharreko araudi teknikoak eskatzen duena.

c) Instalazioaren aurrekontu xehatua. Aurrekontu honen azken balioa (BEZik gabe) eraikuntzen, instalazio eta obren gaineko zerga (EIOZ) kalkulatzeko zerga oinarria izanen da.

d) Obra hasteko aurreikusitako data eta hondakin hustuketarekin (baldin eta sortzen badira), ingurumen arloko alderdiekin eta bide publikoaren erabilerarekin lotutako neurriak adieraztea.

e) Instalazioak egikaritu aurretik beharrezkoa izanen den beste edozein baimen (funtsezkoa edo sektoriala).

2.–Erantzukizunpeko adierazpenak eskubide bat aitortzea edo erabiltzea ahalbidetuko du, Administrazio Publikoek esleituta dituzten egiaztapen, kontrol eta ikuskapen ahalmenak alde batera utzi gabe. Ondorio guztietarako, pertsona edo erakunde interesduna gaituta dago instalazioa egikaritzeko erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentuak aurkezten dituenetik aurrera.

6. artikulua. Paisaia eta ingurumen integrazioak.

1.–Autokontsumorako instalazioek hirigintza plangintzan, eraikuntzako ordenantzetan eta aplikatu beharreko gainerako araudi sektorialean paisaia eta ingurumen integrazioei buruz ezarritako irizpideak bete beharko dituzte.

2.–Aurrekoa bereziki garrantzitsua izanen da Kultura Intereseko Ondasun (KIO) gisa katalogatutako higiezinetan kokatuta dauden edo KIO ingurunean edo hirigune historikoetan daudelako babes motaren bat duten higiezinetan.

7. artikulua. Autokontsumoaren Erregistro autonomikoan inskribatzea.

Autokontsumorako instalazioei alta eman beharko zaie Nafarroako Gobernuko energia elektrikoaren autokontsumorako instalazioen Erregistro Administratiboan.

8. artikulua. Epeak.

Obrak gehienez ere hiru hilabeteko epean hasi beharko dira, Udalari aurretiazko komunikazioa aurkezten zaionetik zenbatzen hasita. Obrak amaitzeko epea sei hilabetekoa izanen da hasiera datatik aurrera.

9. artikulua. Plaka fotovoltaikoak instalatzeko baldintzak.

Eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki energia fotovoltaikoaren instalazioek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Estalki inklinatuak. Panel fotovoltaikoak jartzen ahalko dira estalki isurkietan, isurkien inklinazio berarekin eta beren planotik atera gabe, eraikin katalogatuetan izan ezik; kasu horretan, babesari buruzko hirigintza araudia aplikatzeko eskumena duen organoak baiezkotzat ematen duena hartuko da kontuan.

b) Estalki lauak. Eguzki panelak azken forjatuaren ertzetatik 45º-an trazatutako planoek eta azken forjatuaren goiko aldetik neurtuta 200 cm-ko altueran kokatutako plano horizontal batek osatutako inguratzailearen barruan kokatu beharko dira, ilustrazioko irudian bezala. Estalkia babesteko petoa babeski gardenekin luzatu beharko da. Babeski horiek estetikaren aldetik tokirako egokiak izan beharko dira, aurrealde opakorik sortu gabe, panelaren gehieneko altueraraino.

Peto hori luzatzea ez da beharrezkoa izanen, baldin eta panelak fatxadaren planotik hurbilen duen aldetik neurtutako distantzia (d) estalkiaren forjatuaren goiko aldearen eta panelaren zatirik altuenaren artean dagoen distantzia (h) berbera edo hori baino handiagoa bada. Katalogatutako eraikinen kasuan, babesari buruzko hirigintza araudia aplikatzeko eskumena duen udal organoak ematen duen konponbidea aplikatu beharko da.

c) Fatxadak. Hartzeko panelak instalatzen ahalko dira fatxadetan, horien inklinazio berberarekin eta beren planotik atera gabe, fatxadaren eta eraikinaren gainerako atalen konposizioarekin harmonian, eta hirigintza araudian, eta, hala badagokio, paisajismoa babesteari buruzko indarreko ordenantzetan adierazitako baldintza estetikoen mende egonen dira.

d) Arestian aipatutakoez bestelako leku eta baldintza batzuetan dauden eraikinetako eta eraikuntzetako eguzki energia fotovoltaikoko instalazioak ez dira antiestetikoak izaten ahalko; hortaz, Udalak ukatzen edo baldintzatzen ahalko du Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean edota ordenantza honetan ez ezik, indarrean dagoen beste edozein hirigintza arauditan ere ezarritakoa betetzen ez duen edozein jarduketa.

Ordenantza honetan araututako autokontsumorako instalazioei zuzenean aplikatuko zaizkie eraikinak, multzo arkitektonikoak, inguruneak eta paisaiak zaintzeko eta babesteko hirigintzako arauak, ondarea babesteko katalogo edo planetan jasotako horiei guztiei dagokienez.

Halakoetan, enpresa sustatzaileak instalazio horien bateragarritasun azterketa aurkeztuko du ordenantza honen 3. artikuluan xedaturiko dokumentazioarekin batera. Udal organo eskudunak instalazioak arau horietara egokitzen ote diren egiaztatuko du eta instalazioen integrazio arkitektonikoa balioetsiko du, baita ingurumenean izan ditzaketen onurak eta kalteak ere, eraikin mugakideetan bizi diren pertsonei traba egin diezaieketen erreflexuak maiz ez sortzea barne.

Debeku da espresuki fatxadetan inolako hodirik, kablerik edo bestelako elementurik trazatzea, salbu eta eskabidean zehatz-mehatz eransten bada eraikuntzako konponbide bat, eraikinaren estetikan ongi integratzen dela bermatuko duena.

10. artikulua. Enpresa instalatzaileak.

Instalazio fotovoltaikoak gaitutako enpresa instalatzaileek, "Behe Tentsioa sortzen duten Instalazioak" espezialista kategoria dutenek, egin beharko dituzte eta Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoan eta aplikatu beharreko araudi sektorialean eskatzen diren eskakizun guztiak beteko dituzte.

Lanak bukatu ondoren, gaitutako enpresa instalatzaileak instalazio elektrikoaren ziurtagiria egin beharko du.

III. TITULUA

Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobariak

11. artikulua. Lur-ondasunen gaineko kontribuzioaren zergaren hobarien izaera.

Ondasun higiezinen gaineko zerga zuzeneko tributu erreala da, ondasun higiezinen balioaren gainean kargatzen dena, eta arautuko da ordenantza fiskal honen bidez eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko II. kapituluko 133tik 158ra bitarteko artikuluetan (biak barne) ezarritakoaren bidez (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, abenduaren 29ko 22/2020 Foru Legearen bidez aldatua).

12. artikulua. Hobariak.

Zerga kuotaren %50eko hobaria izanen dute etxebizitzek, baldin haietan ohiko bizilekua duten subjektu pasiboek aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuak badituzte bertan. Gainera, etxebizitzaren titularrak erroldaturik egon beharko du etenik gabe hobaria egin beharreko urtearen aurrekoaren urtarrilaren 1etik, eta hala jarraitu beharko du hobaria indarrean den 5 urteetan.

Hobari hau egiteko baldintza izanen da subjektu pasiboaren errenta guztiak ez izatea lanbide arteko gutxieneko soldata halako lau baino gehiago (ez dira kontuan hartuko errenta salbuetsiak).

Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.

Eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du nahitaez:

a) Eskabidea, non jasoko baita katastroko erreferentzia, etxebizitzari dagokion hiri unitatea eta hobariaren xedeko ondasun higiezinaren helbidea.

b) Familia unitateko kide guztien pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren edo aitorpenen fotokopia edo, bestela, Foru Ogasunaren ziurtagiria, adierazten duena aitorpena ez dutela egin ez zeudelako egitera behartuta. Bestela, familiak lortutako diru-sarrera gordinen zinpeko deklarazioa aurkeztuko du eskatzaileak, agiri bidez frogaturik.

c) Sistema horiek ohiko bizilekuan instalatu direla egiaztatzen duen dokumentazioa. Udalak egiaztatzen ahalko du ea instalazio horiek baimena duten, udal lizentzia bidez, eta hobaria ukatzen ahalko du instalazioa legeztaturik ez badago.

d) Udalarendako baimena, subjektu pasiboen datuak kontsultatu ahal izateko ogasunaren eta industriaren alorretan eskumena duten administrazioetan.

13. artikulua. Hobariei aplikatu beharreko baldintzak.

Subjektu pasiboaren errentak kalkulatzeko, diru-sarrera gordinak hartuko dira kontuan (baturik zerga oinarri orokorra eta ondare gehikuntzen saldo garbiari dagokion zerga oinarri berezia, hots, PFEZaren egungo aitorpen ereduko 507 eta 524 laukiak).

Hobari hauek izan ahal izateko errenta muga zehazterakoan, kontuan hartuko den lanbide arteko gutxieneko soldata izanen da indarrean zegoena frogatu beharreko errentaren aitorpenei dagokien urtearen abenduaren 31n.

Hobari hauek erreguzkoak dira, eta zerga onura honen titularrak ondasun higiezin bakarrerako aplikatzen ahalko ditu. Hobaria eskatzeko epea izanen da urte bakoitzaren urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa. Hobariok ez dira metagarriak izanen. Etxebizitza batek lor dezakeen gehieneko hobaria %50 izanen da.

Udalak aukeran izanen du edo kontribuzioaren ordainagiriak hobaria aplikaturik igortzea, edo, bestela, kontribuzio osoaren ordainagiriak igorri, eta gero hobariaren zenbatekoa itzultzea subjektu pasiboari, ekitaldi bakoitzeko bigarren seihilekoan.

Ohiko bizilekuaren helbidea aldatzeak berekin ekarriko du hobaria izateko eskubidea galtzea; hala, higiezin berrirako, hobaria eskatzeko epearen barruan egin beharko da eskaera.

Subjektu pasiboek nahitaez jakinarazi beharko dute gertatzen den aldaketa oro, baldin eta eragina badu hobari honen ondorioetarako.

Udalak ofizioz egiaztatuko ditu erroldatze urteei dagozkien baldintzak.

Hobari hauek izateko, egunean egon beharko da Udalarekiko zorren ordainketan.

14. artikulua. Bateragarritasuna.

Ordenantza honetan araututako OHZren hobaria bateragarria da beste administrazio batzuek xede bererako emandako zerga kenkariekin edo/eta dirulaguntzekin.

IV. TITULUA

Instalazio, eraikuntza eta obren gaineko zergaren murrizketa

15. artikulua. Instalazio, eraikuntza eta obren gaineko zergaren murrizketaren oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da babes harturik martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 167.etik 171.era bitarteko artikuluetan, biak barne (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea, abenduaren 29ko 22/2020 Foru Legearen bidez aldatua).

16. artikulua. Zerga egitatea.

Zerga honen zerga egitatea da udal-mugartean zernahi eraikuntza, instalazio edo obra egitea, baldin eta hartarako beharrezkoa bada hirigintza edo obra lizentzia bat, lizentzia hori erdietsia izanik ala izan gabe, edo erantzukizunpeko adierazpenaren edo hartarako aurretiazko komunikazioaren aurkezpena eskatzen bada, betiere Melidako Udalari badagokio lizentzia ematea edo kontrol jarduera egitea.

17. artikulua. Salbuespenak.

Zernahi eraikin, instalazio edo obra egitea zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da baldin eta horien jabeak badira Estatua, Nafarroako Foru Komunitatea, autonomia erkidegoak, edo Nafarroako toki erakundeak, eta baldin, zergapekoak izanik ere, zuzenean erabiltzekoak badira errepide, burdinbide, aireportu, lan hidrauliko, hiri saneamendu edo haien hondakin uren saneamendurako, nahiz eta erakunde autonomoek kudeatu, dela eraikuntza berriko lana, dela kontserbaziokoa.

Halaber, zerga ordaintzetik salbuetsirik egonen da etxebizitzetan eraikuntza, instalazioa edo obra egitea baldin eta, etxebizitzen jabeak Nafarroako Foru Komunitatea, Estatua edo Nafarroako toki erakundeak izanik, eta horiek irabazi asmorik gabeko erakundeei lagata egonik, arazo ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko badira.

18. artikulua. Subjektu pasiboak.

1. Zerga honen subjektu pasiboak hauek dira, zergadun gisa: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren entitateak, baldin eraikuntza, instalazio edo obraren jabe badira, hura egiten den higiezinaren jabe izan zein ez.

Aurreko paragrafoan aurreikusi ondorioetarako, eraikuntzaren, instalazioaren edo obraren jabetzat hartuko da bere gain hartzen dituena haiek egitearen ondoriozko gastuak edo kostua.

2. Eraikuntza, instalazioa edo obra ez badu egiten subjektu pasibo zergadunak, zergadunaren ordezko subjektu pasibotzat joko dira kasuko lizentziak eskatzen dituztenak, kasuko erantzukizunpeko adierazpenak edo aurretiazko komunikazioak aurkezten dituztenak, edo eraikuntzak, instalazioak edo obrak egiten dituztenak.

Ordezkoak zergadunari eskatzen ahalko dio ordaindutako tributu kuotaren zenbatekoa.

19. artikulua. Zerga oinarria.

Zerga oinarria da eraikuntza, instalazio edo obraren kostu erreal eta benetakoa, eta halakotzat hartzen da, ondorio hauetarako, haren gauzatze materialari dagokiona, barnean hartuta proiektuan diren elementu guztiak, baldin berezitasun edo nortasun propiorik ez badute lizentziaren edo erantzukizunpeko adierazpenaren xede den eraikuntza, instalazio edo obrarekiko. Zerga oinarriaren zati ez dira ez balio erantsiaren gaineko zerga, ez araubide bereziko antzeko zergak, ez tasak, prezio publikoak edo tokiko izaera publikoko ondareko gainerako prestazioak, horiek baldin badira eraikuntza, instalazio edo obra alorrekoak, ez eta profesionalen ordainsaria, kontratistaren enpresa mozkina edo beste edozein kontzeptu ere, sartzen ez badira exekuzio materialaren kostuan.

20. artikulua. Kuota.

1. Zerga honen kuota izanen da zerga oinarriari karga tasa aplikaturik ateratzen dena.

2. Karga tasa %3koa izanen da, Udalak osoko bilkuran erabakita.

21. artikulua. Sortzapena.

Zerga hau, eraikuntza, instalazioa edo obra hasten delarik sortzen da, nahiz eta hartarako lizentziarik lortu ez, edo erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu ez.

22. artikulua. Hobaria.

EIOZren kuotaren %95erainoko hobaria izanen dute eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak dituzten eraikuntza, instalazio edo obrek, betiere ohiko etxebizitzako etxeko autokontsumorako bada. Hobari hori aplikatuko da, soil-soilik, sistema horien exekuzio materialaren kostuari dagokion zatiaren gainean.

23. artikulua. Zergaren kudeaketa.

1. Aginduzko lizentzia ematen denean, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo, eraikuntza, instalazioa edo obra hasi bada, lizentzia eskatu, eman edo ukatu edota erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkeztu baino lehen, konturako behin-behineko likidazio bat eginen da, eta honela zehaztuko da zerga oinarria:

a) Interesdunak aurkeztutako aurrekontua aintzat hartuta, betiere dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia, hori aginduzko betebeharra denean.

b) Aurrekonturik ez dagoen kasuetan eta ordenantza fiskalak hala jasotzen duenean, horretarako ezartzen dituen indizeen edo moduluen arabera.

2. Ikusirik benetan egin diren eraikuntza, instalazio edo obrak, bai eta horien kostu erreal eta benetakoa ere, Udalak, dagokion administrazio egiaztapenaren bidez, aurreko zenbakian aipatutako zerga oinarria aldatuko du, beharrezkoa bada, eta dagokion behin betiko likidazioa eginen du; hala bada, subjektu pasiboari behar den zenbatekoa eskatu edota itzuliko dio, kasuan kasukoa.

24. artikulua. Bateragarritasuna.

Ordenantza honetan araututako EIOZren hobaria bateragarria da beste administrazio batzuek xede bererako emandako zerga kenkariekin edo/eta dirulaguntzekin.

V. TITULUA

Ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuen xedapen orokorrak

25. artikulua. Zerbitzuaren izaera eta xedea. Helburua eta instalazioak.

1. Melidako Udalaren jabetzako karga puntuak ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzura bideratutako jabari publikoko ondasuna dira.

2. Ordenantza honen helburua karga puntuen erabilera pribatiboa edo aldi baterakoa arautu, antolatu eta kontrolatzea da.

26. artikulua. Zerbitzuaren prestazioaren titulartasuna eta kudeaketa.

1. Karga puntuak Melidako Udalaren jabetzakoak izanen dira.

2. Ordenantza honetan aipatzen den zerbitzua kudeaketa zuzenaren bidez emanen da, zuzenbidean onartutako moduetako edozeinetan, kasuan kasuko legezko izapideak bete ondoren.

27. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza hau Melidako Udalaren titulartasunpeko karga estazio guztietan aplikatuko da, Melidako udal-mugartean.

28. artikulua. Definizioak.

1. Karga puntuen instalazio finkoa erabiltzen ahal dute honako kategoria hauetako ibilgailuek: bizikletak, patineteak, motozikletak, kuadrizikloak, 6.500 kg-tik beherako gehieneko masa baimendua duten turismoak eta mikrobusak, baldin eta, era berean, honako teknologia hauek badituzte:

a) Ibilgailu elektriko hutsak (BEV): Ibiltzeko motor elektrikoak baino ez dituena da; energia, guztia zein zati bat, baterietako elektrizitateak sortzen du eta bateriak kargatzeko ibilgailuaz kanpoko iturria erabiltzen da (sare elektrikoa, kasurako).

b) Autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoak (REEV): Ibiltzeko motor elektrikoak baino erabiltzen ez dituena da; energia, guztia zein zati bat, baterietako elektrizitateak sortzen du eta bateriak kargatzeko ibilgailuaz kanpoko iturria eta gasolinaz edo gasolioaz dabilen barne errekuntzako motorra erabiltzen dira.

c) Ibilgailu hibrido entxufagarriak (PHEV): Ibiltzeko gasolinazko edo gasoliozko barne errekuntzako motorrak eta motor elektrikoak erabiltzen dituena da; motor elektrikoaren energia, guztia zein zati bat, baterietako elektrizitateak sortzen du eta bateriak kargatzeko ibilgailuaz kanpoko iturria erabiltzen da (sare elektrikoa, kasurako). Motor elektrikoa kanpoko iturri bati esker kargatzen diren bateriek elikatu behar dute.

2. Beste definizio batzuk.

a) Karga puntuak edo karga estazioak instalatzea. Ibilgailu elektrikoei korrontea emateko ekipo guztiak, inguratzaile bat(zu)etan instalatuta, kontrol funtzio bereziekin, ibilgailutik kanpo, UNE EN-61851-1 arauan definitzen den bezala. Karga puntuetan karga hartune bat edo gehiago egoten ahalko dira.

b) Karga azpiegitura: Kasu bakoitzerako aurreikusitako segurtasun eta erabilgarritasun baldintzak betetzen dituzten ibilgailu elektrikoak kargatzeko gailu fisiko eta logiko guztien multzoa, karga zerbitzua osorik emateko gaitasuna duena. Karga azpiegiturak barne hartzen ditu karga estazioak, kontrol sistema, kanalizazio elektrikoak, aginte eta babes koadro elektrikoak eta neurketa ekipoak, horiek ibilgailu elektrikoak kargatzeko bakarrik direnean. Ez dira karga azpiegitura honen barruan sartzen telelaguntza sistema informatiko zentralizatuak.

c) Karga puntuaren operadorea: Pertsona fisiko edo juridikoa, ibilgailu elektrikoen karga estazioak ustiatzeko eskubideen titularra.

d) Mugikortasun elektrikoko zerbitzuak hornitzen dituen enpresa: Karga energetikoko zerbitzuak emateko hirugarren moduan parte hartzen duen enpresa, ibilgailu elektrikoen karga puntuen azpiegituraren edo ustiapen eskubideen titular izan gabe; ibilgailu elektrikoaren erabiltzaileak harekin kontratatzen ditu ibilgailu elektrikoaren karga energetikoarekin lotutako zerbitzu guztiak.

e) Elkarreragingarritasun akordioa: Karga puntuaren operadorearen eta mugikortasun elektrikoko zerbitzuak hornitzen dituen enpresaren artean sinatutako akordioa, ibilgailu elektrikoen karga energetikoaren zerbitzua eraginkortasunez eman ahal izateko.

VI. TITULUA

Erabilera eta prezio publikoen arauak

29. artikulua. Erreserbatzeko eta kargatzeko prozedura.

1. Karga puntuak erabiltzeko baimena eskuratzeko prozedura erabiltzaileak berak abiaraziko du, Melidako Udalak erabakitzen d(it)uen aplikazio informatiko(ar)en bidez

2. Erabiltzaileak karga puntuaren instalazioa erabiltzeko erreserba egin beharko du, aldez aurretik. Erreserba egindakoan, seinalatutako perimetroaren barruan jarri beharko du erabiltzaileak ibilgailua. Halaber, ekipo eta gailuen erabilera egokia eta arduratsua eginen du. Karga erreserban baimendutako denboran eginen da.

3. Gehieneko karga denbora hiru ordukoa da. Denbora hori mugatzen ahalko da, hala behar bada edo eskariaren intentsitateak hala eskatzen badu.

4. Karga aldiaren muga. Eskariaren beharrarekin edo intentsitatearekin lotutako arrazoien ondorioz karga denbora mugatzen ahalko da, denbora gehiagorako baimena lortu arren. Erabiltzailearen ardura izanen da ibilgailua erretiratzea, karga puntuko kontrol langileek eskatuta, karga osatu ez bada ere.

5. Karga amaitu eta ibilgailua erretiratzea. Karga amaitutakoan, erabiltzaileak berehala erretiratu beharko du ibilgailua.

6. Ibilgailua erretiratzea. Ibilgailuak erreserbatutako gehieneko karga aldia gainditzen badu, hogeita hamar minututik gorako aldeaz, zilegi izanen da Udal Gordailura erretiratzea, mekanikoki ibilgetzea edo Udaltzaingoak edo langile baimendunak salatzea. Ibilgailuaren titularrak edo hark legez baimendutako pertsonak ordaindu beharko ditu ibilgailua udal gordailura eraman eta han edukitzearen gastuak edo ibilgetzeak eragindako gastuak, gaia arautzen duen ordenantzan azaldutako baldintzetan.

30. artikulua. Erabilera arauak.

1. Kargatu beharreko ibilgailua espazio mugatuaren barruan aparkatu beharko da, kargaren norabidean, eta balazta edo antzekoa aktibatu. Ibilgailuak kargatzeko mugatutako espazioan ezin da aparkatu. Espazio hori oztoporik gabe eta erabiltzaileen esku egon behar da, bere xederako erabiltzen ez den bitartean.

2. Segurtasun arauak. Kargaren erabiltzaileak kargatu beharreko ibilgailuaren fabrikatzaileak xedatutako segurtasun arau guztiak beteko ditu, bai eta udal karga puntuko ekipo edo instalazioen fabrikatzailearenak ere.

3. Erabilera arduratsua. Udal karga puntuaren erabiltzaileak arduraz erabili beharko du, behar bezala zainduz, zerbitzu publikoa egokia izan dadin. Ekipoari edo azpiegitura osatzen duten elementuei dagokienez, ez dira aldatzen edo manipulatzen ahalko. Halaber, klableak ez dira behartzen, tolesten edo zimikatzen ahalko, ez eta horiek aldatu edo kaltetzeko ekintzarik egiten ahalko ere. Halaber, ekipo edo azpiegitura horiek ez dira erabiltzen ahalko ibilgailu elektrikoak kargatzeaz bestelako helburuetarako. Karga amaitzean, erabiltzaileak kablea behar bezala jaso beharko du eta konektorea dagokion espazioan jarri.

4. Zehaztapenak. Karga puntuen erabiltzaileek bete egin beharko dituzte Udalak instalazioen zaintza eta errespetuaren gainean ematen dituen adierazpenak, betiere udalaren karga puntua egoera onean zaintzeko.

31. artikulua. Ordaindu beharra.

1. Ibilgailu elektrikoen erabiltzaileek prezio publikoak ordaindu behar dituzte, izan pertsona fisikoak edo juridikoak, baldin eta udal titulartasuneko karga puntuak erabiltzen badituzte.

2. Ordaintzeko betebeharra ibilgailu elektrikoa kargatzeko zerbitzua hasten den unean hasten da.

32. artikulua. Prezio publikoen ordainketa.

1. Ibilgailu elektrikoen karga zerbitzuen prezio publikoak zerbitzuko erabiltzaileek ordainduko dituzte, autolikidazio araubidean, karga puntuetan instalatutako bitarteko fisiko edo elektronikoen bidez. Energiaren prezioa (euro/kW) argi eta gardentasunez adieraziko da, baita hornitutako energia ere (kWh).

2. Udalak, karga puntuaren operadore gisa, mugikortasun elektrikoko zerbitzuak hornitzen dituen enpresa baten bitartez jarduten badu, elkarreragingarritasuneko akordio baten arabera, prezio publikoak elkarreragingarritasuneko akordioari jarraikiz eta mugikortasun elektrikoko zerbitzuak hornitzen dituen enpresaren bidez ordainduko dira.

33. artikulua. Prezio publikoen zenbatekoa.

1. Prezio publikoen zenbatekoa izanen da karga zerbitzuaren kostua estaltzen duena.

2. Urtero, karga zerbitzuaren prezio publikoa ezarriko da, euro/kWh-tan, Melidako Udaleko udal tasak eta prezio publikoak arautzen dituen ordenantzan.

3. Energia kostuen aldakortasunaren ondorioz, zerbitzuaren prezioa aldatzen ahalko da, haren kostura egokitzeko. Prezioaren eguneraketa Melidako Udalak eskura jartzen d(it)uen aplikazio(et)an agertu beharko da.

VII. TITULUA

Ikuskapena, eskumena eta zehapen araubidea

34. artikulua. Ikuskatzeko ahalmena.

Udalak ordenantza honetan eta indarrean dagoen gainerako araudian xedatutakoa betetzen dela ikuskatzeko ahalmena dauka.

Estatuko Segurtasuneko Kidego eta Indarrek edo baimendutako langileek eskumena izanen dute ordenantza hau betetzen dela zaintzeko.

Ordenantza honetan ezarritako betebeharrak, debekuak edo mugak urratzen badira, bai eta Alkatetzak ordenantza garatuz ezarritako xedapenak ere, arau-haustea dagoela ulertuko da. Kasu horretan, Estatuko Segurtasuneko Kidego eta Indarren ardura izanen da ikuskaritza lanak egin eta arau-hausteak salatzea.

35. artikulua. Eskumena eta zehapen prozedura.

Zehapen prozedura hasteko eta ebazteko organo eskuduna Melidako Udaleko Alkatetza edo eskumen hori eskuordetuta duen Zinegotzigoa izanen da, betiere dagokion espedientea zabaldu ondoren.

Zehapen prozedura bideratuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

36. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen arau-hausteak dira honako jarrera hauek:

1. Falta arinak.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza okupatzea, erreserba eduki gabe.

–Ibilgailu elektrikoak kargatzeko erreserbatutako plaza bat baino gehiago okupatuz aparkatzea.

–Ez erretiratzea ibilgailua, ibilgailua kargatzeko denbora amaitu eta hogeita hamar minutu igarotakoan.

–Kablea ez batzea edo konektorea behar bezala ez jasotzea.

–Udalak aparkatzeari, ibilgailua erretiratzeari, edo karga puntuko ekipoa edo azpiegitura erabiltzeari buruz eman dituen jarraibideak ez betetzea, baldin eta beste erabiltzaile batzuen eskubideak kaltetzen ez badira edo karga puntuko ekipoa edo azpiegitura kaltetzen edo hondatzen ez bada.

–Ordenantza honetan ezarritako arauak eta hura garatuz ezartzen diren xedapenak urratzearen ziozko egintza, baldin eta berariaz astuntzat jotzen ez bada.

2. Falta astunak.

–Hurrengo erabiltzailearen karga atzeratzea, ibilgailua puntualtasunez ez erretiratzeagatik karga amaitutakoan.

–Ibilgailua ez erretiratzea karga amaitu eta hiru ordu baino gehiago igarotakoan, erreserbatutako plaza okupatuz, erreserba duen beste erabiltzaile bat ez badago ere.

–Zabarkeriaz kaltetzea karga puntuetako ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.

–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo udalaren karga puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun araua, baldin eta horrek zerbitzu publikoen gaineko kalteak, udalaren jabetzako ondasunen gaineko kalteak, edo hirugarren erabiltzaileen eskubideen gainerako urraketak badakartza.

–Urtebetean bi arau-hauste arin egiteagatik zehapena jaso izana.

3. Falta oso astunak.

–Hurrengo ibilgailuari karga osoa eragoztea, erreserbaren denbora guztia bidegabeki okupatzeagatik.

–Karga puntu, ekipo, instalazio edo seinaleetako elementuak lapurtzea.

–Nahita kaltetzea karga puntuetako ekipo edo instalazioen elementuetako edozein.

–Ez errespetatzea ibilgailuaren fabrikatzaileak edo udalaren karga puntuko ekipo eta instalazioen fabrikatzaileek xedatutako segurtasun araua, baldin eta horrek istripua eragiten badu.

–Udalak ingurua zaintzeko ezartzen dituen jarraibideak ez betetzea.

–Karga puntuen zerbitzuari iruzurrezko erabilera ematea.

–Ez identifikatzea arau-haustearen ustezko arduraduna, nahiz eta horretarako errekerimendua egin Udaltzaingoak, Guardia Zibilak edo gainerako agintaritza agenteek.

–Urtebetean bi arau-hauste astun egiteagatik zehapena jaso izana.

37. artikulua. Zehapenak.

1. Ordenantza honen arau-hausteek zehapen hauek ezartzea ekarriko dute:

–Arau-hauste arinek 100 euroko isuna izanen dute zehapen.

–Arau-hauste astunek 200 euroko isuna izanen dute zehapen.

–Arau-hauste oso astunek 500 euroko isuna izanen dute zehapen, bai eta karga puntua hiru hilabetez erabiltzeko debekuaren zehapen osagarria ere.

2. Ordenantza honen arau-hausteen ziozko diruzko zehapenek indarreko legedian aurreikusitako murrizketak lor ditzakete.

38. artikulua. Kautelazko neurriak.

1. Arau-haustea egin duen ibilgailua bide publikotik kendu edo ibilgetu eginen da, ordenantza honetan eta indarreko legedian aurreikusitako kasuetan. Udalaren garabi zerbitzuari edo gordailuari eskatzen ahalko zaio ibilgailua erretiratu eta horretarako baimendutako lekura eramateko, arau-hausleari dagozkion xedapenak aplikatuta, garabi zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren arabera (halakorik badago).

2. Arau-hauste bat gertatzen denean, arau-hausleak ez badu frogatzen ohiko bizilekua Espainiako lurraldean duela, salaketa egin duen agenteak behin-behinean ezarriko du isunaren zenbatekoa, eta zenbateko hori ordaintzen ez bada edo haren ordainketa bermatzen ez bada Zuzenbidean onartzen diren bideetako edozein erabiliz, ibilgailua ibilgetu eginen du.

39. artikulua. Erantzuleak.

Arau-haustea eragin duen jarreraren egilea izanen da horren gaineko arduraduna, eta, hala badagokio, ibilgailuaren titularra edo alokatzailea, eta, beraz, arau-haustearen arduraduna behar bezala identifikatu beharko dute.

Arau-haustea dakarten jarduerak hainbat pertsonaren artean egiten direnean, eta ezinezkoa denean zehaztea bakoitzak noraino hartu duen parte, guztiak izanen dira erantzule modu solidarioan, prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoari jarraikiz.

Era berean, kalteen erantzule solidarioak izanen dira pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteei aurre hartzeko.

VIII. TITULUA

Lehengoratzea eta kalteordaina

40. artikulua. Lehengoratzea eta kalteordaina.

Ordenantza honetan ezarritako jarrerengatik ezar daitezkeen zehapenak gorabehera, arau-hauslea behartuta egonen da, hala dagokionean, ondasunak lehen zuten egoerara itzultzera eta berritzera, eragindako kalte eta galeren ordaina emanez. Horretarako, Udalak, zerbitzu tekniko eskudunen tasazioaren ondotik, konponketaren zenbatekoa erabakiko du, eta horren berri emanen dio arau-hausleari edo haren ordezkoari, ezarritako epean ordainketa egin dezan.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indarrik gabe gelditu dira Ordenantza honi kontra egiten dioten, berarekin kontraesanean dauden edo bateragarri ez diren udal xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honen interpretazioa Udal honena da ez beste inorena.

Bigarrena.–Udalak une oro egiaztatzen ahalko du obrak behar bezala gauzatu direla eta eskakizunak eta baldintzak betetzen direla, hala baldintza juridikoak nola materialak zein bestelakoak, beharrezkoak badira ordenantza honetan araututako laguntza ekonomikoak aitortu eta ordaintzeko eta zerga onurak aitortzeko.

Hirugarrena.–Ordenantza honetan espresuki ezarrita ez dagoenari dagokionez, honako hauek aplikatuko dira: martxoaren 10eko Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Legea, abenduaren 14ko Nafarroako Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra, uztailaren 2ko Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko Foru Legea, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren beste guztiak.

Laugarrena.–Arau hierarkia. Ordenantza honen indarraldia hasi ondoren goragoko mailako arauren bat aldarrikatzen bada eta indarrean jarri, eta ordenantza honetan arautzen diren gaietan eragina badu, arau horiek zuzenean aplikatuko dira, ondoren ordenantza hau egokitu ahalko den arren.

Bosgarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen denetik aurrera berau aurkaratzeko Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Administrazioak legez ezarritako epea iragaten denean.

Iragarkiaren kodea: L2302804