45. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 3a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10E/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi bat, 2023rako, laguntzak emateko irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateei, jarduerak egin ditzaten euskararen erabilera sustatzeko nahiz haren presentzia soziala bultzatzeko. DDBN identifikazioa: 676752.

Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eginkizunak dira, besteak beste, sentsibilizazio programak gauzatzea euskararen presentziaz eta erabileraz bizitza sozialaren zernahi esparrutan, eta entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean aritzea helburu hori lortzeko.

Horrenbestez, komenigarritzat jotzen da laguntzak ematea entitateei, baldin gauzatzen badituzte euskara erabiltzeko eta sentsibilizaziorako programak 2023rako. Norgehiagoka emanen dira.

Beraz, eman zaizkidan eskudantziak baliatuta, hain zuzen ere urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez emandakoak (haren bidez ezarri zen Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa), eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearekin bat (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea),

AGINTZEN DUT:

1. Onestea deialdi bat, 2023rako, laguntzak emateko irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateei, jarduerak egin ditzaten euskararen erabilera sustatzeko nahiz haren presentzia soziala bultzatzeko.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, baimentzen dira jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, kontuan hartuta jasotzen diren eskaerak:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B30002-B3200-4819-334100: Laguntzak, irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateei, euskara sustatzeko

2023

475.000,00

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea foru agindu hau eta eranskinak.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, departamentu horretako Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Ataleko Kudeaketa Zentrora, Euskarabideko Euskara Sustatzeko Atalera eta Programen Bulegora, eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera, bidezko ondorioak izan ditzaten.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko otsailaren 16an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Honako honen oinarriak: deialdia, 2023rako, laguntzak emateko irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateei, jarduerak egin ditzaten euskararen erabilera sustatzeko nahiz haren presentzia soziala bultzatzeko

Lehen oinarria.–Xedea eta helburua.

Deialdi honen xedea da laguntzea irabazi-asmorik gabeko entitateei (publikoak ez direnei), programak eta jarduerak finantza ditzaten euskararen gaineko sentsibilizaziorako eta euskararen erabilera sustatzeko eta errazteko Nafarroako gizartearen zenbait esparrutan (2022ko azaroaren 1etik 2023ko irailen 30era bitarte egindakoak, biak barne).

Bigarren oinarria.–Aurrekontu egozpena.

2.1. Diru-laguntzak honako partida honen kargura egotziko dira: B30002 B3200 4819 334100 (E): Laguntzak, irabazi-asmorik gabeko gizarte entitateei, euskara sustatzeko (Nafarroako Gobernuko 2023ko gastu aurrekontuetako partida). 475.000 euroko zenbatekoa du.

2.2. Balorazio Batzordeak ezarriko du laguntzen zenbatekoa. Eskuratutako puntuazioaren arabera banatuko dira laguntzak, bederatzigarren oinarrian ezarritako irizpideekin bat, harik eta deialdian esleitutako zenbateko osoa ahitu arte.

Hirugarren oinarria.–Pertsona eta entitate onuradunen betebeharrak.

3.1. Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak eskatzen ahalko dituzte Nafarroan helbideraturik dauden irabazi-asmorik gabeko entitateek, baldin betetzen badituzte azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko baldintzak (Diru-laguntzei buruzko Foru Legea) eta egiten badituzte diru-laguntzaren xedeko jarduerak Foru Komunitatearen barrenean.

3.2. Entitate publikoak deialdi honetatik kanpo daude.

Laugarren oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.

4.1. Deialdi honetan, lehentasuna emanen zaie euskararen presentzia eta erabilera areagotzen laguntzen duten jarduerei eta programei, gehienbat nerabeei eta gazteei zuzendutakoei.

Jarduera hauek lagunduko dira diruz:

a) Zuzenean euskararen erabilera sozialarekin lotutako jarduerak eta euskarazko ahozko komunikazioa hobetzearekin lotutakoak.

b) Kontzientziazio eta sentsibilizazio jarduerak, hala nola:

–Parte-hartze edo gogoeta prozesuak, gazteen arteko euskararen egoerari buruzkoak.

–Efemerideak edo bestelako ekimenak ospatzea, lotuta daudenak euskararekin, kulturarekin, tradizioekin, hizkuntzaren historiarekin edo euskararen garapenean garrantzia izan duten pertsonaiekin.

–Euskararen aldeko mezu positiboak zabaltzen dituzten kanpainak.

c) Programak, xedea dutenak tokian tokiko euskararen ondarea (abestiak, ipuinak, tradizioak, bertsoak, euskalkiak..) biltzea, babestea eta aktibatzea, jendartean erabil dadin.

d) Monitore, hezitzaile eta entrenatzaileentzako trebakuntza jarduerak eta baliabideak (hizkera berezitua, materialak), batez ere euskararen ahozko erabilera dinamizatzeko estrategietan, haur eta gazte taldeetan, gazteen hizkuntza gaitasuna sendotzeko zenbait esparrutan (aisialdia, kirola, kultura, denbora librea...).

e) Euskararen erabilera edozein egoeratan normalizatzeko jarduketak, horretarako erabiliz kanpainak, materialak, bideoak nahiz bideojokoak.

f) Euskararen proiekzio sozialerako edo sorkuntzarako jarduerak, euskararen presentzia areagotzen dutenak eremu edo eskualdeetako bizilagun elebidunen artean: hitzaldiak, mahai-inguruak, antzezlanak, zinema edo bideo proiekzioak eta aldizkariak ez diren argitalpen txikiak.

g) Bertsolarien emanaldiak (jendaurrean bat-bateko bertsoak kantatzea) eta bertsolaritzan trebatzeko jarduerak, jendeari oro har zuzendutakoak, betiere 8 ikasle baino gehiagoko taldeak badira, eta ez badira ikastetxeetako guraso elkarteek antolatutako jarduerak.

Jarduera horietan genero berdintasuna sustatuko da edukien diseinu eta garapenean, hizkera ez sexista erabiliko da eta parte-hartze paritarioa bilatuko da.

4.2. Honako hauek deialdi honetatik kanpo gelditzen dira:

a) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu edo unitate batzuei dagozkien edo haien eskumenekoak diren jarduerak edo ekintzak. Orobat, euskararen presentziarik ez dutenak diseinuan, publizitatean nahiz lotutako euskarrietako edozeinetan.

b) Eskolaz kanpoko jarduerak, guraso elkarteek antolatutako aisialdiko jarduerak, eta egiten direnak Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko ikastetxeetan.

c) Bestelako jarduerak, hala nola kanpalekuak, txangoak, otorduak, artisautza azokak, dantzak, ikuskizunak, kirol lehiak etab., lotura zuzenik ez dutenak deialdiaren helburuekin, eta Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren eskumenekoak direnak.

d) Musika kontzertuak.

e) Euskara sustatzeko programetan sartutako jarduerak izanda ere, euskararen erabilerarekin zuzeneko lotura ez dutenak.

f) Liburuen edo web-orrien itzulpenak.

g) Liburuen edizioak.

h) Eremu euskalduneko eta mistoko herrietako festetako jarduerak.

i) Genero-berdintasuna bermatzen ez duten jarduerak eta programak.

j) Elkarteen barne koordinazioko jarduerak (elkartekideei zuzendutakoak).

Bosgarren oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Zuzeneko gastuak.

Zuzeneko gastu diruz lagungarriak dira behar-beharrezkoak direnak, dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin zalantzarik gabeko lotura dutenak eta egiten direnak proiektu nahiz jarduera diruz lagungarria bukatzeko epea baino lehen.

Honelako gastuek zuzeneko lotura izan behar dute onetsitako jarduera nahiz programa antolatu eta gauzatzearekin, esaterako: materialak erostea edo alokatzea, lokalak alokatzea eta langileak nahiz zerbitzuak kontratatzea.

5.2. Gastu osagarriak.

Gastu osagarritzat jotzen dira elkarteen funtzionamendu-gastu arruntak, eta jardueretan egozten ahal dira, eta jarduerekin batera justifikatu, baldin onetsitako jarduerak gauzatzen badira.

Honako hauek izan daitezke gastu osagarriak: elkarteko administrazio eta kudeaketa eginkizunak betetzeko kontratatutako langileak; bulegoko materiala eta material informatiko suntsikorra; kontabilitateko eta laneko aholkularitza; aseguru orokorrak; argia, telefonoa eta Internet, posta eta mezularitza.

Betiere, horrelako gastuak egotziko dira jarduerak gauzatzeko egun zehatzen arabera, hots: ekintza diruz lagunduak zehazki zenbat egun edo denboratan egin diren, horren araberako gastua bilduko dute.

Seigarren oinarria.–Eskaerak aurkeztea.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten entitateek eskaera egin beharko dute deialdiko fitxa erabiliz. Nafarroako Gobernuaren webgune instituzionaletik abiatuta eskuratzen ahal da, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=42224

6.2. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.3. Ziurtagiri digitala eduki behar da nahitaez. Helbide honetan eskura daiteke:

https://www.sede.fnmt.gob.es/eu/certificados

Zazpigarren oinarria.–Behar diren agiriak.

7.1. Agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaera, behar bezala beteta.

b) Legez eratua izatearen frogagiriak (elkartea erregistratzeko akta, estatutuak eta identifikazio fiskaleko kodearen txartela).

Entitate eskatzaileari dagokion dokumentazioa Administrazio honen esku badago, ez da beharrezkoa izanen berriz aurkeztea, jarraikiz 39/2015 Legearen 53.d) artikuluari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Kasu horretan, aurkeztu beharko da dokumentazio hori indarrean dagoela agertzen duen adierazpena, zehaztuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zer organotan edo tokitan aurkeztu zen, eta noiz aurkeztu zen edo eman zuten.

Bide hau bakarrik erabiltzen ahalko da baldin ez badira bost urte baino gehiago igaro agirien prozedura bukatu zenetik.

c) Entitateko arduradunaren aitorpena, adierazteko betetzen dituztela azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak ezarritako betebeharrak (Diru-laguntzei buruzko Foru Legea). Aski da deialdiaren eskaera fitxan klik egitea.

d) Jardueren proiektua. Honako informazio hau bildu beharko du gutxienez: proiektuaren deskripzioa, helburuak, aurreikusitako jarduerak, ezarritako datak eta proposatutako programen nahiz jardueren xede diren pertsonak (II. eranskina).

e) Proiektuaren aurrekontu zehaztua (III. eranskina): zehaztuko dira gastuak, diru-sarrerak eta aurreikusten diren laguntzak.

f) Entitateak zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela frogatzen duten agiriak.

Eskaera aurkezteak berekin dakar interesdunak organo kudeatzaileari baimena ematea hark bildu dezan deialdi honetan eskatutako informazioa erakundeetan, espedientea tramitatzeko eta ebazteko. Hori dena, jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluari (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea). Horrenbestez, eta aurkakorik adierazi ezean, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak kontsultatuko eta egiaztatuko ditu identifikazio fiskaleko txartelari dagokion dokumentazioa, zerga betebeharrak egunean daudela frogatzen duen ziurtagiria eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela frogatzen duena.

g) Gardentasun-betebeharrak justifikatzeko dokumentazioa, 17. oinarrian arautua (https://www.navarra.es/home_es/serviciosempleado/descargar-fichero/rBv2jmt51yvS8V4YBxVp4ZH6V3p2Nx/GARDENTASUN%20BETEBEHARRARI%20BURUZKO%20ADIERAZPENA.pdf).

7.2. Diru-laguntzaren eskaera oso-osorik beteta ez badago, pertsona edo entitate eskatzaileari akatsa zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, gehienez ere 10 egun balioduneko epea emanen zaio, zuzentzeko errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak gaitutako helbide elektronikoaren bidez eginen da errekerimendu hori.

7.3. Elkarte bakoitzak eskaera bat aurkeztu beharko du, eta hartan zehaztu beharko zer programetarako edo jardueretarako eskatzen den laguntza (programa nahiz jarduera guztietarako), eta hori dena bete beharko da jardueren proiektuan eta proiektuaren aurrekontu xehatuan.

Zortzigarren oinarria.–Dirulaguntzak emateko prozedura, eta tramitazio eta ebaluazio organoak.

8.1. Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak norgehiagoka emanen dira, hainbanaketarekin, aurkeztutako eskaerak alderatuz jasotako puntuazioaren arabera, bederatzigarren oinarriko baremoei jarraikiz, harik eta aurrekontu-izendapena agortu arte.

8.2. Balorazio irizpideen arabera kalkulatuko da entitate eskatzaileen puntuazio osoa, eta eskatzaileek lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da laguntzaren zenbatekoa.

8.3. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak tramitatuko ditu eskaerak.

8.4. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena; batzordeko burua izanen da.

–Euskara Sustatzeko Ataleko burua, edo berak eskuordetzen duena.

–Eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari atxikitako teknikaria, idazkaritza lanak betetzeko, hitzarekin eta botoarekin.

Balorazio batzorde teknikoak kanpoko adituen aholkularitza eskatzen ahalko du, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzeko.

Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusita, deialdiko adjudikazio-ebazpen proposamena eginen du.

Bederatzigarren oinarria.–Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

a) Programaturiko jardueren izaera eta kalitatea; 20 puntu gehienez.

–Trebatzaileen, dinamizatzaileen edo arduradunen kualifikazioa (prestakuntza akademikoa eta lanbide esperientzia): 0-5 puntu.

–Programaren koherentzia, helburuei, edukiei eta hartzaileei dagokienez: 0-15 puntu.

b) Hartzailearen lehentasuna, 20 puntu gehienez.

–Jendea, oro har: 5 puntu.

–Haurrak: 10 puntu.

–Gazteak: 20 puntu.

c) Programako jarduera nahiz ekintza kopurua, 160 puntu gehienez:

Jarduera edo ekintza bakoitzeko 20 puntu kontatuko dira, 160 puntu gehienez.

d) Proiektuaren ibilbidea eta egonkortasuna, 160 puntu gehienez:

–Denboran dirauten programetarako –eguneroko edo asteroko jarduera jarraituarekin–, honako irizpide hau ezarriko da: jarduerako hilabeteko 20 puntu, 160 puntu gehienez.

"D" irizpidea aplikatzen den proiektuetan ez da aurrekoa baloratuko, hots, "c" irizpidea ez da baloratuko.

Baztertu eginen dira 25 puntu bederen lortzen ez duten proiektuak edo programak, hori izanen baita gutxieneko puntuazioa.

Programako edo proiektuko gehienez ere 200 puntu eskura daitezke.

Hamargarren oinarria.–Dirulaguntzak adjudikatzeko ebazpena.

10.1. Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak ebazpen bat emanen du, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita gehienez hiru hilabeteko epean, laguntzak emateko. Epe hori bukatutakoan ebazpen espresurik eman ez bada, eskaerak ezetsi eginen dira.

10.2. Dirulaguntzak emateko ebazpenak honako hauek agertuko ditu, eskaera onartuei dagokienez: entitate onuradunak, onartutako aurrekontua eta dirulaguntzan aurreikusitako zenbatekoa. Orobat, gastu horiek justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira. Ebazpenak, halaber, bazter utzitako eskaerak adieraziko ditu, arrazoia zein den adieraziz.

10.3. Laguntzak eskatu dituzten elkarteei deialdiaren ebazpena jakinaraziko zaie, eta jendaurrean jarriko da ebazpena Euskarabidearen web-orrian (www.euskarabidea.es) eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=42224).

Hamaikagarren oinarria.–Entitate onuradunen eginbeharrak.

11.1. Deialdi honen babesean diruz laguntzen den programa egiteko erabili beharko da dirulaguntza, ez beste deusetarako.

11.2. Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan justifikatzea diruz lagundutako programa gauzatu dela eta zer gastu egin diren, adierazita jarduera bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua, sexuaren eta adin tarteen arabera.

11.3. Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari jakinaraztea, telematika bidez, programa edo jarduera garatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den unean berean, baldin eta proiektua aldatzea ekartzen badu, elkartearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik. Diruz lagundutako programan edo jardueran edozein aldaketa egiteko, aurretik beharko da Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuaren adostasuna, eta zerbitzu horrek baimena emanen du, baldin eta aldaketak ez badu funtsezko aldaketarik ekartzen onetsitako programan edo jardueran, Balorazio Batzorde Teknikoaren ustez.

11.4. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean. Aipamen hori eginen da jarraikiz otsailaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuaren jarraibideei (foru dekretu horren bidez arautzen dira Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera) (https://www.navarra.es/eu/albisteak/2020/02/12/nafarroako-gobernuak-bere-ikur-ofiziala-aldatu-du-foru-komunitateko-errealitate-soziolinguistikora-egokitzeko), kasuan-kasuan aurreikusitako elementuen arabera, eta jarduerak irauten duen aldi guztian mantenduko da.

11.5. Proiektua gauzatu dela egiaztatzeko Euskarabideko Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak egiten dituen lanak onartzea beti.

11.6. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

11.7. Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak behar bezala erabil daitezen bermatzeko, behar bezala ikuskatuak edukitzea kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak, betiere pertsona edo entitate onuradunari aplikatu behar zaizkion legeetan eta merkataritza lege sektorialetan agindutako moduan.

11.8. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

Hamabigarren oinarria.–Dirulaguntzaren ordainketa.

12.1. Dirulaguntza bi alditan pagatu daiteke: lehenik, ordainketa partzial bat, borondatezkoa, %50ekoa gehienez, udako hilabeteetan, oinarri harturik 2023ko apirilaren 30a arte egindako gastuak, eta, bigarrenik, beste ordainketa bat urtea bukatu baino lehen.

Bi kasuetan, ordainduko da behin aurkezturik jardueren memoria eta hamalaugarren oinarrian eskatutako frogagiriak.

12.2. Emandako laguntzen zenbatekoa, oro har eta deusetan galarazi gabe kasuan-kasuan adostu daitekeena, justifikaziorako epeak bukatutakoan ordainduko da, Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, aurretik aldeko txostena emanik Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuak.

Hamahirugarren oinarria.–Gastuen justifikazioa.

13.1. Bi epe ezartzen dira gastuak justifikatzeko:

Lehenbizikoa.–Lehenbiziko ordainketa, borondatezkoa, %50ekoa gehienez, oinarri harturik 2023ko apirilaren 30a arte egindako programak eta gastuak, egun hori barne. Lehen ordainketarako frogagiriak aurkeztuko dira laguntzak emateko ebazpenean horretarako ezarritako epean.

Bigarrena.–2023ko urriaren 16a izanen da frogagiriak aurkezteko azken eguna, 2023ko irailaren 30a arte egindako programa eta gastuetarako, egun hori barne. Hala nahi duten elkarteek gastuen justifikazio bakarra aurkez dezakete, bigarren epe horretako egunak kontuan harturik.

13.2. Elkarte onuradunak agiri bidez frogatu beharko du gauzatu dituela dirulaguntzaren xede diren jarduerak edo programak, aurkeztutako proiektu teknikoan lortutako puntuazioarekin bat, dagozkion frogagiriak aurkeztuz (fakturak edo nominak eta haien bankuko ordainagiriak).

Gerta daiteke diruz lagundutako jardueraren justifikatutako guztizko gastua txikiagoa izatea onetsitako aurrekontua baino. Horrelakoetan, araberan murriztuko da eman den zenbatekoa.

Hamalaugarren oinarria.–Justifikazio-agiriak.

14.1. Oro har, eta galarazi gabe kasuan-kasuan erabakitzen dena, entitate onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, horretarako erabiliz Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuan bosgarren oinarrian onartutako bidetako bat:

a) Programaren memoria. Honako hauek bildu beharko ditu: balorazio orokorra, jarduera diruz lagunduak xehaturik; jarduera diruz lagunduen gastuen laburpen txikia, eta parte-hartzaileen kopurua, sexua adierazita (IV. eranskina).

b) Justifikazio ekonomikoa: Excel dokumentu bat bete beharko da, biltzen dituena gastuak, diru-sarrerak eta jasotako laguntzak. Automatikoki kalkulatuko du emaitza. Foru agindu honetan argitaratu da, "V. eranskina" izenarekin, kalkulu-orrien formatuan. Nafarroako Gobernuaren web-orri instituzionalean dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on?tramiteId=42224

c) Inprimatutako elementuak eta publizitatekoak.

d) Egindako programa eta jardueren gastuak justifikatzeko agiriak, jatorrizko fakturak edo kopia sinpleak.

Kanpoan gelditzen dira, berariaz, aurrekontuak eta albaranak.

14.2. Fakturen ezaugarriak.

Ez dira gastuen justifikazio gisa onartuko fakturak nahiz ordainagiriak baldin honako datu hauek argi identifikatzen ez badira:

–Jaulkitzailea, haren izena edo sozietate-izena eta NANa edo IFZ.

–Hartzailea, haren izena edo sozietate-izena eta NANa edo IFZ.

–Gastuaren xedea.

–Data.

–Fakturaren zenbakia.

14.3. Bankuko frogagiriak.

Fakturez gain edo gastuen agiriez gain, aurkeztu behar dira dagozkien bankuko kontu laburpenak edo frogagiriak. Bat etorri beharko dute aurkeztutako zenbatekoekin.

14.4. Euskarabideak elkarte onuradunei eskatzen ahal die nahi adina dokumentazio, informazio, frogagiri eta faktura, zentzuz ondorioztatzeko dirulaguntza ongi aplikatu dela.

Hamabosgarren oinarria.–Bateragarritasuna beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira xede eta helburu berberetarako jasotzen den beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin, beste administrazio batzuetatik, Nafarroako Gobernuko departamentuetatik, eta edozein motatako entitate eta erakunde publiko edo pribatuetatik. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo beste dirulaguntzekin, laguntzekin, diru-sarrerekin edo diruz lagundutako jardueraren berezko baliabideekin.

Hamaseigarren oinarria.–Ez-betetzeak, itzulketak eta arau-hausteak.

16.1. Ez-betetze arintzat joko dira irregulartasun formalei dagozkienak; halakoetan, dirua partez itzuli beharra etorriko da, edo ordainketa partzialik ez egitea, ez-betetzearen muntaren arabera. Ez-betetze astuntzat joko dira, berriz, funtsezko kontuei dagozkienak; halakoetan, arau orokor gisa, dirua osorik itzuli beharko da, edo ez da deus ere ordainduko. Batean nahiz bestean berandutze-interesak eskatzen ahalko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako kasuetan (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea). Balorazio Batzordeak ezartzen ahalko ditu mailakatzea egiteko komenigarriak iruditzen zaizkion irizpideak.

16.2. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, aplikatuko da azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

Hamazazpigarren oinarria.–Gardentasuna.

17.1. Maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak (foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona) behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aurreko apartatuan ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onetsitako negozio zifra.

17.2. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

d) Gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

e) Erakunde onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

17.3. Informazio hori aurkeztuko da entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta, telematikoki, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta zuzenduko zaio dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari.

17.4. Entitateak ez badu gardentasun betebeharra bete beharrik, ez direlako aurreikusitako inguruabarrak gertatzen, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

17.5. Erakundeak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

17.6. Betebehar hori bete ezean, emandako dirulaguntza ez da ordainduko, ezta aurrerakinak ere, eta kobratutako zenbatekoak itzuli egin beharko dira, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

17.7. Aurrekoa galarazi gabe, errekerimendua eginez gero, entitate onuradun guztiak behartuak daude unitate kudeatzaileari behar den informazio guztia ematera hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak (foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona).

17.8. Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapenezko isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa.

Hemezortzigarren oinarria.–Aplikatzekoa den legeria eta errekurtsoak.

18.1. Modalitate hau oinarri hauek gobernatuko dute, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoak ere, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra.

18.2. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Jardueren proiektua

III. eranskina.–Aurrekontu xehatua.

IV. eranskina.–Proiektuaren memoria.

V. eranskina.–Justifikazio ekonomikoa.

Deskargatu II. eranskina (DOC).

Deskargatu III. eranskina (XLS).

Deskargatu IV. eranskina (DOC).

Deskargatu V. eranskina (XLS).

Iragarkiaren kodea: F2302813