44. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 19koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez sarrera proba espezifikoak arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako, eta horietarako deialdia egiten baita 2023-2024 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluak xedatzen du kirol irakaskuntzak araubide bereziko ikasketa gisa integratuko direla hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan irakaskuntza horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da irakaskuntza mota bakoitzaren curriculuma ezartzea, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartuta betiere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol irakaskuntzetako zikloetan sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. apartatuan xedatzen da ezen titulua eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituen errege dekretuak zehaztuko dituela proba espezifikoen egitura, irakastorduak, edukia eta ebaluaziorako irizpideak, bai eta kasuan kasuko zikloan sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen du ezen kirol modalitate eta espezialitateak irakatsiko direla, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako kirol modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortu artean, kasuan kasuko titulua eta gutxieneko irakaskuntzak arautzen dituen errege dekretuan aurreikusi bezala, salbu eta aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. apartatuetan zehazten diren alderdiei dagokienez.

Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol irakaskuntzetan sartzea arautzen du, eta 1. apartatuan xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan ezarritakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak salbuetsiko dira kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol irakaskuntzetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da egokiak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murrizketa bidegaberik ekar ez dezan.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako irakaskuntzen indarraldia ezartzen du, eta 2. apartatuan, berriz, adierazten du honako hauek salbuetsiak egonen direla irakaskuntza horietan sartzeko proba espezifikoetatik: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean, autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat hartzen dituztenak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak izan direla edo sailkatu direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. apartatuko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol ikasketen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du, ikasketa horietan sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifiko bat gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. apartatuarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzerakoan.

Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ezartzeak berekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen eredu baten alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin lankidetzan aritzea ere.

Martxoaren 3ko 318/2000 Errege Dekretuak eta martxoaren 3ko 319/2000 Errege Dekretuak kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezartzen dituzte Mendi Kirolak eta Eskalada kirol modalitateko espezialitateetan, bai eta horiei dagozkien gutxieneko irakaskuntzak eta horietan sartzeko probak eta baldintzak ere.

Azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuak kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezartzen ditu Arroilak, Mendia eta Eskalada espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen ditu.

Martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuak kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezartzen ditu Futbola eta Areto-futbola espezialitateetan, dagozkien gutxieneko irakaskuntzak onesten ditu, eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzen dituen abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak badu artikulu bat, 9. artikulua hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Prezio Publikoei buruzkoa. Artikulu horretan, foru legeak ezartzen du martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen zenbait manuren testu berria, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin. Besteak beste, bat bis aldaketak 99. artikuluari eragiten dio, 16. eta 17. tarifak sortu baitziren. 16. tarifa ordaintzekoa da araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoan izena ematean, eta 17.a, berriz, Mendi Kirolak eta Eskalada, Futbola eta Atletismoa modalitateetako araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoan izena ematean.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena –Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak, 2023-2024 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiari buruzkoa–, eta erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Errege Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Sarrera proba espezifikoak arautzea, 2023-2024 ikasturteari dagozkionak, Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako, eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honen eranskinean ageri diren oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 19an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Oinarri orokorrak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen bidez, 2023. urterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoetarako, 2023-2024 ikasturterako.

2. Deialdi honetako probak araubide bereziko kirol irakaskuntza hauetan sartzeko egiten dira:

a) Mendi Ibilietako erdi mailako ikasketen hasiera zikloa.

b) Mendi Ertaineko erdi mailako ikasketen amaiera zikloa.

c) Eskaladako erdi mailako ikasketen amaiera zikloa.

d) Futboleko erdi mailako ikasketen lehen ikasmaila.

e) Atletismoko erdi mailako ikasketen hasiera zikloa.

2.–Proba espezifikoa egitetik salbuetsita egotea.

1. Sartzeko proba espezifikoa egitetik salbuetsita egoteko baldintzak betetzen dituztela uste dutenek hartan inskribatu beharko dute eta, izena emateko orrian, salbuespena eskatuko dute, horretarako adierazitako atalean. Horretarako, behar diren frogagiriak aurkeztuko dituzte.

2. Kirol espezialitate bakoitzari dagokion sarrera proba arautzen duen errege dekretu bakoitzean aurreikusitakoak dira salbuesteko arrazoiak, eta, horretaz gain, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren VIII. kapituluan eta bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako arrazoiak, harik eta abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuan xedatutakoaren babespean ezarritako modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortzen diren arte.

3. Kirol espezialitate bakoitzeko epaimahai ebaluatzaileek ebatziko dituzte salbuesteko eskaerak. Horretarako, inskripziorako ikastetxeek eskaera horien oinarri diren agiriak igorriko dizkiote epaimahai ebaluatzaileari, inskribatzeko epea bukatu eta hurrengo lanegunean.

3.–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera probak.

1. Desgaitasuna duten pertsonek egoera hori frogatzen duen egiaztagiria, erakunde eskudunak emana, aurkeztu beharko dute sarrera proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.

2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak baloratu ahal izan dezan izangaiak gai diren edo ez irakaskuntza hauek probetxuz egiteko –bakoitzaren desgaitasunaren maila, ezaugarriak eta mugak kontuan harturik–, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidean aritzeko ere.

3. Epaimahaiak egokitzen ahalko ditu baldintza horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera proba espezifikoak. Nolanahi ere, errespetatu beharko dira urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko irakaskuntzak eta horietan sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol irakaskuntzetarako definitzen diren helburuak ere.

Inskripzioa

4.–Sarrera proba espezifikoetan izena ematea.

1. Inskripzioa honela egiten ahalko da:

a) Aurrez aurre, aukeratutako kirol irakaskuntzak zer ikastetxetan ezarrita dauden, ikastetxe horren bulego administratiboetan.

b) Telematika bidez, online, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:

–"Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak: Mendi Kirolak eta Eskalada".

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Deportes-de-Montana-y-Escalada

–"Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak: Futbola".

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Futbol

–"Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak: Atletismoa".

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Pruebas-de-acceso-especificas-para-ensenanzas-deportivas-Atletismo

3. Izangai bakoitzak izena emateko orri bakar bat bete beharko du, arestian aipatutako kirol espezialitate edo modalitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan agertzen den ereduaren arabera.

Izena emateko orria zer ikastetxetan aurkezten den, ikastetxe horrek hura aurkeztu izanaren frogagiria emanen du.

4. Taula honetan ageri da zein den kirol irakaskuntzen modalitate bakoitzean sartzeko proba espezifikoetarako izena emateko orria aurkezteko epea:

EPEA

KIROL IRAKASKUNTZAK

2023ko apirilaren 17tik 21era (14:00ak arte), biak barne

Mendi Ibilietako erdi mailako ikasketen hasiera zikloa

Mendi Ertaineko amaiera zikloa

Eskaladako amaiera zikloa

2023ko abuztuaren 28tik irailaren 1era (14:00ak arte), biak barne

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

2023ko abuztuaren 28tik irailaren 1era (14:00ak arte), biak barne

Atletismoko kirol teknikaria, hasiera zikloa

5.–Dokumentazioa.

Izena emateko orriarekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren nortasun txartelarena.

–Erdi mailako edo goi mailako kirol irakaskuntzetan sartzeko eskakizun akademikoa betetzen dela frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Kasua bada, desgaitasunaren frogagiria.

–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.

6.–Izena emateko tasak.

Hauek dira probetan izena emateko tasak, martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 99. artikuluan xedatutakoari jarraituta (foru lege horrek arautzen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasak eta prezio publikoak, eta Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatu zuen):

a) Futboleko erdi mailako ikasketen lehen ikasmailara eta Atletismoko erdi mailako ikasketen hasiera zikloan sartzeko proba:

–Tarifa arrunta: 45 euro.

–Familia ugari orokorreko edo 1. kategoriako familia ugariko kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 22,50 euro.

–Familia ugari bereziko edo 2. kategoriako familia ugariko kideak; ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak; eta langabeak, frogatzen baldin badute langabezian egon direla gutxienez sarrera probetan inskribatu aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez): doan.

b) Mendi Ibilietako erdi mailako ikasketen hasierako ziklora, Mendi Ertaineko erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara eta Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailara sartzeko probak:

–Tarifa arrunta: 80 euro.

–Familia ugari orokorreko edo 1. kategoriako familia ugariko kideak eta %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak: 40 euro.

–Familia ugari bereziko edo 2. kategoriako familia ugariko kideak; ekintza terroristen biktimak (baita haien ezkontideak eta seme-alabak ere); genero indarkeriako ekintzen biktimak (baita haien seme-alabak ere); %65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak; eta langabeak, frogatzen baldin badute langabezian egon direla gutxienez sarrera probetan inskribatu aurreko hilabetean (erakunde eskudunak emandako kartillaren bidez): doan.

Onartu eta baztertuen zerrenda

7.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Deitutako probetan izangai kopuru hau onartuko da gehienez:

–35 izangai, Mendi Ibilietako hasiera zikloko probetan.

–25 izangai, Mendi Ertaineko bigarren ikasmailako probetan.

–15 izangai, Eskaladako bigarren ikasmailako probetan.

–60 izangai, Futboleko lehen ikasmailako probetan.

–25 izangai, Atletismoko hasiera zikloko proban.

2. Baldin izena ematen duten izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda prestatzeko, lehentasun irizpide hauek erabiliko dira:

a) Mendi Ibilietako hasierako zikloan, Atletismoko hasierako zikloan eta Futboleko lehen ikasmailan sartzeko probak:

–Lehenbizi: Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Nafarroako Futbol Federazioak edo Nafarroako Atletismo Federazioak emandako federazio lizentzia indarduna duten izangaiak, zer dagokien.

–Bigarrenik: Mendi Kirol eta Eskalada Federazioak, Futbol Federazioak edo Atletismo Federazioak emandako federazio lizentzia indarduna duten izangaiak, zer dagokien.

–Hirugarrenik: federazio lizentzia indarduna ez duten izangaiak.

Irizpide horiek aplikatu ondoren lortutako taldeen hurrenkera ezartzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2022-2023 ikasturteko onarpen-prozedurarako egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.

b) Sarrera probak Mendi Ertaineko bigarren ikasmailarako eta Eskaladako bigarren ikasmailarako.

–Lehenbizi: Mendi Kirolak eta Eskaladako lehen ikasmaila Altsasuko "FP Sakana LH" IBP ikastetxean egin duten ikasleak.

–Bigarrenik: Mendi Kirolak eta Eskaladako lehen ikasmaila beste ikastetxe batean egin duten ikasleak.

Irizpide horiek aplikatu ondoren lortutako taldeen hurrenkera ezartzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2022-2023 ikasturteko onarpen-prozedurarako egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.

3. Izangai onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan argitaratuko dira, baita arestian aipatutako kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan ere.

Zerrenda horietan adieraziko da, halaber, izangaiek eskatutako salbuespenen eta probaren egokitzapenen gaineko ebazpena.

4. Erreklamazioak kasuan kasuko ikastetxean aurkezten ahalko dira, dagokion tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiko buruari zuzenduko zaizkio.

5. Erreklamazioak ebatzitakoan, onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dira, oinarri honen 5. atalean adierazitako egunetan, kasuan kasuko ikastetxeetan eta kasuan kasuko tramiteen fitxan.

6. Zerrendak argitaratzeko eta erreklamazioetarako egunak honako hauek dira:

KIROL IRAKASKUNTZAK

PROZEDURAREN FASEA

EGUNAK

Mendi Ibilietako erdi mailako kirol teknikaria, hasiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2023ko maiatzaren 8an

Erreklamazioak

2023ko maiatzaren 9tik 11ra

Behin betiko zerrenda

2023ko maiatzaren 17an

Mendi Ertaineko kirol teknikaria, amaiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2023ko maiatzaren 8an

Erreklamazioak

2023ko maiatzaren 9tik 11ra

Behin betiko zerrenda

2023ko maiatzaren 17an

Eskaladako kirol teknikaria, amaiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2023ko maiatzaren 8an

Erreklamazioak

2023ko maiatzaren 9tik 11ra

Behin betiko zerrenda

2023ko maiatzaren 17an

Erreklamazioak

2023ko maiatzaren 9tik 11ra

Behin betiko zerrenda

2023ko maiatzaren 17an

Futboleko kirol teknikaria, lehen ikasmaila

Behin-behineko zerrenda

2023ko irailaren 5ean

Erreklamazioak

2023ko irailaren 6tik 8ra

Behin betiko zerrenda

2023ko irailaren 12an

Atletismoko kirol teknikaria, hasiera zikloa

Behin-behineko zerrenda

2023ko irailaren 5ean

Erreklamazioak

2023ko irailaren 6tik 8ra

Behin betiko zerrenda

2023ko irailaren 12an

Sarrera proba espezifikoak

8.–RAE-MOSE101 sarrera proba espezifikoa, Mendi Ibilietako erdi mailako ikasketen lehen ikasmailan sartzeko.

Mendi Kirolak eta Eskaladako erdi mailako irakaskuntzen hasiera zikloan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuaren X. eranskineko 1. eta 2. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu Arroiletako kirol teknikariaren, Eskaladako kirol teknikariaren eta Mendiko kirol teknikariaren tituluak, bai eta irakaskuntza horietan sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculuma ere.

9.–RAE-MOME214 proba espezifikoa, Mendi Ertaineko erdi mailako ikasketen amaiera zikloan sartzeko.

Mendi Ertaineko erdi mailako ikasketen hasiera zikloan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuaren XIII. eranskineko 1. eta 2. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu Arroiletako kirol teknikariaren, Eskaladako kirol teknikariaren eta Mendiko kirol teknikariaren tituluak, bai eta irakaskuntza horietan sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculuma ere.

10.–RAE-MORO209 proba espezifikoa, Eskaladako erdi mailako ikasketen amaiera ziklokoan sartzeko.

Eskaladako erdi mailako ikasketen bigarren ikasmailan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago azaroaren 29ko 702/2019 Errege Dekretuaren XII. eranskineko 1. eta 2. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu Arroiletako kirol teknikariaren, Eskaladako kirol teknikariaren eta Mendiko kirol teknikariaren tituluak, bai eta ikasketa horietan sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculuma ere.

11.–Futboleko kirol teknikariaren ikasketen lehen ikasmailan sartzeko proba espezifikoa.

Futboleko erdi mailako ikasketen lehen ikasmailan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago martxoaren 3ko 320/2000 Errege Dekretuaren II. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek kirol teknikariaren eta goi mailako kirol teknikariaren tituluak ezartzen ditu Futbola eta Areto-futbola espezialitateetan, dagozkien gutxieneko ikasketak onesten ditu eta horietan sartzeko probak eta baldintzak arautzen.

14.–RAE-ATAT101 sarrera-proba espezifikoa, Atletismoko erdi mailako ikasketen hasiera ziklora sartzeko.

Atletismoko erdi mailako ikasketen hasiera zikloan sartzeko proba espezifikoa zehaztua dago irailaren 6ko 669/2013 Errege Dekretuaren VII. eranskineko 1., 2., 3., 4. eta 5. apartatuetan. Arau horrek ezartzen ditu Atletismoko kirol teknikariaren tituluak, bai eta ikasketa horietan sartzeko baldintzak eta oinarrizko curriculumak ere.

15.–Informazio bilera.

Sarrera proba espezifikoak egin baino lehen, informazio bilera bat egiten ahalko da kasuan kasuko ikastetxeen instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bileran, honako alderdi hauei buruzko argibideak emanen dira: probaren edukia eta ezaugarriak, probak egiteko behar diren jantziak eta kirol materiala, eta probekin loturiko beste alderdi batzuk.

Informazio bilerarik egiten bada, garaiz eginen da horretarako deialdia kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta dagokion tramiteen fitxan argitaratuta.

16.–Izangaientzako informazioa eta orientazioa.

Kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek argibideak eta orientazioa eman beharko dizkiete interesdunei, honako hauei buruz: ikasketak, inskribatzeko prozedura eta kirol modalitateetan sartzeko proba espezifikoak.

17.–Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordutegia eta tokia.

Proba espezifikoak egun batean baino gehiagotan egiten ahalko dira, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.

Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak egun hauetan eginen dira:

DATAK (1)

KIROL IRAKASKUNTZAK

2023ko maiatzaren 29an

Mendi Ibilietako erdi mailako ikasketen hasiera zikloa

2023ko maiatzaren 30ean eta 31n

Mendi Ertaineko kirol teknikariaren amaiera zikloa

2023ko maiatzaren 30etik ekainaren 1era

Eskaladako kirol teknikariaren amaiera zikloa

2023ko irailaren 13an

Futboleko kirol teknikariaren lehen ikasmaila

2023ko irailaren 20an

Atletismoko hasiera zikloa

(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, datak garaiz argitaratuko dira kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta "Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak" fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orrian dago fitxa hori).

Proba egiteko eguna, ordua eta tokia proben aurreko informazio bileretan jakinaraziko dira, bai, halaber, kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta kirol modalitate eta espezialitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan, behar den denborarekin.

Probak hasteko ezartzen den ordua baino ordu erdi lehenago eginen da proba bakoitzerako deia. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, eta ariketak egiteko beharrezkoa den materiala eta ekipamendua eraman beharko dute.

18.–Proba espezifikoak gidatzeko eta betebehar espezifikoak baloratzeko epaimahaia.

1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.

2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira, ebazpen honen 8. oinarritik 12.era bitartekoetan adierazitako errege dekretuetan xedatutakoaren arabera.

3. Kirol modalitate eta espezialitate guztiei dagozkien irakaskuntzak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, Hezkuntza Departamentuak kasuan kasuko Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak izenda ditzake sarrera proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako.

4. Epaimahai bakoitzeko buruaren zeregina izanen da bermatzea sarrera proba garatzen dela ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz.

5. Epaimahai bakoitzeko idazkariaren zeregina izanen da sarrera probari buruzko aktak egitea, eta egiaztatzea proba hori egiten dela ebazpen honetan ezarritakoa eta gainerako araudi indarduna betez. Horrez gain, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.

6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hura modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak ebaluatzea proba osatzen duten ariketetan, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, beraiek bakarrik baloratuko dute proba.

7. Epaimahaiek aukera izanen dute Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko Zuzendaritzari aholkulariak izenda ditzan proposatzeko; horien zeregina izanen da probak prestatzeko eta egiteko aholkularitza eta laguntza ematea. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da, era berean, aholkulari horiek izendatzeaz.

8. Epaimahaiei dagokie sarrera proba espezifikoak martxan jartzean eta garatzean sortzen ahal diren kontu tekniko eta logistiko ororen berri izatea eta horiek ebaztea. Halaber, epaimahaiek ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen dute proben garapenarekin lotutako alderdietan eta, aipatutako gaiei dagokienez, oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.

9. Salbuesteko eskaerak ebaztea ere epaimahai ebaluatzaileei dagokie.

10. Epaimahaikideei, baita epaimahaietan parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.

Proben emaitzak eta erreklamazioak

19.–Azken kalifikazioa.

Sarrera proba espezifikoak "Gai" edo "Ez gai" terminoekin kalifikatuko dira. "Gai" balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideen arabera.

20.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.

1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeetako iragarki-taulan eta kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagokion tramiteen fitxan argitaratuko dira.

Sarrera proba espezifikoen behin-behineko emaitzak proba bakoitza bukatu ondoko hiru eguneko epean argitaratuko dira.

2. Behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita, izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxetan dagoen ereduaren arabera.

3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak bi eguneko epean argitaratuko dira, probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko epea bukatu eta biharamunetik, bai kasuan kasuko ikastetxeko iragarki-taulan, bai kirol espezialitate eta modalitate bakoitzari dagozkion tramiteen fitxan.

Behin betiko emaitzak argitaratuta beteko du epaimahai ebaluatzaileak aurkezten diren erreklamazioei buruz hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura.

Egiaztagiriak

21.–Proba espezifikoen balioa eta egiaztapena.

Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko baitu. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak emanen du egiaztagiri hori.

Interesdunek ebazpen honen xedeko kirol irakaskuntzetarako sarrera proba espezifikoak gainditu izanaren egiaztagiriak hartzeko aukera izanen dute, inskripzioa egin zuten ikastetxean, behin betiko emaitzak argitaratu eta zazpi eguneko epea igaro ondoren. Inskripzioa modu telematikoan egiten duten izangaiek Hezkuntza Departamentuan (Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuan) jasotzen ahalko dituzte ziurtagiriak, arestian adierazitako epean.

Ez da inola ere emanen probaren zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk.

Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2301313