44. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JURRAMENDIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Ur Zerbitzuaren Erregelamenduaren testu bateginean. Behin betiko onespena

Jurramendiko Mankomunitateak, 2022ko azaroaren 22an egin ohiko batzar orokorrean, besteak beste, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Ur Zerbitzuaren Erregelamenduaren testu bateginean.

Erabaki hori 2022ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 13an. Jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean erakundearen Idazkaritzan, eta inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoaren arabera, aldaketa hori behin betiko onetsirik gelditu da eta bidezkoa da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Lizarran, 2023ko urtarrilaren 30ean.–Mankomunitateko burua, Emilio Cigudosa García.

UR ZERBITZUAREN ERREGELAMENDUAREN TESTU BATEGINA

1. Definizioak.

Erregelamendu honetan aipatzen direnak errazteko, uraren hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak erabiltzen dituenari, hemendik aitzinera ''abonatua'' erranen zaio.

Servicios de Montejurra SA enpresari, hemendik aitzina ''enpresa'' erranen zaio.

Uraren hornidura eta saneamendu zerbitzuaren eskumena duen administrazioari, Jurramendiko Ur Mankomunitatea baita, "Mankomunitatea" erranen zaio.

2. Zertarako, noraino eta non.

1. artikulua. Mankomunitatea. Jurramendiko Mankomunitatea toki entitatea da, elkarte izaerakoa, eta xedea du, bertzeak bertze, uraren ziklo integralari dagozkion zerbitzuak, hau da, hornidura, banaketa, saneamendua eta arazketa, antolatu eta egitea, barnean sarturik dauden toki erakundeetako udal mugarteetan.

2. artikulua. Zerbitzua kudeatzeko modua. Mankomunitateak aitzineko artikuluan aipatu diren zerbitzuak kudeatzen ditu zuzenean "Servicios de Montejurra SA" enpresaren bitartez, hark xede horrekin eratutako merkataritza-sozietatea berau, toki entitateetako zerbitzuen gainean indarra duen arautegian ezarritakoari jarraikiz.

3. artikulua. Xedea.

1. Enpresa hornitzailearen eta hark egiten dituen zerbitzuen erabiltzaile edo abonatuen arteko harremanak arautzeko xedea du ordenantza honek, eta alderdi bakoitzaren eskubideak, betebeharrak eta eginbeharrak zehaztea.

2. Zerga eta diru-bilketa aferetan, zerbitzuek toki ogasunen arloan Nafarroak duen arautegi berariazkoa eta, bereziki, Mankomunitatean aldiro indarrean dagoen ordenantza fiskala izanen dituzte arau.

3. Hornidura eta saneamendu zerbitzuak kudeatzeko behar diren ordenantza eta xedapen guztiak onesten ahal ditu Mankomunitateak, hau osatu edo garatu beharrez.

4. artikulua. Esparrua. Mankomunitateak bere eskumenen eremuan ematen dituen hornidura eta saneamendu zerbitzu guztiei aplikatuko zaie ordenantza hau, eta 12. artikuluan aurreikusten denari jarraikiz eremu horretatik kanpora ematen badira, horiei ere bai.

5. artikulua. Denbora-eremua. Ordenantza honek indarraldi zehaztugabea du eta ondorio osoak sorraraziko ditu, non ez duen osoki nahiz partez aldarazten maila bereko edo goragoko xedapen batek.

3. Arau orokorrak.

6. artikulua. Harremanaren izaera juridikoa. Behar den bonu-polizaren bidez hornidura kontratua sinatu ondotik, abonatuaren eta Jurramendiko Mankomunitatearen arteko harremanak izaera juridiko administratiboa izanen du.

Horrenbestez, bi alderdi horien artean sortzen den edozein liskar-auzi, administrazio legeriak jarritako bideei jarraikiz ebatziko da.

7. artikulua. Zerbitzuaren publikotasuna. Ur hornidura eta saneamendu zerbitzuak publikoak dira eta, hortaz, nahi duten pertsona fisiko edo juridiko guztiek dute haietaz baliatzeko eskubidea, muga eta betebehar bakarrak izanik ordenantza honetan eta, oro har, aplikatzekoa den legerian ezarritakoak.

8. artikulua. Eskumen esklusiboa. Uraren hornidura modu guztietan emateko eskumena Mankomunitatearena da, bertze inorena ez, eta enpresak hartuko du zerbitzua emateko erabakia, dagokion poliza-kontratua formalizatzen denean. Kontratuan finkatuko da zer baldintza bete behar diren hornidurarako.

Interesa dutenek enpresaren hornidura eskatuko dute, ura zertarako erabili gogo duten eta zenbat behar duten adierazita. Eskaeran aipatzen direnen arabera, ikusiko da hornidura egiten ahal den edo ez, nolakoak izan behar duten instalazio partikularrek, zer tarifa mota dagokion eskatzaileari eta zenbat kobratu behar den alta eskubideengatik.

Enpresak eskatzen zaizkion argibide guztiak emanen ditu.

9. artikulua. Zerbitzuak elkarren osagarri. Ur eta saneamendu zerbitzuak elkarren osagarri eta elkarri lotuak direnez, enpresak ez ditu zerbitzu horiek bereizirik emanen, salbu eta eskatzaileak behar bezala justifikatzen badu zerbitzu horietako bat modu autonomoan ematea nahi duela edo hala aurreikusten bada hirigintza araudian edo lurralde-antolamenduko gidalerroetan.

10. artikulua. Horniduren ukapena. Inola ere ez da doan emanen urik ezta hondakin urak husteko eta arazteko zerbitzurik ere.

Udalak abonamendu polizak sinatzeari uko egiten ahal dio honako kasu hauetan:

1. Ur hornidura eta/edo hondakin uraren hustuketa eskatzen duen pertsona edo entitateak uko egiten badio eredu ofizialaren arabera eta zerbitzuen kontratazioari buruz Mankomunitatean indarra duten xedapenei jarraikiz idatzitako poliza sinatzeari.

2. Eskatzailearen instalazio partikular eta/edo orokorrak enpresaren ustez betetzen ez baditu instalazio horientzat finkaturik dauden betebehar orokorrak edo enpresak espres egindako ohar partikularrak.

Kasu honetan, enpresak aurkitutako okerren berri emanen dio interesdunari, honek zuzen ditzan.

3. Enpresak, behar bezala justifikaturik, uste badu hustu beharreko hondakinen ezaugarriak ez direla onargarriak, kasuan aplikatzeko araudian ezarritako baldintzen arabera.

4. Frogatzen bada zerbitzuak eskatzen dituen pertsonak ez dituela eguneraturik Mankomunitatearekin edo Mankomunitateko edozein udalekin bete beharreko zerga kontuak, edo eskatzaile horrek ez baditu egin nahi 86. artikuluan aipatzen diren gordailu eta fidantzak.

4. Enpresaren eginbehar eta eskubideak.

11. artikulua. Edateko ura paratzea. Enpresa beharturik dago, berak dituen edo noizbait izan ditzakeen baliabide eta instalazioak erabiliz, edateko ura eta hondakin urarendako hustuketa zerbitzua paratzera abonatuen lotune eta hustuketa guneetan, erregelamendu honetan eta hirigintzari buruz indarra duen legerian nahiz legeria orokorrean finkaturiko baldintzen arabera.

12. artikulua. Zerbitzuak Mankomunitatearen eremutik kanpo. Oro har, ez da urik emanen, ezta hondakin urik hustu eta araztuko ere, Mankomunitatearen eskumeneko eremutik kanpo.

Nolanahi dela, salbuespen gisara, kasu bakoitzean suerta daitezkeen goiti-beheitiak kontuan hartuz, enpresak bere zerbitzuak ematen ahalko ditu toki horietan, baldin eta horrekin ez baditu ase gabe uzten edo kaskartzen Mankomunitatearen zerbitzuak.

Horrelakoak egiteko, Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak espresuki eman beharko du onespena eta legez bidezkoak diren erabakiak nahiz baimenak eduki beharko dira.

13. artikulua. Etxeko erabilera. Enpresa beharturik dago etxebizitzetarako ura ematera, bere eremuaren barreneko eraikin, lokal edo toki itxietan, eskatzen dioten pertsona edo entitate guztiei, baldin eta leku horiek betetzen badituzte kasu bakoitzean indarra duten hirigintzako arauak.

Kasu horietan beretan eta baldintza berberetan, enpresak hondakin urak husteko zerbitzua emanen du.

14. artikulua. Erabilera: industriarako. Industriarako eta apainketarako edo aisialdirako ura eman ahal izateko, ikusi beharko da Mankomunitateak momentu bakoitzean bere esku duen ur kopurua zenbatekoa den.

Hondakin uraren hustuketa egiteko, berriz, beharrezkoa izanen da haietaz aurreikusten eta deklaratzen diren ezaugarriak bat etortzea Mankomunitatearen arauetan eta hondakinei buruz indarra duen legerian bildutako baldintzekin

15. artikulua: Nekazaritzako erabilerak. 87.3 artikuluan ezarritako hornidurak prekarioan baimentzeko aukera alde batera utzi gabe, enpresa ez dago behartuta nekazaritza edo abeltzaintza erabileretarako hornidurak ematera, salbu eta hornitzeko izaera publikokoak izanik, erabat edo zati batean lorategiak edo basoak ureztatzeko erabiliko direnak.

Horri dagokionez, ez dira halakotzat hartuko autokontsumorako diren berotegien instalazioak ezta familia baratzeak ere.

16. artikulua. Zerbitzuen prestazioa. Zerbitzu egiteagatik, enpresak, oro har, betebehar hauek izanen ditu:

1. Zerbitzua etenik gabe eman beharko du. Funtzionamenduak hala behar-eta, zerbitzua eten edo murriztu behar bada, enpresak gaztigu eginen die abonatuei komenigarrien iruditzen zaion bidea erabilita, ezinbertzez gaztigu hori ezinezkoa denean izan ezik.

2. Bermatu beharko du ura edateko modukoa izatea, indarra duten osasun xedapenetan ezarritakoaren arabera, erregistroko giltzaraino, hor hasten baita abonatuaren barreneko instalazioa. Horretaz gain, bete beharko ditu hondakin uraren nahiz hornidurakoaren tratamenduari eta arazketari buruz osasun agintaritzak ematen dituen xedapenak.

3. Zaindu eta kontserbatu beharko ditu, bere kargura, hornidura eta saneamendu zerbitzuak emateko beharrezkoak diren bere jabetzako sare eta instalazioak.

4. Gaztiguak hartzeko gau eta eguneko zerbitzua edukitzea, abonatuek edo erabiltzaileek noiznahi hartara jo ahal dezaten.

5. Idatziz egiten zaizkion erreklamazioei gehienez ere hamar egun baliodunean erantzuna ematea.

6. Hornidura mota bakoitzari dagokion tarifa aplikatu beharko dio, momentu bakoitzean indarra duen ordenantza fiskalean onetsitakoaren arabera.

7. Ur hornidura bermatzea, aplikatzen ahal den araudiak ezarritako presio maila gorenen barnean.

Suteen kontrako instalazioetarako errana kenduta, enpresak ez du inoiz ere presio maila gutienekorik bermatuko. Beraz, horrela behar duten hornidurek berek izan beharko dute presioa goititzeko bitartekoren bat beren instalazio partikularretan ("presio-ekipo bat", Eraikuntzaren Kode Teknikoaren arabera) ordenantza honen 53. artikuluak aipatzen duen aldez aurreko txostena ukatu gabe.

17. artikulua. Salbuespenak.

1. Enpresak puska baterako eten edo murrizten ahalko ditu egiten dituen zerbitzuak, zerbitzuen behar orokorretarako komeni edo beharrezkoa denean edo bere borondatetik aparteko ezinbertzeko arrazoiren bat gertatzen denean.

2. Enpresa beharturik egonen da bere neurriak iragartzera, aitzineko artikuluan aipatzen den ildotik.

18. artikulua. Ur emari nahikorik ez izatea. Ur hornidura eteten baldin bada ez dagoelako ur emari aski erabiltzaileen beharrak betetzeko, kontuan hartuko da, alde batetik, zerbitzua mankomunatua den ala ez, eta bestetik, kontratatutako erabilera mota, eta zerbitzu etena ordena honetan eginen da:

1. Mankomunitatekoak ez diren erakundeentzako hornidura.

2. Mankomunitateko entitateak izan arren uraren ziklo integralaren sailean sartuta ez daudenak.

3. Nekazaritzako erabileretarako hornidura.

4. Apainketako erabileretarako hornidura.

5. Kirol instalazioetarako eta aisialdiko erabileretarako hornidura.

6. Industria, merkataritza eta zerbitzuetako erabileretarako hornidura.

7. Etxebizitzetarako eta ikastetxeetarako hornidura.

5. Abonatuen betebeharrak eta eskubideak.

19. artikulua. Arau orokorrak. Erregelamendu honetan berariaz ezarritako betebeharrez gainera, abonatuak honako arau orokor hauek bete beharko ditu:

1. Ura erabiltzeko manera eta erabilerak izan beharko dira kontratuan jartzen dituenak, beharrik gabeko gehiegizko kontsumorik egin gabe, hornidura sareko erabiltzaile guztiek ura hobeki eduki ahal izan dezaten.

2. Hondakin ura hustu beharko du Mankomunitateak eta aplikatzekoa den legeriak onesten dituzten arauek ezartzen dituzten baldintzetan eta mugen barrenean.

3. Enpresari eman beharko dio, ahalik eta agudoena, banaketa sare orokorrean ikusten duen edozein matxura edo arazoren berri, batez ere ur-ihesa edo edateko nahiz hondakin uraren galera bada, edo saneamendu sarean zerbait trabatu bada.

4. Enpresari jakinarazi beharko dio aldaketa nabarmena egiten badu bere kontsumo arruntean eta/edo hustuketan, eta/edo hustuketako ezaugarrietan, bai eta aldatzen badu kontsumitzen duen uraren erabilera, baldin eta horrekin batera tarifak edo, oro har, polizaren baldintzak aldatu behar badira.

5. Enpresari jakinarazi beharko dio, baita ere, zerbitzuak hartzetik gelditu nahi badu, betiere zein egunetatik aitzinera izanen den adierazita.

6. Ur horniduraren barneko instalazioetarako oinarrizko arauetan ezarrita dagoen guztia batere ukatu gabe, abonatu guztiek arreta osoz erabili, zaindu eta kontserbatu beharko dituzte beren zerbitzuko instalazioak. Bereziki, abonatuak bere barne instalazioan gertatzen diren matxurak konpondu beharko ditu berehala, haien ondorioa bada Mankomunitatearendako edateko ura galtzea.

7. Erraztu eta onartu beharko du beren lanean ari daitezen enpresako enplegatuak, edo enpresakoak ez izanagatik hark behar den nortasun txartelaren bidez kreditatzen dituenak, kontratuan ageri den bere finkan, etxebizitzan, lokalean edo toki itxian sartzen utziz, hornidura eta saneamenduaren ikuskapena egitera edo neurgailua irakurtzera etortzen zaizkionean.

8. Enpresari eman beharko dizkio eskatzen zaizkion datu guztiak, zerbitzuari buruzkoak edo haiekin zerikusia dutenak, ahalik eta zehatzen.

20. artikulua. Ur emariak berreskuratzea. Luxuzko erabileretan eta igerilekuetakoetan, kontrakorik xedatu ezean, abonatuak emariak berreskuratu eta eraberritzeko sistema egokiak paratu beharko ditu, bere kontura, ur emari horiek xede beretarako erabili ahal izateko.

21. artikulua. Debekuak. Abonatuak ezin izango du:

1. Bertzelako ur iturririk txertatu enpresaren hornidura instalazioei, nahiz eta edateko ura izan.

2. Sare orokorrean eta beste abonatuei emandako zerbitzuetan eragina izaten ahal duen ponparik edo gisako beste aparaturik paratu, lehendik baimenik izan gabe.

3. Enpresak emandako ura edo hustutzeko ahalmena bertze bati utzi, urririk edo ordainaren truke, denbora baterako edo betiko. Gisa horretako iruzurren bat gertatuz gero, bera izanen da erantzulea, bere izenean edo bere meneko bertze norbaiten izenean.

4. Berari dagokion ur horniduraren edo hustuketaren erabilera bertze norbaiti utzi, enpresak agintzen duena bete gabe.

5. Berari dagokion ur hornidura erabili kontratuan jartzen ez diren gauzetarako, edo kontratuan jarritako isurketarako baldintzak aldatu.

6. Enpresaren baimenik gabe, neurgailuetarako sarbideak aldatu. Neurgailu horien prezintoak nahita hautsi edo aldatu, hortik beretako irabazia ateratzeko asmoz.

7. Enpresaren instalazioak manipulatu, baita neurgailuak ere, nahiz eta abonatuarenak izan.

8. Ur kontsumoak egin neurgailu batek kontrolatu gabe, edo instalazioak nolanahi bestelakotzea hura posible egiteko, eta orobat kontrolatzen diren isurketekin.

9. Saneamendu sareetan isuri Mankomunitateak eman duen araudian edo aplikatzekoa den legeria orokorrean eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten produktuak, edo hiri hondakin solidoak, nolanahi daudela ere.

10. Ur hornidura edo saneamendu sareari lotura egin baimenik izan gabe.

11. Saneamendu sarean euri ura isuri.

12. Kontagailuaren irteerako giltza bakarrik manipulatzen ahal du abonatuak. Pasoko giltza ezinbertzekoetan baizik ez du erabiliko, halakorik dagoenean, eta halakorik ez bada, erregistroko giltza, baina enpresari gaztigatu beharko dio berehala.

6. Instalazioak.

22. artikulua. Instalazioak zerbitzuan. Zerbitzuan ari diren instalaziotzat hartzen dira, ondoko zerrendako moten artean, erabilera iraunkor eta jarraitua dutenak.

A) Hornidurako instalazioak:

1. Ura ekartzeko instalazioak.

2. Ura tratatzeko instalazioak.

3. Depositu erregulatzaileak.

4. Banaketa sarea.

5. Harguneak.

6. Abonatuaren barreneko instalazioa, bi adar hauek dituena:

a) Barne instalazio orokorra.

b) Barne instalazio partikularra.

B) Saneamendu instalazioak: Hodi sistema beregaina, bereizten dituena euri ura biltzen duten hodiak eta ur beltza biltzen dutenak:

1. Barreneko instalazioa: partikularra, abonatuarena, eta orokorra, eraikinarena.

2. Euri uraren sarearen instalazio orokorra etxe partikularretan.

3. Hiri kolektore bateratzaileetarako harguneak.

4. Euri uraren hiri kolektoreetarako harguneak.

5. Ur beltzaren hiri kolektoreetarako harguneak.

6. Eskualdeko kolektore bateratzaileetarako harguneak.

7. Hiri kolektore bateratzaileen sareak.

8. Ur beltzaren hiri kolektoreen sareak.

9. Euri uraren hiri kolektoreen sareak.

10. Eskualdeko kolektore bateratzaileen sareak.

11. Euri uraren kolektoreen sareak.

12. Ur beltzaren kolektoreen sareak.

13. Ur beltzak arazteko instalazio partikularrak.

14. Industrietako urak arazteko instalazio partikularrak.

15. Ura arazteko tokiko instalazioak.

16. Ura arazteko eskualdeko instalazioak.

17. Industrietako isurketa bereziak araztu eta tratatzeko eskualdeko instalazioak.

6.1. Hornidura:

23. artikulua. Ura ekartzeko instalazioak. Ura ekartzeko instalazioak izenaren barnean sartzen dira hodiak, ura bideratu eta kontrolatzeko elementuak, fabrika lanak eta gainerako elementu guztiak, ura biltegiratzeko edo tratatzeko instalazioei behar dituzten ur bolumenak emateko erabiltzen direnak, betiere kontsumoaren beharren arabera.

24. artikulua. Ura tratatzeko instalazioak. Ura argitu eta arazteko prozesuetan erabiltzen diren makina eta gainerakoak dira, pertsonek kontsumitu ahal izateko beharrezkoak direnak.

25. artikulua. Depositu erregulatzaileak. Ur-biltegiak dira, ura sarera bidali bitartean halako tokietan bildu behar izaten baita.

26. artikulua. Banaketa sarea. Herrietako karriketan paratzen diren hodiak eta ura bideratu nahiz kontrolatzeko beraiekin dituzten elementuak eta gainerakoak dira, haietan barna ura presio bidez eramaten baita, hornidura egiteko.

27. artikulua. Hargunea: Haren barrenean sartzen dira banaketa sareko uraren garraiobideak hornitu behar den higiezinaren barreneko instalazioarekin lotzen dituzten hodiak eta beren giltzak, lotunekoa, halakorik bada, erregistrokoa nahiz pasokoa.

Zehazki:

a) Lotuneko sistema bat izaten da banaketa sareko hodiaren gainean, eta haren bidez irekitzen da hargunearen pasabidea.

b) Hodi-adarra edo tartea, lotuneko sistema erregistroko giltzarekin lotzen duena.

c) Erregistroko giltza da enpresaren eta abonatuaren arteko bereizketa egiten duena erantzukizuna banatzeko tenorean, eta hodi-adarraren bukaeran paratzen da, eremu publikoan, jabetza partikularraren muga baino lehen.

Erregistroko giltzarik ez denetan (familia bakarreko etxebizitzetan gertatzen ohi dena) jabetza pribatuaren muga da enpresaren eta abonatuaren arteko bereizketa egiten duena erantzukizuna banatzeko tenorean.

28. artikulua. Barne instalazioak.

1. Barreneko instalazio orokorraren barrenean sartzen dira hodiak, giltzak, makinak eta kontagailuak, erregistroko giltzatik hasi eta barreneko instalazio partikularren mugan dagoen pasoko giltzaraino ailegatzen direnak.

"Pasoko giltza" hargunearen eta elikatzeko hodiaren elkargunean egonen da, higiezinerako sarbidearen ondoan eta horren barrenean. Jabeak edo abonatuak egiten duten kaxa irazgaiztu baten barrenean sartuko da. Normalki, kontagailuaren aitzin-aitzinetik paratuko da eta emari-neurgailua sartzeko kaxa edo armairu berean.

Haien barnean, elikadura hodia da hargunearen bukaera kontagailu sailarekin edo kontagailu orokorrarekin bat egiten duen hodia.

2. Barreneko instalazio partikularren barnean sartzen dira hodiak eta giltzak, abonatu bakoitzaren lokal, etxebizitza edo toki itxiaren barnean ura banatzen dutenak.

3. Kontagailua sartzeko kaxa, armairu edo kutxeta, bere giltza, lotune eta hodiekin batean, barreneko instalazio partikularraren atala da eta haren gaineko zaintze eta mantentze lanak higiezinaren jabeari dagozkio soil-soilik. Kontagailua enpresa hornitzailearena baldin bada, kontagailuaren edo emari-neurgailuaren gaineko zaintze eta mantentze lanak hari dagozkio soil-soilik.

4. Salbuespenez, instalazioak jabetza pribatuko eremuak, abonatuarenak berarenak edo beste titular batzuenak, zeharkatu behar izatera, hornitu beharreko higiezinean sartu baino lehen, erregistroko lehen giltzatik edo instalazioak zeharkatzen duen lehen jabetza partikularretik hornitu beharreko higiezinerainoko tartea abonatuaren instalazio partikulartzat joko da. Ondorio horietarako, entitate publikoen ondareko lurrak edo herri-lurrak ere partikulartzat joko dira.

6.2. Saneamendua:

29. artikulua. Barne instalazioak.

1. Saneamenduko barne instalazio partikularra da hodi multzo bat, abonatuaren etxebizitza edo lokalaren barnean dagoena, hondakin urak eraikinaren instalazio orokorreko saneamenduko hodietaraino eramaten dituena.

2. Eraikin baten saneamenduko instalazio orokorra da hodi, putzu eta ponpa multzo bat, kontrolerako elementuak barne, instalazio partikularretako hondakin urak hartu eta eraikineko saneamenduko harguneraino eramaten dituena.

3. Instalazioaren hondarrean eta hargunearen aitzinetik paratu beharko da eraikinaren putzu orokorra (erregelamendu teknikoan abiaburuko kutxeta erraten dena). Hau izanen da instalazio pribatu eta publikoaren elkargunea eta halakorik ez bada, jabetza partikularraren muga izanen da instalazio pribatuaren eta publikoaren arteko bereizgarria eta, beraz, enpresaren eta erabiltzailearen erantzukizunaren artekoa (37. artikuluan xedatua batere ukatu gabe).

30. artikulua. Hiri kolektoreetarako harguneak.

1. Hiri kolektore bateratzaileetarako hargunea erraten zaio eraikin edo finka bateko hondakin urak, haren mugatik abiatuta, kolektoreraino eramaten dituzten hodi, erregistro eta pieza berezien multzoari.

2. Ur beltzen hiri kolektoreetarako hargunea erraten zaio eraikin edo finka bateko ur beltzak, haren mugatik abiatuta, kolektoreraino eramaten dituzten hodi, erregistro eta pieza berezien multzoari.

31. artikulua. Eskualdeko kolektoreetarako harguneak. Eskualdeko kolektoreetarako hargunea erraten zaio finka bateko hondakin urak haren mugatik abiatuta eskualdeko kolektorera eramaten dituzten hodi eta erregistroen multzoari.

32. artikulua. Ur beltzaren hiri kolektoreen sareak. Ur beltzaren hiri kolektoreen sarea erraten zaio ur beltzak hiri-finka multzo batetik hiri nahiz eskualde-kolektore bateratzaile bateraino edo herriko arazketako instalazio bateraino edo ibilgu bateraino eramaten dituzten hodi, erregistro, eta deskarga eta aireberritzeko kameren multzoari.

33. artikulua. Eskualdeko kolektoreen sareak. Hiri kolektore eta/edo harguneetatik etortzen diren hondakin urak arazketako instalazioetara eramaten dituzten hodi, mekanismo, makina eta kontrol elementuak.

34. artikulua. Arazketako instalazio partikularrak.

1. Ur beltzenak: halakotzat hartzen dira etxeko hondakin urak tratatzen dituzten elementu partikularrak, gero ur horiek behar diren baldintzetan isurtzeko kolektore, lursail edo ibilguren batean.

2. Industrietako urenak: jabe partikularraren elementuak dira, prozesu industrial batetik heldu den ura tratatu eta arazten dutenak.

35. artikulua. Hondakin urak arazteko tokiko instalazioa. Herri bateko kolektore sareetatik etortzen diren hiri hondakin urak arazten eta gero ibilgu publiko batera isurtzen dituzten depositu, hodi, mekanismo, makina eta kontrolerako elementuen multzoa da.

36. artikulua. Hondakin urak arazteko eskualdeko instalazioa. Eskualdeko kolektoreetatik etortzen diren urak arazten eta gero ibilgu publiko batera isurtzen dituzten depositu, hodi, mekanismo, makina eta kontrolerako elementuen multzoa da.

7. Hornidura zerbitzua

7.1. Harguneak:

37. artikulua. Trazadura. Hargunea eginen da beti enpresak egokiena iruditzen zaion banaketa sareko puntuan.

Hargunearen trazadura egitean, bilatuko da ahalik eta laburrena izateko modua, eta jabari publikoko eremutik egin beharko da (karrikatik).

Eskatzaileak berak libreki eta bere kontura hautatuko du hargunea eginen dion paratzaile baimenduna, batere ukatu gabe 43. artikuluan jartzen duena enpresari lagatzeari buruz.

Obra egitean kasu eginen zaie enpresak ematen dituen argibideei, hargunea egiteko beharrezkoak baldin badira."

38. artikulua. Tokia. Harguneko giltza banaketa sareko hodiaren gainean egonen da, beharrezkoa denean; erregistroko giltza eremu publikoan egonen da, bere trazaduran aurkitzen duen jabetza partikularreko muga baino lehenago; pasoko giltza, teknikoki komeni bada halakorik paratzea, kamera irazgaiztu batean egonen da, jabetzaren fatxadako paretan edo bestela horretarako ematen den kamera batean, fatxadan paratzea ezinezkoa bada.

39. artikulua. Goiko sarea. Sare hauen bidez ura eramaten da iturburuetatik Mankomunitateko toki entitateen depositu erregulatzaileetaraino.

Ez da baimenik emanen hargunea egiteko goiko sareetan, non ez den interes orokorreko arrazoiren bat tartean, betiere Mankomunitatearen Batzorde Iraunkorrak halakotzat hartzen badu.

40. artikulua. Dimentsionatzea. Enpresak erabakiko ditu harguneko osagaien neurriak, abonatuak bere eskaeran egiten duen kontsumo deklarazioa eta emateko zenbat ur dagoen kontuan harturik. Neurria ongi hartua dagoela jakiteko, aski izanen da eskatu edo kontsumitu emaria badela frogatzea.

Mankomunitateak ez ditu bere gain hartuko ur horniduran gertatzen diren akatsak, baldin gertatu badira abonatuaren barneko instalazioaren neurriengatik edo egokitzapenengatik.

41. artikulua. Hargunea eta hornidura-aniztasuna. Finka bakoitzak bere ur lotunea izanen du; hartan erregistroko giltza bat eta ur sarrera partikular bat izanen dira, gutienez. Pasoko giltza jabegoaren sarreran paratzen bada, aise iristeko moduko tokian, ez da beharrezkoa izanen erregistroko giltza (banakako etxebizitza edo finketan ohi dena).

Hargune batetik abiatuta kontrataturiko hornidurak bat baino gehiago badira, kontagailu sail bat paratu beharko da, enpresak erraten duen motakoak eta erabakitzen duen lekuan paratzeko.

Erregistroko giltzatik hasita, kontagailu saileraino dagoen hodi puska eta gainerako instalazioak (elikatzeko hodia) eraikinaren barreneko instalazio orokorraren atal dira. Instalazio horren gaineko mantentze- eta zaintze-lanak bere jabe bidezkoei dagozkie.

Jabetza horizontal etzana:

Jabe elkarte bat baldin bada, jabetza pribatuko karrikak eta lurrak dituena eta horiek urbanizazioaren edo jabe elkartearen elementu komunen kalifikazioa badute, orduan esparru pribatu guztian diren hornidura eta saneamendu sareak urbanizazioaren barreneko instalazio orokortzat hartuko dira, zutikako eraikin bateko jabe elkarte bateko kontsiderazio tekniko-juridiko berarekin.

42. artikulua. Ura husten denerako hustubideak. Hodiak hausten ahal baitira, finka edo lokal guztiek behar adina hustubide izanen dute, kontrataturiko hargunearen bidez irits daitekeen gehieneko ur-emaria husteko lana egin dezaten, kalte materialik eragin gabe etxeari, bertan pilaturiko produktuei edo kanpoko edozein elementuri.

43. artikulua. Harguneen lagapena. Hargunearen obra amaitu eta enpresak ontzat eman ondotik, partikularrak lagatzen ahalko dio Mankomunitateari, eta horrek onartzen ahalko du instalazio partikularren lagapen kontratu baten bidez.

Ulertuko da "iuris tantum" instalazioaren lagapena jabetza partikularraren mugaraino onartzen dela edo, lehenago baldin badago, erregistroko giltza paratzen den lekuraino.

43.bis artikulua. Tratamendu fitosanitariorako substantzien hornidura:

1. Produktu fitosanitarioak dauzkaten zisternak edo bestelako ontziak urez "betetzeko gunetzat" hartzen da nekazaritzako tratamenduetarako biltontziak edo zisternak betetzeko soilik eta ez beste ezertarako erabiltzen den instalazioa.

2. Betetze hori soilik egin ahalko da dagokion kontratuan ezarritako betetzeko gunean. Espresuki debekatua dago helburu horretarako ura hartzea edo kargatzea saneamendu sareko ur-hartuneetatik eta hidranteetatik. Era berean, debekatua dago substantzia fitosanitarioak izan ditzakeen ura saneamenduko sare publikora isurtzea.

3. Betetzeko sistema beti egonen da bete beharreko zisterna baino altuera handiagoan. Interesdunak bermatu beharko du betetzeko guneak badituela beharrezko neurri guztiak edateko uraren errefluxuagatiko kutsadura saihesteko, presioa haustea ahalbidetzen duen sistema baten bidez. Sistemak ur-biltontzi independentea edukiko du, hornidura sare publikoarekin lotura hidraulikorik ez duena, eta bete beharreko ontzian ura sartzeko zuloaren aurretik aire ganbera bat duena.

7.2. Puntu hornituen hornidura:

44. artikulua. Sarera lotzeko eskubidea ematea. Sarera lotzeko eskubidea emateko, beharrezkoa izanen da eskatzaileak ordaintzea Mankomunitatearen ordenantza fiskalak horretarako finkatua duen tasa.

45. artikulua. Hornidura ematea.

1. Edozein ur hornidura emateko, kasuan kasuko higiezin, etxebizitza edo lokalaren barne instalazioek bat etorri beharko dute aldi bakoitzean instalazio horien gainean indarrean dauden arauekin.

2. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da erabiltzeko eta gozatzeko eskubidea deklaratzea hornitu nahi den higiezinaren gainean.

3. Hornidura gauzatzeko obraren bat egin behar denean, udalaren baimena egiaztatuko da, dagokion lizentzia erakutsiz, eta hornidura lurzoru urbanizaezinean kokatutako instalazioetarako bada, Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamendurako Departamentuaren baimena aurkeztuko da.

4. Aurreko apartatuetan xedatzen dena batere ukatu gabe, hornitutako ura zertarako erabiliko den kontuan harturik, honako hauek ere beharko dira:

4.1. Etxebizitzetarako hornidura baldin bada, higiezinaren bizigarritasuna egiaztatzea, dagokion bizigarritasun zedularen bidez.

4.2. Jarduera industrial, profesional edo merkataritzakoren batean erabiltzeko lokaletarako ura denean, jarduera hori egiaztatu beharko da jarduera sailkaturako lizentzia erakutsita "abian jartzeko" erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu izanaren frogagiriarekin batera.

Merkataritza eta halako zerbitzu batzuk liberalizatzeko presako neurriei buruzko abenduaren 26ko 19/2012 Legeak babesturiko jarduerek ez dute aurkeztu beharrik jarduera lizentziarik, irekitzeko lizentziarik edo gisakorik erregelamendu honetan jasotako zerbitzuak kontratatzeko. Horren ordez, lege horretan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena edo aldez aurreko jakinarazpena aurkeztuko du interesdunak.

4.3. Erabilera pribatuko lokalen horniduraren kasuan, horiek okupatzeko behar den udal lizentzia aurkeztu beharko da.

46. artikulua. Behin-behineko hornidurak. Ur hornidura behin-behinekoz ematen ahalko da aitzinetik eskaera eginda, baita telefonoz eginda ere.

Interesdunak ezin badu, hasierako eskaerarekin batean, aitzineko artikuluan aipatu diren agirietako bat aurkeztu, behin betiko altako kontratua tramitatzen ahalko da, baina aipatu agiriak aurkeztu beharko ditu kontratuak indarra hartzean.

Behin-behinekotasuna ez da inoiz sei hilabete baino luzeago izanen, halako obra edo zerbitzu batzuetarako emandako horniduretan izan ezik, behin-behineko hornidura horiek irauten duten guztian mantentzen ahalko baita.

47. artikulua. Hornidura bereiziak.

1. Higiezin-unitate, etxebizitza, lokal edo bereizirik erabiltzeko espazio bakoitzak hornidurarako/saneamendurako barne instalazio beregainak izanen ditu eta bakoitzak bere alta kontratua izanen du, are higiezin-unitate, etxebizitza, lokal edo bereizirik erabiltzeko espazio horiek jabe edo erabiltzaile bera dutenean ere.

2. Soil-soilik salbuespenez teknikoki barne instalazioak bereiztea ezinezkoa denetan onartuko da hornidura alta kontratu bakarraren bidez egitea; hartan jabe bat baino gehiago badago, "hornidura kolektiboetarako" 77. artikuluak ematen dituen xedapenen bidez arautuko da.

48. artikulua. Beste toki batzuetako hornidurak. Berritik irekitzen diren urbanizazioetako hornidurek edo lehengo sarea handitu edo aldatu beharra dakartenek, aitzineko artikuluetan aipatu denaz gain, ondotik heldu diren arauei jarraitu beharko diete.

7.3. Lehendik dagoen sarea handitu edo aldatu beharra dakarren hornidura.

49. artikulua. Hornidura emateko aukera. Jurramendiko Mankomunitatearen eskumen eremuaren barrenean egonik, hornidura sarea ez bada bertaraino iristen edo, nahiz eta sarea iritsi, handitu edo aldatu behar badira lehendik dauden instalazioak, hornidura berriak emateko kontuan hartu beharko da horretarako aukera edo modurik ba ote den.

50. artikulua. Ordainketa noren gain. Hornidura sarea iritsi ez edo, nahiz eta iritsi, behar adina hornitu gabeko lekuetan hornidura berria eskatzen duenak bere kontura eta fondo galdura ordaindu beharko ditu sarea handitzeak edo aldatzeak ekartzen dituen gastu guztiak, kontsumo eskaera berriari erantzuteko beharrezkoa baldin bada.

Sarea handitu edo aldatzen denean, enpresak finkatuko ditu baldintza teknikoak eta, obrak egiten direnean, kontrolatuko du betetzen ote diren.

51. artikulua. Behar adinako hornidurarik ez. Aitzineko artikuluetan aipatzen denari dagokionez, ulertuko da toki bat ez dagoela behar adina horniturik, baldin eta, banaketa-sarean, hargunea egin behar den tokian, eskualdeko kontsumoa asetzeko lehendik lotuak dauden ur-kopuruak kendu ondotik, eskatzen den hornidura berrirako behar adina ur emaririk ez badago. Ur emari hori kontsideratzen da harguneko kota gehi hiru metrora, enpresa ez baitago beharturik presio jakin bat sareko inongo tokitan ematera, sute-ahoetarako salbu.

7.4. Urbanizazio ireki berrietako hornidurak.

52. artikulua. Urbanizazioa. Erregelamendu honi dagokionez, urbanizazio ireki berria erraten zaio lur multzo bati, zeinaren gainean hirigintzako jarduketak agintzen baitu bide eta zerbitzu azpiegitura baten sorrera, lur horiek banatzen diren lurzatien edo orubeen artean eta lurzati edo orube horien eta herriguneko eremu eraikiaren artean

Halako lekuan dauden orube edo higiezinetarako hargunea edo hornidura emateko, ondotik aipatzen diren baldintzak bete beharko dira.

53. artikulua. Aldez aurreko betebeharrak. Behar diren urbanizazio proiektuak onetsi aitzin, eta betiere eraikitzeko lizentziak eman aurretik, Mankomunitateko kasuan kasuko entitateak txostena eskatu beharko dio enpresari, hornidura eta saneamendua egiteko egiazki dauden ahalbideen gainean.

Orobat, aitzinetik arautu beharko da, hiru alderdiren hitzarmenaren bidez (Mankomunitateko entitatea, Manikomunitatea eta sustatzailea), urbanizazioa Udal edo Kontzejuari eskualdatuko zaion modua eta denbora, gero Mankomunitatean sartzeko.

54. artikulua. Ordainketa noren gain: Sare berria paratzeko gastuak, bai eta haren elikagailu nahiz egin beharreko errefortzuenak ere, oso-osorik sustatzailearen gain geldituko dira.

16. artikuluari jarraikiz, presioa goititzeko bertze bitarteko propioren bat izan behar bada, instalazio partikularraren parte izanen da, eta sustatzailearen edo abonatuaren kontura izanen dira, bai instalazio gastuak bai ekipoa gero mantentzeko gastuak.

7.5. Hiri sareak berritzea.

55. artikulua. Kontribuzio bereziak. Hiri sareak berritu baino lehen, enpresak berritzearen kostua osoki edo zati bat berreskuratu ahal izanen du, kontribuzio bereziak ezarriz.

7.6. Kontsumoaren kontrola.

56. artikulua. Neurketa ekipoak. Abonatu bakoitzak egiten dituen ur kontsumoak kontrolatuko dira neurgailuaren bidez; hura ondoko artikuluetan erraten den bezala paratuko da.

57. artikulua. Motak. Mota hauetako neurgailuak paratzen ahalko dira:

–Kontagailuak

–Emari-neurgailuak.

–Ekipo bereziak.

Kontagailua duen neurgailua da, aparatu mekaniko bat edukirik, bertatik pasatzen den ur bolumena adierazten duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz beste emari mugarik gabe. Izaten ahalko dira orokorrak edo banakatzaileak, instalazio partikularraren ezaugarrien arabera.

Emari-neurgailua duen neurgailua da aparatu elektromekaniko nahiz elektrikoa duena, kontsumoari dagokionez bere edukieraz bertze mugarik gabe.

Neurgailu bereziak benturiak, isurtegiak eta diafragmak dira.

58. artikulua. Kontagailuak. Eraikin bakoitzaren barne instalazio partikularraren ezaugarriak nolakoak diren, ur hornidura ematen ahalko da kontagailu banakatzaileen bidez edo kontagailu orokorraren bidez. Fakturazioa honen arabera eginen da:

a) Kontagailu banakatzaileek abonatu bakoitzaren kontsumo partikularra neurtzen dute, etxebizitzan edo lokalean.

Kontagailu banakatzaileen saila horretarako baizik ez den lokal edo armairu batean paratuko da, eta hura kokatzeko lekurik egokiena, higiezinaren beheko solairuan, erabilera komuneko lekuren bat izanen da, jabari publikoko eremutik sarbide zuzena duena.

b) Kontagailu orokorrak eraikinean eginiko kontsumo guztiak neurtzen ditu. Horretarako baizik ez den armairu batean paratuko da, bere babes eta maniobrako giltzekin batera. (Hura kokatzeko lekuari dagokionez, aitzineko kasuan erranak berdin balio du honentzat ere).

Merkataritzako edo negozioko lokaletako kontagailuak kokatuko dira, hala baldin bada, eraikineko kontagailuen sail orokorrean. Kasu partikularren batean, lokal horiek kontsumo handia egiten badute edo eraikinaren hargunetik aparteko beste hargune bat behar bada, kontagailua fatxadan egonen da, kutxeta batean, eta bertara kanpoaldetik joko da.

Kontsumo handiko lokalak dira beren erabilera arruntaren bidez eraikineko ohiko kontsumoak aldarazten dituztenak, eta beti izan beharko dute beren aparteko hargunea.

59. artikulua. Ezaugarri teknikoak. Kontagailuen neurriak eta ezaugarriak erabakitzea, instalatzeko sistema edozein izanda ere, enpresaren esku gelditzen da, berak eginen baitu, abonatuak hornidura eskaeran aipatzen duen kontsumo deklarazioa ikusita eta barreneko instalazioetarako oinarrizko arauetan ezarritakoari jarraikiz.

60. artikulua. Tokia. Enpresak ezarriko du kontagailua instalatzeko lekurik egokiena 58. artikuluan xedatutakoarekin bat; izan ere, instalazio partikularraren hasieran.

Oro har, kontagailua kokatuko da abonatuaren jabetza partikularraren barrenean baina eremu publikotik hartara aise iristeko maneran, ahal dela fatxadan, eraikin komunitarioetan salbu.

Instalazio partikularrak abonatuarenak ez diren jabetza partikularrak zeharkatu behar dituen kasuetan (herrigunetik kanpo kokaturiko etxebizitza eta establezimendu publiko zein pribatuen ohiko egoera), kontagailua instalatua egon beharko da instalazio partikularrak zeharkatzen duen lehen jabetza partikularrean, haren mugan, eta era berean, eremu publikotik hartara aise iristeko maneran. Horretarako, abonatuak beharrezkoak diren baimenak eduki beharko ditu.

61. artikulua. Alta ematea zerbitzuan. "Zerbitzuan alta ematea" erraten zaio pertsona fisiko edo juridiko batek enpresarekin kontratua egiteari erregelamenduzko hargunea duen higiezin bat urez hornitzeko, horren aitzinetik sareari lotzeko eskubideak ordaindu eta gero.

Alta emate horrek balio izateko, enpresak ematen duen kontagailua paratu beharko da hartarako bereizi den tokian. Ez da onartuko erabiltzaileek ekarritako kontagailuak paratzea.

Zerbitzuan alta emateagatik eskatzaileari ordainarazten zaion tasan ezin izanen da sartu kontagailuaren prezioa, hori haren instalazioen parte bat baita.

Arrazoi beragatik, zerbitzuan baja ematen denean, enpresak kontagailua kendu eta beretako gordeko du.

62. artikulua. Erantzukizunak. Enpresako langileak edo enpresak izendatzen dituen paratzaile baimenduak arduratuko dira kontagailuak paratu, kendu eta mantentzeaz, gainerako bertze edozein pertsonak lan horietan esku hartzea debekatua izanen baitu.

Dena dela, ardura horren barrenean ez da sartuko kontagailuaren instalazioa eskatzen duen partikularrak prestatzen duen tokia edo kaxa.

63. artikulua. Prezintoak. Debeku da, orobat, fabrikatzaileak edo enpresak paratzen edo konpontzen dituenean kontagailuetan ezartzen dituen prezintoak aldatzea, horien bidez bermatzen baita ongi funtzionatzen dutela eta sistema homologatu batekoak direla.

Ustekabeko edozein goiti-beheiti dela medio, prezintoetakoren bat hausten bada, enpresari gaztigu egin beharko zaio hogeita lau orduko epearen barrenean.

64. artikulua. Egiaztapenak. Neurgailuen probak enpresari komenigarri iruditzen zaion guztietan eginen dira, baita kontratuaren titularrak eskatzen duenean ere. Azken kasu horretan, kontagailua funtzionatzeko egoera onean baldin bada, lan horrek ekartzen dituen gastuak pertsona horren bizkar izanen dira, eta horren tarifa ordenantza fiskalean ezartzen dena izanen da.

Neurgailua egoera onean dagoela ulertuko da, baldin eta neurketako akatsak, halakorik baldin bada, indarra duen araudian onartzen den tartearen barrenean badaude.

Kontagailua hautsi delako edo gaizki dabilelako konpondu behar bada, enpresak bertze bat emanen dio abonatuari haren ordez.

65. artikulua. Ohiko kontsumoak aldatzea. Abonatuak aldatzen badu bere ohiko kontsumoa edo kontsumo hori ez bada hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, eta, beraz, neurgailuarentzat jarritako neurriak desegokiak badira kontsumitu den ura behar den bezain zehatz kontrolatzeko, neurgailu berri bat paratu beharko da, bere neurrietan egokitua egiazki kontsumitzen denaren arabera.

Ulertuko da abonatuak bere ohiko kontsumoa aldatu duela edo kontsumo hori ez dela hornidura eskatu zuenean deklaratu zuena, enpresak egiten dituen egiaztapen teknikoen ondorioz ikusten bada paraturiko neurgailua ez dela egokia egiazko kontsumoetarako, enpresa fabrikatzaileak ematen dituen ezaugarrien barrenean.

Neurgailuren bat aldatu behar bada, enpresak baimena du bertze baldintzarik bete gabe hura aldatzeko.

7.7. Loturiko zerbitzuak.

66. artikulua. Zerbitzu bereziak. Enpresak ur zerbitzuari loturiko obra eta zerbitzuak egiten ahalko ditu partikularrendako, hala nola hornituriko esparruaren barreneko instalazio partikularra etab., eta zerbitzu pribatutzat joko dira.

Zerbitzu horien ordainak prezio librearen ariora zehaztuko dira, merkatuaren baldintzei jarraikiz. Direlako ordainketak ez dira ordainarazpen publikotzat hartuko.

8. Saneamendu zerbitzua.

67. artikulua. Erregulazioa. Saneamendu sareari oro har aplikatuko zaizkio aitzineko apartatuetan aipatu diren xedapen guztiak, non ez diren hornidura zerbitzuari baizik ez dagozkionak, batere ukatu gabe ondoko artikuluetan finkatzen diren arau bereziak.

Aitzineko paragrafoan eta ondoko artikuluetan aipatzen direnei buruz, jartzen duenean "hornidura", "banaketa edo hornidura", "kontsumoak" eta "hornidura hartzen duena, hornidura sarea duena edo horniturik/ta", ulertuko da hemen dela "hustuketa", "saneamendua", "isurketak" eta "hustuketa duena".

68. artikulua. Isurketa kota. Enpresa ez da inola beharturik egonen isurketa kotarik ematera 0,50 metro baino sakonera handiagora hodiaren goiko sortzailearen aldera. Isurketaren bat kolektorearen azpiko kotaren batean bada, eskatzailearen kontura izanen da hondakin urak gorago ekartzeko sistema paratu eta mantentzea.

69. artikulua. Hargunea: Saneamenduko hargunea saneamenduko sareari lotuko zaio enpresari egokiena iruditzen zaion tokian, eta, behin egin ondotik, harena izatera pasako da.

Saneamenduko harguneak diseinatu eta eraikitzean, ziurtatu beharko da estankoak direla, bereziki saneamendu sarearekin lotzen diren puntuan.

Enpresak galdatzen ahalko du kutxetak para daitezela, hala hargunea hasten den tokian nola sarearekin lotzen den puntuan, bai eta emariak kontrolatu eta neurtzeko kutxetak egin daitezela eta behar diren neurketa sistemak para daitezela ere. Halaber, enpresak galdatzen ahalko du harguneen erregistroko kutxetak egin daitezela eraikinaren barrenean. Hori dena enpresaren jarraibideen arabera egin beharko da. Nolanahi dela ere, saneamenduko harguneen proiektuak eta ondoriozko obrek bermatu beharko dute egiturek iraunen dutela eta jasanen dela garraiatu beharreko uren gogortasuna.

70. artikulua. Aparteko harguneak. Mankomunitateak euri urak eta ur beltzak bereizirik joateko sistema hautatu zuen hasieratik. Hori dela medio, hustuketa zerbitzua hartzen duten eraikin edo finka guztiek beren barreneko instalazioan eduki beharko dute euri urak eta ur beltzak bereizteko sistemaren bat.

Ur beltzen hargunea saneamendu sare publikoari lotuko zaio.

Euri uren hargunea euri uren sare publikoari lotuko zaio, halakorik baldin bada, edo bestela zuzenean isuriko du ura eremu publikora, toki-erakunde bakoitzak onetsitako hirigintzako araudiaren arabera.

71. artikulua. Isurketen neurketa. Enpresaren ustez beharrezkoa edo komenigarria bada isurketen kontrol berezia egitea, berak diseinatuko du nahitaez paratu beharreko isurketak neurtzeko aparatua eta adieraziko du nola kokatu behar den.

Enpresak galdatzen ahalko du egin daitezela isurketen laginak hartzeko kutxetak, berak onetsitako diseinuaren arabera.

72. artikulua. Saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremuak.

1. Saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremuetan, edo behar bezalako saneamenduko azpiegiturarik ez dutenetan, erabiltzaileek bestelako konponbideak bilatzen ahalko dituzte, hala nola putzu septikoak, kubetak edo irazkiak, baldin eta enpresak teknikoki onartzen baditu haiei buruzko proiekzioa eta ondoriozko obra.

Konponbideak eta haiek egiteko emandako baimenak behin-behinekoak izanen dira, Mankomunitateak finkatik hurbil saneamendu sarerik ez duen bitartean, hala denean lotura egin beharko baita erregelamendu honetan aipatzen den maneran eta ordenantza honetan aurreikusitako baldintza orokorrak betez.

2. Aitzineko apartatuan eta 49.etik 54.erainoko artikuluetan aipatzen denari dagokionez, saneamenduko azpiegiturarik gabeko eremutzat hartuko dira hargunea kokatu behar den tokian kolektore sarerik ez dutenak.

Halaber, ulertuko da toki batek ez duela behar bezalako saneamenduko azpiegiturarik, baldin eta hargunea kokatu behar den tokian ez bada garraio ahalmenik edo kotarik aski, heldu den isurketa kopuru berria hartu ahal izateko.

3. Aitzineko puntuetan jartzen duena deusetan ukatu gabe, ez da onartuko saneamendurako bestelako konponbiderik, baldin eta herriko hirigintza arauetan agintzen bada beharrezkoa dela saneamendu zerbitzu arruntaren azpiegiturak eduki behar direla.

73. artikulua. Etxeko instalazioen garbiketa. Mankomunitatea ez dago beharturik etxeko instalazio berezirik hartu, garbitu edo saneatzera, non ez dagoen hondakin urak arazteko akordioren bat haren eta instalazio partikularraren jabearen artean, orduan kasu eginen baitzaio adostutakoari.

9. Zerbitzuak kontratatzea.

74. artikulua. Kontratu-poliza.

1. Ur hornidura eta saneamenduko zerbitzuen kontratazioa, erregelamendu honetan aipatzen diren helburuetako edozeinetarako eta hemen erraten diren baldintzetan, kontratu baten bidez formalizatuko da. Kontratua, alde batetik, enpresak izendatzen duen pertsonak sinatuko du eta, bertzetik, zerbitzuak hartzen dituen eraikin, lokal, etxebiziza edo toki itxiaren titularrak edo kasuan kasuko higiezina okupatzeko behar adina titulu duenak, hala nola legezko errenta hartzaileak, biek esku hartzen ahalko baitute zuzenean edo haien ordezkoa denak. Ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez frogatu beharko da.

Ordezkaritzarik ez badago ere edo behar adina frogatu ez bada ere, kontratua egintzat hartuko da, frogabide hori aurkezten bada edo duen akatsa zuzentzen bada horretarako jarri den epean.

2. Aitzineko apartatuan ezarritakoa ukatu gabe ere, alta telefono bidez tramitatzen ahalko da, eta berdin enpresak eskura dituen baliabide elektroniko, informatiko edo telematikoetan edozein erabiliz.

3. Aitzineko apartatuetan xedatu dena, orobat, zerbitzua iraungitzen bada aplikatzen ahalko da.

75. artikulua. Zerbitzuen eskaera. Edateko uraren hornidura eta/edo hondakin uren hustuketa lortu nahi duenak eskaera aurkeztu beharko du, enpresak emanen dion eredua erabiliz, eta hori egitearekin batera bere gain hartuko du eskaeran paratu dituen datuen gaineko erantzukizuna. Enpresak ale bat eman beharko dio abonatuari, behar bezala betea eta behar dituen sinadurekin.

Eskaera horrekin batera aurkeztu beharko dira 45. artikuluan aipatzen diren agiriak.

76. artikulua. Iraupena. Zerbitzuak kontratatzen ahalko dira denbora baterako edo denbora mugarik gabe.

Ez da, ordea, denbora mugarik gabe hitzartzen ahal berez iragankorrak diren egoeretarako zerbitzuak, hala nola obretarako, eta abar.

Edateko uraren hornidura eta hondakin uren hustuketa modu berezian ematen ahalko da instalazioak probatzeko, aitzinetik enpresaren eta erabiltzailearen artean egiten bada hitzarmen bat, non zehaztuko diren zerbitzuen iraupena, kontsumitu gogo den uraren nahiz hustu gogo diren isurketen bolumena, haien ezaugarriak, eta hitzarmena gauzatzeko egin behar diren gastuen zenbatekoa.

Halaber, zerbitzuak behin-behinekoz ematen ahalko dira, gehienez ere sei hilabeteko denboran.

77. artikulua. Hornidura kolektiboak. 47.2 aurreikusitako kasuetan, edo etxebizitza edo lokal baten jabe edo erabiltzaileek nahi dutenean alta kontratu bakarra formalizatzea etxebizitza edo lokal hori urez hornitzeko, aginduzkoa izanen da kasu bakoitzean aitzinetik eratzea ondasun komunitatea edo etxebizitza, lokal edo multzo hornituaren titulartasuna bere gain hartzen duen ente juridikoa.

Hornidura kolektibo mota hau izanen da jabe elkarteetan izaten diren alde edo zerbitzu komunak hornitzeko erabili ohi dena. Kasu horietan ezin izanen da egin komunetik aparteko banakako kontraturik.

Elkarteko kideek solidarioki erantzun beharko dute, elkarteak Mankomunitatearekin zorrik baldin badu.

78. artikulua. Zerbitzuak helburuei atxikita. Ur hornidura eta hustuketako zerbitzuak eman ziren helburuei atxikita geldituko dira, eta ezin izanen da haietaz baliatu bestelako erabileretarako, zeren halakorik egin nahi bada beste kontzesio bat eskatu beharko baita.

79. artikulua. Polizak. Ur hornidura eta/edo saneamenduko polizak erabilera bakoitzerako finkatuko dira, eta poliza bereziak egin beharko dira tarifa edo baldintza desberdinak aplikatzeko eskatzen duten guztientzat. Edozein arrazoi dela kausa, abonatuaren polizan sinaturiko kontratuaren baldintza berezietakoren bat aldatzen bada, beste orri bat idatzi beharko da, dagokion data jarrita eta bi alderdiek sinaturik, non paratuko baitira erabaki diren aldaketak.

80. artikulua. Zerbitzuak besterendu ezin. Arau orokor gisa, ur hornidurako abonamendua pertsonala eta besterenezina da. Beraz, titularrak ezin izanen dizkie bere eskubideak beste batzuei laga, eta ezin izanen du bere gainetik kendu enpresarekin dituen erantzukizunen karga.

Abonatu batek saldu, errentan eman edo, edozein modutan, galtzen baditu hornitutako higiezina erabili edo harekin gozatzeko eskubideak, zerbitzuan baja emateko eskatu beharko du, higiezinaren gaineko eskubideak galdu dituela ziurtasunez jakiten duen egunetik hasi eta bost eguneko epean.

Abonatuak betetzen ez badu aitzineko paragrafoan aipatzen den obligazioa, arau-hauste arina eginen du, dagokion zehapena hartuko du, eta baja emanen zaio ofizioz uraren hornidura zerbitzuan.

Aitzineko kasu horretan, higiezina erabili edo harekin gozatzeko eskubideak bereganatzen dituen pertsona edo entitateak enpresari jakinarazi beharko dio, bortz eguneko epe horretan berean, nahi duela higiezina hornidurarik gabe gelditzea edo, bertzenaz, eskatu beharko du zerbitzuan alta emateko.

Higiezinaz jabetzen denak betetzen ez badu aitzineko paragrafoan aipatzen den obligazioa, arau-hauste arina eginen du, eta dagokion zehapena hartuko du.

Abonatu berriari zerbitzuan alta emateko, administrazio baldintza guztiak bete beharko ditu eta behar diren tasak ordaindu.

81. artikulua. Subrogazioa.

Abonu polizaren titularra hiltzean, bere ordez subrogatzen ahalko da hornidura hartzen duen etxebizitza edo lokalaren jabetza edo erabilera bereganatzen duen oinordekoa edo legatuduna.

Entitate juridikoen kasuan, eskubide eta betebeharretan subrogatzen denak gauza bera egiten ahalko du abonu polizan, betiere behar diren baimen administratibo guztiak enpresari aurkeztuta.

Subrogatzeko eskubidea izanen du, baita ere, irabazitako ondasunezko ezkontza-erregimena desegiten den kasuan, higiezina egokitzen zaion ezkontideak.

Eskubide hori bera izanen du hornitutako higiezin baten jabekideak, baldin eta, higiezinaren gaineko jabetza komuna desegiten denean, bera bihurtzen bada haren jabe bakar.

Eta, oro har, polizan subrogatzen ahalko dira higiezin baten gaineko eskubidearen aitzineko titularraren ondorengoak direnak, jabetza, errentamendu, usufruktu, gozamen, erabilera edo bizileku eskubide errealaren titulartasunean.

Kasu hauetan guztietan subrogazioa egin ahal izateko, kontratuak indarra izan beharko du eta egungo titularrak eguneratuak izan beharko ditu Mankomunitatearekin bete beharreko obligazioak.

82. artikulua. Klausula bereziak. Polizan sartzen diren klausula berezietan ez da inola ere joko erregelamendu bidez onetsitako aginduen kontra, eta ez da jarriko indarreko tarifa baimendu orokorrak gainditzen dituen preziorik.

10. Kontratuaren etendura eta azkentzea.

83. artikulua.

1. Enpresak abonatuei eteten ahalko dizkie ur hornidura eta/edo saneamendu zerbitzuak, honako kasu hauetan eta prozedura honi segituz:

a) Enpresak edo Mankomunitateak egindako edozein zerbitzuren ordainagiria kobratzen hasten denetik hiru hilabeteko epean abonatuak ordaintzen ez duenean.

b) Iruzurragatiko likidazio irmotik edo horren berrerorketa frogatutik sortzen diren zenbatekoak ordaindu ez direnean.

c) Abonatuak erabiltzen badu ematen zaion ura kontrataturiko polizan erraten den ez bezala edo finkatzen diren erabileretatik aparteko bertze zerbaitetarako.

d) Isurketetan betetzen ez badira polizan baimendutako baldintzak.

e) Erabiltzaileak bere hornidura kontratuan agertzen ez diren finka, lokal edo etxebizitzetarako deribazioak ezartzen dituenean edo ezartzen uzten duenean, edo enpresak egiaztatzen duenean esku-sartzea izan dela horniduraren instalazioetan eta horren ondorioz kontsumoan iruzurra egin dela edo egiten ahal dela.

f) Hornidura zer higiezinetarako kontratatu den, abonatuak hartara sartzen uzten ez dienean enpresak baimendutako langileei, instalazioak ikuskatzera eta kontsumoa egiaztatzera etortzen direlarik.

g) Abonatuak axolagabekeriaz jokatzen duenean ekipo zuzentzaileak ezartzeari dagokionez, sarean asalduak gertatzen direlarik.

h) Erabiltzaileak nahasten dituenean bertze lekuren batetik etorritako urak, edo uraren erabilerak edo barne instalazioen kokalekuak uraren edangarritasunari eragiten dionean banaketa sarean.

i) Abonatuak bere instalazio partikularrean matxura izan eta behar den konponketa egiten ez duenean, enpresa hornitzaileak eskatu ondoren, bereziki ur-ihesaren kasua bada.

j) Ur hornidura eta/hustuketa egiteko aukera dagoenean, hura babesteko abonamendu polizarik gabe. Halakoetan, entitate hornitzaileak berehala mozten ahalko du hornidura.

k) Eta, oro har, abonatuak larriki hausten baditu erregelamendu honetan aipatzen diren aginduak edo betetzen ez baditu abonu polizan finkatzen diren baldintzak.

2. Aitzineko apartatuko j) letran aurreikusia salbu, gaztigua eman eta 15 eguneko epea iraganda etenen dira zerbitzuak, bitarte horretan interesdunak etendura ekarri duen egoera irregularra zuzendu ezik.

Aldez aurreko gaztiguaren jakinarazpena administrazio prozedurari aplikatzen ahal zaion araudi orokor aplikagarriari jarraikiz eginen da.

3. Hornidura etenda, berriz ere ezarriko da zor den zenbatekoa, sortutako gainkargu eta korrituak eta aitzineko apartatuari jarraikiz baimendutako zenbatekoak ordaindu edo mozketa eragin zuen egoera bukatu eta gehienez ere hurrengo zazpi egun baliodunean.

4. Etenak eta lotura berriak sortzen dituzten gastuak abonatuaren kontura izanen dira.

84. artikulua. Kontratua azkentzea.

1. Kontratua eta, beraz, hornidura deuseztaturik geldituko dira, besterik gabe, honako arrazoi hauetako edozein izanez gero:

a) Abonatuak deuseztapena formalki eskatzen badu, eta horretarako nahikoa izanen da Enpresaren bulegoetan jakinarazpen idatzi bat aurkeztea, horniduraren titularrak edo legez baimendutako pertsonak sinaturik, baja eman baino bortz egun lehenago bederen, eta azkeneko neurketa ordaintzea. Horrela egiten ez bada, kasuan kasuko batez besteko kontsumoa halako bi kobratuko da.

b) Kontratuari zegokion iraupena amaitzen bada, denbora jakin baterako egina denean.

c) Kontratuaren titularrari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, posible izan ez bada neurgailuak sei hilabetean erregistratu dituen datuak eskuratzea.

d) Kontrataturiko horniduraren titularrak galtzen badu hornitutako lokal, finka edo toki itxiaren gaineko erabilerarako jabaria.

e) Ez ordaintzeagatik mozketa egin ondotik, mozketaren egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean abonatuak ordaindu ez baditu ordaindu gabekoak eta berriz lotzeko tasa, batere ukatu gabe enpresak dagozkion bideen bitartez zorra exijitzeko duen eskubidea eta sortutako kalte-galerak ordaindu beharra.

f) Enpresaren kontratuak eta, ondorioz, hornidurak deuseztatzen ahalko dira, nahitaez bete beharreko xedapen arauemaileak erabat hautsiz gero edo ordenantza honetan aipatzen diren nahitaezko betebeharrak ez betez gero.

2. Kontratuaren iraungipenari aitzineko artikuluaren 2., 3. eta 4. apartatuetan xedatua aplikatuko zaio.

85. artikulua. Ordaindu gabeak. Nahiz eta baldintza guztiak bete, ez zaie ur hornidurarik emanen enpresarekin zorren bat duten pertsonei, zorrak beren errekargu eta ondoriozko gastu guztiekin kitatzen ez dituzten bitartean.

86. artikulua. Fidantzak. Enpresaren instalazioetan edozein kalte edo zorpeko abonatuari leporatzen ahal zaiona ordaindu ahal izateko, abonatua beharturik egonen da enpresak finkatzen duen diru kopuru bat uztera enpresaren kutxan horniduraren kontratua egiteko momentuan. Diru kopuru hori itzuliko zaio kontratua suntsitzen bada, dagokion likidazioa egin eta gero.

11. Zerbitzuen erabilera motak

87. artikulua. Erabilera motak.

1. Ur hornidurak emanen dira edo ematen ahalko dira bakar-bakarrik helburu hauetarako:

a) Etxeko erabileretarako.

b) Industriarako eta merkataritzarako erabileretarako.

c) Udal eta kontzejuen erabileretarako.

d) Obrak egiteko.

e) Suteen aurka aritzeko.

f) Interes orokorreko kirol-instalazioetarako.

g) Militarren egoitzetarako.

h) Ongintza eta irakaskuntza zentroetarako.

i) Aisialdiko finketarako.

j) Zerbitzu berezietarako kontsumoetarako.

k) Familiako baratzeak edo berotegiak ureztatzeko.

l) Substantzia fitosanitarioen tratamendurako.

2. Lorategiak eta/edo baso-masak ureztatzeko oso-osorik edo zati batean erabiliko diren hornidura publikoak gorabehera, enpresa ez dago behartuta baimenik ematera aisialdirako finketan ura hornitzeko edo familiako baratzeak edo berotegiak ureztatzeko. Emakida fakultatiboa eta prekarioa izanen da, eta hornitu beharreko puntuan erabilgarri dauden baliabideen, biztanleriaren premia orokorren eta dagokion hirigintza-tresnak baimendutako baldintzen mende egonen da. Baimen horiek errebokatzeak ez dio inola ere emanen interesdunari kalte-ordainerako eskubiderik.

3. Salbuespen gisa, lehen paragrafoan ezarritakoez bestelako erabileretarako hornidurak ere baimentzen ahalko dira prekarioan, zehazki nekazaritza edo abeltzaintza erabileretarako, interes orokor edo soziala duten arrazoiak badaude, eta Mankomunitateak une bakoitzean duen emari-zuzkidurak horretarako aukera ematen badu. Baimen horiek ezeztatzeak ez dio inola ere emango interesdunari kalte-ordainerako eskubiderik.

88. artikulua. Definizioak:

1. Etxeko erabilerarako kontsumoaren barrenean sartzen dira edaria, garbiketa, higienea eta gainerako behar arruntak, behar den bizigarritasun zedula edo antzeko agiria eduki behar duten etxebizitza edo toki itxietan, horien bidez enpresak bere iritziz egiaztatu ahal izan dezan bizigarritasuna.

2. Industriarako eta merkataritzarako erabileretarako kontsumoaren barrenean sartzen dira lantegiak, dendak, ostalaritzako establezimenduak eta, oro har, jarduerarako lizentzia behar duten guztiak, bai eta erabilera pribatuko lokalak, biltegiak, garajeak eta erabili gabeko etxabeak ere.

3. Udal eta kontzejuen erabilerak dira Mankomunitateko kideak diren toki erakundeen eta horien mendeko erakundeen eraikinetarako eta instalazioetarako direnak.

4. Obrak egiteko hornidurak dira mota guztietako obren eraikuntza edo eraberritze beharrak asetzeko xedea dutenak.

5. Suteen aurka aritzeko hornidurak ematen dira eraikin, lokal edo toki jakin bateko suteak itzaltzeko egokituriko edozein instalazio espresuki hornitzeko. Horrelakoak abonatuak erabiltzen ahalko ditu libreki, soilik sute edo ezbeharren kasuan beharrezkoa bada. Mota horretako hornidurak egiten badira noizbehinka instalazioa probatzeko, enpresaren baimena beharko da, eta hark finkatzen dituen orduan eta baldintzetan egin beharko dira.

6. Erabilera berezietarako hornidurak dira edozein motatako premiak asetzeko xedea izanik, noizbehinkakoak eta iragankorrak direnak.

7. Honako hau hartzen da "familiako baratzetzat": hirigunearen kanpoaldean eta barnean kokatutako laborantzako lurzatia, 1.000 m²-tik beherako azalera duena eta autokontsumorako soilik erabiltzen dena.

8. Tratamendu fitosanitariorako substantzien hornidurak dira bakar bakarrik produktu horiekin nekazaritzako tratamenduak egiteko xedez zisternak edo bestelako ontziak betetzera bideratuak daudenak.

9. Aurreko artikuluko 3. apartatuan adierazitakoaren ondorioetarako, nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileratzat hartuko dira nekazaritzako edo abeltzaintzako ustiategietarako hornidurak, lorezaintza barne, baldin eta haien produktuak merkaturatzeko badira eta/edo 1.000 m²-ko azalera gainditzen badute.

89. artikulua. Iraupena. Obren eraikuntzarako eta zerbitzu berezietarako hornidurak denbora mugatu baterako kontratatuko dira, prekarioan eta kontuan hartuz herritarren behar orokorrak.

Hornidura horiek ematearekin, haiek kontratatzeko momentu berean, abonatua beharturik egonen da likidatzera enpresak finkatzen dituen diru kopuruak eta hornidura egiteko behar den instalazioa muntatzeko gastuak.

Gainerako erabileretarako hornidurak denbora mugarik gabe kontratatuko dira.

90. artikulua. Saneamendu zerbitzuaren erabilera. Saneamendu zerbitzuaren erabilera, isurketa motak eta haietarako baldintzak egin beharko dira Mankomunitatean isurketei buruz aldiro indarra duten arau edo ordenantzek agintzen dutenaren arabera.

12. Irakurketak eta kontsumoak.

91. artikulua. (Egiazko) kontsumoen zehaztapena. Egiten diren kontsumoak, bereziak deitzen direnak salbu, norberak paratua duen neurgailuan ageri diren datuen arabera zehaztuko dira.

Enpresako langileek irakurriko dituzte datu horiek, edo hark kreditatzen dituen pertsonek, eta berak finkatzen duen denbora-tartea utzirik, eta, kontrako froga egiaztaturik ez badago, irakurketa horrek adieraziko du egindako kontsumoa zenbatekoa den.

92. artikulua. Abonatuak berak ematea datuak. Enpresaren borondatez kanpoko arrazoiengatik, ezinezkoa gertatzen bada haren langileek ikustea abonatuaren kontsumoak kontrolatzen dituen neurketa ekipamenduan ageri diren datuak, abonatuak berak emanen ditu datuak, ondoko bortz egunen barrenean, hornidura puntuan horretarako espres dagoen inprimakian idatzita neurketa ekipamenduan erregistratu diren datuak.

93. artikulua. Kontsumo zenbatetsiak.

1. Neurgailua matxuratu delako, irakurketa egin nahi izan zenean abonatua kanpoan izan eta ez duelako aurreko artikuluan ezarri beharkizuna bete, edo bete arren, emandako datu horiek bat ez datozelako abonatuak duen kontsumo erregimenarekin, horiek guztiak direla-eta, kontsumoa jakiten ahal ez denean, aitzineko urteetan sasoi berean zer kontsumo izan den, huraxe hartuko da oinarritako berria zenbatesteko, hamabi hilabete baino gehiagoko antzinatasuna badu. Bestela, enpresak berak zenbatetsiko du kontsumoa, kontuan hartuz zenbat kontsumitu duen berak dituen fakturazio guztien denboran.

Zenbatespena egin aitzin fakturaziorik ez bada eskura, hargunearen diametroa eta egindako erabileratik ondorioztatzen ahal den ohiko kontsumoa kontuan hartuta eginen da. Delako zenbatespena harguneak lau urtean eman lezakeen ur emaria izan daiteke gehienez.

2. Kontagailurik gabeko puntuetako noizbehinkako edo aldi baterako kontsumoa enpresak ebaluatuko du, eta erabiltzaileari edo abonatuari jakinaraziko dio. Ezinbertzekoetan, udalaren edo kontzejuaren txostena beharko da enpresak kontsumoaren ebaluazioa egin dezan.

3. Aurreko apartatuetan aipatzen diren kasuetan, denbora-tarte horiei dagokien fakturazioa egitean, enpresak kontsumoak zenbatetsiko ditu edo, bestela, kontsumo hori hurrengo denbora-tarteari gehituko dio, gero bietako kontsumoen batuketa egiteko.

94. artikulua. Lehentasuna horniduretan. Matxura, hornidura mozketa, agorte luzea edo beste edozein arrazoi dela medio, hornitzeko uraren bolumena urritzen bada, lehentasuna emanen zaio erabilera beharrezkoenetarako hornidurari, ur faltak jendeari edo ekonomiari kalterik handienak ekartzen ahal dizkienari.

13. Fakturazioa eta ordaintzeko modua.

95. artikulua. Fakturazioa. Enpresak fakturatuko ditu kasu bakoitzean egiten diren kontsumoak, une bakoitzean ofizialki onetsiriko tarifetan agindutako prezio eta baldintzetan eta enpresak ekitaldi bakoitzerako finkatzen dituen aldietarako fakturatu ere.

96. artikulua. Tributuen ondorioak ordainketan. Arau orokor gisa, uraren hornidura eta kontsumo instalazioen gainean Estatuak, Foru Komunitateak, udalek eta kontzejuek ezarritako tributuek, enpresa berorietan zergadun bada, ez dute abonatuarengan ondoriorik izanen tributu moduan, tributua sortzen duen arauak bertzerik xedatzen ez badu, baina dagokion zenbatekoa tarifan kostu gisa eransten ahalko da.

Aitzineko hori horrela izanik ere, abonatuaren kontura izanen dira hornidura kontratua sinatzeko formalizatu behar den dokumentazioa nola edo hala kargatzen duten zergak, arielak, eskubideak edo bestelako gastuak.

97. artikulua. Ordaintzeko modua. Abonatuak enpresari edo Mankomunitateari edozein kontzepturengatik ordaindu behar dion dirua, hartarako espres gaituriko aurrezki entitateetako bulegoetan ordaindu beharko dira.

Diru horien ordainketa ere helbideratzen ahalko da, abonatuak hautatzen duen banku kontuan, Jurramendiko Ur Mankomunitatearen eremuan bulegoa duen entitate batean.

98. artikulua. Ordainagiriak. Ordainagirietan datu hauek agertuko dira, gutienez:

a) Abonatuaren helbidea.

b) Ordainagiriaren titularraren helbidea, aitzineko bera izan ez eta horrela azaltzen bada polizan.

c) Tarifa aplikatua.

d) Fakturatutako kontsumoa zehazten duten kontagailuen irakurketak eta haien datak, fakturazio epea definitzeko.

e) Fakturatutako kontsumoak (errealak edo zenbatetsiak diren zehaztuko da).

f) Kontzeptu bakoitzari bakarka ezarri zaizkion tarifa osagarriak.

g) Horniduraren zenbateko osoa.

h) Alokairuak (halakorik bada).

i) Jasanarazten ahal diren zeharkako zergak.

j) Ordaintzeko garbia.

k) Fakturaren batura osoa.

14. Tasak, kontribuzio bereziak eta prezioak

99. artikulua. Erregulazioa. Enpresak Mankomunitatearen partetik egiten dituen zerbitzu guztiengatik ordaindu behar duen kostua urtero tasen gainean Mankomunitateak onetsi behar duen ordenantza fiskalean ezarriko da.

Enpresak bere kabuz egiten dituen zerbitzuak merkatuko prezioetan kobratuko ditu, enpresak berak nahi duen bezala ezarrita.

Mankomunitateak bezeroekin konpromiso publikoak ezarriko ditu, eskaturiko zerbitzuak behar bezala emanen dituela bermatzeko. Konpromiso horiek urte bakoitzeko ordenantza fiskalean gorpuztuko dira, eta aurreikusten ahalko dute behar den tasa ez ordainaraztea, hark betetzen ez dituenean.

15. Arau-hausteak, iruzurrak eta zigorrak.

100. artikulua. Arau-hausteak. Abonatuaren arau-haustetzat hartzen da ordenantza honetan agintzen zaizkion betebeharrak eta baldintzak ez betetzea, kapitulu honetan ezarritakoaren arabera.

101. artikulua. Sailkapena. Arau-hausteak, beren garrantzi eta ondorioen arabera, arinak, astunak eta oso astunak izaten ahal dira.

a) Arau-hauste arina izanen da erregelamendu honetako ondoko artikulu eta apartatu hauetan agintzen diren betebeharrak ez betetzea: 19. artikuluaren 3., 5. eta 8. apartatuak.

b) Arau-hauste astuna izanen da erregelamendu honetako ondoko artikulu eta apartatu hauetan agintzen diren betebeharrak ez betetzea: 19. artikuluaren 1., 2. eta 7. apartatuak eta 21. artikuluaren 2., 3., 4., 9., 11. eta 12. apartatuak.

c) Arau-hauste oso astuna izanen da erregelamendu honetako ondoko artikulu eta apartatu hauetan agintzen diren betebeharrak ez betetzea: 19. artikuluaren 4. eta 6. apartatuak, eta 21. artikuluaren 1. eta 5. apartatuak (horren ondorioz abonatuarentzat irabazi ekonomikoa ateratzen bada), eta 6., 7., 8. eta 10. apartatuak. Horiez gain, oro har, enpresaren kontra eta irabazi asmoz egiten diren egintza guztiak.

102. artikulua. Penalizazioak: arau-hauste arinak. Erregelamendu honetan aipatzen diren arau-hauste arinek enpresaren ohartarazpena ekarriko dute, eta abonatua beharturik egonen da bere egoera zuzentzera, hala eskatzen zaion kasuetan, hamabost eguneko epean eta bere gain hartzen dituela horrekin sortzen diren gastu guztiak.

103. artikulua. Arau-hauste astunak. Erregelamendu honetan jasotzen diren arau-hauste astunek 60,10 eurotik 601,01 euro bitarteko isunak izanen dituzte zehapen. Hori horrela izanik ere, hala behar den kasuetan, hornidura moztuko da, harik eta frogatzen den arte instalazioa hasierako egoeran utzi dela berriz, eta interesdunak sortutako egoeran zuzeneko erantzule gisa izan ditzakeen erantzukizunak ukatu gabe.

Ez da inola ere hornidura berriz ere emanen, baldin eta abonatuak likidatzen ez baditu egindako arau-haustearen ondorioz sortzen diren gastuak.

104. artikulua. Arau-hauste oso astunak. Erregelamendu honetan jasotzen diren arau-hauste oso astunek 601,02 eurotik 3000 bitarteko isunak izanen dituzte zehapen, edo bertzenaz legeria orokorrak alkateei esleitzen dien gehiena.

Gainera, egindako iruzurraren ezaugarriengatik ezin bada kontsumituriko ur bolumena zehaztu, Erregelamendu honen 93. artikuluan ezarritakoari jarraikiz zenbatetsiko da kontsumo hori.

105. artikulua. Arau-haustearen eta zehapenaren mailaketa. Arau-hauste arin batean berreroriz gero astuntzat hartuko da, eta arau-hauste astun batean berreroriz gero oso astuntzat hartuko da.

Zehapenen mailaketan eta aplikazioan bereziki kontuan hartuko dira asmoaren norainokoa, egindako kaltearen nolakoa eta arau-hausteak irautea.

Zehapena %25eko murrizketarekin ordaintzen ahal da behar den zenbatekoaren gainean aplikatuta, betiere ordainketa borondatez egiten bada ebazpena eman aurretik. Era berean, %25eko murrizketa aplikatzen ahalko da arau-hausleak bere erantzukizuna onartzen badu, eta bi murrizketak metatzen ahalko dira.

106. artikulua. Prozedura. Zehapen-prozedura legeria orokorrean ezarritakoari lotuko zaio: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea.

Bereziki aplikatuko dira arau horietan ezarritako preskripzio epeak.

16. Erreklamazioak, errekurtsoak eta jurisdikzioa.

107. artikulua. Erreklamazioak. Abonatu batek enpresaren jarduketaren baten kontrako erreklamaziorik aurkeztu nahi badu, edozein goiti-beheiti dela medio, idatziz egin beharko du, bertan adierazita zein den erreklamazioaren arrazoia.

Aipaturiko prozedura erabiliz enpresari aurkezten zaizkion erreklamazio guztiak hamar egun balioduneko epearen barrenean erantzun beharko dira, erreklamazioa enpresaren bulegoetan sartzen den egunetik hasita.

Dena dela, betebehar hori ez betetzeak ez du ondorioz ekarriko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epeak aldatzea, administrazio-isiltasuna aplikatzeko edo hartan aurreikusitako ondorioak gertatzeko.

108. artikulua. Baliabideak. Enpresaren erabakien aurka, araudi administratiboak orokorrean aurreikusten dituen errekurtso eta erreklamazioak para daitezke.

109. artikulua. Jurisdikzioa. Erregelamendu hau aplikatu eta ulertzeko moduak eta bere babesean eman diren hornidura kontratuek sor ditzaketen arazoak konpontzeko, Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegiak izanen dira eskudun.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Erregelamendu honetan espresuki jaso gaberik ere sor daitezkeen arazoak, bertan araututakoaren antzekotasunaren irizpideari jarraikiz konponduko dira, 15. kapituluari dagokiona salbu.

Bigarren xedapen gehigarria.–Erregelamendu honen aplikatzeko legeria osagarritzat hartuko da Etxegintzaren Kode Teknikoa onesten duen martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretua, eta hura garatzen edo aldatzen duen gainerako araudia, eta gehigarri gisa, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, argindarra garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura arautzen dituena.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Xedapen iragankor bakarra.–Erregelamendu honek indarra hartzean paraturik zeuden kontagailuak erabiltzailearenak izanen dira beti, lehenago ere baziren.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapen bakarra.–Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2302180