44. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GIRGILLAOKO KONTZEJUA

Aldaketa, honako honetan: Ordenantza, arautzen dituena Girgillaoko Kontzejuko herri-larreen aprobetxamenduak. Behin betiko onespena

Girgillaoko Kontzejuak, 2022ko abuztuaren 11n egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza (2017ko 123. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 6an).

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi, eta haren testua osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Girgillaon, 2022ko irailaren 14an.–Kontzejuko burua, Gonzalo Parreño Oroz.

ALDAKETA, HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZAN

II. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

17. artikulua. Girgillaoko Kontzejuko herri-larreek honako baterako ustiapen hau osatzen dute, beste finka partikular batzuei batuta, jarraikiz antzinako usadioari, legeari edo hitzarmenari:

Girgillaoko bazkalekua, 330,10 hektareako azalera duena, hiru lotetan bereizia.

–1. lotea: 45 hektarea, Muguluzea, Epela, Aparra eta San Adrián alderdietan. Hesien bidez mugatutako azalera gehi Girgillaoko barrutiko 3. poligonoko 282., 277. eta 276. lurzatiak.

–2. lotea 273 hektarea. Girgillaoko barrutia ken 1. lotea eta 3. lotea.

–3. lotea: 12 hektarea 550 A eta 550 B lurzatietan, Girgillaoko Kontzejuko herri-lurrak, azalera hesitua, jarraikiz abeltzaintzarako laguntzetako hobekuntzarako proiektuari (2021-2022).

18. artikulua. Girgillaoko Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modalitate hauetan eginen da, ondoko lehentasun ordena honi jarraikiz:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

19. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki behar dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.

20. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamenduan ematea eta lagatzea.

21. artikulua. Adjudikazio epea 4 urtekoa izanen da, eta 8 urtera luzatzen ahalko da. Adjudikazioaldia 15 urtekoa izanen da baldin bazkalekuen hobekuntzak egin badira Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta, azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak indarra hartu zuen egunetik aurrera (Abereen Osasunari buruzko Foru Legea).

22. artikulua. Girgillaoko Kontzejuak honela kalkulatu du bazkaleku bakoitzak jasan dezakeen abelburu kopurua:

–Girgillaoko bazkalekuan, ardi aziendako 400 buru.

–Honi dagokionez, Girgillaoko Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:

  • Zaldi aziendako buru 1 behi aziendako buru bat eta erdi adina da.
  • Behi aziendako buru 1 ardi aziendako 8 buru adina da.
  • Ahuntz aziendako buru 1 ardi aziendako buru bat eta erdi adina da.

22. artikulua. 1. Adjudikaziodunak Girgillaoko Kontzejuari eskaera arrazoitua aurkeztu ondoan, besteren azienda sartzeko baimena emanen zaio, larre guztiak aprobetxatzeko, baldin urte sasoia dela-eta ohi baino handiagoa bada belar produkzioa.

Besteren azienda sartzeko epea ez da bi hilabete baino gehiagokoa izanen urtean, mota bereko aziendak badira, eta lau hilabete baino gehiagokoa, beste mota batekoak badira.

Diru-sarrera gehigarriak toki-erakundearendako izanen dira, eta diru-sarrera gehigarri horien %50 (gehienez) kentzen ahalko zaio adjudikaziodunari hurrengo ekitaldiari dagokion artzaintza kanonetik.

Ezin izanen da inola ere besteren mota bereko aziendarik sartu, horrek baldin badakar adjudikaziodunaren abelburu kopurua gutxitzea.

23. artikulua. 1. Girgillaoko Kontzejuak, kontuan hartuz azienda-karga, larreen kalitatea eta ixtegirik dagoen ala ez,

–Honako kanon hau finkatu du bazkaleku amankomunerako:

  • Girgillaoko bazkalekua:
    • 3. lotea: 750 euro.

2. Ordenantza honen 16. artikuluan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten eskatzaileen adjudikazioaren zenbatekoa izanen da ordenantzan agertzen denaren %80koa.

24. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da KPIaren igoerari egokitzearren, betiere erakunde ofizial eskudunak Nafarroan onesten dituen indizeen arabera, herri-larre horiek aprobetxatzen dituzten azienda motendako.

25. artikulua. Epe bakarrean ordainduko da urte bakoitzeko kanonaren zenbatekoa:

1. Onuradunak, adjudikazioaren unean, urteko kopuru osoaren %10 utzi beharko du fidantzatako.

2. Onuradunak aprobetxamendua utzi nahiko balu, aldez aurretik abisatu beharko luke, 6 hilabeteko epean.

3. Kontzejuak, jarduteko asmorik badu, 6 hilabete lehenago abisatuko du, salbu errentatzailea modu larrian aritu denean.

26. artikulua. Prozedura. Kontzejuak aldez aurretik erabakia hartu eta Kontzejuaren iragarki-taulan ediktua agertuta, 15 egun balioduneko epea irekiko du, eskubidea dutela uste dutenek larreen adjudikazioa eska dezaten.

27. artikulua. Aprobetxamendu eskaerekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

Zinpeko aitorpena:

–16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

–Ardi aziendako abelburuen kopurua eta, larreak baliatzea eskatuz gero, osasun ziurtagiria erantsiko da.

Kontzejuak beretako gordeko du behar den dokumentazioa eskatzeko ahalmena, zinpeko aitorpenaren edukia eta errenta mailak egiaztatzeko.

28. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko adjudikazioa eman gabe gelditzen bada, larreak enkante publikoan adjudikatuko dira, egungo araudiari eta ordenantza honetan azaldutakoari lotuz.

29. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 8 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantzako aldaketa honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko, testua oso-osorik argitaratutakoan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta behin iragandakoan Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea.

Iragarkiaren kodea: L2301746