44. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ESTERIBAR

Ollokiko kirol anitzeko pista arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Esteribarko Udalak, 2022ko azaroaren 24an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ollokiko kirol anitzeko aretoa arautzen duen ordenantza (erabaki hori 2022ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 13an).

Jendaurreko aldia iragan denez inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin.

Esteribarren, 2023ko urtarrilaren 30ean.–Alkatea, Mikel Gastesi Zabaleta.

OLLOKIKO KIROL ANITZEKO PISTA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Ohar orokorrak.

Esteribarko Udalaren helburuetako bat da udalerrian kirola sustatu eta bultzatzea eta, horretarako, Ollokiko kirol anitzeko pista administratu, zaindu, hobetu eta ikuskatzeaz gain, araudi bat garatu du, pista horren erabiltzaileen eskubideak bermatzeko eta erabiltzaile horiek beste erabiltzaileekiko, erakundeko langileekiko eta kirol ekipamenduarekiko dituzten betebeharrak ezartzeko.

2. artikulua. Pertsona erabiltzaileak.

2.1. Honen ondoreetarako, Ollokiko kirol anitzeko pistaren erabiltzaileak izanen dira pista erabiltzen dutenak, erregulartasunez nahiz puntualki.

2.2. Instalazioaren erabiltzailea adingabea bada, gurasoak edo legezko tutoreak izanen dira bere ekintzen ondorioen erantzuleak. Gainera, erabiltzailea zortzi urtetik beherakoa bada, heldu batekin batera egon beharko da une oro instalazioan dagoen bitartean.

2.3. Aldizkako zenbait kontrol errespetatuta erabiltzen ahalko da instalazioa, betiere bermatzeko bai erabiltzaileen segurtasuna bai pista egoki mantentzen dela.

3. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak.

3.1. Instalazio osoaz baliatzea, ezarritako erabilera arauen arabera.

3.2. Kirol anitzeko pista erabiltzea, ordenantza honetan ezarritako ordutegietan, eta, hala badagokio, Udalak baimendutako baldintzetan.

3.3. Erabiltzeko baldintza egokietan aurkitzea instalazioak, altzariak eta kirol materiala.

3.4. Egokitzat jotzen diren kexak, iradokizunak edo erreklamazioak aurkeztea.

4. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak.

4.1. Instalazioak, materiala eta altzariak behar bezala erabiltzea, instalazioetan edo beste erabiltzaileen osasunean eta eskubideetan kalte edo narriadurarik ez eragiteko.

4.2. Gainerako erabiltzaileak behar bezala errespetatzea, eta udal langileen jarraibideak beti betetzea, haien zeregina pistan eta haren ondoko esparruetan egiten den jarduera oro gainbegiratzea baita.

4.3. Instalaziora sartzea kirol jantzi guztia soinean dutela, bereziki kontuan hartuta oinetako egokiak behar direla.

4.4. Instalazioan ez erretzea, eta bertara animaliekin ez sartzea.

5. artikulua. Erabilerako arau orokorrak.

5.1. Ollokiko kirol anitzeko pista batez ere instalazio mota honetako berezko kirolak egiteko erabiliko da; ez da baimenduko kirol jarduerarik edo bestelakorik egitea, baldin eta pista narriatu edo zikintzen bada.

5.2. Instalaziora sartzeko, giltza elektroniko bat erabiliko da. Giltza hori Ollokin erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoei emanen zaie, udalaren instalazioetan, Eranskinean ezarritako prezio publikoa ordaindu ondoren. Giltza norberarena da eta ezin zaio beste inori eman.

5.3. Aipatu giltza galtzen bada, horren berri eman beharko zaio Udalari, bost eguneko epean.

5.4. Ollokin erroldatutako pertsonak kirol anitzeko pista erabiltzen ari direnean eta erroldatuta dauden beste pertsona batzuk instalazioan agertzen direnean helburu bererako, lehen pertsona taldeak jolasteari utziko dio, bigarren taldea pistan agertu denetik ordubete igarotakoan.

6. artikulua. Zabaltzeko eta ixteko ordutegia.

Pista, orokorrean, 8:00etatik 22:00ak arte egonen da martxan. Aipatu ordutegian sartzen ez diren aldietan ez da instalaziora sartzen ahalko, salbuespen kasuetan udalak baimentzen badu izan ezik.

7. artikulua. Instalazioak mantendu eta zaintzea.

7.1. Kirol anitzeko pistak segurtasunari, osasungarritasunari eta apaindura publikoari lotutako baldintzak beharko ditu. Horrenbestez, Esteribarko Udalaren ardura izanen da, orokorrean, instalazioak garbitu eta mantentzea, bai eta zaintza lanak egitea ere, ordenantza honetan eta jarrera zibikoaren gaineko bestelako arauetan ezarritakoa bete dadin.

7.2. Esteribarko Udalak ez du, inola ere, erantzukizunik hartuko instalazioan erabiltzailearen ondasunen bat galdu, ahaztu edo lapurtuz gero.

7.3. Barruan edo sarrerako ateetan ez da publizitate euskarriak jartzea baimenduko, Esteribarko Udalaren baimenarekin salbu.

8. artikulua. Erabilera puntualetako erreserbak.

8.1. Udalak kirol anitzeko pista erabiltzen ahalko du udalerriko gizartea, kultura eta kirola garatzeko asmoz sustatzen dituen jardueretarako, bere kabuz edo beste erakunde batzuekin elkarlanean.

8.2. Erroldatuta dauden pertsonek eta erroldatuta ez daudenek eskatzen ahal dute kirol anitzeko pista erreserbatzeko, erabilera partikularrerako, egun baliodun bat lehenago. Esteribarko Udalak eskaria baloratuko du, kirol anitzeko pista ordu horretan libre dagoen aztertuz. Erabilera ezartzeko orduan, lehentasuna izanen dute Udalak antolatu dituen edo tokiko erakundeek udalaren partaidetzarekin sustatu dituzten jarduerek. Eskaria onartzea ebazten bada, Eranskinean ezarritako prezioak aplikatuko dira.

8.3. Partikularrei egindako erreserbak, hala badagokio, ordu baterako emanen dira. Aldi hori amaitzean, pista utzi beharko da.

9. artikulua. Erabilera iraunkorrerako erreserbak.

Sistema hau baliatzen ahal dute kirol anitzeko pista urte osoan erregulartasunez erabili nahi duten kirol erakundeek, beren entrenamendu edo/eta partiduetarako. Udalean egutegi edo programazio ofiziala aurkeztu beharko dute, bai eta beren ordezkarien oinarrizko datuak ere, komunikazio egokiak egiteko.

10. artikulua. Hitzarmenak eta salbuespenak.

10.1. I. eranskinean jasotako prezioak ordaintzean, hitzarmeneko prozedura berezia jarraitzen ahal da, honako erabiltzaile hauekin:

a) Kirol eta aisialdi elkarteak.

b) Ikastetxeak.

c) Profesionalak ez diren kirol klubak.

d) Kirol federazioak.

e) Irabazi asmorik gabeko onura publikoko elkarteak.

10.2. Aurreko atalean aipatutako erabiltzaileekin hitzarmenak sinatzeko balorazio irizpideak izanen dira horiek udalerrian kirola sustatu eta ezartzeko egiten dituzten jarduerak, Esteribarrekin duten lotura, eta interes edo erabilera orokorrekotzat jotzen diren beste batzuk.

10.3. Esteribarko Udalak antolatutako jardueretan edo Udalaren laguntza dutenetan, ez da prezio publikorik ordaindu beharko.

11. artikulua. Erabiltzaile izaera galtzeko arrazoiak.

Erabiltzaile izaeraren ondoriozko betebeharrak ez betetzeak izaera hori galtzea ekar dezake, aldi jakin batean. Ez-betetze horiek, hurrengo artikuluetan ezarritakoaren arabera, arinak eta astunak izanen dira.

12. artikulua. Ez-betetze arinak.

12.1. Instalazioen materiala edo ekipamendua era egokian ez erabiltzea.

12.2. Esteribarko Udalari ez jakinaraztea giltza elektronikoa galdu dela, bost eguneko epean.

12.3. Erabilera puntualetako erreserben kasuan, ez betetzea Udalak baimendutako ordutegia.

13. artikulua. Ez-betetze astunak.

13.1. Arin gisa kalifikatutako betebehar batzuk ez betetzea behin eta berriz.

13.2. Beste erabiltzaileei, ikusleei edo Udaleko langileei tratu txarra ematea, hitzez edo ekintzaz.

13.3. Giltza elektronikoa beste pertsona bati uztea.

13.4. Kalte larriak eragitea, nahita, instalazioari, materialari edo ekipamenduari.

13.5. Arintzat jotako ez-betetzeak behin eta berriz egitea.

14. artikulua. Zehapenak.

14.1. Falta arinak eginez gero, kirol anitzeko pista ez da aste batetik lau astera bitartean erabiltzen ahalko.

14.2. Falta astunagatik kirol anitzeko pista erabiltzeko debekua ezarriko da, hilabete 1etik 4 hilabetera bitartekoa, baita eragindako kalteak ordaintzea ere, halakorik baldin bada, eta 300 eurorainoko isuna ordaintzea. Gainera, arau-haustea giltza elektronikoa beste pertsona bati uzteagatik sortu bada, giltza kenduko da, eta ez da berriz ere eskuratzen ahalko bi urteko epean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bakarra.–Lagapen prozeduran emandako egintzetatik eta ordenantza honetan jasotako xedapenen interpretaziotik eratorritako gorabeherak, lehenik eta behin, Esteribarko Udalak ebatziko ditu, eta horren ebazpenen aurka jartzen ahalko dira uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IX. tituluko II. kapituluan aurreikusitako errekurtsoak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza hau indarrean jarriko da eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoren eta behin iraganda Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek duten epea, erabil dezaten toki erakundeei errekerimendua egiteko duten ahalmena, beren egintza edo erabakiak indargabetzeko.

ERANSKINA

Tarifak

–Giltza elektronikoa eskuratzea: 5 euro.

–Erroldatutako pertsonek erabilera puntualeko erreserba egitea: 5 euro.

–Erroldatuta ez dauden pertsonek erabilera puntualeko erreserba egitea: 20 euro.

–Erroldatuta dauden pertsonek urteko erabilera iraunkorrerako erreserba egitea: 150 euro.

–Erroldatuta ez dauden pertsonek urteko erabilera iraunkorrerako erreserba egitea: 300 euro.

Iragarkiaren kodea: L2301558