44. ALDIZKARIA - 2023ko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LERIN

Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Leringo Udaleko alkateak, 2023ko otsailaren 10eko 2023- 046 Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko.

Hona hemen deialdia arautuko duten

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea Leringo Udalaren zerbitzura jarduteko.

1.2. Izendapenak funtzionario bihurtuko du izendatua, Nafarroako Foru Komunitatearen administrazio publikoko funtzionarioei buruzko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.3. Lanpostuak izanen ditu D mailako lansariak, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Ordainsariei buruzko behin-behineko erregelamenduan ezarritakoak, eta Leringo Udaleko plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak.

1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio-organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

1.5. Eginkizunak:

Mantentze-lan orokorren eta obren lantaldearen berezko jarduketekin ikusteko duten zerbitzu anitzetako lanak, baita udal instalazioetako berezko jarduketekin ikusteko dutenak ere, haiek egoki funtziona dezaten begiratu eta haien artatze eta mantentze-lanak eramatea; hona hemen haietako batzuk, aipatze hutsez, eta bestelakoak baztertu gabe, besteak beste:

–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta horien mantentze-lanak; bai eta iturgintza, elektrizitate, pintura eta zurgintza lan txikiak ere.

–Instalatzea eta mantentzea hiri barneko altzariak: posteak, seinaleak, farolak, bankuak, iturriak, etab.

–Jai eta ekitaldi publikoetan hiri barneko altzarien eta tresnen garraioa eta ezarpena: karpa, agertokiak, hesiak eta gainerako tresnak.

–Lorezaintza lanak: landatzea zuhaitzak, hesiak eta landareak, eta horien ongarritzea eta tratamendu fitosanitarioa egitea, zuhaitzak eta zuhaixkak inaustea, lorategiak atontzea eta belarra moztea.

–Garbiketa lanak: erratza pasatzea, zakarrontziak hustutzea, sakanak garbitzea.

–Komunikazioak eta deialdiak banatzea, jakinarazpenak eskura ematea, iragarkiak, bandoak eta udal publizitatea jartzea.

–Herri-lurrak zaintzea eta kontrolatzea.

–Udaleko beste zerbitzu batzuei laguntzea, eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.

–Kontrolatzea eta begiratzea ea Udalaren ordenantzak betetzen ote diren, eta ikuskapenak egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta ea araudia betetzen ote den arlo hauetan: obra-lizentziak, eremu publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.

–Era guztietako udal zerbitzuak ematea, eta betetzea hala Alkatetzak nola organo eskuordetuek haren esku uzten duten beste edozein zeregin; guztiak ere haren eskumen, maila eta kategoriaren barnean.

1.6. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan ezarritakoarekin bat, hautaproben emaitzek aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzeko ere balioko dute.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizioan parte hartzeko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte. Hona hemen, laburtuta:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko itunen aplikazio eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Erdi Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bestela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.

f) B motako ibilgailuetarako gidabaimena izatea.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Leringo Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, bai aurrez aurre (Udaletxeko plaza, 1 jendaurreko ordutegian, 09:00etatik 14:00etara) bai egoitza elektronikoaren bidez edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera 30 egun naturaleko epean.

3.2. Eskabideak lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.4. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

–NANaren fotokopia konpultsatua.

–Bigarren oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia konpultsatua.

–B gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

–Izangaiak lehiaketaldian aurkezten dituen merezimenduak ziurtatzen dituzten agiri jatorrizkoak edo autentifikatuak.

3.5. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, azterketak egiteko denboraren edo baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Baztertutakoek erreklamazioak egiten ahal dituzte edo akatsak zuzendu, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo hamar egun baliodunean.

4.2. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta horiek ebatzita, alkateak ebazpena emanen du, onesteko onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta adierazteko oposizioaldiaren lehenbiziko ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia. Orobat, aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko. Gero, epaimahaiak argitaratuko ditu gainerako ariketak egiteko iragarkiak, erregelamenduz ezarrita dagoen moduan.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: M.ª Consuelo Ochoa Resano, Leringo Udaleko alkate udalburua.

Ordezkoa: María Teresa Yerro Gaínza, Leringo Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Tomás Urmeneta Fernández, Leringo Udaleko udal arkitekto aholkularia.

Ordezkoa: Paloma Lacasa Mayor, arkitektoa.

Epaimahaikidea: Óscar Arbeo López, Arroizko Udaleko mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako arduraduna.

Ordezkoa: José Antonio Moreno Villar, Andosillako Udaleko obra-arduradun nagusia.

Epaimahaikidea: Martín José Lacalle Lacalle, Deikazteluko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Ordezkoa: Javier Zelaia Etxarri, Alloko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.

Idazkari mahaikidea: Cristina Munárriz Colomo, Leringo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Flor Laparte, Andosillako Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten beharrezkoa izanen da bertan egotea epaimahaiburu edo idazkari lanak egiten dituztenak eta, gutxienez, kideen erdiak.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari hala adierazi, baldin suertatzen badira abstenitzeko arrazoiak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedaturikoaren arabera.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza eska dezake proba baterako edo guztietarako. Aholkulari horien laguntza norberaren espezialitate teknikora mugatuko da.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketak bi fase izanen ditu, lehiaketaldia lehendabizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan azaltzen den moduan. Aurreikuspenen arabera, 2023ko irailetik aurrera eginen da.

6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren oposizioaldiko ariketak. Gainerako proben hurrenez hurreneko iragarkiak Leringo Udalaren iragarki-tauletan eta web-orrian emanen dira argitara, 48 ordu lehenago.

Epaimahaiak zehaztuko du ariketen iraupena, ariketa bakoitza egiterakoan.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea eta haren helburua da izangai bakoitzaren merezimenduak baloratzea, betiere deialdiko lanpostuaren berezko egitekoekin zuzeneko harremana duten gaiei loturik. Gehienez ere 20 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

–Lanbide-esperientziagatik, gehienez ere 10 puntu, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

–Prestakuntza osagarriagatik, 10 puntu gehienez, III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

7.2. Epaimahaiak III. eranskineko baremoarekin bat baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, horretarako erabiliz jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsatuak. Horrela egin ezean, ez dira kontuan hartuko. Zozketaren emaitzak iragarki-taulan argitaratuko dira.

7.3. Izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahal ditu epaimahaiak, noiznahi.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldiak ondoko ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 80 puntu lortzen ahal dira:

8.2. Lehenbiziko proba galde-sorta teoriko-praktikoa izanen da, deialdi honetako II. eranskinean agertzen den gai zerrendari buruz. Erantzun okerrek puntuak kenduko dituzte, epaimahaiak proba hasi aurretik ezarritako proportzioan. Proba honetan 40 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia (20 puntu) lortzen ez duten izangaiak.

8.3. Praktikoa; hau da, proba praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: makineria, igeltserotza, iturgintza eta elektrizitatea, soldadura, mantentze-lan orokorrak, obra txiki edo ertainetako makineria arina maneiatzea, edota bestelako edozein, betiere deialdi honetako 1. oinarrian aipatzen diren eginkizun edo zerbitzuetakoak. Epaimahaiak zehaztuko du ariketa honetako probak eginen diren egun bakarrean edo gehiagotan, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, edukiaren arabera.

Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu lortzen ahal dira, eta ariketa bakoitzaren balorazio proportzionala eginen da, alegia, 40 puntu horien eta egin beharreko proba kopuruaren zatidura izanen da; betiere proba guztiak hartuta, 20 puntu lortu behar dira (eta horietako bakoitzari emandako balioaren %30 gutxienez). 20 puntu horiek lortzen ez dituen izangaia baztertu eginen da.

8.4. Epaimahaiak finkatuko du probak eta ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean edo gehiagotan egin behar diren. Haien iraupena epaimahaiak erabakiko du, hasi aurretik.

8.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, bai Udalaren iragarki-taulan bai probak egin diren tokian, haiek gainditzen dituztenen zerrenda eta lortutako kalifikazioak; halaber, oposizioko hurrengo ariketa non, noiz eta zer ordutan eginen den, gutxienez ere 48 ordu lehenago.

8.6. Dei bakarraren bidez eginen dira oposizioaldiko proba guztiak, eta izangaiak NANa aldean dutela agertuko dira, nork bere nortasuna behar bezala frogatzeko. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein delarik ere.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.

9.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Udaleko iragarki-taulan eta web-orrian, probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen-prozesuaren espediente osoarekin batera. Zerrenda horrekin batera beste zerrenda bat eratuko da, egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.

9.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik zein izan den oposizioaldiko puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio epaimahaiak ebatziko du, berariazko zozketa bakar baten bidez.

9.3. Leringo Udalak izendatuko du epaimahaiak proposatutako izangaia, eta aginduko du izendapen proposamena argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Proposaturiko izangaiak honako agiri hauek ekarri beharko ditu, izendapen proposamena argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean:

a) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik lanpostuko eginkizunak betetzea eragozten dionik.

b) Zinpeko aitorpena, erakusten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dutela baztertu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.

9.4. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatuko, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.

9.5. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 9.1 apartatuan aipatzen den zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

9.6. Hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Leringo Udaleko kasuan kasuko zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, bat etorriz deialdi honen oinarrietan ezarritakoarekin eta aplikatzekoak diren gainerako arauekin. Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta beste zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahalko zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.

10.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

10.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, aukeratutako izangaia izendatuko du Leringo Udalak.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izendapena jakinarazi eta hilabeteko epean jabetu beharko du lanpostuaz izendatutako izangaiak. Epe horretan lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, Leringo Udaleko funtzionario bihurtzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian zehaztu bezala jokatuko da.

11.–Errekurtsoak.

11.1. 39/2015 Legearen 112. artikuluan aipatzen diren kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

11.2. Deialdi honen oinarrien kontra edo aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, errekurtso hauetakoren jar daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, bat etorriz uztailaren 13ko 29/1998 Legearekin, zeinaren bidez arautzen baita Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Lerinen, 2023ko otsailaren 10ean.–Alkatea, María Consuelo Ochoa Resano.

I. ERANSKINA

Eskabide orria

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Leringo udalerria: kaleen eta auzoen izenak, mendiena, alderdiena, ibaiena, etxolena, udaleko araudia.

2. gaia.–Leringo Udala. Osaera. Kideak hautatzea. Osoko Bilkura eta alkatea. Batzordeak. Udal organoen funtzionamendua. Leringo Udalaren zerbitzuko langileak.

3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak.

4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze-makineriaren oinarrizko maneiuari buruzko ezagutza.

5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Enkofratuak eta murruak eraikitzea.

6. gaia.–Oinarrizko argi-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.

7. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta purgatzea, galdara gelak eta horien osagai bereziak.

8. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemen ezagutza.

9. gaia.–Pintura. Motak, produktuak, erremintak eta aplikazioa.

10. gaia.–Lorategiak eta berdeguneak zaintzea eta mantentzea: oinarrizko kontzeptuak. Tresnak: eskuzkoak, elektrikoak eta motordunak. Erabilera eta maneiua. Garbiketa eta mantentze-lana. Ureztatzea, ongarritzea eta inaustea.

11. gaia.–Igerilekuetako mantentze-lanak. Kontzeptu orokorrak. Igerilekuen baldintza higieneko-sanitarioak eta segurtasun baldintzak Nafarroako Foru Komunitatean. 86/2018 Foru Dekretua, urriaren 24koa; 6/2022 Foru Dekretua, otsailaren 9koa; eta 742/2013 Errege Dekretua, abenduaren 27koa.

12. gaia.–Informatika, erabiltzaile mailakoa. Word, Excel eta posta elektronikoa.

III. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1.–Laneko esperientzia (10 puntu gehienez):

Merezimenduen baloraziorako, alderdi hauek hartuko dira kontuan:

–Bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duten zerbitzu anitzen edo antzekoen arduradunari dagokion lan-arloarekin zerikusia duten lanpostuetan administrazio publikoetan edo enpresa pribatuetan egindako lanengatik, puntu 1 urte bakoitzeko. Administrazioen kasuan, dagokion erakunde ofizialak emandako ziurtagiriaren bidez egiaztatutako merezimendua. Enpresa pribatuen kasuan, hasiera- eta amaiera-kontratu bisatuaren bidez (autonomoen kasuan, lana egin duten kotizazio-epigrafearen egiaztagiriaren bidez) eta Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiriaren bidez, egiaztatzen dituena lan-aldia eta egindako eginkizunak. Urte zatikiak proportzioan baloratuko dira. Lanaldia osoa ez bada, orduan ere dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

2.–Prestakuntza osagarria (10 puntu gehienez):

–Erdi-mailako Lanbide Heziketako titulu akademikoengatik, 5 puntu, lanpostuarekin lotutako espezialitate bakoitzeko. (Goi mailako graduak edo baliokideak baztertu egiten du espezialitate bereko erdi mailako gradua edo baliokidea).

–Lanpostuaren eginkizunekin lotutako prestakuntza (makinen erabilera, igeltserotza, iturgintza, elektrizitatea, soldadura, lorezaintza, mantentze-lanak edo fitosanitarioak): ikastaro guztietako orduak batuko dira eta 0,01 puntu emanen dira ikastaroak irauten duen ordu bakoitzeko, gehienez 5 puntu. (Ezinbestekoa izanen da aprobetxamendu-ziurtagiria aurkeztea. Ziurtagiri horretan, prestakuntzaren xedea eta iraupena zehaztuko dira).

Iragarkiaren kodea: L2302450