1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
92E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Ukarko Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile honi buruz: "eguzki-baratze fotovoltaikoak edo termoelektrikoak eta haize parkeak lurzoru urbanizaezinean ezartzearen gaineko arauak". Sustatzailea Ukarko Udala da.
Aldaketa 2022ko azaroaren 17an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko epea ireki zen, iragarki bat argitaratuz 2022ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 15ekoan.
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.
Udal mugartean nekazaritzarako lurzoruak babesteko eta paisaia alda dezaketen ukipen negatiboak saihesteko, Ukarko Udalak erabaki du Arau Subsidiarioen aldaketa sustatzea, udal mugartean eguzki-baratze fotovoltaikoak edo termoelektrikoak eta parke eolikoak lurzoru urbanizaezinean ezartzea arautu, mugatu eta/edo debekatzeko.
Aldaketaren esparrua Ukarko lurzoru urbanizaezin osoa da. Arau Subsidiarioak indarrean dira 1991z geroztik, eta bertan sailkapen hauek daude: zereal-alor gehienak nekazaritzako produktibitate ertainekoak dira, baso lurzorua dira Erreniegako hegoaldeko magalean dauden karraskadiak eta erkameztiak, eta gainerako eremuak, azkenik, hainbat motatako ukipen espezifikoak (Donejakue bidea, Robo ibaia, abelbideak, errepideak...) dituzten lurzoruak dira. Lurzoru kategoria eta azpikategoria bakoitzaren babes araubideak lurraldearen antolamenduaren arloan indarra duen legeriara igortzen du.
Proposamenak lotura ezartzen du produktibitate ertaineko lurzoruen eta, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 113. artikuluaren arabera, gorde beharreko lurzoru urbanizaezin gisa araututa dagoenaren artean. Foru dekretu horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten du. Lotura ezartzen du, halaber, baso lurzoruen eta dekretu horren 112. artikuluan jasotzen den babestu beharreko lurzoru urbanizaezinaren artean.
Horren ondorioz, Arau Subsidiarioen aldaketak honakoak gehitzen dizkio araudiari: batetik, udal mugarte osoan eguzki-baratze fotovoltaikoak edo termoelektrikoak ezartzeko debekua eta lurpekoak ez diren garraio elektrikorako lineak eraikitzeko debekua; bestetik, baimengarritzat jotzen ditu haize parkeak, babestu beharreko lurzoruaren parekoa den baso lurzoru urbanizaezinean ezartzen badira.
Biodibertsitatearen Zerbitzuak txostena eman du 2023ko urtarrilaren 9an ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurari buruz eta erabaki du izapidetzen ari den aldaketak ez duela ukipen nabarmenik eragiten ingurumenaren gainean.
Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.
EBAZTEN DUT:
1. Aldeko ingurumen-txosten estrategikoa egiten da Ukarko Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile honi buruz: "eguzki-baratze fotovoltaikoak edo termoelektrikoak eta parke eolikoak lurzoru urbanizaezinean ezartzearen gaineko arauak", aldaketa horrek ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenik ez duela iritzita, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean horretarako ezarritako irizpideekin bat; beraz, erabakitzen da ez dela ingurumen ebaluazio estrategiko arruntaren xede. Aldaketaren sustatzailea Ukarko Udala da.
2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari eta Ukarko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko urtarrilaren 31n.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
Iragarkiaren kodea: F2301743