42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 15ean hartua, behin betiko onesten duena "Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun tartea)" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, Berriobeiti udalerritik igarotzen denean bidearen hiru tarteren trazadura aldatzeari buruzkoa. Sustatzailea Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da.

I.–Aldaketaren aurrekariak, xedea eta justifikazioa.

Nafarroako Gobernuak 2022ko uztailaren 5ean hartutako erabakiaren bidez abiatu zen "Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun tartea)" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa, Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak sustaturik (2022ko 150. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 28koa).

Erabaki horretan akats material bat atzeman da. Tituluan eta xedapen zatiaren 1. puntuan, Udalez gaindiko Plan Sektoriala aipatzen da, baina tresna Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala da.

Akats hori ez da erabaki honetan errepikatu behar.

Aldaketa honek bi helburu ditu:

–Plazaola trenaren bide berdearen trazadura aldatzea hiru tartetan.

–Berriobeiti-Berriogoiti tarteko desjabetze-eremua aldatzea.

Proposatutako aldaketa guztiek eragina dute Berriobeitiko udalerrian.

Oronsospe auzoa (Aitzoain) eta Berriozar herria lotzeko, bada bide publiko asfaltatu bat, eta hain zuzen, bi leku horien arteko bide berdearen trazadura bide horretatik igaro dadin proposatu da. Aldaketen agiriaren arabera, proposamen horrek UGPrSaren jatorrizko trazadura berreskuratzea ekarriko luke; proposamena udalarekin aztertu ostean, bide berdearen igarobide izanen litzatekeen pistari buruz honako hausnarketa hau egin da: "pistaren erabilera nagusia jostetakoa da, 2010az geroztik ez baita gorakada nabarmenik izan bertako zirkulazio motordunean". Trazaduran aldaketa hori eginez gero ez litzateke desjabetzerik egin behar; tarte horretarako oraingo ibilbidean, aldiz, bai.

Berriogoitiko hirigunea zeharkatzen duen tarterako, trenbide zaharraren jatorrizko trazadura berreskuratzea proposatu da, hots, aipatu hirigunearen mendebaldetik igaroko litzateke. Aurkeztutako agiriaren arabera, "trazaduraren aldaketa udalak berak eskatuta proposatu da, ulertu baitu egokiagoa dela trazadurak Plazaola parkearen eta arkuaren lerrokadurari jarraitzea, jatorrizko trazadurari eutsita. Berriki, udalak bide-zola egokitzeko lanak egin ditu, proposatutako tartearen josteta erabilera hobetzeko, eta, hortaz, ez du beharrezko ikusten 2014ko UGPSan (indarrekoan) islatutako desbideratzea egitea Berriogoitiko hirigunean".

Añezkar mendatean, ia guztiz eraitsita dagoen tunel zahar batetik igaro behar ez izateko, honako hau proposatu da: bidearen trazadura iparralderantz aldatzea, 106. lurzatiaren hegoaldeko mugatik eta 105. eta 101. lurzatien artean dagoen bide edo zidor batetik, hori guztia 2. poligonoan.

Trazaduraren azken bi aldaketa horiek lurzati pribatuetako lurrak desjabetzea dakarte.

Azkenik, Berriobeiti eta Berriogoiti arteko tartean, desjabetu beharreko eremuak aldatzea planteatu da, eta horretarako arrazoia da bidearen sekzioa handitu behar dela.

Gauzatze materialaren aurrekontua 375.000 euroan zenbatetsi da, Garapen Ekonomikoko Departamentuan gaitutako aurrekontu partida baten kargura; eraikuntza proiektua gauzatzeko, lanak 2022ko irailean hastea aurreikusi da, eta 6 hilabete irautea, gutxi gorabehera.

II.–Jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren tramitea.

Nafarroako Gobernuak 2022ko uztailaren 5ean hartutako erabakiaren bidez, espedientearen tramitazioa abiatu zen, eta, baita ere, aldaketa agiriaren jendaurreko informazioaren eta planteatutako antolamenduak ukitutako udalari entzunaldia emateko tramiteak, aldi berean eta hogeita hamar egunez.

Tramite horietan ez da alegazio idatzirik aurkeztu.

III.–Txosten sektorialak.

Espedientean honako organismo edo administrazio hauen txostenak daude jasota:

  • Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 32.1 artikuluan xedatutakoa betez, aldeko txostena eman zuen 2022ko apirilaren 5ean, oinarri harturik trazaduran aurreikusitako aldaketek ez dutela eraginik katalogatutako ezein aztarnategi arkeologikotan.

  • Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua.

2022ko apirilaren 11n, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 8. artikulua aplikatuz, aldaketa honen gaineko aldeko txostena eman zuen, ulertzen baitu arrisku egoera ez dela handitzen orain arte onetsitako UGPrSaren aldean. Hala ere, zerbitzuak aditzera eman du ezen, ikusirik erabiltzaile ugari izanen direla, eta gerta daitezkeen istripuei erantzun azkarra eta eraginkorra eman beharko zaiela edo behar bezalako arreta, eguraldia txarra denean, komenigarria litzatekeela jardueraren sustatzaileak autobabeserako plan bat egitea Plazaola bide berde osorako.

  • Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.

2022ko apirilaren 8an, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak txosten batean jaso zuen aldaketa onesteko baldintza izanen dela, hari esleitutako eskumenei dagokienez, honako determinazio hauek betetzea:

"a) Aldaketan planteatutako jarduketek ez dakarte afekzio berririk Errepideen Foru Sarean, 2010ean onetsi zen hasierako dokumentuan eta haren 2014ko aldaketan bildutakoez bestekoak, eta, horrenbestez, zerbitzu honek ez du horren gainean bestelako determinaziorik ezartzen.

b) Hala ere, sustatzaileak, Foru Komunitateko errepideei eragiten dienez, aginduzko baimen-eskaerarekin batera, egin beharreko obrak behar bezala zehazten dituen behin betiko dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusian, dagokion baimena eman diezaion".

  • Ondarearen Zuzendariordetza Nagusia. Defentsa Ministerioa.

2022ko maiatzaren 13an, Defentsa Ministerioko Ondarearen zuzendariorde nagusi eta auditore nagusiak ondokoa jakinarazi zuen:

"Kontuan harturik maila askotako beste arau batzuk daudela, kontsultan bidalitakoak baino lehenagokoak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak bidali ez dituenak, eta Ministerioan ez dagoela arestian zerrendatutako arauen araberako txosten eskaerarik; ikusirik "Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun tartea)" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketak hein handi batean mugatzen ahalko lituzkeela Aitzoaingo kuarteleko unitateen jarduerak, bai eta etorkizunean eraikuntzak edo azpiegituretarako jarduketak egitea ere, bide berdearen inguruetan, Zuzendariordetza Nagusi honek KONTRAKO txostena ematen dio "Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun tartea)" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeari, Defentsa Nazionalaren jabetzakoa den ondasunaz bezainbatean."

2022ko maiatzaren 25ean igorritako idatziaren bidez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak beste txosten bat eskatu zion Zuzendariordetza Nagusi horri. Horretarako, agiri hauek eskuratzeko web esteka eman zion: UGPrSa, tramitatzen ari den aldaketa eta Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak (Hirigintzako Azpibatzordea) 2001eko apirilaren 11n behin betiko onetsi zuen Berriobeitiko Udal Plana; halaber, jakinarazi zion bidea berreskuratzea aurreikusita zegoela lehendik Berriobeitiko Udal Planean, eta plangintza tresna horri buruz Defentsa Ministerioak txostena eman zuela 2001eko otsailaren 16an.

2022ko uztailaren 15ean, Defentsa Ministerioko Ondarearen zuzendariorde nagusi eta auditore nagusiak beste txosten bat eman zuen, aurrekoan esandakoari eutsiz, eta adierazi zuen organismo horrek ez duela aldeko txostenik egin ez UGPSari buruz ez Berriobeitiko Udal Planari buruz, eta eskatu zuen bidal ziezaiotela idatzian txosten sektorialen atalean aipatutako aldeko txosten horren kopia bat.

Horri erantzunez, 2022ko uztailaren 22an bidali zuen Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak Berriobeitiko Udal Planaren administrazio espedientean jasota dagoen Sustapen Ministerioaren txostenaren kopia.

2022ko azaroaren 22an, Defentsa Ministerioko Ondarearen zuzendariorde nagusi eta auditore nagusiak, egindako alegazioak eta emandako dokumentazioa aztertu ondoren, honako ohar hauek egin zituen:

"Plazaola bide berdearen jatorrizko trazaduraren aldaketa, zeinak trazadura kuartelaren iparraldetik igarotzea ekarri baitzuen, Nafarroako Gobernuak 2009ko irailaren 28an hartutako erabakiaren bidez zehaztu zen, joan-etorriak nagusiki hirigune diren eremuetatik kanpora eramateko asmoz; hortaz, 2001ean, hori baita eskualdeko agintaritzaren txostenaren data, artean definitu gabe zegoen Defentsa Ministerioaren interesei kalte egiten dion trazadura aldaketa.

Nafarroako Gobernuaren 2009ko irailaren 28ko Erabakian bertan zera ezartzen da: «UGPSetan jasotako determinazioek planak ukitzen dituen toki entitateetako plangintzak lotetsiko dituzte. Toki entitate horiek beren plangintza determinazio horietara egokituko dute berritu edo aldatu behar dutenean, betiere berritze edo aldaketaren xedea zuzenean ukitzen badute determinazio horiek. Hortaz, behin UGPS hau onetsita, ondoko determinazio hauek lotetsiko lukete zuzenean plangintza –hori berrikusi edo aldatu arte–: trazadura, Plazaolako galtzadak ukitutako lurzoruak babesteko lurzoru urbanizaezinaren izaera eta desjabetu beharreko lurzoruak».

Horrenbestez, ukitutako hirigintza plangintzetan sartu beharreko aldaketek –kasu honetan jatorrizko trazaduraren aldaketa, nagusiki– ibilbide berria ezartzen zuen aipatu erabakiaren ostekoak izan beharko lukete; horregatik, Defentsa Ministerioko organoen aldeko txostenik egonez gero, aurrekoaren ondoriozkoa izan beharko luke halabeharrez, hau da, 2009ko irailaren ostekoa. Hori ez da gertatzen 2001eko data duen txostenean.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak emandako dokumentazioak ez ditu arrazoi nahikoak ematen nire uztailaren 15eko S-22-008724 idatziaren bidez eman nuen KONTRAKO irizpena aldatzeko; izan ere, bere horretan mantentzen dira ‘Aitzoaingo kuartela’ instalazio militarrerako eta hartan egiten diren jardueretarako afekzio negatiboak."

  • Ondorioa.

Egin diren aldeko txosten sektorialekin bat, Plazaola bide berde osorako autobabeserako plan bat egin behar da, eta errepideen babes eremuetan lanak edo edozein jarduketa egiteko beharrezkoa izanen da Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren baimena.

Defentsa Ministerioko Ondarearen zuzendariorde nagusi eta auditore nagusiaren kontrako txostenari dagokionez, egokia da adieraztea ezen Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuak honako hau ezartzen duela bigarren xedapen gehigarrian: "Defentsa Nazionalera afektaturiko lur, eraikin eta instalazioei –eta baita haien babes-eremuei ere– eragiten dieten lurralde- eta hirigintza-antolamenduko tresnek, zeinahi motatakoak direla eta zeinahi izendapen dutela ere, Estatuaren Administrazio Orokorraren txosten lotesle bat beharko dute, eragin horri dagokionez, onetsiak izan aurretik."

Aldaketaren eremua Aitzoaingo (Nafarroa) kuartelaren babes eremu edo segurtasunaren eremuaren barruan dago –eremu hori martxoaren 18ko 41/1997 Aginduak ezarri zuen (1997ko 77. Estatuko Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31koa)–.

Afekzio eremu horrek proposatutako trazadura aldaketaren zati bati baino ez dio eragiten, alegia, Oronsospe auzoaren eta Berriozar herriaren artekoari. Horregatik, aldaketa hori espedientearen onespenetik kanpo utzi behar da. Ezin izanen da hura onestea planteatu harik eta Defentsako aldeko txostena izan arte.

IV.–Ingurumen arloko tramitazioa.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 31n emandako 177E/2022 Ebazpenaren bidez, ingurumen-ukipenen aldeko txostena eman zitzaion hizpide dugun aldaketari.

Ebazpenak honako hau xedatu zuen:

"Proiektua egiteko honako neurri hauek aplikatu beharko dira:

–2010. urteko proiektuaren ukipen-azterketan adierazten den bezala, prebentzio-irizpidea izanen da ahalik eta gutxien ukitzea landaredi naturala. Horrenbestez, aplikatzekoa izanen da bide berdea igarotzen denean landarez inguratuta lehendik dauden bideetatik, esaterako, Oronsope (Aitzoain) auzora sartzeko bidean eta Playa bidearekiko lotunean (Berriogoiti).

–Zuhaitz eta zuhaixka pantaila bat landatuko da (Quercus pubescens, Prunus spinosa...) Berriobeitiko 2. poligonoko 101., 103. eta 104. lurzatietan.

–Erabilera publikoko "Zaliturri" mendia (340) Añezkarko eta Oteitzako kontzejuen titulartasunekoa da, eta, Basoak Kudeatzeko Atalaren txostenak adierazten duen bezala, hala izateari utziko balio, kasuan kasuko "erabilera publikoko mendia okupatzeko espedientea" tramitatu beharko litzateke.

–Bide berdea eta altxonbidea gurutzatzen direnean, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostenak adierazten duen bezala, honakoa bete beharko da:

–Altxonbidearen tartean lehentasuna edukiko dute beti abereek eta abelbideen gainerako erabiltzaileek.

–Lanak/egokitzapenak bukatutakoan, ezin izanen da aldatu, inola ere ez, ez bidearen zoladura, ez eta lurzatietara sartzeko bideena ere, abelbide batean baitaude (trazadura bihurgunetsuak eta jatorrizko zoladurak altxonbideen berezko balioak dira, zaindu beharrekoak).

–Altxonbidean hiri altzariak paratzen badira (eserlekuak, zakarrontziak, farolak, panelak esaterako), paisaian integratzeko moduko diseinu tradizionala izanen dute. Halaber, horien fabrikazio materialak ekonomia zirkularrarekin bateragarriak izanen dira (birziklagarriak eta/edo berriztagarriak); zura nagusituko da. Abelbideetan edo haien zortasun-eremuetan panelik, kartelik edo seinalerik paratuz gero, Nafarroako Abelbideen Irudi Korporatiboaren Erabilerarako Eskuliburuan (2008ko azaroa) ezartzen dena bete beharko da (kontuan eduki beharko dira bizikleta-ibilbideak seinaleztatzeari buruzko arauak eta horretarako finkatutako erreferentziazko koloreak, eta IMBA motako piktogramak erabili beharko dira). Eskuliburu hori hemen kontsultatu daiteke:

https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Patrimonio+natural/Vias+pecuarias.html

Espedientearen ebazpenean ezarriko da, hala badagokio, proiektua egiteko aurreko baldintza horiek betetzen diren.

V.–Hasierako erabakiaren gaineko oharrak.

Espedientearen tramitazioa abiatu zuen Nafarroako Gobernuaren 2022ko uztailaren 5eko Erabakiak ezartzen duenez, espedientea ebatzi baino lehen, aldaketa agiriak bat etorri beharko du erabaki horretan ezarritakoarekin.

2022ko urriaren 18an, sustatzaileak aldaketa agiri berri bat aurkeztu zuen, hasiera batean aurkeztu eta jendaurreko informazioaren tramitean egondakoa ordeztuko duena. Hartan men egiten zaie hasierako erabakian egindako oharrei: planoen izenak eta zenbakiak zuzentzen dira; adierazten da lanen proiektuaren barruan sartuko direla bidearen erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko behar diren seinaleak (Oronsospe auzoaren eta Berriozar herriaren arteko tartean); jasotzen da kontuan hartuko dela desjabetuko diren lurren eta gaur egun "masa amankomun" gisa agertzen direnen titulartasunen eguneratzea (Berriogoitiko tartea), eta zuzentzen dira UGPrSaren eta haren 2014ko aldaketaren trazaduren aipamena (Berriogoitiko tartea).

Añezkar mendatean proposatutako trazadura aldaketari dagokionez, erabakian esaten da sortzen diren maldak justifikatu beharko direla. Horri loturik, sustatzaileak jendaurreko informazioaren tramitearen ostean aurkeztu duen agirian adierazten da luzetarako gehieneko maldak %8 eta %13 artekoak izanen direla, eta, lanen proiektuan behar diren neurriak hartuko direla malda arintzeko, zoladura egokia hautatzeko eta erabiltzaileen joan-etorria errazteko (zoladura berdintzea, hormigoiztatzea eta abar).

Adierazitako luzetarako maldek irisgarritasun unibertsalerako edo bide berdeetarako gomendatutakoak gainditzen dituzte, eta, horregatik, 2022ko abenduaren 20an sustatzaileari eskatu zitzaion ezen, bide berde baterako gomendatzen eta bide irisgarri baterako eskatzen diren maldak gainditzen dituen trazaduraren onespena justifikatu ahal izateko, beharrezkoa dela behar besteko justifikazioa eranstea edo aldaketa edo malda horien zergatia azaltzeko hirigintzako arrazoi objektibo eta teknikoak ematea.

2022ko abenduaren 27an, sustatzaileak honako hau aurkeztu zuen: "Txostena, Plazaolaren Bide Naturalaren trazadura hautatzeko, Añezkar mendate edo lepoan". Txosten horretan baztertu ziren NA-240-A errepidetik eta trenaren traza zaharretik (tarte horretan ia erabat eraitsirik dagoen tunel bat dago) doazen trazadurak.

NA-240-A errepidetik doan trazadura baztertu da Herri Lanek ez dutelako ontzat eman.

Trenaren traza zaharretik doan trazadurari dagokionez, bi eraikuntza aukera baztertu dira, interes orokorreko errepide baten jabari publikoko eta zortasun eremuari eragiten diolako, eta honako arrazoi hauengatik:

–Tunel zaharraren gainetik: "bidea eraikitzeko makineria astuna erabili behar da (atzerako hondeamakina, motonibelagailua eta abar), lurzoru ezegonkorraren gainean; segurtasun arrazoiak direla eta, halakoak ez erabiltzea gomendatzen da."

–Plataforma zaharretik: "obraren prezioa baloratzera sartu gabe (oso garestia izanen litzateke), errepidearen eta plataformaren artean dagoen distantziak ez du biderik ematen ezponda egonkorrak sortzeko (2V/3H-ko malda)".

Azkenik, txosten horretan justifikatzen da hautatutako trazadura igarotzea traza zaharraren edo erdieraitsitako tunelaren iparraldean dauden lurzati mugakideetatik, honela:

"Proposatutako trazaduraren lurrean topometria bat egin da, eta aztertu beharreko eremuaren luzetarako profila eskuratu da [... ] UGPSa aldatzeko txostenean zenbatetsi denaren arabera, luzetarako gehieneko maldak Añezkar mendatearen arrapaletan %8 eta %13 artekoak dira [... ] obra proiektuak hormigoizkio H1 sekzioa dauka barne Añezkar mendatean [... ] eta horrek bizikleta eta oinezkoentzako sarbidea hobetuko du, ohiko zabor-legarraren ordez [... ]

Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legeari dagokionez, obra proiektuaren barnean sartu dira, aurrekontu eta guzti, trazaduraren bi tartetan (Berriogoiti eta Artika) irisgarritasun unibertsala bermatzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak; hori, baina, ezin da trazadura osoan egin, arrazoi orografikoak eta aurrekontukoak direla kausa."

Txostenean jaso da irisgarritasun unibertsalerako eskatzen diren luzetarako maldak (%6) gainditzen dituzten bide-tarteak behar bezala iragarri beharko direla, bai ibilbide fisikoan, bai bidearen trazadurari buruzko publizitatea egiten edo informazioa ematen duten web-orrietan.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2022ko otsailaren 8ko txostenarekin bat, eta jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Behin betiko onestea, erabaki honetan azaldutako baldintzekin, "Plazaolako trazadura zaharra berreskuratzea (Iruña-Irurtzun- tartea)" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala aldatzeko espedientea, Berriobeiti udalerritik igarotzen denean bidearen hiru tarteren trazadura aldatzeari buruzkoa. Sustatzailea Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua da.

2. Onespenetik kanpo gelditzen da Oronsospe auzoaren eta Berriozar herriaren artean proposatutako trazadura aldaketa. Ezin izanen da hura onestea planteatu harik eta Defentsa Ministerioaren aldeko txostena izan arte.

3. Men eginen zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 31n aldaketari ingurumen-ukipenen aldeko txostena eman zion 177E/2022 Ebazpenean ezarritakoari, bai eta horri lotutako txosten sektorialetan ezarritakoari ere.

4. Nolanahi ere, bide berdea gauzatzeak uki ditzakeen bestelako azpiegitura eta zortasunei dagokienez, edo gauzatze hori, kasua bada, baldintzatu lezaketenei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunei behar diren baimen guztiak eskatuko dizkie, kasuko gaiaren arabera.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari, Defentsa Ministerioko Ondareko Zuzendariordetza Nagusiari, Berriobeitiko Udalari eta sustatzaileari.

6. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko otsailaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2302655