42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UZTARROZE

Ordenantza, Terrazen erabilera arautzen duena. Behin betiko onespena

Uztarrozeko Udalak, 2022ko ekainaren 23an egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza bat, arautzeko nola jarri eta erabili terrazak lurzoru publikoan, ostalaritzako lokaletarako, Uztarrozen. Argitaratu zen 2022ko 194. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 29an.

Jendaurreko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza behin betiko onesten da, eta testu osoa argitaratzeko agintzen, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Horiek horrela, ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, behar diren ondorioak izan ditzan.

Uztarrozen, 2022ko abenduaren 19an.–Alkatea, Jone Alastuey García.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA NOLA JARRI ETA ERABILI TERRAZAK LURZORU PUBLIKOAN, OSTALARITZAKO LOKALETARAKO, UZTARROZEN

1. artikulua. Xedea.–Ordenantza honen xedea da araubide juridikoa ezartzea, jabari publikoko edo pribatuko lurren aprobetxamendurako, Uztarrozeko udal-mugartearen barrenean, lur horiek aldi baterako okupatzen direnean, dela terrazekin, dela ostalaritzako jardueren osagarri diren elementuekin nahiz merkataritzako establezimenduen jardueren osagarri diren elementuekin.

Eremua.–Ordenantza hau aplikatuko zaie erabilera publikoko espazio guztiei (karrikei, plazei, barneko patioei, espazio libreei, berdeguneei eta abarri), titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak izan. Erabilera publikoa dutela erabakiko da bai izatezko egoerari begira bai indarra duen planeamenduko determinazioen aplikazioari begira.

2. artikulua. Oro har, terrazak zer kaletan jarri nahi diren, fatxada kale horretara ematen duen establezimenduei bakarrik emanen zaie baimena. Ohiz kanpoko ezaugarriak dituzten kaleetan, bestelako kokalekuak ere onartzen ahalko dira, eta eremu horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

3. artikulua. Erabilera publikoko eremuetan terrazak paratzean errespetatu behar da haietan lehentasuna duen erabilera amankomun orokorra; beraz, ez zaio trabarik eginen oinezkoen joan-etorriari ez hiri-irisgarritasunari, eta ez dio kalterik eginen haren segurtasunari ez ibilgailuen trafikoari.

Uztarrozeko Udalak erabakiko du nori eman lurzoru publikoaren erabilera, eta berak banatuko ditu baimenak, murriztuko ditu ordutegiak, ukatuko ditu baimenak edo errebokatuko ditu, kontuan harturik zer gorabehera sortzen dizkieten terrazek eta beladoreek etxebizitzei, auzotarrei, saltokiei nahiz bide publikoari, aurreko ekitaldietan nahiz kontzesioaren epean. Orobat, kontuan hartuko du zenbateraino eragiten dien jabari eta erabilera publikoko eremuei eta haietan gauzatzen diren zerbitzuei.

4. artikulua. Lurzoru publikoko terrazetarako, Udaleko zerbitzuek lurrean markatuko dute haien eremua, pintatuz, zinta itsasgarriz edo antzekoen bidez.

5. artikulua. Terrazaren jabea arduratuko da bezeroek ez dezaten terraza hedatu muga baimenduetatik kanpora, eta ez dezaten gainditu baimendutako jende kopurua.

Erantzukizun zibileko asegurua aurkeztu beharko du, barnean hartzen duena terrazarako eremua.

6. artikulua. Terrazako elementuak (mahaiak, aulkiak, eguzkitakoak, etab.) aise desmuntatzeko modukoak izanen dira.

7. artikulua. Haizea harrotzen denean eguzkitakoak tolestu eta altzariak bildu egin beharko dira baldin haizearen abiadura bada fabrikatzaileak segurtasun baldintzak mantentzeko gehienekotzat jotzen duena edo handiagoa.

8. artikulua. Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da terraza eremuan baldintza horiek mantentzea, baita higiene eta garbiketa baldintza egokiak ere.

9. artikulua. Eremu publikoan dagoen terrazako aulkiak, mahaiak eta eguzkitakoak, erabiltzen ez direnean, lokalaren kanpoaldean pilatu behar dira, horretarako mugatutako eremu batean, trabatu gabe oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa. Ongi lotuta egon beharko dute, eta, hala, ez dira ordutegitik kanpo erabiliko.

10. artikulua. Establezimenduaren ordutegi bera izanen du terrazak, eta inola ere ez dute itxiko 02:00ak baino beranduago. Betiere, Udalak ahalmena du ordutegia murrizteko edo terraza ixteko, auzotarren kexa inportanteak izanez gero, edo interes publikoko beste arrazoi batzuk tartean badira.

Baimentzen da terrazak urte guztian jartzea, baldintza klimatologikoek uzten badute betiere.

11. artikulua. Lokalen jabeen ardura izanen da terrazetako bezeroek eragozpenik ez eragitea, ozenki hitz egiteagatik edo bestelako arrazoiengatik

12. artikulua. Oro har, terrazetan debekaturik dago honako hau jartzea:

–Harguneak, ur hornidurarako, saneamendurako eta/edo elektrizitaterako, baita airea ateratzeko eta girotzeko edozein instalazio finko ere.

–Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak.

–Musika eta/edo soinu erreproduzigailuak instalatzea.

–Josteta makinak instalatzea.

–Berogailuak.

13. artikulua. Baldin terraza baten baldintza partikularrak ez badira ordenantza honetan arautzen, egoki den ebazpenean jasoko dira, eta adjudikaziodunak nahitaez bete beharko ditu.

14. artikulua. Ordenantza honen tarifen eranskinean jasotzen da tasen zenbatekoa, denboraldiaren arabera.

Zenbatekoak urtero alda daitezke, Udalak osoko bilkuran erabakita.

15. artikulua. Interes publikoko arrazoiak direla eta, Udalak noiznahi utz dezake baliorik gabe baimena, baina horrek ez dio konpentsaziorik ekarriko baimendutako establezimenduari.

Hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira lizentziak. Lizentziak prekarioan emantzat jotzen dira, eta noiznahi baliogabetzen ahalko dira, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122.4. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

16. artikulua. Terrazen kontzesioak urtebeteko indarraldia izanen du, eta urtero eskatu beharko da kontzesio berria.

17. artikulua. Babes harturik apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. titulua (Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legea), ordenantza honen ondorioetarako, arau-hausteak izan daitezke arinak, astunak eta oso astunak.

Hona hemen arau-hauste arinak:

a) Eremua ez zaintzea eta ez garbitzea.

b) Onartu dena baino eremu handiagoa okupatzea.

c) Dagokion udal tasa ez ordaintzea.

d) Terrazako elementuak (aulkiak, mahaiak, eguzkitakoak, etab.) ez jasotzea erabiltzeko ordutegitik kanpo.

Hona hemen arau-hauste astunak:

a) 6 hilabetean bi arau-hauste arin edo gehiago egitea.

b) Terrazan EBko araubidea betetzen ez duen edozein elementu jartzea, segurtasunari, suteei, eta abarri dagokienez.

c) Terraza jartzea Udalaren lizentziarik gabe.

Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) 6 hilabetean bi arau-hauste astun edo gehiago egitea.

b) Ordenantza honen edozein artikulu ez betetzea, baldin arau-hauste arina nahiz astuna ez bada.

18. artikulua. Arau-hauste arinen zehapena 750 eurorainoko isuna izanen da; astunena, 751 eta 1.500 euro bitarteko isuna eta/edo lizentzia urtebetez kentzea, eta oso astunena, 1.501 eta 3.000 euro bitarteko isuna eta lizentzia 5 urtez kentzea.

19. artikulua. Zehapenak ezartzeko, dagokion zehapen prozedura instruituko da, jarraikiz 39/2015 Legeari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), edo araudi zehatzagoari jarraikiz, halakorik izanez gero.

20. artikulua. Ordenantza honek jasotzen dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du baztertzen erantzukizun zibila, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu beharra ere, halakorik bada.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

TARIFEN ERANSKINA

Urtean 10 euro/m², eremu publikoa terrazarako okupatzeagatik.

Iragarkiaren kodea: L2302175