42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

3E/2023 FORU AGINDUA, urtarrilaren 24koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, "Enpresentzako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak EBko politika eta estrategiak zabaltzeko, 2023" izeneko dirulaguntzaren deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 672096.

Otsailaren 3ko 7/2021 Foru Dekretuak, urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretua aldatu eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duenak, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen eremu materiala xedatzen du II. kapituluan. Eskumen horien artean dago, besteak beste, Nafarroan Europar Batasunaren lehentasunei eta ekimenei buruzko informazio publikoko kanpainak egitea. Eskumen hori, zehazki, Europako Gaiak Koordinatzeko eta Bultzatzeko Atalari esleitzen zaio, zeina Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari atxikita baitago.

Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari asko interesatzen zaio enpresentzako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntza lerro baten deialdia proposatzea, Europako estrategiak eta politikak zabaltzeko eta hobeki ezagutarazteko. Izan ere, horrela, Nafarroako herritarrengana gehiago hurbilduko litzateke Europan integratzeko prozesua, prozesu horretan inplika daitezen eta parte har dezaten. Xede horiek lortzeko, beharrezkoa da 2021-2027 programazio denboraldi berri honetan lehentasunezko estrategia eta politika europarrei buruzko informazioa gure gizarteko sektore guztien artean zabaltzeko lana sustatzea.

Testuinguru horretan, dirulaguntzen deialdi honen bidez Europar Batasunaren eremuan lehentasunezko gaiei buruzko askotariko komunikazio ekintzak eta zabaltze jarduerak sustatu nahi dira.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Enpresentzako eta irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak EBko politika eta estrategiak zabaltzeko, 2023" izeneko dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei erantzuteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotako eskaerak kontuan hartuta:

  • 25.000 euro, 2023ko gastuen aurrekontuko B50003-B5200-4819-145100 partidaren kargura (Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak, EBrekin lotutako politikak zabaltzeko).
  • 25.000 euro, 2023ko gastuen aurrekontuko B50003-B5200-4709-145100 partidaren kargura (Enpresentzako laguntzak, EBrekin lotutako politikak zabaltzeko).

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 24an.–Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta helburua.

Foru agindu honetan araututako dirulaguntzen xedea Nafarroan antolaturiko zabaltze jarduerak eta komunikazio ekintzak finantzatzea da, baldin eta horien helburua Europar Batasunaren funtzionamenduari, ezaugarriei, etorkizunerako aukerei eta Europar Batasunarekin zuzenean lotutako beste edozein alderdiri buruzko ezagutzak zabaltzea bada.

2.–Finantzaketa.

Deialdiko laguntzek 50.000 euro batzen dute guztira, honako banaketa honi jarraikiz:

  • 25.000 euro, 2023ko gastuen aurrekontuko B50003-B5200-4819-145100 partidaren kargura (Irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako laguntzak, EBrekin lotutako politikak zabaltzeko).
  • 25.000 euro, 2023ko gastuen aurrekontuko B50003-B5200-4709-145100 partidaren kargura (Enpresentzako laguntzak, EBrekin lotutako politikak zabaltzeko).

Onuradun mota bakoitzarentzat baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua beste proiektuari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

3.–Erakunde onuradunak.

1. Laguntzen onuradun izan daitezke enpresak eta irabazi-asmorik gabeko erakundeak, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Egoitza fiskala Nafarroan izatea.

b) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

c) Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debeku egoeraren batean ez egotea.

2. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri berariaz uko egiten badio eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak eta egiaztagiriak.

3. Baldintzak eskaera-inprimakian berean sartuta dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira. Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Erakunde onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.

4.–Kontzeptu diruz lagungarriak, aldi diruz lagungarria eta laguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetako dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko laguntzak dira, zabaltze jarduerak eta komunikazio ekintzak egiteko ematen direnak, baldin eta horien helburua Europar Batasunaren funtzionamenduari, ezaugarriei, etorkizunerako aukerei eta Europar Batasunarekin zuzenean lotutako beste edozein alderdiri buruzko ezagutzak zabaltzea bada.

Dirulaguntza bat emanen da 4. puntu honetan zehazten diren gastuen % 100erako, aurrekontu diruz lagungarriaren 5.000 eurokoa gehienez, proiektu bakoitzeko (hau da, diruz lagungarriak ez diren gastuak kontuan izan gabe).

Deialdi honen ondorioetarako, hizlarien bidaia gastuak diruz lagungarriak izanen dira (ostatua eta mantenua), aurreikusitako jardueretarako egiten badituzte, baita proposamenean aurreikusitako jarduerak egiteko behar diren gastuak ere, betiere merkatuko prezioen araberakoak badira. Gastu horiek 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 3ra bitarte egin beharko dira, biak barne.

4.1. Proiektua egiteko zuzeneko gastuak:

Behar diren gastuak ekitaldiak antolatzeko eta azterlanak edo jarduerak egiteko, artikulu honetan ekintza diruz lagungarri gisa zehazten direnak, baldin oinarri hauen 1. artikuluan adierazten diren kategorizazioa eta xedea betetzen badituzte:

–Proposatutako jarduerekin lotura zuzena duten gastuak baino ez dira onartuko, ez badira erakunde horren ohiko gastuak.

–Mintegiak, txostenak, argitalpenak eta abar egiteko behar diren zerbitzu teknikoak eta profesionalak, edo jarduera gauzatzeko aurreikusitako beste behar batzuk.

–Bidaiak, ostatu hartzea eta dietak. Jarduera gauzatzeko behar diren joan-etorriekin lotutako gastuak. Hegazkinez egindako joan-etorriak turista klasean eginen dira, eta gainerako garraiobideetan turista klasean edo horren baliokideetan. Dietek 30 euroko gastu muga izanen dute bazkari, pertsona eta egun bakoitzeko, eta ezin izanen dira metatu. Dietetako gastu gisa onartuko dira hizlariarenak eta haren kortesiazko laguntzaile batenak, betiere laguntzaile hori erakunde onuradunekoa bada.

–Gastu horiek berariaz zehaztuta egon beharko dira erakunde onuradunei emandako fakturetan.

–Ekitaldiak eta/edo jardunaldiak egitearekin loturiko catering gastuak 750 eurokoak izanen dira gehienez, eta aurrekontuaren %15eko muga izanen dute.

Ez dira diruz lagungarriak izanen ez langileei dagozkien gastuak, ez finantza gastuak, ezta erakundearen funtzionamendu arruntaren ondoriozkoak ere (zeharkako gastuak, hala nola alokairuak, garbiketa, fotokopiak, posta, telefonoa, etab.), ibilgetua amortizatzeko zuzkidurak barne.

Balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa kenduko da, hura jasanarazten ahal bada, hau da, berreskuratu edo konpentsatzen ahal denean.

Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bera duten beste laguntza batzuekin, baldin eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarka hartuta edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ez bada diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa.

5.–Eskaerak eta agiriak aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

a) Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

b) Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayuda-a-empresas-y-a-entidades-sin-animo-de-lucro-para-la-difusion-de-politicas-y-estrategias-de-la-ue-2023

(hemendik aitzina, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari erantsitako fitxategiak, gehienez 20 Mb-koak, formatu hauetakoak izaten ahal dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Eskaera aurkezteko erabiltzen den bidea arestian aipatu ez bezalakoa bada, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko gero aurkeztu ahal izatea telematika bidez. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

c) Eskaerak egiteko, laguntza-fitxan dagoen inprimaki espezifikoa erabiliko da. Inprimaki hori behar bezala beteta eta sinatuta egon beharko da. Inprimaki horren bidez aurkeztutako eskaerak baino ez dira onartuko.

d) Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion komunikazioak interesdunak eskaeran ematen duen gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Interesdunak Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren http://notificaciones.060.es helbidean eskura daiteke gaitutako helbide elektronikoa, eta jakinarazpen elektronikoen prozeduretako harpidetza ere bertan egin daiteke. Horretarako, ziurtagiri digitala beharko da.

5.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskaerari (laguntzaren fitxan ageri den berariazko inprimakiaren araberakoa betiere) erantsi behar zaion dokumentazioa agiri bereizietan eskaneatua aurkeztu behar da, eta behar bezala identifikatua. Hauxe da:

a) Erakunde eskatzaileari buruzko dokumentazioa:

–Eskaera-inprimakia.

–Erakundea eratzeko edo, hala badagokio, aldatzeko eskrituraren kopia, dagokion erregistroan behar bezala inskribatuta.

–Erantzukizunpeko adierazpena edo erakunde eskatzailearen ordezkaritzaren egiaztagiria.

–Erakunde sozialen kasuan, elkartearen edo erakundearen estatutuak.

–"Transferentzia bidez kobratzeko eskaera" izeneko jatorrizko inprimakia, lehenago inoiz Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik lortu ez bada. Inprimaki hau erregistro orokor elektronikoaren bidez bidali behar da Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalera.

Eskaera-inprimakian ez bazaio baimenik ematen Herritarrekiko Harremanetako Departamentuari datuak egiaztatzeko, honako hauek ere aurkeztu beharko dira:

–Zerga Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin egunean dagoela egiaztatzen duten frogagiriak.

b) Jarduera diruz lagungarriari buruzko dokumentazioa:

Jardueraren memoria, honako hauek edukiko dituena nahitaez:

–Egin nahi den jardueraren deskribapena.

–Espero diren emaitzak.

–Erakunde eskatzailearen aldez aurreko esperientzia.

–Aurrekontu zenbatetsia.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsiriko elementu guztiek unitate kudeatzaileak dauzkan programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2016, Adobe Acrobat Reader DC eta Windows Media erreproduzigailua.

Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta berariazkoa. Laguntza kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, deialdi honen eranskineko 5.2.a) atalean eskatzen den dokumentazio guztia erakutsi beharko dute (dokumentazio horren izena eta zer atal zehatzetan dagoen adierazita).

Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste edozein jarduketari dagokionez, lege hauetan ezarririkoa beteko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legea; Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa; eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzkoa; gaiari buruz gainerako legerian xedaturikoa ere bete beharko da.

Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie eskatzaileei.

6.–Antolaketa eta instrukzioa.

Deialdi honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari esleitu zaizkio dirulaguntzak emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri arautzaile hauetan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Norgehiagokaren araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko prozedura tramitatzeko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikulua).

Horretarako, honako honetan oinarritzen da norgehiagokako prozedura: dirulaguntzak nori eman erabakitzeko, aurkezten diren eskaerak alderatzen dira, lehentasunaren arabera ordenatzeko, agindu honetan eta deialdian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortzen duten eskaerei dirulaguntza ematen zaie, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez baditu, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan hamar egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

Organo horrek aurkezten den dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela eskatzen ahalko die enpresa eta irabazi-asmorik gabeko erakunde eskatzaileei.

Gaitutako helbide elektronikora (GHE) eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak ebaluatuko ditu aurkezturiko proiektuak, deialdi honen 8. oinarrian zehazten diren irizpideen arabera. Ebaluazioaren arabera, organo kudeatzaileak Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari helaraziko dio ebazpen proposamen bat. Proposamen horrek dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda jasoko du, esleituriko zenbatekoarekin.

Eskaera osorik eta zuzen dagoela eta 1. oinarrian zehaztutako xedearen eta 4. oinarrian ezarritako kontzeptu diruz lagungarrietako baten araberakoa dela egiaztatu ondoren, espedientea ezarritako baremoaren arabera baloratuko da.

Kreditu bat dago erakunde onuradunen mota bakoitzerako, hau da, enpresetarako eta irabazi asmorik gabeko erakundeetarako. Onuradun mota bakoitzarentzat baimendutako kreditua agortzen ez bada, gainerako dirua besteari zuzendutako zenbatekoari gehi dakioke, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

Gehienez ere 100 puntu emanen dira proposamenak baloratzeko. Honako hauek dira balorazio irizpideak, ondotik zehazten den puntuazioarekin:

1.–Eginen den jardueraren deskribapena eta gaia:

1.1. Jardueraren eta haren helburuen azalpen argi eta zehatza (gehienez 25 puntu)

1.2. Eginen den jardueraren nahitaezko gaiak (gehienez 25 puntu):

–Europako Batzordearentzat 2023. urterako interes berezia duten gai zehatzak:

  • NextGenerationEU Plana.
  • REPowerEU Plana.
  • Konpetentzien Europako Urtea 2023
  • Espainiari dagokio Europar Batasuneko Kontseiluaren Lehendakaritza 2023ko bigarren seihilekoan
  • Europako Hauteskundeak 2024an
  • Herritarrekin ekitaldiak egitea, desinformazioaren aurkako borrokari buruz sentsibilizatzeko eta alfabetatze mediatikoa sustatzeko.

–Europako Batzordearen 2019-2024ko lehentasunen ildoko gai orokorrak (https://spain.representation.ec.europa.eu/estrategias-y-prioridades/prioridades-de-la-comision-europea-2019-2024–es), lehentasun horiek berariaz aipatuta:

  • Europako Itun Berdea.
  • Aro Digitalera moldaturiko Europa.
  • Pertsonen zerbitzurako ekonomia bat.
  • Europa sendoagoa munduan.
  • Europako gure bizimodua sustatzea.
  • Beste bultzada bat Europako demokraziari.

Puntuazio handiagoa eskuratuko dute Europako Batzordearentzat 2023. urterako interes berezia duten gai zehatzak zabaltzeko xedea duten jarduerek.

2.–Espero diren emaitzak (gehienez 20 puntu):

2.1. Proiektuaren edo jardueraren kalitatea, bideragarritasuna eta berrikuntza (gehienez 10 puntu).

2.2. Eginen den jardueraren eragina, oihartzuna, garrantzia eta interes objektiboa (gehienez 10 puntu)

3.–Erakunde eskatzailearen aldez aurreko esperientzia (gehienez 10 puntu):

3.1. Esperientzia eta ibilbidea (gehienez 5 puntu)

3.2. Erakunde eskatzailearen espezializazioa aurkezten direnen antzeko jardueretan (gehienez 5 puntu)

4.–Aurrekontu zenbatetsia (gehienez 10 puntu): aurrekontuaren egokitasuna eta koherentzia aurreikusitako jarduerak egiteko.

5.–Erakundearen konpromisoa emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekin (10 puntu): erakundean hizkera inklusiboa eta irudi ez-sexistak erabiltzeko berariazko protokolo bat onartzea, aplikatzea, zabaltzea eta erabiltzea, halako moldez non jarduera edo proiektua gauzatzean sortzen diren agiri, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabiliko den, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestuko diren, eta berdintasunaren, presentzia orekatuaren, aniztasunaren, erantzunkidetasunaren eta rol eta genero-identitate pluraltasunaren aldeko irudiak sustatuko diren. Egiaztapena: berariazko protokoloaren kopia eta egindako zabalkundearen deskribapen laburra.

Ebaluazioaren ondoren 50 puntu lortzen ez dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

Gomendioa: aplikatzen den proiektuetan, hizlarien panelak, ahal den neurrian, presentzia orekatuaren printzipioari erantzun beharko dio; eta hala, emakumeen eta gizonen presentzian osaera orekatua dela ulertuko da baldin eta, dagokion multzoan, sexu bakoitzeko pertsonak ez badira ehuneko hirurogei baino gehiago edo ehuneko berrogei baino gutxiago, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak xedatzen duen bezala.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta adjudikatzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; halaber, prozedurak iraun artean gertatzen diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta emandako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti. Ebazpenean, dirulaguntza jasoko duten erakunde eskatzaileen zerrenda azalduko da, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla, halakorik baldin bada. Gainera, ordezko eskatzaileen zerrenda bat ere jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuz lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, onuradunen batek uko eginez gero zerrenda horretara jotzeko. Ordezkapenerako hurrenkeran zerrendatuko diren erakunde horiei dagokienez, diruz lagundu beharreko proiektuak identifikatuko dira, eta norbaitek uko eginez gero bakoitzak lortuko lukeen gehieneko laguntza ere adieraziko da. Dena dela, laguntza hori ez da inoiz ere izanen uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

Dirulaguntza emateko edo ukatzeko ebazpenen aurka, espresuak zein presuntziozkoak izan, administrazio publiko ez diren erakunde eskatzaileek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, administrazio prozedura erkideari buruzko legerian xedatutakoari jarraikiz.

Halaber, administrazio publikoek deialdi honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean (29/1998 Legea, uztailaren 13koa, arautzen duena Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiaren ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie, deialdi honetara eskaerak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez hiru hilabeteko epean. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

Onuradunen batek uko egiten badio emandako laguntzari, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak beste ebazpen bat ematen ahalko du deialdian aurrekontuko diru erabilgarririk ez izateagatik laguntzarik gabe gelditu den hurrengo eskatzailearen alde. Kasu horretan, eta ez badago eskatzailerik erakunde onuradunen motetako batean, gelditzen den diru-kopurua erabiltzen ahalko da bestearen zenbatekoa handitzeko, eskumena duen organoaren erabaki arrazoituaren bidez eta kasuan kasuko kontabilitateko espediente ekonomikoa instruitu ondotik.

10.–De minimis laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da (2013ko L 352. EBAO, abenduaren 24koa). Inguruabar hori espresuki aipatu beharko da laguntza emateko ebazpenetan.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa eta laguntzen metaketarena aipatutako Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplikatuko da.

Horretarako, interesdunak behartuta daude kasuan kasuko zergaldian eta aurreko bi zergaldietan harturiko bestelako de minimis laguntzak aitortzera, eskaerak aurkezten dituztenean.

11.–Onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzen onuradun diren erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

11.1. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari gutxienez hilabeteko aurrerapenarekin jakinaraztea aurreikusitako ekintzarako eguna eta programa eta, orobat, baimena ematea zerbitzu horren menpeko Europe Direct Navarra-Nafarroa informazio-zentroaren erakustoki bat jartzeko.

11.2. Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean, dirulaguntzen erakunde onuradunen gardentasun-betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztea, zerbitzuen katalogoaren fitxan eskuragarri dagoen ereduarekin bat datorrena, hori guztia Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea betez (2018ko 98. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, maiatzaren 23koa). Izan litezkeen zehapenak galarazi gabe, informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

11.3. Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebeharrak betetzea.

Zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela frogatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoarekin bat, erakunde onuradunak ez daude beharturik frogagiriak aurkeztera, eta, kasu horretan, deialdia kudeatzen duen organoak kontsultatuko du ofizioz informazio hori.

Ulertuko da erakunde onuradunek kontsulta hori baimentzen dutela, salbu eta espresuki kontra agertzen badira eskaeraren berariazko inprimakian; kasu horretan, egoki diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.

11.4. Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuari jakinaraztea, gehienez 10 egun balioduneko epean dirulaguntzak emateko ebazpena jasotzen denetik aurrera, dirulaguntzaren xedeko ekintzaren baterako dirulaguntzari uko egiten zaiola, proiektua ez bada eginen edo ezin badira deialdian ezarririko epeak bete.

11.5. Deialdi honen bidez diruz laguntzen den proiekturako baizik ez erabiltzea laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak betetzea.

11.6. Dirulaguntzaren xedeko gastuak egin, justifikatu eta ordaintzea deialdian ezarritako epeetan.

Egindako jarduketen justifikazioa 2023ko azaroaren 10a baino beranduago aurkeztuz gero, emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da.

11.7. Dirulaguntza jasotzen duen ekintzaren gaineko informazio eta publizitate guztietan (liburuxkak, programak, bideoak, web-orriak, sare sozialak...) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak diruz laguntzen duela adierazi beharko da. Betebehar hori Europe Direct Navarra-Nafarroa logoa sartuta beteko da.

11.8. Jasotako funtsak justifikatzen dituzten agiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede diren artean.

11.9. Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

Ezarritako betebeharretakoren bat betetzen ez bada, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo dirua itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

12.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza bukaeran ordainduko da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. 2023ko azaroaren 10a bitartean, egun hori barne dela, eskatzaileek diruz lagunduriko proiektuaren memoria ekonomikoa eta jardueretakoa aurkeztu behar dute, deialdi honen oinarrietan ezarririko moduan, onartu eta ziurtatu ondoren aurkezturiko dokumentazioa gauzatu den jarduerari dagokiola.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen, hau da, 2023ko azaroaren 10a bitarte, ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat.

Justifikatzeko modua:

a) Diruz lagundutako jarduerak eginik, onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2023ko azaroaren 10ean beranduenez:

–Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze memoria xehatua, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne. Memoria horrek dokumentu base bat izanen du, honako honekin: sortutako entregatzekoak, argazkiak, ekitaldietan parte hartu izana frogatzen duten zerrendak, eta proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duten beste edozein.

–11.7 oinarrian adierazitako publizitate betebeharra bete dela frogatzen duten agiriak.

–Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak, halakorik balego (norberaren diru-sarrerak nahiz erakunde publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak.

–Behin betiko gastuak justifikatzeko taula. Laguntzen onuradunek gastuen zerrenda jasoko duen taula bat prestatu beharko dute, deialdi honen 4. oinarrian adierazitako tipologien arabera.

b) Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZa kanpo); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea (BEZa kanpo) eta ordainketa-data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren.

c) Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (Excel) bidaliko da eta, horrekin batera, fitxategi digitalizatu bat (pdf formatuan edo antzekoan) aurkeztuko da, fakturak edo gastuak frogatzeko balio bera duten bestelako dokumentuak bilduko dituena.

d) Fakturak eta gastua justifikatzen duten gainerako dokumentuak modu korrelatiboan zenbakitu beharko dira (1, 2, 3... dok.), eta gastuen justifikaziorako taulan agertzen diren ordena berean sartu fitxategi digitalean. Gastua justifikatzen duen faktura edo agiri bakoitzarekin batera, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

13.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote erakunde onuradunek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari, hark baimendu behar baititu.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, diruz lagundutako programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

Funtsezkotzat hartzen diren aldaketen kasuan, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuak behar den ebazpena emanen du. Aldaketak ez funtsezkotzat jotzen badira, Europako Proiektuen Bulegoaren Zerbitzuko zuzendariak emandako ofizioaren bidez jakinaraziko da baimena.

14.–Dirulaguntzen pilaketa eta bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste laguntza batzuekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta, erakunde onuradunak egin asmo duen jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Dirulaguntzaren itzulketa.

Dirulaguntza ordaindu baino lehen, egiaztatutako da ezarritako epeetan aurkeztutako justifikazio agiriak bat datozela diruz lagundutako ekintzekin, dokumentazioa zuzena dela alde guztietatik eta dirulaguntzaren xedea bete dela.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

17.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

Iragarkiaren kodea: F2301315