42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 15ean hartua, hasiera batez onesten duena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campuseko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, unibertsitatearen helburuei erantzuten dieten irakaskuntza- eta ikerketa-erabilerak ezarri ahal izateko campusaren edo UGPSaren C-1 unitatearen ipar-ekialdean. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

I.–Aurrekariak.

2022ko ekainaren 23an (agiria: 2022/802082), Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA enpresa publikoak eskabide-orria aurkeztu zuen aipatutako espedientea izapidetzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, 2022ko irailaren 28an, dokumentua osatzeko eskatu zuen, bertan jasotako proposamenen bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoaren analisiarekin, halaxe eskatzen baitute Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onesten duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 22.5 artikuluak eta 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.g) artikuluak (aurrerantzean, LAHFLTB).

Ondoren, 2022ko azaroaren 8an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak beste errekerimendu bat igorri zuen, dokumentua aldatzeko eskatuz, Joaquín Romero Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak 2022ko irailaren 27an egindako txostenarekin bat etortzeko. Txosten horretan, gerenteak dio, besteak beste, ezin dela pentsatu, planteatutako aldaketaren bidez, unibertsitateak ondoko lursailak laga ditzala proiektatutako zentroaren zerbitzurako. Gai honetan aldez aurreko eta berariazko akordiorik gabe, lurzatiaren urbanizazioa eta eraikinerako sarbideak lurzatiaren mugen barruan egin beharko direla dio. Beraz, ez du baimenik ematen eta aldaketa-proposamenaren aurka dago.

2022ko azaroaren 17an (agiria: 2022/1450560), sustatzaileak aldaketa-agiri berri bat aurkeztu zuen, hasieran aurkeztutakoa ordezten duena.

II.–Aldaketaren xedea, justifikazioa eta deskribapena.

Espediente honen xedea da NUPen UGPSaren hirigintza-antolamenduko determinazioetako batzuk aldatzea, ahalbidetzeko, aurkeztutako dokumentuaren arabera, "behar berriak eta jakintza-arloen eta teknologien bilakaera", edo "irakaskuntza- eta ikerketa-erabilera batzuk ezartzea [... ] unibertsitatearen helburuekin lerrokatuta", campusaren ipar-ekialdean. Zehazki, Iruñeko Taxoare eta Katalunia kaleen bidegurutzetik hego-mendebaldera, erabiltzen ez diren nabe batzuek hartzen duten espazioan, UGPSaren C-1 unitatean (unitate horrek "Unibertsitatearen Erdialdeko Eremua" hartzen du).

Esparruaren azalera 3.189,37 m²-koa da guztira. Iruñeko 5. poligonoko 1645. katastro-lurzatian dauden eraikinak eta Taxoare kaletik haietara sartzeko espazioa barne hartzen ditu, kale horrekin egiten baitu muga ekialdean.

Horretarako, aurkeztutako dokumentuan honako aldaketa hauek proposatzen dira:

a) C unitate guztietarako (C-1etik C-5era): eraikin berriak ezartzeko "Xehetasun Azterlanak" idaztera igortzearen ordez, "beharrezko hirigintza-determinazioak ezartzen dituzten tresnak" idaztera igortzea.

b) C-1 unitatean: erabilera espezifikoak zabaltzea, bereziki "irakaskuntza- eta ikerketa-erabilerak" gehitzea.

c) "Bide-sisteman": errealitatera egokitzea, Katalunia kaleari dagokionez, zeina UGPSa onetsi ondoren gauzatu baitzen, eta kale horretan "bide berrien aurreikuspena" kentzea O-6 planoan.

d) C-1 Unitatearen ipar-ekialdeko muturrean: erabilera xehatuak, lerrokadurak, sestrak, eraikuntzaren altuerak eta urbanizatzeko baldintzak ezartzea.

Aurreko aldaketen ondorioz, UGPSaren araudian aldatu egin behar dira 3. atala ("Lurzoruaren Sailkapena eta Erabilerak, Eraikigarritasuna eta Okupazioa") eta 7. atala ("Bide-sarea"). Halaber, atal berri bat gehitu behar da: "Determinazioak Taxoare kalearen eta Katalunia kalearen artean, C-1 unitatearen eremuan" (Erabilera xehatuak, Eraikitzeko eta urbanizatzeko baldintzak ). Gainera, bi plano berri sartu behar dira: O-1 Antolamendua: lerrokadurak eta sestrak eta O-2 Antolamendua: erabilera xehatuak.

III.–Txosten sektorialak.

III.1.–Hasierako proposamenari dagokionez:

2022ko ekainaren 23an aurkeztutako proposamenean, aldaketaren eremua erabaki honen xede den proposamenarena baino handiagoa zen. 5. poligonoko 1645. lurzatian zegoen eraikuntzaz eta ekialdeko sarbiderako espazioaz gain, gaur egun aparkaleku, lorategi eta oinezkoen zirkulaziorako erabiltzen den espazioa ere hartzen zuen.

Hasierako proposamenari dagokionez, honako txosten hauek jaso dira:

  • Iruñerriko Mankomunitatea.

Iruñerriko Mankomunitateak, 2022ko abuztuaren 3an, hornidura- eta saneamendu-azpiegiturei buruzko aldeko txostena eman zuen, baldintzarik gabe.

  • Ingurumen Zuzendaritza Nagusia.

2022ko abuztuaren 8an, Ingurumen Eraginaren Atalak jakinarazi zuen proposamenak ez duela ingurumen ukipenik sortzen, ez baita ingurumen-balio aipagarririk identifikatzen, eta, aldaketaren eta kokatuta dagoen eremuaren ezaugarriengatik, ez dagoela ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremuan sartuta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera.

Gainera, txosten horretan adierazten da ingurumen-integrazioko eta klima-aldaketara egokitzeko neurri hauek sartzeak proposamenaren ingurumen-hobekuntza dakarrela:

–Mugikortasuna: LAP 3ren helburu eta estrategien artean, mugikortasun jasangarria sustatzea dago, garraio publikoan, gutxiago kutsatzen duten sistemetan eta oinezko eta bizikletentzako espazioa gehitzean oinarrituta.

Beraz, gehitu beharreko neurri bat da aparkaleku-plazak erreserbatzea ibilgailu pribatuaren ordezko garraiobideetarako, hala nola bizikletetarako edo antzeko beste batzuetarako.

–Bestalde, aparkalekuetarako espazioetan sistema fotovoltaikoen euskarri-egiturak jar daitezke, baita eraikinen estalkietan ere. Neurri horiek Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen (KATEFL) ildo beretik doaz, eta esplizituki txerta daitezke UGPSaren aldaketaren araudian.

–Berdeguneen kudeaketa. Egungo aparkalekuaren zati bat berdegunetarako proposatzen da, Teknologia Zentroan dagoenaren jarraipen gisa, 2.500 m²-ko azalera osatuz. Berdeguneen gaineko jarduketek honako helburu hauek izanen dituzte: lurzorua drainatze jasangarriko irizpideekin iragazkortzea, eguzki-irradiazioari aurre egiteko neurri gisa espazio publikoetan itzala duten zuhaiztiak ezartzea (bero-uharteen ondorioak arintzeko) eta lorezaintza jasangarriko irizpideak aplikatzea.

  • Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzua.

2022ko abuztuaren 9an, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak adierazi zuen ezen, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuan dauden arriskuei buruzko datuen arabera, jarduketa garatzen den kokalekuan ez dagoela uholde nahiz baso-suteen arriskurik edo bestelako arrisku espezifikorik, arrisku sismikoagatik izan ezik (espero den intentsitatea 7koa da 475 urteko errepikatze-denborarako). Amaitzeko, proposamenari buruzko aldeko txostena eman du, ez dakarrelako arrisku-egoera handitzea, egungo egoerarekin alderatuta.

  • Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia - Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa.

2022ko azaroaren 8an, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman zuen.

Gainera, gogorarazten du ezen, nola azterketaren xedeko eremu osoa zortasun aeronautikoek ukitutako eremu eta espazioetan dagoen, edozein eraikuntza, instalazio edo landaketa egiteko, beharrezkoa dela Aire Segurtasuneko Estatuko Agentziak (ASEA) aldez aurretik aldeko erabakia hartzea, bat etorriz 584/1972 Dekretuaren 30. eta 31. artikuluen egungo idazketarekin. Inguruabar hori planeamenduko dokumentuetan jaso behar da.

  • Telekomunikazioen eta Informazio Teknologien Zuzendaritza Nagusia, Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzakoa.

2022ko irailaren 16an, Telekomunikazioetako eta Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Antolamenduko zuzendari nagusiak aldeko txostena eman zuen, aldaketa hau telekomunikazioen sektoreko araudira egokitzearen inguruan. Txosten horretan ohartarazten da 9/2014 Legearen 34. eta 35. artikuluetara (indarrean dagoen 11/2022 Legearen 49. eta 50. artikuluak) egokitu gabeko lurralde- edo hirigintza-plangintzako araudian edo tresnetan jasotako xedapen oro ez dela aplikagarria, Auzitegi Gorenaren 2017ko maiatzaren 22ko 883/2017 epaian ezartzen den bezala, eta, beraz, Telekomunikazioei buruzko ekainaren 28ko 11/2022 Lege Orokorrera egokitu beharko dela haren eskumeneko edozein hirigintza-araudi edo -tresna, egoera horretan badago.

  • Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

2022ko irailaren 7an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak txosten bat egin zuen, NUPen UGPSaren aldaketa honen hasierako proposamenaren aurka. Hori dela eta, hasierako proposamena aldatzea eskatu zen.

Hauek dira, besteak beste, aurka egoteko azaltzen diren arrazoiak:

Memorian jasotako adierazpen guztiak gorabehera, proposatutako aldaketaren helburu bakarra da unibertsitate-lurzorua izatea, erositako partzela horretatik harago, proiektatutako zentro berriaren eraikinerako sarbideak ahalbidetzeko, gaur egun daudenez beste batzuk. Planteatutako aldaketaren bidez ezin da pentsatu unibertsitateak proiektatutako zentroaren zerbitzuaren ondoko lursailak lagako dituenik. Arlo honetan aldez aurreko eta berariazko akordiorik izan gabe, lurzatiaren urbanizazioa eta eraikinerako sarbideak lurzatiaren mugen barruan egin beharko dira.

2022ko azaroaren 8an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak beste errekerimendu bat bidali zuen, dokumentua adostutako zentzuan aldatzeko eskatuz.

III.2.–2022ko azaroko proposamenari dagokionez.

Hasierako proposamenari eta ondorengo proposamenean proposatutako eremu-aldaketari buruz egindako txosten sektorialen edukia ikusita, txosten berriak eskatu zaizkie aldaketak eragindako organoei:

  • Ingurumen Eraginaren Atala.

2022ko abenduaren 15ean, unitate honek jakinarazi zuen aldaketa ez zegoela ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremuan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera.

  • Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

2023ko urtarrilaren 19an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzaileak txosten bat egin zuen, eta honako hau ondorioztatu zuen:

"Ondorioz, azaldutako arrazoiengatik, Unibertsitateak baimena ematen du planteatutako aldaketa-proposamena egiteko."

IV.–Kontuan hartu beharrekoak.

IV.1.–Aldaketa-mota, izapidetzeko prozedura eta parte-hartzea.

Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginak (49. artikulua) udal hirigintza-antolamenduaren determinazioak bi motakoak direla dio, egituratzaileak eta xehatuak, eta izapidetze-prozedura desberdinak ezartzen ditu batzuei edo besteei eragiten dieten UGPSaren aldaketetarako (45. artikulua). Lehenengoak izapidetzen dira UGPSak onesteko prozedura berarekin, eta bigarrenak lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen departamentuak onesten ditu, hilabeteko epean jendaurrean jarri eta ukitutako udalerriei entzunaldia eman ondoren.

Aurkeztutako aldaketa-instantziak edo dokumentuak ez du aipatzen zer motatako hirigintza-antolamenduko determinazioak aldatu nahi diren.

UGPSaren arabera, campuseko lursailak hezkuntzako ekipamendu komunitarioko sistema orokor gisa sailkatuta daude.

LAHFLTBren 49. artikuluaren arabera, hirigintza-antolamendu egituratzailearen determinazioa "hauen definizioa da: bide publiko, hiri-zerbitzu, espazio libre publiko eta ekipamendu publiko edo pribatuen sistema orokorrak, edo herritar guztien zerbitzura dauden zuzkidura publikoen multzoak".

Orain aurkeztutako aldaketak NUPen campusa definitzen duten determinazioei eragiten die.

Aurreko guztiagatik, ulertzen da espediente hau udalaz gaindiko plan sektorial baten determinazio egituratzaileen aldaketa bat dela.

Bestalde, LAHFLTBren 7.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, aldaketa honek urbanizazio berriko jarduketarik planteatzen ez duenez, ez da beharrezkoa herritarrek parte hartzeko prozesu bat egitea jendaurreko informazioaren eta ukitutako udalari entzunaldia emateko izapideak egin aurretik.

IV.2.–Dokumentuen edukia.

Aldaketa-dokumentuak LAHFLTBan eskatutako edukiari erantzuten dio, eta, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuen arabera, aldaketak honako eduki hauek ditu:

  • Irisgarritasunaren azterketa.

Irisgarritasun Unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legea betetzen du. Espazio libre publikoan aurreikusitako oinezkoentzako ibilbideek betetzen dituzte aipatutako foru legean jasotako gutxieneko zabalera (1,8 m) eta gehieneko maldak (%2ko zeharkakoa eta %6ko luzetarakoa).

  • Klima-aldaketa eta trantsizio energetikoa.

Aldaketa jasotzen duen dokumentuan neurri hau ageri da: "Estalkietan sistema fotovoltaikoak jartzea, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera".

Aurrekoa alde batera utzi gabe, klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko estatu- eta foru-araudian ezarritako irizpideak kontuan hartuta, egokitzat jotzen da hain xurgatzaileak ez diren edo hiri-berotzea minimizatzen duten zoladurak erabiltzea.

  • Sortuko den mugikortasunaren azterketa.

Memoriaren 6. atal honek LAHFLTBaren 53.2 artikulua betetzen du. Amaitzeko adierazten denez, aldaketa honek ez du eragin garrantzitsurik sortzen ibilgailuen trafiko-eskariei dagokienez, UGPSan aurreikusitakoekin alderatuta, lehendik dagoen bide-sarearekin konpontzen baitira. Baieztapen hori egokitzat jotzen da, birgaitu nahi den eraikinaren eraikigarritasunak ez diolako eragiten UGPSan aurreikusitako gehieneko eraikigarritasunari.

  • Zortasun aeronautikoak.

Dokumentuan aipatzen da UGPS osoari eragiten diotela Iruñeko aireportuko aeronautikako zortasunek, eta aplikatu beharreko araudia laburbiltzen du; besteak beste, edozein eraikuntza egiteko Aire Segurtasuneko Estatu Agentziak (ASEA) horren aldeko erabakia hartu behar duela aurretik.

  • Proposamenaren genero-eragina.

Apartatu honek Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 22. artikuluari erantzuten dio. Bertan, oinezkoen eta bizikleten mugikortasunean eta espazio seguru eta inklusiboen sorreran eragin positiboa izanen duten zenbait neurri kontuan hartzea justifikatzen da.

Amaitzeko, honako hau adierazten du: "Hala ere, eraikinaren hegoaldean eremu bat dago, inguruko estuena eta bide-zirkulaziorik ez duena; beraz, aurreikusten da joan-etorri gutxiago izanen dituela eta horrek segurtasun falta handiagoa ekarriko duela. Hori dela eta, espazio horretako argiztapena areagotzeko eta eremu horretan egotera bultzatzen duten hiri-altzariak jartzeko determinazio bat ezarri da." Determinazio hori ez da jasotzen dokumentuaren araudiari buruzko atalean. Jaso beharrra dago.

Gainera, "oinezkoentzako eremu" gisa aurreikusitako espazioaren kokapena, azalera eta konfigurazioa ikusita, komenigarritzat jotzen da aztertzea hiri-altzariei buruzko determinazioak gehitzeko aukera, bertan sozializatzeko espazioak sortzen laguntzeko.

  • Proposamenak ingurumenean duen eragina.

Dokumentuak jasotzen duenez, proposatutako determinazioek ez dute eraginik ingurumenean, indarrean dagoen UGPSari dagokionez.

  • Bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoa.

Dokumentuak bideragarritasun eta jasangarritasun ekonomikoari buruzko atal bat du. Atal horretan, gaur egun erabiltzen ez diren eraikinetan esku-hartzearen exekuzio materialari buruzko kostuen zenbatespen bat jasotzen da, eta gastuak Estatuko eta Foru Administrazio Publikoek ordainduko dituztela. Hala, zati bat Eraikin Publikoak Birgaitzea Bultzatzeko Programarekin (PIREP) eginen da, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioak eta Nafarroako Foru Komunitateak 2021eko abenduan sinatutako hitzarmenarekin bat.

Jasangarritasunari dagokionez, eraikin horiek aurrez aurre duten espazio publikoa mantentzeko eta kontserbatzeko 75 euro/m²-ko gastua baino ez da aurreikusten, eta kostu hori, azpiegitura publiko berririk aurreikusten ez bada, tokiko diru-kutxak beren gain hartua duela ulertzen da. Alderdi hori argitu behar da dokumentuan.

  • Ukitutako finken jabetza.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70 ter artikulua betez, dokumentuak C-1 Unitatearen ipar-ekialdeko muturreko finka ukituen (osorik edo zati batean) jabeen zerrenda jasotzen du.

IV.3.–Proposatutako determinazioak.

  • XAk egitera igortzea (C unitate guztietarako):

Dokumentuan, "jarduketa-sistema" atalean, C-1 eta C-5 bitarteko unitateetarako xehetasun-azterketak idaztera igortzearen ordez, proposatzen da beharrezkoak diren hirigintza-determinazioak ezarriko dituen tresna idaztera igortzea.

UGPSak campuserako hirigintza-antolamenduko determinazio egituratzaile guztiak eta hirigintza-antolamenduko determinazio xehatu batzuk finkatzen ditu. Horiek guztiak aldez aurretik finkatzea beharrezkoa da eraikuntza-ekintzak egiteko.

Testuinguru horretan, eraikin berriak ezartzeko, daudenak handitu eta aldatzeko, bideak edo aparkaleku-eremuak irekitzeko, UGPSak xehetasun-azterketak idaztera igortzen du. Eremuaren hirigintza-antolamendua osatzeko falta diren hirigintza-antolamenduko determinazio xehatuak finkatzeko, edozein hirigintza-tresna erabil daiteke, baldin eta LAHFLTBaren arabera horretarako gaitasuna badu. Beraz, egokitzat eta komenigarritzat jotzen da proposatutako ordezkapena.

Arrazoi beragatik, jarduketa-sistemaren aldaketa hori UGPSaren unitate guztietara, C-6 unitatera eta U guztietara hedatu beharko da, horietan hirigintzako jarduketa-programetara (gaur egun ez dago tresna hori) eta plan berezietara igortzen baitute.

  • Erabilerak (C-1 unitatean).

C-1 unitate osorako, irakaskuntza- eta ikerketa-erabilera honela gehitzea proposatzen da: "Ekimen publikoko unibertsitate-erabilera (liburutegia, ikasgelategia, sailetako eraikinak, errektoretza, paraninfoa eta zerbitzuak) eta irakaskuntza- eta ikerketa-erabilera."

UGPSan erabilerari buruz jasotako determinazioek beti ezartzen dute "Ekimen publikoko unibertsitate-erabilera", eta ondoren, parentesi artean, aurrekoaren barruan baimendutako erabilerak xehatzen ditu.

Erabileren erregulazioarekiko koherentziari eusteko, proposatutako erabilera sartu behar da, "irakaskuntza eta ikerketa", alegia, gainerakoak bezala, "Ekimen Publikoko Unibertsitate-erabileraren" ondorengo parentesiaren barruan: (liburutegia, ikasgelategia, sailetako eraikinak, errektoretza, paraninfoa, zerbitzuak, irakaskuntza eta ikerketa).

  • Bide-sistema (UPGS).

Aldaketa honen bidez antolatu nahi den eremuaren inguruan, proposatzen da UGPSaren bide berrien aurreikuspena koordinatzea Lezkairuko plan partzialeko bide-sistemarekin, plana UPGS onetsi ondotik gauzatu baitzen. Ez dago horren kontrako eragozpenik.

Horretarako, UGPSaren araudiko 7. atala ("Bide-sarea") honela aldatzen da: "Katalunia kalearen eremuari dagokion oinarrizko bidean, Taxoare kalearekin bat egiten duen tokian, kendu egiten da O-6 planoan (Eraikuntza babesteko eremuak) zehaztutako "Bide berrien aurreikuspena" izeneko determinazioa (NUPen UGPSaren aldaketa, 2002ko ekainaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala)".

Ildo horretan, aldaketa horrek isla grafikoa duen heinean, koherentziaz aldatutako O-6 planoa aurkeztu beharko da.

  • C-1 unitatearen ipar-ekialdean dauden eraikinak eta instalazioak eta aldaketaren eremua.

Nafarroako Gobernuaren 1989ko urriaren 5eko Erabakiak, Nafarroako Unibertsitate Publikoa ezartzeko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala behin betiko onesten duenak, honako hau ezartzen du: "antolamenduz kanpokotzat jotzen dira proiektu sektorialaren eremuaren barruan dauden eraikin eta instalazio industrialak, eta Lurzoruari buruzko Legearen 60. artikuluan jasotako araubide juridikoa aplikatuko zaie".

Kalifikazio horrek aldaketa honen xede den eremuan erabiltzen ez den industria-nabeari eragiten dio. Horri dagokionez, aldaketa honek lehendik dagoen eraikina egokitzeko determinazio batzuk planteatzen ditu, eta, beraz, aldaketa onesteak esan nahiko luke antolamenduz kanpoko kalifikazioa ez litzatekeela aplikatuko lehendik dagoen nabean. Proposatutako lerrokadurak eta gehieneko bolumetria definitu dira C-1 unitatearen ipar-ekialdeko muturrean orain dagoen nabearenak kontuan hartuta, eraikin hori kontserbatu eta/edo birgaitu ahal izateko.

Zehazki, eraikinaren gehieneko lerrokadura proposatzen da, lurzatiaren iparraldeko, mendebaldeko eta hegoaldeko mugekin bat datorrena, eta ekialdean atzeraematen duena, aldameneko automozio-zentroan dagoen atzeraemangunearekin bat etorriz. Lerrokadura horien definizioa honako antolamendu-irizpide hauek kontuan hartuta justifikatzen da: aipatutako automozio-zentroaren ondoko zabalera bereko espaloi bat ahalbidetzea lurzatiaren aurrealdean, bai eta estalpe ireki bat ere (dagoenaren antzekoa) eraikuntza-bolumen onargarriaren aurrealdean.

Eraikuntzaren altuerari dagokionez, beheko solairua eta beste bi solairu planteatzen dira, gehi sotoko solairua ere eraikuntza-bolumen onargarriaren mendebaldeko muturrean, kontuan hartuta zer kota aldea dagoen Taxoare kaletik (+437,4), eraikinaren ekialdeko aurrealdean, eta Katalunia kalera (+435,6), ipar-mendebaldeko muturrean.

Era berean, inguruan dagoen eraikuntzarekin bat etorriz, 15 metroko gehieneko altuera ezartzen da eraikinerako eta aurrealdeko estalperako; gehieneko altuera hori orokorrean ezarritakoa baino txikiagoa da, edo UGPSan eraikin guztietarako ezarritakoa baino txikiagoa (35 metro). Era berean, estalperako 4,5 metroko gutxieneko altuera ezartzen da, sarbiderako espazio bereizi bat sortu ahal izateko.

Proposatutako lerrokaduren eta sestren determinazio horiek bat datoz eraikigarritasunari (0,8 m² sabai/m² lurzoru = 202.592,00 m²), okupazioari (< %55 = 139.282,00 m²) eta eraikuntzaren gehieneko garaierari (35 metro) dagokienez C-1 unitaterako indarrean daudenekin. Eraikitako eraikigarritasuna gehi aldaketa honetan aurreikusitakoa 130.201,00 m²-koa da, eta okupazioa 59.744,00 m²-koa.

IV.4.–Hirigintza-estandarrak betetzea.

Proposatutako antolamendu-aldaketek ez diete eragiten LAHFLTBaren 55. artikuluan ezarritako zuzkidura- eta zerbitzu-espazioetarako eskatzen diren moduluei.

IV.5.–Hirigintza-zerbitzuen sareak.

Izapidetzeko aurkeztutako dokumentuaren arabera, eremuak hirigintza-azpiegitura eta -zerbitzu hauek ditu: hornidura, saneamendua, hornidura elektrikoa, telefonia, telekomunikazioak eta zabor-bilketa. Proposatutako erabileretarako eta eraikigarritasunerako edukiera nahikoa duela ulertzen da.

Adierazi den bezala, Iruñerriko Mankomunitateak hornidura- eta saneamendu-azpiegiturei buruz emandako aldeko txostena dago.

Hala ere, aldaketak jasotzen duen bezala, "Etorkizuneko eraikuntza ezartzeko esku-hartzea definituko duen obra-proiektuak irtenbide materialak eta hartuneak zehaztuko ditu, kasuan kasuko beharren arabera eta sare horiek kudeatzen dituzten erakundeekin koordinatuta".

IV.6.–Azken gogoeta.

Tresna hau hobeki aplikatzeko, egokitzat jotzen da, UGPSaren araudiko 3. atalerako (Lurzoruaren sailkapena eta erabilerak. Eraikigarritasuna eta okupazioa), indarrean dagoen araudia eta proposatutakoa biltzen dituen testu bategin bat igortzea.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen 2022ko otsailaren 8ko txostenarekin bat, eta jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Hasiera batez onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Campuseko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientea, unibertsitatearen helburuei erantzuten dieten irakaskuntza- eta ikerketa-erabilerak ezarri ahal izateko campusaren edo UGPSaren C-1 unitatearen ipar-ekialdean. Sustatzailea Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SA da.

2. Espedienteari buruzko ebazpena eman aurretik, sustatzaileak erabaki honetako kontsiderazioak kontuan hartu beharko ditu, bai eta espedienteari buruzko txosten sektorialetan xedatzen dena ere.

3. Espedientea hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta, aldi berean, entzunaldia ematea ukitutako udalari, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.

Horretarako, espedientea web-orri honetan ikusten ahalko da: http://www. ExposicionpublicaOT.navarra.es; epe horretan, halaber, interesdunen eskura egonen da Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Alondegia kalea 1, 2. solairua-31002 - Iruña), egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko, idatziz.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ingurumen Eraginaren Atalari, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari, Ekonomia eta Enpresa Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazio Teknologien Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Iruñeko Udalari eta sustatzaileari.

Iruñean, 2023ko otsailaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2302656