42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARAKIL

Ordenantza fiskala, Azterketa eskubideen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Arakilgo Udalak, 2022ko azaroaren 16an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Azterketa eskubideen tasak arautzen dituen ordenantza fiskala. Iragarkia jendaurrean egon zen, argitara eman baitzen 2022ko 252. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 19an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza behin betiko onetsi eta haren testua osorik argitaratzeko agintzen da.

Arakilen, 2023ko urtarrilaren 30ean.–Alkatea, Oihana Olaberria Jaka.

ORDENANTZA FISKALA, AZTERKETA ESKUBIDEEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

I. Oinarria eta izaera

1. artikulua.

Tasa hau ezarri da Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 106. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoarekin, eta jarraituz lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari.

II. Zerga-egitatea

2. artikulua.

Honako hau da tasaren zerga-egitatea:

a) Eskaera egitea izangai gisa parte hartzeko lehiaketa, oposizio eta oposizio-lehiaketetan (irekietan nahiz murriztuetan), Arakilgo Udalak edo haren erakunde autonomoek deitzen dituztenetan, funtzionarioen nahiz lan-kontratudunen lanpostu hutsak jabetzan betetzeko.

b) Kontratazio zerrendak egiteko Arakilgo Udalak deitzen dituen hautapen prozesuetan izangai gisa parte hartzeko eskaera, betiere zuzeneko deialdien bitartez egiten badira eta gutxienez ariketa bat egitea badakarte.

III. Subjektu pasiboa

3. artikulua.

Subjektu pasiboak –zergadunak– dira pertsona fisikoak, parte hartzen dutenak Arakilgo Udalak deitzen dituen lehiaketa, oposizio eta oposizio-lehiaketetan (irekietan nahiz murriztuetan), eta kontratazio zerrendak sortzeko hautapen-prozesuetan.

IV. Tributu-kuota

4. artikulua.

Oposiziogile, lehiatzaile edo izangai bakoitzak ordaindu beharreko kuotak ezarriko dira bete beharreko lanpostuari dagokion taldearen arabera, ondoko eskalari jarraituz.

Plantilla organikoko lanpostuak:

TALDEA

2023KO KUOTAK

B maila

40,00 euro

C maila

25,00 euro

D maila

20,00 euro

E maila

20,00 euro

Deialdia, kontratazio zerrendak sortzeko:

TALDEA

2023KO KUOTAK

B maila

15,00 euro

C maila

10,00 euro

D maila

10,00 euro

E maila

10,00 euro

Honako hauek tasa ordaintzetik salbuetsita daude:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa aitortua duten pertsonak.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramatenak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikatutako kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

H. Sortzapena

5. artikulua.

Ordaindu beharra sortzen da espedientea egiten denean, eta eskubide horiek ez dira itzuliko, nahiz eta eskatzailea lehiaketatik, oposiziotik, oposizio-lehiaketatik edo kontratazio zerrendak egiteko hautapen-prozesuetatik kanpo utzi, edozein arrazoirengatik.

VI. Likidazioa eta diru-sarrera

6. artikulua.

Tasaren ordainketa, izenduna eta bana-banakoa izanen baita bete nahi den lanpostu bakoitzeko, Udalaren banku-kontuan diru-sarrera eginez gauzatuko da (deialdi bakoitzean adieraziko da kontu zenbakia), eta horren frogagiria eskabideari erantsiko zaio. Izangaiak diru-sarreraren gordekina gorde beharko du.

Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, ez da inolaz ere tasa itzultzeko eskabiderik onartuko.

Iragarkiaren kodea: L2301640