42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

50E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Tuterako udal-mugarteko 40 poligonoko 186., 190. lurzatietako eta partzialki 185. eta 191. lurzatietako La Nava eguzki-instalazio fotovoltaikorako proiektuaren E azpisistemaren eta energia husteko azpiegituraren (La Nava 66/30 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailea eta energia husteko lurpeko linea La Nava 66/30 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailetik La Cantera 220/66 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailera) ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena; Solen Energía La Nava SLU taldeak sustaturik dago proiektu hori.

Dituen ezaugarriak direla-eta, proiektua sartua dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 3. taldean –Industria Energetikoa, j)–, eta, beraz, ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren mende dago.

1. Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura izapidetzea.

Sustatzaileak 2020ko abenduaren 18an funtsezko organoaren aurrean aurkeztu zituen proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa, 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Funtsezko organoak 30 eguneko epean jarri du espedientea jendaurrean, 2021eko maiatzaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (108. zk.) argitaratuta. Aldi berean, kontsultak egin zitzaizkien proiektuak ukitzen zituen administrazio publikoei eta pertsona interesdunei.

Ezarritako epea igarota, zortzi alegazio jaso dira, honako hauek aurkeztuak: EDP Renovables España SL, ENERFÍN Sociedad de Energía SLU, Fundación Sustrai Erakuntza (bi alegazio), Gurelur, Ongaiz Nafarroako Ekologistak Martxan, Zangozerriko Ekologistak Martxan eta OPD Energy.

Egindako kontsultei dagokienez, txostena egin dute Ingurumen Eraginaren Atalak, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak, Ondare Historikoaren Zerbitzuak, Zainketa Zerbitzuak (Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiak) eta Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak, bai eta Red Eléctrica de España sozietateak ere.

2021eko irailaren 14an, Nafarroako Gobernuko Industria Antolamenduaren, Energia Azpiegitura Energetikoen eta Meategien Zerbitzuak sustatzaileari helarazi zizkion jendaurrean jartzeko aldia amaitu ondoren jasotako alegazioak eta txosten sektorialak.

Txosten sektorialak eta alegazioak aztertu ondoren, sustatzaileak proiektua aldatu eta ingurumen eraginaren azterketa eguneratu zuen 2022ko azaroaren 29an funtsezko organoaren aurrean, espedientearen izapideei jarraipena emate aldera. Dokumentazio berriak kontuan hartzen ditu egindako kontsultei emandako alegazioen eta txostenen edukia, eta jatorrizko proiektua lurraldearen eta ingurumenaren aldetik bideraezin bihurtzen zuten funtsezko alderdiak ebazten ditu.

2022ko abenduaren 1ean, Industria Antolamenduko, Energia Azpiegituretako eta Meatzeetako Zerbitzuak Biodibertsitate Zerbitzuari bidali zion La Nava eguzki planta fotovoltaikorako proiektuaren aldaketaren ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskaera, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan jasotakoa oinarri hartuta.

Eguzki-instalaziorako proiektuaren aldaketak 103,38 bat hektareako gainazala hartzea proposatzen du. Gainazal hori bost azpisistema elektrikok osatzen dute, lau Castejóngo udal-mugartean daude eta beste bat Tuterako udal-mugartean, AP-15 autobidearen hego-ekialdean. Castejóngo udal-mugartean kokatutako azpisistema batzuk hasierako proiektuko azpisistemetatik bi kilometrotara baino gehixeagora daude (azpisistema horiek Tuterako udal-mugartean daude kokatuta oso-osorik).

Aldatutako proiektuaren ezaugarriak ikusita, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren Ingurumen Eraginaren Atalak uste du proiektuaren ingurumen ondorioak ez datozela bat jatorrizko proiektuan aurreikusitakoekin, eta, beraz, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 40.1 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz, zuzentzeko errekerimendua egin zuen 2022ko abenduaren 23an. Errekerimendu horretan adierazten da jendaurreko informazioaren eta kontsulten izapide berri bat egin behar dela, 38. artikuluan aurreikusitako baldintzei jarraikiz.

Errekerimenduaren erantzuna sustatzailearen ofizio bidez iritsi zen (ofizioaren data: 2022ko abenduaren 30a). Bertan, proiektuaren funtsezko aldaketak laburbildu ondoren, sustatzaileak bere desadostasuna adierazten zuen eta ez zuen nahitaezkotzat jotzen aldatutako proiektua jendaurrean jartzeko izapide berria; 21/2013 legearen 38. artikuluan funtsatzen zuen bere argudioa. Zehazki, erantzun gisako ofizioaren arabera, aldaketak ez du eraginik izanen jatorrizko proiektuan aurreikusitakoez besteko ondorio kaltegarri esanguratsurik ingurumenean, 7.2 c) artikuluan jasotako kasuak kontuan hartuta.

Sustatzaileak errekerimenduari emandako erantzuna aztertu ondoren, Ingurumen Eraginaren Atalak berretsi egiten du 2022ko abenduko errekerimenduan azaldutakoa, ez dator bat sustatzaileak aurkeztutako argudioarekin, eta, gainera, jakinarazten du jatorrizko proiektuari, aldeko eragin adierazpenik ez duenez (ezta funtsezko baimenik ere), ez zaiola aplikatzen aipatutako 7.2 c) artikulua. Nolanahi ere, sustatzaileak honako hau eskatzen zuen laugarren alegazioan:

... Xede dugun organoak beharrezkotzat jotzen badu aldatutako proiektua jendaurrean jartzea, subsidiarioki eskatzen da Tuterako udal-mugartean kokaturiko proiektu zatiaren ingurumen eraginaren adierazpena egiteko. Adierazpen hori jendaurrean jarri zen jada, eta ez da aldatu proiektuaren aldaketarekin.

Aurrekoa ikusita, onartu egiten da sustatzailearen eskaera hori, eta aldatutako proiektuaren barnean Tuterako udal-mugartean kokaturik dagoen zatiaren ingurumen eraginaren ebaluazioa egiten da (hura jada jarri zen jendaurrean). Aldatutako gainerako proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazioa jendaurrean jartzeko epea amaitzen denean eginen da, eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko beharrezkoak diren kasuak ematen direnean. Izan ere, proiektuaren aldaketa jendaurrean jarrita dago jada, 2023ko urtarrilaren 10eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean –6 zenbakikoan– argitaratutako iragarki baten bidez.

2. Ingurumen eraginaren ebaluazio erraztua izapidetzea.

2020ko abenduko jatorrizko proiektua, jendaurrean jartzeko eta ukituriko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidearen xede zena, zegozkion lurretan, ("Cabezoburro" izeneko aurkintzan, Tuterako udal-mugarteko 40. poligonoaren barruan, AP-15 autobidearen hegoaldean, Agua Salada aerodromoaren ekialdean, A-68 autobidearen mendebaldean eta La Serna azpiestazio elektrikoaren iparraldean) kokaturiko instalazio fotovoltaiko batean zetzan. Instalazio fotovoltaikoa hiru azpisistemarekin (A, B eta C) eta 106 hektareako okupazioarekin proiektatzen zen. Proiektuak energia husteko azpiegitura, La Nava 66/30 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailea eta lurpeko energia husteko linea (66 kV-eko goi tentsioko lurpeko linea) barne hartzen zituen.

2022ko azaroko proiektu berriak aldatu egiten du jatorrizkoa, jendaurrean jartzeko eta eragindako administrazio publikoei kontsulta egiteko izapideen emaitza kontuan hartuta; izan ere, hainbat alderdi hartu dira kontuan, hala nola ureztatzeei eta lurralde konektibitateari eragindako inpaktua (Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuak 2021eko maiatzaren 17an emaniko txostena, eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2021eko uztailaren 30ean emaniko txostena), edo proiektuak estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuan (zehazki, Agua Salada-Montes de Cierzo-Plana de Santa Ana eremuan) bizi diren estepa faunan eta floran izanen lituzkeen ingurumen eraginak (Ingurumen Eraginaren Atalaren txostena, 2021eko uztailaren 26koa). Azken alderdi horiek alegazio hauetan ere jaso ziren: Sustrai Erakuntza Fundazioak 2021eko ekainaren 18an aurkeztutakoa; Gurelurrek 2021eko ekainaren 21ean aurkeztutakoa; eta Nafarroako Ekologistak Martxan eta Ongaiz Zangozerriko Ekologistak Martxan taldeek 2021eko ekainaren 21ean aurkeztutakoa.

Aldatutako proiektuak instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea aurreikusten du, bost esparrurekin (A, B, C, D eta E azpisistemak); esparru horietako lau (A, B, C eta D) Castejóngo udal-mugartean egonen lirateke, eta E azpisistema –jatorrizko proiektuarekin bat datorren bakarra–, Tuterako udal-mugartean kokatuta dago, zehazki, "Cabezoburro" izeneko aurkintzan (ingurumen eraginaren adierazpen hau egiten den).

Aldatutako proiektuak La Nava 66/30 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailea barne hartzen du, jatorrizko proiektuaren posiziotik ipar-ekialdera aldatutako posizio batean, 350 m-ra gutxi gorabehera, antzeko ezaugarriak dituen lurrean. Azpiestazio Elektriko Transformatzaile horretatik elektrizitatea La Cantera 400/66 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailera husten da, eta hortik 400 kV-eko potentzia igotzen da, ondoren Tuterako udal-mugartean kokaturiko La Serna 400 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailera (REEren jabetzakoa) entregatzeko. Goi tentsioko lurpeko linea 66 kV-era proiektatu da, oinplanoan 2.276 metroko luzerarekin, zangan eta zirkuitu bakunean. La Nava 66/30 kV-eko azpiestazio jasotzailea da jatorria, eta La Cantera 220/66 kV-eko azpiestazio elektrikoan amaituko da linearen.

E azpisistemaren instalazio fotovoltaikoaren ebaluatu beharreko gainazala 31,64 ha ingurukoa da. Hauek dira ukituriko lurzatiak: 186, 190, 185 eta 191, azken biak partzialki, Tuterako udal-mugarteko 40. poligonokoak.

3. Dokumentazioaren azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren ebaluazioa.

Jatorrizko proiektuaren ingurumen eraginaren azterketak alternatiben azterketa bat jasotzen du, lau aukera biltzen dituen azterketa bat, hain justu, 0 Alternatiba barne harturik, zeina ez baita onartzen klima aldaketaren aurka oso etorkizun hurbilean borrokatzera bideratutako helburuak ez dituelako betetzen, Nafarroako Foru Komunitatearen 2030erako Energia Planean xedatutakoaren arabera.

2. aukera hautatu da, 106 ha inguruko inpaktuarekin, "Cabezoburro" izeneko aurkintzan, oso-osorik Tuterako udal-mugarteko herri-eremuan. 2. aukera honek, jendaurrean jartzeko aldiaren ondoren, lurralde eta ingurumen izaerako hainbat ohar jasotzen ditu, aurreko paragrafoetan jada adierazi den bezala. Sustatzaileak, jendaurrean jartzeko eta ukituriko administrazio publikoei kontsultatzearen emaitza kontuan hartuta, orain izapidetzen ari den proiektuari egindako aldaketa aurkeztu du. Hor, lurzati ureztatuak eta Nafarroako Ubidearen 2. fasean potentzialki sartuta daudenak ezabatzen ditu, bai eta Agua Salada-Montes de Cierzo-Plana de Santa Ana estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuan sartutako instalazioaren zatia ere.

Proiektuak eragina izateko arriskua dakarren ingurune osagai guztiak aztertzen ditu ingurumen eraginaren azterketak: klima, geologia litologia eta geomorfologia, flora, hidrologia, fauna, ingurune sozioekonomikoa, lurzoruaren erabilerak, abeltzaintza erabilera, baso erabilera, ehiza aprobetxamendua, bide azpiegiturak, ureztatze sistemak, abelbideak, kultura ondarea, lurraldearen antolamendua eta hirigintza, naturagune babestuak, Natura 2000 Sarea eta arriskuak.

Ingurumen eraginaren azterketaren arabera, ez da erliebean aldaketarik espero, ingurumenaren ebaluazio honen xede den gainazalean lurra birmoldatu delako, nekazaritzako lurzoru ia laua izaki. Gainera, garrantzi txikiko lur mugimenduak gertatuko dira eraikuntza fasean eta transformazio zentroak, perimetroko hesi zutoinak, behe tentsioko eta erdi tentsioko zangak, lur konexioa eta drainatze arekak gauzatzeko lanetan. Erliebearen eta lurzoruaren hasierako ezaugarriak partzialki leheneratzeko neurri zuzentzaileak aplikatzea aurreikusten da.

Landarediaren gaineko eraginari dagokionez, ingurumen eraginaren azterketak adierazten du etorkizuneko proiektu fotovoltaikoaren inguruan alor landu belarkarak eta eremu abandonatuak daudela (sail ureztatuak izan arren gazitasun handia dute), eta horietako batzuek sastrakadi gatzdunaren estaldura aldakorrak dituzte, Suaeda vera nagusi dela. Inguruan, gainera, erromero, ezkai, Artemisia herba-alba, Suaeda vera eta Atriplex halimus gainazal txikiak eta zatiak daude. Inguruetan, mendebalderantz 1 km pasatxora, bi hezegune daude, Balsa de Agua Salada eta Balsete de Agua Salada, elkarrekin konektatuta daudenak eta lezkak (Phragmitis australis), lezka hostoestuak (Typha angustifolia), Scirpus lacustris eta beste ihi batzuk dituztenak, kanpoaldean. Bi hezegune horietako urak drainatzen dituzten ibilguekin batera, tamarizak (Tamarix canariensis) eta belardi halofiloak daude, Suaeda vera eta ihi gaziekin. Inguruan ere, Ebroko autobiaren ertzetan (A-68) eta La Sernako azpiestazio elektrikoaren inguruetan, Aleppo pinuaren (Pinus halepensis) baso landaketak egiten dira.

Ingurumen ebaluazio honen xede den gainazal zehatzean, landaredi erruderala eta lursailen gazitasun handiagatik bertan behera utzitako ureztatze laboreak dira landare komunitate nagusiak.

Intereseko habitatei dagokienez, ingurumen eraginaren azterketak lehentasunezko habitaten gabeziari buruzko informazioa ematen eta Batasunaren intereseko habitatak daudela onartzen du, baina horietako bat ere ez dago ingurumen eraginaren ebaluazio honen xede den gainazalean (Batasunaren intereseko habitatak: 1310, 1430 eta 4090), baina bai, ordea, inguruan.

Ingurumen eraginaren azterketak berresten duenez, 1992ko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE zuzentarauko (habitat naturalak eta basafauna eta basaflorak kontserbatzeari buruzkoa) II., IV. eta V. eranskinetan agertzen den flora espezie babesturik ez dago.

2020ko urritik 2021eko urrira bitartean estepako abifaunari astero jarraipena egiten dion abifaunari buruzko azterlan espezifiko bat biltzen du ingurumen eraginaren azterketak. Azterlanean, transektuen bidez eta zenbait kontrol punturen bidez zenbait hezeguneren inguruan egindako ikuskapenak jasotzen dira, etorkizuneko kokaleku fotovoltaikotik eta/edo estepako hegaztientzako habitat egokiak hartzeko potentzial handia duten eremuetatik hurbil (Balsa de Agua Salada eta Balsete de Agua Salada, Barranco de Valdelafuente sakaneko lezkadia eta Barranco de Valdelafuenteko sakaneko bokalea, Ebro ibaian).

Abifaunaren azterketak ingurune irekiekin eta/edo estepa inguruneekin lotutako 16 hegazti espezie detektatzen ditu La Nava instalazio fotovoltaikoaren ingurunean. Espezie horietako batzuek babes kategoriaren bat dute, hala nola mirotz urdina (Circus pygargus), mirotz zuria (Circus cyaeneus), ganga azpibeltza (Pterocles orientalis) eta Numann belatza (Falco naumanni). Atalarra (Burhinus oedicnemus), aintzira-mirotza (Circus aeruginosus) eta Numann belatza izan dira estepako hegazti espezie ugarienak (harrapariak barne hartuta). Atalar arruntak populazio ugaltzaile egokia du aztergai dugun eremuan, eta Numann belatzen ugalketa kolonia bat ere badago, etorkizuneko La Nava kokaleku fotovoltaikotik (2 km) gertu, bai eta eztei ondoko etzaleku historiko bat ere, Montes de Cierzo azpiestazio elektrikoan.

Eremu horretan katalogatutako beste fauna espezie batzuk ere badaudela adierazten du azterlanak: mendebaldeko ur-arratoia (Arbicola sapidus), ferra saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum) eta apoarmatu istilzalea (Emys orbicularis).

La Nava proiektu fotovoltaikoaren eremua "Ebro ibaia" KBEtik 2 kilometrora baino gutxiagora dago, eta Balsa de Pulguer KBEtik 5,6 kilometrora. Distantzia horiek nahiko handiak dira Natura 2000 Sareko bi gune horiei zuzenean eragin behar ez izateko. NE-34 Agua Salada Natura Erreserba, Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean sartua (230/1998 FD, uztailaren 6koa), lehen adierazi den bezala, instalazio fotovoltaikotik kilometro bat mendebaldera dago. Agua Salada-Montes de Cierzo-Plana de Santa Ana estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuak, "altua" kategoriarekin, instalazio fotovoltaikoa bere perimetro osoan inguratzen du, ekialdeko mugan izan ezik.

Ingurumen eraginaren azterketak "paisaia azterketari" buruzko gehigarri bat biltzen du, eta hor, "Planoen" eta "Terraza Handien eta Glazisen" paisaian kokatzen du aztergai dugun paisaia mota, 5. Lurralde Antolamenduko Planean (Ebroko ardatza) bilduriko paisaia dokumentuaren arabera, bereziki, ingurumen ebaluazio honen irismenaren xede den E azpiunitatea, "Montes del Cierzo" paisaia unitatean. Paisaia oso eraldatuta dago nekazaritza erabilerarako, eta, gainera, artifizialtasun maila nabarmena du, errepideak, eguzki baratzeak, haize sorgailuak, linea elektrikoak eta energiaz hornitzeko beste azpiegitura batzuk daudelako.

Ikusgarritasunari dagokionez, eta eguzki-instalazio fotovoltaikoaren inguruan 10 kilometroko erradioa marraztuz haren ikuseremua aztertzeko, hura ertaintzat hartzen da. Gainera, A-68 errepidetiko ikusgarritasuna ere aztertzen da. Azterlanak ondorioztatzen duenez, guneak paisaia kalitate ertaina edo handia du, eta ikusmen hauskortasun aldakorra.

Ingurumen eraginaren azterketak eragin sinergikoak eta metagarriak aztertzen ditu, dauden haize eta eguzki energiako instalazioak eta inguru hurbilean izapidetzen ari direnak kontuan hartuta. Azterketaren ondorioa honako hau da: aztergai dugun eremuan etorkizunean beharbada paratuko diren instalazio fotovoltaikoek, hemen ebaluatzen dugunaz gain, arriskua dakartela habitata galarazteko ingurune irekietako fauna espezie batzuentzat, bereziki, hegaztiei dagokienez, hala nola estepako hegaztiak, hegazti harrapariak eta hegazti txiki edo ertainak, eremu irekietan, eremu mugakideetan eta are olibondo, almendrondo eta halako zuhaitzen laboreetan bizi diren espezieak denak. Gainera, perimetro hesia espezie batzuen eguneroko joan-etorrietan eragina izateko arriskua dakarren elementua da. Udaberria eta uda denboraldi kritikotzat hartzen dira faunari eragozpenak sortzeari dagokionez. Horri dagokionez, eraginak prebenitzeko eta konpentsatzeko neurriak proposatzen ditu ingurumen eraginaren azterketak.

Ingurumen eraginaren azterketarekin batera, ondare arkeologikoak jatorrizko proiektuan izandako eragina aztertzen duen eranskin bat dago, eta ondorioztatzen du San Marcos baseliza izanen litzatekeela lurperaturiko goi tentsioko aireko linearen trazadurarekiko inpaktu eremu prebentiboaren barruan geratuko litzatekeen aztarnategi bakarra, hartatik 50 metrora baino gutxiagora geratuko litzatekeelako. Gainerako elementu arkeologikoak (La Cantera 2, La Sarda II eta Cabezoburro 1, 2 eta 3) proiektuko edozein elementutatik 50 metrotik gorako distantziara daude.

Ingurumen eraginaren azterketak eraikuntzako, ustiapeneko eta desegiteko fasean aplikatu beharreko neurri zuzentzaile eta konpentsatzaileak biltzen ditu, eta garrantzi ekologiko handienekoak estepako fauna espezieen habitatak kontserbatzeko eta hobetzeko jomuga dutenak dira (lugorria mantentzeko edo sustatzeko lurrak eskuratzeko konpentsazio neurriak eta Naumann belatzen gertuko kolonia baten habitata hobetzeko neurri zehatzak, besteak beste). Halaber, konektibitate biologikoa mantentzeko eta hobetzeko neurriak proposatzen dira, instalazioaren diseinu egokiaren bidez (azpisistemen banaketa, korridore zabalekin haien artean, hesiaren iragazkortasuna, etab.). Paisaia integrazioa lortzeko, praktika egokiak aplikatu behar dira proiektua gauzatzean, hondakinei dagokienez, bai eta tamarizak dituzten landaketak egin ere. Halaber, panelak sortzea eragozten ez duten horiek kontserbatu behar dira, eta, horrez gain, inguruko berezko landaredi erruderaleko bideak mantendu behar dira. Azkenik, sastraka baxuko landaketaren bat ere egin liteke.

Konpentsazio neurri gisa, ingurumen eraginaren azterketaren barruan sartzen dira faunarentzako isurbideak instalatzea, ubideetan/sakanetan faunaren pasabideak egokitzea eta lehorreko laboreak leheneratzea gazitasun handia dela-eta bertan behera utzitako ureztatze eremuetan eta Agua Salada-Montes de Cierzo-Plana de Santa Ana estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuan barne harturiko lurretan, instalazio fotovoltaikoak ukitutako gainazalaren antzeko gainazala hartuz.

Ingurumen eraginaren azterketan ondorioztatzen denez, proiektuaren eragin orokorra, prebentziorako, zuzenketarako eta eraginen konpentsaziorako neurriak aplikatu ondoren, bateragarria da.

Ingurumen eraginaren azterketak ingurumena zaintzeko plan bat jasotzen du, katalogatutako fauna populazioei jarraipena egiteko, proposaturiko neurri zuzentzaileei jarraipena egiteko eta bestelako neurriak biltzen dituena.

4. Ingurumen organoaren balorazioa.

Aurreko guztia ikusita, eta Tuterako udal-mugarteko 40 poligonoko 186., 190., 185. eta 191. lurzatietan, azken biak partzialki, La Nava instalazio fotovoltaikoaren E Azpisistemari dagokionez, ingurumen ebaluazioaren irismena kontuan hartuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak uste du proiektuak eragin handiena izanen duela horrek estepako faunan izanen duen zeharkako inpaktuagatik, instalazio fotovoltaikoa oso gertu dagoelako Agua Salada-Montes de Cierzo-Plana de Santa Ana estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremutik, goi mailako kategoriarekin, bai eta Naumann belatza duen eskorta batetik ere.

Instalazio fotovoltaikoak proiektuaren jatorrizko bertsioan (2020ko abenduko dokumentazioa) estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuaren eta hari lotutako estepako faunaren gaineko eragina, eta proiektuak Natura 2000 Sareko guneetan eta Nafarroako Naturguneen Sareko gune babestuetako zeharkako ondorio posibleak, ingurumen edukia izanik proiektua jendaurrean egon den bitartean jaso diren alegazio guztietan bildu dira (alegaziogileak: Sustrai Erakuntza Fundazioa, Gurelur, Nafarroako Ekologistak Martxan eta Ongaiz Zangozerriko Ekologistak Martxan). Alegazio horiek, neurri batean, orain ebaluatzen ari garen proiektuaren aldaketarekin aztertu dira, estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuan instalazio fotovoltaikoaren gainazalak kanpo utzi baitira.

Nolanahi ere, ezin da alde batera utzi proiektuak bere E azpisisteman eragindako gainazalari egun ematen zaion lurzoru erabilera, ihinztagailuak, ponpak eta abarrak instalatuta dituen ureztatze laboreak. Kasu honetan, 2006ra arte egindako ureztatze jarduketak dira, eta, gaur egun, partzialki abandonatuta daude, ziurrenik, lurzoruak oso gazitasun handia duelako eta putzuak maiz sortzen direlako. Gainera, gazitasun arazoak izan arren, gainazal horren eta haren ingurunearen zati bat Nafarroako Ubidearen 2. faseko (XIV. sektorea) ureztapena jartzeko eta/edo modernizatzeko eremu posibleen artean dago, eta, beraz, estepako fauna hartzeko potentzial txikia duen eremu bat da, gutxienez instalazio fotovoltaikoaren kokapenetik Ebroko Autobideraino (A-68).

Bi hezegunetatik gertu: Balsa de Agua Salada (NE-34) eta Balsete de Agua Salada, horiekin zerikusia duten beste batzuekin batera (Balsa de Pulguer [ES2200041]), La Torre lezkadia, Ebro eta Alhama ibaiak, Cardete putzua, Balsa del Cardete, Estanca de Corella, Estanquilla de Corella, Estanca de Cintruénigo, Estanquilla de Cintruénigo, La Nava, Laguna de Lor), baliteke inpaktua eragitea bertan bizi diren abifaunaren espezieei, hezegune horien arteko joan-etorrietan talka egiteko arriskua egonen bailitzateke; hori dela eta, inpaktu hori saihesteko neurri zuzentzaileak hartu behar dira.

Aldatutako proiektua ikusita, eta kontuan hartuta nola existitzen diren energia berriztagarriko instalazio guztiak hala proiektatuta daudenak, inguruneko konektibitate ekologikoa indartzea funtsezkotzat jotzen da, agian arriskuan geratuko baita. Horregatik, eta proiektuaren ingurumen integrazioa hobea izan dadin, haren lotura funtzioa indartzea proposatzen da, Barranco del Sasillo eremuan aplikatu beharreko konpentsazio neurriak aplikatuz. Errekasto horrek Balsa y Balsete de Agua Salada delako sistema Ojo de Valdelafuente delakoaren hezegunearekin (Ebro Ibaia ES2200040 KBA) lotzen du, Ebroko autobia eta zeharkatu ondoren. Sakan hori oso aldatuta dago, eta landaredi kordoi txiki bat du. Horrenbestez, neurri horrekin –ebazpen proposameneko txosten honen kondizioetan bilduta dago–, ingurumena leheneratu nahi da, Gurelurrek proposatutako alegazioetako bat kontuan hartuta, gainera.

Paisaiaren ikuspegitik, ez da uste eragin esanguratsurik sortuko denik; izan ere, ebaluatzen den instalazio gainazalaren ikuserraztasuna mugatuta geratuko bailitzateke, Ebro A-68 autobidearen mugan Aleppo pinuaren (Pinus halepensis) lerrokadura bat dagoelako. Nolanahi ere, pantaila hori osatzea proposatzen da, ezkutatuta gera dadin erabat. Pantailaz babesteko neurria egokitzat jotzen da, gainerako perimetroan tamarizak landatuz, ingurumen eraginaren azterketak proposatzen duen bezala.

Egokitzat jotzen dira, halaber, ingurumen eraginaren azterketak estepako espezieen habitata hobetzeari dagokionez ezartzen dituen konpentsazio neurriak, lugorrietan lehorreko laboreak ezartzeko proiektuak erasandako gainazala konpentsatzean funtsatuak, bai eta Naumann belatza kontserbatzera bideratutakoak ere, baina indartu egin beharko dira.

La Nava 33/60 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzaile kolektoreak, hegoaldean eta instalazio fotovoltaikoaren esparru berean, ez du instalazio fotovoltaikoak berak sortutakoez bestelako eraginik ekarriko. 66 kV-eko goi tentsioko lurpeko lineak, bestalde, trazaduraren zatirik handienean laborantza lurrak okupatzen dituzten bideak zeharkatzen ditu. 10 metrotik gorako zabalera duen lan kale bat izanik, ez da aurreikusten kale horren obrek inpaktu handirik eraginen dutenik. Nolanahi ere, zangak estali ondoren, lursailak leheneratu egin beharko dira, hots, laborantza lurretarako prestatu.

Ondare Historikoaren Atalak txostena eman zuen 2022ko maiatzaren 10ean, eta jakinarazi zuen ez dagoela inpakturik atal horri dagokionez.

Biodibertsitatearen Zerbitzuaren Ingurumen Eraginaren Atalak ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura behar bezala egin dela eta proiektua ingurumenaren aldetik bideragarria dela uste duela. Horrenbestez, ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea proposatu du, proiektua ingurumen eraginaren ebaluazio honen xede den eremuan egiteko aukera zehaztuz (instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren E azpisistema eta energia husteko azpiegitura), eta ebazpen honetan jasotako jarraibideak bete beharko ditu, baita ingurumen eraginaren azterketan proposatutakoak ere.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen eraginaren adierazpena egin da Tuterako udal-mugarteko 40 poligonoko 186., 190. lurzatietako eta partzialki 185. eta 191. lurzatietako La Nava eguzki-instalazio fotovoltaikorako proiektuaren E azpisistemaren eta energia husteko azpiegituraren (La Nava 66/30 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailea eta energia husteko lurpeko linea La Nava 66/30 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailetik La Cantera 220/66 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailera); Solen Energía La Nava SLU taldeak sustaturik dago proiektu hori.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz garatu beharko dela proiektua, baita honako baldintza hauek betez ere:

1.–Zuinketa egiten den bitartean, zerrendaz eta ageriko markez balizatuko dira obrek ukitutako gainazal guztiak. Balizatzea laborantza lurretan bakarrik eginen da, eta ez du eraginik izanen belardiko edo sastraka halofiloetako eta urak hartzen ahal dituen eremuetako landaredi naturalean. Bereziki, instalazioaren mendebaldean geratzen den landaredi kordoia kontserbatu beharko da La Balsa bideraino. Obrako bide lagungarriak lehendik daudenetara edo balizatutako inpaktu perimetroaren barruan egiten direnetara mugatuko dira.

2.–Lurra berdintzeko lanek ez dute sortuko 2 metro baino gehiagoko lur erauzketarik edo ezpondarik. Ezpondarik sortzen bada, etzanak izanen dira, 3H/2V baino gutxiagoko maldarekin, haien goialdeak biribilak izanen dira, eta lubeta ezponden gainean gutxienez lur begetalezko 30 cm-ko geruza jarriko da.

3.–Lurra kendu edo hondeatu aurretik, obrek eragindako gainazal guztietatik landare lurra kenduko da, gutxienez 30 cm-ko sakonerako profil batean (okupazio iraunkorreko edo aldi baterako gainazalak). Material hori horretarako hautatutako guneetan metatuko da, 2,0 metrotik beherako altuera duten kabailoiak osatuz, geroago zaharberritze lanetan berrerabiltze aldera.

4.–Lur mugimenduetako soberakinak ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatuko dira, obran bertan erabiliz. Lur soberakinak hondakinen kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu, eta lehentasunezko helburua inguruko gune narriatuak edota El Culebrete hondakindegia leheneratzea izanen da helburua. Nolanahi ere, lurren lekualdaketa eskatzen duten operazio guztiek Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko Hondakinen Atalaren aldeko txostena beharko dute.

5.–Proiektatu beharreko drainatzeei dagokienez, diseinuak bermatu beharko du dinamika hidrologikoa ez dela nabarmen aldatuko, eta eremuko jariatze ura isurbide naturaleko puntuetara bideratuko dela. Era berean, drainatzearen diseinuan kontuan hartu beharko da modulu fotovoltaikoak ezartzeak dakarren lurzoruaren "iragazgaiztea"; horrek areagotu eginen du nekazaritza edo landa ingurunean jariatzeagatiko kalteak eragiteko aukera, prezipitazio handiko uneetan.

6.–Obrak egin bitartean, ur mugimenduak eurien garaian egiten badira, eta sedimentuak eramaten badituzte Barranco del Sasillo eremura, drainatze osagarriak eginen dira, jariatze urei eusteko sistema sendoetara bideratuz; urak lurzoruaren drainatze sare naturalean isuri aurretik kokatutako puntuetan ezarriko dira sistema horiek.

7.–Jarraitzaileen euskarri egitura lurrean zuzenean iltzatuz eginen da, finkatzeko hormigoirik erabili gabe.

8.–Obrek erasandako eremu guztiak, eta bereziki jarraitzaileen arteko lurrak, destrinkotu eginen dira, ereiteko prestatuko dira, eta inguru horretan berezkoak diren espezieen landa eremuko hazien nahasketa batekin ereinen dira, polinizatzaileen presentzia sustatuz. Honako hazi nahasketa hau gomendatzen da:

Hazi belarkaren nahasketa: Lolium peremne Lolium rigidum, Festuca rubra, Medicago sativa, Trifolium fragiferum, Onobrychis viciefolia eta Sanguisorba minor. Zuhaixka hazien nahasketa: Spartium junceum, Dorycnium pentaphyllum, Genista Scorpius, Helicrisum stoechas, Santolina chamaecyparissus, Sedum sediforme eta Thymus vulgaris.

9.–Eguzki parke hori edo Ebro I eguzki parkea eraikitzeagatik (bi proiektuak enpresa talde berari dagozkio) gunearen konektibitatea konpentsatzeko eta hobetzeko neurri gisa, Barranco de Valdelafuente sakanaren goialdeak eta Barranco de Sasillo sakana leheneratu egin beharko dira, gutxi gorabeherako X1 koordenatuen arteko lotura ekologiko funtzionala bermatze aldera: 608.124, Y1:4.663.575, X2: 608.779, Y2: 4.664.783, y X3: 609.511, Y3: 4.665.062.

Leheneratzean, gutxienez 100 metroko zabalerako zinta bat sortuko da, ahal dela 50 metro ibilguaren alde banatan, laborea bertan behera uzten den lekuan, eta bertako landaredia eta topografia naturala leheneratzen den lekuan. Korridore ekologiko hori leheneratzeko, obrak hasi aurretik, leheneratze proiektu bat aurkeztuko da. Proiektu horretan, gutxienez, leheneratutako gunea zedarritzeko neurriak eta gune hori lurraldean mantentzeko beharrezkoak direnak zehaztuko dira. Proiektu horrek memoria, planoak eta aurrekontu xehatua izan beharko ditu, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuaren oniritzia jaso beharko du.

10.– Ingurumen integraziorako proiektuan landaketak (Tamarix canariensis) –ingurumen eraginaren azterketan jasorikoak– sartuko dira, instalazio fotovoltaikoaren hesiaren inguruan instalazioak pantailaz babesteko. Gainera, Ebroko autobidearen ertzeko Aleppo pinuaren (Pinus halepensis) landaketa osatzea ere proiektatuko da, bide horren jabari publikoari eragin gabe, dauden "hutsuneek" instalazio fotovoltaikoa zuzenean ikustea ahalbidetzen duten lekuetan. Hesiaren kanpoko perimetro landaketak zuhaitz eta zuhaixka ilara bikoitzean eginen dira, hiruzuloka jarrita, eta gutxienez 3 m x 3 m-ko landaketa markoa izanen dute. Egokitzat jotzen da tamaina txikiko eta hazkunde moteleko beste espezie batzuk sartzea, hala nola olibondoa edo almendrondoa.

Landaketak azarotik otsailera bitartean eginen dira, obrak amaitu ondotik, eta mantentzeko ureztatzea (tantakako ureztatze sistemarik ez duten landaketetarako) eta zainketak eginen dira, ustiapenaren bizitza osoan egoera egokian egonen direla bermatzeko. Horrez gain, babestu eginen dira, ganaduak ez ditzan kimatu (tutu babesleak eta zurkaitzak jarriz).

11.–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

12.–Lanak egin bitartean Espainiako Espezie Mehatxatuen Katalogoan (139/2011 ED) jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

13.–Ingurumen eraginaren azterketan proposatutako konpentsazio neurriak beteko dira: erretiratutako harriak biltzea, faunarentzako babeslekuak sortzeko eta askak eraikitzeko. Gutxienez idoi motako bi aska eraikiko dira; horiek eguzki parkearen balio-bizitza osoan mantendu beharko dira. Idoiak txikiak izanen dira, eta panel fotovoltaikoetatik urrun kokatuko dira, udako lehorteetan funtzionalak izanen direla bermatzen duten toki estrategikoetan. Idoien ingurua soilduta egonen da, eta ez da hesitzen ahalko; halaber, ez da landatzen ahalko ez zuhaitzik, ez zuhaixkarik. Ezponda leunak izanen dituzte, eta ezpondetako zatiren batek, gutxienez, 2H/1V-ko gehieneko malda izanen du, eta sare zimurtsua izanen du, istripuz bertan erori ahal izan den faunak ihes egin dezan. Kokapena eta diseinua hautatzeko, aholkua eskatzen ahal zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, zeinak behin betiko proposamena baliozkotu behar baitu gauzatu baino lehen.

14.–Eguzki-instalazioaren balio-bizitza osoan, azkenik zereal laborantzarako baimendutako eguzki-instalazio fotovoltaikoaren azaleraren gutxienez % 125 kudeatuko da, ahal dela 2-3 hektarea inguruko lurzatietan, Agua Salada-Montes del Cierzo-Plana de Santa Ana estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuko lurrean modu uniformean banaturik daudenetan. Gainazal hori lehorreko zereal laborantzako lurzatietan banatuko da, estepako hegaztientzat habitat egokia izanik, baldin eta ingurumen eraginaren adierazpen hau suntsiarazten den egunean laborantzan edo lugorri badaude, lurra laboratu aurretik urtebete laboratu gabe uzteko erregimenaren arabera. Gainazala, ahal dela, 2-3 hektarea inguruko eremuetan banatuko da, eta hura aukeratzeko eta kudeatzeko modua zehazteko, Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuari kontsultatzen ahalko zaio, eta hari aurkeztu beharko zaio azkenean horretarako erabiliko diren lursailen zerrenda, baliozkotu dezan. Lurzati horiek erabiltzeko eskubidearen erabilgarritasuna egiaztatu egin beharko da, bai eta lursailen jabeekin eta/edo nekazariekin hitzartutako akordioak ere. Lanei ekin aurretik aurkeztu beharreko jarraipen eta zaintza planean zehaztu beharko da lurzati horien kudeaketa; hona hemen aukera posibleetako zenbaitzuk, lugorri uztea eta 2-3 urtetik behin kontrolatzea landarediaren garapena, azarorik otsailera gainazaleko labore lan bat eginez, edo lugorrien kudeaketarako beste hainbat eredu, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuz eta labore lanak ugaltzeko garaitik (martxotik abuztura) kanpo eginez. Ez dira erabiltzen ahalko energia berriztagarrietarako beste proiektu batzuengatiko konpentsazio neurri gisa ezarritako nekazaritza eta ingurumen alorreko neurriak dituzten lurzatiak.

15.–Hesia zinegetikoa izanen da, eta iragazkortasunari dagokienez ingurumen eraginaren azterketan ezarritako jarraibideak beteko ditu; itxiturako goiko hariak ez du elementu zorrotzik izanen. Beheko aldean zuloak utziko ditu hark, ingurumen eraginaren azterketan jasotako kondizioetan fauna errazago igaro dadin, ingurumen eraginaren azterketan jasotako kondizioetan betiere. Hesian talken aurkako plakak instalatuko dira.

16.–Proiektuaren kokapena espezieek (hala nola mirotz zuriak) habiak egiteko habitat onuragarriekin bat datorrenez, makinak obra eremuan sartu aurretik habiak miatuko dira, betiere obrak martxoaren hasieratik uztailaren erdialdera bitartean egiten badira.

17.–Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondotik, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

18.–Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, azpiestazioa, etab.) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginez eta bat datozen eta paisaian integratzea errazten duten koloreak erabiliz.

19.–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko produktu kimiko kutsagarri edo arriskutsurik.

–Jarraipen, zaintza eta zaharberritzerako plana: obrak hasi aurretik, jarraipen eta zaintza plan bat entregatu beharko da obren eta funtzionamenduaren fasean. Plan horretan, egin beharreko jarduketen metodologia proposamena jaso beharko da, bai eta ebazpen honetan aipatutako gainerako informazioa ere. Bereziki, estepako abifauna faboratzeko neurriak zehaztea. Urtean behin eta eguzki parkeak funtzionatzen duen bitartean, aurreikusitako neurriak betetzen direla egiaztatzeko dokumentu bat aurkeztu beharko da, batez ere estepako abifaunari eta Barranco del Sasillo sakanaren konektibitatea mantentzeari buruzko neurriei dagokienez. Halaber, eguzki parkearen balio-bizitzaren amaieran aurreikusitako leheneratze lanak ere sartuko dira, urtebetetik beherako epean egin beharko direnak. Ingurumen Eraginaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, eta hori gabe eguzki parkea ez da sarera konektatzen ahalko.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Biodibertsitatearen Zerbitzura igortzea (Tuterako Barrutira), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2301247