42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

49E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Solen Energía Valdelafuente SAU enpresak Tuterako udal-mugartean sustatutako Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta hura husteko azpiegiturarako proiektuaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena.

Proiektuaren ezaugarriak direla eta, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskinaren barnean sartzen da. Aipatutako arauak 7.1 artikuluan ezartzen du I. eranskinean sartutako proiektuei ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta eginen zaiela.

Era berean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak otsailaren 24an emandako 64/2006 Foru Aginduan ezarritakoa aplikatu behar da, horren bidez arautzen baitira lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak.

1.–Ingurumen eraginaren ebaluazioaren prozeduraren garapena eta sustatzailearen eskaera.

Sustatzaileak, 2020ko abenduaren 18an, Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikoari eta hura husteko azpiegiturari buruzko dokumentazioa aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 37. artikuluaren arabera, aurretiazko administrazio baimena, eraikuntzako administrazio baimena eta ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egiteko eskatu zuen.

1.1. Jendaurreko informazioa.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen (2021eko maiatzaren 10ean argitaratutako iragarkia, 108. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean) eta ukituriko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsulta egin zitzaien, Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikorako eta hura husteko azpiegiturarako proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa.

1.2. Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskaera.

Sustatzaileak jendaurreko informazioaren eta egindako kontsulten emaitza jaso ondoren, Solen Energía Valdelafuente SAU sozietateak 2022ko azaroaren 11n aurkeztu zuen Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuan Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektu aldatua, bai eta Azpiestazio Elektriko Transformatzailerainoko hustuketa azpiegitura eta ingurumen eraginaren azterketaren eranskina ere; halaber, ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko ere eskatu zuen, 21/2013 Legearen 39. artikuluan adierazitakoari jarraikiz. Ondoren, 2022ko azaroaren 29an, sustatzaileak dokumentazio berria aurkeztu zuen Zerbitzu honetan, aurrekoa zuzendu eta osatzeko, eta ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen berriz, aurreko artikuluaren arabera.

Proposatutako aldaketak, funtsean, honako hauek dira: Barranco de Valdelafuente sakanaren inguruan eguzki-instalazio fotovoltaikoa 50 metro inguru atzeraematea, eta hustuketa linearen trazadura murriztea, Nava 30/66 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzailearen kokapen berriraino.

Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak dokumentazioa igorri dio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, espedientearen azterketa teknikoari ekiteko eta ingurumen eraginaren adierazpen egokia egiteko.

2.–Proiektuaren deskribapena.

Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikoa 90.832 modulu fotovoltaikok osatuko lukete. Modulu fotovoltaikoak ardatz baterako jarraitzaile egituren gainean egonen lirateke. Iparraldetik hegoalderako norabideari jarraituko liokete jarraitzaile horiek, eta zuzeneko ezarpen bidez finkatuko lirateke lurrera.

8 power station proiektatzen dira. Guztira 30 inbertitzaile izanen lituzkete modulu fotovoltaikoetan sortutako korronte jarraitua korronte alternora igarotzeko, eta 8 transformadore, tentsioa 30 kV-era igoko luketenak. Hortik energia Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikoaren ebakitze zentrora bideratuko litzateke.

15, 177 eta 1.630 metroko lurpeko-aireko-lurpeko linearen bidez, hurrenez hurren, Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikoaren sekzionamendu zentroko gelaxkak La Nava 66/30 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzaileko gelaxkekin lotuko dira, eta hortik, 2.273 m inguruko lurpeko 66kV-eko linea baten bidez, bi instalazioetan ekoitzitako energia La Cantera 66/220 kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzaileraino hustuko da.

Oinplanoa bost esparrutan banatuta dago, modu independentean hesituta. Esparru horiek 103 hektarea inguruko azalera hartzen dute, eta A-68 errepidearen 86. irteeratik aurrera iristen da bertara, Áridos Gamen delakorako sarbidetik.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, hauek izanen dira proiektuaren beste ekintza batzuk: bideak eraikitzea edo hobetzea 5 metroko zabaleraraino; lur mugimenduak gauzatzea jarraitzaileak, inbertsio zentroak eta transformazio zentroak instalatzeko; erregistro kutxatilak eta lurpeko zangak induskatzea 0,60tik 1,20 metrora bitarteko zabalerarekin eta 1,2 metrorainoko sakonerarekin; eta itxitura perimetral bat jartzea, 2 metroko garaierako hesi zinegetiko batekin. Itxitura horrek seinale islatzaileak izanen ditu 10 metrotik behin, eta lurrean ainguratutako zutoinen gainean jarriko da, 30 x 30 x 40 zentimetroko hormigoizko zapata isolatuen bidez.

3.–Azterketa teknikoa.

3.1. Alternatibak:

2018an, Tuterako Udalak kontsulta bat egin zion Ingurumen Eraginaren Atalari bere komunaleko hainbat eremutan eguzki-instalazio fotovoltaikoak instalatzeko gaitasunari buruz; eremu horien artean zegoen Ebro I instalazioa ezartzeko eremua. Kontsulta horri erantzuteko txostenean, gaur egun Ebro I instalaziorako proposatutako ezarpen eremua jakinarazi zen, instalazio fotovoltaikoa ezartzearen aldekoa, baldin eta kondizio jakin batzuk betetzen baziren, eta kondizio horiek kontuan hartu dira instalazio horretarako egindako planteamenduan.

Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta horri lotutako hustuketa azpiegituraren Ingurumen eraginaren azterketaren eranskinean, instalazioa kokatzeko hiru aukera aztertzen dira, proiektua ez gauzatzeko zero alternatibaz gain, guztiak azterketa eremu oso txiki baten barruan.

Sustrai Erakuntza Fundazioak agerian utzi du alternatiben azterketak ez duela aurreikusten hiri lurzoruetan edo lurzoru industrialetan (eraikinak barne) eguzki plakak ezartzeko posibilitatea, eta horrek murriztu eginen lukeela natura ingurunearen gaineko inpaktua, karbono aztarna txikiagoa izateaz gain. Nafarroako Ekologistak Martxan eta Ongaiz Zangozerriko Ekologistak Martxan taldeek, berriz, beste aukera batzuk aztertzeko ere eskatzen dute (energia kontsumoa murriztea, energia efizientzia bermatzea, autokontsumoa bultzatzea, erregai fosilen ordez energia berriztagarriak erabiltzea, etab.).

Era berean, Gurelurrek adierazi du ez dagoela ados egindako alternatiben azterketarekin, eta, bestalde, adierazi du ingurumen ebaluazio bateratua egin behar zela Ebro I eta La Nava eguzki-instalazio fotovoltaikoen proiektuetarako, hustuketa azpiegitura partekatzen baitute eta oso hurbil baitaude lurraldean. Gainera, eguzki-instalazio fotovoltaikoen azalerari dagokionez, 2005-2010 aldirako eta 2020rako Nafarroako Energia Planen ingurumen ondorioen adierazpenetan ezarritako mugak gogorarazi ditu, eta Ebro I eta La Nava instalazioen ezarpena 2030erako Nafarroako Energia Planaren helburuen aurka doala uste du, autokontsumoa eta sorkuntza banatua sustatzea baitu helburu, izan ere, 2030erako Nafarroako Energia Planak.

Horri dagokionez, zenbait ingurumen eraginaren azterketatan proposatutako jarduketen ingurumen ondorioak identifikatu, deskribatu, aztertu eta kuantifikatzeak bereziki oztopatzen du proiektuen ekintza guztien zeharkako efektuak, efektu metagarriak eta efektu sinergikoak baloratzea. Alabaina, uste da aurkeztutako dokumentazioa nahikoa dela Ebro I. eguzki-instalazio fotovoltaikoaren proiektuaren ingurumen ebaluazio egokia egiteko. Gainera, uste da 2030erako Nafarroako Energia Planak autokontsumoa eta banatutako sorkuntza sustatu nahi dituela, alegazio egileak adierazten duen bezala, baina ez horrek ez ingurumenean duen eraginaren deklarazioak ez diote eguzki-instalazio fotovoltaikoetarako gainazalari mugarik ezartzen.

3.2. Geomorfologiari, lurzoruari eta landaredi naturalari dagokienez:

Instalazioa topografia lauko eremu batean egonen litzateke, malda leun samarrekin, Barranco de Valdelafuente sakanerantz doazenak.

Alabaina, Sustrai Erakuntza Fundazioak adierazi du higadura eta lurzoru itzulezina galtzeko arrisku handia dagoela, eta Gurelurrek adierazi du ez dagoela eraikuntza proiektuaren plano topografiko xehaturik, instalazioa ezartzeko behar diren aldaketa topografikoak erakusten dituenik, Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariaren otsailaren 24ko 64/2006 Foru Aginduaren 5.b) artikuluan ezarritakoaren arabera (64/2006 Foru Agindua, otsailaren 24koa, lurzoru urbanizaezinean eguzki-energia aprobetxatzeko instalazioak ezartzeko aintzat hartuko diren ingurumen eta hirigintza arloko irizpide eta baldintzak arautzen dituena).

Bestalde, landareak, batez ere, lehorreko zerealen laborantza soroak hartuko lituzke, baita landaredi nitrofiloak eta erruderalak kolonizatzen ari diren laborantza eremu abandonatu batzuk ere. Landaredi naturala errepideen ertzetara mugatuta geratu da, lurraldean zehar banatutako ezponda txikietara (espezie hauen sailak: erromeroa, ezkaia, Artemisia herba-alba, Suaeda vera, etab.), bai eta Barranco de Valdelafuente sakanaren mazelak eta ingurua estaltzen duenera ere, "Ebro ibaia" KBEan (ES2200040) sartua eta instalazioaren ondoan dagoena (espezie hauen sailak: erromeroa, ezkaia, elorri triska, abaritza, larre xerofiloak, lezka, sasiak, ihiak, etab.), eta horien artean Batasunaren intereseko habitat batzuk eta lehentasunezko habitat batzuk daude.

Ingurumen eraginaren azterketaren arabera, landareak husteko instalazioak eta azpiegiturak ustiapen eta eraiste faseetan eragin ertaina izanen luke gehienez ere landaredian, eta bateragarria/neurrizkoa izatera igaro liteke proposaturiko prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatuz gero.

Sustrai Erakuntza Fundazioak adierazten du habitat horien gaineko eragina existitzen dela, eta Gurelurrek adierazten du ez dela kuantifikatzen ukituko den landaretza natural mota bakoitzaren azalera, eta gogora ekartzen ditu aurreko aldietako Nafarroako Energia Planen ingurumen ondorioen adierazpenean jasotako oharrak, landaredi naturala duten gainazaletan izanen duen eraginari dagokionez.

Alabaina, kontuan hartuta orografia funtsean laua dela, zuzeneko iltzatze bidez instalatuko liratekeela egitura fotovoltaikoak, eta instalazioaren okupazio nagusia eta nekazaritzako lursailak husteko azpiegitura oso ingurune sinplifikatu batean izanen liratekeela, eta aintzat harturik, halaber, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketaren eranskinean proposatutako gainerako neurriak eta ingurumen eraginaren adierazpen honetan ezarritako kondizioak, espero izatekoa da proiektu honetako geomorfologiaren, lurzoruaren eta landaredi naturalaren gaineko eragina bateragarria izatea parkearen instalazioarekin.

3.3. Natura 2000 Sareko faunari eta guneei dagokienez:

Faunari dagokionez, instalazioa Ebro Ibaia Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2200040) mugakidea izanen eta estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko eremutik oso gertu egonen litzateke (Agua Salada-Montes de Cierzo-Plana de Santa Ana); gainera, 5. Lurralde Antolamenduko Planean (Ebroko ardatza) honela kategorizatutako eremuaren barruan egonen litzateke osorik: "babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, lurralde konektibitategatik duen ingurumen balioagatik".

Haatik, instalazioaren ingurua oso antropizatuta dago: landaredi naturaleko eremu gutxi dituzten laborantza lurrak, trafiko azkarreko zenbait errepidetatik (A-68 eta AP-15) eta Tuterako Montes de Cierzo industrialdetik hurbil daudenak, agregakinen ustiategi bat inguratuz, jada existitzen den eguzki parke baten mugakide, eta aireko linea elektriko ugariz zeharkatuta. Horrek, neurri handi batean, faunak instalazioaren ezarpen eremua nola erabiltzen duen baldintzatzen du.

Ebro ibaia KBEari dagokionez (ES2200040), instalazioa Valdelafuenteko sakanaren mugakide izanen litzateke; sakan hori KBE horretan sartuta dago, eta espezie askok negualdia eta/edo ugalketa egiten duten lekua da, espezie horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: txori zenena (Botaurus stellaris), Nafarroan eta, oro har, Iberiar Penintsulan dauden uretako hegaztien artean eskasenetako bat (izan ere, arriskuan dago); zingira mirotza (Circus aeruginosus); eta koartza gorria (Ardea purpurea). Izan ere, nabarmengarriak dira espezie horiek Valdelafuenten, ale habiagile eta/edo negutar ugari hartzen dituelako eremu horrek. Gainera, sakan horrek lotura handia du sakanaren hego-mendebaldean kokatutako NE-34 Agua Saladako idoia Natura Erreserbarekin, bai eta Ebro ibaiaren ibarbasoekin ere, sakana ibai horrekin lotzen den uretatik gora eta behera. Instalazioa eta hari dagokion hesia gune horien artean jartzeak talka arriskua dakar berekin, are gehiago kontuan hartzen bada espezie askok hezeguneetara sartzeko eta handik irteteko ohitura krepuskularrak dituztela. Alabaina, itxiturarako planteatutako atzeraemanguneak, 50 metro ingurukoa, aipatutako sakanaren goiko ertzari dagokionez, eta 10 metrotik behin seinale islatzaileekin seinaleztatzeak nabarmen murrizten dute abifaunak itxiturarekin talka egiteko arriskua.

Bestalde, gertu dagoen Agua Salada-Montes de Cierzo-Plana de Santa Ana estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuaren barruan estepako faunaren ingurune eta komunitate garrantzitsu bat dago, babestuta dauden eta eguzki-instalazioak osatzen dituzten elementuekiko sentikortasun handia duten espezie ugarirekin. Alabaina, Instalazioaren ezarpen eremuan oso giro antropizatua dagoenez gero, estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuan bilduta dauden estepako hegaztien espezie nagusietarako gaitasuna galtzen da, eta hori egiaztatuta geratzen da abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketan, zeinak ez baitu detektatzen instalazioaren ezarpen eremuaren barruan katalogatutako estepako espezierik. Gainera, horien inguruan dauden bide-azpiegiturek eta pinu birpopulaketek –estepako abifauna hori Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremua eta instalazioa bereizten dutenak–, azken batean, bi horien arteko hesi gisa dihardute, eta are gehiago murriztuko lukete, halaber, instalazioak estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremu horretan izanen lukeen eragina.

Era berean, lehen adierazi dugun bezala, 5. Lurralde Antolamenduko Planean (Ebroko ardatza) jasotako lurzoruak baino ez lituzte hartuko instalazioak: Ebroko ardatza, "babestu beharreko lurzoru urbanizaezina, lurralde konektibitategatik duen ingurumen balioagatik" kategoriarekin. Lurzoru hauetan planteatzen diren erabilerek lurralde-jarraitutasuna bermatu beharko lukete. Itxitura aipatutako sakanaren goiko ertzetik 50 metro atzeraeramateak Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikorako hasieran egindako proposamenarekiko konektibitatea hobetzea ahalbidetzen du, baina, 5. Lurralde Antolamenduko Planean ezarritakoaren arabera, eremu horretan lurralde jarraitutasuna ziurtatzeko, beharrezkoa da Barranco de Valdelafuente sakanaren goialdea Barranco de Agua Salada sakanerantz leheneratzea, txosten honen kondizioetan zehazten denaren arabera. Barranco de Valdelafuente sakanaren goialdea zaharberritzeko ere eskatu zuen Gurelurrek bere alegazioetan.

Ildo beretik, egokitzat jotzen da Ingurumen eraginaren azterketaren eranskinaren 10. puntuan jasotako konpentsazio neurria, hau da, fauna ubideetatik eta/edo sakanetatik igaro dadin egokitzea, hilkortasuna areagotu ez dadin.

Bestalde, halako habitatetan ohikoak diren espezie harrapakinen dentsitate handia mantentzen du ezarpen eremuak, eta, beraz, espezie ugarik erabiltzen dute larreratze eta sakabanatze eremu gisa. Espezie horietako asko interesgarriak dira edo babestuta daude (Bonelli arranoa, arrano beltza, miru gorria, miru beltza, arrano sugezalea, arrano txikia, aztore arrunta, etab.), eta babesa eta habiak egiteko lekuak aurkitzen dituzte Valdelafuenteko sakanean, Ebroko ibaibaso hurbiletan edo Montes de Cierzo gunearen magalak estaltzen dituzten pinudietan. Proiektuaren instalazioak zenbait espezierentzako larreratze habitat erabilgarriaren gainazalak galtzea eta beste espezie batzuk harrapatzeko aukerak murriztea ekarriko lukeen arren, uste da ingurunean antzeko propietateak dituzten gainazalak egoteak, ingurumen eraginaren adierazpen honen kondizioetan ezarritako kondizio batekin batera (instalaziotik hurbileko ingurune batean gainazal bat kudeatzea: eguzki-instalazioaren 1 hektarea-konpentsazio neurriko 1,25 hektarea), eragina nolabait konpentsatzea ahalbidetzen duela.

Ingurumen eraginaren azterketaren eranskinaren arabera, eragin handiena estepako hegaztietan, hegazti harraparietan eta hegazti urtarretan izanen litzateke. Eraikuntza fasean, identifikatutako eragin handiena Naumann belatzen kolonian izanen litzateke, baina neurrizkotzat jotzen da inpaktu hori, neurri zuzentzaileak aplikatzeko aukerarekin. Ustiapen fasean, kolonia horren gaineko eragina –neurrizko/larri gisa baloratua– ere nabarmendu behar da, baita habitataren aldaketaren gaineko eragina –neurrizko gisa baloratua– ere; neurri zuzentzaileak aplikatuz gero, bateragarri bihurtuko lirateke eragin horiek. Eraiste fasean, eragina bateragarritzat jotzen da.

Sustrai Erakuntza Fundazioak eta Gurelur Fundazioak alegazioetan adierazi dutenez, instalazioa eta hustuketa azpiegitura eraikitzeak inpaktu handia eraginen du estepako abifaunan, eta, Valdelafuenteko sakanetik gertu dagoenez, uretako abifaunan ere inpaktu handia eraginen du, eta, horrenbestez, baita "Ebro ibaia" KBEaren kontserbazio egoeran ere. Gainera, uste dute ez dela behar bezala baloratzen faunaren gaineko eragin sinergiko eta metagarria.

Oro har, Nafarroako Ekologistak Martxan eta Ongaiz Zangozerriko Ekologistak Martxan taldeek eguzki parkeen proiektuen eraginak azaldu dituzte, eremu babestuak eta horien arteko lotura edo konexio eremuak ingurumenaren aldetik garrantzitsuak direla azpimarratzeaz gain. Era berean, azpimarratu du garrantzitsua dela, espezie babestuak leheneratzeko eta kontserbatzeko ezarritako hazkuntza eta ugaltze eremuak ez ezik, elikatzeko eta sakabanatzeko dituzten inguruak ere kontuan izan behar direla. Gainera, bi taldeek nabarmendu dute Valdelafuenteko lezkadiak erabiltzen duen abifaunaren gaineko inpaktuaren analisian akatsak daudela, eta balitekeela akats horiek "Ebro ibaia" KBEaren funtsezko elementuetako baten gaineko inpaktua ezkutatzea, eta, horrenbestez, baita KBE horren kontserbazio egoeraren gainekoa ere.

Haatik, Biodibertsitatearen Zerbitzuak zera uste du, habitataren ezaugarriak eta ezarpen eremuaren antropizazio handia kontuan izanik, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketaren eranskinean jasotako neurriekin eta ingurumen eraginaren adierazpen honen kondizioetan ezarritako gainerako kondizioekin batera, faunari eragindako inpaktuak nabarmen murrizten direla, eta Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikoa instalatzea bideragarria dela.

Hustuketa azpiegiturari dagokionez, hustuketa linearen ia trazadura osoa La Cantera 66/220kV-eko Azpiestazio Elektriko Transformatzaileraino lurperatzeak, batez ere bide eta soro landuetatik igarotzeak, inpaktuak maila bateragarrietaraino murriztuko lituzkeela uste da.

3.4. Ondorio metagarri eta sinergikoei dagokienez:

Ingurumen eraginaren azterketaren gehigarriak ondorio horiekin detektatutako eragin gehienak baloratzen ditu, nola esanguratsuak hala ez-bateragarriak.

Ustiapen fasean habitata galtzeagatik faunak izan litzakeen eragin sinergikoak nabarmentzen dira. Hala eta guztiz ere, ingurumen eraginaren azterketaren eranskinean eragina txikia eta bateragarria dela balioesten da, kontuan izanik aztertutako ingurunean lehorreko laboreek gainazal handia hartzen dutela gaur egun. Aurreko puntuan adierazitakoaren arabera, honako hau uste da: horrek, ingurumen eraginaren adierazpen honen kondizioetan ezarritako kondizio batekin batera (instalaziotik hurbileko ingurune batean gainazal bat kudeatzea: eguzki-instalazioaren 1 hektarea-konpentsazio neurriko 1,25 hektarea), inpaktua konpentsatzea ahalbidetzen du.

Instalazioaren lurralde konektibitateak eraginiko inpaktu sinergikoari dagokionez, batez ere gunearen okupazioak eta hesi efektuak eraginikoa, perimetro hesiaren eta jarraitzaileen presentziaren ondorioz, ingurumen eraginaren azterketaren eranskinak bateragarritzat jotzen du, oraindik ere faunaren desplazamenduak ahalbidetzen dituzten elementuak daudela iritzita. Barranco de Valdelafuente sakanaren goialdea leheneratzeko txosten honetan proposatutako neurriak lurralde konektibitatea hobetu eta inpaktua murriztu baino ez du egiten.

Eta instalazioaren aireko hustuketa azpiegiturak aire konektibitatearen ondorioz eraginiko eragin sinergikoari dagokionez, ingurumen eraginaren azterketaren eranskinak behe/bateragarritzat jotzen du eragina, luzera txikia duelako eta oso eremu antropizatuan dagoelako.

Gurelurrek azpimarratu du akatsak daudela sinergien azterketan, eta horrek gutxietsi egiten du zenbait hegazti talderen gaineko inpaktua, batez ere estepa hegaztietan eta harraparietan. Gainera, 2009/147/EE Zuzentarauak espezie jakin batzuk kontserbatzeko konpromisoak hartu direla gogorarazi ditu, eta aztertutako ingurunean espezie horietako zenbaitzuk daude.

Nafarroako Ekologistak Martxan eta Ongaiz Zangozerriko Ekologistak Martxan taldeek agerian utzi dute, halaber, ondorio metagarri eta sinergiko garrantzitsuak izan ohi direla lurraldean askotariko proiektuak eta azpiegiturak metatzen direnean, aztergai den eremuan gertatzen den bezala.

3.5. Paisaiari dagokionez:

Horren ezaugarri nagusia lehorreko nekazaritza laboreen nagusitasuna eta abandonatutako zenbait zelai dira, jada existitzen den parke fotovoltaikoak, Montes de Cierzo industrialdeak, harrobien gune batek, bide azpiegiturek, aireko linea elektriko ugarik eta erortzear dauden eraikuntzez osaturiko eremu batek (Barranco de Valdelafuente sakana da eremu horren aztarna natural nagusia) asko aldatu duen testuinguru batean. Hori guztia, gainera, ia erabat laua den erliebe batean, kontuan izanik instalazioaren azalera ehuneko oso handi bat ez litzatekeela ikusiko horren ondorioz.

Aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketaren eranskineko paisaiaren azterketak guneko paisaia unitateak deskribatzen ditu, 5. Lurralde Antolamenduko Planean (Ebroko ardatza) mugatutako paisaia unitateak erreferentziatzat hartuta.

Lurraldearen ezaugarriak aztertu dira, haren kalitatearen eta hauskortasunaren arabera, kontuan izanik ezaugarri horiek lurraldearen kalteberatasuna baldintzatzen dutela; azterlan horren emaitza zera da, kalitatea ona dela eta hauskortasuna, berriz, ertaina (konbinazioa 3. klasean biltzen da).

Bestalde, jarduketaren ikusgarritasun maila zehazten da, zeina, Ingurumen eraginaren azterketaren eranskinaren emaitzen arabera, ertaina baita; izan ere, instalazioa, edo haren zati bat, ikusmen arrotzat hartzen den gainazalaren % 20,72tik ikusten ahal da.

Arroko herriguneetatik dagoen ikuspen mailari dagokionez, eguzki-instalazioa ez da ikusiko dauden zortzi hiriguneetatik bostetan, Cadreitan oso gutxi ikusiko da, eta Arguedasen eta Valtierran instalazioaren zati handi bat ikusiko da, hirigune horiek instalazioaren ezarpen eremua baino gorago baitaude.

Azkenik, ingurumen eraginaren azterketaren eranskinaren arabera, errepideetatik ez da gehiegi ikusiko, A-68, AP-15 eta 121., 232., 113. errepide nazionalen zenbait zatitatik izan ezik. Alabaina, kontuan hartuta A-68 eta AP-15 errepideetatik dagoeneko badagoela eragin bisual bat proiektatutako instalazioetatik hurbil egonen litzatekeen instalazio bat dagoelako (instalazio berriak ezkutatuko lituzke horrek), eta azpiegitura horien ibilbidearen zati batean landaredi hostoiraunkorreko pantailak daudela (etorkizuneko eguzki-instalazioa ezkutatuko lukete pantaila horiek), eragina nabarmen murriztuko litzateke.

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du ingurumen eraginaren ebaluaziorako prozedura behar bezala egin dela, eta uste du Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikoa egikaritzea bideragarria dela. Hori dela eta, ingurumen eraginaren aldeko adierazpena egitea proposatu da, Ebro I eguzki-instalazio fotovoltaikoa eta hari lotutako hustuketa azpiegiturak egiteko aukera zehaztuz, betiere aurkeztutako dokumentazioan ezarritako neurriak eta kondizioak eta ebazpen honetan ezarritako gainerako kondizioak betetzen badira.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen eraginaren aldeko adierazpen hau ematen da Ebro II eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta haren hustuketa azpiegituraren proiektuari buruz. Solen Energía Ribera SLUk sustatu du proiektua, Fontellasko udal-mugartean.

2. Ezartzea goiburuan aipaturiko espedienteari erantsitako dokumentazio teknikoko baldintzei jarraikiz egin beharko dela jarduera, baita honako baldintza hauek betez ere:

–Abelbideetan izanen duen inpaktuari dagokionez, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak 2021eko ekainaren 24ko txostenean –ebazpenari erantsitakoan– xedatutakoa beteko da.

–Ondare arkeologikoaren gaineko ukipenei dagokienez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da administrazio baimena eskuratu aurretik.

Lanak egin bitartean lur azpian agertuko balitz aztarna arkeologikoren bat, ordura arte ezezaguna, sustatzaileari gogorarazi behar zaio legezko betebeharra duela horren berri berehala emateko Nafarroako Gobernuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuari.

–Euskarri egitura fotovoltaikoa lurrean zuzeneko iltzatuaz finkatzeari emanen zaio lehentasuna.

–Eguzki-instalazio fotovoltaikoa lursailaren topografia naturalaren arabera egokitu beharko da, obrak egin bitartean ukipenak guztiz ezinbestekoak diren zonei soilik eragiteko moduan eta lur mugimenduak ahalik eta txikienak izateko moduan. Plakak ezartzeko eremuan egin beharreko sasi-garbitzea eta nibelazioa ez dira eremu osoak ukituz eginen; aitzitik, jarraitzaileen zutoinek osatzen dituzten lerroei bakarrik eraginen diete, erabilera eta ezarpen egokirako behar-beharrezkoa denean, baita bideei, kanalizazioei, transformazio zentroei eta Azpiestazio Elektriko Transformatzaileei ere.

Hori bereziki garrantzitsua da Barranco de Valdelafuente sakanaren goialdearen inguruan; izan ere, txosten honen kondizioen arabera, leheneratu egin behar da eremuaren lurralde jarraitutasuna ziurtatzeko, eta, beraz, jarraitutasun topografikoa egon beharko da plakak ezartzeko eremuaren eta leheneratu beharreko eremuaren artean.

–Ahal den neurrian, lurzatien eta bertan dagoen landaredia naturalaren artean banaketa ezpondak kontserbatu beharko dira. Era berean, makineria eta materialak biltzeko guneak ez dira kokatzen ahalko landaredi naturalak estalitako lekuetan.

–Hustuketa lineako lurpeko zatietan, landaredi naturalari eragiten zaionean (Suaeda vera sastraka gazia, erromero eta ezkai sastrakak Artemisia herba-alba landareekin, erromero, ezkai eta elorri triska sastrakak, eta, batez ere, Artemisia herba-alba espezieko landareak), horien gaineko inpaktua minimizatuko eginen da, bide osagarriak irekitzea saihestuko baita, atzerako hondeamakinak geroago zanga irekiko den lekuan zirkulatuz lan egin dezan.

–Ingurumen eraginaren azterketaren eranskinean ezartzen den bezala, antzinako lur erretenak eta lurrean sakabanatuta dauden harrizko muino ugariak mantendu egin beharko dira, eta lekuz aldatuko dira, ingurune hurbil batean, beharrezkoa izanez gero.

–Lanak egin bitartean katalogo nazional edo autonomikoetan arriskuan dagoelako jasotzen den espezieren baten presentzia detektatzen bada, lanek kaltetuko luketena, berehala jakinaraziko zaio Biodibertsitatearen Zerbitzuari, eta hark xedatzen duena bete beharko da.

–Inguruko hesia zutoinen bidez bakarrik iltzatuko da lurrean, fauna txikiari azpitik igarotzeko aukera uzteko, eta horretarako, azpitik tarte bat utzi beharko du, lurretik 15-20cm-ra altxatuta.

Ildo horretan, bereziki garrantzitsua da hesiak Barranco de Valdelafuente sakanaren burualdearen inguruan iragazkortasuna bermatzea, txosten honetan adierazitakoaren arabera, leheneratu egin behar baita gune hori. Era berean, leheneratutako eremuaren eta inguruko lurren arteko jarraitutasun topografikoa bermatu beharko da, eta sakanaren luzetarako jarraitutasuna ziurtatzeko, leheneratutako zerrenda ez da sartu beharko instalazioaren itxituran; beraz, aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketaren eranskineko 2. puntuan ("kokapena") "D" deritzon eremua ez da erabat hesituta egoten ahalko; aitzitik, bi esparru hesitutan banatu beharko da, eta horien artean utzi beharko da sakanaren zerrenda leheneratua.

Halaber, Ingurumen Eraginaren Atalak jendaurrean jartzeko fasean egindako txostenean adierazi zen bezala, instalaziorik gabeko gune bat errespetatu beharko da, alde bakoitzean gutxienez 50 metrokoa, sakanaren goiko ertzetik. Hori kontuan hartu da aurkeztutako proiektuaren aldaketan, Ingurumen eraginaren azterketaren eranskinaren 2. puntuan ("kokapena") "B" deritzon eremuan izan ezik. Bertan, proiektatutako itxitura lekuz aldatu beharko da, atzera emanez, kondizio hori bete dezan. Halaber, jarraibide hori aurreko paragrafoan aipatutako "D" eremuan aplikatu beharko da. Eremu horretan, gainera, proiektua aldatu egin beharko da, aurrerago deskribatutako konektibitate ekologikorako kondizioak betetzeko. Barranco de Valdelafuente sakanaren itxitura perimetralaren eta ebakiduren ertzaren arteko lurren bilakaera librea izanen da.

–Ingurumen eraginaren azterketaren eranskinean ezartzen den bezala, hesiak ageriko seinaleztapen plakak izanen ditu, abifaunak talka egin ez dezan. Hesien trazadura osoan jarri beharko dira horiek, 10 metrotik behin tartekatuta.

–Plakak ezartzeko eremuan dagoen landaredia kontrolatzeko eta mantentzeko ohiko metodo gisa, abeltzaintza estentsiboa erabiliko da eta, behar berezia izanez gero, sasi-garbitze mekanikoa baimenduko da. Herbizidak erabiltzea espresuki debekatua dago.

–Panelak garbitzeko ezarriko den sistemak ez du erabiliko gai kimiko kutsagarri edo arriskugarririk.

–Lagomorfoak, karraskariak eta bestelako animaliak kontrolatu behar badira, egokiak diren baimenak eskuratu ondoren, baliabide mekanikoak eta biologikoak erabiliko dira eta guztiz debekaturik egonen da pestizidak, intsektizidak, errodentizidak eta bestelako pozoiak erabiltzea.

–Instalazioan argi punturik jarriz gero, ezinbestekoak direnak bakarrik jartzen ahalko dira, talka eremu potentzialetatik (hesietatik, tentsoreetatik, aireko linea elektrikoetatik eta abarretatik) urrun. Argi kutsadura txikiagotzen duten luminariak, intentsitate baxukoak eta lurrera begira jarriak, erabiliko dira.

–Ingurumen eta paisaia integrazioa:

  • Obrak hasi aurretik, zehaztu eginen dira lan eremuak, makinak pasatzeko eremuak eta materialak biltzekoak. Landaredi naturala ahalik eta gutxien ukitzeko, lan eremua ahal den txikiena izanen da eta eragin ezin dituen eremuak balizatuko dira.
  • Egin beharreko lur erauzketa eta betelanetarako, gehienez 2H:1V-ko maldak izanen dira onargarriak, espezie autoktonoekin eginen den landareztatzeak emaitza onargarria izan dezan.
  • Obrak bukatutakoan, behin-behineko instalazioak desmuntatu eta kenduko dira eta obra hondarrak garbituko dira okupatu den eremu osoan. Eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eremu osoan eta obrek eragin dioten beste edozein gainazaletan, aldi batez izan bada ere, belardi autoktonoen hazien nahasketa bat ereinen da; haziok egin beharreko jarduerarekin bateragarri izan beharko dute. Obrak egin bitartean landare lurrezko geruza kendu edo hondatu bada edo halakorik ez badago, erein baino lehen landare lurrezko geruza bat jarriko da, gutxienez 30 cm-koa, aurretik behar bezala erauzi eta metatua.
  • Ingurumen eraginaren azterketaren eranskineko 13. puntuan –ingurumen leheneratzeari buruzkoan– adierazitako ingurumena leheneratzeko proiektua obrak hasi aurretik aurkeztu beharko da, eta bertan, egin nahi diren ereintza eta landaketen kokapena, antolaketa eta konposizioa zehaztuko dira. Edonola ere, espezie autoktonoak erabiliko dira, garaiaren arabera egokienak, eta debekatuta dago espezie exotikoak erabiltzea.
  • Lanak amaitu eta hurrengo sei hilabeteetan berrezarri behar da landaredia. Landaketak garaiaren, klima baldintzen eta abarren menpe daudenez, obrak amaitu eta hurrengo landaketa garaian eginen dira. Landaketen jarraipena egin beharko da, eta bideragarriak direla ziurtatu, eguzki-instalazioaren bizitza baliagarri guztian.
  • Erabilerari lotutako eraikinak (transformazio zentroak, azpiestazioa, etab.) ingurunearekiko harmonia errespetatuz diseinatuko dira, eremuko eraikin motekin bat eginez eta bat datozen eta paisaian integratzea errazten duten koloreak erabiliz.

–Barranco de Valdelafuente sakanean habiak egiten dituzten hegaztiei inpakturik ez eragiteko, instalazioa egiteko behar diren lanak martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean gauzatu beharko dira.

–Cabezoburroko eskortan habia egiten duten Neumann belatzez osaturiko koloniari inpakturik ez eragiteko, apirilaren 1etik ekainaren 30era bitartean egin beharko dira A-68 errepidearen hegoaldera hustuketa azpiegitura egiteko lanak.

–Estepako abifauna faboratzeko prebentzio eta zuzenketa neurri gisa, ingurumen eraginaren azterketaren eranskinak ezartzen du lugorriak mantendu egin behar direla aztergai den eremuan instalazioaren balio-bizitza osoan, Ebro I eguzki-instalazioaren gainazal berean. Gainera, ezartzen da gainazal horrek lotura izan beharko lukeela inguruko estepako hegaztientzako intereseko eremuekin.

Inguruaren ingurumen balioak eta gunean jada existitzen diren edo gunerako jada existitzen diren beste eguzki parke batzuekiko ondorio metagarriak kontuan hartuta, beharrezkotzat jotzen da azkenean baimendutako zereal laborantzarako gainazalaren % 125 izatea, sustatzaileak proposatutako 1:1 proportzioan izan beharrean. Gainazal hori lehorreko zereal laborantzako lurzatietan banatuko da, estepako hegaztientzat habitat egokia izanik, baldin eta ingurumen eraginaren adierazpen hau suntsiarazten den egunean laborantzan edo lugorri badaude, lurra laboratu aurretik urtebete laboratu gabe uzteko erregimenaren arabera, eta estepako abifauna Nafarroan kontserbatzeko intereseko eremuaren barruan daudenak (Agua Salada-Montes de Cierzo-Plana de Santa Ana).

Gainazala, ahal dela, 2-3 hektarea inguruko eremuetan banatuko da, eta hura aukeratzeko eta kudeatzeko modua zehazteko, Nafarroako Gobernuko Biodibertsitatearen Zerbitzuari kontsultatzen ahalko zaio, eta hari aurkeztu beharko zaio azkenean horretarako erabiliko diren lursailen zerrenda, baliozkotu dezan. Lurzati horiek erabiltzeko eskubidearen erabilgarritasuna egiaztatu egin beharko da, bai eta lursailen jabeekin eta/edo nekazariekin hitzartutako akordioak ere. Lanei ekin aurretik aurkeztu beharreko jarraipen eta zaintza planean zehaztu beharko da lurzati horien kudeaketa; hona hemen aukera posibleetako zenbaitzuk, lugorri uztea eta 2-3 urtetik behin kontrolatzea landarediaren garapena, azarorik otsailera gainazaleko labore lan bat eginez, edo lugorrien kudeaketarako beste hainbat eredu, betiere fitosanitarioen erabilera baztertuz eta labore lanak ugaltzeko garaitik (martxotik abuztura) kanpo eginez. Ez dira erabiltzen ahalko energia berriztagarrietarako beste proiektu batzuengatiko konpentsazio neurri gisa ezarritako nekazaritza eta ingurumen alorreko neurriak dituzten lurzatiak.

–Eguzki parke hori edo La Nava eguzki parkea eraikitzeagatik (bi proiektuak enpresa talde berari dagozkio) gunearen konektibitatea konpentsatzeko eta hobetzeko neurri gisa, Barranco de Valdelafuente sakanaren goialdeak eta Barranco de Sasillo sakana leheneratu egin beharko dira, gutxi gorabeherako X1 koordenatuen arteko lotura ekologiko funtzionala bermatze aldera: 608.124, Y1:4.663.575, X2: 608.779, Y2: 4.664.783, y X3: 609.511, Y3: 4.665.062.

Leheneratzean, gutxienez 100 metroko zabalerako zinta bat sortuko da, ahal dela 50 metro ibilguaren alde banatan, laborea bertan behera uzten den lekuan, eta bertako landaredia eta topografia naturala leheneratzen den lekuan. Korridore ekologiko hori leheneratzeko, obrak hasi aurretik, leheneratze proiektu bat aurkeztuko da. Proiektu horretan, gutxienez, leheneratutako gunea zedarritzeko neurriak eta gune hori lurraldean mantentzeko beharrezkoak direnak zehaztuko dira. Proiektu horrek memoria, planoak eta aurrekontu xehatua izan beharko ditu, eta Biodibertsitatearen Zerbitzuaren oniritzia jaso beharko du.

Era berean, leheneratutako eremuaren eta inguruko lurren arteko jarraitutasun topografikoa bermatu beharko da, eta sakanaren luzetarako jarraitutasuna ziurtatzeko, leheneratutako zerrenda ez da sartu beharko instalazioaren itxituran; beraz, ingurumen eraginaren azterketaren eranskineko 2. puntuan ("kokapena") "D" deritzon eremua ez da erabat hesituta egoten ahalko; aitzitik, bi esparru hesitutan banatu beharko da, eta horien artean utzi beharko da sakanaren zerrenda leheneratua.

–Ingurumen eraginaren azterketaren eranskinaren 10. puntuan sustatzaileak proposatu duen konpentsazio neurriari dagokionez (faunaren igarobidea egokitzea ubide eta/edo sakanetan, horien hilkortasuna ez dadin handiagotu), obrak hasi aurretik ingurumena zaintzeko eta leheneratzeko eta hari jarraipena egiteko planean egin beharreko jarduketak zehaztu beharko dira. Biodibertsitatearen Zerbitzuaren oniritzia eta beharrezkoak diren gainerako baimenak izan beharko ditu.

–Jarraipen, zaintza eta zaharberritzerako plana: obrak hasi aurretik, jarraipen eta zaintza plan bat entregatu beharko da obren eta funtzionamenduaren fasean. Plan horretan, egin beharreko jarduketen metodologia proposamena jaso beharko da, bai eta ebazpen honetan aipatutako gainerako informazioa ere; bereziki, estepako abifauna faboratzeko eta Barranco del Sasillo sakanaren eta Barranco de Valdelafuente sakanaren konektibitatea hobetzeko neurrien zehaztapena. Sustatzaileak urtero aurkeztu beharko du, eguzki-instalazioaren balio-bizitza osoan, ebazpen honetan aurreikusitako neurriak aurreko urtean aplikatu zirela egiaztatzeko dokumentazio teknikoa. Ingurumen Eraginaren Atalaren aldeko txostena lortu beharko da, eta hori gabe eguzki parkea ez da sarera konektatzen ahalko.

–Jarraipena egiteko, ikuskatzeko eta leheneratzeko planak, halaber, eguzki parkearen balio-bizitzaren amaieran aurreikusitako leheneratze lanak –urtebetetik beherako epean egin beharrekoak– barne hartuko ditu.

– Obrak hasi aurretik, zuinketa bat egin beharko da, eta zuinketa horretarako Ingurumen Eraginaren Ataleko langileak egon beharko dira, bereziki Barranco de Valdelafuente sakana atzeraemangunetzat hartzeari eta Barranco de Sasillo sakanean konektibitatea hobetzeari dagokienez. Zuinketa horiek behar bezala balizatu beharko dira. Barranco de Valdelafuente sakanetik gertu dagoen lursailean ez da inolako inpakturik eragiten ahalko.

–Obrak hasi baino gutxienez 72 ordu lehenago, Ingurumen Jarraipenaren Bulegoari ohartarazi beharko zaio (seguimiento.ambiental@navarra.es).

3.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4.–Ebazpen hau jakinaraztea, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako koordinazio unitateak), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 23an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2301250