42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

27E/2023 EBAZPENA, urtarrilaren 26koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita aldaketa nabarmena egiteko magnesita fabrikatzeko instalazio batean, materialak pilatzeko beste eremu baten proiektua gauzatu ahal izateko. Instalazio hori Esteribarko udal-mugartean dago, eta haren titularra Magnesitas Navarras SA da. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Instalazio horrek badu ingurumen-baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 30eko 0889/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 28ko 381E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratu zena eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 6ko 148E/2017 Ebazpenaren bidez aldatu zena, instalazioa TEOen inguruko ondorioei buruzko 2013/163/EB Erabakira egokitzeko. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 14ko 291E/2020 Ebazpenaren bidez, baimena berriz aldatu zen.

2017ko ekainaren 5ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, materialak biltegiratzeko beste eremu bat paratzeko.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2017ko ekainaren 27an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen-baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen-baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen-baimen integratua aldatzeko administrazio-prozedura izapidetu zedin. Hori dela eta, 2017ko ekainaren 27an, prozedura horri hasiera eman zitzaion, zegokion proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektu hori honako honetan datza: plantan materiala pilatzeko eremua handitzea, 27. poligonoko 101. lurzatian (1. parkea) eta 27. poligonoko 105. eta 70. lurzatietan (2. parkea).

Espedientea tramitatu da bat etorrita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Baimena ematea magnesita fabrikatzeko instalazio batean aldaketa nabarmena egiteko: materialak pilatzeko beste eremu baten proiektua gauzatu ahal izateko. Instalazio hori Esteribarko udal-mugartean dago, eta haren titularra Magnesitas Navarras SA da. Horrenbestez, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Aldaketa funtzionatzen hasi aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorrita Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 8.3.f) artikuluan xedatutakoarekin.

Hirugarrena.–Abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Titularraren adierazpena, baimendutako jarduera bertan behera utziz gero lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko konpromisoa hartzen duela adierazita, gehienez ere bost urteko epean.

Laugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Seigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Zazpigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Zortzigarrena.–Ebazpen hau igortzea Magnesitas Navarras SAri, Esteribarko Udalari, Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Herri-lurren Atalari, Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, Ingurumen Eraginaren Atalari eta Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko urtarrilaren 26an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2301474