42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

8/2023 EBAZPENA, otsailaren 17koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, baldintzazkotasun indartuko arauen berezitasunak onesten dituena.

Espainiako Erresumaren 2023-2027ko Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategikoan bildutako esku-hartze guztiak behar bezala ezarri eta kudeatzeko, tresna juridiko egokiak behar dira neurri guztiak modu harmonizatuan ezar daitezen Espainiako lurralde osoan.

Abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuak baldintzazkotasun indartua eta baldintzazkotasun soziala aplikatzeko arauak ezartzen ditu, betebehar horiek baitituzte Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan zuzeneko ordainketak, landa garapenerako urteko ordainketa jakin batzuk eta Urruntasunagatiko eta Uhartetasunagatiko Aukera Espezifikoen Programaren esparrukoak jasotzen dituzten laguntzen onuradunek.

Errege dekretu hori NPEaren baldintzazkotasuna erregulatzen duen oinarrizko araua da, eta Konstituzioaren 149.1.13 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eman da, artikulu horrek eskumen esklusiboa esleitzen baitio Estatuari jarduera ekonomikoaren oinarrien eta plangintza orokorraren koordinazioaren arloan.

Hala ere, Errege Dekretu horren I. eranskinean jasotako arau batzuetan, autonomia erkidegoei ahalmena ematen zaie jardunbide jakin batzuetarako baimenak emateko eta parametro jakin batzuk doitzeko.

Berezitasun horiek, nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokien eta kudeaketako legezko betekizunen ondoriozko eskakizunen (arauak/betekizunak) zerrenda osoarekin batera, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren foru agindu baten bidez onetsiko dira. Alabaina, ahalik eta lasterren ezagutu beharko lirateke, aintzat harturik berezitasun horietako askok eragina dutela ekoizpenari eta nekazaritzako praktikei buruz interesdunek hartzen dituzten erabakietan eta zenbaitetan nolabaiteko aurrerapenarekin hartu behar izaten dituztela, eta, gainera, haiek ez betetzeak zuzeneko laguntzetan eta landa garapeneko laguntzetan zehapenak aplikatzea dakarrela.

Horregatik, beharrezkotzat jo da baldintzazkotasun arau batzuen zehaztapenak, zuhurtziaz bada ere, aldez aurretik erabakitzea, onuradunek horiek jakiteko premia duten unean, hots, dagokion foru agindua argitaratu baino lehen, orduan berretsiko baitira.

Adierazitakoarekin bat, Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuaren proposamena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Abenduaren 27ko 1049/2022 Errege Dekretuak ezartzen dituen baldintzazkotasun arauen berezitasunak onestea, Nafarroako Foru Komunitatean, ebazpen honen I. eranskinean jasotakoaren arabera. Aipatu errege dekretuak baldintzazkotasun indartua eta baldintzazkotasun soziala aplikatzeko arauak ezartzen ditu, betebehar horiek baitituzte Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan zuzeneko ordainketak, landa garapenerako urteko ordainketa jakin batzuk eta Urruntasunagatiko eta Uhartetasunagatiko Aukera Espezifikoen Programaren esparrukoak jasotzen dituzten laguntzen onuradunek.

2. Ebazpen honetan xedatzen diren berezitasunak behin-behinekoak izanen dira. Indarra galduko dute dagokion foru agindua onesten denean, zeinaren bidez ezarriko diren, Nafarroan, baldintzazkotasun indartua eta baldintzazkotasun soziala aplikatzeko arauak, betebehar horiek baitituzte Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan zuzeneko laguntzak eta landa garapenerako urteko ordainketa jakin batzuk jasotzen dituzten laguntzen onuradunek.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Halaber, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Horrek ez du galaraziko Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko otsailaren 20an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

I. ERANSKINA

Baldintzazkotasun indartuko arauen berezitasunak Nafarroan

4. NIBE–Ur-ibilguen bazterretan babes zerrendak sortzea.

Gai kaltegarrien perkolazioa eragin dezaketen ureztatze-kanal handiak dituzten eremuetan, babes zerrendak 1 m-ko zabalera izan behar du.

5. NIBE–Laborantzaren kudeaketan, lurzoruaren degradazio eta higadura arriskua murriztea, maldaren inklinazioa kontuan hartuz.

Nahiz eta malda %10ekoa edo handiagoa denean, malda terrazen edo zapalden bidez konpentsatuta dagoenean izan ezik, debekatua dagoen lurra malda handieneko norabidean lantzea, 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen landatutako zurezko laboreen kasuan, landaketa esparruak ez badu aukerarik ematen malda handieneko norabidearekiko zeharka lantzeko, utziko da maldaren norabidean gainazaleko laborantza bertikala egiten.

Lurra maldarekiko norabide perpendikularrean lantzeko obligazioak makineria iraultzeko arriskua eta, ondorioz, langileentzako bizitzarako arriskua ere dakarten kasuetan, baimena eskatu beharko zaio agintaritza eskudunari lanak maldaren norabidean egiteko.

6. NIBE.–Lurzoruaren gutxieneko estaldura, garai kalteberenetan zoru biluziak saihesteko.

–Belarki laboreak.

Uzta biltzen den egunetik irailaren 1era bitartean lurra irauliz goldatzeko edo laborantza bertikala egiteko debekuari dagokionez, neguko belarki laboreak ereiten diren alorretan, honako salbuespen hauek ezartzen dira:

–Kanpaina berean bigarren aldiz erein behar diren alorretan, irailaren 15a baino lehen egiten bada.

–Belar txarrak ugaritu ez daitezen eta herbizidak aplikatu beharrik ez izateko, abuztuaren 1etik aurrera gainazaleko laborantza bertikalak egiten ahalko dira, betiere gainazalean hondakin estalki ona mantenduta, martxoaren 20ko 110/2015 Foru Aginduaren II. eranskinean zerrendatutako udalerrietan. Udalerri horiek dira, hain zuzen ere, indargabetua dagoen Nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak aplikatzeari buruzko urriaren 3ko 1612/2008 Errege Dekretuaren arabera, lehorreko laboreetan 4,4, 4,1 edo 3,7 tm/ha-ko batez besteko errendimendua zutenak.

–Zurezko laboreak.

Urritik martxora bitartean landare estalkia mantentzeari dagokionez, %10eko edo gehiagoko batez besteko malda duten alorretako zurezko laboreetan, estalki horrek laboreari kalte egiten badio edo laborea biltzea galarazten badu, kentzeko baimena eskatzen ahalko zaio agintaritza eskudunari.

Zurezko laboreak erauzteari dagokionez, ezin izanen da %10eko edo gehiagoko malda duten esparruetan kokatutako zurezko laboreen oinik erauzi, agintari eskudunak haiek ordeztea baimendu ezean.

–Lugorriak.

Lugorrietan zilegi diren praktikei dagokienez, laborantza minimotzat jotzen da, lurra belarridun edo diskodun goldearen bidez altxatu ordez, bigarren mailako lan bat egitea lurra ahalik eta gutxien manipulatu dadin laborantzarako, laborantza bertikalerako lanabesak erabiliz, hala nola kultibadore astuna edo zizel-goldea, halako moduz ezen lurra landu ondoren gutxienez hondakinen %30 lurrean utziko diren, estalki gisa.

Lur horien gainean ezin izanen da nekazaritza tratamendurik egin apiriletik ekainera bitartean, bi hilabete horiek barne.

7. NIBE–Laborantzako lurren errotazioa, urpeko laboreetan izan ezik.

NIBE honi dagokionez, labore nagusitzat joko da errege dekretuan adierazten den bera.

8. NIBE–Gainazal eta elementu ez-produktiboetarako utzi beharreko azaleraren gutxieneko ehunekoa, paisaiako elementuak mantentzea, eta heskaiak eta zuhaitzak mozteko debekua hegaztien haziera eta ugalketa garaian.

NIBE honen 3. puntuari dagokionez, hegaztien haziera eta ugalketa garaia martxotik abuztura bitartean izanen da, bi hilabete horiek barne.

Iragarkiaren kodea: F2302833