42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1/2023 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, prozedura abiatzen duena Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Dokumentazio Zentroaren Oroibidea-Camino de Memoria ataria Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko.

Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legeak, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoak, 9. artikuluan ezartzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien figura.

Aurrerago, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautu zuen Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Foru lege horretan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura zehatza, zeina burutuko baita ezarritako baldintzak betetzen dituzten toki edo guneak Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko erabakiarekin. Memoria Demokratikoaren urriaren 19ko 20/2022 Legeak, 49. artikuluan, onartzen du toki horiek kultura ondare immaterial edo ukiezinaren forma izan dezaketela.

Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko idatzoharra egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako.

Nafarroako Memoriaren Institutuak uste du Oroibidea-Camino de Memoria atariak Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatua izateko baldintzak betetzen dituela eta, horregatik, bidezkoa dela hura Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzea.

Oroibidea-Camino de Memoria Nafarroako Gobernuaren ekimen bat da, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Memoriaren Institutuaren bidez kudeatzen dena eta helburu duena memoriaren ondarea gordetzea eta kudeatzea, hori baita 271/2019 Foru Dekretuaren 21. artikuluak esleitzen dizkion eginkizunetako lehenbizikoa. Ondare hori dator bai artxibo pribatu eta publikoetatik (erabilera-lagatzeen, dohaintzen edo erosketen bidez eskuratuta), bai Nafarroako Memoriaren Institutuak berak bultzatutako proiektuetatik. Formatu eta euskarri desberdinetako funts horiek guztiak objektu digital bihurtu eta Oroibidea-Camino de Memoria dokumentu bilduma digitalean gordetzen dira; izan ere, objektu digitalak izanik digitalki trata daitezke dokumentuen kudeatzaile baten bidez. Izatez, denborarekin aldatuz doan dokumentu bilduma bat denez gero, babesa, gaur egun dauden funtsetara ez ezik, aurrerantzean gehituz joanen direnetara ere hedatu beharra dago. Digitalizatutako funts horiek lau multzo handitan sailkatzen ahal dira: ikus-entzunezko materiala (gehienbat biktimei, lekukoei eta ahaideei eginiko elkarrizketak, baina baita ekitaldien ikus-entzunezko grabazioak ere); material dokumentala (testuzko masa dokumentalak, irudiak, argazkiak...); material bibliografikoa; eta Nafarroako memoria historikoari buruzko datu-baseak, hala nola Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Nafarroako Memoria Historikoaren Funts Dokumentalarena, Hobien Mapa edo biktimei erreparazioa emateko ekimenen harira Nafarroako Memoriaren Institutuak egindako zerrendak. Dokumentu bildumarekin batera, zabalkunderako online tresnak ere babestea proposatzen da, 271/2019 Foru Dekretuaren 21. artikuluak Nafarroako Memoriaren Institutuari esleitzen dizkion eginkizunetako laugarrena betetzeko, hau da, herritar guztiei Nafarroako memoria demokratikoa zabaltzeko eta memoria ondare horretarako sarbidea errazteko, Institutuak biltzen dituen iturri, bibliografia, objektu, ikus-entzunezko eta era guztietako baliabideen bidez.

Espedientean jasota daude Nafarroako Memoriaren Institutuaren proposamen txostena eta Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Dokumentazio Zentroaren OROIBIDEA-CAMINO DE MEMORIA ataria Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzeko txosten juridikoa.

Adierazitakoarekin bat, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia naizen aldetik ditudan eskumenak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluarekin bat eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 94/2019 Foru Dekretuarekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Prozedura abiatzea Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Dokumentazio Zentroaren OROIBIDEA-CAMINO DE MEMORIA ataria Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan haren prebentziozko idatzoharra egitea, LM-2023-0001 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzen arabera.

2. Prozedurari hasiera emateak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz. Babes-araubidea mantenduko da deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

3. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen honetatik aurrera zenbatzen hasita. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

4. Ebazpen hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Nafarroako Memoriaren Institutura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Aipatu epean, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren erregistro orokor elektronikoan (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2023ko otsailaren 13an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena): Oroibidea-Camino de Memoria Nafarroako Gobernuaren dokumentu bilduma digital bat da, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Memoriaren Institutuaren bidez kudeatzen dena eta helburu duena memoriaren ondarea gordetzea eta kudeatzea

–Webgunearen helbidea:

https://pazyconvivencia.navarra.es/eu/oroibidea

https://oroibidea.es/eu

–Ondasunaren ukitutako zatiak:

Oroibidea-Camino de Memoria ekimenaren dokumentu bildumak.

–Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

Ez dagokio.

–Balioen identifikazioa:

Oroibidea-Camino de Memoria Nafarroako Gobernuaren ekimen bat da, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Memoriaren Institutuaren bidez kudeatzen dena eta helburu duena memoriaren ondarea gordetzea eta kudeatzea. Ondare hori dator bai artxibo pribatu eta publikoetatik (erabilera-lagatzeen, dohaintzen edo erosketen bidez eskuratuta), bai Nafarroako Memoriaren Institutuak berak bultzatutako proiektuetatik. Formatu eta euskarri desberdinetako funts horiek guztiak objektu digital bihurtu eta Oroibidea-Camino de Memoria dokumentu bilduma digitalean gordetzen dira; izan ere, objektu digitalak izanik digitalki trata daitezke dokumentuen kudeatzaile baten bidez.

–Titulartasuna:

Nafarroako Gobernua.

IFK: S7124930D.

–Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

–Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira behar.

Iragarkiaren kodea: F2302352