42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

10/2023 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, 2023. urtean Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko heziketa zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probetarako deia egin eta proba horien egutegia ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitatearen esparrurako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazkeran, ezartzen du 41. artikuluan ezen Lanbide Heziketako erdi eta goi mailetako heziketa zikloetan sartzeko baldintza bat dela sarrera proba bat gainditzea; 52. artikuluan, berriz, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako erdi eta goi mailetako zikloetan sartzen ahal direla, baldintza akademikoak bete ez arren, sarrera proba bat gainditzen dutenak; eta, azkenik, 64. artikuluan ezartzen du Kirol irakaskuntzetako erdi eta goi mailako zikloetan sartzen ahal direla, eskatzen diren titulu edo ziurtagiriak izan ez arren, sarrera proba bat gainditzen dutenak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa garatuz, erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko modua honako hauetan dago arautua: uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duena, maiatzaren 4ko 596/2007 Errege Dekretua, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duena, eta urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretua, araubide bereziko Kirol Irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duena. Horietan guztietan ezarrita dago zilegi izanen dela ziklo horietan sartzea hezkuntzako administrazioek araututako sarrera proba bat gaindituz.

Ebazpen honen bidez deialdia egiten da 2023. urtean hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako heziketa zikloetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako heziketa zikloetan eta Kirol Irakaskuntzetako zikloetan sartzeko probetarako, eta proba horien egutegia ezartzen da.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabili ahal izanen dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du ebazpen bat eman dadin, batetik, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetan eta araubide bereziko Kirol Irakaskuntzetan sartzeko proben 2023ko deialdia onesteko, eta bestetik, proba horien egutegia ezartzeko.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko 2023ko probetarako deia egitea eta horien egutegia ezartzea, ebazpen honen eranskinetan ageri diren oinarrien arabera; proba horiek hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzei, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzei eta araubide bereziko Kirol Irakaskuntzei dagozkie.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura; era berean, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzura, Lanbide Gaitasunak Garatzeko Zerbitzura eta Lan Aktibaziorako eta Lurralde Koordinaziorako Zerbitzura; Ikasketak Antolatzeko Atalera, Inklusio Atalera, Arte Ikasketen Atalera, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2023ko otsailaren 9an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA
ZIKLOETAN SARTZEKO PROBEN DEIALDIA. 2023. URTEA

Deialdia

1. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probetarako deia egiten da, 2023. urterako, Nafarroako Foru Komunitatean.

Deialdia zuzendurik dago ezarritako inskripzio-baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei; bete beharreko baldintza horiek dira Nafarroan 2021. urteko sarbide proben deialdia arautu zuen otsailaren 24ko 11/2021 Ebazpenaren 1. eranskinean ezarritakoak.

2. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probarako deia egiten da, zehazki, honako modalitate hauetarako: ‘Zientziak eta Ingeniaritza’, ‘Osasun Zientziak’, ‘Gizarte Zientziak’, ‘Giza Zientziak’ eta ‘Arteak’.

Inskripzioa

3. Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probetan inskripzioa egiteko epea 2023ko martxoaren 8an hasiko da, eta martxoaren 17ko 14:00etan amaituko.

4. 2023. urteko proben deialdian aplikagarri izanen da, honako alderdi hauei dagokienez, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak otsailaren 24an emandako 11/2021 Ebazpenaren bidez 2021. urteko deialdirako ezarritakoa: inskripzio-eskaeren aurkezpena, proba egiteko egokitzapenak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, inskripzio-tasak eta onartutakoen behin-behineko zerrendei erreklamazioak.

5. Inskripzio-prozesurako eta onartutakoen behin-behineko eta behin betiko zerrendetarako egutegia ezarrita dago ebazpen honen 2. eranskinean.

Tasak itzultzea

6. Tasa ez da itzuliko, izangaiak baztertuak gelditzen badira berei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik.

Proben egutegia

7. 2023. urteko proben deialdian aplikagarri izanen da, honako alderdi hauei dagokienez, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak otsailaren 24an emandako 11/2021 Ebazpenaren bidez 2021. urteko deialdirako ezarritakoa: sarbide proben koordinazio epaimahaia eta ebaluazio epaimahaiak, sarbide proben egitura eta edukia, kalifikazioa, proben emaitzen aurkako erreklamazioak eta probak gainditu izanaren ziurtagiriak eta horien ondorioak.

8. Probak garatzeko eta horien emaitzetarako egutegia ezarrita dago ebazpen honen 2. eranskinean.

Zikloetan sartzeko probetako salbuespenak

9. Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak urtarrilaren 25ean emandako 4/2023 Ebazpenaren 1. 2. eta 3. eranskinetan ezarritako salbuespenak aplikatuko dira.

2. ERANSKINA

2023an Nafarroan zikloetan sartzeko proben deialdiaren egutegia

JARDUKETA

EGUNAK

Inskripzio-eskabideak aurkezteko epea

2023ko martxoaren 8tik 17ra

(14:00ak arte)

Azken eguna ikastetxeek inskripzioak EDUCAn sar ditzaten

2023ko martxoaren 24a

Azken eguna koordinazio epaimahairi igortzeko bai probarako egokitzapenaren eskaera, desgaitasuna dela-eta (inskripzioa egiten den ikastetxeak), bai berariazko zatian salbuespena eskatzekoa, lan-eskarmentua edukitzeagatik

2023ko martxoaren 30era arte

Onartutakoen eta egokitzapenen behin-behineko zerrenden argitalpena

2023ko apirilaren 5a

Behin-behineko zerrendei (onartutakoak eta egokitzapenak) erreklamazioak egiteko epea

2023ko apirilaren 10etik 14ra (14:00ak arte)

Onartutakoen behin betiko zerrendaren eta egokitzapenen ebazpenaren argitalpena

2023ko apirilaren 26a

Informazio argitalpena webgunean: izangaien gelaz gelako banaketa

2023ko maiatzaren 3a

(erdi eta goi mailako zikloak)

Goi mailako zikloetara sartzeko proba: ariketak egitea

2023ko maiatzaren 24a

09:30 Komunikazioaren eta gizartearen esparrua

15:30 Esparru zientifiko-teknologikoa

Goi mailako zikloetan sartzeko proba: zati orokorreko zein berariazko zatiko ariketak egiteko eguna (salbu Arteen modalitateko berariazko zatia)

Kirol Irakaskuntzetako goi mailako zikloetan sartzeko proba

2023ko maiatzaren 25a

09:30 Zati orokorra

15:30 Berariazko zatia

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko proben behin-behineko emaitzen argitalpena

2023ko maiatzaren 30a

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko proben behin-behineko emaitzen aurkako erreklamazioak egiteko epea

2023ko maiatzaren 31tik ekainaren 2ra (14:00ak arte)

Erdi eta goi mailako zikloetan sartzeko probaren behin betiko emaitzen argitalpena

2023ko ekainaren 8a

Proba gainditu izanaren ziurtagiriak (inskripzioa egiten den ikastetxean jaso behar dira)

2023ko ekainaren 14tik aurrera

Ziurtagiri partzialak (Hezkuntza Departamentuan jaso behar dira)

2023ko urriaren 23a

Iragarkiaren kodea: F2302336