42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 15ean hartua, Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordea sortzen duena.

Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak, 6. artikuluan, ezartzen du klima aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren gobernantza organoak direla: klima-aldaketaren eta energiaren arloan eskumena duen departamentua edo duten departamentuak, Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordea eta Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua.

Bestetik, 7. artikuluan, Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordeari klima-aldaketaren eta energiaren alorreko plangintza aplikatzearen ardura esleitzen dio, batzorde horren eginkizunak arautzen ditu, eta zehazten du lantalde edo lan batzorde izaera izanen duela eta, orobat, haren osaera, antolaera, beste organismo batzuekiko koordinazioa eta funtzionamendua Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez ezarriko direla, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoari jarraituz, eta irizpideak ematen ditu batzordeburua, batzordeburuordea eta kideak izendatzeko eta emakumeen eta gizonen ordezkaritza parekatua izan dadin.

8. artikuluak xedatzen du foru agindu baten bidez ezarriko dela Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluaren eta Departamentuarteko Batzordearen arteko koordinazioa; 11.2 artikuluak, berriz, Nafarroako Klima-aldaketaren Bulegoa arituko dela Departamentuarteko Batzordeko idazkaritza tekniko eta administratibo gisa; eta 25.6 artikuluak, azkenik, Departamentuarteko Batzordeari zaintza lana egitea dagokiola, koordinatuta egon daitezen ikerketa, garapen eta berrikuntza jarduketak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek klima-aldaketaren kontra eta energia-trantsizioaren arloan egiten dituzten gainerako urratsak.

Beraz, beharrezkoa da Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordea sortzea, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak xedatzen duena.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordea sortzea, Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak xedatzen duena.

2. Honako hauek osatuko dute Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordea:

a) Batzordeburua: batzordeburu izanen da Nafarroako Gobernuko lehendakaria edo hark eskuordetzen duen pertsona.

b) Batzordeburuordea: batzordeburuorde izanen da ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuko titularra edo hark eskuordetzen duen pertsona.

c) Batzordekideak:

–Energiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

–Ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren titularra.

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu bakoitzeko ordezkari bat, haren titularrak izendatua zuzendari nagusien artetik.

d) Idazkari gisa arituko da klima-aldaketaren arloan eskumena duen zerbitzuko zuzendaria.

Departamentuarteko Batzordean emakumeek eta gizonek presentzia eta ordezkaritza orekatua dutela bermatu beharko da.

3. Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 11.2 b) artikuluan xedatuarekin bat etorriz, Nafarroako Klima-aldaketaren Bulegoa sortutakoan, hura arituko da Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordeko idazkaritza tekniko eta administratibo gisa.

4. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordeak lantalde espezializatuak sortzea erabakitzen ahalko du, gai zehatzak aztertzeko. Lantaldeetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetako pertsonek parte hartzen ahalko dute, Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordeko kide izan gabe.

5. Erabaki hau Nafarroako Gobernuko departamentu guztietara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2302657