42. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

11/2023 FORU AGINDUA, otsailaren 16koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, prozedura arautzen duena abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuan aurreikusitako aldi baterako laguntza berezi hauek kudeatu eta ordaintzeko: nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzeko laguntza eta erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten errepide-garraioko enpresei produktu energetiko jakin batzuen prezioa ordaintzeko laguntza.

Abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuak, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko eta La Palma uhartearen berreraikuntzari laguntzeko neurriei buruzkoak, 24. artikuluan ezartzen du nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzeko laguntza.

Aldi baterako laguntza berezi hori zuzenduta dago nekazaritzan –baratzezaintza, abeltzaintza eta basogintza barne– erabiltzen duten erregaia Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 50.1 artikuluaren 1.4 epigrafeko motan ordaintzen duten pertsona fisiko edo juridikoei edo nortasun juridikorik gabeko enteei. Haren xedea da konpentsatzea kostuetan izan daitekeen gorakada, Ukrainako inbasioak sortutako egoeraren ondorioz 2023an erregaien prezioak garestitu dira-eta.

Laguntza horien onuradun izanen dira 2022an eskuratutako gasolioarengatik hidrokarburoen gaineko zergaren kuota itzulia izan dakien eskubidea aitorturik duten pertsonak edo entitateak, 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan ezarritakoaren arabera, baldin eta kuota horiek aurreko atalean aipatutako ustiategien titularrek ordaindu edo jasandakoak badira.

Laguntzen onuradunek 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte.

Bestetik 20/2022 Errege Lege-dekretuak 34. artikuluan laguntza bat ezartzen du erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten errepide-garraioko enpresei produktu energetiko jakin batzuen prezioa ordaintzeko.

Aldi baterako laguntza berezi hori zuzenduta dago 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan aurreikusitako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten ibilgailuen titularrei, baldin eta neurri honek irauten duen bitartean Espainian matrikulaturik badaude, eta laguntzaren helburua da petrolio-produktuen kostuak handitu izanak –Ukrainako gerraren ondorioz– errepide-garraioari eragin dion kaltea arintzea.

Laguntza horien onuradun izanen dira 38/1992 Legearen 52 bis.2 artikuluan ezarritako ibilgailuen titularrak, hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea badute, haien titulartasunpean Espainian matrikulatuta dauden ibilgailuen motorretan erregai gisa erabili den erabilera orokorreko gasolioagatik.

Laguntzen onuradunek 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan eta hura garatzeko araudian ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte.

Ezin izanen dira inola ere laguntzen hartzaile edo onuradun izan Europar Batasunak Errusiak Ukraina indarrez hartzearekin lotuta ezarri dituen zehapenek ukitutako pertsona fisikoak edo sozietateak. Muga horrek barne hartzen ditu Europar Batasunak Errusiak Ukraina indarrez hartzearekin lotuta ezarri dituen zehapenek ukitutako pertsonek, entitateek eta organoek kontrolatzen dituzten enpresak, eta Europar Batasunak Errusiak Ukraina indarrez hartzearekin lotuta ezarri dituen zehapenek ukitutako sektoreetan jarduten duten enpresak, laguntzak kasuan kasuko zehapenen helburuei kalte egiten dien neurrian.

Aipatutako 20/2022 Errege Lege-dekretuaren arabera, Foru Administrazioa da laguntza hauek tramitatzeko eta kudeatzeko eskumena duena, egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten onuradunei dagokienez.

Nafarroako Gobernuaren 2023ko otsailaren 15eko Erabakiaren bidez ezartzen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuari dagokiola 20/2022 Errege Lege-dekretuaren 24. eta 34. artikuluetan aipatzen diren laguntzak kudeatzeko eta tramitatzeko eskumena. Egokitzat jotzen da departamentu horren egituraren barruan arlo horren eskumena hartuko duen unitatea Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa izatea.

Horiek horrela, 20/2022 Errege Lege-dekretuak xedatzen duenaren arabera Nafarroako Foru Komunitateari dagozkion laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko prozedura arautzen da foru agindu honen bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.e) artikuluaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Bat.–Xedea eta aplikazio eremua.

Foru agindu honen xedea da abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuaren 24. eta 34. artikuluetan aurreikusitako aldi baterako laguntza berezi hauek kudeatu eta ordaintzeko prozedura arautzea, onuradunen egoitza fiskala Nafarroan dagoen kasuetarako: nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzeko laguntza eta erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten errepide-garraioko enpresei produktu energetiko jakin batzuen prezioa ordaintzeko laguntza. Errege Lege-dekretu hori Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko eta La Palma uhartearen berreraikuntzari laguntzeko neurriei buruzkoa da.

Bi.–Nekazaritzako ekoizleek kontsumitzen duten gasolioaren prezioa ordaintzeko aldi baterako laguntza berezia.

1. 20/2022 Errege Lege-dekretuaren 24. artikuluan ezarritako betekizunak bete eta egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean duten pertsona edo entitateen laguntza eskaera Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztutzat joko da honako hau aurkezten bada 2023ko apirilaren 1etik aurrera: hidrokarburoen gaineko zerga itzultzeko eskaera, nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen den gasolioari dagokionez, bat etorriz Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren maiatzaren 17ko 47/2021 Foru Aginduan ezarritakoarekin, haren bidez ezarri baitzen gasolioa erosteagatik nekazariek edo abeltzainek jasandako hidrokarburoen gaineko zergaren kuoten zati baten itzulketa egiteko prozedura.

Aldi berean eta batera tramitatuko dira laguntza kudeatzeko prozedura eta nekazaritzan eta abeltzaintzan erabiltzen den gasolioari dagokionez hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako tramitatutako prozedura; itzulketa partzial hori abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan eta hura garatzeko araudian dago aurreikusita.

2. Laguntza banku transferentzia bidez ordainduko da, 38/1992 Legearen 52 ter artikuluan aurreikusitako hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa zein kontutan ordaintzea agintzen den, kontu horretan.

3. Eskaera aurkezteko epea amaitu eta sei hilabete ondoren ez bada ez esleipenik ez ordainketarik egin, eskera ezetsi dela ulertzen ahalko da. Ustezko ezespen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen ahalko dira, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera.

Hiru.–Erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako eskubidea duten errepide-garraioko enpresei produktu energetiko jakin batzuen prezioa ordaintzeko aldi baterako laguntza berezia.

1. Egoitza fiskala Nafarroako Foru Komunitatean izanik 20/2022 Errege Lege-dekretuaren 34. artikuluan ezarritako laguntzen eskatzaile direnek 38/1992 Legearen 52 bis artikuluan eta hura garatzen duen araudian ezarritako betebehar guztiak bete beharko dituzte, bai eta Ekonomia eta Ogasuneko azaroaren 24ko 118/2022 Foru Legean ezarritakoak ere, haren bidez ezarri baitzen erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren zati bat itzultzeko prozedura.

Halaber, 20/2022 Errege Lege-dekretuaren 36.2 artikuluan aipatzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) Tramiteen Katalogoan dagoen tramite fitxan gaitutako estekaren bidez.

2. Laguntza eskuratzeko baldintza izanen da txikizkako salmentarako instalazioetan erositako gasolioa ordaintzeko 118/2022 Foru Aginduan araututako gasolio profesionaleko txartelak erabiltzea.

Gasolio profesionaleko txartelak gasolioa eskuratzeko berariazko ordainbide gisa erabiltzea hartuko da laguntza eskaeratzat.

Gasolioaren hornidura 118/2022 Foru Aginduaren 2.9 artikuluan aipatzen diren norberaren kontsumorako instalazioetan egiten denean, laguntza jasotzeko, titularrak bete beharko ditu hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa (38/1992 Legearen 52 bis artikuluan aurreikusia) kudeatzen duen foru aginduan ezarritako betekizunak eta betebeharrak.

3. Aldi berean eta batera tramitatuko dira laguntza kudeatzeko prozedura eta erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialerako tramitatutako prozedura.

4. Hilabete natural bakoitza amaitutakoan, administrazio eskudunak laguntzaren zenbatekoa kalkulatuko du, eta, kasua bada, hura ordaintzea erabakiko du.

5. Laguntza banku transferentzia bidez ordainduko da, onuradunak gasolio profesionalagatik egiten diren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen erroldan izena emateko eskaeran adierazi zuen kontuan.

6. Gasolioa eskuratu zen hilabete naturala amaitu eta sei hilabetean ez bada ez esleipenik ez ordainketarik egin, eskera ezetsi dela ulertzen ahalko da. Ustezko ezespen horren aurka berraztertzeko errekurtsoa eta erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen ahalko dira, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoaren arabera.

Lau.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra, eta 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2023ko otsailaren 16an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2302706