41. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EPEA IREKITZEA nekazaritzako elikagaien arloko misio komertzial zuzen batean parte hartzeko, Erresuma Batuko merkatuari begira.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Nazioarteko Planaren bidez, Nafarroako enpresa txiki eta ertainak nazioartekotzea bultzatzeko ekintza guztiak sustatzen ditu. Plan horren barruan, lehentasunezko merkatu batzuk identifikatu dira, eta horietara bideratu behar dira ahaleginak Nafarroako enpresak babesteko eta sustatzeko. Erresuma Batua da merkatu horietako bat.

Zehazki, Erresuma Batua merkatu estrategikoa da nekazaritzako elikagaien sektoreko Nafarroako enpresentzat, merkatuaren bolumena, kontsumo ohiturak eta herrialde horrekin dauden merkataritza harremanak direla-eta.

Ekintza honen helburua da Nafarroako produktuak merkatu horretan sustatzea, Erresuma Batuan sektoreko eragile espezializatuekin hitzorduak eginez.

Ekintza 2023ko maiatzaren 15etik 18ra gauzatuko da.

Erresuma Batua Espainiako nekazaritzako elikagaien merkatu nagusietako bat da (60 milioi biztanle baino gehiago ditu), per capita errenta handia du, eta Espainiako produktuek eta, oro har, Espainia markak ezagutza eta balorazio handia dute bertan, turismoari eta sukaldaritzari esker. Brexitaren ondoriozko trantsizio-aldi baten ondoren, inportatzeko tramiteak normalizatuta daude eta oro har ez dira oztopo. Hedatze- eta kontsumo-maila altua dela eta, produktu berritzaileek, bosgarren gamakoek eta balio diferentzialak dituztenek potentzialtasun handiagoa dute gaur egun.

NEKAZARITZAKO ELIKAGAIEN ARLOKO MISIO KOMERTZIAL ZUZENA ERRESUMA BATUKO MERKATUARI BEGIRA

Ekintzaren edukia

Finantzatutako ekitaldiak honako jarduera hauek bilduko ditu:

–Enpresei ongi etorria ematea eta hasierako bilera.

–B2B formatuko banakako bilerak antolatzea enpresa nafarren eta britainiarren artean.

–Misio komertziala eginen den egunetarako agenda komertziala eta aurreikusi diren jardueren programa biltzen dituen dokumentua ematea.

–Aurreikusitako joan-etorri guztien antolaketaren xehetasunak, kasu bakoitzerako garraiobide egokiena eta gomendatua adierazita.

–Saltoki handietara, supermerkatuetara eta denda espezializatuetara bisitak egitea, kontuan hartuta parte hartzen duten enpresa nafarren ezaugarriak, dagoen eskaintza ezagutzeko eta txikizkako segmentuan aurkezteko.

–Organismo instituzionalekin bilerak egiteko aukera, egun horietan horretarako egokiera badute.

–Garrantzizko eragileei buruzko informazioa eman eta haiekin harremanetan jartzea, enpresaren batek destinoko merkatuan ezartzeko asmoa baldin badu.

Parte hartzeko baldintzak

Ekintza honetan parte har dezakete baldintza hauek betetzen dituzten enpresek:

–Egoitza, egoitza sozial edo ekoizpen-zentro bat izatea Nafarroan.

–Herrialdean inportatzailerik ez izatea.

–Bere produktuak kategoria hauen artean egotea:

  • Barazki eta arrain kontserbak.
  • Oliba olioa eta ozpinak.
  • Haragi produktuak.
  • Ardoa.
  • Produktu ekologikoak.

–Ingelesez dagoen web orri bat izatea, eguneratua eta bere produktuen eskaintza behar beste azaltzen duena.

–Ingelesez dakien harremanetarako komertzial bat izatea, misioa izan aurretik, izan bitartean eta izan ondoren arreta emanen duena (curriculuma erantsi).

–Enpresek, produktu motaren arabera, Erresuma Batuan baliozko etiketa izatea edo hura ekintzarako egokitzeko prest izatea.

Eskaera aurkezteko epea

Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, 2023ko martxoaren 15eko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Atariaren zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz, Interneteko helbide honetan:https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-la-mision-comercial-directa-agroalimentaria-para-el-mercado-de-reino-unido.

Fitxa horretan, formulario bat betetzea eskatzen da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua

Misioan 8 enpresak parte har dezakete gehienez, eta gutxienez 5 enpresa beharko dira.

Parte-hartzaileak izena emateko ordenaren arabera hautatuko dira, eta, gutxienez ere, taldean egonen da ekintza honen xede diren produktu kategorietako bakoitzaren ekoizle den enpresa bat.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie misioa prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartzen bada, entitate parte-hartzailea beharturik egonen da ekintza gauzatzera, salbu eta behar bezala justifikatutako arrazoiengatik edo gerora sortutako ezintasunagatik.

Eskatu eta onartuta dagoen ekintza batera joan ezean, aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuak ez badira, aurrerago antolatuko diren ekintzetan parte hartzeko eskubidea galduko da.

Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den, denbora hori pasatuta, Erresuma Batuan egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 10ean.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2302299