41. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BARAÑAIN

Haurren Parte-hartzerako Udal Kontseiluaren Erregelamendua. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2022ko azaroaren 24an egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Haurren Parte-hartzerako Udal Kontseiluaren Erregelamendua.

Erabaki hori argitaratu zen 2022ko 248. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 13an, baita Barañaingo Udalaren iragarki-taulan paratu ere, eta espedientea 30 egunean egon zen jendaurrean. Hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 b) artikuluko manuei (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako manuen ondorioz, erregelamendua behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraikiz.

Behin betiko onespen-erabakiak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta haren aurka, aukeran, honako errekurtso hauek jar daitezke:

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraituta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2023ko urtarrilaren 31n.–Alkate udalburua, María Lecumberri Bonilla.

BARAÑAINGO UDALAREN HAURREN PARTE-HARTZERAKO UDAL KONTSEILUAREN ERREGELAMENDUA

Zioen azalpena

Haurren Parte-hartzerako Udal Kontseilua kontsulta- eta elkarrizketa-organo bat da, haurren eta helduen arteko ikaskuntza kolektiborako testuinguru bat egituratzen duena. Testuinguru horretan, Barañaingo bizitzari eta herritarrei eragiten dieten gaiei buruzko iritziak eman, baloratu eta ideiak proposatzen dira, tokiko eremuan erabakiak hartzeko, batez ere haurrentzako udal-politikekin zerikusia duten gaietan.

Erregelamendu honen xedea da Kontseilu horren antolaketa eta funtzionamendua arautzea. Kontseilu hori Barañaingo haurrak tokiko gobernuan ordezkatzeko eta aktiboki parte hartzeko udal-organo iraunkor eta egonkorra da, eta, aldi berean, bultzatzen du gizarte-ekimenaren parte-hartze aktiboa eta adingabeek parte hartzeko bideak ezartzea, haien interesak eta beharrak ezagutzeko.

Haurren parte-hartzea Nazio Batuek 1989an onartutako Haurren Eskubideen Konbentzioan deskribatutako oinarrizko eskubideetan oinarritzen da, eta jasotzen du haurrek dagozkien gai guztietan entzunak eta kontuan hartuak izateko duten eskubidea.

Hainbat eremutan modu eraginkorrean parte hartzeko eskubidearen subjektutzat hartzen dira haurrak Konbentzioaren 12. artikulutik 17.era bitarteko artikuluetan:

–12. artikulua: "Haurrak eskubidea du bere iritzia emateko eta iritzi hori kontuan hartua izateko berari eragiten dioten gaietan".

–13. artikulua: "Haur guztiek dute askatasunez hitz egiteko eskubidea, eta era guztietako informazioak eta ideiak bilatu, jaso eta zabaltzekoa, betiere beste pertsona batzuen eskubidea kaltetzen ez badute".

–14. artikulua: "Haurrak pentsamendu-, kontzientzia- eta erlijio-askatasunerako eskubidea du, aitaren eta amaren zuzendaritzapean, eta legeak ezarritako mugen arabera".

–15. artikulua: "Haur guztiek dute elkartzeko eta bilerak egiteko askatasuna, betiere hori beste pertsona batzuen eskubideen aurkakoa ez bada".

–17. artikulua: "Haur guztiek eskubidea dute informazio eta material egokiak jasotzeko, hainbat iturritatik datozenak, batez ere haien ongizate sozial, espiritual eta morala eta osasun fisiko eta mentala helburu duten informazio eta materialak".

Nafarroako adingabeen parte-hartze sozialerako eta asoziazionismorako eskubidea aitortzen da Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzeko maiatzaren 11ko 12/2022 Foru Legearen 17. artikuluan:

1. Nafarroako Administrazio Publikoek bultzatuko dute edozein adingabek bere inguruneko gizarte, kultur, arte eta josteta bizitzan parte har dezan; halaber, adingabeengan eragina duten gaietan esku har dezaten ere bultzatuko dute, bakoitzaren garapenaren eta gaitasunaren arabera betiere.

Horretarako, batetik, jarduketa eta zerbitzu espezifikoak jarriko dira, eta, bestetik, formulak, bitartekoak eta laguntzak jarriko dira adingabeen eskura, horien bidez errazagoa izan dadin dituzten interes eta iritziak adieraztea, haien eskariak jasotzea eta egiten dituzten proposamenak bideratzea; bitarteko horietan zentzuzko egokitzapenak eginen dira desgaitasuna duten adingabeentzat.

2. Adingabeek eskubidea dute ekimen eta proposamen jardueretan parte hartzeko, beren eskubideen sustapen eta defentsa jarduerei dagokienez nahiz haiei bideratutako laguntza eta babes jarduketei dagokienez.

Parte hartzeko moduetako bat Gazteen Parlamentua izanen da, zeinak eskatzen ahalko baitu bertan hitz egin dezatela eztabaidatu nahi dituzten gaietan edo haien ekimen eta proposamenen xede direnetan eskumena duten departamentuen ordezkariek.

3. Administrazio publikoek sustatuko dute haur eta gazte elkarteak eta adingabeentzako beste antolakuntza mota batzuk egotea, erraztasunak emanen dituzte horietako eta horien organoetako kide izan daitezen eta horien jardueretan parte har dezaten, elkartzeko eta adingabearen babes juridikorako eskubidearen arloko arauetan ezarritako moduan, inola ere behartu edo baldintzatu gabe horietan sartu edo egotera, eta laguntza emanen diete zuzendaritza organoetan adin nagusikorik ez izateagatik aholku eskatzen dietenei.

4. Administrazio publikoek sustatuko dute adingabeek boluntariotza-jardueretan parte hartzea.

Era berean, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 1. artikuluan, xede eta helburu gisa ezartzen da, besteak beste, jarduera publikoaren eta gobernu-ekintzaren gardentasuna arautzea eta bultzatzea, herritarrek arlo publikoa erabakitzean eta kudeatzean duten parte-hartzea eta lankidetza jakintzatik egitea sustatuz eta bermatuz, eta herritarrekiko harremana sortuz, demokrazian modu eraginkorrean sakontzeko.

Gobernu Irekia eta herritarren parte-hartzea eta lankidetza definitzen ditu 4. artikuluan:

a) Gobernu Irekia: funtzionatzeko modu bat da, herritarrekin etengabeko elkarrizketa abiarazteko gai dena, haiek esaten eta eskatzen dutena entzute aldera; bere erabakiak herritarren beharretan eta hobespenetan zentraturik hartzen dituena; herritarren parte-hartzea eta elkarlana errazten dituena bere politikak zehazteko, zerbitzu publikoak sortzeko eta eginkizunak betetzeko; informazioa ematen duena eta erabakitakoaren eta egindakoaren berri gardentasunez ematen duena; kalitaterako eta etengabeko hobekuntzarako irizpideen menpe jartzen dena; eta prest dagoena egindakoengatik kontuak emateko eta erantzukizuna bere gain hartzeko haren zerbitzuak jasotzen dituzten herritarren aurrean.

h) Herritarren parte-hartze eta elkarlan informatua: herritarren esku-hartzea eta inplikazioa, banaka nahiz taldeka, ezagutzatik abiatuz, Administrazioen politiketan eta haiei dagozkien eginkizunetan, herritarren eta Administrazio Publikoen arteko entzute aktiboa eta elkarrizketa ahalbidetuko dituzten prozesuen eta mekanismoen bitartez.

13. artikuluan aitortzen da edozein herritarrek benetan parte hartzeko eskubidea duela.

1. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera.

Barañaingo Haurren Parte-hartzerako Udal Kontseilua udal-organo iraunkor eta egonkorra da, haurren ordezkaritza eta partaidetza aktiboa duena udal-gaietan.

2. artikulua. Helburua.

Haurren Parte-hartzerako Udal Kontseiluaren helburu nagusia da haurren parte-hartzea erraztea eta hartan laguntzea, haien ikuspegia txertatuz haurrentzako udal-politikekin zerikusia duten gaietan, batez ere, baina ez horretan bakarrik.

Eginkizun hauek izanen ditu:

–Haurren arazoak identifikatzea eta haiei buruz eztabaidatzea, garapen jasangarriko helburuen inguruan, eta horiek konpontzeko alternatiba zehatzak planteatzea.

–Elkartekide ez diren haurren parte-hartzea sustatzea.

–Herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak sustatzea, jaien, aldarrikapen-ekitaldien, lantaldeen eta abarren bidez.

3. artikulua. Eginkizunak.

Barañaingo Haurren Parte-hartzerako Udal Kontseiluak honako eginkizun hauek ditu:

–Sustatzea haurrek bizitza publikoan aktiboki parte har dezaten.

–Barañaingo haurrak ordezkatzea.

–Barañaingo haurren beharrak identifikatzea.

–Udalerriko haurren bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak eta/edo neurriak proposatzea, garapen jasangarriaren helburuen inguruan.

–Talde parte-hartzailearen beraren garapen demokratikoa sustatzea.

–Haur eta nerabeek informazioa lortzeko eta ordezkari politikoekin eta tokiko beste eragile batzuekin hitz egiteko bidea izatea.

–Informazioa jasotzea, informatzea eta iritzia ematea Udalaren haur eta gazteen aurrekontu eta ondarearen kudeaketari buruz eta haurrei eragiten dien guztiari buruz.

–Egoki jotako lan batzordeak eratzea gai zehatzetan aritzeko, eta batzorde horietako kideak izendatzea.

–Esperientziak eta informazioa trukatzea beste haur kontseilu batzuekin.

II. KAPITULUA

Kontseiluaren antolaketa eta funtzionamendua

4. artikulua. Kontseiluko organoak.

Haurren Parte-hartzerako Udal Kontseilua honako organo hauek osatzen dute:

–Kontseiluko burua Kontseiluko partaide guztien artean hautatutako pertsona izanen da.

–Osoko Bilkura.

–Lan batzordeak.

1. ATALA

Kontseiluko burua

5. artikulua. Kontseiluko burua.

Kontseiluko burua Kontseiluan parte hartzen duten pertsona guztien artean hautatutako pertsona izanen da, eta egokitzat jotzen duen beste bat eskuordetzen ahalko du kargua betetzeko.

Kontseiluburu karguaren iraupena Kontseilu bakoitzaren agintaldiarekin bat etorriko da, eta bi urtekoa izanen da.

Kontseiluburuak eginkizun hauek izanen ditu:

–Kontseilua ordezkatzea eta haren jarduera zuzentzea.

–Bilkuretarako deia egitea, gai-zerrenda eta kideentzako zitazioak finkatzea, eta behar den dokumentazioa eranstea.

–Bilkuretan buru eta moderatzaile lanak egitea.

–Akta idaztea eta hurrengo bilkuran onestea.

–Kontseiluaren berezko helburuak betetzen direla eta bere jarduerak erregelamendu honetan xedatutakora egokitzen direla zaintzea.

–Berdinketa kalitateko botoarekin ebaztea, erabakiak adostasunez hartzen saiatu ondoren, jarrerak hurbilduz.

–Udalbatzari prozesuaren berri ematea.

–Udalerriko haurren parte-hartzea bermatzea.

–Kontseiluko kide guztien ekarpenak errespetatzea.

Kargua utziko du honako arrazoi hauengatik:

–Idatziz uko egitea izendatu zuen organoari zuzenduz, eta beste izendapen bat egitea ezarritako urteak betetzeko falta den denborarako.

–Kargutik kentzea, izendatu zuen organoak hala erabakita.

–Izendapenaren oinarri den kargua uztea.

–Udal erroldan baja ematea.

–Kontseiluan parte hartzeko epea amaitzea.

2. ATALA

Kontseiluaren osoko bilkura

6. artikulua. Osoko bilkuraren osaera.

Honako hauek osatuko dute Kontseiluaren osoko bilkura:

–Guztira 17 haur, kontseiluburua eta 16 kide, bat garapen jasangarriaren helburu bakoitzeko; Barañainen erroldatuta egon beharko dute, eta Lehen Hezkuntzako 5. eta/edo 6. mailako ikasleak izan beharko dira.

Ahalegina eginen da ordezkaritza proportzionatua bermatzeko mutilen eta nesken artean eta gaztelaniazko eta euskarazko hiztunen artean.

–Gazteentzako udal-programako hezitzaile 1 edo 2, edo haiek eskuordetzen dituzten teknikariak, dinamizazio eginkizunekin eta boto-eskubiderik gabe.

Aipatutako pertsonez gain, Kontseiluko buruak, baldin eta osoko bilkuran adostasuna badago, bere ekimenez edo osoko bilkura osatzen duen edozein kidek proposatuta, bileretara gonbidatzen ahalko ditu beste udal-jardun edo arlo batzuetako teknikariak edo bileran egotea komeni den beste edozein pertsona, bai eta borondatez parte hartu nahi duten haurrak ere.

Pertsona horiek parte hartzen ahalko dute, eta esaten dutena kontuan hartuko da, baina ez da loteslea izanen.

7. artikulua. Osoko bilkuraren eginkizunak.

Kontseiluaren osoko bilkuraren eginkizunak dira honako hauek:

–Deitutako bileretara joatea.

–Programatutako lan-planeko ekintzetan parte hartzea.

–Proposamenak egitea.

–Kontseiluaren jarduketak ezartzean jarrera positiboa izatea.

–Kontseiluko kide guztien ekarpenak errespetatzea.

–Udal-jarduketen garapenari buruzko unean uneko informazioa eskuratzea.

–Kontseiluak izendatzen dizkion batzordeetan parte hartzea.

8. artikulua. Osoko bilkuraren funtzionamendua.

Kontseiluaren osoko bilkura urtean bitan bilduko da ohiko bilkuran, eta bilkura berezia egiten ahalko da, beharrezkoa den guztietan, kontseiluburuak proposatuta edo haurrek eskatuta.

Kontseiluaren ohiko bilkurak gutxienez zazpi egun lehenago deituko dira, eta, bilkura berezia bada, berrogeita zortzi ordu lehenago. Deialdiarekin batera azalduko dira gai-zerrenda, bilera-eguna, ordua eta lekua, bai eta, hala badagokio, behar den dokumentazioa ere.

Eskola-jarduerekin bateragarria den ordutegian eginen dira, eskola-ordutegitik kanpoko salbuespenetan izan ezik, eta senideek lagundu behar dieten adingabeak jarduera egiten den tokira joatea errazteko moduan.

Kontseilua lehen deialdian behar bezala eratutzat joko da boto-eskubidea duten kideen erdia baino gehiago bertaratzen badira gutxienez, eta bigarren deialdian ordu erdi geroago, boto-eskubidea duten kideen kopurua edozein dela ere, betiere hiru baino gutxiago ez badira.

Bilkurak udal bulegoetan eginen dira, salbuespenak salbuespen, eta horietako bakoitzaren akta eginen du idazkaritzak, eta hurrengo bilkuran onetsi beharko da.

Kontseiluaren osoko bilkuran taldean lan eginen da, gainerako pertsonei hitz eginez eta entzunez, eta denei gustatuko zaizkien akordioak lortzeko negoziatuko da, egin beharreko zereginekin konprometituta. Parte-hartzaile guztien lankidetza izanen da.

9. artikulua. Parte-hartzaileak hautatzeko sistema.

Kontseiluko kide izateko hautatutako pertsonek Barañaingo auzoak eta bertan erroldatuak izan beharko dute. Erroldaren baldintza kontseiluan parte-hartzen den aldi osoan zehar bete beharko da.

Zozketa bidez hautatuko dira 17 parte-hartzaileak, abenduan horretarako eginen den ekitaldira joanen diren interesdunen artean; aldez aurretik emanen da ekitaldiaren berri.

Organoaren osaeran, Udalak ahalegina eginen du neskatilen eta mutikoen parte-hartzea berdintasunez eta parekotasunez bermatzeko, bai eta hizkuntza koofizialen presentzia orekatua bermatzeko ere.

Era berean, kontuan hartu beharko dira haurren eremuan dagoen aniztasunaren eta pluraltasunaren adierazgarritasunaren aldagai guztiak (kulturala, funtzionala, sexuala eta generokoa, jaioterrikoa, etab.), errealitatearekin ahalik eta gehien bat etor dadin.

Horretarako, Udalak askotariko parte-hartzea sustatuko du, eta profil desberdinetako hautagaiak sartzea sustatuko da.

Kontseiluko kide izateko, adingabeak badira, legezko tutoreen baimena aurkeztu beharko dute parte hartzeko.

Parte-hartzaileak bi urtean behin berrituko dira.

Parte-hartzaile bakoitza bi urte natural egonen da Kontseiluan (urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra), eta urtero organo parte-hartzailearen erdia berrituko da. Kargua uzteko, Lehen Hezkuntzako 6. maila egiten ari diren parte-hartzaileek izanen dute lehentasuna.

Organoa abian jartzeko ezarritako gutxienekoa 10 pertsona izanen da. Hala ere, borondatezko prozesua denez, baliteke ezarritako gutxienekora ez iristea. Kasu horretan, proiektua aurkezteko, komunikatzeko eta zabaltzeko prozesua berrikusiko da, egokitzeko eta aliantzak erakartzeko bigarren kanpaina bat proposatzeko. Bi hilabete igarotakoan, bigarren hautaketa-txanda bat deitzen ahalko da.

10. artikulua. Kontseiluko kideen kargu-uztea.

Kontseiluko kideek honako kasu hauetan utz dezakete kargua:

–Erregelamenduak ezarritako xede eta helburuak ez betetzeagatik, Udalak eskatuta.

–Kontseiluan parte hartzeko epea amaitzea.

–Uko egiteagatik.

–Udal-erroldan baja emateagatik.

3. ATALA

Lan batzordeak

11. artikulua. Izaera.

Haurren Parte-hartzerako Udal Kontseiluak lan batzordeen bidez bideratzen du bere jarduna. Lan batzorde horiek eratu dira haurren parte-hartzea ahalbidetzeko, gaiak lantzeko eta horiei heltzeko eta Kontseiluak horiek aurrera eramateko.

Kontseiluko buruak, gazte-programaren hezitzaileen edo eskuordetutako teknikarien aholkularitza teknikoarekin, proposatuko ditu lan batzordeen kopurua, horien helburuak eta horietako bakoitza osatzen duten haurren kopurua.

12. artikulua. Osaera.

Honako hauek osatzen dituzte lan batzordeak:

–Kontseiluko kide diren haurrak.

–Gazteentzako udal-programako hezitzaile 1 edo 2, edo eskuordetutako teknikariak, dinamizazio eginkizunekin eta boto-eskubiderik gabe.

–Udaleko teknikariak, gaiaren arabera beharrezkotzat jotzen bada.

Era berean, aztertu beharreko gaiagatik lan batzordeetan parte hartzeko komenigarriak diren beste pertsona batzuk gonbidatzen ahalko ditu Kontseiluko buruak.

Behar adina Lan Batzorde eratzen ahalko dira, finkoak edo aldakorrak, eta intereseko gai bati edo adin-talde jakin bati lotutako lantaldeak izanen dira. Teknikariek dinamizatuko dituzte, eta bilerak haiek osatzen dituzten pertsonek ezarriko dituzte.

13. artikulua. Lan batzordeen eginkizunak.

Lan batzordeek honako eginkizun hauek izanen dituzte:

–Kontseiluaren osoko bilkurari aholku ematea agintzen zaizkion gaietan.

–Barañaingo udalerrian haurrentzat garrantzitsuak eta esanguratsuak diren gaiak aztertzea eta ikertzea.

–Azterlan eta ikerketen txostenak eta ondorioak Kontseiluaren osoko bilkurari aurkeztea.

–Tokiko haurren errealitatearekin bat datozen proposamen alternatiboak egitea, garapen jasangarriko helburuen inguruan.

–Kontseiluaren osoko bilkurari bilkura bakoitzaren berri emanen diote, akta bidez.

14. artikulua. Funtzionamendua.

Lan batzordeak eginen dira beren lana egin ahal izateko behar adina aldiz.

Lan batzordeen bilerak eskola-orduetan eginen dira.

Gazteriaren arloko udal-teknikariek edo haiek eskuordetzen dituztenek deituko dituzte bilera horiek.

Deialdia bilera egin baino bost egun natural lehenago eginen da gutxienez.

Deialdiarekin batera, aztertu beharreko gaien zerrenda eta aurreko bilkurako akta aurkeztuko dira. Udal gazteria-programako hezitzaileek edo haiek eskuordetzen dituzten teknikariek zuzenduko dituzte lan batzordeak.

Batzordeen jarduera gauzatzeko proposamenak Kontseiluaren osoko bilkurari aurkeztuko zaizkio.

Era berean, lan batzordeek egindako eskaeren eta, hala badagokio, batzorde horiek egindako txostenen berri emanen zaio osoko bilkurari.

Bileren akta eginen da, eta, bertan jasoko dira, oro har, aztertutako gaiak, ondorioak eta bozketen emaitzak, halakorik balego.

Batzordeetan taldean lan eginen da, gainerako pertsonei hitz eginez eta entzunez, eta denei gustatuko zaizkien akordioak lortzeko negoziatuko da, egin beharreko zereginekin konprometituta. Lankidetza guztiena izanen da.

Kontseiluaren proposamenak Udalari bidaliko zaizkio, aztertu, baloratu eta dagokion ebazpena eman dezan.

4. ATALA

Parte-hartzaileen eskubideak eta betebeharrak

Haurren eta Nerabeen Udal Kontseilua osatzen duten pertsonek honako eskubide hauek dituzte:

–Hitza eta botoa edukitzea parte hartzen duten saio guztietan. Beren erabakien arrazoiak ere adieraz ditzakete.

–Lan batzordeetan eta osoko bilkuran landuko diren gaiei buruzko informazioa izatea.

–Lan batzordeen eta osoko bilkuraren bilkura bereziak eskatzea.

–Gai-zerrendan sartzeko proposamenak eta iradokizunak aurkeztea.

–Eskatzen zaion ekitaldi guztietan Kontseiluaren ordezkari izatea, baina horrek ez du esan nahi kontseiluburuak ez duenik izanen dagokion ordezkaritza-lan orokorra.

–Gai-zerrenda ezagutzea bilera bakoitza egin aurretik. Era berean, landu diren edo landuko diren gaiei buruzko informazio eta dokumentazio nahikoa izatea, denbora nahikoarekin.

–Eskaerak eta galderak egitea.

–Udalari aurkezten zaizkion proposamenen ebazpena jasotzea.

–Udalaren datu pertsonalen tratamenduari buruzko informazioa jasotzea, datu pertsonalak bildu aurretik, eta 14 urtetik beherakoen kasuan, gurasoen edo tutoreen baimen informatua jaso beharko da.

Haurren Udal Kontseilua osatzen duten pertsonek honako betebehar hauek dituzte:

–Lan batzordeen eta osoko bilkuraren bileretara joatea.

–Betetzea Erregelamenduak jasotzen dituen arauak eta lan batzordeek eta osoko bilkurak onesten dituzten arauak.

III. KAPITULUA

Kontseilua desegitea

16. artikulua. Kontseilua desegitea.

Haurren eta Nerabeen Udal Kontseilua desegitea udalaren osoko bilkuraren eskumena da. Desegiteko erabakia legeak ezarritako moduan jakinarazi beharko da.

17. artikulua. Lan batzordeak desegitea.

Kontseiluaren osoko bilkurak berak desegiten ahalko ditu lan batzordeak, edo, bestela, buruaren ebazpen baten bidez, Haurren eta Nerabeen Udal Kontseiluaren osoko bilkurari horren berri emanez.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Osoko bilkurari dagokio erregelamendu hau onestea, aldatzea eta indargabetzea.

AZKEN XEDAPENA

Haurren Parte-hartzerako Kontseiluaren barne funtzionamendurako erregelamendu hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, Estatuko edo Foru Komunitateko administrazioek toki-erakundeen egintza edo erabakiak indargabetzeko eskatzeko duten eskumena erabiltzeko epea amaitu ondoren.

LEGEDIA

–Nazio Batuen Haurren Eskubideen Adierazpena, 1959ko azaroaren 20koa.

–Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa, Nazio Batuen Batzarrak 1989ko azaroaren 20an onetsia. Espainiak 1990eko azaroaren 30ean berretsia.

–Haurraren Eskubideen Europako Gutuna. Europako Parlamentuak 1992ko irailaren 21ean onetsia.

–Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna. Europako Parlamentuak, Ministroen Kontseiluak eta Europako Batzordeak 2000ko abenduaren 7an aldarrikatua. 2007an eraberritua.

–Gazteek tokiko eta eskualdeko bizitzan duten parte-hartzeari buruzko Europako gutun berrikusia. Europako Kontseilua, 2003.

–Espainiako Konstituzioa (1978ko abenduaren 6a).

–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.

–39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

–1/1996 Lege Organikoa, urtarrilaren 15ekoa, Adingabeen Babes Juridikoari buruzkoa. Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua.

–12/2019 Foru Legea, martxoaren 22koa, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzkoa.

–Nafarroako Foru Komunitatean Familiei, Haurrei eta Nerabeei Laguntza Emateko II. Plan Integrala (2017-2023).

–12/2022 Foru Legea, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa.

Iragarkiaren kodea: L2302170