41. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

9/2023 FORU DEKRETUA, otsailaren 15ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua aldatzen duena. Aipatu erregelamendua otsailaren 8ko 7/2010 Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen.

ZIOEN AZALPENA

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak 14. artikuluan xedatzen du autonomia erkidegoko lege baten bitartez arautuko direla gizarte kontseiluaren osaera eta eginkizunak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legeak 23.1 artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak prestatuko du bere antolaketari eta funtzionamenduari buruzko erregelamendua, eta Nafarroako Gobernuaren esku utziko du, hark onets dezan.

Nafarroako Gobernuak, 2010eko otsailaren 8an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua onetsi zuen 7/2010 Foru Dekretuaren bidez.

Ondoren, aipatutako 7/2010 Foru Dekretua partzialki aldatu zen otsailaren 23ko 16/2022 Foru Dekretuaren bidez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak gehitutako berrikuntzak txertatzeko, eta, zehazki, bilkurak eratzeko eta egiteko bitarteko elektronikoen erabileraren erregulazioari buruzkoak. Era berean, agintaldia amaitzean kargudunek jardunean jarraitzeari buruzko testua argitu zen, eta hizkera inklusibora egokitu zen.

Berriki, azaroaren 28ko 32/2022 Foru Legeak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legea aldatu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren osaeran ekonomia sozialaren sektoreko ordezkari bat sartzeko, ekonomia soziala unibertsitate-eremuan sar dadin eta, horrela, ekonomia sozialaren eta unibertsitatearen arteko harremanetan laguntzeko. Hala, azaroaren 28ko 32/2022 Foru Legeak xedatzen duenez, gizarte kontseilua osatzen duten kideen kopurua hemeretzi izatetik hogeita bat izatera igarotzen da, foru legearen 9.3 artikuluari, organoaren osaerari buruzkoari, d letra gehitzen baitzaio, zeinak ezartzen baitu Nafarroako interes sozialak ordezkatzen dituzten kideetako bi izendatuko direla Nafarroako ekonomia sozialean ordezkaritza handiena duen edo duten antolakundeak edo antolakundeek proposatuta.

Azaroaren 28ko 32/2022 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuak hiru hilabeteko epean egokitu behar du Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua, otsailaren 8ko 7/2010 Foru Dekretuaren bidez onetsia, egindako aldaketara egokitzeko.

Aurrekoa ikusirik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak proposatu zuen bere Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamenduaren 2. eta 4. artikuluak aldatzea.

Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko otsailaren 15ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren Antolaketari eta Funtzionamenduari buruzko Erregelamendua, otsailaren 8ko 7/2010 Foru Dekretuaren bitartez onetsitakoa.

Testu hau izanen dute erregelamenduko 2. eta 4. artikuluek:

"2. artikulua. Araubide juridikoa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren araubide juridikoa ezarrita dago Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legean, 15/2008 Foru Legea aldatzen duen azaroaren 28ko 32/2022 Foru Legean, erregelamendu honetan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan eta aplikazio orokorreko gainontzeko legezko eta erregelamenduzko xedapenetan".

"4. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluaren osaera.

Hogeita bat kidek osatzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseilua, haietatik seik unibertsitate komunitatea ordezkatzen dutela eta beste hamabostek Nafarroaren interes sozialak, bat etorriz Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluari buruzko uztailaren 2ko 15/2008 Foru Legearen 9. artikuluak eta 15/2008 Foru Legea aldatzen duen azaroaren 28ko 32/2022 Foru Legearen 1. artikuluak xedatzen dutenarekin".

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko otsailaren 15ean.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2302653