40. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

JAITZ

Aldaketa, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Jaizko Udalak, 2021eko urtarrilaren 22an egindako bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen udal ordenantzaren aldaketa.

Hasierako onespenaren iragarkia 2021eko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 8an.

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2022ko abuztuaren 18ko ebazpen baten bidez, haren erregulazioaren zati bat baliogabetu da, eta, beraz, aldatutako ordenantza argitaratzen da.

Jaitzen, 2023ko urtarrilaren 27an.–Alkatea, Francisco Javier Eraso Azqueta.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea, Jaizko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua egiteko.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-ondasunen gaineko arauak hauek dira: Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Jaizko Udalari dagokio herri-lurretako ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmena, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-ondasunen inguruan Jaizko Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzin, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Jaizko Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen diren kasuetarako edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Jaizko Udalaren ondarera itzuliko lirateke herri-ondasun gisa.

Horretarako, jarraituko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Jaizko Udala ahaleginduko da herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen, eta kontra eginen dio haiendako kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Jaizko Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jaizko Udalak Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Jaizko Udalak osoko bilkuran hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Jaizko Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurreko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri-lurretako ondarerako berreskuratzearren transakziorik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Jaizko Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Jaizko Udalak herri-ondasunei buruzko kontratuetan parte hartzen duenean, berak interpretatuko ditu kontratu horiek, eta berak ebatziko ditu, halaber, haiek betetzean sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Jaizko Udalak herri-ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, posible izanen da herritarren ekimena, horretarako ezartzen den eran. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Jaizko Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

c) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

d) Herri-lurren aprobetxamendua erlategia jartzeko.

e) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Jaizko Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta lurrok duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori.

16. artikulua. 1. Oro har, Jaizko herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Bizilagun gisa izena emana egotea Jaizko Udalaren babespeko kontzeju batean, gutxienez ere urtebeteko antzinatasunarekin.

c) Urtean bederatzi hilabetez bederen egiazki eta jarraian bertan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

16. artikulua. 2. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.

16. artikulua. 3. Artikulu hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren zalantzak Jaizko Udalak osoko bilkuran argituko ditu, banan-banan.

17. artikulua. Herri-lurrak itxi ahal izateko ezinbestekoa izanen da aldez aurretik Jaizko Udaleko Alkatetzak idatzizko baimena ematea. Herri-lurrak eta jabetza pribatukoak ezin izanen dira inola ere batera hesitu.

18. artikulua. Aprobetxamenduak ezin izanen dira onuradunen artean trukatu interesdun nahiz ukituek aldez aurretik eskabide bateratua egin eta euren adostasuna erakutsi eta Udalaren baimena izan ezean.

19. artikulua. Udalak baliorik gabe utz dezake herri-lurraren adjudikazioa, osotara nahiz zati batekoa, zuhaitzak landatzea zein Nafarroako Gobernuak baimendutako bestelako hobekuntzak sustatzen dituenetan, baldin eta onuradunaren herri-lurretako aprobetxamenduei, behin-behinekoz zein behin betikoz, eragiten badiete. Hori egin baino lehenago, bere asmoen berri eman beharko dio onuradunari.

Horren haritik, aprobetxamenduaren errentamendua bertan behera gelditze hutsak ez dio eskubiderik emanen onuradunari inolako kalte-ordainik jasotzeko.

II. KAPITULUA

Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua

20. artikulua. Laborantzako herri-lurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak.

b) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko adjudikazioa edo Jaizko Udalaren zuzeneko ustiapena.

Udalak laborantzako herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko modu horiek erabiliko ditu, bata bestearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

1. ATALA

Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak

21. artikulua.

1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitateen titular diren herritarrek 16. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek egon beharko dute, guztira, aipatutako soldata eta erdiaren azpitik.

2. Familia-unitatean ezintasun fisikoa edo psikikoa duen kiderik baldin badago, agiri bidez frogatuta, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ren pareko diru-sarrera.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapitala, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, baita horien antzeko beste edozein datu ere.

22. artikulua. Aprobetxamendua ez da 8 urtetik beherakoa izanen. Urte anitzeko laboreen kasuan, eta Udalak baimendu ondoan, epe hori laborearen bizitzaren arabera luzatu ahal izanen da.

23. artikulua. Udalbatzak urtero onetsiko du herri-lurretako lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %50 baino gutxiago.

Udalak finkatuko du herritar bakoitzari adjudikaturiko laborantzako lurraren azalera, kontuan harturik herri-lurrak norainoko aukerak ematen dituen.

24. artikulua. Onuradunek zuzenean eta pertsonalki landu beharko dituzte herri-lurzatiak, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo lan pertsonala ez den beste era batez ustiatu.

Onuradunei adjudikaturiko lurzatien laborantza batzuen artean egitea ere hartuko da zuzeneko laborantza pertsonaltzat, baldin elkartzen badira kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan eta kide guztiek betetzen badituzte 16. artikuluan adierazitako baldintzak.

25. artikulua. Ordenantza honen ondorioetarako, zuzeneko laborantza pertsonaltzat hartuko da baldin adjudikaziodunak berak nahiz haren familia-unitateko kideek egiten badituzte laborantza lanak, ordenantza honen 16. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik hartu gabe, salbu horretara behartzen badituzte urtaroen edo nekazaritza ustiapenaren gorabeherek. Alabaina, zuzeneko laborantza pertsonala egiteko ahalmenik ez da galduko, udal honen iritzian, laborantza pertsonala egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko beste arrazoiren batengatik soldatapekoak hartzen direnean. Halakoetan, hamabost eguneko epean jakinaraziko zaio Jaizko Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo besteren bat, Udalaren iritziz, behin betikoa bada eta herri-lurretako lurzatien zuzeneko laborantza pertsonalik egiterik ez bada, 26. artikuluan xedatua aplikatuko da.

26. artikulua. Ezintasun fisikoa edo besteren bat izateagatik onuradunak ezin baditu lurzatiak zuzenean eta pertsonalki landatu, adjudikatzeko momentuan edo aprobetxamenduaren epean, Udalak adjudikatu eginen ditu hurrengo aprobetxamendu moduaren bidez, hau da, herritarren arteko adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduaren bidez. Jaizko Udalak lurzatien onuradunei adjudikaziotik ateratako diru-sarrerak ordainduko dizkie, kanona kendu ondotik.

Udalak izanen du ahalmena erabakitzeko noiz dagoen ezintasun fisikorik edo beste arrazoiren bat, eta egokiak iruditzen zaizkion agiriak eskatuko ditu.

Beren laborantza apartzerian ematen edo lagatzen duten onuradunei herri-lurzatiak kenduko zaizkie adjudikazioaldia bukatu arte.

Herri-lurzatiak kentzen zaizkien onuradunek Udalaren Diruzaintzan sartu beharko dituzte apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak.

27. artikulua. Jaizko Udalak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla ziurtatzeko.

–Erabakiko da honako kasu hauetan ez dutela egiten zuzeneko laborantza pertsonalik:

a) Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikaturiko herri-lurrak lantzeko.

b) Nekazaritzako etekinak ez aitortzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenean , aitortu beharra izanda.

c) Adjudikatutako herri-lurzatiak ez sartzea familia-unitateko kideen nekazaritzako politika bateratuaren laguntzen aitorpenean, edo hura ordeztu dezakeen aitorpenean, horrek ondorioak baldin baditu ustiategien erregistroari dagokionez.

d) Adjudikatutako lurzatien barnean lantzeko modukoak diren lurren %80 gutxienez ez lantzea. Halakoetan kanona ordaindu beharko da nolanahi ere.

e) Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarren batzuei errentan ematea.

f) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko aitorpena edo nekazaritzako politika bateratuko laguntzena, edo ustiategien erregistroko ziurtagiria aurkezten ez badute, Udalak datuak egiaztatzeko eskatutakoan.

g) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta agindu epean aurkezten ez badira: lurra lantzea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

–Zuzeneko laborantzatzat hartuko da:

a) Belarrak eta bazka: moztu gabe saltzen ahal dira, baina adjudikaziodunak berak egin beharko ditu ereintza eta gainerako lanak.

b) Laboreak: onartuko da kontratatu dadila herbizida botatzea, uzta biltzea eta fardoak egitea.

2. ATALA

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak

28. artikulua. Lurzatiak 1. atalean ezarritakoaren arabera banatu ondoan, gelditzen diren laborantzako herri-lurrak, bai eta onuradunek zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean adjudikatuko dira, 16. artikuluan eta ondokoetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak diren herritarren artean.

29. artikulua. Udalak finkatuko du herritarrendako adjudikazio zuzeneko loteen azalera, eskura diren lurren arabera.

30. artikulua. Adjudikazioaren epea 22. artikuluan ezarritako berbera da. Zozketa bidez adjudikatuko dira loteak.

31. artikulua. Aprobetxamendu mota honetan, herri-lurretako lurzatien onuradunek ordaindu beharreko kanona Udalbatzak onetsiko du, lur motaren arabera. Kanona ez da izanen txikiagoa antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino.

Zenbateko hauek proposatutako kanonari dagozkio. Hura Nafarroako aurreko urteko kontsumoko prezioen indizearen arabera eguneratuko da urtero. (Gora egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; behera egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

32. artikulua. Adjudikaziodunak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25., 26. eta 27. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

33. artikulua. Udalak beretako gordeko du laborantzako herri-lurren azaleraren %5, gehienez ere, onuradun berriei adjudikatzeko.

3. ATALA

Udalak zuzenean egindako ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Jaizko Udalak, lehen eta bigarren ataletan ezarritako prozedurak aplikatu ondoren, laborantzako lurrik baldin badago sobera, enkante irekian eginen du adjudikazioa; azken horri emanen zaion epea hurrengo banaketa egin behar den unean bukatuko da.

Adjudikazio-hartzaileak berak zuzenean eginen du laborantza eta, horretarako, 24., 25. eta 26. artikuluetan xedatuari jarraituko zaio.

Udalak ezarriko du erregu bakoitzeko hasierako prezioa; inguruan antzeko ezaugarriak dituzten lurren errentamendu-prezioaren parekoa izanen da. Zenbateko horiek urtero eguneratuko dira, kontsumoko prezioen indizearen arabera.

Enkantea egin ondoren laborantzako lurrik soberan bada, Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. ATALA

Adjudikatzeko prozedura

35. artikulua. Jaizko Udalak aitzinetik erabakia hartu eta iragarki-taulan ediktua paratuta, hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eskubidea dutela uste dutenek herri-lurzatien adjudikazioa eska dezaten.

36. artikulua. Eskaerei erantsiko zaie honako alderdi hauei buruzko zinpeko deklarazioa:

a) Herriko biztanleak izatea, gutxienez urtebete lehenagotik, eta udalerrian urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzea.

b) Egunean izatea udal honekiko betebehar fiskalak.

c) Familia-unitatea osatzen duten kideak. Lehentasuna duten herritarrentzako aprobetxamenduak eskatzen dituztenek adieraziko dute ea haietariko inork duen ezintasun fisikorik edo psikikorik.

d) Familia-unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai udal honetan bai besteetan; lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztuko da.

e) Familia-unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz besteko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak, bai udal-mugarte honetan bai besteetan, lehorreko lurrak edo ureztalurrak diren zehaztuta.

f) Familia-unitateko kide bakoitzaren hiri-lurreko ondasunen zergapeko kapitalak, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, bai udal-mugarte honetan bai beste batzuetan.

g) Familia-unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, Gizarte Segurantzako pentsioen bidezkoak edo bestelako errentetakoak.

Zinpeko deklarazioa egiaztatzeko, Jaizko Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 21.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Jaizko Udalak, osoko bilkuran bildurik, adjudikazio modu bakoitzera –lehentasunezkoa edo herritarren artekoa– onartu direnen zerrenda onetsiko du. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzean onartutakoen behin-behineko zerrenda Udalaren iragarki-taulan jarriko da 15 egun balioduneko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin-behineko zerrenda zuzenean behin betikoa bilakatuko da.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, horien gaineko ebazpena emanen du, eta onetsiko du herri-lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda, modu bakoitzerako.

40. artikulua. Ikusita herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduaz baliatzeko eskubidea duten familia-unitateen titularren behin betiko zerrenda, adjudikatuko dira ordenantza honetan ezarritako ezaugarriak eta azalerak dituzten loteak.

Laborantzako herri-lurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak, zozketa bidez, laborantzako loteak adjudikatuko dizkie herritarrendako adjudikazio zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden familia-unitateen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen araberakoak izanen dira.

Lurzatien adjudikazioa burututa, onuradunen eta horiei dagozkien herri-lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki-taulan. Zerrendak Udalak onetsiko ditu, osoko bilkuran.

41. artikulua. Alegaziorik baldin bada argitaratutako zerrenden aurka, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzarako herri-lurren aprobetxamenduen adjudikazioa.

Kontzejuak laborantzako herri-lurren aprobetxamendurako onesten dituen oinarrietan, finkatuko da adjudikazioaren hasieran ordaindu beharreko fidantzaren zenbatekoa; zenbateko hori adjudikazioa bukatutakoan itzuliko da.

III. KAPITULUA

Herri-larreen aprobetxamendua

42. artikulua. Jaizko Udalaren herri-larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Enkante publikoan adjudikatuz.

43. artikulua. Herri-lurretako larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak izanen dira ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateetako titularrak. Aziendak alta emanda egon behar dute Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Zentsuaren Erregistroan, eta ustiapen liburuan ere jasota.

44. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku dira azpierrentamenduan ematea eta lagatzea. Hori dela eta, Jaizko Udalak uste izanen du ez direla herri-larreak zuzenean aprobetxatzen familia-unitateko bizilagun titularrek haien azienda kentzen dutenean Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintzako Zentsuaren Erregistrotik.

45. artikulua. Herri-larreak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, frogatzen duena betetzen dituela indarra duten arauetan eskatzen diren baldintzak.

Bertan larratzen ahal dira Nafarroako Foru Komunitateak baimentzen dituen abeltzaintza-espezieak.

46. artikulua. Jaizko Udalak, aitzinetik onuradunei ohartarazita, eraginik gabe utz ditzake aprobetxamendu horien adjudikazioak, herri-lurretan hobekuntzak egitea bultzatzen duenean.

47. artikulua. Herritarren arteko banaketan larrerik soberan gelditzen bada, enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira, Jaizko Udalak osoko bilkuran erabakitzen duen denborarako eta indarra duen araudiari eta ordenantza honetan aplikatzekoa denari loturik.

48. artikulua. Aprobetxamenduaren banaketa zehazteko, honako baliokidetasun hauek finkatu dira azienda moten artean:

a) Behor aziendako buru bakoitzeko behi-aziendako buru 1.

b) Behi-aziendako buru bakoitzeko ardi-aziendako 8 buru.

c) Ahuntz azienda bakoitzeko ardi 1.

Udalbatzak onetsiko du herri-lurzatien onuradunek aprobetxamendu modu honetan ordaindu behar duten kanona.

Proposaturiko kanona urtero eguneratuko da, Nafarroako aurreko urteko KPIaren arabera. (Gora egiten badu, proportzio berean igoko da prezioa; behera egiten badu, berriz, bere horretan utziko da).

IV. KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

49. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Jaizko Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

50. artikulua. Jaizko Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Jaizko Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

51. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ez du zilegi izanen saltzea.

52. artikulua. Egurra banatzean Jaizko Udala irizpide sozialetan oinarrituko da, eta diru aldetik apalenak diren familia-unitateei emanen die lehentasuna.

53. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako familia-unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Jaizko Udala irizpide objektiboetan oinarrituko da, ordenantza honen 21. artikuluan islatzen den bezala.

54. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

55. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera egurra eraman eta gero; hondakin horiek ezin dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten bestelako tokietan. Ingurua garbi utzi beharko da, hondarrik eta adarrik gabe.

Eskatzaileek urtebeteko epean egin eta bildu beharko dute epaitza, hurrengoa eskatu aurretik.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei ukatu eginen zaie aprobetxamendua.

56. artikulua. Haizeak edo elurrak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatzen ahalko dira salbuespen gisa, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko da basozainaren eta Jaizko Udalaren onespena.

Zuhaitz berberei buruzko eskaera bat baino gehiago badago, izen-emateen araberako zerrenda bat sortuko da, eta, ahal bada, banaketa bidezkoa eginen da eskatzaileen artean. Ezinezkoa bada, aipatutako ordenaren arabera banatuko da.

Baldin izena eman dutenetako batek mota horretako aprobetxamenduren bat jaso badu eskabidea egin duen urtean bertan edo aurrekoan, automatikoki zerrendan azken postura igaroko da.

V. KAPITULUA

Ehizaren aprobetxamendua

57. artikulua. Herri-lurrak sartuz eratutako barrutietako ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraituz gaiari buruzko araudian ezarritakoari.

VII. KAPITULUA

Herri-lurren aprobetxamendua erlategia jartzeko

58. artikulua. Zerga-egitatea da herri-lurrak okupatzea/lagatzea erlauntzekin erlezaintzan aritzeko.

59. artikulua. Erlategiak paratzeko herri-lurren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Udalak aurrekontu arruntean.

60. artikulua. Herri-lur aski izan eta aldez aurretik desafektatzeko espedientea izapidetu eta Nafarroako Gobernuak baimena emanik (Herri-lurren Departamentua), Jaizko Udalak baimena emanen die ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

61. artikulua. Herri-lurren erlezaintzako aprobetxamendurako baimenak arautuko dira kasu bakoitzean Udalak, osoko bilkuran, onesten dituen baldintza-agirien bidez.

Erlezain orok indarra duen legeriak ezartzen dituen betebeharrak izanen ditu.

Erlezaintzako ustiategien titularrek erlauntz bakoitza identifikatu beharko dute, ikusteko moduko tokian eta irakurtzeko maneran, marka ezabaezin baten bidez; zer ustiategitakoa den, harexeri esleituriko kodea agertuko da bertan. Orobat, ohartarazi beharko da hor erleak daudela, ikusteko moduko lekuan eta erlategitik hurbil. Ohartarazpen hori ez da beharrezkoa izanen finka hesiturik baldin badago eta erlauntzak hesitik 25 metrora baldin badaude, gutxienez.

Segurtasun eremua: Segurtasun-eremua: erletxe edo erlategi orok babesteko itxitura bat izan beharko du, inguruan aziendarendako dagoenaren antzekoa.

Erlauntzetarako, kalteen eta erantzukizun zibilaren gaineko asegurua izan beharko du, indarrean.

VIII. KAPITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

62. artikulua. Herri-lurren okupazioa, herri-lurretan harrobiak ustiatzea eta herri-lurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Jaizko Udalak prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

IX. KAPITULUA

Hobekuntzak herri-ondasunetan

63. artikulua. 1. Jaizko Udalak indarrik gabe utzi ahal izanen ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek honako xedea baldin badute:

a) Haien gaineko kargak kentzea.

b) Herri-lurrak hobetzea.

c) Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.

63. artikulua. 2. Proiektu horiek Udalak nahiz herritar interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.

63. artikulua. 3. Hona hemen halako kasuetan jarraiki beharreko prozedura:

a) Udalaren erabakia, proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua onesteko.

b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Udalaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

63. artikulua. 4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei ordainduko zaizkie sorrarazten zaizkien kalteak eta galerak, baita lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.

64. artikulua. Toki erakundeak onetsiko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

65. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Udalak ezartzen dituen epeetan.

c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea herritarrentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.

d) Aprobetxamenduaren %80, gutxienez ere, ez erabiltzea.

e) Aprobetxamenduaren mugak iragatea eta/edo haren ezaugarriei dagokienez gehiegikeriaz jokatzea.

f) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

g) Udalak adjudikatu gabe, herri-lurrak lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.

h) Landaketa iraunkorrak egitea (fruta-arbolak etab.), Udalaren baimenik izan gabe.

i) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.

j) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legea eta hura garatzen duen erregelamendua.

k) Animalia hilak abandonatzea, ingurumenari eta osasunari buruzko arauak urratuz.

l) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

m) Herri-lurra itxi, okupatu edo bertan eraikitzea.

n) Herri-lurren sarbideak okupatzea.

o) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion beste edozein egitate edo egintza.

66. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:

–a), b), c), d) eta l) arau-hausteengatik, emakida kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea, eta errealitate fisikoa lehengoratzea, aldatu baldin bada.

–i) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikazioduna izateko eskubidea.

–Gainerako arau-hausteetan, ordaindu beharko da egindako kaltearen balioaren halako bostetik halako hamarrera bitarte, eta errealitate fisikoa lehengoratu beharko da, aldatu baldin bada. Balio hori zehazterik ez badago, ezarriko da 60,10 euro eta 1.202,02 euro bitarteko zehapena.

–Zehapen-prozedura bideratuko da jarraikiz urriaren 1eko 39/2015 Legeari (lege horrek tratatzen du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau behin betiko onestean indarrik gabe geldituko dira gainerako udal ordenantzak, arautzen dituztenak Jaizko udal-mugarteko herri-ondasunen administrazioa, xedapen-egintzak, defentsa, berreskuratzea eta aprobetxamendua.

Iragarkiaren kodea: L2301515