40. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GAZTELUBERRI

Ordenantza, herri-larreen aprobetxamendua arautzen duena. Behin betiko onespena

Gazteluberriko Udalak, 2022ko azaroaren 5ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Gazteluberriko bazkalekuetako larreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Bazkaleku horietan sartzen dira bai finka partikularrak bai herri-lurrak, batera ustiatu izan baitira, tradizioko ohitura, legea edo hitzarmena dela medio.

Bazkalekuak honako hauek dira:

–Zona de Abajoko bazkalekua: 287 hektarea.

–La Sierra bazkalekua (El Monte ere deitua): 1680 hektarea.

–El Boyeral bazkalekua: 218 hektarea.

Haien kokalekua, mugak eta gutxi gorabeherako azalera ordenantza honen I. eranskinean ageri dira.

Jendaurreko informazioaren izapidea egin da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat. Hala, bizilagunek eta interes legitimoa zutenek espedientea aztertu ahal izan dute 30 egun balioduneko epean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zenetik zenbatzen hasita. Epe horretan ez dute aurkeztu erreklamaziorik, kexarik edo oharrik.

Horrenbestez, aipatu ordenantza behin betiko onesten da.

Gazteluberrin, 2023ko urtarrilaren 17an.–Alkate udalburua, José Hernández Aristu.

ORDENANTZA, GAZTELUBERRIKO UDAL-MUGARTEAN LUR PARTIKULARRETAKO ETA HERRI-LURRETAKO LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Gazteluberriko bazkalekuetako larreen adjudikazioa eta aprobetxamendua arautzea, betiere jarraikiz xedaturik dagoenari uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapituluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 186. artikuluan eta hurrengoetan, eta bat datorren araudian.

Gazteluberriko udalerriko larreak arautzen dituen ordenantza honetan xedatzen ez den orotarako, honako hauetan araututakoa aplikatuko da: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen IV. tituluko II. kapitulua (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 186. artikulua eta hurrengoak (erregelamendu hori onetsi zen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez), eta bat datorren araudia.

2. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza indarrean jarriko da Gazteluberriko Udalak onesten duenean, jendaurrean jartzeko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko izapideak bete ondotik, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

3. artikulua. Definizioa eta zerrenda, eta onartutako azienda.

Gazteluberriko udalerriko bazkalekuetako larreak eratzen dituzte hainbat finka partikular eta herri-lur elkartuz osaturiko larre ustiapeneko unitateek, lur horiek batera ustiatu izan baitira, tradizioko ohitura, legea edo hitzarmena dela medio.

Hona hemen horien zerrenda:

–Zona de Abajoko bazkalekua, 287 hektarea.

–La Sierra bazkalekua (El Monte ere deitua): 1680 hektarea.

–El Boyeral bazkalekua, 260 hektarea.

Haien kokalekua, mugak eta gutxi gorabeherako azalera ordenantza honen I. eranskinean ageri dira.

Helburu harturik udalerriko basoa gordetzea, hura basoberritzea eta landaketa berriak ugaltzea, azienda larriak erabil ditzan baino ezin izanen dira adjudikatu Gazteluberriko bazkalekuetako larreak.

Azienda xehearen jabeek baimena eskatzen ahalko diote Udalari laborantza-eremuetan larratzeko, edo basoari edo basoberritzeari kalterik egiten ez zaien eremuetan. Baimen hori ematen ahalko zaie, baldin eta halakoen aprobetxamendua bateragarria bada nekazarien eta Udalaren beraren interesekin.

4. artikulua. Herri-larreak adjudikatzeko moduak.

Ordenantza honek arautzen du direlako bazkaleku horietan dauden belarren eta uren aprobetxamendua, bat etorriz ezarrita dagoenarekin urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren II. kapituluan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua) eta uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen II. kapituluko bigarren atalean (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Bazkalekuen adjudikazioa modu hauetan eginen da:

a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.

b) Usadioari jarraikiz.

Eta, bestela,

c) Enkante publikoan adjudikatuz.

5. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak.

Orokorrean, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez, familia-unitateak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduen onuradun, baldin haien titularrak honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi izatea, edo adingabe emantzipatua edo judizialki gaitua, edota legez eratutako pertsona juridikoa izatea.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urteko antzinatasunez.

c) Gazteluberrin urtean 9 hilabetez bederen benetan bizitzea.

d) Udalarekiko betebehar fiskalak egunean izatea.

e) Abeltzaintzan jardutea. Lanbide hori behar bezala frogatu beharko du Udal honen iritzirako; orobat, azienda bertan erroldaturik eduki beharko du eta/edo indarreko abeltzain-kartilla eduki beharko du, aditzera emanik zenbat abelburu dauzkan, bai eta aziendaren osasun-ziurtagiria ere.

f) Erabilera zuzenean eta pertsonalki egitea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso erretirodunek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin eta haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak badira.

Onuradunei adjudikatutako lurzatien aprobetxamendua hainbaten artean egitea zuzeneko aprobetxamendu pertsonaltzat hartuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lantaldeetan elkartzen direnean, edo pertsona juridikoa eratzen dutenean, baldin eta –aukera horietako edozeinetan– kide guzti-guztiek betetzen badituzte 18. artikuluan adierazitako baldintzak.

Zuzeneko aprobetxamendurik ez dagoela iritziko zaio, adjudikaziodunak baja ematen badio bere aziendari edo abeltzain-jarduerari, ez badu aitortzen abeltzaintzako etekinik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, azken hori egitera beharturik egonik, eta eskatzen zaizkion agiriak aurkezten ez baditu horretarako emaniko epean, zuzeneko aprobetxamendua justifikatzeko agiriak eskatzen zaizkionean (abeltzainen gizarte segurantzako egiaztagiriak, albaitarien ziurtagiriak, erosketenak edo beste).

Gazteluberriko Udalak noiznahi eskatzen ahalko ditu agiri horiek, adjudikazioa indarrean den bitartean, eta adjudikaziodunak agiriok aurkeztu beharko ditu hamabost eguneko epean.

Herri-larreen zuzeneko aprobetxamendua ez konplitzeak berekin ekarriko du adjudikazioa bertan behera gelditzea eta galtzea; arau-hausleak ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik izanen, eta erabilitako denbora ordaindu beharko du.

Herri-bazkalekuen adjudikazioa hartu duen familia-unitatearen titularrak abeltzaintza uzten baldin badu ezarritako epea baino lehen, Udalak erabakiko du larre horiek nola erabili, adjudikazio epea burutu arte.

6. artikulua. Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren prozedura.

Ordenantza behin betiko onetsitakoan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, 15 eguneko epea ezartzen da, interesatzen zaien bazkalekuak adjudikatzeko eskabidea aurkez dezaten ordenantza honen 5. artikuluko b apartatuan jasoriko baldintzak betetzen dituztenek.

Horretarako, eskatzaileek eskabidean justifikatuko dute betetzen dituztela ordenantzaren bosgarren artikuluan eskatzen diren baldintzak, eta adieraziko dituzte beren titulartasuneko abelburuen kopurua eta espeziea, dagokien osasun-ziurtagiria erantsirik, bai eta erabili nahi dituen bazkalekuen zerrenda ordenatua ere. Orobat, idazki bat aurkeztuko dute Udalari baimena emateko, adjudikazioaren irizpide eta baldintzekin lotutako zerga datuak eska diezazkien Zerga Ogasunari, Estatuko Zerga Agentziari, eta gaiaren ardura duen Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuari, hain zuzen, ordenantza honek arautzen duen arloan eragina izan dezaketen ustiapenaren edo jardueraren ezaugarriei buruzko datuak, datu babestuak barne.

Aurkeztutako informazioa egiaztatzen ahalko du Udalak, hura alderatuz udal bulegoetan dagoenarekin eta beste administrazioetatik biltzen duenarekin. Halaber, egoki jotzen duenean, abelburuak zenbat ditzake.

Adjudikazioa erabakiko da eskatutako bazkalekuaren arabera eta abelburu kopurua ikusita.

Zuzeneko adjudikazioa izateko eskubidea duten zenbait bizilagunek bazkaleku bera aukeratzen badute, Udalak eskatzaile guztiei adjudikatuko die bazkalekua, bideragarri irizten badio. Bizilagun horiek kanona proportzioan ordainduko dute, kontuan harturik bakoitzak daukan abelburu kopurua.

Zenbait bizilagun baldin badaude bazkaleku bererako, zuzeneko adjudikaziorako eskubidea dutenak, eta Udalak irizten badio ez dela posible baterako adjudikazioa egitea, abeltzainen abelburu kopuruen artean aldea ez bada %20tik gorakoa, zozketa eginen da adjudikazioa emateko, antzeko abelburu kopuru hori daukaten abeltzainen artean.

7. artikulua. Adjudikazioa.

Gazteluberriko Udalak behin-behinean eginen du adjudikazioa. Behin-behineko adjudikazioa egin ondotik, 10 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko, baina halakorik ez bada, adjudikazioa behin betiko onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

8. artikulua. Bazkaleku-erreserba.

Baldin eta bazkalekuen errentamenduaren epean agertzen bada beste eskatzaileren bat, zuzeneko adjudikazioaren sisteman onuradun izateko baldintzak betetzen dituena, adjudikaziodunek bazkalekuen %20 utzi beharko diote, Udalaren eta adjudikaziodunen artean adostutako eremu batean.

Adostasunik lortu ezean, Udalak erabakiko du zer eremu utzi behar duten.

9. artikulua. Bazkalekuen balorazioa eta ordainketa.

Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren sisteman, bazkalekuen onuradunek ordaindu beharreko kanona izanen da bazkalekuen balio errealaren %90; hori guztia, bat etorriz xedaturik dagoenarekin uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluan (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta 280/1990 Foru Dekretuaren 188. artikuluan (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Toki Erakundeen Ondasunen gaineko Erregelamendua).

Udalak adjudikazio bakoitzean ezarriko du bazkalekuen balorazioa.

Kanona urtero eguneratuko da, nekazariek edo abeltzainek jasotako prezioen aldakuntzaren arabera, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

Adjudikazioaren prezioa Gazteluberriko Udalari ordainduko zaio. Urteko kanona ordainduko da adjudikazioaren urtebeteko epe bakoitzeko lehen hilean. Lehen urtean, ordainduko da hilabeteko epean, behin betiko adjudikaziotik zenbatzen hasita, eta hurrengo urteetan, urte bakoitzeko egun hori baino lehen.

10. artikulua. Adjudikazio epea.

Zortzi urte izanen dira, larreak adjudikatzen direnetik hasita. Larreetan indarrean diren aprobetxamenduak ordenantza berriari egokituko zaizkio, haien adjudikazioa iraungi orduko.

Adjudikazioa bukatuta, beste adjudikazio bat eginen da ordenantza honetan zehaztutakoari jarraikiz eta zortzi urterako, gutxienez.

11. artikulua. Fidantzak.

Adjudikaziodun bakoitzak Udalaren aldeko fidantza edo banku-abal bat gordailutu beharko du bereganatzen dituen betebeharrei erantzuteko, 8 urteetarako adjudikazioaren zenbatekoaren %4koa. Hau da, urteko adjudikazioaren zenbatekoa 8 urteekin biderkatuko da, eta azkenean fidantza zenbateko horren %4 izanen da.

Klausulak honek berak, zenbateko berberak jasorik, agertu beharko du abeltzain bakoitzarekin egiten diren kontratuetan. Jasotzen ez bada, artikulu honetan ezarritakoa aplikatuko da.

12. artikulua. Bazkalekuak askatzea.

Bazkalekuetan sartzen dira bai finka partikularrak, bai herri-lurrak, ustiapeneko unitateak eraturik tradizioaren poderioz antzina-antzinatik. Jabeek eta Udalak bazkalekua askatzen ahalko dute, bat etorriz Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioa edo Foru Berria onetsi zuen martxoaren 1eko 1/1973 Legeko 382. Legean ezarritakoarekin.

13. artikulua. Banaketa ekonomikoa.

Banaketa ekonomikoa honela eginen da: %60 finka partikularren jabeentzat, eta gainerako %40a Udalarentzat, bazkalekuak mantentzeko sorrarazitako gastuengatik Udalak ordaindu duena kendu ondoan. Banaketa eginen da jabeen azaleran oinarriturik, orain arte tradizioz egin den eran.

14. artikulua. Adjudikaziodunen betebeharrak.

Adjudikaziodunak betebehar hauek izanen ditu:

a) Adjudikatu zaizkion lurrak azpierrentamenduan ez ematea beste inori, ez eta eskualdatzea ere.

Herri-larreen aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta debekatuta egonen da azpierrentamendua edo lagapena. Nolanahi ere, familia-unitateko beste kide bati eskualdatzen ahalko zaio onuradunak erretiroa hartzen badu, gaixotzen bada edo hiltzen bada. Horretarako baldintza izanen da adjudikazioa eragin zuen abeltzaintza-ustiategiaren titular berriak idatziz eskatzea –gainerako onuradunen esanbidezko adostasunarekin– eta Udalak baimentzea. Titular berriak aurreko onuradunari zegozkion eskubide eta betebehar guztiak subrogatuko ditu geratzen den aprobetxamendu-eperako, eta solidarioki erantzunen du Udalaren aurrean.

Ondorio horietarako, Udalak iritziko dio herri-larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen familia-unitate adjudikaziodunaren titularrek abeltzaintza-ustiategian baja ematen dutenean.

Zuzeneko errentamendu pertsonaltzat hartuko da, baldin onuraduna aziendazainez baliatzen bada bere titulartasuneko aziendak larreak aprobetxa ditzan.

b) Uko egitea.

Erabiltzeko interesik ez badu, adjudikazioari uko egin beharko dio, eta lurrak Udalaren esku utzi, horrek komenigarrien ikusten duen eran adjudika ditzan, ezertan galarazi gabe ordenantza honen 16.k artikuluan xedatutakoa.

c) Mantentze-lanak.

Adjudikazioaren egunean hartutako egoeran mantentzea eskortak, itxiturak, atakak, idoiak eta gainerako instalazioak, eta eragindako kalte-galerei erantzutea jarritako fidantzaren edo abalaren bidez.

Abeltzainen kontura izanen dira eskorten eta haien instalazioen mantentze-lanak, kontserbazioa eta ohiko konponketak adjudikazioak dirauen bitartean, bai eta ureztaketa sistemen edo erretenen garbiketa ere, horiek inguratzen edo zeharkatzen dutenean eskortaren, instalazioen, erdi-tokiaren, edo larrearen eremua. Horregatik, aprobetxamendua bukatzean, edo titularrak jarduera utziz gero, Alkatetzak eskorta eta instalazioak aztertuko ditu, eta erabilera okerrak eragindako kalteak edo anomaliak ikusten badira, Udalak konponketaren kostua eskatzen ahalko dio adjudikaziodunari. Horrek ezin izanen du eskorta inola ere itzuli adjudikazioa hartu zuenean baino egoera okerragoan.

d) Hobekuntzak.

Bazkalekuetan eginiko hobekuntza guztiak adjudikaziodunaren kontura izanen dira, eta horiek egiteko Udalaren baimena izan beharko du. Baimen hori eman edo ukatu eginen da Nafarroako Gobernuko Larreen Saileko teknikariek aholkua eman ondotik. Adjudikazioaren epea iragandakoan, hobekuntza horiek Udalarentzat izanen dira, kosturik batere izan gabe.

e) Kalteak saihestea.

Nekazariek eta abeltzainek kalterik izan ez dezaten, laborantzei dagokienez, larre aprobetxamenduaren erabilera eta ohiturak errespetatu beharko dituzte hala herri-lurretako adjudikaziodunek nola abeltzainek edo lurren jabeek.

Bestela, ekintza behar bezala ikertuko da, eta bide eman lezake Alkatetzak isuna jartzeko, ordenantza honetan xedatutakoaren arabera.

Zona de Abajoko bazkalekuaren adjudikazioari dagokionez, laborantzetan kalteak gertatzea saihesteko, azienda ezin izanen da sartu Udalak urtero baimendu baino lehen, ediktu bidez. Udalak kontuan izan beharko ditu lurren egoera eta nekazarien eta abeltzainen interesen arteko oreka, gatazkarik izan ez dadin batzuen eta besteen artean.

f) Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea betetzea.

Herri-larreak erabiltzen dituen aziendak osasun-ziurtagiria beharko du, Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legean eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzeko, eta bete egin beharko ditu lege horretan nahiz haren erregelamenduan jasoriko baldintza guztiak, edo aplikatzekoa den legedian jasotzen direnak.

g) Erantzukizun zibileko asegurua.

Adjudikaziodunek erantzukizun zibileko aseguru bat izan beharko dute, haien aziendak eragindako kalteei erantzuteko, halakorik eraginez gero. Adjudikaziodunak beti izanen du kalte horiek ordaintzeko beharra.

h) Kalteak.

Kalterik ez eragitea ez bazkalekuan bertan, ez gainerako bazkalekuetan, oroz gain basoan, basoberritzeetan, landaketa berrietan edo eremu babestu eta laborantzetan. Betiere, ordenantza honen 16. ordenantzan xedaturiko zehapenak ezartzen ahalko dira.

15. artikulua. Arau-hauste administratiboak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a.–Ez betetzea xedaturik dagoena herri-larreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko foru legean eta haren erregelamenduan, edo aplikatzekoa den legedian,

b.–Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

c.–Azienda sartzea bazkaleku batean, horren adjudikaziodun izan gabe.

d.–Azienda larratzea edo iraganaraztea ordenantza honetan baimentzen ez diren lekuetan eta garaietan.

e.–Adjudikaturiko bazkalekua azpierrentamenduan ematea edo eskualdatzea.

f.–Adjudikaziodunaren jabetzakoa ez den aziendak bazkalekuaren aprobetxamendua egitea.

g.–Ez betetzea ordenantza honen 5. artikuluko baldintzaren bat, herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren kasuan.

h.–Udalari ez jakinaraztea, hiru hilabete lehenagotik, abeltzaintzako jarduera utzi izana.

i.–Adjudikaziodunak edo haren edozein enplegatuk su ematea edo nahita suteak eragitea egokitu zaion bazkalekuan, horretarako baimenik izan gabe.

j.–Eskorta, idoi, itxitura, belardi eta gainerako instalazioetan kalte egitea.

k.–Ez errespetatzea belarren adjudikazio-epeak edo larreen kanona ordaintzeko epeak.

l.–Ez errespetatzea kasuan kasuko bazkalekuaren mugak.

m.–Kalteak eragitea bazkalekuko basoan, basoberritzeetan, landaketa berrietan edo eremu babestuetan.

n.–Azienda xehea larratzea udal bazkalekuetan Udalaren baimenik izan gabe, edo baimenean ezarritako baldintzak betetzen ez dituen eran.

16. artikulua. Zehapenak.

Arau-hausteek zehapen hauek izanen dituzte:

15. artikuluko a, e, f, g, e eta i apartatuei dagozkien arau-hausteengatik, kontzesioa azkenduko da.

15. artikuluko b, c, d, h, j eta l apartatuei dagozkien arau-hausteengatik isunak ezarriko dira, gehienez 500 eurokoak, salbu eta d puntuko kasuan arau-hauslea ez bada bazkalekuaren adjudikazioduna, halakoetan isuna 1.500 eurokoa izanen baita.

Hori guztia, ezertan ukatu gabe ondasun publikoetan edo hirugarren batzuenetan eragindako kalteen ordainketa, kalteen egileek bidezko moduan ordainduko baitituzte.

k letran jasotako arau-haustearengatik, 8 urteko desgaikuntza zigorra ezarriko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko, eta kontzesioa azkenduko da, honako kasu hauetan:

a) Bazkalekuaren kanona ez ordaintzeagatik, ordaintzeko errekerimendua jaso eta hilabeteko epean. Horrez gain, jarritako fidantza galduko da, eta zor den kanona ordaindu beharko da.

b) Adjudikaziodunak berariaz nahiz isilbidez uko egiteagatik bazkaleku bat erabiltzeari. Isilbidezko uko egitetzat hartuko da Udalaren errekerimendu bati ez erantzutea 30 eguneko epean, betiere Udalaren aburuz bazkalekuen aprobetxamendurik ez dela egiten zantzu nabariak badira. Horrez gain, jarritako fidantza galduko da, eta zor den kanona ordaindu beharko da.

c) Bazkaleku bat uzten duenak ordaindu beharko du adjudikazioari oraindik gelditzen zaizkion urteetako kanona, salbu eta Udalaren aburuz hura utzi bada era arrazoitu eta justifikatuan (adjudikaziodunaren erretiroa edo ezintasuna, azienda saldu izana, etab.)

m letran jasotako arau-hausteagatik, kontzesioa azkenduko da, adjudikaziodun izateko zortzi urteko desgaikuntza zigorra ezarriko da, eta 3.000 euroko isun bat.

n letran jasotako arau-hausteagatik, 1.500 euroko isuna ezarriko da, eta Udalak ohartarazi ondoren errepikatzen bada, 1.500 eurokoa lehen bi aldietan, eta 3.000 eurokoa hurrengoetan.

17. artikulua. Kalte-galerak.

Jabari publikoko ondasunetan, herri-ondasunetan edo hirugarrenen ondasunetan egindako kalteak ordaindu beharko dituzte horien eragileak, bidezko den eran.

18. artikulua. Sobera gelditutako larreen enkante publikoa.

Herritarrentzako banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoan adjudikatuko dira, 8 urterako, betez egungo araudia eta ordenantza hau, aplikatzekoak diren alderdiei dagokienez.

Enkantea iragarri beharko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta toki-erakundearen iragarki-taulan, enkantearen eguna baino hamabost egun natural lehenago gutxienez, bat etorriz urriaren 29ko 11/2004 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin (Nafarroako toki araubidea gaurkotzeko Foru Legea) Alabaina, bigarren eta hirugarren enkanteetarako, aski izanen da Udalaren iragarki-taulan iragartzea, haietako bakoitza egin baino bost egun lehenago, gutxienez.

Udalak ezarriko du hasierako prezioa, aintzat hartuz enkantean jartzen diren larreen balio erreala.

Udalak klausula-agiri bat onetsiko du enkante bakoitzerako.

Enkantean parte hartzen ahalko dute kontratatzeko gaitasuna duten pertsonek eta entitateek, hau da: jarduteko gaitasuna izan beharko dute, eta ekonomia-kaudimena frogatu, baldintza-agirian zehazturiko baldintzen arabera, eta ez dute izan beharko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 22. artikuluak kontrataziorako ezartzen duen debekurik (Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea).

Onuradunek izanen dituzte abeltzaintzan jarduteko nahitaezkoak diren baimen eta baldintzak, eta behar bezala frogatuko dituzte.

Egiten diren enkanteetan sesta ematen ahalko da, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 231. artikuluan xedaturikoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten edo berarekin bat heldu ez diren udal ordenantza eta xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.

I. ERANSKINA

Kokalekua, mugak eta gutxi gorabeherako azalera

Iragarkiaren kodea: L2301036