40. ALDIZKARIA - 2023ko otsailaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

"El Romeral" kirol-instalazioak kudeatzeko zerbitzuak emateko kontratuaren suntsiarazpena. 2/2020 espedientea

Castejongo Udalak, 2023ko urtarrilaren 26an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki bat hartu zuen. Hona hemen haren testu osoa:

IKUSIRIK:

I.–2021eko ekainaren 15ean, Castejongo Udalaren eta Kirol Kudeaketa 2011 SLUren artean sinatu zen Castejongo El Romeral kirol-instalazioak kudeatzeko zerbitzua emateko kontratua (2/2020 Espedientea), Udalbatzaren osoko bilkurak 2021eko maiatzaren 27an erabaki ondoren kontratu hori aipatutako enpresari adjudikatzea, lehiaketa arautu zuen kontratazioaren baldintza-agiri arautzailean eta eskaintza teknikoan, ekonomikoan eta konpromiso sozialetan eskatutako baldintza eta betekizunekin, bai eta eskaintzaren balio-iritziaren mende jarritako baldintza eta irizpide kualitatibo guztiekin ere.

2020ko urriaren 29an hasi zen kontratazio-espedientea, Udalaren osoko bilkurak Castejongo El Romeral kirol-instalazioen kudeaketa kontratatzeko kontratazio-espedientea eta agiri arautzailea onetsi zituenean. Europako atalasearen gainetik dagoen kontratazio-prozedura irekiaren bidez izapidetu zen, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legean ezarritakoaren arabera.

II.–Kontratuak izaera administratiboa eta zerbitzu-emakidako kontratuaren izaera du. Bertan, ordainsaria zerbitzua ustiatzeko eskubidea da, Udalak urteko dirulaguntza bat emanda, baldintza-agiriko 15. klausulan ezarrita geratu zena.

Kontratuaren exekuzioa arautuko dute kontratuari erantsitako agiri arautzaileak (kontratuaren legea da, eta indar loteslea du bi alderdientzat), baldintza-agiriko preskripzio teknikoek, eskaintza teknikoak, balio-judizioaren mendeko irizpideek eta formula bidez kuantifikatu daitezkeen irizpideek eta Kirol Kudeaketa 2011 SLUk lehiaketaren lizitazioan egindako eskaintza ekonomikoak (kontratuaren zati gisa sartu ziren).

III.–Kontratua Kudeatzeko Unitateak zerbitzua ematean izandako hainbat ez-betetze eta akats ikusi eta ohartarazi dizkio enpresari. Ez-betetze eta akats horiek jasota daude emakida hasi zenetik kontratuaren jarraipena egiteko egin diren lan-mahaien aktetan, unitate kudeatzaileak 2022-12-15ean egindako justifikazio-memorian (espediente honi erantsi zaio) eta espedientean dauden txosten teknikoetan.

Laburbilduz, memoria horretan aipatzen diren kontratua gauzatzeko ez-betetze astunenak honako hauek dira:

–Enpresa hornitzaileei eta langile autonomoei fakturak ez ordaintzea; horrek baldintza-agiriko 15., 17.1 eta 21. klausulak –adjudikaziodunak ordaindu beharreko gastuak– eta baldintza-agiriko 48. (v) eta (vi) klausulak ez betetzea dakar.

–Udalarekin zorrak izatea, zentroaren jarduerari eusteko ezinbestekoak diren faktura jakin batzuen ordainketa bere gain hartu behar izan baitu; horrek baldintza-agiriko 15., 16. eta 17. klausulak ez betetzea dakar.

–Baldintza-agiriaren 12. klausulan eskatutako dokumentazioa behar bezala eta epean ez aurkeztea, eta zerbitzua hasi zenetik instalazioaren ustiapenaren benetako kontuak behin eta berriz ez aurkeztea; horrek baldintza-agiriaren 12. klausula ez betetzea dakar.

–Lan-arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrei ez aurre egitea, langileei soldatarik ez ordaintzeagatik. Horrek baldintza-agiriko 15., 17.1, 18. eta 21. klausulak ez betetzea dakar.

–Instalazioa behar bezala erabiltzeko eta funtzionatzeko beharrezkoak diren ekipamendua eta materialak konpontzeko, mantentzeko eta berritzeko lanak ez egitea; horrek baldintza-agiriko 1., 17. eta 21. klausulak ez betetzea dakar.

KONTUAN HARTURIK:

Lehenengoa.–Baldintza-agiriaren 20. klausulan ezarritakoaren arabera:

«Kontratua suntsiarazteko arrazoiak dira EFPLren 147.3, 160.1 eta 232. artikuluetan jasotakoak, bai eta honako hauek ere:

–[... ]

–Adjudikazio-irizpideetan eskainitako eta balioetsitako baldintzak ez betetzea.

–Kontratistak lan-arloan, Gizarte Segurantzaren arloan eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan dituen betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea. [..]»

Kontratua exekutatu bitartean langileei soldatak ez ordaintzea espresuki suntsiarazteko kausa bat da: EFPLren 160.1 i) artikuluan ezarritakoa, hain zuzen.

Bigarrena.–Kontratazio-organoak ofizioz erabakitzen ahalko du kontratua suntsiaraztea, EFPLren 160.3 artikuluan legez ezarritako moduan izapidetutako prozeduraren bidez. Suntsiarazteko arrazoiak eta ondorioak aplikatzeko, EFPLren 160., 161. eta 232. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

Kontratistaren erruzko ez-betetzeagatik suntsiarazten bada kontratua, bermea konfiskatuko zaio kontratistari, eta, gainera, eragindako kalte-galerak ordaindu beharko dizkio Administrazioari, konfiskatutako bermearen zenbatekoa gainditzen duten kopuruan.

Hirugarrena.–EFPLren 160.3 artikuluak honako prozedura hau ezartzen du:

«a) Kontratistari hamar eguneko entzutea emanen zaio, prozedura ofizioz hasten denean.

b) Gainerako interesdunei hamar eguneko entzutea emanen zaie. Kontratuan berme formala eskatu bada, entzutea eman beharko zaio abal-emaileari edo aseguratzaileari fidantza konfiskatzea proposatzen denean.

c) Kontratazio organoaren zerbitzu juridikoen txostena».

Laugarrena.–Kontratua suntsiarazten bada, EFPLren 161. artikuluan ezartzen dira suntsiarazpenaren ondorioak:

«3. Kontratistak bere erruz betebeharrak ez betetzeagatik kontratua suntsiarazten denean, kontratistak kalte-galeren ordaina eman beharko dio entitate kontratatzaileari; hori ebazpen arrazoituan zehaztuko da, kontuan izanik, beste faktore batzuen artean, proiektaturiko inbertsioan edo hirugarrenei nahiz herritar guztiei eman beharreko zerbitzuan izandako atzerapena, eta funts publikoen kargura egin behar diren gastu handiagoen zenbatekoa. Betebeharrak betetzeko bermeak jarri badira, horietatik behar adinako kopurua konfiskatuko da kalte eta galera frogatuak estaltzeko. Berme horiek aski ez badira, kontratazio organoak zuzenbide publikoko diru-sarreretarako ezarritako mekanismoen bitartez hartzen ahalko du ordaina.

4. Kontratua suntsiarazten bada kontratuaren exekuzio-baldintzak ez betetzeagatik, horrek ekarriko du kontratatzeko debekua deklaratzeko espedienteari hasiera ematea, foru lege honen 22.1.m) artikuluan aurreikusitakoarekin bat. Kasu horretan, debekuaren iraupena bost urtekoa izango da»

EFPLren 161 bis artikuluaren arabera, kontratuak suntsiarazteko eta kontratatzeko debekuak ezartzeko prozedurak metatu daitezke, baldin eta kontratistaren erruduntasunetik hori ondoriozta badaiteke kontratua suntsiaraztean.

Prozedura hasteko ebazpenak ohartaraziko du kontratatzeko debekuren bat egon daitekeela kontratua azkenean suntsiarazten bada, eta inguruabar hori kontratistari entzuteko izapideetan jasoko da, bai eta prozeduran esku hartu behar duten organoei egin beharreko txosten-eskaeretan ere.

Bosgarrena.–Zerbitzuari eusteak duen garrantzia kontuan hartuta, eta EFPLren 161 bis 3 artikuluaren aurreikuspenaren arabera, Castejongo Udalak Castejongo El Romeral kirol-instalazioak kudeatzeko zerbitzu-kontratua adjudikatzeko prozedura berri baten lizitazioa hasiko du, kontratua suntsiarazteko espedientea izapidetzearekin batera, eta lizitazioan adieraziko du adjudikazioa baldintzatuta geratuko dela, hau da, 2021eko ekainaren 15ean Castejongo Udalak eta Kirol Kudeaketa 2011 SLUk sinatutako kontratua aldez aurretik suntsiaraztearen baldintzapean, eta aurreko ebazpen-prozeduran deklaratutako kontratatzeko debekuak ondorioak izanen ditu adjudikazio berrian.

Seigarrena.–Baldintza-agiriko 19. klausularekin eta EFPLko 160.2 artikuluarekin bat etorriz, salbuespen gisa, egungo enpresa adjudikaziodunak zerbitzuan jarraitu beharko du kontratuaren lizitazioaren ondoriozko adjudikazio berria formalizatu arte.

Horiek horrela, Castejongo Udaleko osoko bilkurak,

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.–Hasiera ematea Castejongo Udalak eta Kirol Kudeaketa 2011 SLUk 2021eko ekainaren 15ean sinatutako kontratua suntsiarazteko prozedurari, zeinaren bidez Castejongo El Romeral kirol-instalazioak kudeatzeko zerbitzua ematen baita (2/2020 espedientea), kontratistari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik. Prozedura hori eragin duten arrazoiak, kontratua kudeatzen duen unitateak 2022-12-15ean egindako memorian zehaztuta daudenak (administrazio-espedientean jasota daude), honako hauek dira:

–Enpresa hornitzaileei eta langile autonomoei fakturak ez ordaintzea; horrek baldintza-agiriko 15., 17.1 eta 21. klausulak –adjudikaziodunak ordaindu beharreko gastuak– eta baldintza-agiriko 48. (v) eta (vi) klausulak ez betetzea dakar.

–Udalarekin zorrak izatea, zentroaren jarduerari eusteko ezinbestekoak diren faktura jakin batzuen ordainketa bere gain hartu behar izan baitu; horrek baldintza-agiriko 15., 16. eta 17. klausulak ez betetzea dakar.

–Baldintza-agiriaren 12. klausulan eskatutako dokumentazioa behar bezala eta epean ez aurkeztea, eta zerbitzua hasi zenetik instalazioaren ustiapenaren benetako kontuak behin eta berriz ez aurkeztea; horrek baldintza-agiriaren 12. klausula ez betetzea dakar.

–Lan-arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrei ez aurre egitea, langileei soldatarik ez ordaintzeagatik. Horrek baldintza-agiriko 15., 17.1, 18. eta 21. klausulak ez betetzea dakar.

Bigarrena.–Kontratatzeko debekua deklaratzeko prozedura hastea, EFPLren 22.1.m) artikuluan ezarritakoaren arabera. Kontratistari ohartarazten zaio kontratatzeko debekuren bat egon daitekeela kontratua azkenean suntsiarazten bada.

Hirugarrena.–Hamar egun naturaleko entzunaldia ematea kontratistari, fidantza ematen duen abal-emaileari edo aseguratzaileari, eta prozeduran interesa duten gainerakoei, batez ere zentroko langile eta erabiltzaileei, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, beren eskubideari komeni zaizkien alegazio-idazkiak egin ahal ditzaten.

Laugarrena.–Kontratua suntsiarazteko prozedurari buruzko txosten juridikoa eta kontratatzeko debekuaren deklarazioa eskatzea Castejongo Udaleko Idazkaritzari, prozedura ebatzi aurretik.

Bosgarrena.–Castejongo Udaleko kontu-hartzaileari txostena eskatzea Castejongo Udalari funts publikoei egozten zaizkien gastu handiagoengatik ondarean eragindako kalte-galeren zenbatekoari buruz, kontratistaren erruzko ez-betetzearen ondoriozko suntsiarazpenaren kasuan. Txostenean egiaztatutako kalte-galerak estaltzeko jarritako bermea konfiskatzea nahikoa ez bada, kontratazio-organoak zuzenbide publikoko diru-sarreretarako ezarritako mekanismoen bidez ordaintzen ahalko du.

Txosten hori egin ondoren, espedienteari erantsiko zaio, eta kontratistari emanen zaio, eragozpenak jar diezazkion, prozedura ebatzi aurretik.

Seigarrena.–Txosten juridikoa eskatzea Javier Asiáin abokatuari, bazkideen, zuzendaritzako langileen, eta kontratistaren ordezkari edo ahaldunen jardunean bestelako erantzukizun juridikorik dagoen argitzeko, administrazio- eta kontratu-erantzukizunez gain.

Zazpigarrena.–Dagokion iragarkia Nafarroako Kontratazioaren Atarira bidaltzea.

Zortzigarrena.–Erabaki hau instalazioa kudeatzen duen enpresari helaraztea.

Erabaki honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, haren aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, ebazpen hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.

Castejonen, 2023ko urtarrilaren 27an.–Alkatea, David Álvarez Yanguas.

Iragarkiaren kodea: L2302784