4. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

21/2022 FORU AGINDUA, abenduaren 13koa, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariak emana, "Nafarroa Koloretan 2022" saria ematen duena.

Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 31ko 12/2022 Foru Aginduaren bidez, "Nafarroa Koloretan 2022" sarirako deialdia egin zen. Sariaren helburua da aitortza publiko egitea Foru Komunitatean nabarmendu den migratzaile bati. Halaber, sari honek balioa eman nahi die bizikidetza eta kultura-aniztasuna Nafarroaren garapenerako faktore gisa nabarmentzen dituzten ekimenei eta jarduketei (udal esparruan, hezkuntzaren arloan, komunikazioan, kirolean eta abarretan).

Aurkeztutako hautagaitzak aztertu eta deialdiaren oinarrien arabera baloratu ondoren, epaimahaiak erabaki du proposatzea Inacio Gomez Mendesi eman diezaiotela Nafarroa Koloretan 2022 saria, Nafarroan bizi den atzerritar jatorriko migratzaile bati ematen zaiona, 2022an gure komunitateko populazio migratzailearen balioak eta elkarbizitzaren balioak ordezkatzen nabarmentzeagatik. Halaber, erabaki du proposatzea Bertha Sánchez Lunari eta Johana Elizabeth Flores Gonzálezi akzesit bana eman diezaietela.

Horrez gainera, erabaki du proposatzea 2022an Javier Ibañez Iborrari eman diezaiotela aipamen berezi bat, hots, Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan eta kulturen arteko bizikidetzaren alde parte-hartze aktiboa izateagatik eta bere lankidetza eta ekarpenagatik nabarmentzen den pertsonari, gizarte entitateari edo elkarteari ematen zaiona.

Azkenik, erabaki du proposatzea honako aitortza hauek egin daitezela:

–"Koloretako Udala" aitortza, kulturen arteko bizikidetzaren balioak eta arrazismoaren eta xenofobiaren aurkako balioak bultzatzen dituen Nafarroako Foru Komunitateko toki entitate bati egiten zaiona, bi udalentzat: Fitero eta Burlata.

–"Kulturen arteko bizikidetzarako jardunbide egokiak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan" izeneko aitortza, Martzillako Marqués de Villena BHirentzat.

–"Arrazakeriaren aurkako jardunbide egokiak kirolaren esparruan" izeneko aitortza, CD Iruña klubarentzat.

Horrenbestez, epaimahaiak emandako epaiaren akta ikusirik, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Inacio Gomes Mendesi ematea 2022ko "Nafarroa Koloretan" saria, Nafarroan bizi den atzerritar jatorriko migratzaile bati ematen zaiona gure komunitateko populazio migratzailearen balioak eta elkarbizitzaren balioak ordezkatzen nabarmentzeagatik. Sari horrek 3.000 euroko zuzkidura du, eta dirua 2022ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Koloretan sariak" izeneko F10002/F1200/2268/231900 partidaren kargura egotziko da.

2. Bertha Sánchez Lunari eta Johana Elizabeth Flores Gonzálezi ematea "Nafarroa Koloretan" sariaren akzesitak. Akzesit horietako bakoitzak 1.500 euroko zuzkidura du, eta dirua 2022ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Koloretan sariak" izeneko F10002/F1200/2268/231900 partidaren kargura egotziko da.

3. Javier Ibañez Iborrari aipamen berezi hau ematea: "Nafarroan arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan eta kulturen arteko bizikidetzaren alde parte-hartze aktiboa izateagatik eta bere lankidetza eta ekarpenagatik 2022an nabarmendu den pertsonari, gizarte entitateari edo elkarteari ematen zaion aipamen berezia". Aipamen horrek 2.000 euroko zuzkidura du, eta dirua 2022ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Nafarroa Koloreetan sariak" izeneko F10002/F1200/2268/231900 partidaren kargura egotziko da.

4. Fiteroko Udalari eta Burlatako Udalari ematea "Koloretako Udala" izeneko aitortza.

5. Martzillako Marqués de Villena BHiri ematea "Kulturen arteko bizikidetzarako jardunbide egokiak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan" izeneko aitortza.

6. CD Iruña klubari ematea "Arrazakeriaren aurkako jardunbide egokiak kirolaren esparruan" izeneko aitortza.

7. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Foru agindu hau interesdunei jakinaraztea, eta igortzea Ayllu-Kulturen arteko Bizikidetzarako eta Arrazismoaren eta Xenofobiaren aurkako Borrokarako Zerbitzura, Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegora, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2022ko abenduaren 13an.–Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilaria, Eduardo Santos Itoiz.

Iragarkiaren kodea: F2216937