4. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

ALDAKETA enplegua egonkortzeko deialdi salbuespenezkoan, txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko legelari izateko bi lanpostu huts betetzekoan.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2022ko abenduaren 29an eginiko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2022ko abenduaren 12an eginiko bilkuran, erabaki zuen enplegua egonkortzeko deialdi salbuespenezkoaren oinarriak onestea, txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko legelari izateko bi lanpostu huts betetzekoa.

Aipatu erabakia argitara eman zen 2022ko 259. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 27koan, eta, 2022ko 143. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean, abenduaren 15ekoan.

Argitara eman ondoren, atzeman da ez direla aurreikusi aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendak, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduaren 10. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Hori dela eta, aldaketa egiten da, 10. oinarri berri bat sartuz eta oraingo 10. eta 11. oinarriak berriz zenbakituz, hurrenez hurren 11. eta 12. oinarriak izatera igaroz. Horren ondorioz, eskabideak aurkezteko epe berri bat abiarazten da.

Hori dela eta, HAU ERABAKI DA:

1. Aldatzea enplegua egonkortzeko deialdi salbuespenezkoa, txanda irekian eta oposizio-lehiaketa bidez Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko legelari izateko bi lanpostu huts betetzekoa, 2022ko abenduaren 12ko bilkuran erabakitakoa. Honako testu hau izanen du:

"10. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendak.

Nafarroako Parlamenturako aldi baterako langile-kontratazioari buruzko Erregelamenduak xedatzen duenari eta Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko Langileen Estatutuan aurreikusitakoari jarraikiz, honako aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrenda hauek eginen dira, hautaprozesuan parte hartu eta bertan posturik lortu ez duten pertsonekin:

1) Posturik gabeko gaindituen zerrenda.

2) Hautaprozesua ez, baina oposizioaldiko hautaprobetakoren bat gainditu duten izangaien zerrenda, honako lehentasun-ordenaren arabera antolatua:

a) Proba gaindituen kopuru handiena.

b) Proba gaindituetan lorturiko guztizko puntuaziorik handiena.

Azken emaitzan berdinketarik izanez gero, ariketa praktikoan puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde ebatziko da. Eta, berdinketak irauten badu, ariketa teorikoan lortutako puntuazioak hartuko dira kontuan. Berdinketak irauten badu, lehiaketaldian puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde ebatziko da. Eta horrela ere berdinketa mantentzen baldin bada, zozketa bidez ebatziko da.

Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik, baina lehentasuna izanen dute aldi baterako kontrataziorako hautapen prozedura batetik datozen izangaien zerrenda indardunekiko, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruzko Erregelamenduan xedatutakoarekin bat.

11. araua. Aurkeztutako agiriak.

11.1. Aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzea zilegi izanen dute izangaiek, berariaz eskatuz gero eta erreklamazio edo errekurtsorik jarri ez bada. Berreskuratze-eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztu ahalko da, aurretik beste hiru hilabete igaroak direnean izendapen-erabakia Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu denetik.

11.2. Aurreko apartatuan ezarritako epea bukatzen bada dokumentazioa berreskuratzeko eskaerarik egin gabe, izangaiak dokumentazio-berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da. Ondorioz, horretarako eskubidea galduko du, eta dokumentazioa suntsitu eginen da.

11.3. Erreklamazio edo errekurtsoren bat aurkezten baldin bada, aurkeztutako agiriak gorde eginen dira, ikuskatu eta aztertzeko. Halakoetan, agiriak berreskuratzen ahalko dira erreklamazioaren edo errekurtsoaren tramitazioak horretarako aukera ematen duenean.

12. araua. Errekurtsoak.

12.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Legebiltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunean kontatzen hasita hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunean kontatzen hasita.

12.2. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak edo kalifikazio-epaimahaiak deialdi hau aplikatzeko erabakitzen dituzten gainerako egintzen aurka, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, hilabeteko epean, egintza edo erabakia argitara eman edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita".

2. Eskabideak aurkezteko epe berri bat abiaraztea, hamabost egun naturalekoa, aldaketa hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

3. Agintzea deialdiaren aldaketa Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin, bai eta Parlamentuko web orrian eta iragarki-oholean ere.

Iruñean, 2022ko abenduaren 29an.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

Iragarkiaren kodea: F2217820