4. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

527/2022 EBAZPENA, azaroaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua modu esperimentalean ezartzeko prozedura arautuko duten jarraibideak onesten dituena 2023-2024 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 120.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, ikastetxeek, beren autonomia baliatuta, hainbat alderdi lantzen ahal dituzte: esperimentazioak, lan-planak, antolatzeko moduak, bizikidetza-arauak, eskola-egutegia edo arloen zein irakasgaien eskola-ordutegia zabaltzea; betiere hezkuntza-administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan eginen dute, eta aplikatzekoa den araudiak, baita lanari buruzkoak ere, ahalbidetzen duen neurrian. Edonola ere, familiei ez zaie ekarpenik egin beharra ezarriko, ezta hezkuntza-administrazioei eskakizunik eginen ere.

Eskolaldia, oro har, zatitua da, eta goizeko eta arratsaldeko saioak ditu, asteko egun batean izan ezik (egun horretan goizeko saioak daude bakarrik). Ikastetxeek pedagogiaren eta antolakuntzaren aldetik duten autonomia aplikatuz, aukera ematen zaie lanaldi hori berrikusteko, ikastetxe batzuetako hezkuntza sektoreen eskaerei erantzuna emateko.

Eskaera horien jatorrian laneko ordutegien eta baldintzen aldaketak daude, gizartean etengabe gertatzen direnak. Horien ondorioz, gizarte ohitura berriak agertzen dira, eta hauek, kasu batzuetan, desadostasunak sortzen dituzte ezarritako eskolako ordutegiekin.

Eskaera horiei erantzutearren, Hezkuntza Departamentuak aukera eman du 2007az geroztik, modu esperimentalean, beste bi eskolaldi mota ezartzeko Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza eta Hezkuntza Berezia ematen duten ikastetxeetan: eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua.

Urte batzuk iraganik, eta ikastetxeek beraiek hezkuntza dinamikaz urtero autoebaluazioak egin ondoren eta kontuan hartuta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egindako jarraipena, Hezkuntza Departamentuaren iritziz garaia da esperimentazio aldia ixteko.

Hori guztia ikusirik, eta Hezkuntza Departamentua buru-belarri ari denez Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko eskolaldi motak erregulatuko dituen araudi espezifikoa prestatzeko lanetan, ulertu behar da eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua ezartzeko ebazpen hau eskolaldi modalitate horiek modu esperimentalean baimentzeko prozesuaren barruko azkena dela; izan ere, ez da prozesua luzatzeko aukerarik izanen.

Ebazpen honen bidez, Hezkuntza Departamentuak ikastetxeei aukera eman nahi die eskolaldia aldatzeko, hala eskatzen badute, batez ere ikasleen eta haien familien interesei, beharrei eta ezaugarriei erantzuna emateko.

Ikusirik Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2023-2024 ikasturtean eskolaldi jarraitua eta eskolaldi malgua modu esperimentalean ezartzeko prozedura arautuko duten jarraibideak onets daitezen.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. I., III., IV., V., VI., XI. eta XII. eranskinetan jasota dauden jarraibideak onestea, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2023-2024 ikasturtean eskolaldi jarraitua modu esperimentalean ezartzeko prozedura arautuko dutenak.

2. II., VII., VIII., IX., X. eta XI. eranskinetan jasota dauden jarraibideak onestea, Nafarroako Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Hezkuntza Berezikoetan, hala publikoetan nola pribatu itunduetan, 2023-2024 ikasturtean eskolaldi malgua modu esperimentalean ezartzeko prozedura arautuko dutenak.

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta bere aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura eta Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko azaroaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Eskolaldi jarraitua

1.–Eskolaldi jarraitua.

1. Eskolaldi jarraituan ikasleei eskola jarduerak goizez ematen zaizkie, astelehenetik ostiralera, ikasturte osoan zehar. Gainera, ikasleei arratsaldez arreta emateko nahitaezko proiektu bat dauka (eskolaz kanpoko jarduerak), asteko lau egunetan, salbu eta irailean eta ekainean.

2. Eskolaldi jarraitua antolatzeko, batez ere ikasleen eta haien familien interesak, beharrak eta ezaugarriak hartuko dira kontuan.

2.–Ordutegia.

1. Hala ordutegi orokorrak, zeina eskolaldi honen berezitasuna kontuan hartuta diseinatuko baita, nola eskola-egutegiak ebazpen honetako baldintzak eta Hezkuntza Departamentuak gai horietaz urtero ematen duen ebazpenean ezarritakoak bete beharko dituzte.

2. Jolasaldien eguneko egitura jolasaldi bakar bat izaten ahal da, 30 minutukoa edo 40 minutukoa, edo bi jolasaldi, 40 minutukoak biak baturik.

3. Eskola-saioen kopurua eta iraupena ebazpen honen eraginpeko irakaskuntzen ezarpena arautzen duen indarreko foru aginduan ezarritakoez bestelakoak izaten ahalko dira. Dena dela, ikasturte osoan arlo bakoitzerako erabiliko den guztirako ordu kopuruak bat etorri beharko du, ahalik eta gehien, indarreko araudian ezarritakoa aplikatzetik ateratzen denarekin.

4. Nolanahi ere, curriculum saioak eta jolasaldiak, guztira hartuta, gutxienez 1.550 minutukoak izanen dira oro har astean, jolasaldiak 40 minutukoak izanez gero, eta gutxienez 1.500 minutukoak, jolasaldiak 30 minutukoak badira.

5. Eskuarki, goizeko saioen eta arratsaldeko jardueren artean, laurogeita hamar minutuko tartea izanen da gutxienez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta garraioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuekin batera partekatzen dutenetan, tartea, eskuarki, bi ordu eta erdikoa izanen da.

3.–Eskolaz kanpoko jarduerak.

1. Astean lau egunez, ikastetxeak eskolaz kanpoko jarduerak antolatu beharko ditu arratsaldez, irailean eta ekainean izan ezik. Ikasleentzat borondatezkoak izanen dira.

2. Ikasleek eskubidea izanen dute asteko lau egunetan arratsaldez arreta jasotzeko, eta ikastetxeak eskaintzen dituen jardueretan aurreinskripzioa egiteko. Ikastetxeen betebeharra izanen da beti ikasle guztiei arreta ematen zaiela ziurtatzea.

3. Jarduera horien barnean honako hauek izanen dira, besteak beste: eskola-errefortzua, ikasketa gidatua, biharamunerako etxerako lanak egiteko aukera, hizkuntzekin lotutako jarduerak, teknologia berrien aplikazioa eta kirol jarduerak.

4. Jardueren kopurua, iraupena, ratioak (oro har, erabiliko den ratioa izanen da curriculumeko hezkuntza jardueretan erabiltzen dena) eta, baldin badaude, finantzabideak proiektuan zehaztu beharko dira, eta, ikastetxearen antolaketa-aukeren barnean, ikasleen interesak eta ezaugarriak aintzat hartuko dituzte.

5. Jarduera bakoitzean izena emandako ikasleen kopurua ikusirik, zuzendaritza taldeak erabakiko du zer jarduera gauzatuko diren, kontuan hartuta ikasleen interesak eta ezaugarriak eta ikastetxearen baliabideak.

6. Oro har, barne jarduerak izanen dira, eta ikastetxean bertan egin beharko dira. Ikastetxetik kanpo egiten direnak –ikastetxetik kanpo egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak–, ikastetxearen proiektu barrukoak izaten ahalko dira ikastetxearen ordutegiaren barruan egiten badira. Ikasleen joan-etorria ikastetxearen ardura izanen da, eta ikasleek ikastetxean egon beharko dute ikastetxean bertan egiten diren eskolaz kanpoko jarduerak amaitzen diren orduan beranduenez.

7. Ikastetxeko zuzendaritzak bermatuko du ikastetxeko irakasleak jardueretan izanen direla, arduradun eta/edo parte-hartzaile gisa.

8. Ikastetxeetako elkarbizitza erregelamenduaren aplikazioak, bai curriculum saioetan bai eskolaz kanpokoetan, bat etorri beharko du abuztuaren 23ko 47/2010 Foru Dekretuan, Nafarroako Foru Komunitateko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko eta pribatu itunduetako ikasleen eskubide eta eginbeharrei eta ikastetxe horietako elkarbizitzari buruzkoan, erregelamenduz xedatutakoarekin.

4.–Irakasleak.

1. Irakasleen ordutegia eta ikasleek ikastetxean egon beharreko ordutegia bereizten ahal dira. Eskolaz kanpoko jardueretan arduradun edo parte-hartzaile gisa ematen dituzten orduak eskola gabeko irakastordu gisa zenbatuko dira.

2. Eskola orduak, guztira, 25 izanen dira, zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola ordu gisa kontatzen direnak batuta.

5.–Bestelako monitore eta hizlariak.

1. Ikastetxeko irakasleez gain, eskolaz kanpoko jardueretan familiek, elkarteek, instituzioek, udalek eta kultur eta kirol entitateek ere inplikatu eta parte har dezakete.

2. Jardueren monitoreek edo hizlariek bete beharko dute segurtasunari eta erantzukizunari buruz indarrean dagoen araudia, eta betebehar guztiak eguneratuak edukiko dituzte (kontratuak, gizarte segurantza, sexu-izaerako delituen gabezia egiaztatzen duen ziurtagiria...).

6.–Zerbitzu osagarriak. Eskola jantokia eta eskola garraioa.

1. Jantokiko eta eskola garraioko zerbitzu osagarriei dagokien guztia zerbitzu horien gaineko indarreko araudian xedatutakoari eta ebazpen honetan jasotakoari lotuko zaio.

2. Hezkuntza Departamentuaren ardura da ikastetxeetako zerbitzu osagarriak emateko baliabide ekonomikoak optimizatzea. Horregatik, ikastetxeak jantokia edo eskola garraioa badu, haien jarraitutasuna bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu haien kalterako ez eta garraioaren adjudikaziodunaren plangintzaren kalterako ere.

3. Eskolaz kanpoko jarduerak egiteko ezartzen diren egunetan, garraioa haiek bukatu ondoren abiatuko da.

4. Ekainean, irailean eta eskolaz kanpoko jarduerarik ez dagoen astegunean, bidaia bakarra egiten dela bermatzeko, beste hezkuntza etapa batzuk ematen dituzten ikastetxeekin eskola garraioa partekatzen duten ikastetxeetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek, garraioa baliatzen dutenek, diruz lagundutako eskola jantokiaren zerbitzua erabili beharko dute.

7.–Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

1. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi jarraitua ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi jarraitua ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzaketa aldatzea.

8.–Prozedura.

1. Prozedura hasteko, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuaren oniritzia beharko da, garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrietarako ikastetxeak proposatzen duen ordutegia bideragarria edo bideraezina izateari buruzkoa.

2. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak 2023ko urtarrilaren 13ra arteko epea izanen du complementarioseducativos@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidaltzeko, non jakinaraziko baitu garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrietarako proposatzen dituen ordutegiak zein diren, eta zer ikastetxerekin partekatzen den garraioa. I. eranskin honen 6.4 puntuan aipatzen den egoera gertatzen bada, adierazi egin beharko da. Komunikazio hori nahitaezkoa izanen da horrelako zerbitzurik ez duten ikastetxeen kasuan ere, eta hala dela adieraziko dute.

3. Oniritzia lortu ondoren, zuzendariak aurrera eginen du eskatzeko prozedurarekin. Lortzen ez bada, ikastetxeak jarduketak artxibatuko ditu.

4. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi jarraitura aldatzeko proiektua eta eskolaldi malgura aldatzekoa.

5. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi jarraituaren proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denboren antolaketa berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxeko ordutegi orokorra.

c) Ikastetxean irakasten diren hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

e) Eskolaz kanpoko jardueren zerrenda, haien programazioa, iraupena, monitoreen eta hizlarien eginkizunak eta ratioak, ikasleen beharrizanak eta ezaugarriak aintzat hartuz.

f) Eskolaz kanpoko jardueretan arituko diren irakasleen kopurua, ordu kopurua eta jarduerotan arduradun edo parte-hartzaile ari diren esanez.

g) Ikastetxeko jardueretan parte hartzen duten erakundeen, elkarteen, entitateen eta taldeen zerrenda, eta, hala badagokio, ekartzen duten finantzaketa eta haien antolaketaren eta garapenaren arduradunak.

h) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi jarraituak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskola garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez. Alde horretatik, I. eranskin honen 6.4 puntuan aipatzen den egoera jaso beharko du, halakorik bada.

Eranskin honen 6.3 puntuak aintzat hartzen duen ordutegia aitzinatzen ahalko da, betiere garraiorako ibilgailu bera erabiltzen duten ikasle guztien adostasuna lortuz gero, eta aldaketa horrek ukitzen ez badu ez garraioa partekatzen duten gainerako ikastetxeekiko koordinazioa, ez adjudikaziodunaren plangintza, ezta jantokiaren antolaketa ere. Ordutegian egin litekeen aldaketa horretarako beharrezkoa izanen da, ebazpen honen XII. eranskinean ezarritakoari jarraikiz, ikastetxeak horren berri ematea Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari, 2023ko maiatzaren 1etik 25era, complementarioseducativos@navarra.es helbide elektronikora idatziz, horrek ontzat eman dezan. Hezkuntza Departamentuak oniritzia emandakoan, huraxe izanen da ukitutako ibilgailuaren irteera ordua 2023-2024 ikasturtean, ikastetxean ikasle berriak sartu ala ez.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzeak eskola garraioaren irteera orduan eragiten dituen aldaketei, edo ikasleren batek eskola garraioa ez erabiltzeko erabakiari dagokienez, jantoki zerbitzuaren gaineko indarreko araudian xedatutakoa beteko da, eta ikastetxeek horren berri eman beharko diete familiei, bai eta zerbitzuaren erabilerarako horrek dauzkan ondorioena ere.

i) Eskolaldi jarraituaren jarraipenerako eta ebaluaziorako plana.

6. Eskolaldi jarraituaren proiektua isilpeko, zuzeneko eta eskuordetu ezineko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bostenen aldeko botoak beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, ebazpen honen III. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da ikastetxean.

7. Proiektuak aurreko puntuan ezarritako baldintza betetzen badu, eskola kontseiluan boto-eskubidea duten kide guztien bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Bozketa hori ere isilpekoa, zuzenekoa eta eskuordetu ezinekoa izanen da. Bozketaren akta eginen da, ebazpen honen IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da ikastetxean.

8. Eskola kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, ebazpen honen V. eranskineko ereduaren arabera. Bozketen hasierako eguna baino lehen, behar den denborarekin, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko dizkie familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Horren guztiaren akta eginen da. Halaber, zalantzak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia emanen die familiei, ahal den neurrian gaizki-ulertuak edo ondorengo erreklamazioak saihesteko. Bozketa honako arau hauen arabera eginen da:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, zeina ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiek edo legezko ordezkariek osatuko baitute, kanpoan utzita Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta maila horretatik aurrerakoak, kasua bada.

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek eskubidea dute ordezkatzen duten seme edo alaba bakoitzeko boto bat izateko. Adingabearen zaintza eta jagoletza bi ezkontideek partekatzen duten egoera juridikoetan, biak ados jarri beharko dira boto bakar bat emateko. Zaintza eta jagoletza haietako bakar bati badagokio, horrek izanen du botoa emateko eskubidea.

c) Boto-paperean kontsultarako jarriko den galdera hau da:

Ados al zaude eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi jarraitua izan dadin?

o BAI

o EZ

d) Botoa zuzenekoa, isilpekoa eta eskuordetu ezinekoa da. Zentzu horretan, eta bozketa presentzialaren kasuan, boto-emaileak bere nortasuna egiaztatzen duen agiri ofizial bat aurkeztu beharko du. Orobat, ebazpen honen XI. eranskina aurkeztu beharko du, behar bezala beteta.

e) Familiek eta ikasleen legezko ordezkariek gutxienez hiru eskola-egun izanen dituzte, bozketak hasi aurretik, ikastetxean bilera publikoak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azaltzeko eta defendatzeko aukera izanen dute.

f) Bi bozketa mota egonen dira:

–Hautetsontziko bozketa presentziala, egun bakar batean.

–Bozketa telematikoa, gehienez ere hiru egunetan, bozketa presentziala egin aurretik.

g) Hautetsontziko bozketa presentziala eginen da zuzendaritzak ezarritako egun batean eta erroldako kideek botoa emateko aukera izanen duten ordutegian.

Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta eskola kontseiluko ordezkari bat, ikasleen gurasoen eta legezko ordezkarien sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Horretarako boluntario bat baino gehiago badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen eta legezko tutoreen sektoreak ordezkari bat baino gehiago izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko. Gurasoen eta legezko tutoreen sektoreak eskola kontseiluan dituen kideetatik bakar batek ere joaterik ez badu, bozketa mahaian aritzeko ordezkaria zozketaz hautatuko da erroldako gurasoen eta legezko tutoreen artean.

h) Halaber, ikastetxeek nahitaez eskaini beharko dute, hautetsontziko bozketa presentzialaren alternatiba gisa, botoa telematikoki emateko aukera, Hezkuntza Departamentuak EDUCAn gaituko duen aukeraren bidez. Bozketa telematikorako, ikastetxeek gehienez hiru egun baliodun ezarriko dituzte, bozketa presentziala egiteko finkatutako egunaren aurre-aurretik. Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei.

Ikasleen edozein guraso edo legezko ordezkarik bozkatzeko laguntza eskatuz gero, ikastetxeek lagundu egin beharko diote, betiere botoaren zuzeneko, isilpeko eta eskuordetu ezineko izaera bermatuz.

i) Boto telematikorik izan bada, telematikoki bozkatu dutenek ezin izanen dute presentzialki bozkatu. Zenbaketarako, kontuan izanen dira bai hautetsontzian emandako botoak bai telematikoki emandakoak, halakorik izan bada.

j) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, ebazpen honen VI. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da jendaurrean.

k) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda osoko hiru bosten gutxienez (errolda osoa: ikastetxean matrikulatutako ikasleen kopurua, kanpoan utzita Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta maila horretatik aurrerakoak, kasua bada).

9.–Onespena.

1. Bete beharrekoak bete direla egiaztaturik, ikastetxeko zuzendariak eskolaldia aldatzeko eskatuko du, Ikasketak Antolatzeko Atalera (ordenacion.academica@navarra.es helbidera) zuzendutako mezu elektroniko baten bidez, beranduenez 2023ko otsailaren 17an. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena (III. eranskina).

–Eskola kontseiluaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena (IV. eranskina).

–Familiekin egindako bileraren akta.

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek eta legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta (VI. eranskina).

2. Era berean, bozketetan eskatzen diren ehunekoak lortzen ez badira, aurreko apartatuan aipatutako aktak igorri beharko dira, posta elektronikoko helbide berera eta muga-egun berarekin.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

4. Baimendutako ikastetxeek EDUCA kudeaketa programaren bidez igorriko dute ikastetxearen ordutegi orokor berria, 2023-2024 ikasturtean aplikatuko dena.

10.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, ezarpen-prozedura guztia behar bezala betetzen dela zainduko du.

2. Era berean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua arduratuko da eskolaldi jarraitu berria ongi aplikatzen dela zaintzeaz.

3. Halaber, ikastetxeko eskola kontseiluak eskolaldi jarraituaren barne ebaluazioa eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

4. Eskolaldia aldatzeko baimena jasotzen duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko analisia sartuko dute, aurkeztutako proiektuaren jarraipen eta ebaluazio plana kontuan hartuz.

II. ERANSKINA

Eskolaldi malgua

1.–Eskolaldi malgua.

1. Eskolaldi malguaren modalitatean ikasleentzako eskolak, urritik maiatzera bitarte, goiz eta arratsaldez ematen dira astean hiru egunetan, eta goizez gainerako bi egunetan (horietako bat asteazkena izanen da nahitaez). Irailean eta ekainean ikasleentzako eskola jarduerak goizez emanen dira.

2. Eskolaldi malgua antolatzeko, kontuan hartuko dira, batez ere, ikasleen eta beren familien interesak, beharrak eta ezaugarriak.

2.–Ordutegia.

1. Hala ordutegi orokorrak, zeina eskolaldi honen berezitasuna kontuan hartuta diseinatuko baita, nola eskola-egutegiak ebazpen honetako baldintzak eta Hezkuntza Departamentuak gai horietaz urtero ematen duen ebazpenean ezarritakoak bete beharko dituzte.

2. Irailean eta ekainean, ikasleentzat eskolaldia gutxienez 20 ordukoa izanen da astean, hots, 4 ordukoa egunean, jolasaldiak barne.

3. Ikasturteko gainerako hilabeteetan, hots urritik maiatzera, ikasleentzat eskolaldia gutxienez 26 ordukoa izanen da astean, jolasaldiak barne.

4. Oro har, egunero, goiz erdian 30 minutuko jolasaldia izanen da.

5. Eskola-saioen kopurua eta iraupena ebazpen honen eraginpeko irakaskuntzen ezarpena arautzen duen indarreko foru aginduan ezarritakoez bestelakoak izaten ahalko dira. Dena dela, ikasturte osoan arlo bakoitzerako erabiliko den guztirako ordu kopuruak bat etorri beharko du, ahalik eta gehien, indarreko araudian ezarritakoa aplikatzetik ateratzen denarekin.

6. Eskuarki, goizeko eta arratsaldeko saioen artean, laurogeita hamar minutuko tartea izanen da gutxienez. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta garraioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuekin batera partekatzen dutenetan, tartea, eskuarki, bi ordu eta erdikoa izanen da.

3.–Irakasleak.

1. Irakasleen ordutegia eta ikasleek ikastetxean egon beharreko ordutegia bereizten ahal dira.

2. Eskola orduak, guztira, 25 izanen dira, zuzeneko irakaskuntza orduak eta eskola ordu gisa kontatzen direnak batuta.

4.–Zerbitzu osagarriak. Eskola jantokia eta eskola garraioa.

1. Jantokiko eta eskola garraioko zerbitzu osagarriei dagokien guztia zerbitzu horien gaineko indarreko araudian xedatutakoari eta ebazpen honetan jasotakoari lotuko zaio.

2. Hezkuntza Departamentuaren ardura da ikastetxeetako zerbitzu osagarriak emateko baliabide ekonomikoak optimizatzea. Horregatik, ikastetxeak jantokia edo eskola garraioa badu, haien jarraitutasuna bermatu beharko da, zerbitzu horiek partekatzen dituzten ikastetxeekin koordinatuz. Zerbitzu osagarrien ordutegia ezin izanen da aldatu haien kalterako ez eta garraioaren adjudikaziodunaren plangintzaren kalterako ere.

3. Ekainean, irailean eta arratsaldeko eskola saiorik gabeko bi astegunetan, bidaia bakarra egiten dela bermatzeko, beste hezkuntza etapa batzuk ematen dituzten ikastetxeekin eskola garraioa partekatzen duten ikastetxeetan, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek, garraioa baliatzen dutenek, diruz lagundutako eskola jantokiaren zerbitzua erabili beharko dute.

5.–Giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak.

1. Ikastetxe publikoetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko ez giza baliabideak ez funtzionamendu gastuak handitzea.

2. Ikastetxe pribatu itunduetan, eskolaldi malgua ezartzeak ez du inoiz ekarriko Hezkuntza Departamentuak ematen dien finantzaketa aldatzea.

6.–Prozedura.

1. Prozedura hasteko, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuaren oniritzia beharko da, garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrietarako ikastetxeak proposatzen duen ordutegia bideragarria edo bideraezina izateari buruzkoa.

2. Horretarako, ikastetxeko zuzendariak 2023ko urtarrilaren 13ra arteko epea izanen du complementarioseducativos@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidaltzeko, non jakinaraziko baitu garraioko eta jantokiko zerbitzu osagarrietarako proposatzen dituen ordutegiak zein diren, eta zer ikastetxerekin partekatzen den garraioa. II. eranskin honen 4.3 puntuan aipatzen den egoera gertatzen bada, adierazi egin beharko da. Komunikazio hori nahitaezkoa izanen da horrelako zerbitzurik ez duten ikastetxeen kasuan ere, eta hala dela adieraziko dute.

3. Oniritzia lortu ondoren, zuzendariak aurrera eginen du eskatzeko prozedurarekin. Lortzen ez bada, ikastetxeak jarduketak artxibatuko ditu.

4. Ezin izanen dira aldi berean aurkeztu eskolaldi malgura aldatzeko proiektua eta eskolaldi jarraitura aldatzekoa.

5. Zuzendaritza taldeak eginen du eskolaldi malguaren proiektua, eta, hartan, honako hauek agertuko dira, gutxienez:

a) Denboren antolaketa berriarekin proposatzen diren helburu orokorrak.

b) Ikastetxeko ordutegi orokorra.

c) Ikastetxean irakasten diren hezkuntza mailak.

d) Ikasleen eskola-ordutegia.

e) Zerbitzu osagarrien planifikazioa. Eskolaldi malguak jantokiko zerbitzuaren erabileran izanen duen eragina eta eskola garraioa duten ikastetxeen arteko koordinazio neurriak, ikasleen sarrera eta irteera orduei dagokienez. Alde horretatik, II. eranskin honen 4.3 puntuan aipatzen den egoera jaso beharko du, halakorik bada.

f) Eskolaldi malguaren jarraipenerako eta ebaluaziorako plana.

6. Eskolaldi malguaren proiektua isilpeko, zuzeneko eta eskuordetu ezineko bozketan onetsi beharko da, eta ikastetxeko irakasle guztien hiru bostenen aldeko botoak beharko dira horretarako, klaustro berezirako deia eginik. Bozketaren akta eginen da, ebazpen honen VII. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da ikastetxean.

7. Proiektuak aurreko puntuan ezarritako baldintza betetzen badu, eskola kontseiluan boto-eskubidea duten kide guztien bi herenek onetsi behar dute, bilkura berezian. Bozketa hori ere isilpekoa, zuzenekoa eta eskuordetu ezinekoa izanen da. Bozketaren akta eginen da, ebazpen honen VIII. eranskineko ereduaren araberakoa. Akta jendaurrean paratuko da ikastetxean.

8. Eskola kontseiluak proiektuari ematen dion onespena (aurreko apartatuan ezarritakoaren arabera, betiere) behin-behinekoa izanen da, eta idatziz komunikatuko zaie familiei, garaiz, ebazpen honen IX. eranskineko ereduaren arabera. Bozketen hasierako eguna baino lehen, behar den denborarekin, bilera bat eginen da, eta, bertan, zuzendaritza taldeak eskolaldia aldatzeko proiektua eta hori egiteko arrazoia azalduko dizkie familiei, bai eta Hezkuntza Departamentuan aurkeztu baino lehen egin beharreko prozedura ere. Horren guztiaren akta eginen da. Halaber, zalantzak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia emanen die familiei, ahal den neurrian gaizki-ulertuak edo ondorengo erreklamazioak saihesteko. Bozketa honako arau hauen arabera eginen da:

a) Zuzendaritza taldeak prestatuko du boto-emaileen errolda, zeina ikastetxean matrikulatutako ikasleen familiek edo legezko ordezkariek osatuko baitute, kanpoan utzita Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta maila horretatik aurrerakoak, kasua bada.

b) Familia bakoitzak edo, kasua bada, legezko ordezkariek eskubidea dute ordezkatzen duten seme edo alaba bakoitzeko boto bat izateko. Adingabearen zaintza eta jagoletza bi ezkontideek partekatzen duten egoera juridikoetan, biak ados jarri beharko dira boto bakar bat emateko. Zaintza eta jagoletza haietako bakar bati badagokio, horrek izanen du botoa emateko eskubidea.

c) Boto-paperean kontsultarako jarriko den galdera hau da:

Ados al zaude eskolaldia aldatzeko proiektuarekin, eskolaldi malgua izan dadin?

o BAI

o EZ

d) Botoa zuzenekoa, isilpekoa eta eskuordetu ezinekoa da. Zentzu horretan, eta bozketa presentzialaren kasuan, boto-emaileak bere nortasuna egiaztatzen duen agiri ofizial bat aurkeztu beharko du. Orobat, ebazpen honen XI. eranskina aurkeztu beharko du, behar bezala beteta.

e) Familiek eta ikasleen legezko ordezkariek gutxienez hiru eskola-egun izanen dituzte, bozketak hasi aurretik, ikastetxean bilera publikoak egiteko eta horietara deitzeko. Han, beren jarrerak azaltzeko eta defendatzeko aukera izanen dute.

f) Bi bozketa mota egonen dira:

–Hautetsontziko bozketa presentziala, egun bakar batean.

–Bozketa telematikoa, gehienez ere hiru egunetan, bozketa presentziala egin aurretik.

g) Hautetsontziko bozketa presentziala eginen da zuzendaritzak ezarritako egun batean eta erroldako kideek botoa emateko aukera izanen duten ordutegian.

Ikastetxean bozketa mahai bat eratuko da, honela osatua: ikastetxeko zuzendaria, mahaiburu izanen dena; idazkaria; eta eskola kontseiluko ordezkari bat, ikasleen gurasoen eta legezko ordezkarien sektorekoa, borondatez parte hartu nahi duena. Horretarako boluntario bat baino gehiago badaude, edo bat ere ez badago, zozketa bidez hautatuko da ordezkari hori. Gurasoen eta legezko tutoreen sektoreak ordezkari bat baino gehiago izan ditzake, bozketaren egunean txandaka aritzeko. Gurasoen eta legezko tutoreen sektoreak eskola kontseiluan dituen kideetatik bakar batek ere joaterik ez badu, bozketa mahaian aritzeko ordezkaria zozketaz hautatuko da erroldako gurasoen eta legezko tutoreen artean.

h) Halaber, ikastetxeek nahitaez eskaini beharko dute, hautetsontziko bozketa presentzialaren alternatiba gisa, botoa telematikoki emateko aukera, Hezkuntza Departamentuak EDUCAn gaituko duen aukeraren bidez. Bozketa telematikorako, ikastetxeek gehienez hiru egun baliodun ezarriko dituzte, bozketa presentziala egiteko finkatutako egunaren aurre-aurretik. Hezkuntza Departamentuak bozketa prozesua gauzatzeko jarraibide egokiak jakinaraziko dizkie ikastetxeei.

Ikasleen edozein guraso edo legezko ordezkarik bozkatzeko laguntza eskatuz gero, ikastetxeek lagundu egin beharko diote, betiere botoaren zuzeneko, isilpeko eta eskuordetu ezineko izaera bermatuz.

i) Boto telematikorik izan bada, telematikoki bozkatu dutenek ezin izanen dute presentzialki bozkatu. Zenbaketarako, kontuan izanen dira bai hautetsontzian emandako botoak bai telematikoki emandakoak, halakorik izan bada.

j) Mahaikideek botoak zenbatu ondoren, emaitzen akta eginen da, ebazpen honen X. eranskinarekin bat, eta ikastetxean paratuko da jendaurrean.

k) Behin betiko onespena lortzeko, beharrezkoa izanen da eskolaldia aldatzearen alde agertzea errolda osoko hiru bosten gutxienez (errolda osoa: ikastetxean matrikulatutako ikasleen kopurua, kanpoan utzita Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak eta maila horretatik aurrerakoak, kasua bada).

7.–Onespena.

1. Bete beharrekoak bete direla egiaztaturik, ikastetxeko zuzendariak eskolaldia aldatzeko eskatuko du, Ikasketak Antolatzeko Atalera (ordenacion.academica@navarra.es helbidera) zuzendutako mezu elektroniko baten bidez, beranduenez 2023ko otsailaren 17an. Eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztuko da:

–Eskolaldia aldatzeko proiektua.

–Irakasleen klaustroaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz hartutako erabakiaren emaitza adieraziko duena (VII. eranskina).

–Eskola kontseiluaren bilkura bereziko akta, eskolaldia aldatzeko proiektua behin-behinekoz onesten duena (VIII. eranskina).

–Familiekin egindako bileraren akta.

–Eskolaldia aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek eta legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta (X. eranskina).

2. Era berean, bozketetan eskatzen diren ehunekoak lortzen ez badira, aurreko apartatuan aipatutako aktak igorri beharko dira, posta elektronikoko helbide berera eta muga-egun berarekin.

3. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ikastetxeak aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, ebazpen bat emanen du eskolaldiaren aldaketa baiesteko edo ezesteko.

4. Baimendutako ikastetxeek EDUCA kudeaketa programaren bidez igorriko dute ikastetxearen ordutegi orokor berria, 2023-2024 ikasturtean aplikatuko dena.

8.–Jarraipena eta ebaluazioa.

1. Hezkuntza Departamentuak, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, ezarpen-prozedura guztia behar bezala betetzen dela zainduko du.

2. Era berean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzua arduratuko da eskolaldi malgu berria ongi aplikatzen dela zaintzeaz.

3. Halaber, ikastetxeko eskola kontseiluak eskolaldi malguaren barne ebaluazioa eginen du, berak ezarritako parametroei jarraikiz.

4. Eskolaldia aldatzeko baimena jasotzen duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeek, bukaerako memorian, eskolaldi berriaren funtzionamenduari buruzko analisia sartuko dute, aurkeztutako proiektuaren jarraipen eta ebaluazio plana kontuan hartuz.

ERANSKINAK

III. eranskina.–(ESKOLALDI JARRAITUA) ESKOLALDI JARRAITURA aldatzeko proiektuari buruz klaustroaren bilkuran egindako bozketaren akta.

IV. eranskina.–(ESKOLALDI JARRAITUA) ESKOLALDI JARRAITURA aldatzeko proiektuari buruz eskola kontseiluaren bilkuran egindako bozketaren akta.

V. eranskina.–(ESKOLALDI JARRAITUA) Familientzako gutuna, ESKOLALDI JARRAITUA ezartzeko aukera azaltzeko.

VI. eranskina.–(ESKOLALDI JARRAITUA) ESKOLALDI JARRAITURA aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek eta legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta.

VII. eranskina.–(ESKOLALDI MALGUA) ESKOLALDI MALGURA aldatzeko proiektuari buruz klaustroaren bilkuran egindako bozketaren akta.

VIII. eranskina.–(ESKOLALDI MALGUA) ESKOLALDI MALGURA aldatzeko proiektuari buruz eskola kontseiluaren bilkuran egindako bozketaren akta.

IX. eranskina.–(ESKOLALDI MALGUA) Familientzako gutuna, ESKOLALDI MALGUA ezartzeko aukera azaltzeko.

X. eranskina.–(ESKOLALDI MALGUA) ESKOLALDI MALGURA aldatzeko proiektuari buruz ikasleen familiek eta legezko ordezkariek egindako bozketaren emaitzaren akta.

XI. eranskina.–Familia-unitatearen akordioa.

XII. eranskina.–(ESKOLALDI JARRAITUA) Garraioa abiatzeko ordua aurreratzea.

Deskargatu III. eranskinetik XII.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2215607