4. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 21ean hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, obra honen proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: "Garbigunea: etxeko hiri-hondakinen bilketa Zarrakaztelun (Nafarroa)".

Mairagako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2022ko urriaren 6an egindako bilkuran, honako hau erabaki zuen: "Garbigunea: etxeko hiri-hondakinen bilketa Zarrakaztelun (Nafarroa)" izeneko proiektua onestea, desjabetze-espedientea hastea eta hasiera batean onestea proiektu horrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Horretaz gainera, hamabost egunean jendaurrean edukitzeko agindu zuen.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Mairagako Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2022ko azaroaren 24an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Lehenbailehen okupatu behar dira proiektua gauzatzeko ukituko diren ondasun eta eskubideak, ez baitago garbigunerik etxeko hondakinak gaika biltzeko Zarrakaztelu, Figarol eta Murillo el Frutoko udalerriek osatzen duten eremuan. Garbigune hori Zarrakaztelun jarri behar da, hura baita biztanle gehien duena lehen aipatutako udalerrien artean. Garbigune horri esker, mankomunitatearen jarduketa eremuan hondakin bereziak biltegiratu eta tratatzeko dagoen sarea osatuko da. Eta ezinbestekoa da herritarrei aukera ematea, modu irisgarri batean, beren arriskugarritasunagatik edo tamainagatik ohiko bilketaren xede ez diren hondakinak erretiratzeko.

Bestalde, premiazkoa da instalazio hori ezartzea, mankomunitateak bere zerbitzuak hondakinen arloan indarrean dagoen esparru juridikoaren arabera eman ahal izan ditzan.

Espedientean Mairagako Mankomunitatearen idazkariaren ziurtagiria dago, non egiaztatzen baita batzar orokorrak erabaki zuela ezen toki-erakundearen kontuetan nahikoa diru egon behar zela eskuragai ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko eta desjabetze-prozeduraren ondoriozko gainerako betebehar ekonomikoei aurre egiteko, modu horretan bermatua izan dadin balio justu gisa finkatutako diru kopuruak ordaintzea ukitutakoei.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, obra honen proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa: "Garbigunea: etxeko hiri-hondakinen bilketa Zarrakaztelun (Nafarroa)".

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Mairagako Mankomunitateari jakinaraztea erabaki hau.

Iruñean, 2022ko abenduaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2217506