4. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1290E/2022 EBAZPENA, abenduaren 7koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita deialdi hau: "Dirulaguntza toki erakundeei, kontrata ditzaten tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak". DDBN identifikazioa: 663013.

Jasangarritasunerako tokiko agendak (Tokiko Agendak 2030, lehen Tokiko Agenda 21) dira udalerri baten edo udalerri batasun baten plangintza estrategikoaren prozesuak, xede dutenak beren garapena bideratzea jasangarritasun ekonomikora, sozialera eta ingurumenekora, eta haien helburuak zehazten dira udal agintarien eta herritarren arteko akordioaren bitartez.

Agenda egin ondoren, gako dira haren dinamizazioa eta kudeaketa eta haren ekintza planaren jarraipena; hortaz, bidezkoa da eginkizun horiez arduratzen diren zerbitzu teknikoak finantzatzea. Bestalde, komeni da bultzada ematea tokiko garapen jasangarria eta ingurumen proiektuak errazten dituzten tokiko zerbitzuei.

Adierazitakoarekin bat, eta nire eskudantziak erabiliz, hain zuzen ere martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak eta urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidatenak (11/2019 Foru Legea, hizpide dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionala, eta 258/2019 Foru Dekretua, onesten duena Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa).

EBAZTEN DUT:

1. Toki erakundeentzako dirulaguntza deialdi bat onestea, jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak finantzatzeko 2023. urtean.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. 51.600 euroko gastua baimentzea 2023. urterako, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea:740001 74100 4609 468100 partida, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, Agenda 21eko jasangarritasun azterlan eta planetarako".

4. Deialdi hauek bidaltzea Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN), bete dadin azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, Dirulaguntzei buruzkoa.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, hilabeteko epean, zuzenduko zaiona Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari. Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioan, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egiteko aukera, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa). Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Iruñean, 2022ko abenduaren 7an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

TOKI ERAKUNDEENTZAKO DIRULAGUNTZAK, JASANGARRITASUNERAKO ZERBITZU TEKNIKOAK FINANTZATZEKO 2023. URTEAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1. ERANSKINA.–XEDAPEN AMANKOMUNAK

Lehena.–Xedea eta helburuak.

Ebazpen honen xedea da dirulaguntza batzuetarako araubidea ezartzea, tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoen jarduera finantzatzeko 2023ko ekitaldian, tokiko agendak 2030 (lehen Agenda 21 zena) dinamizatzeko eta kudeatzeko, helburua izanik garapen jasangarria tokian-tokian sustatzea.

Zerbitzu tekniko horiek tokiko erakundeei lagunduko diete, tokiko agendaren Tokiko Ekintza Plana nola gauzatu aztertzen, ezartzen eta, behar izanez gero, birformulatzen.

Bigarrena.–Jarduketa diruz lagungarriak eta baldintzak.

1. Diruz lagunduko dira jasangarritasunerako agenden (tokiko agendak 2030, lehen Tokiko Agenda 21 zena) gainbegiratze, dinamizatze eta kudeatze jardueraren ondoriozko gastuak Nafarroako toki erakundeetan, 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko azaroaren 10era.

2. Jarduketa diruz lagungarriek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Toki administrazio batek gauzatzea.

b) Loturik egotea Tokiko Agenda 21 baten dinamizazioari, garapenari eta kudeaketari, betiere tokiko organo eskudunak onetsitako eta Nafarroako Gobernuak balidatutako ekintza plan baten barnean.

c) Eskaera bakarra egiten ahalko da jasangarritasunerako tokiko agenda bakoitzeko.

d) Lanak langile propioekin egiten direnean, diruz lagunduko dira, bakar-bakarrik, lan horietarako berariaz kontrataturiko langileen lan gastuak, edo lan hori egin behar duten langileak ordezteko kontratatzen diren langileenak.

e) Lanak kanpoko aholkularien bitartez egiten direnean, aholkulari horiek izanen dituzte deialdi honen zortzigarren oinarrian adierazitako betebehar berberak.

f) Gehienez, bi urtez lortzen ahalko dira Agenda bakoitza dinamizatzeko eta kudeatzeko jardueretarako laguntza hauek. Epe hori bukaturik, tokiko agenda berak ezin izanen du laguntza hori berriz ere eskatu.

Hirugarrena.–Onuradunak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki erakundeak, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea) eta otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeari (Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legea).

Laugarrena.–Eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak frogatzeko, honako dokumentazio hau atxiki behar zaio, behar bezala betea, eskaerari, zeina eskabide orokor bat betez aurkeztuko baita:

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, agertzen duena betetzen direla azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezartzen diren baldintzak (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea). Orobat, adieraziko dira erakunde eskatzailearen biztanleria, guztira, eta dirulaguntzaren xede diren erakundeak.

Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jadanik badu agiri horietako bat, interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adierazita zer agiri den eta zer espedientetan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

Toki erakundeko alkateak, lehendakariak edo arduradunak sinatu beharko du eskaera, eta aurkeztu beharko da ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hogei egun naturaleko epean.

Nahitaez telematikoki aurkeztuko dira dokumentazio guztia eta laguntzen eskabidea, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko (www.nafarroa.eus) zerbitzuen katalogoko fitxaren bidez. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Seigarrena.–Ebaluazio organoa.

Balorazio Batzorde Teknikoak ebaluatuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Burua: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Mahaikidea: Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko atalburu bat.

–Idazkaria: Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoko burua.

Beharrezkotzat joz gero, Balorazio batzorde teknikoak eskatzen ahalko du parte har dezatela aurkeztutako eskaeren xedeko gaietan adituak diren teknikariek.

Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Eskaera jasotakoan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatuko du ea aurkeztu diren oinarri hauetan aipatzen diren agiri guztiak. Eskatutako dokumentazio guztia aurkezten ez bada, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzendu dezala bost egun balioduneko epean, errekerimendua jakinarazi eta biharamunetik hasita, eta adieraziko zaio ezen, zuzentzen ez badu, ondorioztatuko dela eskaerari uko egiten diola eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

2. Aurreko oinarrian aurreikusitako batzorde teknikoak ebaluazioa egin ondoren, betiere jarraikiz oinarri arautzaile hauetan adierazitako irizpideei, moduei eta lehentasunei, Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoak ebazpen proposamena eginen du, eta, horrekin batera, txosten bat, non adieraziko baitu onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak. Txosten horretan, justifikatu beharko da erakunde bakoitzari emandako kopurua, eta, horrekin batera, kanpoan utzi diren erakundeen zerrenda eta horren arrazoia.

3. Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen arrazoitu baten bidez emanen edo ukatuko dira dirulaguntzak. Ebazpenean berariaz agertu beharko da dirulaguntzarik jaso ez duten onuradunen zerrenda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epea berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, ezetsitzat joko da eskaera.

Zortzigarrena.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari idatziz komunikatzea, gertatzen den unean, proiektuaren gauzatzean izandako edozein gorabehera, berekin dakarrena aldaketaren bat edukian edo kostuan. Aldaketa horrek ez dio konpromisorik ekarriko Foru Komunitateko Administrazioari, salbu berariaz bere gain hartzen badu. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak onetsi beharko ditu, idatziz, proiektuaren edukiaren edo moduaren aldaketa guztiak.

2. Ekintzak 2023ko urtarrilaren 1etik azaroaren 10era bitarte egiteko konpromisoa, Nafarroako Gobernuak 2022ko ekitaldian eman dezan toki erakundearen aldeko ordainketa agindua.

3. Dirulaguntza jasotzen duten proiektuak edo ekintzak kontratatzeko prozedura tramitatzeko konpromisoa, fase guztietan, bai eta proiektu edo ekintza horiek zuzen eta osorik egiteko behar diren tramite eta baimen guztiak tramitatzekoa ere. Beren gain hartuko dute, orobat, lizitazioaren ondoriozko betebeharren erantzukizuna obren edo ekintzen adjudikaziodunen aurrean, modu esklusiboan.

4. Betiere, diruz lagundutako ekintzen %100 bitarte kontrata dezake toki erakundeak.

5. Onartzea organo emaileak egiten dituen egiaztapenak eta kontrol organo eskudunek –estatukoek nahiz Europar Batasunekoek– egin ditzaketen egiaztapenak eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaien informazio guztia ematea.

6. Laguntzak emateko ebazpen proposamena egiten den unean, tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

7. Jasotako dirulaguntzaren kobrantza kontabilitate edo erregistro liburuetan erregistratzea eta diru horren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrol lanak egin ahal izateko.

8. Laguntza ematen denetik hiru hilabete igaro baino lehen, Toki Agenden Bulegoari bilera batera deitzeko konpromisoa, non honako dokumentazio hau aurkeztuko den, onets dadin:

a. Tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoaz arduratzen diren langileen izenak, deiturak eta titulazioa.

b. Toki Agenden eta Lankidetzaren Bulegoak erakunde adjudikaziodunei emanen die toki erakundearen tokiko ekintza plana egokitzeko taula. Hasierako bileran zehaztuko da nola egokitu behar den tokiko ekintza plana emandako taulara.

c. 2023. urtean garatuko den programazioa, zehazturik hasi eta bukatuko diren proiektuak edo ekintzak.

Dokumentazio hori aurkeztu ondoren, Toki Agenden Bulegoak edo hura ordezten duen unitateak hobekuntza proposamenak egiten ahalko ditu.

9. Hamabigarren oinarrian zehazten den dokumentazioa atal horretara igortzeko konpromisoa, 2023ko azaroaren 10a baino lehen.

10. Tokiko Jasangarritasunerako zerbitzu teknikoko kideek parte hartuko dute Nafarroako Gobernuak tokiko jasangarritasunaren arloan eginen dituen prestakuntza jardueretan, bai eta jasangarritasunarako tokiko foro teknikoan ere.

Bederatzigarrena.–Ordaintzeko modua eta epeak.

Hamabigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aztertu ondoren, onetsitako dirulaguntza ordainduko da. Ez bada frogatzen onetsitako proiektuaren arabera egin direla lanak, dirulaguntza gutxitu eginen da, gauzatutako proiektuaren proportzioan.

2023ko abenduaren 31 baino lehen ordainduko da, 2023ko gastuen aurrekontuan horretarako gaituko den partidaren kargura, zeina izanen baita 2022ko gastuen aurrekontuko partida honen baliokidea:740001 74100 4609 468100 partida, "Toki erakundeentzako dirulaguntzak, Agenda 21eko jasangarritasun azterlan eta planetarako".

Hamargarrena.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Deialdi honetan, gehienez 51.600 euro emanen dira guztira, 2023. urterako.

Proiektu bakoitzari emanen zaion dirulaguntzaren zenbatekoa izanen da lortzen duen puntuazioaren araberakoa, erabilgarri dagoen aurrekontua bukatu arte. Puntuazioa finkatuko da jarraikiz hamaikagarren oinarrian ezarritako irizpideei. Nolanahi ere, gehienez 4.000 eurokoa izanen da tokiko agenda bakoitza dinamizatzeagatik jasoko den laguntza, eta, betiere, deialdi honen xede den toki erakundearen gastu osoaren %70 gehienez.

Zortzigarren oinarrian eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskaera baztertua geldituko da.

Aurrekontuetan kreditu erabilgarririk ez badago, dirulaguntzaren zenbatekoa modu proportzionalean gutxituko da.

Hamaikagarrena.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpideak.

Erakunde bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, puntuazio bat esleituko zaio, puntuazio hauek batuta aterako dena:

a) Parte hartzen duten erakunde guztiek 10 puntu izanen dituzte hasiera-hasieratik.

b) Bost puntu, Nafarroako toki erakundeen jasangarritasunaren sareetan parte hartzeagatik.

c) Bost puntu, 10 urtetik beherako tokiko agenda bat izateagatik.

d) Puntu bat, zerbitzuaren xedeko udalerrietan bizi diren mila biztanleko; gehienez 10 puntu.

Behin erakunde eskatzaile bakoitzaren puntuazioa kalkulatuta, guztirako dirulaguntza proportzioan banatuko da bakoitzaren puntuazioaren arabera.

Ondoren, zenbatekoa murriztuko da eskatzaile bakoitzarentzat ezarritako gehienekora, eta soberakina proportzionalki banatuko da muga horretara ailegatzea lortu ez duten erakundeen artean, betiere gainditu gabe eskatzaile bakoitzaren 4.000 euroko muga.

Hamabigarrena.–Egindako gastuen eta ordainketen justifikazioa.

Onuradunek 2023ko azaroaren 10a arteko epea izanen dute honako dokumentazio hau aurkezteko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuan:

a) Toki Agenden Bulegoarekin eginiko hasierako bileraren akta.

b) Gastuen eta ordainketen zerrenda, toki erakundeko idazkariak ziurtatua edo, bidezkoa bada, kontu-hartzaileak ziurtatua, eta, horrekin batera, egindako gastu eta ordainketak frogatzen dituzten ziurtagiriak, fakturak edo bestelako frogagiriak.

c) Tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikoak gauzatutako jarduerei buruzko txostena.

d) Toki erakundearen tokiko ekintza planaren egokitzapena, jarraikiz zortzigarren oinarriko 8 b puntuan xedatutakoari.

e) 3. eranskina, betea eta sinatua: adierazpena, honako hauei buruz: maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzea (foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona) eta gastuak eta diru-sarrerak.

Hamahirugarrena.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak ez dira bateragarriak beste laguntza batzuekin, izan Foru Komunitateko Administrazioak emanak, beste administrazio publiko batzuek emanak, beste erakunde publiko nahiz pribatuek emanak nahiz Espainiako nahiz atzerriko partikularrek emanak.

Hamalaugarrena.–Efizientzia eta ekonomia hornitzaileen kontratazioan.

Erakunde publikoak direnez, apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea bete beharko dute lanen kontratazioan (Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea).

Hamabosgarrena.–Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

1. Ebazpen honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, ez da dirulaguntza ordainduko, edo itzuli egin beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, jarraituko zaie azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluei (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

Hamaseigarrena.–Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen aplikazioa.

Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden gaietan, aplikatuko da azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hamazazpigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan (lege horrek arautzen du Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa).

Hamazortzigarrena.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Deialdi honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), jarraikiz azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluari (Dirulaguntzei buruzko Foru Legea).

Hemeretzigarrena.–Onuradunen eginbeharrak publizitateari dagokionez.

Proiektuan edo ekintzan erakutsi beharko da proiektua Nafarroako Gobernuarekin batera finantzatzen dela.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

2. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, tokiko jasangarritasunerako zerbitzu teknikorako dirulaguntza eskatzen duen erakundearena.

3. eranskina.–Adierazpena, honako hauei buruz: maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzea (foru lege horrek hizpide ditu gardentasuna, informazio publikoa eskuratzea eta gobernu ona) eta gastuak eta diru-sarrerak.

Deskagatu 2. eta 3. eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2216719