4. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

211/2022 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez onesten dira ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2023ko deialdia eta oinarri arautzaileak. DDBN identifikazioa: 662110.

Ingurumen hezkuntza, sentsibilizazioa eta boluntariotza norbanakoen eta taldeen ardurakidetza garatzeko tresnak dira, ingurumenaren egoerari eta bilakaerari dagokienez, eta jarreren, balioen eta jokabideen aldaketa soziala sustatzen dute jasangarritasunerantz aurrera egiteko. Zientzia herritarra da jendeak oro har (bai zientzia ikasketak dituztenak, bai horrelakorik ez dutenak) bere borondatez parte hartzea antolatutako jarduera zientifikoetan, eta honako hauek dakartza berekin: galderak egitea eta datuak jaso eta interpretatzea eta jendeak oro har ikerketa zientifikoko jardueretan konpromisoa hartzea. Hori gauzatzen da herritarrek zientzian aktiboki parte hartzen dutenean ahalegin intelektuala eginez edo jakintzari euskarria emanez beren tresna edo baliabideekin, betiere biodibertsitatea eta haren kontserbazioa aztertzeari lotuta.

Nafarroako Gobernuak ingurumen hezkuntzaren tratamendua zeharka indartu nahi du maila guztietan, eta ingurumen arloko boluntariotza eta zientzia herritarraren arloetako ekimenak babestu. Helburu nagusia da herritarren sentsibilizazioa eta ezagutza handitzea ingurumen arloan, eta balioak eta trebetasunak berenganatzea, ingurumen arloko arazoen konponketan parte hartzeko gai izan daitezen banaka zein taldeka.

Nafarroako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak xedatzen du Nafarroako Gobernuaren politikak, programak eta jarduketak ebaluatu behar direla urtero, Garapen Jasangarriaren 2030 Agendak dakartzan erronkei aurre egin ahal izateko. Laguntzen deialdi honek Garapen Jasangarriko hainbat helbururen (GJH) xedeak lortzen lagundu nahi du:

–12.8 xedea. Jasangarritasunaren kultura sustatzea gizarte sentsibilizaziorako ekintzen bitartez (12. GJHa);

–13.3 xedea. Ingurumen heziketa eta gizarte sentsibilizazioa hobetzea klima aldaketaren aurrean (13. GJHa);

–15.5 xedea. Habitat naturalen degradazioa murriztea eta dibertsitate biologikoaren galera etetea (15. GJHa).

Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legearen 4 bis artikuluaren arabera, deialdia Nafarroako Ingurumen Kontseiluari igorri zaio, horren berri izan eta onets dezan.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdiaren onespena.

Ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako dirulaguntzen 2023ko ekitaldiko deialdia onestea.

2. Oinarri arautzaileak onestea.

Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri arautzaile horiek ebazpen honen eranskinetan ageri dira.

3. Gasturako baimena ematea.

276.963,00 euroko gastu konpromisoa baimentzea, 2023ko ekitaldian horretarako gaituko den 2022ko aurrekontu orokorretako partida honen baliokidearen kargura: "PFEZaren %0,7ko Funtsa. Ingurumen hezkuntza, boluntariotza, lurraldearen zaintza" izeneko 740002 74200 4819 456200 partida. Horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa egotea.

Gastuaren banaketa honako hau izanen da proiektu motaren arabera:

–166.178,00 euro ingurumen hezkuntzako proiektuetarako.

–110.785,00 euro ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako.

Dirulaguntza ematen den unean taldeetako batean ez bada amaitzen zehaztutako zenbatekoa, beste proiektu motan gastua ematea baimenduko da.

4. Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Baseari (NGDDB) jakinaraztea.

Deialdi hauek Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera (DDBN) bidaltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa betetzeko.

6. Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoa.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta beraren kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren aurrean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hilabete iragan baino lehen. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, deialdia onetsi eta hurrengo egun baliodunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

7. Ebazpena jakinaraztea.

Ebazpen hau jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari eta Ekonomia Aferetarako Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzan.

8. Ebazpena argitaratzea.

Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2022ko azaroaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko proiektuetarako, ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetarako eta zientzia herritarreko proiektuetarako laguntzen 2023ko deialdienak

1. oinarria.–Xedea eta aplikazio eremua.

Oinarri hauen xedea da Nafarroako elkarteek eta gobernuz kanpoko erakundeek ingurumena hobetzeko laguntza-helburuak erdiestearren sustatzen dituzten proiektuetarako laguntza ekonomikoak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzea, Foru Komunitateko zergadunek gizarte-intereseko beste xede batzuetarako bideratzen duten tributuen %0,7 arautzeari buruzko ekainaren 5eko 7/2009 Foru Legean ezarritakoaren arabera. Mota hauetako bateko proiektuak izan behar dira:

a) Ingurumen hezkuntzako proiektuak: halakotzat jotzen dira gizabanakoek zein taldeek ezagutzak, balioak, trebetasunak eta esperientziak bereganatzea helburu dutenak, egungo eta etorkizuneko ingurumen arazoak konpontze aldera bakarka zein taldeka jarduteko gaitu daitezen.

b) Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak: halakotzat jotzen dira gizakiak ingurumenean duen eragin kaltegarria gutxitzea helburu dutenak, baita egun dagoen natura-ondarearen, animalia eta landare espezieen, ekosistemen eta baliabide naturalen garrantzia nabarmentzea ere.

c) Zientzia herritarreko proiektuak: deialdi honen ondorioetarako, halakotzat jotzen dira herritarren, orokorrean, borondatezko partaidetza duten ikerketa zientifikoari buruzko jardueretakoak, herritarren parte-hartze hori aktiboa denean, bai ahalegin intelektualaren bidez bai inguruneari buruzko ezagutzaren bidez bai beraien tresnak eta baliabideak jarriz.

Mota horietan guztietan, proiektuak Nafarroako Foru Komunitatean egin behar dira eta ingurumenaren arloko jarduketak bildu behar dituzte, halakotzat hartuta honako hauei buruzkoak:

a) Kutsaduraren prebentzioa.

b) Klima aldaketara egokitzea edo hura arintzea.

c) Hondakinak, ura, kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra.

d) Energia aurreztea eta energia berriztagarriak.

e) Habitatak, ekosistemak, paisaia, biodibertsitatea eta espezie naturalak kontserbatzea, lehengoratzea eta mantentzea.

f) Naturguneen eta espezie naturalen babesa eta ezagutza areagotzea

g) Baso kudeaketa jasangarria (barne daudela baso aprobetxamenduak, ehiza, izurriteen aurkako borroka, suteen prebentzioa...).

h) Mugikortasun jasangarria.

i) Nekazaritza eta abeltzaintza ekologiko edo jasangarria.

j) Hiri inguruneko ingurumenaren kalitatea hobetzea.

k) Animalien babesa eta ongizatea.

Jarduketak denetariko pertsonentzat izan daitezke, herritar guztientzat zein talde jakin batzuentzat, eta eskaera aurkezten den egunetik 2023ko urriaren 25era bitartean egin beharko dira. Azken egun horretarako justifikazio-memoria aurkeztu beharko da. Ez dira diruz lagunduko eskaera aurkeztu aurretik egindako gastuak.

Nolanahi ere, jarduera jende artean hedatzen dela bermatu behar da. Hala ez egitea proiektua ezeztatzeko arrazoia da. Ez dira diruz lagungarritzat hartuko promozio eta/edo publizitaterako jarduerak ez besterik egiten duten proiektuak, lehenago deskribatu diren ingurumenari buruzko ekintzekin lotura badute ere.

Proiektu mota bakoitzerako zehaztapenak eta deialdian onartutako ingurumen-gaiak xehetasun handiagoz ezagutzeko, ikus II. eranskina.

2. oinarria.–Onuradunak.

Deialdi honen laguntzen onuradun izaten ahalko dira Nafarroan helbidea eta nortasun juridikoa duten elkarteak eta erakundeak, 1. oinarriko motetako jarduerak egiten badituzte (aipatzen diren ingurumenari buruzko gaien inguruan).

Horretarako, deialdiaren xedetzat hartzen dira Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoak arautzen dituen entitateak eta Fundazioei buruzko abenduaren 26ko 50/2002 Legeak arautzen dituenak.

Laguntza hauekin bateraezin deklaratutako laguntzarik jaso duten Nafarroako elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeek ezin izanen dute ingurumena hobetzeko laguntza-helburuak erdiesteko laguntzarik lortu, ez eta emandako laguntzengatiko ordainketarik jaso ere, bateraezin deklaratutako laguntza horren zenbateko osoa itzuli arte edo blokeatutako kontu batean sartu arte, berreskuratze-interesak barne.

3. oinarria.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Onuradunek, deialdian onartuak izateko, irizpide hauek bete beharko dituzte laguntza eskaera aurkezten den egunean:

a) Nafarroako Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Erregistroan edo Estatuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute entitateek. Elkartea Nafarroako Elkarteen Erregistroan inskribatuta badago, ez da beharrezkoa dokumentazioa aurkeztea, laguntzak kudeatzen dituen organoak egiaztatuko baitu.

b) Ez egotea laguntzen onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

c) Egunean izatea tributu arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, dirulaguntza eman eta ordaindu aurretik. Ez dago zertan aurkeztu honen frogagiririk, administrazioak egiaztatuko baitu laguntzak eman eta ordaintzeko prozedura administratiboan.

d) Proiektuak bete behar ditu Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren ingurumen-politikak, eta bateragarri eta koherente izan behar da aipatu departamentuak egiten dituen jarduketekin.

e) Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena betetzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 8. artikuluak aipatzen dituen pertsona juridikoek edo entitateek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluetan ezarritako gardentasuna bete beharko baitute.

Entitate eskatzaileek proiektuaren koordinatzaile tekniko bat izendatuko dute, proiektua diseinatu, gauzatu, justifikatu eta ebaluatzearen arduraduna izan dadin.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

Jarduera garatzen laguntzen duten gastuak diruz lagungarriak izanen dira, eta, bereziki, hauek:

–Material grafikoak eta ikus-entzunezkoak formatu fisiko edo elektronikoan editatzea, betiere haien edukia adierazten badute eta Departamenduak hura onesten badu.

–Nafarroako Foru Komunitateko edozein hizkuntza ofizialetara itzultzeko gastuak.

–Ikastaroetan eta prestakuntzako eta sentsibilizazioko beste jarduera batzuetan, txostengileen, hizlarien, irakasleen eta boluntarioen hezitzaileen kontratazioa, ostatua, mantenua eta garraioa, baita monitoreena eta jarduera gauzatzeko behar diren pertsonena ere. Txostengileen eta hizlarien ostatu eta mantenuaren ondoriozko gastuak ezin dira izan onartutako aurrekontuaren %10 baino handiagoak.

–Proiektuko parte-hartzaileak eta boluntarioak jarduketa eremura eramateko gastuak.

–Jarduerak garatzeko behar diren material suntsikorrak eskuratzea, betiere modu arrazoizkoan eta proportzionalean erabilita.

–Jarduerak egiteko behar diren material ez-suntsikorrak eskuratzea, betiere material horiek ezin badira alokatuz eskuratu eta haien kostua ez bada 600 euro edo proiektuaren aurrekontu onartuaren %10 baino gehiago.

–Ekintza egiteko behar diren instalazioak edo materiala alokatzea edo renting edo leasing bidez eskuratzea proiektuak iraunen duen aldirako: hitzaldi-aretoak, proiektagailuak, tresnak, makinak, etab.

–Proiektuari buruzko informazioaren, gizartearen parte-hartzearen eta publizitatearen ondoriozko gastuak.

–Jarduera egin bitartean sortzen diren hondakinak ahalik eta gutxien izatea laguntzen duten materialak.

–Istripu asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua boluntzariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako. Aseguru horren gastuak aukeratzen ahalko dira, boluntarioak eta monitoreak ez ezik, proiektuan inplikatuta dauden eta parte hartzen duten hirugarren pertsonak ere (halakorik dagoenean) estaltzen badituzte. Proiektuan egiten den jarduera estaltzen duen aseguruaren zatia baino ez da sartuko dirulaguntzan.

Aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren %100 azpikontratatzen ahalko du onuradunak. Azpikontrataziorako bete beharreko baldintzak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezartzen dira.

Kontratatu nahi bada onuradunarekin lotutako pertsonek edo entitateek (entitateko bazkideak edo horien senideak) gauzatuko dutela proiektu osoa edo zati bat, organo kudeatzailearen aldez aurreko baimena beharko da. Horretarako, eskaerarekin batera, egoera hori zehazten duen dokumentu bat aurkeztuko da, kontratazio horren beharra eta elkarteak proiektuaren barnean duen zeregina azaltzen dituena. Organo kudeatzaileak jakinaraziko du zergatik ez duen kontratazio hori baimentzen laguntza eman aurreko zuzenketen aldian. Organo kudeatzaileak horri buruzko aipamenik egiten ez badu, ulertuko da kontratazio hori baimenduta dagoela.

Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuen kasuan, honako hauek ere izanen dira diruz lagungarriak:

–Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuetako boluntarioen mantenu gastuak. Gehienez 6 eurokoa izanen da boluntario/egun eta ekintzako, eta aurkeztutako aurrekontu osoaren %10 edo 600 euro.

Gastu hauek deialditik kanpo gelditzen dira:

a) Zeharkako zergak, balio erantsiaren gaineko zerga eta beste batzuk, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal badira.

b) Dirulaguntza jasotzen duen proiektuari zuzenean lotuta ez dauden gastuak.

c) Inbertsioak.

d) Beste entitate batzuekin egindako hitzarmenen ondoriozkoak.

e) Beharrezkoak ez direnak edo behar ez bezala justifikatzen direnak. Beharrezkoak ez diren edo behar ez bezala justifikatzen diren gastutzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerarekin bat ez datozenak, behar-beharrezkoak ez direnak eta ebazpen honek ezarritako epean egiten ez direnak.

f) Banku-transferentzien ondoriozko komisioak eta gastuak.

g) Eskuratutako produktuen bermeak eta aseguruak.

h) Txostengileentzako sariak edo opariak.

i) Ingurumen hezkuntzako eta zientzia herritarreko proiektuetan, catering edo janari gastuak hitzaldietan, aurkezpenetan, ikastaroetan, tailerretan eta proiektuaren barruan eginiko gainerako ekintzetan parte hartzen dutenentzat.

j) Administrazio publikoen eskumenen ondoriozko gastuak, baldin eta eskumenak deialdiaren xede diren elkarteei eskuordetzen badizkiete. Batez ere hemen ezartzen dena: 520/2022 Ebazpena, uztailaren 21ekoa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdia onesten duena 2022. urterako Nafarroako toki erakundeei dirulaguntzak eman dakizkien lagun egiteko animalien babeserako jarduketak egin ditzaten Nafarroan, edo 2023an hura ordezten duen deialdia.

k) Emakidaren egunean nahitaezkoak diren txostenak edo jarduketak egitearen ondoriozko gastuak.

Gastu diruz lagungarrien erosketa-kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa, ezta neurrigabea ere, ekonomiaren eta kostua/eraginkortasuna erlazioaren printzipioen arabera.

Gastuak proiektuko ekintza zehatz batekin lotuta egonen dira. Gastu guztiak fakturen edo nominen bidez frogatu behar dira, eta honako bi datuak xehatu behar dira: BEZaren ehunekoa (salbuetsita egonen litzateke Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.1. 6 artikuluan aipatzen diren gaiei buruzko prestakuntza) eta PFEZen atxikipena (salbuetsita ez badago.). 600 eurotik beherako gastuak erosketa-tiketen bidez frogatzen ahalko dira, baldin eta argi adierazten bada zer eskuratu den (artikulua edo zerbitzua). Ez da ordainketaren banku egiaztagiririk aurkeztu beharrik. Ez dira onartuko eskaera aurkeztu aurretik edo proiektuaren justifikazioa entregatu ondoren egindako gastuak.

5. oinarria.–Laguntza-eskaera, aurkeztu beharreko agiriak eta eskaerak aurkezteko epea.

Elkarte bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, agiri hauekin batera:

a) Eskaera-orria, III. eranskineko ereduaren araberakoa, non jasoko baita laguntza zer modalitatetarako eskatzen den, honako hauekin batera: erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla; erantzukizunpeko adierazpen bat, zehazten duena zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, indarreko xedapenek ezarri bezala. Aukera bat jasoko da emandako laguntzaren zenbatekoaren %50eko aurrerakina eskatzeko.

b) Proiektu diruz lagungarri bakoitzeko deskripzio-memoria, III. eranskineko ereduaren araberakoa. Bertan jasoko dira, gutxienez:

1.–Proiektuaren izena.

2.–Proiektu mota.

3.–Proiektuaren deskribapen laburra.

4.–Jarduketa esparrua edo eremua.

5.–Gaia.

6.–Entitate eskatzailearen datuak.

7.–Entitate laguntzaileak.

8.–Proiektuaren xedea.

9.–Proiektuaren beharrak.

10.–Proiektuaren deskribapena, eginen diren ekintzak adierazita, eta ekintzok faseetan aletuta, honako hauek barne daudela: ekintzaren aldez aurreko plangintza edo prestakuntza, parte-hartzaileak erakartzeko hedapena (hala badagokio), gauzatzea, lortutako emaitzen zabalkundea (hala badagokio) eta ebaluazioa. Ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetan, prestakuntzaldi bat ere sartu beharko da.

11.–Xede-audientzia.

12.–Ekintzen kronograma.

13.–Proiektuaren aurrekontu orokorra; ekintza bakoitzaren kostua xehatu behar da, zerga-oinarria eta lotutako BEZa zehaztuta.

Oharra: aurrekontuan, BEZaren aitorpena hiru hilean behin egiten duten elkarte edo fundazioek gastu osoa aitortu beharko dute, BEZa barne, "Zerga-oinarria" laukian, kenkaririk sortzen ez duten gastuetarako; kenkaria sortzen dutenek, berriz, zerga-oinarria eta BEZa adierazi beharko dituzte, bereizita.

c) 3. oinarrian (Onuradunek bete beharreko betekizunak) eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

d) Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo haiek kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, transferentzia bidez kobratzeko eskaera aurkeztu beharko dio, behar bezala beterik eta sinaturik (https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm), Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalari. Eskaera horren kopia erantsi beharko dio laguntza honen eskaerari.

Dokumentuen izenak honetara osatu behar dira: dokumentuak deskargatzean eduki duen izenari amaiera elkartearen izena erantsi behar zaio, bai eta proiektu-motaren inizialak ere (ingurumen-hezkuntzako proiektuak, EA; ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak, VA; zientzia herritarreko proiektuak, CC). Mota bateko zenbait proiektu aurkeztuz gero, bukaeran jarritako zenbaki korrelatiboen bidez bereiziko dira.

Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari igorriko zaizkio. Telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez. Ziurtagiri digitala eduki behar da identifikatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baitira kasu horietan.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. oinarria.–Laguntzen zenbatekoa.

Proiektu mota guztien dirulaguntzaren zenbatekoak taula honetan adierazten diren portzentajeei eta mugei jarraituko die:

PROIEKTU MOTA

ZENBATEKOA, GUZTIRA

DIRULAGUNTZAREN GEHIENEKO %

GEHIENEKO DIRULAGUNTZA ESKATZAILE BAKOITZEKO

Ingurumen hezkuntza

166.178,00

%80

9.000 euro

Ingurumen arloko boluntariotza eta zientzia herritarra

110.785,00

%90

9.000 euro

GUZTIRA

276.963,00

Lehentasun-ordena ezartzeko, 7. oinarrian (Dirulaguntzak emateko modua eta baloraziorako irizpideak) ezarritako puntuazio-baremoa hartuko da kontuan.

Entitate bakoitzak nahi adina proiektu aurkezten ahalko ditu; eskatzaile bakoitzeko jasoko den dirulaguntza, halere, ez da inoiz aurreko taulan ezarritakoa baino handiagoa izanen.

7. oinarria.–Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

Ingurumen hezkuntzako, ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuak puntuatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira:

Zk.

IRIZPIDEA

BALORAZIOA

PUNTUAK

GEHIENEKO PUNT.

1

Proiektuaren justifikazioa. Zergatik egiten da proiektua?

Jardun-eremuan ingurumenaren arloan landu beharreko arazo bat baino gehiago identifikatzen dira, arazo bakoitzaren arrazoiak eta ondorioak aztertzen dira, eta adierazten da zer lortu edo adierazi nahi den proiektuaren bidez, eta hori guztia zehaztasunarekin eta egiari lotuta.

10

10

Jardun-eremuan ingurumenaren arloan landu beharreko arazo bat identifikatzen da, arazoaren arrazoiak eta ondorioak aztertzen dira, eta adierazten da zer lortu edo adierazi nahi den proiektuaren bidez, eta hori guztia zehaztasunarekin eta egiari lotuta.

5

Jarduketa eremuan ez da ingurumen arloan landu beharreko arazorik identifikatzen.

Edo ez dira aztertzen haren arrazoiak eta ondorioak.

Edo ez da adierazten zer lortu edo adierazi nahi den proiektuaren bidez, edo ez da zehaztasunarekin eta egiari lotuta egiten.

0

2

Metodologia; nola eginen da?

Proiektuko ekintza guztiak faseka egituratzen dira, eta, beraz, modu bereizian azaltzen dira, gutxienez, honako hauek: plangintza, hedapena (beharrezkoa bada), boluntarioen prestakuntza (boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako), gauzatzea, dibulgazioa (kontuan hartzen bada) eta proiektuko ekintza bakoitzaren ebaluazioa.

10

10

Batzuk, baina ez proiektuko ekintza guztiak, faseka egituratzen dira, eta, beraz, modu bereizian azaltzen dira, gutxienez, honako hauek: plangintza, hedapena (beharrezkoa bada), boluntarioen prestakuntza (boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetarako), gauzatzea, dibulgazioa (kontuan hartzen bada) eta proiektuko ekintza bakoitzaren ebaluazioa.

5

Proiektuko ekintzetako bat ere ez da faseka egituratzen, eta, beraz, ez dira modu bereizian azaltzen lehen aipatutako faseak.

0

3

Arazoak konpontzeko ikuspegia. Zer eginen da arazo bakoitza konpontzeko?

Proiektuaren justifikazioan azaltzen diren ingurumenaren arloko bi arazo edo gehiago lantzeko zenbait motatako ekintzak eginen dira.

15

15

Proiektuaren justifikazioan azaltzen diren ingurumenaren arloko arazoetako bat konpontzeko soilik eginen dira zenbait motatako ekintzak.

10

Proiektuaren justifikazioan azaltzen diren ingurumenaren arloko arazoak konpontzeko mota bakar bateko ekintzak eginen dira.

5

Proiektuaren justifikazioan azaltzen diren ingurumenaren arloko arazoetako batzuk konpontzeko mota bakar bateko ekintzak eginen dira.

0

4

Proiektuaren ebaluazioa. Nola ebaluatuko duzu proiektua?

Proiektuko ekintza guztiek ebaluazio-fase bat dute, zehazten duena nola ebaluatuko den helburuen betetze-maila eta parte-hartzaileen gogobetetasuna

10

10

Proiektuaren ekintza batzuek, baina ez guztiek, dute ebaluazio-fasea, zehazteko nola ebaluatuko den helburuen betetze-maila edo parte-hartzaileen gogobetetasuna.

5

Proiektuko ekintzetako bakar batek ere ez du ebaluazio-faserik, zehazten duenik nola ebaluatuko den helburuen betetze-maila edo parte-hartzaileen gogobetetasuna.

0

5

Aurrekontua. Zenbatekoa izanen da proiektuko ekintza bakoitzaren kostua?

Aurrekontuaren egitura ekintzen deskribapenaren araberakoa da. Gasturen bat zenbait ekintzari egozten ahal bazaio, bakoitzari egozten zaion gastuaren ehunekoa zehaztu behar da.

5

5

Aurrekontuaren egitura ez da ekintzen deskribapenaren araberakoa edo zenbait ekintzari egozten ahal zaien gastuetan ez da zehazten bakoitzari egozten zaion ehunekoa.

0

6

Proiektuaren kudeaketa. Nork kudeatzen du proiektua?

Proiektuko ekintza guztiak entitate eskatzaileak kudeatzen ditu, ez beste inork.

5

5

Proiektuaren zati bat edo proiektu osoa ez du entitate eskatzaileak soilik kudeatzen.

0

7

Hedapena. Nola hedatuko duzu proiektuko ekintzen berri?

Proiektuaren deskribapenean ekintza guztiek dute hedapen-fase bat (parte-hartzaileak erakartzeko), eta nolakoa izanen den azaltzen da

5

5

Proiektuaren deskribapenean ekintza guztiek ez dute hedapen-fasea, edo ez da azaltzen nolakoa izanen den.

0

8

Gaiak. Zer gai jorratzen ditu?

Proiektuak deialdi honen 1. oinarriko bi gai edo gehiago jorratzen ditu, eta eginen diren ekintzen azalpenaren bidez justifikatzen da lana.

5

5

Proiektuak deialdi honen 1. oinarriko gai bat bakarrik jorratzen du, eta eginen diren ekintzen azalpenaren bidez justifikatzen da lana.

0

9

Ingurumen-jasangarritasuneko neurriak. Zer neurri ezarriko dira proiektuaren ingurumen-jasangarritasuna hobetzeko?

Proiektuak ingurumen-jasangarritasuneko arazoak identifikatzen ditu, arazo horiek konpontzeko bi neurri edo gehiago hartzen ditu eta adierazten du horiek nola egiaztatuko dituen agiri bidez.

10

10

Proiektuak ingurumen-jasangarritasuneko arazoak identifikatzen ditu, arazo horiek konpontzeko neurri bakarra hartzen du eta adierazten du nola egiaztatuko duen agiri bidez.

5

Proiektuak ez du ingurumen-jasangarritasuneko arazorik identifikatzen, edo ez du inolako neurririk hartzen arazo horiek konpontzeko, edo ez du adierazten nola egiaztatuko dituen agiri bidez

0

10

Gazteek parte hartzea eta adinekoen zahartze aktiboa sustatzea. Norentzat da proiektua?

Proiektua zuzenduta dago 16 - 30 urte bitartekoei edo 60 urtetik gorakoei, ez baldin badira "publiko gatibua".

5

5

Ez da zehazten nori zuzenduta dagoen proiektua edo ez dago zuzenduta 16 - 30 urte bitartekoei ez 60 urtetik gorakoei edo "publiko gatibuari".

0

11

Lankidetza. Aritzen dira lankidetzan beste entitate batzuk modu altruistan?

Lankidetzan ariko dira deialdiaren 2. oinarriko baldintzak betetzen dituzten beste elkarte batzuk modu altruistan (kontraprestazio ekonomikorik gabe).

5

5

Ez da ariko lankidetzan 2. oinarriko baldintzak betetzen dituen beste elkarterik modu altruistan (kontraprestazio ekonomikorik gabe) edo ez da azaltzen.

0

12

Jarraitasuna. Aurreko proiektu baten ondoriozkoa da?

Proiektuak aurreko kanpainan diruz lagundutako proiektu baten lanekin jarraitzen du, ekintza berberak errepikatu gabe

5

5

Proiektuak ez ditu aurreko kanpainan diruz lagundutako proiektu baten lanak jarraitzen, edo ekintza berberak errepikatzen ditu.

0

13

Genero-ikusmoldea. Zer neurri hartuko dira parte-hartze ez-sexista bermatzeko?*

Proiektuak identifikatzen du zer egoeratan sor daitezkeen desberdintasunak parte-hartzaileen generoaren arabera, horiek saihesteko neurriak hartzen ditu eta adierazten du nola egiaztatuko dituen agiri bidez.

5

5

Proiektuak ez du identifikatzen zer egoeratan sor daitezkeen desberdintasunak parte-hartzaileen generoaren arabera, edo ez du neurririk hartzen egoera horiek saihesteko, edo ez du adierazten nola egiaztatuko dituen agiri bidez.

0

14

Parte-hartze inklusiboa sustatzea. Zer neurri hartzen dira parte-hartze inklusiboa bermatzeko?*

Proiektuak identifikatzen du zer inguruabarrek zailtzen duen desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze inklusiboa, hori minimizatzeko neurriak hartzen ditu, eta adierazten du nola egiaztatuko dituen agiri bidez.

5

5

Proiektuak edo ez du identifikatzen zer inguruabarrek zailtzen duten desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze inklusibo, edo ez du hura minimizatzeko neurririk hartzen edo ez du adierazten nola egiaztatuko dituen agiri bidez.

0

* Adierazi beharko da nola egiaztatuko diren agiri bidez jasangarritasunaren, genero-ikuspegiaren eta parte-hartze inklusiboaren arloko neurriak. Ez da onartuko agiri bidez egiaztatu ezin den neurririk. Neurri horietan puntuazioa lortu bada, azken justifikazio-memorian, neurri horiek gauzatu direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Baldin eta, ordaintzeko ebazpena eman aurretik, egiaztatzen bada proiektu batek aldatu egin dituela dirulaguntzaren prozeduran puntuazioa emateko baldintzak, berriz kalkulatuko da proiektu horren puntuazioa, eta, beraz:

–Puntuazio berria ez bada iristen norgehiagokako prozeduran sartzeko gutxieneko baliora, galdu eginen du emandako laguntza.

–Puntuazio berria norgehiagokako prozeduran sartzeko gutxieneko baliora iristen bada, baina proiektuaren lehentasun-ordena aldatzen bada, proiektuak emakidaren zati bat edo osoa galtzen ahalko du, segun eta zer kreditu egonen zen erabilgarri lehentasun-ordena berri horren arabera.

–Puntuazio berria norgehiagokako prozeduran sartzeko gutxieneko baliora iristen bada, baina proiektuaren lehentasun-ordena aldatzen ez bada, ez da emakida ukituko.

8. oinarria.–Norgehiagokako prozeduraren aplikazioa.

Proiektu bakoitzaren puntuazio osoa lortzeko, aipatutako irizpide bakoitzean lortutako puntuak batuko dira. Gutxienez 0 puntu lortuko dira, eta gehienez 100.

a) Norgehiagokako prozeduran sartu ahal izateko, 1 - 7 bitarteko balorazio-irizpideen arabera gutxienez 24 puntu lortu beharko dira, eta guztirako puntuazioa 40 izan beharko da gutxienez.

b) Bi proiektuk edo gehiagok puntuazio bera badute, lehentasuna emanen zaie 7. oinarriko irizpideetan puntuazio handiena lortu duten espedienteei, ezarritako hurrenkera numerikoari jarraikiz.

c) Dirulaguntza emateko orduan, puntuazio handiena lortu duen proiektua izanen da abiapuntua, eta puntuazio handienetik txikienerako ordenari jarraituko zaio dirulaguntzak emateko, proiektu mota bakoitzerako erabilgarri dagoen aurrekontua agortu arte. Azkeneko proiektuaren guztirako zenbatekoa sartzeko kreditu nahikorik ez badago, hark dagokion zatia jasoko du, gasturako baimendutako zenbatekoa agortu arte.

d) Deialdi honetako proiektu motaren batean kreditua gelditzen bada eman gabe, beste proiektu motarako erabiliko da kreditua.

9. oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Dirulaguntza jasotzen dutenek honako betebehar hauek izanen dituzte:

1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Diruz lagundu behar diren jarduerak egitea, baldintza teknikoei jarraikiz eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat, eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren egiaztapenaren mende jartzea.

3. Lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza edo laguntza batzuen berri ematea organo kudeatzaileari.

4. Boluntariotzako proiektuen kasuan, diruz lagundutako entitateek Boluntariotzari buruzko urriaren 14ko 45/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte. Halaber, entitatearen boluntariotzako ekintzak inskribatu behar dituzte "Nafarroa, Orotan Lagun" baliabidean. Honen bidez inskribatuko dira: https://navarramasvoluntaria.navarra.es/eu/erakundeak.

5. Zientzia herritarreko proiektuetan, organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen badu, eta boluntariotzako proiektu guztietan, proiektuaren entitate arduradunak ziurtatu beharko du jardueretako parte-hartzaileak babestuta daudela aseguru batekin edo bestelako berme finantzario batekin, proiektuaren jarduerak egiteak ekar ditzakeen istripu edo gaixotasun arriskuak estaltzeko.

6. Dirulaguntza emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, esleitutako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko da edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

7. Dirulaguntza nork eman duen jakinaraztea proiektuaren gainean egiten den zabalkuntza eta publizitate orotan, betiere zabalkuntza eta publizitate hori dirulaguntza eman ondotik egiten bada.

8. Zabalkunde lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala erabili behar da, urtarrilaren 12ko 8/2020 Foru Dekretuan xedatzen den moduan (foru dekretu horrek Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua aldatu zuen). Dirulaguntzaren onuradunen logotipoaren tamaina berean agertu beharko du, eta berdin ikusteko moduan.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Argitalpen Atalak aldez aurretik baimendu beharko du Nafarroako Gobernuaren sinboloaren erabilera. Baimen hori eskatzeko, eranskineko eredua bidali behar da publicaciones@navarra.es helbidera.

9. Onuradunek behar diren baimen guztiak izan beharko dituzte planteatutako jarduketak gauzatzeko.

10. Zientzia herritarreko proiektuetan, egindako lanen edo dibulgazio-lanen emaitzak publiko egitea eta departamentuarekin partekatzea.

10. oinarria.–Organo kudeatzailea.

Neurri honetan aurreikusitako laguntzak emateko eta ordaintzeko prozeduren instrukzioa Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari dagokio; atal hori Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari atxikita dago.

11. oinarria.–Dirulaguntza esleitzeko prozeduraren instrukzioa.

Eskaera jaso ondoren, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak egiaztatuko du sartutako proiektuek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten. Haietako batek eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio okerrak 10 egun naturaleko epean zuzen ditzala, gehienez. Ez badu zuzenketarik aurkezten, ulertuko da proiektuan atzera egiten dela, eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da. Ebazpen hori interesdunei jakinaraziko zaie. Zuzenketak telematikoki aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baitira kasu horietan.

Organo kudeatzaileak 7. oinarriko balorazio irizpideen arabera ebaluatuko ditu proiektuak. Jarduketak baimendu baino lehen, atal horrek egoki iruditzen zaizkion txostenak eskatuko dizkie departamentuko beste unitate batzuei, hasierako proiektua hein batean aldatzera behartzen duten lurraldeko ukipenak edota baimena behar duten ukipenak ote diren ebazteko.

Aztertu ondoren, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak ebazpen proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari, eta, bertan, onuradunek dirulaguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituztela adierazi beharko da.

12. oinarria.–Ebazpena.

Ebazpen proposamena ikusirik, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak dirulaguntzen gaineko ebazpena emanen du, hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriak frogaturik egonen dira beti.

Ebazpenean dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda agertuko da, eta, kasua bada, berariaz adieraziko da gainerako proiektuak ezetsi direla. Horien artean agertuko dira ezetsi direnak deialdian ezarritako gehieneko kreditua gainditzeagatik, hau da, esleitutako aurrekontu-baliabideak mugatuak izatearen ondorioz, "Dirulaguntzak emateko modua eta balorazio irizpideak" izeneko 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideen arabera horietako bakoitzari emandako puntuazioa adieraziz. Horrela, onuradunen batek dirulaguntzari uko eginez gero, laguntzak ematen dituen organoak, deialdi berri bat egin behar izan gabe, zilegi izanen du puntuazio hurrenkeraren arabera haren atzetik dagoen edo dauden proiektuari edo proiektuei ematea, baldin eta onuradun baten ukoari esker kreditu aski askatu bada aintzat hartzeko deialdian finkatutako kreditu mugagatik ezetsitako proiektu bat bederen.

Ondorio horietarako, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak egoera horren berri emanen die interesdunei, adieraz dezaten dirulaguntza jasotzeko proposamena onartzen ote duten, hamar egun naturaleko epe luzaezinean, komunikazioa jaso eta biharamunetik hasita. Epe horretatik kanpo aurkezten bada laguntzen ukoa, betiere justifikazio teknikorik gabe, edo ezinbesteko arrazoiek eraginda ez bada, enpresak ezin izanen du xede bererako laguntzarik eskatu hurrengo kanpainan. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartu ondoren, Ingurumeneko zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du, interesdunei jakinaraziko die eta Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko du, dirulaguntza kanpainaren prozesuaren emaitzarekin batera.

Ebazpenean, gainera, zerrenda batean jasoko da zer eskatzaileri eman zaien onartutako laguntzaren balioaren %50eko aurrerakina, baita aurrerakin horien baturaren zenbatekoa ere.

Laguntza hauek emateko, jarduerak egiteko behar diren baimenak beharko dira, hala behar duten jardueren kasuan.

Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena baliabide elektronikoen bidez jakinaraziko da, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legean aurreikusi bezala.

Ulertuko da aurkeztutako eskaerak ezetsi direla, baldin eta berariazko ebazpenik ematen ez bada dirulaguntzaren oinarri arautzaile hauetan prozedura ebazteko ezarritako epean.

Nolanahi ere, dirulaguntzak emateko, behar adinako kreditua izan beharko da aurrekontuetan, eta Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eskaeraren gaineko ebazpen administratiboa emateko unean.

13. oinarria.–Laguntza eskaera aldatzea.

Onuradunek, proiektua gauzatzen den bitartean, beharrezko jotzen badute aurkeztutako deskripzio-memorian jaso gabeko jarduerak egitea, betiere justifikatuta badaude eta proiektua handitzea ekartzen ez badute, eta haiek egiteak ez badakar proiektuak lortutako puntuazioa aldatzea, hala jakinarazi beharko diote Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, aldatutako jarduera egin baino hilabete bat lehenago, gutxienez.

Jakinarazpen hori Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan eginiko instantzia baten bidez eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baitira kasu horietan.

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak onuradunari jakinaraziko dio, 10 egun balioduneko epean, aipatu aldaketa onartzen den ala ez. Epe hori iraganda, aldaketa onartzearen jakinarazpenik ez bada, ezetsi dela ulertuko da.

Edonola ere, ez dira onartuko aurkeztutako aurrekontuaren aldaketak ekartzen dituzten aldaketak.

14. oinarria.–Uko egitea onartutako dirulaguntzaren zati bati edo osoari.

Dirulaguntzaren xede izan den proiekturen baten onuradunak asmoa baldin badu dirulaguntzaren xede izan diren ekintzak ez gauzatzeko, dirulaguntzari uko egiten diola jakinarazi beharko du proiektuaren justifikazioa aurkezteko eguna baino hiru hilabete lehenago, organo kudeatzaileak laguntzak emateko ebazpena alda dezan eta entitate edo proiektu berriak diruz lagundu ahal izan daitezen askatutako zenbatekoekin eta dirulaguntza emateko eta justifikatzeko behar den denbora izan dezaten.

Dirulaguntzari uko egin zaiola jakinarazi duen proiektuak aurrerakina jaso badu, dirulaguntza eman duen organoak itzulketari buruzko ebazpena emanen du, onuradunak jasotako laguntza itzul dezan.

Jakinarazpen hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari zuzenduko zaio, eta, ahal dela, Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztuko da, salbu eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluan aurreikusitako kasuetan; kasu horietan, baliabide ez-elektronikoen bidez aurkezten ahalko dira.

15. oinarria.–Inbertsioa gauzatzeko epea, ordainketa egin aurretik bete beharrekoak eta ordainketa eskaera.

Inbertsioa bukatzeko eguna 2023ko urriaren 25a izanen da 2023ko kanpainako laguntza-eskaerentzat.

Onuradunek eginiko gastuak eta ordainketak frogatu beharko dituzte, eta horretarako, honako dokumentazio hau telematikoki aurkeztu beharko dute zenbait karpetatan Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baitira kasu horietan:

1. karpeta: justifikazio-memoria eta proiektuaren ebaluazioa. Barne hartuko ditu:

–Egindako proiektua justifikatzeko memoria, IV. eranskineko ereduaren araberakoa. Gutxienez honako hauek eduki behar ditu:

  • Egindako ekintzen garapenaren deskribapena.
  • Aurreikusitako ekintzaren bat ez bada egin, horren justifikazioa.
  • Helburuen erdieste maila.
  • Proiektuari emandako publizitatearen deskribapena.
  • Partaideen kopurua, sexuaren eta adinaren arabera bereizia.
  • Ekintzen kronograma.
  • Proiektuaren ebaluazioaren emaitzak (ikus VI. eranskina).
  • Fakturen zerrenda; faktura bakoitzaren datu hauek eman behar dira: zenbakia, hornitzailea, kontzeptua, zerga-oinarria, BEZ eta PFEZen atxikipena, behar denean.

–Proiektuaren ebaluazioa egiaztatzen duen dokumentazio guztia.

2. karpeta: editatutako materialak (material grafikoa edo ikus-entzunezkoa soilik).

Dirulaguntzaren xede izanda argitaratu diren materialen fitxategi informatikoak edo fisikoak.

3. karpeta: proiektua gauzatzeari buruzko argazki- edo ikus-entzunezko erreportajea.

Proiektuko ekintzak egin direla frogatzen duen argazki-erreportajea edo ikus-entzunezko erreportajea.

Fitxategi edo karpeta bat egon behar da proiektuko ekintza bakoitzeko.

4. karpeta: proiektua hedatze edo zabaltzeari buruzko argazki- edo ikus-entzunezko erreportajea.

Proiektuaren zabalkuntza egin dela frogatzen duen argazki-erreportajea edo ikus-entzunezko erreportajea.

Fitxategi edo karpeta bat egon behar da proiektuko ekintza bakoitzeko.

5. karpeta: fakturak, nominak, erosketa-tiketak eta ordainagiriak.

Barne hartuko ditu:

Egindako gastuen fakturak edo nominak (onuradunaren izenean egon behar dira), eta gastu horiek ordaindu direla frogatzen duten bankuko agiriak.

600 eurotik beherako gastuak esku-dirutan ordaintzen ahalko dira, baina erosketa-tiketa edo antzeko agiria aurkeztu beharko da frogatzeko (zer eskuratu den zehaztu beharko da). Ez da aurkeztu beharko ordainketa frogatzen duen banku-agiririk.

Faktura eta ordainagiri bakoitzak bere zenbakia eduki beharko du, hain zuzen ere justifikazio-memoriako fakturen zerrendan ageri den zenbakia. Gainera, faktura horren kontzeptua zehaztuko da, eta F edo P bat adieraziko dira, faktura edo ordainagiria den, hurrenez hurren. (Adibidez, lehenengo erosketa erratz bat bada, faktura 1EscobaF izanen da, eta ordainagiria, berriz, 1EscobaP; bigarren erosketa bada, 2EscobaF izanen da, eta horrela hurrenez hurren).

6. karpeta: ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuen eskakizun espezifikoak.

Prestakuntza-jardueretan parte hartu duten boluntarioen erregistroa.

Boluntariotzako proiektu guztietan eta behar duten zientzia herritarreko proiektuetan, jardueraren iraunaldia estaltzen duen aseguru-polizaren edo bestelako finantza-bermearen kopia. Boluntarioak aseguru zabalago batek estaltzen baditu, hala nola udal batek, ikastetxe batek edo beste erakunde batek daukanak, aseguru-polizaren kopia bat aurkeztu beharko da, bai eta erakundearen ordezkariak sinatutako egiaztagiri bat ere.

7. karpeta: puntuazioa eragin zuen informazioaren egiaztagiriak.

Baremoaren puntuazioa eragin duen informazioa egiazkoa dela frogatzen duten agiriak edo irudiak, betiere hori ez bada frogatuta gelditu justifikazio-memorian. Adibidez, jasangarritasun-irizpideak erabili direlako frogagiriak.

8. karpeta: bestelako informazioa.

Proiektua egin dela frogatzeko beharrezkotzat jotzen den edo eskatzen den beste informazio guztiak.

Dokumentazio hori Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari igorriko diote. Dokumentazioa telematikoki aurkezten ahalko da Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 2ko 39/2015 Legearen 41. artikuluak aurreikusitako kasuetan izan ezik, bitarteko ez-elektronikoak erabiliz aurkezten ahalko baita kasu horietan.

Aipatutako informazioa osorik ez badago edo ez baditu baldintzak betetzen, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun naturaleko epean akatsak zuzendu ditzala, eta adieraziko zaizkio hurrengo apartatuan aurreikusitako inguruabarrak.

–Agiri horiek epean aurkezten ez badira, dirulaguntza galduko da.

–Baldin eta frogatutako zenbatekoa txikiagoa bada dirulaguntza ematea eragin zuen aurrekontua baino, dirulaguntzaren ordainketa murriztu eginen da, araberan.

16. oinarria.–Laguntzak ordaintzeko modua eta epeak.

Dirulaguntzak ordainketa bakarrean pagatuko dira, behin frogatu ondoren esleipena eragin zuten jarduerak burutu direla justifikazio-memoria aurkeztu zenetik gehienez hiru hilabeteko epean. Ondorio horietarako, ez da ulertuko inbertsioa burutua dagoela frogatu denik, harik eta egindako jardueren balorazioa amaitu arte eta ordainketen frogagiriak zuzen daudela egiaztatu arte.

Entitateek onartutako dirulaguntzaren %50eko aurrerakina eskatzen ahalko dute, zeina ordainduko baita onartutako zenbatekoa ematea eta ordaintzea ebatzitakoan.

Organo kudeatzaileak behar adina kontrol eginen ditu, egiaztatzeko onuradunak konpromisoak betetzen dituela. Kontrolen emaitzak ikusirik, bidezko ordainketak baimenduko ditu, eta laguntzak ordaintzeko ebazpen proposamena prestatuko.

Laguntzak Ingurumeneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez ordainduko dira.

Kontrol horiek egiteko, organo kudeatzaileak joko du Foru Administrazioan edo beste administrazio batzuetan dauden erregistro ofizialetara edo eskura dauden bestelako informazio iturrietara, betiere laguntza eman eta ordaintzeko ebazpenak ematen diren unean dagoen informazioaren arabera.

Kontrol horien barnean, bisitak egiten ahalko zaizkie onuradunei, egiaztatzeko inbertsioak bukatu direla eta zuzen gauzatu, edo egiaztatzeko organo kudeatzaileak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein alderdi.

Organo kudeatzaileak egindako egiaztapenetan ondorioztatzen baldin bada beheranzko desbideratzeak daudela onuradunak aurkeztutako eskaerarekin alderatuta, ordainketa aipatu egiaztapenei egokituko zaie.

Ez da onartuko hasieran baimendutako aurrekontuak gora egitea, non ez dauden egitatezko akatsak eskaeran edo ez diren baso administrazioak eskatuta sartutako arrazoizko aldaketak.

Laguntzak emateko ebazpenean aurreikusitako ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak eskuratzeko, onuradunak ordainketa eskatu beharko du justifikazio-memoriako lauki egokia markatuz.

17. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

Egiaztagiriak azterturik, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak pagatzeko ebazpenaren proposamena igorriko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari. Horrekin batera, onuradunek dirulaguntza kobratzeko eskubidea sortzen duten eginbeharrak bete dituztela frogatzen duen txostena aurkeztuko da. Aurretik ordaintzen den aurrerakina zenbatekotik deskontatuko da.

18. oinarria.–Zigorrak ordainketetan.

Zigortuko dira onartua izateko irizpide/betebeharrak ez betetzea eta laguntza eta ordainketa eskaeraren konpromisoak eta beste betebehar batzuk ez betetzea, honela:

a) Ez-betetze baztertzaileak:

1.–Azken ordainketa egin aurretik egiaztatzen bada aldarazi direla proiektuen hurrenkera ezartzeko erabilitako balorazio irizpideak, onuradunak puntuazio txikiagoa jaso behar zuela, eta, horren ondorioz, onuradun izaera guztiz edo partez galduko zukeela, laguntza osoa galduko du.

2.–Espediente baten bidez egiaztatzen bada onuradunak, nahita, gezurrezko aitorpen bat egin duela, laguntzak bertan behera utziko dira.

3.–Entitate onuradunak ez badu ziurtatzen diruz lagundutako jardueren zabalkundea edo dibulgazioa, emandako laguntza osoa galduko du.

4.–Emandako laguntza osoa galduko du zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneraturik ez dituenak.

5.–Laguntzak emateko ebazpenetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betekizunak ez betetzeak laguntza osoa galtzea ekarriko du.

b) Baztertzaileak ez diren ez-betetzeak.

1.–Emandako laguntzari %5eko zigorra ezarriko zaio, baldin eta proiektuek ez badute agiri bidez justifikatzen hasierako proiektuan aurreikusitako jarduerak ez direla egin.

19. oinarria.–Laguntzak metatzea.

Deialdi honen dirulaguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoak nahiz atzerrikoak izan, emandako beste laguntza batzuekin.

Kasu horretan, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua. Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, onuradunak helburu horrexetarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari jakinarazi beharko dio, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluko d) apartatuan xedaturikoarekin bat.

20. oinarria.–Emandako dirulaguntzen publikotasuna

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 15. artikuluan xedatutakoarekin bat, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus), honako hauek zehaztuta: deialdia, laguntza aurrekontuko zein programari eta kredituri egotziko zaion, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

II. ERANSKINA

Proiektu mota bakoitzerako zehaztapenak eta ingurumen-gaiak

Ingurumen hezkuntzako proiektuetarako zehaztapenak.

Ingurumen hezkuntzako proiektuak erabiliko dira, pertsonek ingurumenaren zaintza hobeki uler dezaten eta gai horretan kontzientzia handiagoa izan dezaten. Ekimenak ingurumen hezkuntzako tresna hauen bidez gauzatuko dira:

–Informazioa, komunikazioa, interpretazioa eta sentsibilizazioa: informazio, dibulgazio eta gizarte sentsibilizazioko kanpainak egitea; erakusketak, debateak, hitzaldiak eta mahai-inguruak egitea; ingurumen arloko mundu egunak ospatzea; zine edo bideo zikloak eta saioak antolatzea; argitalpenak; antzezpen artistikoak, ikus-entzunezko materiala prestatzea, eta abar.

–Herritarrek parte hartzea ingurumenaren kudeaketan: ingurumena hobetzeko ekimenak antolatu eta gauzatzea, herritar taldeen parte-hartzearekin.

–Arautu gabeko ingurumen-prestakuntza: prestakuntza proiektuak, ikastaroen, jardunaldien, mintegien, sinposioen eta biltzarren bidez egin daitezkeenak.

–Baliabide natural jasangarriak kudeatzeko jarduerak: ildo horretan sustatutako ekimenak, esaterako, modu jasangarrian kudeatzea baliabide hidrikoak, basoko baliabideak, baliabide mikologikoak, zinegetikoak, arrainei dagozkienak, geologikoak, faunakoak eta florakoak.

Boluntariotzako proiektuetarako zehaztapenak.

Ingurumen arloko boluntariotzako proiektuak elkartasuneko ekintza zehatzak izanen dira, ingurumena zaintzen eta hobetzen laguntzen dutenak, libreki egitekoak, betebehar pertsonalek edo eginbehar juridikoek ez eraginda eta nork bere gain borondatez eta ordain ekonomiko edo materialik gabe hartuta.

Deskripzio-memorian honako hauek jasoko dira:

–Parte-hartzaileak gaitzeko modua.

–Parte-hartzaileen prestakuntza, boluntarioen jardueraren kalitatearen hobekuntza dakarrena eta ingurumena ezagutzearen eta zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzen laguntzen duena.

–Boluntarioen ekipamendua. Segurtasunaren oinarrizko arauak betetzeko, eta jarduera hirikoak ez diren kanpoko espazioetan garatzen bada. Nahitaezko elementuen artean dugu boluntario eta monitore guztiek ikuspen handiko txaleko islatzaileak eramanen dituztela, UNE-EN-471 arauaren arabera homologatuak. Txaleko horren ordez helburu bereko beste sistema bat erabiltzen ahalko da, betiere modu egokian justifikatzen bada proiektuaren proposamenean eta segurtasun bermeak mantentzen baditu proiektuaren testuingurua zein den kontuan hartuta.

Ikastaroak, mintegiak edo tailerrak egin beharko dira, beharrezkoa den informazioa jasotzeko zertarako eta: proiektuaren ardatza den ingurumen arloko arazoa ezagutzeko; boluntario lanerako trebakuntza jasotzeko; boluntariotzako proiektuaren gakoak aztertzeko, bereziki haren xedeak, eta boluntario lanean aritzean behar dituzten segurtasun printzipioak kontuan hartzeko, bai pertsonei bai ondasunei dagokienez.

Ingurumen arloko boluntariotzako ekintza bakoitzak 10 partaide izanen ditu gutxienez.

Ez da boluntariotzako jardueratzat jotzen dibulgazio edo informazio materialen argitalpen hutsa edo prestakuntza jarduerak egite hutsa.

Zientzia herritarreko proiektuetarako zehaztapenak.

Fauna eta flora espezieak ikertzeko, horien jarraipena egiteko eta kontserbatzeko lanetan laguntzea, klima-aldaketaren, habitaten eta mehatxupeko espezieen jarraipenerako datuak lortzeko aukera egonda.

Ikerketa lanetan laguntzearen eremuan, lankidetza hori ibilbide zientifiko eta ikertzaile ospetsuko entitateekin edo pertsonekin egin behar da.

Ikerketa lanen ondoriozko datuak pertsonen eskura jarri behar dira datu-base zientifiko egokien bidez.

Lan hauek izanen dira dirulaguntzaren xede:

–Programa zabaltzea informazio hitzaldien bidez, parte hartzeko prest dauden boluntarioak aurkitzeko asmoz.

–Trantsektoen sarea diseinatzea boluntarioen kokapenarekin bat etorrita, habitaten ahalik eta ordezkagarritasun handiena bilatuta.

–Trantsektoak bisitatzea horiek aztertu eta beren ezaugarriak emateko.

–Boluntarioentzako prestakuntza ikastaro teoriko-praktikoa.

–Boluntarioak datuak hartzen hastea, eta horien jarraipena egitea.

–Datuak bildu eta antolatzea.

–Datuak bidezko datu-baseetara transferitzea.

–Emaitzen eta ondorioen azken txostena idaztea.

–Boluntarioek datuak hartzeko behar diren materialak.

Deialdian onartutako ingurumen-gaiak.

Kutsaduraren prebentzioa.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Kutsaduraren prebentzioa" gaia lantzen duela bere ekintzaren baten helburua baldin bada kutsadura murriztea, kutsadura eragiten duten kausetan eragitea edo herritarrak arazo horren inguruan kontzientziatzea.

Klima aldaketara egokitzea edo hura arintzea.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Klima aldaketara egokitzea edo hura arintzea" gaia lantzen duela, bere ekintzaren baten helburua baldin bada klima aldaketak eragiten dituen ondorioak murriztea, haren kausetan eragitea, klima aldaketaren aurreko erresilientzia hobetzea edo herritarrak arazo horren inguruan kontzientziatzea.

Hondakinak, ura, kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Hondakinak, ura, kontsumo arduratsua eta ekonomia zirkularra" gaia lantzen duela, bere ekintzaren baten helburua baldin bada hondakinen sorrera eta arriskugarritasuna murriztea, ur-kontsumoa aurreztea eta uren kudeaketa egokia sustatzea, ekonomia zirkularreko praktikak sustatzea edo herritarrak gai horien inguruan kontzientziatzea.

Energia aurreztea eta energia berriztagarriak.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Energia aurreztea eta energia berriztagarriak" gaia lantzen duela, bere ekintzaren baten helburua baldin bada energia kontsumoan aurreztea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea edo herritarrak gai horren inguruan kontzientziatzea.

Habitatak, ekosistemak, paisaia, biodibertsitatea eta espezie naturalak kontserbatzea, lehengoratzea eta mantentzea.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Habitatak, ekosistemak, paisaia, biodibertsitatea eta espezie naturalak kontserbatzea, lehengoratzea eta mantentzea" gaia lantzen duela, bere ekintzaren batean baldin badaude habitatak, ekosistemak, paisaia tradizionaleko elementuak, biodibertsitatea edo espezie naturalak sortzea, hobetzea, kontserbatzea, lehengoratzea edo mantentzea.

Naturguneen eta espezie naturalen babesa eta ezagutza areagotzea.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Naturguneen eta espezie naturalen babesa eta ezagutza areagotzea" gaia lantzen duela, bere ekintzaren baten helburua baldin bada naturagune edo espezie baten balio naturalak sustatzea, espezie edo naturagune bati buruzko ezagutza handitzea edo herritarrek naturagune edo espezie bati buruz duten ezagutza areagotzea.

Baso kudeaketa jasangarria (barne daudela baso aprobetxamenduak, ehiza, izurriteen aurkako borroka, suteen prebentzioa...).

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Baso kudeaketa jasangarria (barne daudela baso aprobetxamenduak, ehiza, izurriteen aurkako borroka, suteen prebentzioa...)" gaia lantzen duela bere ekintzen artean baldin badaude baso kudeaketa jasangarriak edo halako kudeaketaren erabilera sustatzen badu.

Mugikortasun jasangarria.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Mugikortasun jasangarria" gaia lantzen duela bere ekintzaren baten helburua baldin bada mugikortasun jasangarriagoa sustatzea.

Nekazaritza eta abeltzaintza ekologiko edo jasangarria.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Nekazaritza eta abeltzaintza ekologiko edo jasangarria" gaia lantzen duela bere ekintzaren baten helburua baldin bada herritarrei nekazaritza edo abeltzaintza ekologikoa ezagutaraztea edo gai horiei buruzko ezagutza handitzea.

Hiri inguruneko ingurumenaren kalitatea hobetzea.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Hiri inguruneko ingurumenaren kalitatea hobetzea" gaia lantzen duela bere ekintzaren baten helburua baldin bada bizigarritasuna hobetzea hiri-eremuen (5.000 biztanletik gora) ingurumen arloko ikuspegitik edo gai horri buruz kontzientziatzea.

Animalien babesa eta ongizatea.

Deialdi honi dagokionez, ulertzen da proiektu batek "Animalien babesa eta ongizatea" gaia lantzen duela bere ekintzaren baten helburua baldin bada animalien aurkako tratu txarren eta abandonuaren aurka borrokatzea edo etxeko edo basoko animalien edukitza eta bizikidetza arduratsua sustatzea.

III. ERANSKINA

Dirulaguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agirien ereduak

Entitateak laguntza eskatzeko inprimakia (gaztelaniaz - euskaraz).

Aurkeztutako proiektu bakoitzaren deskripzio-memoriaren inprimakia (gaztelaniaz - euskaraz).

Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena (gaztelania - euskara).

Inprimaki guztiak Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan egonen dira eskuragarri.

Laguntzak lehenbizikoz jasotzen badira edo abonatzeko kontua aldatu bada:

Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

IV. ERANSKINA

Emandako dirulaguntzaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko agirien ereduak

Aurkeztutako proiektu bakoitzaren justifikazio-memoriaren inprimakia (gaztelaniaz - euskaraz).

Inprimaki guztiak Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoan egonen dira eskuragarri.

V. ERANSKINA

Glosarioa

Ekintza:

Proiektuko jarduketa bat, gainerako beste guztiekin lotuta ez dagoena (hau da, hori ez burutzeak ez du eraginik beste guztietan). Zenbait helburu dauzka, burutze hutsaz edo burutzeko laguntzaz harago, eta deialdiko gaietako bat lantzen du batik bat.

Hona ingurumen-hezkuntzako, ingurumen arloko boluntariotzako eta zientzia herritarreko ohiko ekintza batzuk:

–Ikastaroak, tailerrak, beste prestakuntza-ekintza batzuk.

–Hitzaldiak, solasaldiak, beste dibulgazio-ekintza batzuk.

–Bisita gidatuak, txangoak, interpretazio-ibilbideak.

–Antzerkia, beste arte-adierazpen batzuk.

–Jokoak, ginkanak, beste hezkuntza-jolaseko ekintza batzuk.

–Erroldak, inbentarioak, datuak hartzea.

–Hezkuntzako eta zabalkuntzako materialak egitea (liburuak, liburuxkak, ikus-entzunezkoak, web-orriak...).

–Erakusketak.

–Guneak sortzea edo birnaturalizatzea

–Landaketak.

–Guneak garbitzea / atontzea.

Fasea:

Ekintza baten atala, ekintza bereko beste fase baten aurrekoa edo ondokoa; halako bat ezabatzeak eragina dauka gainerako guztietan edo ekintza osoan.

Honako hauek dira proiektuetako ohiko faseak: aurreko prestakuntza, difusioa, gauzapena, dibulgazioa eta ebaluazioa. Boluntariotzako eta zientzia herritarreko proiektuetan, gauzatze fasearen aurretik, boluntarioak edo zientzia herritarraren parte-hartzaileak prestatzeko fase bat sartu behar da.

Suntsikorra:

Behin erabiliz gero atzera erabili ezin den materiala, kontsumituta baitago.

Inbertsioa:

Ondasunak eskuratzea aldi batez diru-sarrerak edo errentak lortzeko asmoarekin. Adibidez: proiektu honetan inbertsioa da ibilgailuak, makinak eta antzekoak erostea.

Leasinga:

Ondasun bat alokatzea kontratua amaitu ondoren erosteko eskubidearekin. Finantza-errentamendua ere esaten zaio.

Parte-hartze inklusiborako neurriak:

Ingurumen-hezkuntzako jarduerak herritar guztientzat izan behar dira. Eguneroko bizitzan desgaitasunen bat (entzumena, ikusmena, mugitzeko gaitasuna...) duten pertsonek oztopo asko dituzte gainerako pertsona guztiek bezala parte hartzeko. Parte-hartze inklusiborako neurrien helburua da proiektua gauzatzeko oztopoak identifikatzea eta neurriak hartzea oztopo horiek kentzeko.

Genero-ikuspegiko neurriak:

Luzaroan gizarteak estereotipoak sortu izan ditu pertsonen generoaren arabera. Oraindik ere indarrean daude, eta jarduerak berdintasunean egitea eragozten dute. Genero-ikuspegiko neurrien helburua da proiektuetan generoaren araberako estereotipoak sortzen ahal diren egoerak identifikatzea eta saihestea.

Ingurumen-jasangarritasunerako neurriak:

Proiektuak ingurumenean daukan eragina murrizteko eta haren jasangarritasuna hobetzeko ezartzen diren neurriak dira. Neurri hauek baloratzeko, ezinbestekoa da proiektuaren burutzapenak ingurumenean edukiko duen egiazko inpaktu bat identifikatzea.

Helburua:

Ekintza baten bitartez lortu edo transmititu nahi dena. Galdera honen erantzuna izan behar da: zergatik edo zertarako egiten da ekintza?

Gizartearen parte-hartzea:

Herritarrek esku hartzea baliabideen kudeaketaren eta proiektuko ekintzen inguruko erabakiak hartzeko prozesuan.

Zahartze aktiboa sustatzea:

Adinekoen bizi-kalitatea ahalik hoberena izateko jarduerak sustatzea.

Publiko gatibua:

Jarduera batean parte hartzen dutenak, horretara joaten den kolektibo bateko kide izateagatik (eskola-umeak, adinekoen egoitzak, komunitate terapeutikoak, etab.), ez erabaki pertsonal eta independente baten ondorioz.

Rentinga:

Ondasun higigarri bat erosteko aukerarik gabe epe luzerako alokatzeko kontratua.

Ingurumenarekiko sentsibilizazioa:

Herritarrak ingurumenari eragiten dioten gaiez ohartzea lortzeko prozesua.

VI. ERANSKINA

Gogobetetasun-inkestaren eredua

Inkesta honetan ez da izena eman behar. Balora ezazu jarduera 1 - 5 bitartean (puntuazio baxuena 1 eta altuena 5).

Jarduera egin aurretik jasotako informazioa:

1 2 3 4 5

Tratatutako eduki egokiak:

1 2 3 4 5

Bitartekoen eta baliabideen egokitasuna:

1 2 3 4 5

Hizlariaren ezagutza (gaia menderatzen duen edo ez):

1 2 3 4 5

Azalpenaren argitasuna:

1 2 3 4 5

Jardueraren egokitasuna:

1 2 3 4 5

Gogobetetasun-maila orokorra:

1 2 3 4 5

Iragarkiaren kodea: F2216437